Iragarkia
83. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
799/2015 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez mantentze-lanetako ofizial lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dira. Zerrendetako bat aldi baterako kontratazioetarako da, eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda berri bat mantentze-lanetako ofizial lanpostuetan prestakuntzan aritzeko, zerbitzu berezien egoeran, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatu lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpe daudenetan.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.
Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:
DEIALDIAK
I.–Deialdia, mantentze-lanetako ofizial lanpostuetarako aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda osatzeko
Hona hemen deialdiaren
Oinarriak
Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da, mantentze-lanetako ofizial lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaprobez bidez betetzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da zerrenda (salbu eta Osasun Departamentuan).
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.
Bigarrena.–Betekizunak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Elektrizitatea eta Elektronikako, Energia eta Ureko, Instalazioa eta Mantentze-lanetako, edo Zurgintzako lanbide-familiako goi mailako teknikariaren titulazioaren jabe izatea, edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren betekizuna agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.
2.3. Oinarri honetako betekizun guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.
Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.
Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesteko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.
II.–Mantentze-lanetako ofizial gisa prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia
Hona hemen deialdiaren
Oinarriak
Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da mantentze-lanetako ofizial lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat hautaproben bidez betetzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da zerrenda (salbu eta Osasun Departamentuan).
Bigarrena.–Betekizunak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.
b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.
c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
d) Elektrizitatea eta Elektronikako, Energia eta Ureko, Instalazioa eta Mantentze-lanetako, edo Zurgintzako lanbide-familiako goi mailako teknikariaren titulazioaren jabe izatea, edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den tituluaren betekizuna agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.
2.3. Oinarri honetako betekizun guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.
2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan aritzen diren langileek, ezta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.
Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.
Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.
Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.
Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
III.–Bi deialdien arau amankomunak
Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bigarrena.–Eskabideak.
2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.
Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.
2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasuna eta nazionalitatea frogatzen dituen agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute bakarrik, eta, hala badagokio, aldi baterako kontratatuak izateko deialdiaren 2.1.a) oinarrian nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betekizunen frogagirienak.
Kontratua edo prestakuntzarako zerbitzu berezien adierazpena formalizatzeko deia jasotzen dutenek bakarrik aurkeztu beharko dute deialdiko nahitaezko titulua izatearen frogagiria.
2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.
Hirugarrena.–Izangaien onarpena.
3.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.
Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.
3.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamenean), deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betekizunak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, betekizunen bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
Laugarrena.–Proba.
4.1. Hautapen prozesuaren muina ondoren deskribatzen den proba egitea izanen da. Probak bi parte izanen ditu, ez baztertzaileak.
Lehenbiziko partea: teorikoa, ebazpen honetako I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 40 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere ordubetez. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.
Parte honetan, 80 puntu eskuratzen ahalko dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da.
Bigarren partea, praktikoa. Epaimahaikoek proposatutako kasu praktikoak ebatziko dituzte, idatziz, gehienez ere ordu erdian. Ebazpen honetako I. eranskinean ageri den gai zerrendarekin loturik egonen dira kasu horiek, eta deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunekin, esaterako instalazioen mantentze-lan, zaintza eta inbentarioarekin, higiezinen mantentze-lanekin, altzarien mantentze-lanekin, zentroen irekitze eta ixtearekin eta alarmen kontrol sistemarekin, etab.
Parte honetan, gehienez ere, 30 puntu erdiesten ahalko dira.
Probaren bi parteak egun berean eginen dira, bata bestearen segidan.
Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren (110) %30 lortu behar da gutxienez.
Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.
4.2. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.
4.3. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
Mahaiburua: Maravillas Alemán Diez de Ulzurrun andrea, Hezkuntza Departamentuko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Ataleko burua.
Ordezko mahaiburua: José Ramón Lasanta Montes jauna, Hezkuntza Departamentuko Obra Ataleko burua.
Mahaikidea: José Ángel Ros Nestares jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Kalitatearen Ataleko burua.
Ordezko mahaikidea: Virginia Torres González andrea, Hezkuntza Departamentuko arkitekto teknikoa.
Mahaikidea: José Miguel García López jauna, Hezkuntza Departamentuko mantentze-lanetako ofiziala.
Ordezko mahaikidea: Jesús Oyaregui Arriada jauna, Hezkuntza Departamentuko mantentze-lanetako ofiziala.
Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.
Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.
Mahaikide idazkaria: Consuelo Niñoles Monllor, Hezkuntza Departamentuko Erosketa Bulegoko burua.
Ordezko mahaikide idazkaria: José Miguel Carranza Sada jauna, Hezkuntza Departamentuko industriako ingeniari teknikoa.
5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
Seigarrena.–Emaitzak.
6.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:
a) Aldi baterako kontrataziorako deialdia: probaren lehenbiziko partean, teorikoan, lortutako notarik handienaren arabera hautsiko dira berdinketak.
b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraituz gero, probaren lehenbiziko partean, teorikoan, puntu gehiago lortu duenaren alde joko da.
c) Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.
6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, deialdiaren aipamena):
–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Zazpigarrena.–Mantentze-lanetako ofizialen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.
