79. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAPOBLACIÓN

Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen
dituen udal ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Lapoblación-Meanoko Udalak, bi mila eta hamabosteko otsailaren hamaikan egin osoko bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen dituen udal ordenantzan. Onespen hori jendaurrean jarri zen 2015eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, otsailaren hamaikan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork haren kontrako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da. Haren testua iragarki honen eranskinean argitaratzen da:

Behin betiko onespen honen kontra errekurtso hauek para daitezke:

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

UREZ HORNITZEKO ZERBITZUA ETA HURA EMATEKO
TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria.

1. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza.

2. artikulua.

Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izatea nahiz erabiltzea da zergapeko egintza, baita edateko uraren banaketa sareari lotzeko eskubidea eta saneamendu zerbitzuko sarea eskura izatea, hura mantentzea eta hari lotzea ere.

A. Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta hura mantentzea, hau da, hornidura kontratatu zen tokian edateko ura berehala izateko aukera, eta saneamendu zerbitzua eskura izatea eta hura mantentzea, hau da, urez hornitutako toki batean hondakin urak edo soberakoak berehala husteko aukera, Udal honetako saneamendu sarearen bitartez.

B. Udalak banatzen duen edateko ura erabiltzea eta eskura izatea. Emandako urak zer erabilera edo xede dituen eta saneamendu zerbitzuak zer erabilera duen, horren arabera aldatuko da tasa.

C. Harguneak ura banatzeko eta/edo hondakin ura husteko sareekin lotzea; hor sartzen da hornidura eta/edo saneamendu zerbitzua fisikoki eskura izate hutsa.

D. Hondatutako kontagailuak konpontzea, erabiltzailearen kontura. Hau da, matxuratutako kontagailu bat kendu, konpondu eta berriz jartzeko egin beharreko jarduketa guztiak.

E. Kontagailu berriak jartzea.

Salbuespenak.

3. artikulua.

Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak.

4. artikulua.

Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eta saneamendukoa eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak.

5. artikulua.

Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptuengatik izanen dira:

–Hornidura zerbitzua eskura izatea eta haren mantentze-lana, 50 euro urtean (25 seihileko kontagailuaren tasa bakoitzeko).

–Etxeetan erabiltzeko horniduragatik: 0,55 euro/metro kubikoa.

–Abeltzaintzarako horniduragatik (azienda ustiategiak barne), kontsumitutako metro kubiko bakoitzetik 0,40 euro.

–Lapoblacion-Meanoko udal mugapean diren iturrietako soberako uraren aprobetxamendua: 0,20 euro/metro kubikoa.

–Industria edo ureztaketarako horniduragatik, kontsumitutako metro kubiko bakoitzetik, 0,55 euro/metro kubikoa.

–Matxuraren bat dagoelako ur kontsumoa gehiegizkoa denean, abonatuaren beharrekin bat ez datorren kontsumoa alegia, honela jokatuko da ordainagiria kobratzeko:

–Abonatuak frogatu beharko du matxura bere kontura konpondu duela, fakturaren kopia aurkeztuta.

–Kontsumituriko metro kubikoen arabera kobratzeko, berriz, aurreko urtean seihileko berean kontsumiturikoak zenbatuko dira.

–Kontsumitutako metro kubikoen eta kontagailuan zehaztutako kontsumoaren arteko aldea kobratzeko, 0,35 euro/metro kubikoa ordainduko da (gehi %10eko BEZa).

–Hornidurako hargunea edo saneamendu sarekoa baimentzeagatik, 300 euro (gehi %10eko BEZa).

–Hornidurako edo saneamenduko hargunea Udalak jarriko du eta kostua eskatzaileak ordainduko du.

–Ur kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeagatik: kontagailua konpontzeko, berria jartzeko edo tokiz aldatzeko lanen zenbatekoa.

Likidatu beharreko kuota.

6. artikulua.

Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena.

