82. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

204/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Zuzeneko Enplegu Aktiboaren deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzen dituena 2015. urterako.

Gaurko egoera ikusirik, Nafarroako Gobernuaren ardura nagusienetako bat da gure Komunitatearen egoera ekonomiko zail eta luzearengatik lana galdu eta haren ondoriozko prestazio guztiak ahitu dituzten pertsonak babestea. Pertsona horiek, gorabehera horren ondorioz, gizartetik bazterturik gelditzeko arriskuan daude. Horrenbestez, gizarte bazterketari enpleguaren bidez aurrea hartzea da administrazio publikoek bultzatu beharreko oinarrizko ardatzetako bat.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatzea du xede nagusia, eta, aditzera ematen du hauek direla gizarte zerbitzuen helburuak: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea gizartearen, politikaren, ekonomiaren, lanaren, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan, eta, bestetik, eta pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea.

Hori dela eta, Gizarte Politiketako Departamentuak bidezkotzat jotzen du neurri bat hartzea diruz laguntzeko Nafarroako toki entitateak, irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateak, merkataritza entitateak eta autonomoak, gizarteratze-errenta jasotzen duten langabeak edo prestazio horren 30 hilabeteko epea agorturik dutenak kontrata ditzaten.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren oinarriak ezarri behar dira. Bidezkoa da, beraz, diru-laguntza hauen deialdia onestea 2015erako.

Halaber, foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, 2015eko otsailaren 25ean egin bilkuran, erabaki zuen baimena ematea Gizarte Politiketako Departamentuari diru-laguntzak emateko, gizarteratze-errenta jasotzen duten langabeak edo prestazio horren 30 hilabeteko epea agorturik dutenak kontrata daitezen, banakako ebaluazio-araubidean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.–Zuzeneko Enplegu Aktiboaren deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jasotzen dira.

Bigarren.–1.500.000,00 euro euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko osagarria” izeneko 900003 91600 4809 231504 kontu-sailaren kargura.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Bosgarrena.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko martxoaren 16an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

Zuzeneko Enplegu Aktiboaren 2015eko deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Gizartetik bazterturik gelditzeko arriskua duten pertsonen laneratzea sustatzeko asmoz, gizarteratze-errenta jasotzen dutenean edo prestazioaren gabealdian daudenean, Gizarte Politiketako Departamentuak diru-laguntzen deialdia egiten du 2015erako, toki entitateek, merkataritza entitateek, autonomoek eta irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateek pertsona horiek kontratatzea finantzatzeko.

2. Diru-laguntzak erabiliko dira onuradunak lan araubidean kontratatzeak ekartzen dituen soldata kostuak finantzatzeko.

3. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez zaizkie aplikatuko gizarteratzeko eta laneratzeko zentroei.

4. Ondoko entitateek egiten dituzten lan kontratuei aplikatuko zaie diru-laguntza hau:

1.–Toki entitateak.

2.–Irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateak.

3.–Merkataritza entitate pribatuak eta autonomoak.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako, 2015eko ekitaldian, 1.500.000,00 euro erabiliko dira guztira, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko osagarria” izeneko 900003 91600 4809 231504 kontu-sailaren kargura.

Honela banatuko da diru kopurua:

1. Toki entitateentzat eta irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzat, 1.425.000 euro erreserbatuko dira guztira.

2. Merkataritza entitate pribatuentzat eta autonomoentzat 75.000 euro erreserbatuko dira.

Bi modalitateetako batean ez bada amaitzen aurreikusitako kreditua, soberakina aplikatu daiteke beste taldearen eskaria betetzeko.

Dena dela, kontratazio-eskariak ikusita eta aurrekontuko kontu-sailean kreditu erabilgarria badago, deialdirako diru kopurua handitzen ahalko da, Gizarte Politiketako kontseilariaren foru agindu bidez.

Hirugarrena.–Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

1. Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke deialdi honetan ezarritako laguntza ekonomikoen onuradun:

a) Gizarteratze-errenta kontratazio unean jasotzea edo hura agortu izana kontratazio aurreko urtean.

b) Behar adinako trebetasun eta gaitasun soziolaborala izatea, laguntzaile baten premia ez izateko modukoa.

c) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea kontratazioaren egunean.

d) Gizarteratze-errentaren prestazioa agorturik dutenek izanen dute lehentasuna kontrataziorako, Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legearen 7.9 artikuluarekin bat.

