Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA
Aldaketa, Erronkaribarko etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Erronkariko Ibaxaren Batzordeak, 2015eko apirilaren 28an egin bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Erronkaribarko etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzan. Onespenaren erabakia 2015eko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 26an.
Hogeita hamar egun balioduneko epea iragan eta inork ez duenez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsirik gelditu da eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Erronkarin, 2015eko uztailaren 16an.–Batzordeko burua, Aitor Garmendia Eizagirre.
ORDENANTZA, ERRONKARIBARKO ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).
EZL udal zerbitzua da, oro har oinarrizko premiei ohiko inguruan erantzuteko ematen zaiena mugak dituzten herritarrei; banakoendako zerbitzuak dira, aldi baterako edo iraunkorrak, zein den bakoitzaren egoera, pertsona bere inguruan ahalik eta hobekien txerta dadin, beregaintasun funtzionala handitu dezan eta bizi kalitatea hobetu.
2. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzea zer printzipiotan oinarritzen den.
Gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:
–Erantzukizun publikoa, Administrazioak bere gain hartzen baitu baliabideak sustatzeko ardura, finantza, teknika, jende eta antolaketa aldetik.
–Prestazioaren unibertsaltasuna eta berdintasuna, menpekotasun egoera dagoen edozein lagunek hura eskuratzeko eskubidea izan dezan, batere bereizkeriarik gabe.
–Osagarritasuna, pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten bertze zerbitzu eta baliabide batzuekin.
–Aurreneurri izaera, laguntza hartzen duenaren gaitasunen andeatzea eta sostenguen eta gizarte harremanen galera eragotzi edo mugatzeko, eta autonomia bultzatu eta handitzeko.
–Osotasuna/integralitatea, behar sozialei osotara eta ez atalka erantzuteko.
–Erantzunkidetasuna, erran nahi baita, familiaren sostengua eta gizartearen sostengu sareak (auzoak, boluntarioak, ...) mantendu, iraunarazi eta handitzea.
–Errespetua, laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen lehentasunekin.
–Laguntzaren malgutasuna, kasu bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideak konbinatuz.
–Koordinazioa baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun handiagoa bermatzearren.
3. artikulua. ELZko programaren ezaugarriak.
ELZ honelako zerbitzua da:
–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu beregaintasun pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.
–Normalizatzailea, bere inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.
–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.
–Integrala, bizikidetza unitateen premiari oso-osorik heltzen baitie.
–Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, bizi kalitate hobea bermatu ezean.
–Osagarria, bere xedeak lortzeko bertzelako prestazio oinarrizkoekin batera egiten ahal baita.
–Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak bere gaitasunak indartuz eta bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz ase nahi baitira.
–Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.
–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.
–Laguntza hartzen duten lagunen eta haien begiraleen lehentasunekiko errespetuan oinarritua.
4. artikulua. Xedeak.
Etxeko Laguntza Programak helburu hauek ditu:
–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, ingurunearekiko horrek dakarren deserrotzearekin.
–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.
–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.
–Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.
–Norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.
–Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea.
–Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak haien komunitate ingurunean indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.
–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.
5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.
ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira halako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizkoa osatzen duten udalerrietariko batean erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta, ondorioz, dituzten premia pertsonal eta sozialak beren kasa bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.
Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:
–Beregain izateko arazoak dituzten adineko pertsonak.
–Beregaintasunari modu larrian eragiten dion desgaitasuna dutenak.
–Familia unitateak, beren baitan adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak dituztenak, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.
Premia maila bera izanik, kargaren gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.
6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.
Etxeko laguntza zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:
–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.
–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku hartze jarraituaren ondorioz egoerak duen bilakaerari buruz.
Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.
–Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.
Prestazioak hala behar duenean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko bertze profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:
–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea du ardura, bizikidetza gunean familiaren beregaintasunari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.
–Psikologoa: esku hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.
–Bertze profesional batzuk: animatzaile soziokulturalak, enplegu arloko teknikariak, berdintasuneko teknikariak...
