Iragarkia
78. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
596/2015 EBAZPENA, martxoaren 27an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez “Gobernu Kontseiluaren erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Master Ikasketak eta Ikasketa Berekiak arautzen dituzten Arauak aldatzen dituena” argitaratzeko agintzen du. Gobernu Kontseiluak 2015ko martxoaren 27an onetsi zuen erabaki hori.
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 27an onetsi zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Master Ikasketak eta Ikasketa Berekiak arautzen dituzten Arauak aldatzeko Erabakia” onetsi zen.
ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO MASTER IKASKETAK ETA IKASKETA BEREKIAK ARAUTZEN DITUZTEN ARAUETAKO HIRUGARREN TITULUA ALDATZEN DUENA
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak bere 1. artikuluan xedatzen du ezagutza eta kultura zabaltzea unibertsitate-hedapenaren bidez eta bizitza osoko prestakuntza Unibertsitatearen eginkizunak direla gizartearen zerbitzura. Lege berak bere 2. eta 34. artikuluetan xedatzen du unibertsitateek, beren autonomiaz baliatuz, zilegi dutela bizitza osoko prestakuntzako ikasketa espezifikoetako ikasketa planak egitea eta onestea, eta diplomak eta titulu berekiak lortzera bideratutako ikasketak ezartzea. Ikasketa horien interesa da kulturaren, zientziaren, artearen edo lanbidearen esparruko gizarte eskaerei arin eta eraginkortasunez erantzutea, curriculum ikasketa ofizialak osatzen dituzte, eta, ikasketa horiekin batera, unibertsitate bakoitzaren irakaskuntza eskaintzaren barruan daude. Hortaz, unibertsitateari profil bereki bat ematen laguntzen diote. Eta lege beraren 83. artikuluan hori egiteko esparrua jartzen da, eta unibertsitateei espezializazio ikasketak edo prestakuntzako jarduera espezifikoak garatzeko aukera ematen zaie.
Europar Batasunak honela definitu du prestakuntza iraunkorra: “pertsona baten bizitzan zehar egindako ikaskuntza jarduera guztiak, ikuspegi pertsonal batetik edo herri, gizarte eta/edo lan ikuspegi baten barruan ezagutzak, trebetasunak eta abileziak hobetzeko edo haietan sakontzeko helburuarekin”. Definizio horrek berresten du informazioaren eta komunikazioaren gizartean hezkuntza elementu estrategikoa dela berrikuntzarako eta garapen produktiborako, giza kapitalaren eta bizi kalitatearen balioa handitzen laguntzen baitu.
Unibertsitateek zeregin garrantzitsua dute gobernuek ezarritako hezkuntza helburuak lortzeko. Beraz, beren irakaskuntza eginkizuna “bizitza osora” zabaltzeko erantzukizuna dute, eta horrela bermatzen da prestakuntza hori akademikoki balioduna, profesionalki erabilgarria eta pertsonalki aberasgarria izango dela.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2009ko uztailaren 28ko Erabakiaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa berekiak eta Unibertsitate Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauak onetsi zituen. Arau horiek aldatu egin ziren Gobernu Kontseiluaren 2010eko uztailaren 28ko Erabakiaren eta 2011ko urriaren 4ko Erabakiaren bidez. Batez ere unibertsitateko master titulu ofizialen arauketan izan zuten eragina aldaketa horiek.
Arau haiek onetsi zirenetik denbora igaro eta gero, unibertsitateko ikasketa berekietako ikasketak antolatzeak emandako esperientziak aholkatzen du haiek aldatzea eta denboraren iragaitearekin sortzen diren zirkunstantzia berrietara egokitzea.
Hirugarren Tituluaren Bigarren Kapituluan Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekien tipologia berrantolatu eta argitu da, bai eta ikasketa horietan sartzeko betekizunak ere. Halaber, aldaketak bermatzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle iraunkorrek eskolak emango dituztela ikasketa berekietan, eta irakasle horiek eman behar dituzten orduen gutxieneko ehunekoa ez ezik, irakasle ikasketa berekietan izango duten arduraldia gehienez ere eta beraien ordainsarien araubide aplikagarria ere ezartzen du. Nabarmentzekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa berekiak egiteko dagoen beka kopurua.
