79. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 15ean hartua, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan agertzen diren zorpetze-eragiketak egitea xedatzen duena, 446.061.840 euro gehienez.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak, 64. eta 66. artikuluetan, xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko legeak, 13.4 artikuluan, ezartzen du autonomia erkidegoei kreditu eragiketak egiteko eta zorra jaulkitzeko estatuak ematen dien baimenak kontuan hartuko dituela aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak betetzea, Autonomia Erkidegoen Finantzabideari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 14.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2014ko abenduaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, hainbat arau eman ziren Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorren luzapena 2015eko ekitaldian betearazteko, eta 4. atalean xedatu zen zorpetze-eragiketak formalizatzen ahalko direla, Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legearen (luzapenean indarrean baitago) 13. artikuluan ezartzen den muga gainditu gabe, Nafarroako Foru Komunitateak eta Estatuak haien artean gauzatzen ahal dituzten bestelako akordioak galarazi gabe. Eragiketa horien muga gisa, 2015eko abenduaren 31ko saldo bizia ezin izanen da izan 2015eko urtarrilaren 1ekoa baino 158.341.840 euro handiagoa. Horietatik, 18.680.000 euro Nafarroan abiadura handiko trena ezartzeko obren finantzazioari dagozkio eta 11.400.000 euro enpresa publikoen zorra berriro finantzatzeko.

Aurreikuspen hori gauzatzeko, beharrezkoa da halako zorpetze-eragiketak egiteko bide ematen duen erabaki bat onestea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea, 446.061.840 eurokoak gehienez, aurreikusitako defizita, 128.261.840 eurokoa (BPGaren %7), finantzatzeko helburuz; 11.400.000 euro, enpresa publikoen mugaeguna duten eragiketak berriro finantzatzeko eta 306.400.000 euro, Administrazio Orokorraren mugaeguna duten eragiketak berriro finantzatzeko.

2. Zenbateko horren barrenean, gauzatzen diren baloreen jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Eragiketa hauek egiteko Ministroen Kontseiluaren baimena beharko da aldez aurretik.

3. Erabaki honetan bildutako finantza-eragiketetarako, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren foru agindu baten bidez, baloreen jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketen ituntzea zehaztuko dira. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

6. Erabaki hau Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Atalera igortzea.

Iruñean, 2015eko apirilaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1505899