7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.
Etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko du:
–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko beregaintasun funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.
–Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.
–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.
Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.
8. artikulua. Zerbitzuen zorroa:
8.1. Etxeko laguntzaren barrenean ondoko jarduketa hauek guztiak, edo hauetako zenbait, sartzen dira. Etxeko laguntza ez da inolaz ere izanen 2 ordutik gorakoa egun eta etxe bakoitzean.
1.–Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:
a) Norberaren higienea:
–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.
–Bizarra egitea.
–Ohean direnen garbiketa.
–Bainua/dutxa.
–Xatar aldatzea.
–Larruazala hidratatu eta zaintzea, ongi egon dadin.
–Hanka eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).
–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.
–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).
Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketa/zainketak.
b) Jantziak/oinetakoak:
–Janztea/eranztea.
–Oinetakoak janztea/eranztea.
–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.
c) Oinarrizko mugikortasuna:
–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.
–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).
–Etxean mugitzen laguntzea.
–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.
–Laguntza teknikoak aplikatzea.
d) Jarduketa soziosanitarioak:
–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.
–Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.
–Sendagileek agindutako botikak behar bezala hartzen direla begiratzea.
–Errezetak eta botikak jasotzea.
–Botikak prestatu eta ematea, xiringaz hartu beharrekoak izan ezik.
–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea, eta haren berri ematea lantalde profesionalari.
–Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).
–Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).
–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.
–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu biltzaileak, zundako poltsak aldatzea...)
–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.
–Lehen osasun laguntzetako teknikak aplikatzea larrialdietan.
2.–Etxeko zereginetan laguntzea. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:
2.1. Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:
–Elikagaiak prestatzen laguntzea.
–Elikagaiak prestatzen laguntzea (berotu, mahaia jarri, otordua banatzea).
–Baxera eta/edo otordua prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.
2.2. Erosketari lotuak:
–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.
–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.
–Erosketak egitea (oinarrizko produktuak, eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak).
–Erositakoa etxera eramatea.
–Erositakoa antolatzen laguntzea.
2.3. Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:
–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.
–Arropa hedatu eta biltzea.
–Arropa lisatzea.
–Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.
–Armairuak txukuntzea.
–Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak) joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.
Erabilera arrunteko arroparekin eginen da jarduera hau.
2.4 Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:
a) Bizitegiaren mantentze lana:
–Jarduera/zeregin arruntak:
- Oheak egitea.
- Erratza pasatzea.
- Xurgagailua pasatzea.
- Mopa pasatzea.
- Hautsa kentzea.
- Lanbasa pasatzea.
- Beirak garbitzea.
- Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.
- Sukaldea garbitzea.
- Komuna garbitzea.
–Jarduera/zeregin bereziak:
- Sabaiak garbitzea.
- Errezelak garbitzea.
- Lanparak garbitzea.
- Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).
- Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.
- Orbanak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak eta abar).
b) Etxeko konpontze lan errazak:
Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuta laneko arriskuen prebentzioa langilearentzat.
Ez dira sartzen lanbideen ezagutza berariazkoa edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.
c) Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatu eta jarraitzea.
–Etxebizitzaren egitura eta hainbat instalazio (gasa, hoditeria, elektrizitatea, berogailua eta telefonoa) behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea.
–ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzenean esku-hartzea edo dagokion erabiltzaile, familia edo teknikariarengana igortzea.
3.–Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Hona hemen laguntza psikosozialeko jarduketak:
Laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.
a) Jarduketa psikosozioedukatiboak:
Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta oinarrizko iaiotasunak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduera eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin.
–Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, menpekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua...).
–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan...).
–Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak (errespetua, onarpena, entzutea...) gainditzeko jarrera positiboak indartzea.
–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa...).
–Nork bere burua zaintzeko eta beregain izateko ohiturak eta trebetasunak eskuratu eta garatzea (eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta tresnei lotutakoak).
–Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.
–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.
–Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak, elikagaiak... antolatzea).
–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak).
–Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea...).
–Jokabide eta egoera arriskutsuak bereiztea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.
b) Familiari edo pertsona zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:
Familiaren eta/edo zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.
–Laguntza emozionala zaintzaileei.
–Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.
–Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.
–Laguntza teknikoen, baliabideen eta sostengatzeko bertze modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.
–Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.
–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.
c) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak. Hona hemen sostengu soziokomunitarioko jarduketak:
Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduera eta zereginak. Zehazki, jarduera eta zeregin hauek dira:
–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.
–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.
–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.
–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko zereginetarako.
–Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.
–Komunitatea sentsibilizatzea menpekotasunean dauden pertsonei buruz.
4.–Laguntza teknikoko jarduketak eta bertze baliabide batzuk. Honako hauek dira sostengu teknikoko jarduketak eta bertze baliabide batzuk:
Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten bertze bizi egoera batzuetara jotzea.
a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak:
–Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.
–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.
–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.
b) Laguntzazko bertze baliabide batzuk:
–Etxean sostengu emateko bertze baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...) balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.
–Etxean egon beharrean bertze baliabide batzuen gainean balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.
8.2. Zerbitzuen zerrenda aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Zerbitzuen zerrenda aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Horrenbertzez, zerrenda horretako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke erabiltzailea sostengatzea, gainbegiratzea, harekin lankidetzan aritzea, lanak gauzatzea, eta hura hezi edo prestatzea.
b) ELZko profesionalen esku-hartzeak etxeko lanak egitea dakarrenean, haien lana ez da bakar-bakarrik izanen zeregin horiek egitea; aldiz, lotura hertsia izanen du laguntza harreman bat ezartzearekin, eta horixe da hain zuzen ere ELZren eta merkatuan diren bertzelako etxeko zerbitzuen arteko aldea.
c) Zerbitzuen zerrenda ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Banakakoendako esku-hartze planean zehaztu eta bilduko dira zeregin horiek.
d) Bertzelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduera eta lanak eginen dira eta maiz erabiltzen diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.
e) Zerbitzuen zerrendan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:
–ELZko lantaldeak balorazio profesionala egitea.
–Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal duenean.
–Hura betetzeko bertze aukera edo baliabiderik ez egotea.
–Aldi baterako egitea, eta aldi berean bertze aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.
f) Zerrendaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.
g) Zerrenda modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean erabiltzailearen baimena izanda.
h) Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.
i) Zerrenda aplikatzen eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua ematen denean, horrek ez du esan nahi familia libre dagoenik erabiltzaileari begira duen erantzukizun legezko, sozial eta emozionaletik.
Etxeko laguntza zerbitzua gehienez ere 2 orduz emanen da egunero etxe bakoitzean.
9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.
Tarifak kalkulatzeko, familia unitatearen diru-sarrerak hartuko dira kontuan. Familia unitatetzat hartuko da PFEZn zehaztutakoa:
–Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
–Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
–Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatu betebeharrak betetzen badituzte.
9.1. Tarifak.
Elkarrekin bizi diren familia unitateko kideek dituzten diru-sarreren eta ondarearen araberakoak izanen dira tarifak. Azken hori frogatzeko, Landalurreko eta Hirilurreko Ondasunen Katastroko Erregistroan sartutako ondasunen Udalaren ziurtagiria beharko da.
1.–Tarifak kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskatzailearen familia unitatearen errenta, PFEZaren eta pentsio edo prestazio salbuetsien etekin garbiak, salbu eta Mendekotasunari buruzko Legearen prestazioa emateko bada, eta familia unitateko kideen ondarearen katastroko balioaren %3, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta; horiek errenta aitorpenaren bitartez eta ondasunak edukitzen diren herri guztietako Landalurreko eta Hirilurreko Aberastasunaren Katastroan sarturiko ondasunen udal ziurtagiriaren bitartez justifikatuko dira.
