84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

154/2015 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, baimen administratiboa eman, onura publikoa deklaratu eta proiektua onesten da 66 kV-eko (ZB) “Orkoien-Irurtzun 1 eta 2” aireko linea elektrikoaren bariantea (linea ordezteagatik) eta 66 kV-eko (ZB) “Orkoien-Ororbia 1 eta 2” linearekiko lotura Orkoienen eta Oltza Zendean egiteko.

2014ko abuztuaren 4an, Eduardo Ryan Murúa jaunak, Iberdrola DESAU ordezkatuz, instalazio elektriko honetarako administrazio baimena eskatu zuen, baita proiektuaren onespena eta onura publikoaren deklarazioa ere:

–Ezaugarri teknikoak:

“Orkoien-Irurtzun 1 eta 2” (ZB) aireko linea elektrikoaren tarte bat, ST Orkoienetik 00.10 euskarrira bitartekoa, aireko linea berri batekin ordeztuko da haren ondotik, zirkuitu bikoitzean 242-AL1/39-ST1A motako gaitasun handiko eroalearekin (lehengo LA-280). Orobat, lotzeko tarte berri bat eginen da, linea horretako 00.10 euskarritik 66 kV-eko (ZB) “Orkoien-Ororbia 1 eta 2” aireko linea elektrikoaren 01.03 euskarriraino, zirkuitu bikoitzean 242-AL1/39-ST1A motako eroalearekin (lehengo LA-280). Luzera: 2.756 metro. Tokia: Orkoien eta Oltza Zendea.

Halaber, deribazioa desmuntatuko da “Orkoien-Ororbia 1 eta 2” aireko linea elektrikoko 13. euskarritik 01.03 euskarriraino, deribazio berri bat eginen baita “Orkoien-Ororbia 1 eta 2” aireko linea elektrikoko 9. euskarritik “Orkoien-Irurtzun 1 eta 2” aireko linea elektrikoan proiektatutako 00.10 euskarriraino. 70 metro luze izanen da, eta eroalea, 152- AL1/25-ST1A (lehengo LA-175). Laguntzako deribazio horrek ebakitze elementuak eramanen ditu, normalean irekiak. Tokia: Oltza Zendea.

Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzutik kanpo gelditzen diren linea guztiak desmuntatu egin beharko dira.

–Kokapena: Orkoiengo eta Oltza Zendeako udal mugapeetan.

–Xedea: Ororbiako herrian dagoen Graftech Ibérica SL enpresak egindako energia elektrikoaren eskariari heltzea.

–Aurrekontua: 379.825,24 euro.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 15eko 35E/2013 Ebazpenaren bidez eta maiatzaren 20ko 211E/2013 Ebazpeneko aldaketaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion aipatu proiektuari.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan xedatutakoa betez, jendaurrean jarri zen, 20 eguneko epean, instalazioak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza, 2014ko 192. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Diario de Navarra egunkarian argitaratuz, bietan ere 2014ko urriaren 1ean.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 146. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera igorri zitzaien Nafarroako Gobernuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalei, Ebroko Ur Konfederazioari eta Gas Natural Distribución SDG SAri. Espedientean jasota dago administrazio edo enpresa horien aldeko txostena, edo, hori ezean, ez dela erantzunik jaso hamar egun iraganda berrespenaren egunetik aurrera.

Hurrengo alegazioak hartu dira eta, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 145. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri jakinarazi zaizkio:

1. Constancio Garikoitz Balerdi Villanueva jaunak, zein Oltza Zendeako udal mugapeko 2. poligonoko 305. lurzatiaren jabea baita, zehaztu du proiektuak ukitzen duen bere jabetzaren lurzatian egurraren eta kortxoaren handizkako merkataritzarako eraikin bat dagoela eta proiektua gauzatzeak enpresaren etorkizuneko garapenari eragin diezaiokeela. Hortaz, eskatzen du 00.10 euskarriaren kokapena lekuz aldatzeko, 17. eta 305. finken arteko mugara.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari entzunda, ondokoa adieraz daiteke:

–Proiektatutako aireko linea elektrikoaren trazadura lurzati horretan landa lur gisa sailkaturik dagoen zatitik doa. Ez du ukitzen egun eraikina duen azpilurzatia. Hortaz, irizten da linea berriak sortzen duen zortasunak ez diola eraginen enpresaren etorkizuneko garapenari.

–17. eta 305. lurzatien artean malda handiko ezponda bat dago, eta, instalazioaren ezaugarri teknikoak direla eta, ezin da euskarria kokatu ezponda horretan egun dagoen lur zerrendaren gainean. 00.10 euskarria 305. lurzatiko mugan kokatuko da, ahal den hurbilen ezpondako behealdetik.

