82. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109E/2015 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: aireko linea elektrikoa, 400 Kv-ekoa, Santiagoko zentrala elektrifikatzeko, Aranoko udal mugapeko Kamiozelaieta auzoan. Sustatzailea Iberdrola Distribución, SA da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektu honen xedea da Santiagoko zentralari hornidura elektrikoa ematea, Aranoko udal mugapeko Kamiozelaieta auzoan. Horretarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk aurreikusten du beheko tentsioko aireko linea elektriko bat eraikitzea, 400/230 voltekoa. Benta Berri transformazio zentroko 1. lineatik abiatuko da eta gutxi gorabehera 270 metroko luzera izanen du.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2014ko abenduaren 2an emandako txostena sartu da espedientean. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: aireko linea elektrikoa, 400 Kv-ekoa, Santiagoko zentrala elektrifikatzeko, Aranoko udal mugapeko Kamiozelaieta auzoan. Sustatzailea Iberdrola Distribución, SA da.

2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:

–Ingurumen arlokoak:

  • Aurkeztutako proiektuaren arabera, ez da ukituko linea zeharkatzen duen inolako haritz kandudunik, ezta haltzik ere, haren ezaugarriak direla-eta ez delako beharrezkoa zuhaitzik gabeko zerrenda irekitzea.
  • Zuhaitzen bat ukitu behar bada, sustatzaileak abisatu beharko dio obra hasi aurretik Bidasoa aldeko Basozaintzari, e-postaren bidez (guarderío.forestal.Bidasoa1@cfnavarra.es) edo 608 251 881 telefonoara deituta.

–Hirigintza arlokoak:

  • Obrak herrilurretan sustatu direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herrilurrak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Sustatzaileak, obrak gauzatu aurretik, eta haiek baimentzeko nahitaezkoa den eskaerarekin batera, Nafarroako Errepide Sarean gauzatu beharreko obrak behar bezala deskribatzeko nahikoa den dokumentazioa teknikoa aurkeztu beharko du, ones ditzaten.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Zutoinak bidearen kanpoko ertzetik 3 metrora jarri beharko dira, zortasun eremu hori ezartzen duen 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluarekin bat.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Aranoko Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 17an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1504529