84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Udal Planeko aldaketa puntualaren espedientea. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2015eko martxoaren 25eko osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Udal Planeko aldaketa puntualaren espedientea, honako hauei dagokienez: lehengo S1-A6-U4aren ondoriozko lurzatiak, 12. poligonoko 538. lurzatia, 13. poligonoko 193. eta 245. lurzatiak, O3-B1 ordenantzako akats zuzenketa eta O1, O2 eta O3 ordenantzetako aldaketa. Espedientea Udalak sustatu du ofizioz, eta Udaleko Ángel Ibáñez teknikariak prestatu du.

Abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1 artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, argitara ematen dira behin betiko onespenaren erabakia eta dagokion hirigintzako araudia.

Lekunberrin, 2015eko martxoaren 30ean.–Alkatea, José M.ª Aierdi Fernández de Barrena.

ERANSKINA

Hirigintzako araudia

Egiturazkoa ez den aldaketa puntuala Lekunberriko Plan Orokorrean, honako hauei dagokienez: lehengo S1-A6-U4aren ondoriozko lurzatiak; 12. poligonoko 538. lurzatia; 13. poligonoko 193. eta 245. lurzatiak; O3-B1 ordenantzako akats zuzenketa eta O1, O2 eta O3 ordenantzetako aldaketa

1. Sustatzailea.

Lekunberriko Udala da.

2. Sarrera. Planteatutako aldaketaren deskribapena eta proposamenaren arrazoia.

Lekunberriko Udal Plan Orokorrean egiturazkoa ez den aldaketa puntuala egiteko proposamenean, Udal Plan Orokor horretako determinazio xehakatuei buruzko bost aldaketa puntual jaso dira. Honako hauek:

1.–Lehengo S1, A6-U4ren ondoriozko lurzatietako lerrokadurak aldatzea; hiri lurzoru finkatuan daude eta O3-B2 ordenantzak arautzen ditu. Aldaketa, gaur egungo egoeraren arabera egokitzeko.

2.–12. poligonoko 538. lurzatiaren kalifikazioa aldatzea; tokiko ekipamendu izatetik eraikigarritasunik gabeko lurzati pribatu izatera pasatuko da.

3.–13. poligonoko 193. eta 245. lurzatietarako lerrokadurak aldatzea, gaur egungo 193. lurzati eraikigarria 245. lurzatiaren puska batekin handituz.

4.–Akats bat zuzentzea O3-B1 ordenantzaren testuan; hala, argitzen da lurzatien eraikigarritasuna 300 m²-koa dela, lurzoruaren sailkapeneko eta ordenantzetako 6. planoan ageri den moduan.

5.–O1, O2 eta O3 ordenantzak aldatzea, aurreko Arau Subsidiarioen babesean gauzatu diren jarduketak hiri lurzoru finkatuan kudeatzeari dagokionez.

–1. aldaketa puntuala.

Lehengo S1, A6-U4ren ondoriozko lurzatietako lerrokadurak aldatzea; hiri lurzoru finkatuan daude eta O3-B2 ordenantzak arautzen ditu. Aldaketa, gaur egungo egoeraren arabera egokitzeko.

Aurreko Arau Subsidiarioen babesean (jada ez dute indarrik), lehengo S1-A6-U4aren birzatiketa eta urbanizazio proiektua prestatu zen bere garaian, eta aurreikusitako etxebizitza batzuen urbanizazio eta eraikuntza obra egin zen.

Birzatiketa proiektu hura prestatzean, orduan indarra zuen katastroa hartu zen oinarri gisa; geroago egiaztatu ahal izan denez, akatsak zituen finka ukituen eta mugakidearen mugapenak, mendebaldean.

Proiektua une hartako egoerari loturik gauzatu ziren urbanizazio obrak eta, hala, mugak bat zetozen lurzatien benetako mugekin eta ez, ordea, katastroan oker ageri zirenekin.

Lekunberriko Udal Plan Orokorrak eremu urbanizatu hori jaso zuen, lurzorua hiri lurzoru finkatu gisa sailkatu zuen eta O3-B2 izeneko ordenantzarekin kalifikatu; hori horrela, hirigintzako estatus berri bat sortu zen eremu horretarako, eta aipaturiko Udal Plan Orokorreko determinazioetan zehaztuta dago.

