2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BORTZIRIETAKO EUSKARA MANKOMUNITATEA
Aisialdiko begiraleen lan poltsa
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen ditu urtero, eta horietan hainbat begiralek egiten dute lan. Mankomunitateak lan poltsa osatuko du udaleku horietan aritu behar diren begiraleak poltsa horretatik kontratatu ahal izateko. Lan poltsa honen oinarriak mankomunitateko lehendakariaren 2015eko martxoaren 26ko 5/2005 ebazpenaren bidez onartu dira.
Ondoren, lan poltsaren oinarriak jasotzen dira.
OINARRIAK
1. Arau orokorrak.
1.1. Xedea: Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan antolatzen dituen udaleku irekietan lanean aritzeko prest egonen diren begiraleen lan poltsa osatzea.
1.2. Begiraleek administrazioko D mailako kontratua eta lan sariak izanen dituzte.
2. Eginbeharrak.
2.1. Lan taldean aritzea begirale arduradunaren erranetara, eta aisialdi egitarauko ekintzak burura eramatea, betiere udalekuetako programazioan ezarriko diren heziketa balioen arabera.
2.2. Haur taldeak dinamizatzea.
2.3. Eman dakizkiokeen bertzelako lanak.
3. Izangaien baldintzak.
Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako honako baldintza hauek bete beharko dira:
3.1. Europako Elkarteko hiritarra izatea.
3.2. Hamasei urte beteak izatea.
3.3. D mailako lanpostuetan eskatzen den titulazioa izatea, hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, edo horren baliokide izan daitekeen bertzelako tituluren bat.
3.5. Euskaraz jakitea, ahoz nahiz idatziz. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak onartutako 2B maila akreditatu beharko dute, hau da, ahoz C1 maila eta idatziz B2 maila.
3.6. Eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikiko aski izatea.
3.7. Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta administrazio publikoaren zerbitzutik baztertua ez egotea.
4. Izen emateak eta eskaerak.
4.1. Eskaerak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen egoitzan (Herriko Plaza 7, 31790 Arantza) aurkeztu behar dira, 2015eko maiatzaren 20ko 12:00ak baino lehen.
4.2. Izangaiek lanpostua eskuratzeko prozeduran parte hartzeko eskaera orria bete beharko dute, deialdi honekin batera doan I. eranskineko ereduaren arabera. Horrekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute.
4.2.1. Nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.
4.2.2. Deialdi honen 3.3. oinarrian eskatzen den titulazioa egiaztatzen duen dokumentuaren fotokopia konpultsatua.
4.2.3. Baloratzen ahal diren merezimenduak jasotzen dituzten dokumentuen fotokopia konpultsatuak.
4.3. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.
4.4. Onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda maiatzaren 22an argitaratuko da, mankomunitatearen webgunean (www.bortziriak.org). Izangaiek bortz eguneko epea izanen dute erreklamazioak egiteko edo dokumentazioa osatzeko. Ondoren behin betiko zerrenda argitaratuko da.
5. Epaimahai kalifikatzailea.
5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria.
–Ordezkoa: Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariordea.
Mahaikidea: Naiara Círez Garaikoetxea, Dindaia Fundazioa.
–Ordezko mahaikidea: Esther Lakasta Pérez-Iltzarbe, Dindaia Fundazioa.
Mahaikide-idazkaria: Patri Arburua Etxeberria, mankomunitateko teknikaria.
–Ordezko mahaikide-idazkaria: Kristina Urrutia Apezetxea, mankomunitateko teknikaria.
5.2. Epaimahaia probak hasi aitzinetik eratuko da.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen arazo guztiak.
6. Probak.
6.1. Euskara proba: gaitasun proba izanen da, eta ez du punturik emanen. Izangaiek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak onartutako 2B hizkuntza eskakizuna (ahozkoan C1 maila eta idatzizkoan B2 maila) egiaztatu beharko dute. Probak Toki Ona Institutuan eginen dira. Azterketa idatzia ekainaren 8an izanen da, 16:00etan. Ahozko azterketa ekainaren 9an izanen da, goizeko 11:00etan hasita. Hizkuntza eskakizun hori titulu ofizialen bidez akreditatzen duten izangaiek ez dute probarik egin beharko.
