79. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

246/2015 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan, 2015-2016 ikasturtean, ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak eta ikasle horiek onartzeko baremoa onesten dituena.

Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiak horretarako emandako txosten batean adierazten da 1987. urtetik deialdia egiten dela Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko, ikasturtean ikasketa arautuak egitera Iruñera joan behar duten ikasleentzat.

Halaber, txosten berean adierazten da aipatu deialdian unibertsitateko eta irakaskuntza ertainetako ikasleak aurkezten ahal direla, ohiko bizilekuaren herrian egin ezin diren ikasketa arautuetan segitzeko Iruñera joan behar baldin badute.

Bestetik, Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiak adierazi du ezen plaza eskatzen duten guztiei aukera berdintasunaren printzipio konstituzionala aplikatzeko, egokia dela aurkezten diren eskatzaile guztiei puntuak emateko baremoa onestea, eskaintzen diren 60 plaza baino eskaera gehiago dauden kasurako. Baremo hori deialdi honen oinarrietan jasotzen da.

Azkenik, Gazteriaren Zuzendariordetzaren Nagusiaren txostenean adierazten da deialdi honen ondorioz ikasle egoiliarra izateko plaza lortzen dutenek Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzaren kontuan ordaindu behar dituztela oinarrietan ezartzen diren hilabeteko kopuruak. Orobat, men egin behar diete egoitzako barne funtzionamendurako erregelamenduari eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko arduradunek ematen dituzten jarraibideei.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onetsi zituen uztailaren 2ko 36/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (otsailaren 13ko 16/2013 Foru Dekretuak aldatu zuen foru dekretu hori),

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan, 2015-2016 ikasturtean, ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honi atxikitako eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

2. Deialdi honetako oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 8an.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Pruden Indurain Larraya.

Gizarte Politiketako Departamentuko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan, 2015-2016 ikasturtean, ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan, 2015-2016 ikasturtean, ikasle egoiliarrentzako plazak betetzea.

2.–Zentroa.

“Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitza, 31005 Iruña (Nafarroa), Goroabe kalea, 36.

3.–Eskaerak.

3.1. 60 plaza eskaintzen dira.

3.2. Hauexek eskatzen ahal dute egoiliar plaza: 2014-2015 ikasturtean egoiliar plaza izan zutenek, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuak egin behar dituzten 14 urtetik 30 urte bitarteko ikasleek eta unibertsitateko ikasketak Iruñeko ikastetxe ofizialetan egin behar dituztenek.

4.–Eskaera eta agiriak aurkeztea.

Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren erregistroan aurkez daitezke (Emilio Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, I. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz. Posta ziurtatuaren bidez ere igortzen ahal dira, atzeko aldean hauxe jarriz: “Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Iruñeko Printzearen Gotorlekua gazteen egoitzako ikasle egoiliarrentzako plazen deialdia”. Eskaerak balio dezan, postako funtzionario batek sinatu eta zigilatu behar du, gutun-azala itxi aurretik, eta horren berri emanen da, eskaerak aurkezteko epearen barrenean, “Printzearen Gotorlekua” egoitzara bidalitako fax edo telegrama baten bidez (Goroabe kalea 36, 31005 - Iruña - Faxa: 948 29 05 40).

5.–Aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie:

Onartua izateko eskabidea.

NANaren fotokopia (eskatzaile berriak).

Argazki bat, karnetaren tamainakoa, eskatzaile berrientzat soilik.

2014-2015 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria (eskura badaude eta, beti ere, 2015eko uztailaren 15a baino lehenago).

Egoiliar plaza lehenbiziko aldiz eskuratu nahi duten ikasleek 2013-2014 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria ere aurkeztu behar dute.

Bestelako agiriak, eskatzaileak eskaerari laguntzeko egokitzat jotzen dituenak.

5.2. Agiriren bat falta bada, hamar egun naturaleko epea emanen da akatsa zuzentzeko, interesdunari jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatutako dokumentazioa zuzentzen ez badu, ulertuko da bere eskabidea bertan behera utzi duela.

6.–Balorazioa.

6.1. Batzorde batek aurkeztu diren eskaerak aztertu eta proposamen bat bidaliko dio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Batzordea hauexek osatuko dute: Gazteriaren zuzendariorde nagusiak, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko buruak eta Gazteriaren Etxeen Bulegoko buruak (“Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzako arduraduna ere badenak).

6.2. Batzordeak honako irizpide hauei jarraituko die eskaerak baloratzeko:

6.2.1. Lehenik, lehentasuna izanen dute 2014-2015 ikasturtean plaza lortu eta egoitzan bizi ziren ikasleen eskaerek, ikasturte horretan bi ikasgai baino gehiago gainditu gabe utzi ez badituzte, edo, unibertsitateko ikasketak direnean, 2014-2015 ikasturtean matrikulatutako kredituen %45 edo gehiago gainditua badute, eta egoitzako arduradunak txosten negatibo arrazoitua eman ez badu.