7.1. Behin betiko zerrendak.
Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez izangaien zerrendak onetsiko dira. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, deialdiaren aipamena).
7.2. Deia.
Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.
Deia jasotzen dutenek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Elektrizitatea eta Elektronikako, Energia eta Ureko, Instalazioa eta Mantentze-lanetako, edo Zurgintzako lanbide-familiako goi mailako teknikariaren titulazioaren edo horren baliokidearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako eskuratua.
Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Mantentze-lanetako ofizial lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.
Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko.
8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldia lortzen duten izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.
8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.
Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.
Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Deialdien, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2015eko apirilaren 8an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.
I. ERANSKINA
Mantentze-lanetako ofizialentzako gai zerrenda
1. gaia.–Igeltserotza eta pintura. Eraikuntzako materialak eta igeltserotzako tresnak: erabilera eta mantentze-lanak. Igeltserotzako konponketa nagusiak. Dekorazioko pinturaren kontzeptu orokorrak: materialak, pinturak, bernizak, masillak, disolbatzaileak eta desugertzaileak. Pintura egokia hautatzea. Pinturako berariazko tresnak: eskuzko tresnak eta tresna mekanikoak. Pinturako tresnen eta lanabesen mantentze-lanak. Pintura lana: euskarria prestatzea, azalera desberdinetan pintatzeko metodoak. Pinturen kontserbazioa eta garbiketa. Pintura ematean egiten diren akatsak eta konponketa ohikoenak.
2. gaia.–Iturgintza eta berokuntza. Kontzeptu orokorrak, kontsumoko uraren instalazioak eraikinetan (ACS eta AFCH), saneamenduko sareak, matxurak eta oinarrizko konponketak iturgintzako instalazioetan: hodietako matxurak, hustubideetako matxurak, instalazioetako hotsak, instalazioen elementu berezietako matxurak. Gas instalazioen mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak).Berokuntza sistema zentralizatuak: galdara gelako elementuak eta osagaien identifikazioa, berokuntzako oinarrizko zirkuituak, funtzionamenduaren oinarrizko ikuskatzeak, mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak). Berokuntza sistema autonomoak: berokuntzarako igorgailu elektrikoak.
3. gaia.–Airea girotzeko eta aireztatzeko instalazioak. Aire girotuaren ekipamenduak: motak, funtzionamenduaren oinarriak, mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak). Aireztatzeko instalazioak: motak eta mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak).
4. gaia.–Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko mantentze-lanak. 865/2003 E.D. Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko higiene eta osasun irizpideak: uztailaren 31ko 54/2006 Foru Dekretua. Instalazioak mantentzeko oinarrizko irizpideak: prebentzio neurriak, mantentze-lanen programak eta eragiketen erregistroa. SCO/317/2003 Agindua eta 126/2009 Foru Agindua, zeinen bidez arautzen baita legionellaren arriskua duten instalazioetako mantentze-lan higieniko-sanitarioak egiten dituzten langileentzako prestakuntza eta berrikuntza ikastaroak baimentzeko prozedura.
5. gaia.–Elektrizitatea: oinarrizko kontzeptuak. Glosarioa eta definizioak. Garraio elektrikoa: eroaleak, isolatzaileak eta kanalizazioak. Elektrizitateko mantentze-lanetarako tresnak eta lanabesak. Matxurak eta oinarrizko konponketak. Instalazio elektrikoak. Goi tentsiokoak: kontzeptua eta motak. Behe tentsiokoak: kontzeptua eta sailkapena. Lotura instalazioak eraikinetan: harguneak, babeseko kutxa orokorrak, elikatzeko linea orokorra, banakako deribazioak, kontagailuak eta aginte eta babeserako gailu orokorrak. Barreneko instalazioak: agindu orokorrak, instalazioko sistemak, hodi eta kanal babesleak, instalazioen babesa eta zuzeneko eta zeharkako ukipenen kontrako babesa. Argiztatzea: lanparen ezaugarriak, lanparen osagaiak, lanpara motak, argien elementuak, barne eta kanpoko argien instalazioak eta argiztapenean energia aurreztea.
6. gaia.–Zurgintza. Kontzeptu orokorrak: hitzen glosarioa. Zurgintzako oinarrizko tresna eta lanabesak. Eskuzko erremintak. Tresna elektrikoak. Zurgintzako materialak: aglomeratuak eta zurak. Zurgintzako estaldurak. Motak, jartzea eta zaintzea. Ateak eta leihoak. Zurgintzako lana: zurgintzako oinarrizko teknikak. Pintura eta zurgintzako akaberak. Ate, leiho eta pertsianetako lanak. Zurezko zoruak, ateak eta leihoak. Konponketa eta mantentze-lan ohikoenak. Altzariak zaindu eta kontserbatzea.