Hori dela eta, ez da bidezkoa 00.10 euskarriaren kokapena aldatzea, eta, hortaz, Constancio Garikoitz Balerdi Villanueva jaunak aurkeztutako alegazioak ezesten dira.

2. Francisco Javier Echeverria Lara jaunak, zein Oltza Zendeako udal mugapeko 2. poligonoko 278. lurzatiaren jabea baita, zehaztu du bere jabetzaren lurzatian paratuko den euskarria paratzeko, kenduko denaren proportzio berean ukitu behar dela mugakide den finka. Orobat, eskatzen du argitzeko nolako aireko bide zortasuna ezarriko duen lineak.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari entzunda, ondokoa adieraz daiteke:

–Euskarria tokiz aldatzeko eskaerari dagokionez, 20.01 euskarria mugan jartzeak ekarriko luke trazadura aldatzea euskarri horretatik Chatarras Iruña SAko azpiestaziorainoko baoan. Proposatutako barianteak, halaber, ekarriko luke bao horretako eroaleak ordeztea, eta kostua %10etik gora handituko litzateke proiektatutako irtenbidean proposatutakoaren aldean. Beraz, ez litzateke beteko 1955/2000 Errege Dekretuaren 161. artikuluak proiektuko aldaketak onartzeko zehazten dituen baldintzetako bat.

–Lineak ezarriko duen aireko bide zortasunari dagokionez, 20.01 euskarriko armatu motaren arabera (eroaleen antolamendu bertikala), 278. lurzatiaren gaineko zortasuna ez da handitzen; aitzitik, txikiagoa da egungoaren aldean.

Hori dela eta, ez da bidezkoa 20.01 euskarriaren kokapena aldatzea, eta, hortaz, Francisco Javier Echeverría Lara jaunak aurkeztutako alegazioak ezesten dira.

3. Castor Isturiz Anocibar jaunak, zein Orkoiengo udal mugapeko poligonoko 227. lurzatien jabe baita, eskatu du Orkoiengo 1. poligonoko 227. lurzatian paratuko den euskarrian ibai aldera aldatzeko, eta, posible ez bada, finkak ipar-ekialdeko mugan duen arekaraino.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari entzunda, ondokoa adieraz daiteke:

–Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduan, 6., 7. eta 127. artikuluetan zehazki, ezartzen da euskarrietatik ibilgu batera gutxienez 5 metro utziko direla. Horri jarraituz, 4. euskarria distantzia horretan proiektatu da zehazki, ezin baita gehiago hurbildu Txulapain errekaren ibilgura. Nolanahi ere, bada posible teknikaren aldetik 227. eta 228. lurzatien artean egun dagoen erretenetik gertu paratzea, eta, horretarako, 2015eko urtarrilaren 9an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk proiektuko aldaketa beharrezkoak aurkeztu zituen.

Hori dela eta, bidezkoa da 4 euskarriaren kokapena aldatzea, eta, hortaz, Castor Isturiz Anocibar jaunak aurkeztutako alegazioak baiesten dira.

4. María Josefa San Martin andreak, zein Orkoiengo udal mugapeko 1. poligonoko 201. lurzatiko jabea baita, eskatu du kontuan izateko bere jabetzaren 201. lurzatia industriako lurzorukoa dela, egun nekazaritzarako erabiltzen bada ere.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari entzunda, ondokoa adieraz daiteke:

–Hala da, Orkoiengo udal mugapeko 1. poligonoko 201. lurzatia industriako lurzoru urbanizagarria da. Hori aintzat hartua dago Jaime Lezaun San Martín jaunak María Josefa San Martín Asiain andrea, bere ama, ordezkatuz uztailaren 2an sinatutako adiskidetasunezko akordioan jasotako ukipenaren balorazioa egiteko orduan.

Hori dela eta, ez da bidezkoa aurkeztutako proiektua aldatzea, eta, hortaz, María Josefa San Martin andreak aurkeztutako alegazioak ezesten dira.

5. Santiago Garayoa Larrea jaunak, Oltza Zendeako udal mugapeko 2. poligonoko 273. lurzatiaren jabea baita, eskatu du bere jabetzaren lurzatian paratuko diren euskarriak hurbilen dauden mugetara eramateko. Halaber, eskatzen du finkan barna doan beste lineako euskarriak mugetara eramateko, era horretan finkaren gaineko eragina murritzagoa izan dadin.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari entzunda, ondokoa adieraz daiteke:

–Paratu beharreko 00.05 eta 00.06 euskarri berriak, Oltza Zendeako 2. poligonoko 273. lurzatian kokatuko direnak, ordeztuko dituzten horien ondoan proiektatzen dira. Finkaren neurriak direla eta, euskarriak mugetara eramatea ezinezkoa da teknikaren aldetik. Izan ere, ekarriko luke baoak proiektatutako luzera bikoitza izatea, eta, horretarako, normalizatu gabeko neurriak eta esfortzuak dituzten dorreak paratu beharko lirateke.

