81. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1E/2015 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, gizarte erantzukizuna sustatzeko 2015eko laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuaren 2014ko azaroaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen gizarte erantzukizuna Nafarroan eragin, sustatu eta bultzatzeko II. programa orokorra. Horizonte 2020. Programa honetan bildutako jarduketa bideetako bat enpresei ematen zaizkien laguntzak dira gizarte erantzukizuna sustatzeko.

Halaber, Nafarroako Gobernuak, 2009ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazioaren bitartez tramitatzea baimendu zuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2015. urteko laguntzen deialdia onestea gizarte erantzukizuna sustatzeko.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 60.000 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik sortutako konpromisoetarako, 2015era luzatutako 2012ko Gastuen Aurrekontuko “Enplegu plana. Enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko programa” izeneko 190000 19000 4709 494100 kontu-sailaren kargura:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

190000-19000-4709-494100: Enplegu plana. Enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko programa

4953

2015

60.000,00

Baimendutako gastutik, hauek dira diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzerako diru kopuruak: 24.000 euro, diagnostikoak egiteko; 24.000 euro, jarduketa planetarako, 4.800 euro, jasangarritasun txostenetarako; eta 7.200 euro, hobekuntza zikloetarako.

Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, hori erabiltzen ahalko da jarduketako bat finantzatzeko, horiek zein ordenatan aurkeztu diren kontuan hartuta.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko apirilaren 10ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Gizarte erantzukizuna (GE) Nafarroako Foru Komunitateko enpresetan bultzatzeko xedea dute laguntza hauek, “InnovaRSE” metodologiaren araberako diagnostikoak, jarduketa planak, jasangarritasun txostenak eta hobekuntza zikloak prestatuz.

Europako Batzordearen arabera, GE (gizarte erantzukizuna) enpresen erantzukizuna da, gizartean duten eragina dela eta. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko. Gizarte erantzukizuna guztiz bereganatzeko, enpresek haien enpresa-estrategian sartu behar dituzte, legeak eskatzen duenaz haratago, gizarte, ingurumen eta ekonomia arloko alderdiak hobetzeko behar diren jarduketak.

2. oinarria.–Aholkulariak egiaztatzea.

1. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak aholkulari gisa egiaztatutako pertsonen zerrenda bat prestatuko du, diru-laguntzaren xedeko jarduketak egiteko; haiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresentzako kontsulta edo aholku lanetan edo enpresa kudeaketan hiru urteko esperientzia izatea.

b) Helbidea Nafarroan duen enpresa edo entitate batean jardutea, kontsulta eta aholku lanetan.

c) Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak emanen dituen prestakuntza jardueretara joatea. Aipatu prestakuntza bi saioz osatua da, InnovaRSE metodologian esperientziarik ez duten aholkulari berrietarako nahitaezkoa izanen baita. Esperientzia duten aholkulariek nahitaez joan beharko dute metodologia hori eguneratzearen gaineko saiora.

2. Egiaztagiri hori eskuratu nahi dutenek 10 egun naturaleko epea izanen dute eskabidea bidaltzeko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, honako helbide honetara: responsabilidadsocial@navarra.es. Eskabideak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan dagoen ereduaren araberakoa izan behar du.

3. Aholkulari gisa egiaztatutako pertsonen zerrenda argitaratuko da aipatutako Interneteko helbidean, enpresek aukera dezaten norekin egin nahi dituzten diruz laguntzen ahal diren jarduketak.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzaren xedea da jarduketa hauek egitea:

–Diagnostikoak: enpresei bide ematen diete GEri dagokionez bere egoera atzemateko eta enpresa politikan gizarte erantzukizunaren printzipioak aplikatzeko jarraitu behar diren bideak planteatzeko.

–Jarduketa planak: aldez aurreko diagnostikotik abiatuta, enpresaren GE hobetzeko garatu beharreko ekintzak zehazten dituzte. Laguntza hauek eskuratzeko, aholkulari egiaztatu batek egindako GE diagnostiko bat dutela frogatu beharko dute enpresek.

–Jasangarritasun txostenak: jarduketa plana egina duten enpresei bide ematen diete beren kudeaketaren gardentasuna erakusteko baliabide zehatza izateko. Txosten horretan sartzen dira erakundeak garapen jasangarriarekin lotuta egiten duen jardueraren neurketa, zabalkundea eta kontu ematea, barne eta kanpoko interes taldeen aurrean.

