84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

22/2015 FORU DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, Sesmako, Lodosako eta Carcarko udalerrietan, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXVI-EGA3 sektoreko nekazaritza azpiegituretako jarduketa onetsi, hau da, lurzatien berrantolamendua egitea eta ureztalurrak sortzea, eta jarduketa hori onura publikokoa eta presakoa dela adierazten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Lur Ureztatuen Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak adierazten du onura publikoa eta interes orokorra duela Nafarroako Ubidearen eraginpeko eremuetako nekazaritza azpiegituretan egin beharreko esku-hartzeak. Guztira 53.125 hektarea garbi dira.

Nafarroako Ubidea eraikitzeko Estatuko Gobernuaren eta Nafarroako Foru Komunitatekoaren arteko lankidetza hitzarmenaren esparruan, Jarraipen Batzordeak 2012ko uztailaren 31n egindako zortzigarren bileran, besteak beste, Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzea erabaki zuen, 15.275 hektarea ureztalur berri gehituta Argaren eta Egaren ibaiertzetan.

Nafarroako Gobernuak, 2012ko irailaren 5eko bilkuran, 102/2012 Foru Dekretua onetsi zuen, Nafarroako Ubidean gehitutako eremu ureztatu hori Foru Komunitateko Lur Ureztatuen Foru Planean sartzeko; dekretu hori 2012ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 20an.

2017an Nafarroako Ubideko 26. hargunea, 1. fasean gehitutako eremuaren XXVI-EGA3 sektorea hornituko duena, abian izanen denez, bidezko da garaiz onestea nekazaritzako azpiegituretako jarduketa, hau da, lurzatien berrantolamendua egitea eta ureztalurra eraldatzea eta eraberritzea, eremu ureztagarria egiten jarraitu ahal izateko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 1ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Onespena.

Nekazaritzako azpiegituretako jarduketa onetsi da, hau da, lurzati berrantolamendua egitea eta ureztalurrak sortzea Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXVI-EGA3 sektorean, Sesmako, Lodosako eta Carcarko udal-mugarteen zati batean.

2. Onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzea.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXVI-EGA3 sektorean nekazaritza azpiegituretan egin gogo den jarduketaren onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzen da, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako eta betiko okupatzeko eta bidezkoak diren zortasun iraunkorrak edo aldi baterakoak sortzeko.

3. Proiektuaren deskribapena.

Eremu horretako nekazaritza azpiegituretako jarduketan sartzen dira, lehenik, lurzati berrantolamendua ureztaketak eskatzen duen egiturari egokitzeko obrak eta, bigarrenik, eraberritzeko beharrezkoak diren obrak; horretarako, hargunea, sektoreko eta eremuko oinarrizko sarea eta ur emaria ureztaketa unitateak hornitzen dituzten hidranteetaraino presioz banatzeko sarea egin beharko dira; horiek lurzatiko ureztaketa sistemez hornituko dira; azken horiei nekazaritzako interes pribatuko obren kalifikazioa emanen zaie.

4. Ingurumeneko alderdiak.

Indarra duen legerian xedatutakoarekin bat, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2013ko abuztuaren 19an Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz egindako ingurumen eraginaren adierazpena nahikoa izanik, bertan zehazten baitira ezarri beharreko neurri zuzentzaileak eta, horiek beteko direla bermatzeko, ingurumena zaintzeko programa ezartzen baita.

5. Erabili beharreko prozedura.

Nafarroako Ubidea abian jarri eta XXVI-EGA3 sektorea hornitzeko aurreikusi diren epeak ikusirik, lurzatiak berrantolatzeko prozedura Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legearen IV. kapituluan aurreikusten den prozedura arrunta izanen da.

6. Jarduketaren lurralde eremua.

Jarduketaren xede den eremuak gutxi gora behera 2.723 hektarea hartzen ditu. Horietarik, 1.311 bat hektarea bihurtuko dira ureztaketa lur.

Honela zehaztu dira lurzati berrantolamenduaren eremuko behin-behineko mugak:

–Iparraldea: Hoyasko banalerroarekin eta NA-129 errepidearekin egiten du muga Sesman, baita Leringo udal-mugartearekin Carcarren.

–Hegoaldea: banalerroa, La Grajosan hasten dena, Lomba Murilloraino eta Resako errege altxonbideraino, Carcarren.

–Ekialdea: Ega ibaia.

–Mendebaldea: Hoyuelako erreka-zuloa, errege altxonbidea, Hitako eskorta, Sesman.

Mugaketa hori bat dator Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin. Nafarroako Gobernuak 2013ko irailaren 25eko Erabakiaren bidez onetsi zuen proiektu hori eta XXVI-EGA3 sektoreko eremu ureztagarria lurzatiak berrantolatzeko eremuaren barrenean dago.

1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17.a artikuluetan xedatutakoaren arabera aldatzen ahalko da azpiegituretako jarduketaren perimetroa.

7. Ustiapenaren oinarrizko azalerak.

Eremuko ekoizpen joerekin bat, gehienez ere 160 hektareakoa izanen da lehorreko lurrak ustiatzeko oinarrizko azalera eta gutxienez ere 32 hektareakoa. Gehienez ere 25 hektareakoa izanen da ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azalera eta gutxienez ere 5 hektareakoa. Ureztalurreko azalerak lehorreko lur bihurtzeko faktorea 6,4koa izanen da. Ureztalurra ustiatzeko oinarrizko azaleraren gutxieneko muga ureztaketaren oinarrizko azalera izanen da.

8. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 32 hektarea lehorreko lurretan eta 5 hektarea ureztalurretan.

9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.

Lurren funtseko esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren, nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren eta ustiapeneko oinarrizko eremuak osatu eta nekazaritzako ustiategiak elkartzeko diru-laguntzak kalkulatzearren, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, maiatzaren 19ko 116/2003 Foru Dekretuan ageri den lehenengo mailako lurraren balioa ezarriko da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailakotzat jo diren lurrei aplikatu beharreko modulu gisa. Dekretu horren bidez, azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren eranskina aldatu zen. Horretan, Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, lehen mailako modulua lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin biderkatuko da.

10. Azpiegiturak gauzatzea.

Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraikitzeari eta ustiatzeari buruzko azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legearen arabera eraiki eta ustiatuko dira Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko XXVI-EGA3 sektoreko ureztaketa eraberritzeko azpiegiturak, haren 2.1 artikuluari jarraituz: “azpiegitura horiek osorik edo haien zati bat eraiki eta ustiatzeko, herri-lanak emateko kontratua egiten ahalko da, Nafarroako Gobernuak finkatzen dituen aldi baterako programazioaren eta parametro tekniko eta ekonomikoen arabera”.

Orobat, aipatu 12/2005 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraituz, eraikuntza ez bada egiten herri-lanak emateko kontratu baten bidez, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritakoaren menpe jarriko da.

11. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura igortzea.

12. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

13. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko apirilaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1505197