84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

211E/2015 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Iruñeko udal mugapean hondakinak kudeatzeko instalazio baterako. Titularra Servicios Ecológicos de Navarra SL da.

Egungo instalazio horrek Ingurumen baimen integratua jaso zuen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 6ko 1394/2011 Ebazpenaren bidez, hondakin arriskutsuak eta ez arriskutsuak kudeatzeko.

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, hondakin arriskutsuen tratamendu fisiko eta kimikoko tratamendu bat ezartzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak funtsezko aldaketatzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko asmoz abenduaren 28an emandako 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Hortaz, beharrezkoa da beste Ingurumen baimen integratu bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 5.1 epigrafean jasota dago, hots, “Hirugarrenek sortutako hondakin arriskutsuak desagerrarazteko instalazioak, dela errausketa bidez, dela hondakindegietan edo segurtasun gordailuetan utziz, dela tratamendu kimikoa eginez” izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago nahitaez. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Orobat, instalazio hori epigrafe hauetan agertzen da: Kutsaduraren aurkako Aurreneurriei eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 5.1.b) epigrafean, “Hondakin arriskutsuen balorizazio edo ezabaketarako instalazioak, egunean 10 tonatik gorako edukiera dutenak, jarduera hauetako bat edo gehiago egiten dutenak: tratamendu fisiko kimikoa” izenekoan, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) 2010eko azaroaren 24ean emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 5.1.b epigrafean, “Hondakin arriskutsuen balorizazio edo ezabaketarako instalazioak, egunean 10 tonatik gorako edukiera dutenak, jarduera hauetako bat edo gehiago egiten dutenak: tratamendu fisiko kimikoa” izenekoan.

Halaber, Ingurumena Ebaluatzeko abenduaren 21eko 21/2013 Legearen I. eranskineko 8. multzoko a) atalean dago sartuta instalazioa.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi dira, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handi samarra dagoela eta, hortaz, titularrak, ustiapena hasi aurretik, abiaburuko egoeraren gaineko oinarrizko txosten bat prestatu beharko duela, bertan lurzoruak eta lurpeko urek instalazioaren kokalekuan duten kutsadura deskribatzeko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horregatik guztiagatik, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Servicios Ecológicos Navarra SL titularra duen instalazio batentzat, zeinak hondakinak kudeatzen dituen Iruñeko udal mugapean. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazioa handitzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea: proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.–Instalazioak hondakin ez arriskutsuen kudeatzaile izateko duen baimena, 15G04201002881999 eta 15G05201002881999 erregistro zenbakietakoa, eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile izatekoa, 15G01201002881998 eta 15G02201002881998 erregistro zenbakietakoa, mantentzea, horrela baitaude inskribatuta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko gauzatzen ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da hurrengo epeetan, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikuluarekin bat (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitateak ustiatuko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Instalazioari baja ematea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan, hondakin arriskutsuen ekoizle gisa (15P01201002882004 zenbakia du); izan ere, hondakinen kudeatzaile gisa dituen baimenak errepikatzen dira, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluaren arabera, non adierazten baita hondakinak tratatzeko baimena eskuratu eta, jarduera horren ondorioz, hondakinak sortzen dituzten enpresak jakinarazpena aurkeztetik salbuetsita daudela.

Bosgarrena.–Hondakin urak udalerriko saneamendu sarera isurtzeko baimena ematea, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 245. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betiere, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Seigarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Zazpigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Zortzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Bederatzigarrena.–Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hamargarrena.–Irekitzeko eskaerarekin batera, titularrak abiaburuko egoeraren gaineko oinarrizko txostena aurkeztu beharko du, substantzia arriskutsu garrantzitsuek lurzorua eta lurpeko ura nola kutsatzen dituzten deskribatzeko, ebazpen honen VI. eranskinean ezarritako baldintzen arabera.

Hamaikagarrena.–Irekitzeko eskaerarekin batera, titularrak programa bat aurkeztu beharko du lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsuak– ekiditeko dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketekin, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

Hamabigarrena.–Irekitzeko eskaerarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Hamahirugarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak irekitzeko baimena eskuratu ondoren hasiko dira aplikatzen, eta, edozein kasutan, proiektatutako aldaketa martxan jartzen denetik aurrera. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, sektoreko legerian ezarritakoa galarazi gabe, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaseigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Hamazazpigarrena.–Ebazpen hau Servicios Ecológicos Navarra SLri, Iruñeko Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, NILSAri eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 31n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1505195