84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, hautaproben bitartez administrari-ofizialaren lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata izangai euskaldunekin

Honako honen bidez aditzera ematen da Eguesibarko Udalaren Gobernu Batzarrak, 2015eko urtarrilaren 26an eta martxoaren 30ean egin bilkuretan, deialdia onetsi duela, hautaproben bitartez administrari-ofizialaren lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata izangai euskaldunekin, Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da, hautaproben bitartez, Eguesibarko Udalaren zerbitzuko C mailako administrari-ofizialaren lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzea, horietako bat izangai euskaldunekin, Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda horiek erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen ahal diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Aurreko atalean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, deialdi honetatik ateratzen diren aldi baterako kontratuak egiteko zerrenda berriek lehentasuna izanen dute lehendik dagoen beste edozein zerrendaren aurrean, eta indarrean egonen dira ordezkatuko dituen beste bat onesten ez den bitartean. Zerrendak Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

f) Izangai euskaldunen zerrendan parte hartu nahi izanez gero, B2 mailako ziurtagiria edo horren baliokidea izatea. Ziurtagiri hori izan ezean, hizkuntza maila frogatzeko proba eskatu ahalko da.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

Baldintza horiek guztiak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak aurkeztuz, kontratua formalizatu aurretik, esaten zaien unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Eguesibarko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta eskatzen den titulazioarena edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten den agiriarena aurkeztu beharko dituzte (euskara mailaren frogagiria barne, halakorik badute). Orobat, Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo Udaletxean bertan 6,00 euro sartu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak ordaintzeko. Tasa hori ez bada ordaintzen, izangaia bazterturik geldituko da.

Eskabidean, euskara mailako proba egin nahi dela adieraziko da. Euskaraz dakitela egiaztatzen dutenek ez dute proba hori egin beharrik.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Eguesibarko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren) baita haren webgunean ere (www.valledeegues.com).

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratzeko aginduko, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6.–Epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

Mahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

Mahaiburuaren ordezkoa: Helena Arruabarrena Polite, Eguesibarko Udaleko zinegotzia.

1. mahaikidea: Teresa Osta Peteiro, Eguesibarko Udaleko administrari-ofiziala.

1. mahaikidearen ordezkoa: Idoya Huarte, Eguesibarko Udaleko administrari-ofiziala.

2. mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

2. mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Mahaikide idazkaria: Jesús Marco del Rincón, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Eguesibarko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

7.1. Eguesibarko Udaleko Euskararen Ordenantza betetzeko, honela antolatu da hautapen prozesua: 3 puntu emanen dira, zerrenda orokorrean euskaraz jakiteagatik, merezimendu gisa, eta lanpostuaren eginkizun eta gaiei buruzko proba teorikoa eginen da.

7.1. Hautapena honako ariketa hauen bidez eginen da:

7.1.1. Proba teoriko-praktikoa: bertan galdera teoriko-praktiko batzuk idatziz erantzun beharko dira; horietatik erdiak gutxienez, II. eranskineko gaiei buruz izanen dira eta gainerakoak, berriz, informatika orokorreko ezagutzei eta Word eta Excel 2003 programei buruz.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren laurden bateko zigorra izanen dute. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 97 puntu egin ditzake gehienez ere eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia eskuratzen ez duten izangaiak (48,5 puntu).

7.2. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.3. Arestian aipatu probez gainera, euskara jakinik, hori agiri bidez frogatu ez baina euskara proba egitea eskatu duten izangaiei, dei eginen zaie maila proba egiteko. Test moduko azterketa gainditu ondoren eginen da proba hori.

Orobat, test moduko azterketa gainditu duten izangaiei, eskabidean eskatu badute, dei eginen zaie euskararen ezagutza proba egiteko, zerrenda orokorrean merezimendu gisa baloratzeko.

7.4. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Eguesibarko Udalaren iragarki oholean eta probak egin diren tokian, probak gainditzen dituzten izangaien bi zerrendak (bata izangai euskaldunekin), lortu duten puntuazio osoaren hurrenkeran, eta alkateari helaraziko dio, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

8.3. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Dei egiterakoan, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

8.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.–Agirien aurkezpena.

9.1. Hautatutako izangaiak kontratua sinatu beharko du –beste epe bat ezarri ezean– abisua eman eta bost eguneko epean –edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–; eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

9.2. Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.

Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Izena: .............................................. , NAN/nortasun agiria: ...................., jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............, jaioterria: ............................., gaurko helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua): ...................................................., herria: ......................................................., posta kodea:........................, telefono mugikorra:............., telefono finkoa: ............

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

Euskararen ezagutza frogatzeko eta, hala nahi bada, izangai euskaldunen zerrendan parte hartzeko, edo zerrenda orokorrean merezimendu gisa baloratzeko (markatu bidezko dena):

q Euskararen ezagutza izatearen ziurtagiriaren kopia kautotua gehitzen diodala eskabide honi.

q Euskararen ezagutza frogatzeko proba egitea eskatzen dudala.

q Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

q Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Eskabideari agiri hauen fotokopiak erantsi dizkiodala:

q Nortasun agiri nazionala.

q Eskatzen den titulazio akademikoa.

q Euskararen ezagutzari buruzko B2 mailako ziurtagiria edo horren baliokidea.

q Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 6,00 euro ordaindu izanaren ziurtagiria.

ESKATZEN DUT:

Eguesibarko Udaleko administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako kontratuaren bidez betetzeko izangaien zerrendak hautaproben bitartez osatzeko deialdian onar nazatela (.........(e)ko ....... zk.dun Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Sarrigurenen (Eguesibar), 20....... (e)ko .............aren .......... (e)an

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena.

2.–Udal errolda: Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak.

3.–Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea: II. Titulua: Administrazio publikoen organoak. III. titulua: interesdunak. IV. titulua: Administrazio publikoen jarduna. V. titulua: Administrazioaren xedapenak eta egintzak. VI. titulua: Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak. VII. titulua: Egintzen berrikuspena administrazio bidean; administrazio errekurtsoak.

4.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. Titulua: Udalerria. V. titulua: Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola: bereziki Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena: I. titulua: Toki entitateen korporazioetako kideen estatutua. II. Titulua: Toki entitateen beharrezko antolaketa. III. titulua: Toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: Toki entitateen antolaketa osagarria. VI. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa.

7.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

8.–35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa. V. titulua: Administrazioaren esku hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintzako diziplina, hirigintzako lizentziak.

9.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa: III. titulua: Udalaren lizentzia behar duten jarduera sailkatuak. VI. titulua: Zehapen araubidea.

10.–Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea.

Iragarkiaren kodea: L1505782