–Hobekuntza zikloak: diagnostikoa berrikusteko modua izanen da –lortutakoa eta lortzeko dagoena berrikusten da– jasangarritasun txostena egina duten enpresentzat, baita beste jarduketa plan bat ere, non hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak proposatzen baitira.

2. Diruz laguntzen ahal diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) “InnovaRSE” metodologiaren araberakoak izan behar dute.

b) 2015eko urriaren 16a baino lehenago egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat jotzen da egun hori baino lehenago benetan ordaindu dena.

c) Enpresako jarduketa bakarrerako emanen da diru-laguntza.

d) Aholkulariak laneko denbora bat frogatu beharko du, 25 ordukoa gutxienez diagnostiko, 50 ordu jarduketa planeko, 15 ordu jasangarritasun txosteneko eta 60 ordu hobekuntza zikloko.

3. Diru-laguntza jaso dezakeen gastua aholkularien ordainsarien portzentajea (BEZa kanpo) izanen da, ondotik ematen baita, egindako jarduketagatik jaso beharreko gehieneko diru-laguntzarekin batera:

JARDUKETA

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKEEN GASTUA

GEHIENEKO LAGUNTZA

Diagnostikoa

%100

1.000 euro

Jarduketa plana

%75

1.500 euro

Jasangarritasun txostena

%50

300 euro

Hobekuntza zikloa

%50

1.200 euro

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako baldintzak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:

a) Laneko zentro bat Nafarroan izatea, eskaera aurkezten denean gutxienez 5 langile dituena.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

c) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan, arau-hauste larria edo oso larria egiteagatik administrazio-ebazpen irmoaren bitartez zehapenik ez izatea honako honengatik: Langileen estatutuak edo aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzea, edo sexuarengatiko edo orientazio sexualarengatiko bereizkeria kaltegarria (zuzena edo ez zuzena) ekartzen duten enpresaren erabakiak, edo sexu jazarpena.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debeku egoeraren batean ez egotea.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskaerak berarekin dakar departamentuari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

2. a) eta d) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizuneko aitorpena erabiliko da. Gainerako baldintzak ofizioz egiaztatuko dira.

3. 2. oinarriaren arabera egiaztatutako pertsonak dituzten aholkularitzako enpresak ezin dira laguntzen onuradunak izan, ezta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko sozietate publikoak ere.

5. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.

1. 2015eko maiatzaren 28an hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta 2015eko ekainaren 12an bukatuko da.

2. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Sinadura elektronikoaren titularrak du erantzukizuna, eskaeran emandako datuak egiazkoak izan daitezen.

3. Eskaerari “Enpresa zuzendaritzaren konpromisoa” diruz lagundutako jarduketak abian jartzeko izeneko dokumentua nahitaez erantsi beharko zaio, laguntzen fitxan eskura baitaiteke.

6. oinarria.–Diru-laguntza emateko prozedura.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez esleituko da; horregatik, eskaerak aurkezteko ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean, deialdia onesten duen ebazpenean adierazten den moduan. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki (Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Lan Zerbitzuari zuzenduta) aurkeztu beharko dute gardentasunari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

b) Diruz lagundutako jarduera 9. oinarrian ezarritako moduan eta epean egin izana frogatzea.

c) Behar izatera, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea diru-laguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko baldintza orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, 2015eko urriaren 16a arte, egun hori barne, izanen dute epea onuradunek 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena.

b) Diagnostikoaren, jarduketa planaren, diruz lagundutako jasangarritasun txostenaren edo hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean.

c) Diagnostikoa egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigilua erabili izanaren dokumentua, behar bezala beteta.

d) Gastuaren eta ordainketaren frogagiriak, egindako jarduketaren guztizko zenbatekoarena.

2. Lan Zerbitzuak justifikatzeko agiriak aztertuko ditu eta organo eskudunari igorriko dio ordaintzeko ebazpen proposamena InnovaRSE metodologiaren arabera egindako jarduketen onuradunen alde.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean frogagiria aurkezten denetik.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira beste administrazio publiko batzuek, beste ente publiko edo pribatuek edo partikularrek, Estatukoek edo nazioartekoek, emandakoekin.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresek eskabidean aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Lan Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) jarriko ditu jendaurrean esleitutako diru-laguntzak, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1505535