6.2. Ariketa praktikoa: udaleku irekietan gerta daitekeen egoera baten aitzinean izangaiek proposatzen duten irtenbidea neurtzeko helburua du. Ahozko proba izanen da, eta izangaiek banaka egin beharko dute, 10 minutuz; aitzinetik txandak emanen zaizkie eta ariketa prestatzeko denbora izanen dute. Proba honek 75 puntu balio du, eta gainditu ahal izateko beharrezkoa izanen da gutxienez 37,5 puntu ateratzea. Berako Toki Ona Institutuan eginen da, ekainaren 12an, 10:00etan hasita.
7. Merezimenduen balorazioa.
7.1. Aurkezten diren merezimenduak baloratu ahal izateko agiriak aurkeztu beharko dira.
7.2. Atal honetan gehienez ere 25 puntu lortu ahalko dira.
7.3. Honako merezimendu hauek baloratuko dira:
7.3.1. Formakuntza (gehienez ere 10 puntu):
–Irakaskuntzan, Pedagogian nahiz Kale Heziketan unibertsitateko titulazioa, erdi nahiz goi mailakoa, izatea edo aisialdi eskola batek egiaztatutako begirale titulua izatea: gehienez ere 5 puntu.
–Haurren aisialdiarekin zerikusia duten ikastaro, tailer, jardunaldi eta antzekoetan parte hartu izatea: gehienez ere 5 puntu. Horrelakoak egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta bertan garbi jaso behar da horien iraupena ordu kopuruaren arabera. Puntuak emateko oinarri gisa hartuko da 10 orduko ikastaroa, eta horietako bakoitzagatik puntu 1 emanen da; ikastaroak gehiago edo gutxiago iraun badu, puntuak proportzioan kalkulatuko dira.
7.3.2. Lan esperientzia, lanpostuarekin zerikusia duena (gehienez ere 15 puntu): hori egiaztatzeko enpresa edo elkarteen ziurtagiria edo lan kontratua aurkeztu beharko da; betiere, aurkezten diren dokumentuetan argi eta garbi adierazi beharko da lanean emandako denbora (kontratuaren hasiera eta bukaera egunak, eta lanean emandako ordu kopurua), eta zehazki zein lanetan aritu den. Lan honetan emandako 60 orduko 5 puntu zenbatuko da.
8. Emaitzak.
8.1. Lehiaketaldiaren emaitzak argitara emanen dira oposizioaldia hasi baino lehen.
8.2. Emaitza orokorrak ekainaren 16an, 14:00etan, emanen dira argitara, mankomunitatearen webgunearen bitartez (www.bortziriak.org).
9. Helegiteak.
9.1. Deialdi honen edo aplikazio egintzen aurka helegite hauetakoren bat paratzen ahal da, aukeran:
–Administrazioarekiko helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion sailaren aitzinean, argitara eman eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epearen barrenean.
–Horren aurretik, eta hala nahi bada, gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegian, argitaratzen denetik hasi eta hilabeteko epearen barrenean.
–Berraztertzeko helegitea, erabakia hartu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epearen barnean, jakinarazpen hau hartu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Arantzan, 2015eko martxoaren 26an.–Lehendakaria, Ander Almandoz Indakoetxea.
I. ERANSKINA
Eskaeraren eredua
Eskatzaileari buruzko datuak:
Izen-abizenak | |
Helbidea | |
Herria eta P.K | |
Telefono zenbakia | |
Posta elektronikoa | |
AZALPENA:
–Bortzirietako Euskara Mankomunitateak aisialdiko begiraleen lan poltsa eratzeko deialdia egin du, eta horretan parte hartu nahi dut.
–Eskaerak aurkezteko epea bukatzean deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditut.
–Ez dut karguan aritzea galarazten didan ezintasun fisiko edo psikikorik.
–Honekin batera eskatutako dokumentazioa eta baloratzen diren merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkezten ditut.
ESKAERA:
Eskaera hau jasotzeko eta hautaketa prozesu honetan onartua izateko.
Arantzan, 2015eko ......................aren .......(e)an
Izptua,
BORTZIRIETAKO EUSKARA MANKOMUNITATEKO LEHENDAKARIARI.
Iragarkiaren kodea: L1505156