Hirugarren Kapituluak zehaztasun handiagoarekin xedatzen du ikasketa berekiak, bai titulu berekia lortzera bideratzen dutenak eta ez dutenak, ezartzea eta berritzea proposatzeko prozedura.
Laugarren Kapituluko Lehen Atalak lehenengo aldiz onartzen du ECTSak aitortzeko aukera, eta dagokion ikasketa berekiko irakaskuntza zuzendariari esleitzen dio eskumen hori. Matrikula baliogabetzeko kasuak eta matrikula baliogabetzeak dituen ondorio ekonomikoak ere garatzen ditu Lehen Atalak.
Laugarren Kapituluaren Bigarren Atalak irakaskuntza Zuzendaritza garatzen du, ikasketa berekien kalifikazio sistema ezartzen du eta espresuki ezartzen du, Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroa arautzen duen irailaren 12ko 1509/2008 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren 2. zenbakian ezarritakoarekin bat etorriz, aipatu Erregistroan master titulu berekien eta espezializazio diplomen inskripzioa egiteko aukera. Bestalde, irakaskuntza, administrazio eta antolaketa kudeaketaren alderdiak garatzen ditu, eta bereziki Unibertsitate-Gizarte Fundazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa berekiak garatzeko ematen duen lankidetzari eragiten dioten alderdiak.
Beraz, honako hau da Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 27an egindako bileran, Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko errektoreordeak hala proposaturik, hartu duen
ERABAKIA:
Lehenengoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekiak eta Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauak aldatzea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekiak eta Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauak aldatzea.
Bat.–59. artikulua honela geratuko da:
“59. artikulua. Ikasketa berekien tipologia
1. Hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa berekiak:
a) Master titulu berekiak, espezializazio diplomak, unibertsitateko aditu tituluak, unibertsitate-hedapeneko diplomak eta unibertsitate-hedapeneko egiaztagiria lortzeko aukera ematen dutenak.
b) Titulu bereki bat lortzeko aukera ematen ez duten etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk: espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak doktore titulu hauek emateko aukera izango du:
2.1. Arau hauetako 70.3 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, ikasketak egiteko unibertsitateko titulu bat edukitzea nahitaezko baldintzatzat duten titulu berekiak:
a) Master titulua lortzera bideratzen duten ikasketak. 60 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 120 ECTS, gehienez ere.
b) Espezializazio diploma lortzera bideratzen duten ikasketak. 30 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 59 ECTS, gehienez ere.
c) Unibertsitateko aditu titulua lortzera bideratzen duten ikasketak. 15 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 29 ECTS, gehienez ere.
2.2. Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea baldintzatzat eduki beharrik izan ez dezaketen titulu berekiak:
a) Unibertsitate hedapeneko diploma lortzera bideratzen duten ikasketak. 30 ECTS izango dituzte, gutxienez ere.
b) Unibertsitate hedapeneko ziurtagiriak lortzera bideratzen duten ikasketak. 15 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 29 ECTS, gehienez ere.
2.3. Etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk.
a) Espezializazio ikastaroak, 5 ECTS kreditu izango dituzte, gutxienez ere, eta 15 ECTS, gehienez ere.
a) Ikastaroek, gutxienez ere, ECTS kreditu 1 izango dute, eta 5 ECTS baino gutxiago.
c) Mintegiak, 1 ECTS kreditu izango dituzte, gehienez ere.
3. ECTS izenekoa ezarri da balioespen neurritzat, eta ikasketa hauei 5.1 eta 5.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
4. Unibertsitateko master titulu ofizialetarako 7. artikuluan ezarritakoaren antzera, titulu berekiak lortzeko ikasketak modulu, gai eta irakasgaietan egituratuko dira.
5. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketen moduluak bereizirik egin daitezke, proposamenak hala badio. Modulu bakoitza espezializazio ikastaro bat edo batzuk izango da bere iraupenaren arabera. Titulu bereki bat lortzeko ikasketa baten modulu osoen parte bat egiteak dagokion ziurtagiria lortzeko modua emango du, betiere proposamenean hori aipatzen bada.