2014-2015 ikasturtean egin diren ikasketak utzi eta beste ikasketa arautu batzuetan matrikulatzen direnek ere aurreko baldintzak bete beharko dituzte. Horretarako, ekaineko kalifikazioak hartuko dira oinarritzat, eta 2015eko uztailaren 15 baino lehen aurkeztu beharko dira.

6.2.2. Bigarrenik, lehentasuna izanen dute eragin eremuan derrigorrezkoaren ondoko ikasketarik (unibertsitatez kanpokorik) eta ezaugarri horietako inolako ikastetxerik ere ez duten herrietatik etorritako eskaerek.

6.2.3. Hirugarrenik, egoiliar berriek aurkeztutako eskaerak onartu eginen dira, baldin eta deialdiaren baldintza guztiak eta 6.2.1 oinarrikoak betetzen badira.

Eskaera gehiago aurkeztu bada eskainitako plazak baino, ondokoa hartuko da kontuan:

–6.2.1 eta 6.2.2 idatz-zatietan diren eskatzaileek deialdi honetan ezarritako plaza gehieneko kopurua gainditzen ez badute, Egoitzara sartzeko lehentasuna izanen dute. Gainerako plazak, deialdiko 60ak osatu arte, aurrerago ezarri den baremoaren arabera emanen dira, 6.2.3. idatz-zatian diren eskatzaileei.

–6.2.1 eta 6.2.2 idatz-zatietan diren eskatzaileek deialdi honetan ezarritako plaza gehieneko kopurua gainditzen badute, 6.2.2 idatz-zatiko eskatzaileei baremo hau aplikatuko zaie.

Baremoa:

a) Nafarra izatea edo helbidea Nafarroan izatea 2015eko urtarrilaren 1ean: 10 puntu.

b) Eskolako kalifikazioak (puntuak, kurtso bakoitzeko):

–8,5-10 batez besteko nota: 12 puntu.

–7,1-8,4 batez besteko nota: 10 puntu.

–6,1-7 batez besteko nota: 8 puntu.

–5-6 batez besteko nota: 6 puntu.

c) Egoitzan, eskatutako ikasturtean, anai edo arreba bat izateagatik: 3 puntu.

d) Hezkuntza-ziklo bat Iruñean hastea: 4 puntu.

e) 2014-2015 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren bekaz baliatu izana: 3 puntu.

f) Familia ugari batekoa izatea: 3 puntu

g) Iruñera joateko beharra izatea.

–Ikasketetan segitzeko, beste egoitza publiko baten eskaintza badago: 5 puntu.

–Ikasketetan segitzeko, beste egoitza publiko baten eskaintza ez badago: 10 puntu.

h) Ebaluazio-batzordeak, eskatzaile bakoitzaren merezimenduak aztertuta, gehienez ere 5 puntu emateko ahalmena izanen du, gizarte nahiz familia egoeragatik eskatzailea onartzea proposatzen duten txostenak, erakunde ofizialenak, kontuan hartuta.

6.2.4. Eskainitako plaza kopurua handitzen ahalko da Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiak kirolari egoiliarrentzat dituen plaza guztiak betetzen ez baditu.

7.–Ebazpenak.

7.1. Behin-behineko ebazpena. Behin Balorazio Batzordea bildurik eta eskaera guztiak azterturik, Batzordeak onartuen behin-behineko ebazpen proposamena onestea proposatuko dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz, behin-behineko ebazpenaren bidez onartutako ikasleek egin beharreko ikasketei dagokien matrikularen jatorrizkoa eta kopia aurkeztu beharko dituzte 2015eko irailaren 15a baino lehenago.

Horiek ikasturtearen hasieran sar daitezke Egoitzan behin-behinekoz, behin betiko ebazpena onetsi arte.

7.2. Behin betiko ebazpena. 2015eko urriaren 20a baino lehen, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ikasleen behin betiko zerrenda onetsiko du, behin betiko ebazpenaren bidez. Epe hori iragan eta ebazpenik espresuki ebatzi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

7.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan plaza hutsik gelditzen badira, geroago aurkeztuko diren eskaerak onartzeko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan emandako sarrera-daten hurrenkerari jarraituko zaio, betiere ondoko baldintzak betetzen badira:

–2014-2015 ikasturtean bi ikasgai baino gehiago gainditu gabe utzi ez izana.

–Unibertsitateko ikasketen kasuan matrikulatutako kredituen %45 gainditu izana 2014-2015 ikasturtean.

8.–Esleipena.

8.1. Plazak esleitzeko baldintzak honako hauek izanen dira:

Eskatzailea egoitzan sartzea desegokia dela adierazteko, zentroko arduradunak txostenik egin ez izana.