7. gaia.–Sarrailagintza eta metalgintza. Materialak eta burdineria: oragailu mekanikoak, bisagrak, sarrailak, gontzak, kisketak, morroiloak eta ateetarako beste burdineria batzuk. Sarrailagintzan erabilitako beste tresna eta lanabes batzuk. Oinarrizko lanak: lotura finkoak: soldadurak, errematxatuak, tolesketa eta kolatzea, lotura artikulatuak (abisagratzea), lotura desmuntagarriak, sarrailak jartzea eta burdineriarekin egindako beste lan batzuk. Konponketak eta mantentze-lanak: sarrailetan, elementu mekanikoetan, eta burdin hesietako piezak eta konponketa. Beiragintza. Beiragintzako tresnak. Beirak garbitzea. Beiragintzako materialak. Beiragintzako lanak: beira biltzea, beira moztu eta leuntzea eta beirak eta ispiluak jartzea. Beiren mantentze-lanak: tratamendu bereziekin, beiradun ateak eta sabai-leihoak eta argi-zuloak.
8. gaia.–Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legea eta langileen eskubideak eta betebeharrak. Lanpostuko segurtasun neurriak: zamak erabiltzea, asto-aldamioak, eskailerak, segurtasuna eskuzko tresnak erabiltzean, segurtasuna makina-erreminta elektrikoak erabiltzean, norbera babesteko ekipamenduak (NBE), lehengai eta substantziak erabiltzea: produktu kimiko toxiko eta arriskutsuak, etiketak jartzea eta segurtasun fitxa eta segurtasuneko seinalizazioa.
9. gaia.–Larrialdiak. Suteak. Norberaren babeserako plana. Norberaren jokabidea sutea dagoenean eta eraikinetatik alde egin behar denean. Suaren elementuak. Su motak. Sua itzaltzeko baliabideak: itzalgailuak, BIEak, zutabe lehorra eta ur-hargunea. Suaren kontrako babesa: seinalizazioa, antzematea eta alarma. Instalazioen mantentze-lanak. Segurtasuna eraikin publikoetan: segurtasun pribatua, segurtasun sistemak eta bidegabe sartzearen kontrako alarma eta sarreren kontrola.
10. gaia.–Ikus-entzunezko teknologiako aparatuak. Irudi eta soinuko ekipoen oinarrizko erabilera, konexioa eta funtzionamenduan jartzea: gardenkien eta diapositiben proiektoreak, arbel digitalak, bideoproiektoreak eta telebista ekipoak. Telekomunikazioak eta ekipo informatikoak: osagaien identifikazioa, lotura elektrikoa eta elkarrekiko lotura, kable-sare egituratua. Ahots eta datuen sarea. Telefonia. Zentral eta terminal telefonikoak. Konexioa eta abian jartzea.
II. ERANSKINA
Nafarroako Gobernua - Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua - Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.
ESKABIDE EREDUA
Eskabidea, ...................................... lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratatuak izateko deialdian parte hartzeko. Deialdia ........…(e)ko ................…..aren …..(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (..... zk.).
1) Norberaren datuak.
Izen-abizenak:
NAN zk. ................... Nazionalitatea .................. Jaioteguna:
Helbidea .................................. Herria
Probintzia ........................ Posta kodea
Telefonoak (3 gehienez)
Posta elektronikoa
2) Desgaitasuna frogatzea. (Bidezko denean bakarrik).
Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.
Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).
3) Euskarazko lanpostuak (Deialdian agertzen badira bakarrik).
Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:
Badudala Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).
Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi “urrats” gainditu ditudala (1. jakite maila).
Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.
4) Horrez gain, hauxe diot:
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela izan desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.
Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Ez dudala Espainiako nazionalitatea. Zin egiten edo hitzematen dut ez dudala .................................ko (sorterria, herrialdea) funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik. Sorterria:
Iruñean, .................(e)ko ..........aren ..........(e)an.
(Sinadura)
Oharrak:
–Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta Administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.
III. ERANSKINA
Nafarroako Gobernua - Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua - Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.
ESKABIDE EREDUA
Eskabidea, ...........................................… lanpostuetan prestakuntzaldia egiteko izangai berrientzako deialdian parte hartzeko. Deialdia ........…(e)ko ......…..aren …..(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (..... zk.).
1) Norberaren datuak.
Izen-abizenak:
NAN zk. ................... Nazionalitatea .................. Jaioteguna:
Helbidea .................................. Herria
Probintzia ........................ Posta kodea
Telefonoak (3 gehienez)
Posta elektronikoa
2) Zein lanpostutarako izan zen izendatua (datuak):
Departamentua: ............................
Zerbitzua: .............................
Lanpostua:
Maila ..........................
3) Desgaitasuna frogatzea. (Bidezkoa denean bakarrik).
Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.
Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).
4) Euskarazko lanpostuak (deialdian agertzen badira bakarrik).
Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:
Badudala Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).
Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi “urrats” gainditu ditudala (1. jakite maila).
Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.
5) Horrez gain, hauxe diot:
Nire lanpostuan jardunean egoteko tituluez gain, deialdian eskatzen diren tituluak ere baditudala eta deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Iruñean, .................(e)ko ..........aren ..........(e)an.
(Sinadura)
Oharrak:
–Eskabidearekin batera NANaren fotokopia aurkeztuko da.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta Administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F1505689
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
