2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, ehorzle laguntzaile lanpostua hautaproben bitartez eta aldi baterako kontratazio bidez betetzeko zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren
Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2015eko abenduaren 11n; hona hemen oinarriak.
OINARRIAK
1.–Deialdia egiten da ehorzle laguntzaile izateko lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.
Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen ahal diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.
Dena dela, kontuan hartuko da norbait ote dagoen hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe ehorzle laguntzaile lanpostuan lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean DBHko graduatuaren titulua, eskola-graduatuarena, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.
Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.
3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.
4.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.–Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean, Udaletxearen gibelaldean, baita haren webgunean ere (www.pamplona.es), Enplegu Publikoa atalean.
Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
6.–Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, baita haren webgunean ere, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.
7.–Epaimahaia.
7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Mahaiburua: Nuria Larráyoz Ilundáin, Toki Ogasuneko zuzendaria.
–Mahaikidea: Jesús Andrés Camarero, hilerriko administraria.
–Mahaikidea: Luis Enrique Munárriz Agorreta, Hilerriko arduraduna.
–Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.
–Mahaikide idazkaria: Francisco Javier Bernabéu Llovet, Toki Ogasuneko idazkari teknikoa.
7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lehendakaritza Alorrari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.
8.1. Hautaketa egiteko, hautaproba bat gauzatuko da: galdetegi bat izanen da, zenbait aukeraren artean erantzun zuzen bakarra duten galderez osatua. Hizkuntza, matematika, ortografia eta burokraziaren inguruko gaitasunei buruzkoak izanen dira galderak; orobat, Iruñeko Udaleko ehorzle laguntzaile gisa jardutean aplikatu beharreko oinarrizko gaiekin zerikusia duten ezagupen teoriko-praktikoekin lotuak; azken horiek, “San José” udal hilerria arautzen duten ordenantzekin zerikusia dutenak.
Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira esleitutako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.
8.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.
8.3. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.
9.1. Probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta web orrian proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako guztirako puntuazioaren hurrenkeran, eta Giza Baliabideen zuzendariari igorriko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, hark onespena eman diezaion.
Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.
9.2. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
9.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.
9.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Iruñean, 2014ko abenduaren 11n.–Giza Baliabideen zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.
I. ERANSKINA
Izena |
NANa/Nortasun agiria: | Jaioteguna | Jaioterria |
Nazionalitatea | Egungo helbidea (kalea, zenbakia, solairua) |
Posta kodea/Herria | Sakelako telefonoa | Telefono finkoa |
AZALTZEN DUT:
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.
Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).
Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
ESKATZEN DUT:
Onartua izatea hautaproben bidez izangai zerrenda bat eratzeko deialdian (.....eko ..... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, .................. egunean argitaratua), ehorzle laguntzailearen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratuaren bidez.
Iruñean, 20..ko ...........aren ............(e)an
(Sinadura)
Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatua bete beharrez, aditzera ematen zaizu azaltzen diren datu pertsonalak Iruñeko Udalaren “Udaleko langileak” fitxategian sartuko direla, deialdia kudeatzeko asmoz. Halaber, aditzera ematen zaizu datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideaz baliatzen ahalko zarela, Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia, 2, 31001 Iruñea) edo www.pamplona.es egoitza elektronikora joz.
Iragarkiaren kodea: L1417026