Halaber, Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzailearen diru-sarreretatik deskontatuko dira etxebizitza edo etxea alokatzeko gastuak, ohiko bizilekua bada.
2.–Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, eskabidea aurkeztu aitzineko ekitaldian izandako diru-sarrera justifikatuen arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.
Tarifak urtero berrituko dira eta erabiltzaileek errenta aitorpena eta katastroaren ziurtagiria urtero aurkeztu beharko dituzte Izabako Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoan, uztailaren lehen hamabostaldian. Betebehar hori bete ezean, ezarrita dagoen tarifarik handiena aplikatuko da edo ez da zerbitzua emanen.
3.–Urteko etekinak eta eskabidearen aitzineko urteko pentsio edo prestazio salbuetsiak, gehi ondasunen katastroko balioaren %3, zati hamabi hilabeteko eginen da. Emaitza zati kide kopurua eginen da Pertsona batek diru-sarrerak ditu urtean 500 euro edo gehiago jasotzen dituenean.
4.–Bakarrik bizi den pertsona bada edo familia unitateko kideren batek diru-sarrerarik ez badu, kontuan hartuko dira urteko etekin garbiak eta eskabidearen aitzineko urteko pentsio edo prestazio salbuetsiak, gehi ondasunen katastroko balioaren %3, zati 14 hilabeteko eginik. Emaitza familia unitateko kideen artean zatituko da eta emaitza bider 1 eta diru-sarrerak jasotzen dituzten pertsonak adina hamarren eginen da.
5.–Prezio publikoa aplikatzeko lanbidearteko gutxieneko soldata hartuko da oinarritzat.
Tarifak aplikatzeko baremo hau ezarri da:
DIRU-SARRERAK:
–LGSaren %39tik beheitiko diru-sarrerak: salbuetsiak.
–LGSaren %39tik %49ra: 9,01 euro hilean.
–LGSaren %49tik %59ra: 11,72 euro hilean.
–LGSaren %59tik %67ra: 14,72 euro hilean.
–LGSaren %67tik %75era: 17,73 euro hilean.
–LGSaren %75etik %83ra: 20,73 euro hilean.
–LGSaren %83tik %95era: 23,74 euro hilean.
–LGSaren %95etik %110era: 23,74 euro hilean + kostuaren %10 (0,50 euro/h).
–LGSaren %110etik %135era: 23,74 euro hilean + kostuaren %10 (0,75 euro/h).
–LGSaren %135etik %150era: 23,74 euro hilean + kostuaren %25 (1,25 euro/h).
–LGSaren %150etik %165era: 23,74 euro hilean + kostuaren %50 (1,25 euro/h).
–LGSaren %165etik goiti: 23,74 euro hilean + kostuaren %65 (3,26 euro/h). Gutxieneko tarifa 23,74 euro izanik.
–Orduaren kostua: 5,02 euro.
Tasaren zenbatekoa ez da inoiz zerbitzu egitearen egiazko kostua baino handiagoa izanen.
Erabiltzaile batek bertze etxe batera joan beharra badu denboraldi baterako edo etxetik kanpo egon, eta ez badu baja eman nahi Etxeko Laguntza Zerbitzuan, finkoaren hilabeteko tarifa edo gutxieneko tarifa aplikatuko zaio lehen hilabetean, eta Etxeko Laguntza Zerbitzuko plaza gordeko zaio gehienez ere hiru hilabetez.
9.2. Sorrarazpena eta diru-bilketa.
Etxeko Laguntza Zerbitzuaren laguntza hartzeko unean sorraraziko da prezioa.
Prezioaren diru-sarrera bi hilabetetik behin eginen da.
Bajak eta altak Gizarte Zerbitzuan jakinaraziko dira, idatziz, eta ondorioak izanen dituzte hil bakoitzaren 15etik edo 30etik aitzina, nola jakinarazi den, hilaren 15aren aitzin edo haren ondotik.