Titulu bereki bateko modulu guztiak espezializazio ikastaro gisa egiten badira, titulu hori emango da, dagozkion prezio publikoak ordaindu eta gero, eta betiere ikasleak titulu berekia egiteko betekizunak betetzen baditu.
6. Titulu berekitzat hartuko dira Unibertsitateko master titulu ofizial baten babesean diseinatzen diren eta titulu bereki moduan eskaintzen diren moduluak.”
Bi.–60. artikulua honela geratuko da:
“60. artikulua. Etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk:
1. Espezializazio ikastaroak:
a) Etengabeko prestakuntzara eta egunean-egunekora zuzenduta egongo dira, zientziaren, teknikaren eta giza zientzien alorretan.
b) Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea beharrezkoa den edo ez ezarriko dute antolatzaileek.
c) 5 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 15 ECTS, gehienez ere.
d) Dagozkien ziurtagiriak eskuratzeko bidea emango dute, bertaratzeagatik edo etekina ateratzeagatik.
2. Ikastaroak eta mintegiak:
a) Ikastaroek, ECTS kreditu 1 izango dute, edo gehiago, eta 5 ECTS baino gutxiago, eta mintegiek ECTS 1, gehienez ere.
b) Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea beharrezkoa den edo ez ezarriko dute antolatzaileek.
c) Kanonetik, administrazio tasetatik eta titulua emateko tasetatik salbuetsita egongo dira.
d) Antolaketa unitateak emandako eta ikastaroaren zuzendariak sinatutako bertaratze-agiri bat lortzeko eskubidea emango dute.”
Hiru.–61. artikulua honela geratuko da:
“61. artikulua. Unibertsitate hedapeneko diplomaren eta unibertsitate hedapeneko ziurtagiriaren titulu berekia.
Titulu berekien sartzeko profilek ez dute nahitaez unibertsitatekoak izan behar, eta ikasketa ofizialek betetzen ez dituzten gizarte inguruaren beharrei erantzuten diete. “
Lau.–62. artikulua honela geratuko da:
“62. artikulua. Unibertsitateko adituaren eta Espezializazio diplomaren titulu berekiak
1. Zienziaren, teknikaren eta giza jakintzen esparruetan espezializatzera bideratutako graduondoko ikasketek titulu hauek lortzera bideratzen dute:
a) Espezializazio diplomako titulu berekia, 30 eta 59 ECTS kreditu bitarteko irakastordu kopurua baldin badute.
b) Unibertsitateko adituaren titulu berekia, 15 eta 29 ECTS kreditu bitarteko irakastordu kopurua baldin badu.
2. Bi kasuetan ECTS kredituen %10 emango da, gehienez ere, proiektu edo lan bat egiteagatik.”
Bost.–63. artikuluaren 4. zenbakia hutsik geratuko da.
Sei.–65. artikulua honela geratuko da:
“65. artikulua. Ikasketa berekietako irakasleak.
1. Ikasketa berekietako irakasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta beste unibertsitate batzuetako irakasleak izango dira, lehentasunez doktoreak. Nolanahi ere, eta ikasketa berekiaren ezaugarrien arabera, beste kategoria batzuetakoak diren unibertsitatetik kanpoko profesional adituek, irakasleek edo ikertzaileek ere izango dute eskolak emateko aukera, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek ematen badute irakastorduen % 30 gutxienez ere (lotura iraunkorra duten NUPeko irakasleek irakastorduen % 10 eman behar dute gutxienez ere). Hori ez zaie aplikatuko 5 ECTS baino gutxiago dituzten eta kanpoko profesional adituak eskatzen dituzten ikastaroei.
2. Gehienez ere 100 irakastordu emango dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek ikasketa berekietan ikasturte bakoitzeko.
3. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin loturarik gabeko pertsonek ikasketa berekietan parte hartzeak ez du esan nahi unibertsitate honekin lan loturarik duenik.
4. Ikasketa berekietan parte hartzen duten irakasleek bateraezintasunei buruzko arautegia bete behar dute.
5. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen batez bidez, Graduondoko Ikasketen Batzordeari entzun eta gero, urtero ezarriko da irakastordu bakoitzeko eta beste lan batzuengatik (tutoretzak, azterketak...) zenbat diru jasoko den gehienez ere”.