Hala ere, Udal Plan Orokorra prestatzen ari zirenean, ez zitzaion antzeman katastroko aipatu akatsari; horregatik, Lekunberriko Udal Plan Orokorraren dokumentuan grafiatu ziren lurzatien lerrokadurak birzatiketa proiektukoak ziren eta, beraz, grafiatutako lerrokadurak ez datoz bat eremu horretan benetan daudenekin.

Horregatik guztiagatik, Lekunberriko Udal Plan Orokorraren aldaketa puntual honen bidez egokitu egin nahi dira lerrokadurak, hain zuzen ere Lekunberriko aipatu Udal Plan Orokorraren antolamendu planoetan grafiatutako eremuan dauden hiri lurzoru finkatuko lurzatietan, eraikita dagoenarekin bat etor daitezen.

Era berean, eremu horretan exekutatutako lurzatiek edo etxebizitzek erregistroan duten deskribapenean ikusten bada ez datozela bat tituluetako datu batzuk, deskribapenari dagokionez, indarra duen planeamendu aldatuari jarraikiz, kudeaketarako legezko mekanismo gisa honako hau ezarriko da: 35/2002 Foru Legeak (145.2 eta 148. artikuluek) zehaztutakoaren araberako lurzatiketa proiektu bat tramitatzea, salbu eta, ondoriozko finken deskribapena hasierako finkena bezalakoxea izateagatik, beharrezkoa ez denean; azken horiek lehenago inskribatuak dira, lehengo S1-A6-U4aren birzatiketaren ondorioz.

Aldaketaren arrazoia.

Aldaketaren arrazoia da Lekunberriko Udal Plan Orokorreko lerrokadurak benetako egoeraren arabera egokitzea, lurzatien mugapen grafikoko akats bat zuzen dadin, akats hori arrastaka eraman baita aurreko jarduketetatik; funtsean, Udal Planaren asmoa zen exekutaturikoa finkatzea, hiri lurzoru finkatuko eremu bati dagokion moduan.

–2. aldaketa puntuala.

“12. poligonoko 538. lurzatiaren kalifikazioa aldatzea, tokiko ekipamendu izatetik eraikigarritasunik gabeko lurzati pribatu izatera pasatuko baita”.

12. poligonoko 538. lurzatia tokiko sistemako ekipamendu gisa kalifikatutako lurzatia da, eta jada eraikita dagoen eta Eguneko Zentro gisa funtzionatzen ari den ekipamendu baten ondoan dago (12. poligonoko 537. lurzatia da hori).

Aldaketaren arrazoia.

12. poligonoko 538. lurzatia, bere ezaugarriengatik, hondar lurzatia da, tokiko ekipamendu gisa berez jada erabilerarik ez duena, ezta egungo ekipamendurako ere; horregatik, lurzati horren erabilera logikoa lurzati pribatua izatea da.

358. lurzatiak 103 m² ditu gutxi gorabehera eta, hiri lurzoru finkatuaren eremu guzti horretako tokiko ekipamenduaren azalerak lasai gainditzen dituenez horri dagozkion estandarrak, eraikigarritasunik gabeko lurzati libre pribatu gisa kalifikatzea planteatu da.

–3. aldaketa puntuala.

“13. poligonoko 193. eta 245. lurzatietarako lerrokadurak aldatzea, gaur egungo 193. lurzati eraikigarria 245. lurzatiaren puska batekin handituz”.

Lurzati horiek indarra duen Plan Orokorrak hiri lurzoru finkatutzat jotzen duen lurzoruan daude; kalifikazio hori agertzen da O1 ordenantzan, eta Alde Zaharrari dagokio.

193. lurzatia 245. lurzatiaren ondoan dago (biak Lekunberriko 13. poligonoan), baina Udal Plan Orokorrean bide eremu gisa kalifikatu da lurzati hori, interpretazio oker baten ondorioz eremu publikotzat jo baita lurzati pribatutzat jo beharrean.

Aldaketa honen bidez zuzendu egin nahi da akats hori; hala, lurzati hori, 245.arekin lotuta, bizitegi erabilerako lurzati pribatua izanen da, gaur egun Udal Plan Orokorrean grafiatuta dagoenaren antzekoa, non hasiera batean aurreikusi zen etxebizitza 1 eraikitzea, gehienez ere 300 m² eraikirekin. Handitutako lurzatirako, bertan dagoen etxebizitzaz gain, beste etxebizitza bat planteatu da, eta horrela bi etxebizitza izanen dira bolumen bakar batean, gehienez ere 500 m²-ko eraikigarritasunarekin.

