82. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

115E/2015 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena honako hauetarako: Elizondo Arizkun BTA linea,13,2 Kv-eko zirkuitu bakuneko aireko linea, aldatzeko eta Elbeten, Baztango udal mugapean, aire zabaleko Leku Eder izeneko transformazio zentroa egiteko proiektua. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk beharrezkotzat jotzen du honako hau: 100 kV-eko aire zabaleko transformazio zentroa eraikitzea, Leku Eder izenekoa, eta hori elikatzen duen 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa aldatzea, aire zabaleko Leku Eder transformazio zentroari eusten zion N-108 euskarriko zimendua 2014ko uztailaren 4ko uholdeetan gertatutako lur mugimenduek larri ukitu zutelako. Instalazio horiek eginen dira Elbeten, Baztango udal mugapean, hornidura elektrikoaren kalitatea eta jarraipena bermatzeko.

13,2 kV-eko aireko linea elektrikoko aldaketa Elizondo-Arizkun BTA lineako dagoen N-17 euskarritik abiatu eta proiektatutako N-108 euskarrian bukatuko da. Horretarako lerrokadura bakarra eginen da eta osotara 39 m-ko luzera izanen du. Honako hau aipatu behar da: erabili beharreko kablea LA-56 da; N-17 euskarrian “XS”ak jarriko dira; eta proiektatutako N-108 euskarrian Leku Eder transformazio zentroa egonen da, hori ere proiektuaren xedea baita. Lehen zeuden linea eta euskarriak ere desmuntatuko dira.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2015eko urtarrilaren 26an egindako txostena sartu da espedientean. 2015eko urtarrilaren 20an txostena eskatu zitzaion Baztango Udalari. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Elizondo Arizkun BTA linea,13,2 Kv-eko zirkuitu bakuneko aireko linea aldatzea eta aire zabaleko Leku Eder transformazio zentroa Elbeten egitea, Baztango udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Ingurumen arlokoak:

  • Deribazioaren euskarrian linea nagusiko zubi laxoak isolatuko dira, baita linea nagusia eta XS zirkuitu-etengailuak lotzen dituen zubia ere.
  • Linea bukaerako euskarrian nahiz deribazioaren euskarriko XSei eusteko gurutzetan, ezin izanen da erabili proiektuan adierazitako isolagailua (U70YB20P) lotzeko kateetarako, Hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzen ez delako. Izan ere, horren ordez beste bat jarriko da tentsioan dagoen eroalearen eta pausalekuaren artean gutxienez metro batetik gorako tartea bermatzen duena.

–Hirigintza arlokoak:

  • Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Baztango Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 18an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1504509