78. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

121E/2015 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Eugin goi hornidura egiteko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Ur-biltontzi berria, Edateko uren araztegia eta ur hoditeria berritzea, Esteribarko udal mugapean, udalerriak sustatua.

2014ko azaroaren 27an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketak honako obra hauek aurreikusten ditu:

1. Ur-biltontzi berria, 350 m³-ko edukiera duena. Kota altuan (690 m) ezarriko da, Eugiko biztanle guztiak hornitu ahal izateko. Obra horien barnean giltzategia eta biltegia sartuko dira, ur-biltontzi berrira sartzeko behar den urbanizazioa (hormigoizko zoladura, sartzeko atea eta itxitura).

2. Urkiloko iturburuetatik eta Gaztarrieta errekatik datorren uraren araztegia.

3. Hustubide sare berria.

4. Ur hoditeria, ur-bilketak eta dauden kanalizazioen eta instalazio berrien arteko lotura. Gatzarrietako errekatik datorren kanalizazioa berritu behar da. Gainera, ur-bilketak egoera txarrean daudenez, kontu-sail bat erabiliko da horiek hobetzeko.

5. Ur-biltontzi berrira eta Gatzarrietako iturburuetara iristeko bideak konpondu eta hobetzea

6. Behe tentsioko kanalizazio elektrikoa.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aditzera ematen du ur-biltontzi berria eraikitzeak, sarbideek eta ur hoditeriaren azkeneko tarteek ukitutako azalera Eugi herriko goiko eremuan dagoela, malda ertaina edo handia duen mendi-mazelan. Mendi-mazela gainean dagoen landaredia koniferoen landaketa barreiatuak dira, ametz ilaundunen mendebaldeko serie piriniar eta nafar-arabarraren (Roso arvensis-Querco pusbescentis S.) ordezkapen etapari dagokion sasiarekin mosaikoan.

Gatzarrietako kanalizazio berria eramateko bidea zabaldu eta hobetzeak, haren azkeneko eta erdiko tarteetan, interes turistikoa duen herri ibilbidea (Amuzko Peña ibilbidea) ukitzen du. Bidea malda ertaineko mendi-mazelan gora doa, arestian deskribatutako ordezkapen serieari dagokion sasiaren artean. Muskizelai alderdira iritsita, bidea herri ibilbidetik urruntzen da eta pago mesofiloen eta neutrofiloen (Carici sylvaticae - Fago sylvaticae S.) serie orokantauriarraren pagadian sartzen da.

Eraginen identifikazioari dagokionez, aurreikusi da sarbide berriak eta ur-biltontziak berak eragina izan dezaketela paisaiaren gainean, pasaiari bolumen handia erantsiz, gainera ikus-eremuko bista-bistako kokapen batean baitago. Beste aldetik, Gaztarrietako ur-bilketara sartzeko bidea zabaldu eta hobetzeak, hori pagadian sartzen den tartean, zuhaitzen bat moztea ekarriko du. Bide-tarte horretan, gainera, obrak Gaztarrieta erreka zeharkatzen du, eta horrek uhertasun arazoak sortzen ahalko ditu beherago diren uretan.

Proposatutako irtenbidearen gaineko dokumentazio teknikoa aztertzetik eta proiektuari erantsitako ingurumen ukipenen azterlanaren konklusioetatik ondorioztatzen da identifikatutako ingurumenaren gaineko eraginak ez direla kritikoak; eraginik izatekotan moderatuak izanen dira, landare formazio naturalen gaineko ukipenagatik, eta moderatutik larrira bitartekoak, paisaiaren gaineko ukipenagatik. Eragin horiek onargarritzat hartzen dira eraginaren prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuz, eraikitzeko proiektuan eta ebazpen honetan biltzen baitira.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2015eko otsailaren 24an zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena sartu da espedientean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Eugin goi hornidura egiteko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Ur-biltontzi berria, Edateko uren araztegia eta ur hoditeria berritzea, Esteribarko udal mugapean, udalerri horretako Udalak sustatua.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

–Ingurumen arlokoak:

  • Ahal den neurrian, saiatuko da ur-biltontziaren kokapena hobetzen mendi-mazelan, eraikuntza ahalik eta gehien integra dadin han, ikusgarritasuna minimizatuz.
  • Paisaian eragin txikiagoa izateko, gomendatzen da ur-biltontziaren eraikuntzaren bistako aldean material naturalak jartzea (harri naturala, Corten altzairu herdoildua...), edo inguru horretan tipikoa den eraikuntza diseinua erabiltzea. Halaber, gomendatzen da ur-biltontziaren estradosa lurrez betetzea, lur eremu naturala ukitu arte.
  • Saiatuko da ur-biltontzitik hurbilen dagoen koniferoen landaketa mantentzea, bistarako pantaila gisa egin dezan.
  • Proiektua gauzatzeko, ingurumen arloko teknikari batek bertan agertu beharko du, behintzat zuinketa lanak egin eta lanerako eremua ireki bitartean, hoditeria pagadian sartzen den tartean eta Gaztarrieta erreka zeharkatzen duenean.
  • Landaredi naturaleko unada edo palaxuren baten bazterrak ukituz gero, trazadura zertxobait desbideratuko da, ukipen hori ahalik eta txikiena izan dadin. Zuhaitzen kimaketari lehentasuna emanen zaio mozketaren aldean.
  • Pagadian, lanerako eremua zinta egokiekin balizatuko da. Tarte horretan kalearen zabalera ez da 3 metrotik gorakoa izanen, eta makineriak segidan eginen du lan, kale bikoitza ez irekitzeko, horrela ukitutako azalerak txikiagotuz.
  • Soilik botako dira ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta zuhaixkak. Kasu horietan, administrazio baimena beharko da zuhaitzak mozteko eta abisu emanen zaio Aezkoa-Kintoko Basozaintzari, markatzea egin dezaten.
  • Hoditeria berrirako obrak, errekaren gurutzagunean, ahal dela, ekainaren erdialdetik urriaren erdialdera bitartean eginen dira, obrek ahalik eta gutxien iraun dezaten. Makineria eta ibilgailuak errekaren ubidetik eten gabe pasatzea saihesteko, bat edo bi hodiko goragunea eraikiko da, ura behar bezala isurtzeko.
  • Obrek ukitutako azalerak berritzea. Zanga guztiak estali eta landaretako lurrak ur-biltontziko instalazioen inguruan eta bide ertzeetan zabaldu eta gero, lurren profilaketa eta finketa eginen da, lur eremu naturalari fisiografikoki ongi egokitzeko, eta ondoren, ereinez landareztatuko dira. Malda ertaineko edo malda handiko azaleretan, erein ordez hidroereitea eginen da. Landareztatze lanak neguko hilabeteetan eginen dira.
  • Herri ibilbideko seinaleetako bat ukitzen bada, hori ordezkatuko da jatorrizkoen ezaugarri eta baldintza berdinekin.

–Hirigintza arlokoak:

  • Obrarako lizentzia eman baino lehen, herrilurraren titularra den toki entitateak baimena eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
  • Egin gogo den jarduera gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten beste azpiegitura eta/edo zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak, obrak egiten hasi aurretik, organo eskudunen edo dagokion konpainia hornitzailearen behar adina baimen aurkeztuko ditu, kasuan kasuko gaiaren arabera, edo, hala balegokio, ukituta gera daitezkeen jabetzei dagokienez egon daitezkeen kontzesio, zortasun edo akordioen arabera. Bereziki, jarduerak gauzatu aurretik sustatzaileak Ebroko Ur Konfederazioaren dagokion baimena eskuratu beharko du.
  • Eraikuntzak bidearen kanpoko ertzetik 3 metrora jarriko dira gutxienez, zortasun eremu hori ezartzen duen 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluarekin bat. Eremu horretan debekatuta daude eraikuntzako jarduera guztiak, azpiegiturak izan ezik, eta azken horiek baimena beharko dute

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Esteribarko Udalari, Aezkoa-Kintoko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1504565