Toki entitateek lanerako egokienak juzgatzen dituztenak hautatuko dituzte kontratazioan, kasuan kasuko oinarrizko gizarte zerbitzuak proposatzen dizkien pertsonen artetik.

Enpresen eta irabazi asmorik gabeko entitateen kasuan, udaletako gizarte zerbitzuetara jo dezakete, edota Nafarroako Gobernuaren gizarteratzeko eta laneratzeko taldeetara (GLT), kontratatu daitezkeenak aukeratzeko.

2. Toki entitateek, merkataritza entitateek, autonomoek edo irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitate kontratatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Legeari jarraikiz eratuak izatea, beren izaera juridikoarekin bat.

b) Jarduera edo lan zentroak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean izatea.

c) Tributu arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

d) Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertuak ez izatea, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Ezin izanen dute deialdi honetako diru-laguntzarik jaso diruz laguntzen ahal den kontratua hasi aurreko hamabi hilabeteetan, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako enpresaren lantokietan, kontratu mugagabeak hauetako arrazoi batengatik amaitu dituzten enpresek: bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik, edo kaleratze kolektiboagatik, edo arrazoi objektiboengatik Langileen Estatutuaren 52 c) artikuluaren kasuan. Zenbat kontratu amaitu diren, hainbat kontratu geldituko dira diru-laguntzarik gabe.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden pertsona eta entitateak ezin izanen dira deialdiaren xede diren diru-laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.–Diruz lagundutako jardueraren betebeharrak.

1. Deialdi honen lehenbiziko oinarriaren helburuetarako egokia izatea.

2. Kontratazioa lan kontratuaren bidez eginen da, legez ezarritako edozein modalitate erabiliz, sei hilabeteko eperako toki entitateen eta irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateen kasuetan, eta gutxienez 3 hilabeterako, berriz, merkataritza entitateen eta autonomoen kasuetan. Kasu horretan hilabeteko luzapenak har daitezke kontuan kontraturako, 6 hilabete bete arte gehienez.

3. Lanaldiak jasotako diru-laguntzari proportzionalki dagozkion orduak iraunen du, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritako lanbide kategoria eta soldataren arabera.

4. Deialdi hau argitaratu ondoren izenpetuko dira kontratuak.

5. Kontratazioek langile kopurua handitzea ekarri behar dute, eta ez dute inola ere ekarriko entitate kontratatzaileetan kontratu indarduna duten langileak ordeztea.

6. Kontratatutako pertsonak Nafarroako jarduera zentro edo lantokietan arituko dira entitate onuradunen zereginetan. Jarduera horien artean egin daitezke, interes berezia dutelako, energia kontsumoa gutxitzeko eraikinetan mantentzeko eta esku hartzeko obrak eta lanak, bai instalazio finkoetan bai ekipamenduan, pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko neurri gisa.

7. Honakook ez dute diru-laguntzarik jasoko:

a) Langileen Estatutuari buruzko Legeak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina) 2. artikuluan aurreikusten dituen lan harreman bereziak eta beste legezko xedapen batzuetan aurreikusitakoak.

b) Kontratazioaren aurreko hogeita lau hilabeteetan enpresa, enpresa-talde edo entitate berean kontratu mugagabe baten bidez zerbitzuak eman dituzten langileekin egiten diren kontratazioak, eta langileak aurretik lan-harremanak izan baditu onuren eskatzaileak oinordetzen dituen enpresekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bosgarrena.–Laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduketa garatzeko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

2. Dena dela, diru-laguntzak, bakarrik zein beste diru-laguntza batzuekin batera, ez du inoiz gaindituko laguntzaren onuraduna kontratatzeagatik sortutako gastu guztiaren %100 (soldatak eta Gizarte Segurantza).

Ondorio horietarako, diru-laguntzarako eskabidearekin batera, jasotako diru-laguntzen eta aipatutako mugak gainditu izanaren berri emateko konpromisoa erantsi beharko da, diruz lagundutako kontratuaren indarraldiko edozein unetan.

Seigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Toki entitateen eta irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateen kasuetan, sei hilabeteko kontratu bakoitzeko, 4.669,92 euroko laguntza eman daiteke. Zenbateko hori langile bakoitzaren hileko ordainsari garbiari dagokio (648,60 euro hilabeteko), baita kontratazioak ekartzen dituen gainerako gastuen zati bati ere.

2. Merkataritza entitateen eta autonomoen kasuetan, lanbide arteko gutxieneko soldataren %100 lagunduko da diruz (648,60 euro hileko), kontratazioaren hilabete bakoitzeko, 6 hilabete egin arte gehienez.

3. Kontratazioak ekartzen dituen gainerako gastuak entitate kontratatzailearen kargura izanen dira.

4. Soilik 2015eko ekitaldiari dagozkion kontratazio hilabeteak lagunduko dira diruz.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik 2015eko uztailaren 1a arte izanen dute zabalik toki entitateek eta irabazi asmorik gabeko entitateek. Enpresek eta autonomoek 2015eko urriaren 1a arte aurkez ditzakete eskaerak.

2. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea, 7; 31005, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietan. Eskaera posta bulegoaren bidez aurkezten bada, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskabideari.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak Nafarroako Gobernuaren atariko eredu normalizatuetan eskuratzen ahal dira: www.navarra.es dokumentazio honekin batera, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua:

a) Lantokian bete beharreko eginkizunaren deskripzioa eta zenbat pertsona behar diren.

b) Toki entitateen kasuan, tokian tokiko oinarrizko gizarte zerbitzuak programan parte hartzeko proposatutako pertsonen zerrenda (ereduaren arabera), eta kontratatzeko hautatutako pertsonen zerrenda.

c) Kontratatu beharreko pertsonen enplegu eskariaren txartelaren fotokopia.

d) Erantzukizuneko aitorpena, entitate eskatzaileak deialdi honen hirugarren oinarriko baldintzak betetzen dituela adierazten duena.

e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabetean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

f) Nafarroako Gobernuak eta/edo Espainiako Zerga Agentziak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabeteko epearen barrenean egina, zerga eta tributu arloko eginbeharrak eguneratuak dituela dioena.

g) Transferentziaz ordaintzeko eskaera, dokumentu horri loturiko banku-kontua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez badu edo kontua aldatu bada.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Banakako ebaluazio-araubidea erabiliko da diru-laguntzak emateko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako moduan.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Instrukzio organoak aurkezten den eskaera behar bezala baloratzeko eta ebazteko behar dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

4. Instrukzio organoak, eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Instrukzio organoak, laugarren oinarrian diruz laguntzeko ezarritako betebeharrak kontuan hartuta, banaka-banaka aztertuko ditu eskaerak, erregistroko sarrera dataren hurrenkerari jarraikiz; eta seigarren oinarrian adierazitako kopuruen arabera zehaztuko du diru-laguntzaren zenbatekoa.

2. Oinarri arautzaile hauetako baldintzak betetzen dituzten eskaerak diruz laguntzea proposatuko da, harik eta aurrekontuaren kontu-saila agortu arte.

Hamaikagarrena.–Baloratzeko eta ebazteko epeak.

1. Instrukzio organoak eskaera bakoitzaren balorazio txostena egin beharko du eskaera aurkeztu eta, beranduenez, handik hogeita hamar egunera.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

3. Eskatzaile guztiei bidaliko zaien ebazpenean, datu hauek egonen dira: diruz lagunduko den entitatearen izena, kontratatu behar diren pertsonen zerrenda, diru-laguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epea, eta diru-laguntza justifikatzeko modua eta epea, hori dena Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Bertan, eskaera ezetsia duten entitateak eta horretarako arrazoiak ere adieraziko dira.

4. Eskaerak aurkeztu eta hiru hilabetean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Hamabigarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpenak administrazio prozedura arautzen duen legerian aurreikusitako moduan jakinaraziko zaizkie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan xedaturikoarekin bat ordainduko da, jarduera egin dela frogatu ondoren. Ordainketa partzialik egotera, horiek proportzionalki pagatuko dira, kasuan kasuko gastuak justifikatu ondotik.