Aurreko lurzatiak elkartzearen ondoriozko lurzati berrirako, elkartzeko eta atzeraemanguneak egiteko beharra ezarri da, eta horiek aldaketa honi erantsitako planoan azaltzen dira.

Kudeaketarako prozedura lurzatiketa egitea izanen da, 35/2002 Foru Legean (145.2 eta 148. artikuluetan) ezarritakoaren arabera.

Aldaketaren arrazoia.

Ingurunearen ezaugarriak kontuan harturik, logikoa da bi lurzatiak elkartzea unitate eraikigarri bakarra eratzeko eta, horrela, atzemandako akatsa zuzentzeko.

Gainera, kudeaketa lana lurzatiketa espediente baten bidez egitea legez ezarritako mekanismoa da, eta bi lurzatiak kudeatzeko egokiena.

–4. aldaketa puntuala.

“Akats bat zuzentzea O3-B1 ordenantzaren testuan; hala, argitzen da lurzatien eraikigarritasuna 300 m²-koa dela, lurzoruaren sailkapeneko eta ordenantzetako 6. planoan ageri den moduan”.

Lekunberriko Udal Plan Orokorra prestatzean zenbait eremu ezarri ziren, eta haietan ordenantza zehatz bat aplikatzen zen jarduketak arautzeko.

Une jakin batean, ordenantza bakoitzari aplikatu beharreko parametroak zehaztu ziren; haietako bat gehieneko eraikigarritasuna zen, O3-B1 eremurako 300 m² eraiki, zegokion planoan agertu zen moduan (lurzoruaren kalifikazioari eta ordenantzei buruzko 6. planoa). Dena dela, O3-B1 ordenantza prestatzean, akats baten ondorioz, 278,4 m²-ko eraikigarritasuna jarri zen, planoan agertzen diren 300 m² jarri beharrean, horixe baita zenbateko zuzena.

Horregatik guztiagatik, O3-B1 ordenantzaren testuan akats hori zuzendu nahi da (Plan Orokorreko hirigintza arauen 75. orrialdea): 278,4 m² eraikiren ordez 300 m² eraiki agertuko dira, 6. planoan bezalaxe. O3B ordenantza honela idatzita agertuko da:

3B ordenantza. Azken aldian familia bakarreko etxebizitzetarako izan diren garapenei buruzko ordenantza.

Azpieremu hau azken aldian familia bakarreko etxebizitzetarako izan diren garapenei buruzkoa da, hirigintzako jarduketen bitartez sortu baitira, hiri eremua handitzeko garapen operatiborako tresnak erabiliz.

Azpieremu hau zenbait eremuz osatuta dago, lurzoruaren kalifikazioari buruzko 6. planoan O3-B1, O3-B2, O3-B3, O3-B4 eta O3-B5 izenez grafiatuak; ezaugarri orokor amankomunak dituzte, baina badute berezitasunen bat, jarraian azaltzen dena.

–Eraikigarritasuna.

Jada badiren eraikinetarako eraikigarritasuna:

Jada badiren eraikinetako eraikigarritasuna balio hauetako handiena izanen da:

a) Gaur egungo eraikinek daukatena.

b) Eraikin berrietarako gehieneko eraikigarritasuna, honela adierazia: eraikitako azalera osoa, zenbatu gabe sotoak, ataripeak eta terraza estaliak, aurrealdean eta albo batean behintzat irekiak. Teilatupeetan ez da zenbatuko garaiera librea 2,00 metrotik beherakoa duen aldea, baldin eta ez bada 2,10 metroko garaiera gainditzen forjatuen artean.

–Eraikin berrietarako eraikigarritasuna:

O3-B azpieremuko lurzati bakoitzerako gehieneko eraikigarritasuna honako hau izanen da:

  • O3-B1-erako: 300,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.
  • O3-B2-rako: 150,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.
  • O3-B3-rako: 130,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.
  • O3-B4-rako: 140,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.
  • O3-B5-erako: 150,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.

–Beste determinazio batzuk.

Honako hauei egokituko zaizkie: 3A ordenantzako diseinurako baldintza orokorrei eta jarraibideei, gaur egungo baldintza partikularrei eta ordenantza honetako diseinurako jarraibide partikularrei (aurrerago azaltzen dira).

Aldaketaren arrazoia.

Lekunberriko Udal Plan Orokorreko bi dokumentu bat ez datozenez, topatu den akatsa zuzendu nahi da.

–5. aldaketa puntuala.