Zazpi.–66. artikulua honela geratuko da:
“66. artikulua. Finantzaketa.
1. Ikasketa berekiek autofinantzatu egin behar dute, eta Oroitidazki Ekonomikoan diru-sarrerek eta gastuek orekatuta egon behar dute.
Hauek izan daitezke diru-sarrerak:
a) Prezio publikoen eskubide ekonomikoak. Matrikularen prezio publikoak ezarriko dira Gizarte Kontseiluak ezarritako gehienezko prezioaren arabera eta kostuen irizpideei eta eskariaren eta eskumenaren gaineko eskakizunei erreparatuz, bai eta beste diru-sarrera batzuen eraginaren arabera ere.
b) Erakunde publiko nahiz pribatuen diru-laguntzak edo ekarpenak.
2. Beste erakunde batzuekin titulu berekiak egitea adosten denean, hitzarmen baten bidez jaso behar dira bi aldeen kontraprestazio ekonomikoak.
3. Salbuespen gisa, ikasketen garrantzia edo interes estrategikoa dela eta, Unibertsitateak zilegi du, errektoreorde eskudunaren bidez, finantzabidearen parte bat bere gain hartzea, Unibertsitatearen diru-sarreren aurrekontu orokorraren kargura.
4. Zilegi da beketara zuzendutako gastu kontusail bat ikasketa bereki bakoitzaren aurrekontuan sartzea, eta ikasketa berekiaren bideragarritasuna bermatuko da beti. Bekak esleitzeko baldintzak onetsitako proposamenean jasoko dira. Aurrekontua Betetzeko Oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz esleituko dira.
5. Ikasketa bereki batean txosten ekonomikoan ezarritako gutxieneko matrikula kopurura iristen ez bada edo finantza-orekarekin bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko beharrezkoak diren diru-laguntzak lortzen ez baditu, irakaskuntza zuzendariak, ikasketa berekia hasi baino lehen, errektoreorde eskudunari eskatuko dio aurreikusitako gastuak jaistea, benetako diru-sarreretara egokitzeko edo bertan behera uztea.
6. Ikasketa berekia amaitzen denetik bi hilabeteko epean, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak, kudeatzen dituen tituluei dagokienez, edo irakaskuntza zuzendariak ikasketa berekiaren balantze ekonomikoa aurkeztu behar du.”
Zortzi.–67. artikulua honela geratuko da:
“1. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketa berekien proposamenak Graduondoko Ikasketen Batzordeari zuzenduko zaizkio antolaketa-unitatearen bidez, eta III. eranskinean aipatzen diren edukiak jaso behar dituzte gutxienez ere.”
Bederatzi.–67. artikuluaren 3. zenbakia honela geratuko da:
“3. Graduondoko Ikasketen Batzordeak, kontrako txostena ematen badu, edo aldeko txostena emanda ere halako baldintza batzuk betetzera behartzen badu, erabaki hori arrazoitu beharko du eta horren berri eman Titulua proposatu duenari eta antolaketa-unitateari.”
Hamar.–68. artikuluaren 1. idatz-zatia honela geratuko da:
“1. Unibertsitateak urtero onetsiko du titulu berekien eskaintza. Eskaintzan sartuko dira azken ikasturtean emandako titulu berekiak. Haien eskaintza berritu egingo da, proposamen-egileek horretarako ezarritako epean hala eskatzen badute. Titulu berekiaren azken edizioaren txosten ekonomikoarekin batera aurkeztuko da eskaintza berritzeko eskaera”.
Hamaika.–69. artikulua honela geratuko da:
“69. artikulua. Ikasketa berekien proposamena eta onespena.
1. Lotura iraunkorra duten irakasleek, sailek, ikastegiek, errektoreordetzek, ikerketa taldeek, Gizarte Kontseiluak, Zuzendaritza Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluak zilegi dute espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea. Proposamena egiten duena lotura iraunkorra duen irakasle bat baldin bada, bere sailak aginduzko txosten bat egin beharko du.
Gai honetan eskuduna den errektoreordetzak espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak aztertu eta onetsiko ditu, eta aldian-aldian Graduondoko Ikasketen Batzordeari jakinaraziko dizkio jaso dituen eskaera guztiak.