–Bestalde, finkako beste lineako euskarriak tokiz aldatzeari dagokionez, euskarri horiek 6 kVeko “ST Orkoien-Ororbia 1 eta 2” linea elektrikokoak dira eta hori ez da proiektu honen xede.

Hori dela eta, ez da bidezkoa aurkeztutako proiektua aldatzea, eta, hortaz, Santiago Garayoa Larrea jaunak aurkeztutako alegazioak ezesten dira.

6. María Teresa Elizalde Astiz andreak, zein Orkoiengo udal mugapeko 1. poligonoko 225. eta 281 lurzatietako jabea baita, eskatu du bere jabetzaren lurzatian dagoen euskarria paratzeko egungo euskarria lurzatiaren mugatik dagoen distantzia berean. Orobat, adierazi du indutriako lurzorua dela, egun nekazaritzarako erabiltzen bada ere, eta hori kontuan hartzeko eskatu du.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari entzunda, ondokoa adieraz daiteke:

–Hala da. Orkoiengo udal mugapeko 1. poligonoko 225. lurzatia industriako lurzoru urbanizagarria da, baina kalifikazio horrek ez du galarazten proiektatutako instalazioa ezartzea. Nahitaezko balio justua ezartzeko orduan, kontuan hartuko da puntu hori.

–Orkoiengo 1. poligonoko 281. lurzatian egonen den 00.04 euskarri berria tokiz aldatzeari dagokionez, Goi tentsioko linea elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamenduak, zein otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 5.7 atalean (“Distantzia errepideetatik”, ITC-LAT-07), ondokoa zehazten du: Estatuko errepideen sarean, euskarriak lehentasunez eraikuntza mugatzeko lerroaren atzetik paratuko dira, haren altuera zein den, haren tarte eta erditik gorako distantzian, goiko galtzadako kanpoko ertzetik. Eraikuntza mugatzeko lerroa 50 metrokoa da autopista, autobide eta bide azkarretan.

00.04 euskarriaren altuera 30.6 metro da, eta, hortaz, 45.9 metro da altuera eta erdia. Hori dela eta, euskarria 50 metrora proiektatzen da autopistatik, horrela betetzen baitu Goi tentsioko linea elektrikoen erregelamendua, eta ezin da gehiago hurbildu A-15 autopistara.

Hori dela eta, ez da bidezkoa aurkeztutako proiektua aldatzea, eta, hortaz, María Teresa Elizalde Astiz andreak aurkeztutako alegazioak ezesten dira.

7. María Asunción Diaz de Cerio Nagore andreak, zein Oltza Zendeako udal mugapeko 2. poligonoko 52. lurztiaren jabea baita, eskatu du bere jabetzaren lurzatian paratu gogo den euskarria herrilurrera eramateko.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari entzunda, ondokoa adieraz daiteke:

–Proiektu honek aintzat hartzen du abiadura handiko trenbidearen etorkizuneko trazadura.

–Goi tentsioko linea elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamenduak, zein otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 5.8 eta 5.9 ataletan (Distantzia trenbideetara, ITC-LAT-07) ezartzen duenez, euskarrietatik trenbideko lerroko zelaitzearen kanpoko ertzera 50 metro egonen dira gutxienez, edo euskarriaren altuera eta erdia. 00.14 euskarria distantzia hori errespetatuz proiektatu da (50 metro AHTko etorkizuneko trazaduraren zelaitzearen kanpoko ertzetik). Beraz, ezin da herrilurrera eraman.

Hori dela eta, ez da bidezkoa aurkeztutako proiektua aldatzea, eta, hortaz, María Asunción Díaz de Cerio Nagore andreak aurkeztutako alegazioak ezesten dira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iberdrola Distribucion Electrica SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalazio elektrikorako, hura gauzatzeko proiektua onestea eta 12 hilabeteko epea ematea lanak egiteko. Proiektua David Remírez de Ganuza Satrústegui industri ingeniari teknikoak sinatu du.

2. Zehazki, instalazioaren onura publikoa adieraztea, abenduaren 26ko 56/2013 Legearen 24. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Instalazioak aurkeztu den proiektuaren arabera egin beharko dira, eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriko dira.

4. Proiektuari aurkeztu zaizkion alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

5. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoak.

6. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Iberdrola DESAUri, Gas Natural Distribución SDG SAri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da (Erreferentzia: Esped. kod. hitzen ondoren dagoen zenbakia).

8. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Orkoiengo Udalari, Oltza Zendeako Udalari eta Ebroko Ur Konfederazioari jakinaraztea, eta aditzera ematea horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2015eko martxoaren 27an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

Iragarkiaren kodea: F1504803