“O1, O2 eta O3 ordenantzak aldatzea, aurreko Arau Subsidiarioen babesean gauzatu diren jarduketak hiri lurzoru finkatuan kudeatzeari dagokionez”.

Lekunberriko Udal Plan Orokorrak zenbait determinazio aldatu ditu, aurreko planeamenduaren babesean gauzatutako garapen tresnetan agertzen zirenak.

Determinazio horiek jada egin diren jarduketei buruzkoak dira, indarra duen Udal Plan Orokorrean hiri lurzoru finkatu direnak; horregatik, horien araudi tramitazioa kasuan-kasuan aplikatu beharreko ordenantzetan sartzea izan da, horrela erraztu egin da aurreko erregulazioa, eta jada eraikita dagoenari egokitzera jo da.

Erregulazio berri honetan, konplexutasun handieneko eraikuntza parametroak kendu egin dira edo, horien ordez, jada eraikita dagoena edo oso interpretazio errazeko parametroak jarri dira. Horrekin batera, kendu egin dira lehen tokiko ekipamendu edo berdegune gisa kalifikatuta zeuden hondar eremu batzuk, nolakoak ziren ikusita ez baitzuten erabilgarritasunik eta, horregatik, bide eremu gisa kalifikatu baitira, nahiz eta horietako batzuk lorategia izan edo ibilgailuena ez den bide batean ohikoa den beste edozein tratamendu.

Jarduketa horietako batzuetan, lehendik finkatuta dauden kudeaketa prozesuak baitituzte, gorabeherak topatu dira indarra duen planeamenduari dagokionez eta, beraz, kasu batzuetan beharrezkoa izan daiteke ondoriozko finkak antolamendu berriaren arabera egokitzea.

Adibidez, ez du zentzurik eraikigarritasunaren arloan jada indarrik ez duten datuak Udal Plan Orokorraren araudian erregistratzeak, eta ekipamenduetarako eremuak, halako moduan jada ez daudenak eta bide lurzati izan behar dutenak azaltzeak ere ez.

Arrazoi horrengatik, kudeaketari buruzko determinazio bat sartu da hiri lurzoru finkatuetan kokatuta dauden lehenagoko jarduketa guztietarako, non Udal Plan Orokorrak aurreko erregulazioa aldatu baitu, beharrezkoak ez ziren parametro erregulatzaileak kenduz.

Determinazio hau O1, O2 eta O3 ordenantzetan sartu da, eta horiek Udal Plan Orokorreko hirigintza arauen 10.1, 10.2 eta 10.3 artikuluetan garatu dira, “Beste determinazio batzuk” atalean testu hau sartuz:

“Jada indarrik ez duen araudiaren babesean egindako jarduketa guztietarako, gorabeherak badituzte indarra duen planeamenduari dagokionez, 35/2002 Foru Legeak (145.2 eta 148. artikuluek) ezarritakoari jarraikiz prestatuko birzatiketa proiektuen bitartez jokatuko da.

Aurreko tramitea beharrezkoa ez bada ondoriozko finken deskribapena hasierako finkena bezalakoxea delako (azken horiek lehenago inskribatuak dira, jada indarrik ez duten arauen babesean egindako kudeaketaren ondorioz), aski izanen da Udalak ez-beharrezkotasunari buruzko adierazpena egitea.

Hiri lurzoru finkatuetan gorabehera txikiak badaude katastroko akatsen edo zehaztasun ezaren ondorioz edo indarra duen planeamenduan erabilitako kartografiaren ondorioz, jada badiren lurzatien eta eraikinen benetako mugapenek lehentasuna izanen dute, antolamendu edo kudeaketako tresnetan grafiatutakoen aurretik, betiere Udalak uste badu inguruabar hori dagoela tartean”.

Aldaketaren arrazoia.

Aldaketa honen bidez zuzendu egin nahi dira lehenagoko kudeaketa dokumentuek Lekunberriko Udal Plan Orokorrarekin alderatuta dituzten gorabeherak.

Gogoratu behar da kudeaketa dokumentuak indarra duen planeamenduan oinarritzen direla, eta ez jada indarrik ez dutenetan.

Gogoratu behar da, orobat, hirigintzako kudeaketaren arloko organo eskuduna Udala dela, eta 35/2002 Foru Legean (131. eta 132. artikuluetan) agertzen direla arlo horiei buruzko arau zehatzak.

“131. artikulua. Exekuziorako baldintzak.

1. Planeamenduaren exekuziorako, beharrezkoa da, zein lurzoru mota den, bertan eskatzen ahal den tresna zehatzena behin betiko onestea.