2. Lotura iraunkorra duten irakasleek, sailek, ikastegiek, errektoreordetzek, ikerketa taldeek, Gizarte Kontseiluak, Zuzendaritza Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluak zilegi dute 29 ECTS edo gutxiago dituzten titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea. Proposamena egiten duena lotura iraunkorra duen irakasle bat baldin bada, bere sailak aginduzko txosten bat egin beharko du.
3. Sailek eta/edo ikastegiek eta errektoreordetzek zilegi dute 30 ECTS edo gutxiago dituzten titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea, eta haiek izendatuko dute titulu berekien irakaskuntza zuzendaria.”
Hamabi.–Laugarren Kapituluaren Lehen Atala honela geratuko da:
“Lehen atala: Sarbidea, onarpena, matrikula, ECTSen aitorpena eta ikaslearen estatusa.
70. artikulua. Ikasketa berekietarako sarbidea.
1. Ikasketa berekietan sartzeko, Unibertsitatean sartzeko behar diren legezko eskakizunak bete behar dira.
2. Arau hauetako 59.2.1 artikuluan azaltzen diren ikasketa berekietarako sarbidea izateko, unibertsitateko titulu ofiziala edo baliokidea eduki behar da.
3. Hala ere, Graduondoko Ikasketen Batzordeak, Ikasketa Berekien Irakaskuntza Zuzendaritzak proposatuta, ikasketetako espezialitatearekin lotura zuzena duten eta Unibertsitatean sartzeko titulaziorik edo unibertsitateko titulaziorik edo baliokiderik ez duten profesionalak onetsi ahalko ditu, betiere, agirien bidez egiaztatzen badute profesionaltasun hori eta egin nahi duten ikasketa berekian eskatutako gainerako eskakizun berariazkoak betetzen dituztela.
Baimen horren arabera titulu bereki bat egiten duten ikasleek ezin izango dute master titulu berekia, aditu edo espezializazio diploma jaulkitzeko eskatu, unibertsitateko titulu ofizialik lortzen ez badute. Nolanahi ere, egindako ikasketen ziurtagiria lortzeko eskubidea izango dute.
71. artikulua. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketetan onartzeko eta matrikula egiteko prozedura.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa berekiak egin nahi dituztenek dagokien administrazio unitatean aurkeztuko dute onartuak izateko eskaera, ikasketa bakoitzean aurretik horretarako ezarritako epean.
2. Onartua izateko prozedura ikasketa bereki bakoitzera ezarritakoa izango da, ikasketa berekiaren proposamenean ezarritako irizpideekin bat etorriz eta antolaketa-unitateak kudeatuko du.
3. Onartutako ikasleek dagokien epean egingo dute matrikula, eta eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute.
4. Ezarritako prezioa ordaindutakoan gauzatuko da matrikula, ikasketa berekien urteko eskaintzak, eta, hala badagokio, ikasketa berekiaren deialdiak zehazten duen moduan.
5. Matrikula baliogabetzeko eta, behar bada, aldatzeko, Arautegi honetako 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, eta gainera:
a) Bidezkoa izango da matrikula baliogabetzea ez ordaintzeagatik ikasturte bakoitzean ezarritako epeetan. Ez ordaintzeagatik matrikula baliogabetu dioten ikasleak ordaindu duen zenbatekoa galduko du.
b) Ikasturtea hasi baino lehen matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenei ordaindutako zenbatekoa itzuliko zaie, inskripzio eskubideak direla-eta ordaindutako zenbatekoa salbu (zenbateko hori ikasketa berekien urteko irakaskuntza arautegian agertuko da).
c) Ikasturtea hasi eta gero, matrikula baliogabetzeko eskatzen duten ikasleek ez dute dirua itzultzeko eskubiderik izango, eta zenbatekoa osorik ordaindu beharko dute.
d) Ordaindutako zenbatekoak itzuliko dira ikastaroa bertan behera uzten bada soilik.
6. Istripu aseguru bat kontratatuko da, titulu eta diploma berekiak lortzera bideratutako ikasketak egiteko aldian bere ikasle guztiak estaliko dituena, bidaiak eta praktikak barne, baldin baleude. Administrazio kudeaketaren prezio publikoekin batera ordainduko dute ikasleek aseguru honen zenbatekoa.