Aurreko ikasturteetako egonaldiei dagozkien hilabeteko kopuru guztiak ordainduta edukitzea.

Behin-behineko ebazpena jakinarazi eta hurrengo 30 egun naturaleko epean, hilabete bateko ostatuaren eta egonaldiaren oinarrizko diru kopurua ordaintzea. Diru hori 2016ko maiatzeko ordainketari dagokio.

Dokumentazio osagarria aurkeztea (matrikula), 7.1 oinarrian xedatu bezala.

Egoiliar plaza esleituta izateak ikasturtean mantenua eta ostatua izateko eskubidea ematen du, Eguberrietan, Aste Santuan eta udan izan ezik. Egoitza, ondoko oporraldi hauetan egonen da itxita ikasle egoiliarrentzat: 2015eko abenduaren 23ko 20:00etatik 2016ko urtarrilaren 6ko 15:00etara, eta 2016ko martxoaren 23ko 20:00etatik apirilaren 3ko 15:00etara; inor ezin izanen da hartan gelditu, non ez duen Egoitzako arduradunaren baimena. Uztailean eta abuztuan ikasle egoiliarrek ez dute eskubiderik izanen egoitzan plaza bat izateko eta, hilabete horietan, oro har aterpekideentzat ezarritako arau eta prezio berberak aplikatuko zaizkie.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak oporraldi edo asteburu batean egoitza itxita egon dadin erabakitzen ahalko du okupazioa txiki-txikia bada, baliabideak errentagarri bihurtzeko.

8.2. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak atzera botatzen ahal du, osorik edo zati batean, erabilerarako baimena, honako kasuotan:

Instalazioak behar bezala ez erabiltzea.

Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

Eskaeran datu faltsuak jartzea.

Barne funtzionamendurako erregelamendua ez betetzea.

Egoitzan gai sorgorgarriak eta alkoholdun edariak izatea edo kontsumitzea.

9.–Egoiliarren betebeharrak.

Egoiliarrak behartuak daude egoitzako barne funtzionamendurako erregelamendua betetzera, baita haiek aplikatzeko bertako arduradunak ematen dituen jarraibideak ere. Igandetik asteazkenera egoitza 07:00etatik 01:30 arte egonen da irekia; ostegunetan, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan, 07:00etatik 03:00ak arte. Salbuespenik egiteko egoitzako arduradunaren berariazko baimena beharko da.

Egoiliarrek Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Batzordeak Egoitza erabiltzeagatik eta egonaldiagatik ofizialki onetsitako prezioak ordaindu beharko dituzte hilabete bakoitzaren hamarra baino lehen, egoitzaren kontuan dirua sartuz. Orobat, sukalde-jantoki zerbitzuaren enpresa esleipen-hartzaileak hilero kargatuko die egoiliarrei emandako mantenuari dagokion kopurua.

Nolanahi ere, ikasturte honetan, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2013ko abenduaren 30eko Erabakian ostaturako ezarritako prezioak aplikatuko dira. Erabaki horren bidez, Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetako gehieneko prezio eta tarifen araubidea onetsi zen (2014ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 7koa).

2015-2016 ikasturterako, kontzeptu hauek sartu eta kontuan hartuko dira ondoan ematen diren ezaugarriak:

–Ostatua eta egonaldia:

Urriaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko prezioa (bi egun horiek barne) 1.584,00 eurokoa da, birentzako gelan, bainugela konpartituarekin, 2.000,00 eurokoa banakako gelan, bainugela konpartituarekin, 2.384,00 eurokoa, alde zaharreko banakako gelan, eta 2.384,00 eurokoa, binakako gelan, bainugelarekin alde berrian. Hilabeteko 198,00 euro, 250,00 euro, 298,00 eta 298,00 euro, hurrenez hurren. Prezio horretan ostatua eta egonaldia sartzen dira, astelehenetik igandera bitartean, oporraldietan izan ezik. Iraila eta ekaina asteka ordainduko dira, 50,00 euro birentzako gela bainugela konpartituarekin, 62,50 banakako gela bainugela konpartituarekin, 75,00 euro banakako gela bainugelarekin eta 75,00 euro birentzako gela bainugelarekin. Hilabete osoa egon behar duten egoiliarrek gainerako hilabeteetan bezalaxeko kuota ordainduko dute.

Prezio horiek indarra izanen dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak beste batzuk onetsi arte.

Prezio horietan ez da deskonturik eginen egoiliarrak ikasturtean zehar huts egiten badu oporrengatik, zubiengatik, ikasturtea berandu hasteagatik, eritasunagatik edo beste edozerengatik.

Ordaintzearen erantzukizuna egoiliarrena da, hirugarren batek ordaintzen baditu ere.

