2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ikuskatzeko 2015eko Planaren irizpideak
Iruñeko Udaleko Zerbitzu Orokorretako Alorreko Ogasuneko Zuzendaritzak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ikuskatzeko 2015eko Plana onestea ebatzi zuen, 2015eko martxoaren 31n. Plan hori Nafarroako Foru Ogasuneko Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak onetsia da, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 8an eman 87/2009 Foru Aginduan onespen-prozeduren gainean aurreikusitako xedapenei jarraikiz. Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoarekin bat, argitara ematen dira Plan hori gorpuzten duten Irizpide Orokorrak:
1. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ikuskatzeko Plana gorpuzten duten irizpide orokorrak.
Udaleko Tributu Ikuskaritzari dagokio subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga-egoera ikuskatzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga-eginbide eta -betebeharrak zorrotz konplitzen dituztela egiaztatzeko eta, hala balegokio, dagokion erregularizazioa egiteko.
Udaleko Tributu Ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako lege hauetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan.
Udaleko Tributu Ikuskaritzaren berezko eginkizunak organo eskudunak kasuan-kasuan onetsitako ikuskapen-planetara egokituko dira.
Ikuskapen Plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatu eta bertan sartzeko.
Ikuskapen Plan bakoitza gorpuzten duten irizpide orokorrak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira, eta gisa horretara betetzen da Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritako betebeharra.
1.1. Planaren xedea.
Ikuskapen plan honen xedea da egiaztatzea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren subjektu pasiboen zerga-egoera, betiere Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 8an emandako 87/2009 Foru Aginduan ezarritako baldintzen arabera; horren bidez, Iruñeko Udalaren esku utzi zuen aipatutako zergaren ikuskapena, udal-kuotei dagokienez, eta lankidetzaren nondik norakoak ere ezarri zituen, zerga horren erkidegoko nahiz nazioko kuoten ikuskapenari dagokienez. Eskuordetzea Udalbatzak 2009ko irailaren 18ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen, eta lankidetza, berriz, Tokiko Gobernu Batzarrak 2009ko abuztuaren 4an hartutako erabakiaren bidez.
Beraz, Iruñeko Udalaren tributu-ikuskapenaren xede izan daitezke Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergari dagokionez zergapeko egitateak diren jarduerak –baldin eta Udalari badagokio zerga hori ordainarazteko eskumena–, eta zehazki, honako hauek:
1.–Iruñeko udal-mugartean egiten diren jardueretan, udal-kuota duten Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ordaindu beharra ekartzen dutenak.
2.–Erkidego edo nazio mailan egiten diren jardueretan, erkidegoko edo nazioko kuota duten Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ordaindu beharra ekartzen dutenak, baldin eta haien subjektu pasiboak Iruñeko udal-mugartean badu helbide fiskala.
1.2. Lehentasunezko eremuak.
–Goiti beheiti eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta, oro har, eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.
–Saldu edota alokatzeko eraikuntzak, instalazioak edo obrak sustatu dituzten enpresak.
–Ondasun higiezinen (lokalak) alokairuan aritzen diren enpresak.
Iruñean, 2015eko apirilaren 1ean.–Ogasuneko Zuzendaria, Nuria Larráyoz Ilundáin.
Iragarkiaren kodea: L1506132