72. artikulua: ECTSen aitorpena.
Irakaskuntza zuzendariak zilegi du ECTSak aitortzea titulu bereki batean, arautegi honetako 40. artikulua aplikatuta. Bere ondorio ekonomikoari dagokionez, ez da matrikularen prezioa murriztuko onartutako ECTSengatik.
Salbuespen gisa, Graduondoko Ikasketen Bulegoak zilegi du titulu bereki batean ECTSak aitortzea aipatu artikuluan ezarrita moduari jarraitu gabe, zirkunstantziek hala eskatzen dutenean.”
Hamahiru.–73. artikulua honela geratuko da:
“73. artikulua. Irakaskuntza Zuzendaritza.
Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duen irakasle doktore baten esku egongo da ikasketa berekien irakaskuntza-zuzendaritza.
Irakaskuntza zuzendariak eta/edo koordinatzaileak jasoko duen ordainsaria finkatzeko datu hauek hartuko dira kontuan: zein eginkizun dituen eta eginkizun horiek egiteko zenbat ordu lan egin behar duen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen batez bidez, Graduondoko Ikasketen Batzordeari entzun eta gero, urtero ezarriko da lan ordu bakoitzeko zenbat diru jasoko den gehienez ere.”
Hamalau.–74. artikulua honela geratuko da:
“74. artikulua. Ikasketa berekien kalitatearen kalifikazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
1. Arautegi honetako 55. artikuluan ezarritako kalifikazio sistema erabiliko da ikasketa berekietarako, eta Gai/ Ez Gai sistema erabiliko da espezializazio ikastaroetarako. Ikastaroetarako eta mintegietarako ez da kalifikazio sistemarik ezarri.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, berak ematen dituen ikasketen babes akademikoa, kontrola eta jarraipena egiteko lana izango du, eta hori Graduondoko Ikasketen Batzordearen bidez egingo du, nahiz zuzenean, nahiz beste hainbat erakunderekin elkarlanean.
3. Graduondoko Ikasketen Batzordeak mekanismoak eta prozedurak ezarriko ditu ikasketa berekien irakaskuntzaren kalitatearen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta Gobernu Kontseiluari emango dio horien berri.
4. Ebaluazio hori irakaskuntza helburuak nola bete diren aztertzen duten prozesuen bidez egingo da urtero. Horretarako, gutxienez balioetsiko dira ikasleek jasotako prestakuntzarekin izan duten gogobetetzea, parte hartzen duten irakasleen eta ikasketa berekien Irakaskuntza Zuzendaritzaren iritzia.
5. Ebaluazio negatiboa izanez gero, proposamenak aurkeztea eskatuko da, hurrengo ikasturtean horri berehala konponbidea emateko. Konponbidea emateko proposamenik ez bada, edo horiek eskasak direla uste bada, Graduondoko Ikasketen Batzordeak Gobernu Kontseiluari emango dio horren berri, hala behar izanez gero, ikasketa berekiarekin jarraitzeko baimena ez ematea erabaki dezan.”
Hamabost.–75. artikulua honela geratuko da:
“75. artikulua. Irakaskuntza, administrazio eta antolaketa kudeaketa.
1. Ikasketa berekien Irakaskuntza Zuzendaritzak hartuko du bere gain irakaskuntza kudeaketaren ardura.
2. Ikasketa berekien gaiei buruzko ebazpen guztien aurka, zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean.
3. Onartzeko eta matrikula egiteko prozedurak, bai eta administrazio tramite eta kudeaketako eta antolaketako beste edozein gai ere, kasu bakoitzaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo Unibertsitate-Gizarte Fundazioko administrazio zerbitzuek kudeatuko dituzte.