Erreserba egiteko dirua ordaindu ondoren plazari uko eginez gero edo egoitzatik maiatza baino lehen alde eginez gero, ez da ostatuko eta egonaldiko diru kopuru hori itzultzeko eskubiderik izanen.

Ikasturteko ostegun eta jai bezpera guztietan, egoiliarrek harrera-zerbitzuan adierazi beharko dute asteburuan egoitzan geldituko diren ala ez, noiz joanen diren etxera eta noiz itzuliko diren.

–Elikadura:

Zerbitzuaren esleipena duen enpresari ordainduko zaio, banku-helbideratzearen bidez.

Elikadura zerbitzuagatiko prezioak ondoko hauek izanen dira:

–Gosaria: 2,61 euro.

–Bazkaria: 8,25 euro.

–Afaria: 7,18 euro.

–Elikaduraren pentsio osoa, eguneko: 18,04 euro.

Prezio hauei gehitu dakieke 2016an 2015. urteko KPIa.

2015-2016 ikasturterako hileko gehieneko prezioak ondoko hauek izanen dira, asteleheneko gosaritik ostiraleko bazkarira kontuan hartuta (jaiegunak eta oporrak ez dira sartzen):

–Iraila: emandako zerbitzuengatik kobratuko da.

–Urria: 342,94 euro.

–Azaroa: 332,08 euro.

–Abendua: 223,84 euro.

–Urtarrila: 277,96 euro.

–Otsaila: 350,12 euro.

–Martxoa: 277,96 euro.

–Apirila: 332,08 euro.

–Maiatza: 368,16 euro.

–Ekaina: emandako zerbitzuengatik kobratuko da.

Ostiraleko afaritik igandeko afarira bitartean otorduren bat egin behar duten egoiliarrek jakinarazi beharko dute harrera-zerbitzuan, ostiraleko 10:00ak baino lehen.

Otorduren bat egin behar ez duen egoiliarrak, kobratu ez dakion, 24 ordu lehenagotik abisatu beharko du.

Iraileko eta ekaineko zerbitzuak, zenbat otordu egiten diren, hainbeste ordainduko dira.

Ordaintzearen erantzukizuna egoiliarrena da, hirugarren batek ordaintzen baditu ere.

Asteburu, zubi edo jaiegun batean atera baino lehen, egoiliarrek harrera-zerbitzuan jakinaraziko dute otorduren bat egin behar duten.

10.–Arau orokorrak.

Egoiliarrak plaza onartzeak, ezinbestean, gazteen egoitzako barne funtzionamendurako erregelamendua ezagutu eta onartu beharra dakar.

Egoiliarrak inprimaki bat bete beharko du aldez aurretik faltako dela dakienean. Pentsatutako egunean itzuli behar ez badu, telefonoz abisatu beharko du.

Aste Santuko, Eguberrietako eta udako oporraldietan egoiliarrek gelak utzi beharko dituzte. Egoitzak ez du bere gain hartuko geletan uzten diren gauzen, arropen eta gainerakoen ardurarik.

Geletan, ordenagailu pertsonalaz eta soinu-aparatu txiki batez gainera, ezin izanen da beste tresna elektroniko edo elektrikorik eduki. Horiek matxuratu edo lapurtuz gero, egoitzak ez du erantzukizunik izanen.

Eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdi hau inolako baldintzarik gabe onartzea eta aurkeztutako datuak zuzenak eta egiazkoak direla adierazteko erantzukizuneko aitorpena egitea.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta lege hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

I. ERANSKINA

Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitza

–Eskatzailearen datuak:

Deiturak

Izena .................................................... NANa

Jaioteguna .................... Jaioterria

Bizilekua

Helbidea: ..................... PK

Telefonoa ................... Tel. ................ Sakelako telefonoa

Posta elektronikoa

–Aita/amaren edo legezko ordezkariaren datuak:

Deiturak

Izena .................................................... NANa

Jaioteguna: .................... Jaioterria

Bizilekua .

Helbidea: ..................... PK

Telefonoa ................................. Sakelako telefonoa

Posta elektronikoa

Plaza lehen aldiz hartuko du? Plaza berriz hartuko du? .

–Aurreko ikasturteko datu akademikoak:

2014-2015 ikasturtean zein ikastetxetan zegoen matrikulatua

Ikasketak

Espezialitatea

Kurtsoa: ...........................

–Hurrengo ikasturteko datu akademikoak:

2015-2016 ikasturtean zein ikastetxetan matrikulatu(ko) den

Ikasketak

Espezialitatea

Kurtsoa: ...........................

(Eskabide honen bidez, onartu egiten ditut Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan eskatzailea sartzeko deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzak).

Iruñean, 2015eko ................... aren ....................(e)an

(Sinatua)

Iragarkiaren kodea: F1505462