84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58/2015 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Gerezko (Nafarroa) San Sebastian eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzen da.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak honako txosten hau aurkeztu du:

“Gerezko San Sebastian eliza eraikin txikia da, erromanikoa, XII. mendearen bukaerakoa edo XIII. mendearen hasierakoa. Nabe bakarreko planta da, eta burualde zuzena du. Estalki gisa kanoi-ganga zorrotza du, lau zatitan banatua. Hiru parpain-arku ditu, sekzio zuzenekoak, mentsula lobulatuetan bermatuak. Mentsulen altueran bada inposta leun bat, perimetro osoan. Iparraldeko hormaren lehenbiziko tartean nitxo bat dago, arku beheratuarekin, eta beste bat, handiagoa, bigarrenean. Elizaren oinaldean zurezko koru bat dago, tailla polikromatua duena, XVIII. mendekoa. Hegoaldean, eta lehenbiziko tartetik sarrera duela, dago sakristia, planta karratukoa, tertzelete gangaz estalia, adreilu luzituz egina. Kanpoaldean harlanduz eta harlanduxkoz egindako hormak ageri dira, kontrahormekin artikulatuak. Sartzeko atea puntu zentratu xumea da, inposten gainean, elizaren hegoaldean. Oinaldean, gaineko aldean, dago dorrea, nabearen zabalerakoa, garaiera txikikoa. Bolumen bat du erantsia hegoaldean, sakonera eta altuera berekoa, barnean eskailera duena. Estalkiak teiladunak dira, gangaren betelanaren gainean, eta, ganga ez den tokietan, zurezko egituraren gainean. Iparraldean etxe bat du atxikia, gaur egun hondatua, eta frontoiaren paretarekin dago handitua buruhorma. Koruaren azpiko aldean dago bataiarri erromanikoa, kalitate handikoa.

Eliza hau nabarmentzen da, oraindik ere bai baititu –partez ezkutatuak, geroko luzitu batekin–, XVI. mendeko margolanak, grisallak. Harlanduzko kuxinduren itxura ematen dute hormetan eta kasetoietan, eta loreak dituzte gangetan. Apaindura sistema interesgarri hori dezente zabaldu zen garai hartako elizetan, baina, gehienetan, ezkutaturik gelditu da birpinturen azpian –gustuak aldatu direlako, hormak zikindu direlako edo hezetasunek ekarritako kalteak direla eta– eta bai eraikin gotikoetan bai erromanikoetan aplikatu izan da. Maiz, desagertu egin da, emokadura emateko egiten den zulaketarekin, edo birpinturak egiteko egindako lixaketekin. Zenbaitetan antzeman dugu eta, gutxitan, azaleratu eta lehengoratu ahal izan dugu: hala, berriki, Galipentzuko Salbatore kriptan eta Besollako Garbikundearen elizan, eta, aspaldiago, Arellanoko parrokia-elizan. Eraikin batzuetan estalirik mantentzen da –esaterako Muskildan, Olexoan eta Mendilibarrin, besteak beste–, edo partez estalirik erretaulen atzeko aldean. Berreskurapenak kostu handia du, eta, nahiz eta gero eta gehiago baloratzen den hormetako apaindura –ez bakarrik figuren horma irudiak–, lehengoratzea epe luzean bakarrik egin daiteke. Baina, gutxienez, komeni da apaindura horiek ez galtzea, eta horiek ezabatuko dituzten jarduketarik ez egitea; ez da beti erraza izaten.

Azkeneko bi urtean, Ondare Arkitektonikoaren Ataleko teknikariek zenbait aldiz bisitatu dute Gerezko eliza; azkenekoa, joan den abenduan.

Eraikina Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sartua dago 9.675 fitxa zenbakiarekin, eta horrek biko sailkapena eman dio. Urraulbeiti udal mugapeko 9. poligonoko 13. lurzatian dago.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 42.1 artikuluak zehazten du ondasun higiezin inbentariatuak babesteko araubidea izanen dela deklarazioan ezarritakoa. Horrek berariaz ezarriko du zer neurri den egokiena ondasuna babesteko.

Hala, ondasun hau behar bezala babesteko eta mantentzeko, bai eraikuntzako alderdiari dagokionez bai ikusgarritasunari dagokionez, beharrezkotzat jotzen da eraikinaren ingurune bat mantentzea. Asko eragiten dio iparraldeko eraikinak, eta egun oso eragin makurra da.

Eliza kokaturik dagoen 9. poligonoko 13. lurzatiaz gain, ingurunearen barnean sartuko dira Urraulbeitiko 13. poligonoko 14., 15. eta 122. lurzatiak.

Hau da ukituen zerrenda:

–Iruñeko Artzapezpikutza.

–María Jesús Iriarte Vélaz.

–Sergio Sanmartín Martínez de Morentin.

Ingurunearen muga grafikoak erantsitako planoan jasota daude.

Horrenbestez, proposatzen da Gerezko San Sebastian eliza ondasun inbentariatu deklaratzea, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin bat.”

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gerezko San Sebastian eliza izeneko monumentua, Geretzen (Nafarroa) dagoena, ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Urraulbeitiko Udalari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2015eko martxoaren 16an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.

Iragarkiaren kodea: F1504920