84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

210E/2015 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Castejongo udal mugapean trenbide-trabesak fabrikatzeko instalazio baterako Ingurumen baimen integratua ematen duena. Instalazioaren titularra IMPREGNA, SA da.

Gaur egun dagoen instalazio hori jarduera sailkatuak baimentzen dituen araubidearen menpe dago eta, aurkeztu den proiektuaren ondorioz, instalazioa Ingurumen baimen integratuaren menpe dago, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2A eranskineko 14. epigrafean jasota dago, hots, “2B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskutsuak kudeatzeko eragiketak” izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren eraginaren gaineko ebaluazioaren araubidearen menpe dago, muga eta irizpide batzuen aplikazioaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Ildo horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak erabaki zuen ez zela beharrezkoa proiektua Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jartzea, foru dekretu horren 3C eranskineko irizpideen aplikazioaren arabera.

Halaber, Ingurumena Ebaluatzeko abenduaren 21eko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9 b) ataleko 2. taldean dago sartuta instalazioa.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.1.f) artikuluan xedatuarekin bat, jarduerak ekartzen dituenean garrantzizko substantzia arriskutsuen erabilera, ekoizpena edo emisioa, titularrak abiaburuko egoerari buruzko oinarrizko txosten bat prestatu behar du ustiapena hasi aurretik, instalazioaren kokalekuan lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsaduraren egoera deskribatzeko.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 15 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta horiei emandako erantzunak.

Horregatik guztiagatik, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Castejongo udal mugapean trenbide-trabesak fabrikatzeko instalazio baterako. Instalazioaren titularra IMPREGNA, SA da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Zentroa hondakin arriskugarrien sortzaileen erregistroan mantentzea, 15P02070008772000 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen sorreran egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin arriskugarrien kudeatzaile izateko baimena ematea instalazioari, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G01070008772015 erregistro zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko gauzatzen ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da hurrengo epeetan, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikuluarekin bat (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitateak ustiatuko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Hondakin urak udalerriko saneamendu sarera isurtzeko baimena ematea, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 245. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betiere, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Bosgarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Sei hilabeteko epean, gehienez ere, titularrak kokapena ikertzeko azterlanaren proposamen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen VII. eranskinean ezarritako baldintzen arabera.

Zazpigarrena.–2015eko irailaren 30a baino lehenago, titularrak trabesak aurretik lehortzeko eremuko zoladura egin eta erabilgarria izan beharko du, baita euri uren kanalizazioa eta horiek tratatzeko hidrokarburoen bereizgailua ere.

Zortzigarrena.–Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bederatzigarrena.–2015eko ekainaren 30a baino lehen, titularrak programa bat aurkeztu beharko du lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsuak– ekiditeko dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketekin, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

Hamargarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2015eko ekainaren 30a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Hamaikagarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak irekitzeko baimena eskuratu ondoren hasiko dira aplikatzen, eta, edozein kasutan, proiektatutako handipena martxan jartzen denetik aurrera. Bitartean, jarduera sailkatuaren udal lizentzian ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotako ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea IMPREGNA, SAri, Castejongo Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 31n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1505194