7. artikulua.

Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira:

a) Zerbitzua eskura izateagatik eta mantentze lanengatik, hornidura edo saneamendu sarera lotzen den unetik beretik.

b) Kontsumoagatik, hasten denetik.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean sortu eta ordainaraziko da.

d) Ur kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeagatik: halako jarduketa gertatzen den unean.

Kudeaketa arauak.

8. artikulua.

Kontagailua erosteko gastuak sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izanen dira, baita ezarri eta hornitzeko behar diren materialak eta eskulana ere.

Orobat, erabiltzailearen bizkar izanen dira kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeko gastuak.

Kontagailuak toki saneatuetan ezarriko dira, aise heltzeko eta ikusteko lekuan, ahalik eta erosoen zaindu, aztertu eta irakurtzeko moduan. Betiere, Udalak erabakiko non kokatu edo hark baimendutako pertsona batek, eta hari dagokio kontagailuaren eta instalazioko hodiaren arteko lotunea zigilatzea; edozein inguruabar dela eta, zigilua hautsiz gero, erabiltzailea behartua dago horren berri ematera Udalari, neurri egokiak har ditzan.

Higiezin batean hargunea jarri nahi duten sustatzaile, eraikitzaile, pertsona juridiko edo fisikoek eskabidea aurkeztu beharko diote Lapoblacion-Meanoko Udalari. Bertan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan instalatzen ahal den hornidura partikularra, zenbatek hartzen duten zerbitzua, higiezinaren azalera erabilgarria eta ezarri gogo den hargunearen diametroa. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo familia-unitate bakoitzeko.

Eskabidea ikusita, Udalak eskaria ebatziko du. Egoki iritziz gero, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu eta hargune orokorra egiteko komenigarritzat jotzen dituen jarraibideak emanen ditu.

9. artikulua.

Hornidura edo saneamenduko sare orokorrari lotzeko lanak ezin dira hasi aldez aurretik Udalaren Diruzaintzan edo horretarako gaitutako banku edo aurrezki bulegoetan ordaindu gabe, ordenantza honen 6. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

10. artikulua.

Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahal diren baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi, ur hornidura eten edo zerbitzuan bertze edozein goiti-beheiti gertatuz gero. Udalak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.

Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio.

11. artikulua.

Erabiltzaileak behin ere ez du urez hornitzen ahalko bertze pertsona bat, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Hala gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

12. artikulua.

Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

13. artikulua.

Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

14. artikulua.

Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

15. artikulua.

Kontagailua matxuratua izan eta gehienez ere 15 eguneko epean konpondu ez duenari haren ezaugarri berdintsuenak (familia unitateko kideak, aziendak etab.) dituen zergadunak egin duen kontsumoa halako bi kobratuko zaio.

Diru-bilketa.

16. artikulua.

1. 5. artikuluko a), b), c), d), e) eta g) ataletan aurreikusitako ordainarazpenak sei hilabetean behin ordainduko dira.

2. 5. artikuluan aipatzen diren gainerako ordainarazpenak sortzen diren unean ordainduko ditu erabiltzaileak.

3. Borondatezko ordainketa egiteko aldia iraganik, mugaeguna gainditu duten zor likidoak direnean, premiamendu bidez eskatzen ahalko dira, dagokien errekarguarekin.

Arau-hausteak eta zehapenak.

17. artikulua.

Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Toki entitateko langile behar bezala baimenduek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten egiaztapenak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak bertzelakotzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

f) Kontagailua eta gisu iragazkiak kentzea.

g) Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatu bezala eginen da.

18. artikulua.

Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

Xedapen indargabetzailea.

Lehenbizikoa.–Indarrik gabe geldituko dira, inongo balio eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, hari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Lapoblacion-Meanon, 2015eko apirilaren 14an.–Alkatea, Javier Martínez Fernández de las Heras.

Iragarkiaren kodea: L1505740