2. Ordainketa aurreratua egitea onar dezake organo laguntza-emaileak, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik eduki beharra justifikatzen baldin bada. Horretarako, entitateak behar hori justifikatzen duen txostena aurkeztuko du, non une horretan entitateak banku-kontuetan dituen saldoak agertuko baitira, ekitaldi horretako diruzaintza fluxua, edo, bestela, diruz lagundutako jarduera ez geldiarazteko edo hasteko dirua behar dela frogatzen duen edozein agiri.

3. Ordainketa aurreratua egitekotan, honela eginen da:

a) Esleitzen den diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, aurrerakin gisa, diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera eta, behar denean, hamaisegarren oinarria bete ondoren.

b) Esleitzen den diru-laguntza 60.000,00 eurotik gorakoa bada, honela eginen da: esleitutako zenbateko osoaren %50 ebazpena sinatzearekin batera, eta beste %50 behar diren gastuen eta kofinantzatzearen frogagiriekin batera.

Hamalaugarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.

Egindako gastuen frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte entitateek:

a) Entitate guztiek aurkeztu beharreko agiriak:

–Sinatutako lan-kontratuen fotokopia.

–Erantzukizuneko aitorpena, adierazten duena kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrerek ez dituztela gainditzen gizarteratze-errentak jasotzen dituzten pertsonak kontratatzeagatik sortutako gastuak.

b) Toki entitateek aurkeztu beharreko dokumentazio berariazkoa:

–Erakundeko Idazkaritzaren titularrak emandako ziurtagiria, laneko kostuen eta diru-laguntzaren kalkulu xehakatuari buruzkoa, eredu ofizialaren araberakoa.

c) Merkataritza entitateek, autonomoek eta irabazi asmorik gabeko gizarte entitateek aurkeztu beharreko berariazko agiriak:

–Egindako kontratazioei dagozkien nominak, TC1 eta TC2, eta haien ordainagiriak.

Diru-laguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala aurkezteko mugaeguna 2015eko abenduaren 31 izanen da.

Hamabosgarrena.–Betebeharrak.

Entitate kontratatzaileak honakoetara daude behartuta:

a) Diru-laguntzaren xede den kontratazioa deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betekizun formal eta materialen arabera gauzatzera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baizik ez erabiltzera, eta, bereziki, diruz lagundutako kontratuen gutxieneko iraunaldia errespetatzera, sei edo hiru hilabetekoa hasierako kontratazioaren egunetik aurrera (entitate kontratatzailearen arabera).

b) Instrukzio organoari kontratazioan gertatzen diren gorabehera guztien berri ematera, hala nola, altak, bajak, edo bestelako aldaketak, baita diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere.

c) Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztera.

d) Entitateek diru-laguntza nork eman duen adierazi beharko dute proiektuen zabalkundean eta publizitatean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Entitateek foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

e) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren beste batzuek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzera.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematera diru-laguntza eman duen organoari. Hori jakin bezain laster komunikatu behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

h) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzera.

i) Proiektuak kontratatutako langileei dagokienez, berarekin dakartzan lan betebeharrak betetzera.

j) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzera; eta diru-laguntzaren parte proportzionala itzultzera, diru-laguntzaren xede diren pertsona kontratatuetakoren batek lana bere borondatez uzten duenean hiru hilabete igaro baino lehen, merkataritza entitateen eta autonomoen kasuan, eta 6 hilabete igaro baino lehen, berriz, toki entitateen eta irabazi asmorik gabeko gizarte entitateen kasuan.

k) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak betetzera.

Hamaseigarrena.–Gardentasunerako betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, eta ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betearazitako aurrekontua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasunari lotutako betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari emandako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Diru-laguntzaren kontrola.

Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduerak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita diru-laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere.

Hemezortzigarrena.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzen itzulketa.

1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

2. Lan-kontratuak sinatzen ez badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako diru kopurua itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.

3. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

Lan-kontratua behar baino lehenago bukatzen bada organo eskudunak baimendu gabe edo bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik, emandako diru-laguntza osorik itzuli beharko da.

4. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen xedapen orokorren arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera gauzatuko da.

Hemeretzigarrena.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hark ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

2. Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Hogeigarrena.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

2. Nafarroako toki erakundeek zilegi izanen dute deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Hori ez da eragozpen izanen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta gainerako arau administratiboak aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1505424