2. Hiri lurzoruan nahikoa izanen da Udal Plan Orokorra onestea, baldin eta planak antolamendu xehakatua badu. Halakorik ez bada, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko plan partziala, barne berrikuntzako plan berezia edo xehetasun azterlana onestea.

...

132. artikulua. Eskumenak.

1. Foru lege honetan aipatzen den antolamendu planen exekuzioa udalen esku gelditzen da, deusetan ukatu gabe erakunde edo sozietate instrumentalei eskumenak esleitzea eta partikularrek exekuzio horretan parte hartzea.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariarena da hirigintza-kudeaketako agiriak tramitatu eta, hala behar duenean, onesteko eskumena, erregelamendu bidez beste organoren bati ematen zaionean izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo bere erakunde edo sozietate instrumentalek sustatutako jarduketa publikoen kasuan.”

3. Legezko egokitzapena.

35/2002 Foru Legearen 49. artikuluarekin bat, agiri honek aldatzen dituen determinazioak determinazio xehakatuak dira; beraz, aldaketa honetarako agindutako tramitea 35/2002 Foru Legearen 80 eta 79.3 eta 74. artikuluetan aurreikusitakoa izan beharko da; horietariko azkenean deskribatzen da jarraitu beharreko prozedura.

4. Lekunberriko Plan Orokorreko egiturazkoa ez den aldaketa puntualaren determinazioak eta hirigintzako araudia.

Hauexek dira Lekunberriko Udal Plan Orokorreko aldaketa puntual honen determinazioak:

–1. aldaketa puntuala.

Lehengo S1, A6-U4ren ondoriozko lurzatietako lerrokadurak aldatzea; hiri lurzoru finkatuan daude eta O3-B2 ordenantzak arautzen ditu. Aldaketa, gaur egungo egoeraren arabera egokitzeko.

Aldaketa puntual honetarako, aldatu egin dira Udal Plan Orokorreko planoetan grafiatutako lerrokadurak, aldaketa honi dagokion planoan agertzen den moduan.

Kudeaketari buruzko determinazioak.

Eremu horretan exekutatutako lurzatiek edo etxebizitzek erregistroan duten deskribapenean ikusten bada ez datozela bat tituluetako datu batzuk, deskribapenari dagokionez, indarra duen planeamendu aldatuari jarraikiz, kudeaketarako legezko mekanismo gisa honako hau ezarriko da: 35/2002 Foru Legeak (145.2 eta 148. artikuluek) zehaztutakoaren araberako lurzatiketa proiektu bat tramitatzea, salbu eta, ondoriozko finken deskribapena hasierako finkena bezalakoxea izateagatik, beharrezkoa ez denean; azken horiek lehenago inskribatuak dira, lehengo S1-A6-U4aren birzatiketaren ondorioz. Bigarren kasu honetan, beharrezkotasun ezari buruzko adierazpena eginen du Udalak.

Gainerako determinazioak ez dira aldatu.

–2. aldaketa puntuala.

“12. poligonoko 538. lurzatiaren kalifikazioa aldatzea, tokiko ekipamendu izatetik eraikigarritasunik gabeko lurzati pribatu izatera pasatuko baita”.

12. poligonoko 538. lurzatia eraikigarritasunik gabeko lurzati pribatua da, O3A eremuan dago, eta lurzati mugakideetakoren batekin elkar daiteke.

Zertxobait aldatu dira ekipamenduetarako lurzatiaren mugak (12. poligonoko 537. lurzatia), egungo egoerari egokitzeko.

Bi aldaketa horiek aldaketa honi dagokion planoan jaso dira.

Gainerako determinazioak ez dira aldatu.

–3. aldaketa puntuala.

“13. poligonoko 193. eta 245. lurzatietarako lerrokadurak aldatzea, gaur egungo 193. lurzati eraikigarria 245. lurzatiaren puska batekin handituz”.

Aldatu egin dira Udal Plan Orokorreko planoetan grafiatutako lerrokadurak, aldaketa honi dagokion planoan agertzen den moduan.

Handitu egin da ondoriozko lurzatiaren eraikigarritasuna, 2 etxebizitzako eraikin bat egin ahal izateko, gehienez ere 500 m²-ko azalera eraikia duela.

Kudeaketari buruzko determinazioak.

Lekunberriko 193. eta 245. lurzatietan lurzatiketa espediente baten bidez jokatuko da, zeinean bi finkak elkartuko baitira, lerrokaduratik kanpo gelditzen den eremu publikoa laga ondoren, aldaketa honen planoan azaltzen den moduan.