Erabiltzaile zenbaiti laguntza bakarra ematen bazaie etxebizitza beraren barnean, zerbitzua eskatu duen erabiltzaileak baizik ez du tasa sorraraziko.
Zerbitzuen zerrendan jasotako gainbegiratze zerbitzuak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren ekimenez ematen hasten diren aparteko kasuetan, hartzailea ez da erabiltzailetzat hartuko prezio publikoa kobratzeari dagokionez eta horrenbertzez, laguntza horiek bitartekoak eta aldi baterakoak izanen dira, harik eta pertsona edo familia hartzaileak beharrezko eskabidea aurkeztu arte. Zerbitzuaren irizpenaren arabera lagundutako pertsonak edo familiak uko egiten badio eskaera aurkezteari, laguntza bertan behera geldituko da.
10. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.
Esku-hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:
–Eskariaren harrera eta aurkezpena.
–Kasuaren azterketa.
–Egoeraren diagnostikoa.
–Banakako laguntzarako proposamena. –Esku-hartzearen diseinua.
–Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.
–Esku-hartzearen hasiera.
–Segimendu eta ebaluazio jarraituak.
11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.
a) Prozeduraren abiatzea:
ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:
–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, bertze organo batzuek arrazoiturik eskatuta.
Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ofiziozko prozedura abiatzeko ebazpena, data hori izanen da hasteko eguna.
Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.
–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.
Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.
Eskabideak zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.
b) Tramitazioa: interesdunari errekerimendu eginen zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.
Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txosten-proposamena prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.
Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko proposamen-agiria.
c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz Udalean ebazpena emateko eskumena duen organoa Udaleko alkatea da, edo Mankomunitateko edo udalen arteko Batasuneko burua, non ez den eskumen hori bertze norbaiten esku utzi.
Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, tramitea espedientea artxibaturik bukatuko da; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.
Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.
Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, bertzeak bertze:
1.–Zerbitzua ukatzen den edo ematen.
2.–Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere
hauek:
–Banakoarendako laguntza programa.
–Egin beharreko lanak/jarduketak.
–Laguntzaren iraupena.
–Laguntzaren ordutegia.
–Astean laguntza emateko egunak.
–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.
3.–Onuradunarendako ezarritako bertze betebehar edo baldintza batzuk.
4.–Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.
Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.
Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.
d) Jakinarazpena.
Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari.
e) Iraungipena eta etena:
Iraungipena: honako egoera hauengatik gertatuko da:
1.–Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako.
2.–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aitzina betetzen ez dituelako.
3.–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.
4.–Bertze udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.
5.–Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik.
6.–Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.
7.–Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.
ELZtik irteteko, GZOko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.
Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.
Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.
Etena: zerbitzua aldi baterako etetea izanen da ondorioa.
Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.
Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.
Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino motzagoko etenaldietan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.
f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:
–Jarraipena eta balorazioa:
Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren jarraipena, eta dagokion espedientean agertuko da.
Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.
–Berrikuspena:
Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.
Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bertzenaz GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren goiti-beheitiak ikusirik.
Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.
Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.
g) Prozedura berezia.
Premia larriei erantzuteko, OGZk proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da Etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.
12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.
a) Eskubideak: Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek izanen dituzte:
–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.
–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.
–Aukerako bertze baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.
–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.
–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.
b) Betebeharrak: Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek izanen dituzte:
–Prestazioaren beharra pertsona, familia eta gizarte aldetik sorrarazten duten inguruabarrak baloratzeko eskatzen den informazio guztia ekartzea.
–Prestazioa garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.
–Banakako laguntza programatik kanpoko lan eta jarduerak ez eskatzea.
–Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.
–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.
–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren zerbitzua aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.
13. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.
a) Laneko arriskuei aurrea hartzeko indarra duen araudiari jarraikiz, ez da etxeko laguntza zerbitzurik emanen, baldin eta zerbitzua eman behar duten langileen segurtasunari eta/edo osasunari larriki eragiten dieten arriskuak atzematen badira, honako hauek bezalakoak, bertzeak bertze:
–Erortzeko arriskua duten etxebizitzak.
–Etxebizitza osasungaitzak (izurriak, izurritzeak...).
–Halako patologia bereziak dituzten pertsonak, zerbitzua ematen dutenen segurtasunerako eta/edo osasunerako arrisku larria dakarten jokamoldeak badituzte.
–Arrisku bereziko bertzelako egoerak (kontrolatu gabeko edo osasun bermerik gabeko animaliak, konparaziorako).
b) Aipatu horiez gain, Etxeko laguntza zerbitzua emateko honako baldintza hauek bete beharko dira, bertzeak bertze:
–Erabiltzaileak ELZrako ezarritako ordutegia errespetatu beharko du, etxean egon beharko du zerbitzua egiten den bitartean eta ez da saiatuko behar ez bezala luzatzen. Era berean, etxetik kanpo egotekoa bada, garaiz jakinarazi beharko du.
–Erabiltzaileak zerbitzuaz arduratzen direnen lana erraztuko du, eta haien esku utziko ditu egin beharrekoak burutzeko behar dituzten baliabide materialak.
–Erabiltzaileak etxean sartzen utziko ditu zer esku-hartze mota behar den ikusteko bertaratzen diren langileak, baita segimendua egitera datozenak ere. Eta etxean sartzen utziko ditu, orobat, zerbitzua emanen duten langileen lan arriskuak balioestera datozenak, hala egitea beharrezkoa denean.
1. ERANSKINA
Esku-hartzeko protokolo teknikoa
ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:
a) Eskaerari harrera egitea eta aurkeztea:
Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremanari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.
Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.
Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen bertze baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bertzelakoez.
Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.
b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, bertze baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza....), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko bertze batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.
c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:
–Erabiltzailearen premia zein den.
–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.
–Hura laguntzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.
–Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer bertze baliabide behar liratekeen.
d) Banakakoendako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:
–Esku-hartzearen helburuak.
–Egin beharreko lanak/jarduketak.
–Laguntzaren maiztasuna.
–Esku hartu behar duten profesionalak.
–Laguntzaren ordutegia.
–Laguntzaren iraupena.
–Alderdien betebeharrak.
–Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.
–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.
e) ELZk erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.
f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatuaren aplikazioaren bitartez, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bertzelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.
g) Segimendu eta ebaluazio jarraituak: segimenduan banakakoarendako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak harrapatzen ahal dira. Funtsezko aldaketa bat izan bada (hala nola familia unitateko kideen aldaketa edo hobekuntza bat autonomian, gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasuaren bertze balorazio bat eginen da. Aldaketak bertze baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena etab., banakoarendako proiektuan aplikatuko da.
Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira gehienez ere urtebetean.
Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:
–Gizarte egoeraren gaineko txostena.
–Mendetasuna baloratzeko tresna.
–Zerbitzua abiatzeko proposamena.
–Banakakoarendako laguntzarako proiektuaren proposamena.
–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.
–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.
Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.
2. ERANSKINA
ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak
ELZ hartzeko eskaria dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):
–NANaren fotokopia.
–Norberaren osasun txartelaren fotokopia.
–Osasun txostena eta, hala bada, onuradun izan daitezkeenen Minusbaliotasunaren Onarpen Agiria, haren osasun egoera eta bere buruaz baliatzeko gaitasunaren maila egiaztatzeko.
–Erroldaren eta bizikidetzaren ziurtagiria.
–Zerbitzuaren tasa ordaintzeko bankuaren agiria, ereduaren araberakoa.
–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bertzelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.
–Bizikidetza unitateko kideek zein udalerritan dituzten ondasunak, haien landalurreko zein hirilurreko ondasunen katastroko ziurtagiriak.
–9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrien ziurtagiri behar bezala egiaztatuak, honako hauetatik heldu direnak:
- Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
- Familia unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bertzelakoak.
Bizikidetza unitatea nolakoa den, bertze agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.
Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.
Iragarkiaren kodea: L1510431
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