Gainerako determinazioak ez dira aldatu.

–4. aldaketa puntuala.

“Akats bat zuzentzea O3-B1 ordenantzaren testuan; hala, argitzen da lurzatien eraikigarritasuna 300 m²-koa dela, lurzoruaren sailkapeneko eta ordenantzetako 6. planoan ageri den moduan”.

Zuzendu egin da Plan Orokorreko hirigintza arauen O3-B1 ordenantza, eta honela idatzita agertuko da:

3B ordenantza. Azken aldian familia bakarreko etxebizitzetarako izan diren garapenei buruzko ordenantza.

Azpieremu hau azken aldian familia bakarreko etxebizitzetarako izan diren garapenei buruzkoa da, hirigintzako jarduketen bitartez sortu baitira, hiri eremua handitzeko garapen operatiborako tresnak erabiliz.

Azpieremu hau zenbait eremuz osatuta dago, lurzoruaren kalifikazioari buruzko 6. planoan O3-B1, O3-B2, O3-B3, O3-B4 eta O3-B5 izenez grafiatuak; ezaugarri orokor amankomunak dituzte, baina badute berezitasunen bat, jarraian azaltzen dena.

–Eraikigarritasuna.

Jada badiren eraikinetarako eraikigarritasuna:

Jada badiren eraikinetako eraikigarritasuna balio hauetako handiena izanen da:

a) Gaur egungo eraikinek daukatena.

b) Eraikin berrietarako gehieneko eraikigarritasuna, honela adierazia: eraikitako azalera osoa, zenbatu gabe sotoak, ataripeak eta terraza estaliak, aurrealdean eta albo batean behintzat irekiak. Teilatupeetan ez da zenbatuko garaiera librea 2,00 metrotik beherakoa duen aldea, baldin eta ez bada 2,10 metroko garaiera gainditzen forjatuen artean.

–Eraikin berrietarako eraikigarritasuna:

O3-B azpieremuko lurzati bakoitzerako gehieneko eraikigarritasuna honako hau izanen da:

  • O3-B1-erako: 300,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.
  • O3-B2-rako: 150,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.
  • O3-B3-rako: 130,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.
  • O3-B4-rako: 140,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.
  • O3-B5-erako: 150,00 m² eraiki eta etxebizitza 1.

–Beste determinazio batzuk.

Honako hauei egokituko zaizkie: 3A ordenantzako diseinurako baldintza orokorrei eta jarraibideei, gaur egungo baldintza partikularrei eta ordenantza honetako diseinurako jarraibide partikularrei (aurrerago azaltzen dira).

–5. aldaketa puntuala.

“O1, O2 eta O3 ordenantzak aldatzea, aurreko Arau Subsidiarioen babesean gauzatu diren jarduketak hiri lurzoru finkatuan kudeatzeari dagokionez”.

Jarraian agertzen den testua sartu da O1, O2 eta O3 ordenantzetan (horiek Udal Plan Orokorreko hirigintza arauen 10.1, 10.2 eta 10.3 artikuluan garatu dira, 10.1 eta 10.2 artikuluko “Beste determinazio batzuk” atalean eta 10.3 artikuluko “Jarduteko baldintzak” atalean). Testu hau:

“Jada indarrik ez duen araudiaren babesean egindako jarduketa guztietarako, gorabeherak badituzte indarra duen planeamenduari dagokionez, 35/2002 Foru Legeak (145.2 eta 148. artikuluek) ezarritakoari jarraikiz prestatuko birzatiketa proiektuen bitartez jokatuko da.

Aurreko tramitea beharrezkoa ez bada ondoriozko finken deskribapena hasierako finkena bezalakoxea delako (azken horiek lehenago inskribatuak dira, jada indarrik ez duten arauen babesean egindako kudeaketaren ondorioz), aski izanen da Udalak beharrezkotasun ezari buruzko adierazpena egitea.

Hiri lurzoru finkatuetan gorabehera txikiak badaude katastroko akatsen edo zehaztasun ezaren ondorioz edo indarra duen planeamenduan erabilitako kartografiaren ondorioz, jada badiren lurzatien eta eraikinen benetako mugapenek lehentasuna izanen dute, antolamendu edo kudeaketako tresnetan grafiatutakoen aurretik, betiere Udalak uste badu inguruabar hori dagoela tartean.”

Iragarkiaren kodea: L1504969