4. Unibertsitate-Gizarte Fundazioak eginkizun hauek izango ditu ikasketa berekien kontuetan:
a) Sail, ikastegi, unibertsitateko ikerketa erakunde eta ikerketa zentroekin eta unibertsitateko beste organo batzuekin sustatzea eta lankidetzan jardutea ikasketa berekietako ikasketak eta jarduerak sortzen eta garatzen, eta haien zabalpena eta sustapena egitea bere ingurune sozioekonomikoan.
b) Dagoen gizarte eskaera aztertzea, eta prestakuntza behar horiek unibertsitateko komunitateari jakinaraztea, erantzun arin eta malgu bat antolatzeko eta sustatzeko, eta kalitateko prestakuntza eskaintza bat eta antzeman diren beharren araberakoa bermatzea.
c) Abian diren prestakuntza iraunkorreko ikasketa eta jardueren jarraipen bat egitea, eta haiei administrazio laguntza ematea.
d) Prestakuntza iraunkorreko gaietan eskuduna den errektoreordetzari arau indardunen betearazpenari buruz berri ematea eta aholkuak ematea.
e) Unibertsitateak nazioko prestakuntza iraunkorreko sare nagusiekin lotuta jarrai dezala bermatzea, esperientzia berritzaileen trukea eta ikaskuntza ahalbidetzeko.
f) Ekimen ekintzaileak sustatzea eta laguntzea, prestakuntza iraunkorra aztertzeko, garatzeko eta hobetzeko.”
Hamasei.–76. artikulua honela geratuko da:
“76. artikulua. Tituluak eta ziurtagiriak.
1. Interesdunek eskaturik eta dagozkien prezioak aldez aurretik ordainduta, Unibertsitateak bere administrazio unitatearen bidez jaulkiko du dagokion titulu edo ziurtagiria. Tituluak edo ziurtagiriak ikasketa berekietarako Unibertsitateak duen Erregistroan jasota egongo dira.
2. Legeria indardunarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak, Graduondoko Ikasketen Batzordeak eskatuta, zilegi du mastert titulu berekiak eta espezializazio diplomen inskripzioa egitea Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan, bai jendaurreko informazioari begira, bai egon daitezkeen irakaskuntza aitorpenei begira.
3. Unibertsitateak izendatuko duen administrazio unitatean gordeko dira ikasketa bereki bakoitzaren datuak, behin betiko matrikulaturiko ikasleen zerrenda, asistentziaren azken akta eta, halakorik denean, ebaluazio akta, administrazio kudeaketaz arduratzen den unitateak emango dituen ereduen arabera.”
Hamazazpi.–77. artikulua honela geratuko da:
“77. artikulua: Ikasketa berekien urteko eskaintzari buruzko xedapenak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez, Graduondoko Ikasketen Batzordeak proposatuta, aurreko ikasturtearen hasieran onetsiko dira urtero ikasketa berekien urteko eskaintzari buruzko xedapenak. Xedapen horiek informazio hau jasoko dute gutxienez ere: ikasketa berekien proposamenak egiteko egutegia, matrikularen prezio publikoa ordaintzeko modua, irakaskuntza emateagatik jasoko den ordainsaria, irakaskuntza zuzendaritzaren eta, hala badagokio, koordinazio eginkizunen ordainsaria, eta beste jarduera batzuek sortutakoak, hala nola, tutoretzak, proiektuak eta azterketak. “
Hemezortzi.–Lehen xedapen iragankor bat gehitu da.
Lehen xedapen iragankorra.
Arautegi hau baino lehenago onetsi ziren ikasketa berekiak arautegi horretara egokitu behar dira 2015/2016 ikasturtean zehar eta, nolanahi ere, ikasketa bereki horien edizio berri bat hasi baino lehen.
Halaber, iraungitu gabeko ikasketa berekien hitzarmenak, arautegi honek indarra hartu baino lehen unibertsitateekin eta unibertsitatetik kanpoko erakundeekin ezarritakoak, egokitu egin behar dira, ikasketa bereki horien edizio berri bat hasi baino lehen.”
Hemeretzi.–III. eranskina honela geratuko da:
III. ERANSKINA
Titulu bereki berriak ezartzeko proposamenek
nahitaez izan behar dituzten edukiak
a) Proposamen-egilea.
b) Ikasketekin eskuratzen den titulu berekiaren izena, sailkapena “Ikasketa berekien tipologiak” artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, eta, halakorik bada, baita titulu bereki baten modulu oso bat edo batzuk egiteko bidea ematen duten ziurtagiriena ere.
c) Titulu berekiaren justifikazio arrazoitua, tituluak ekonomian eta gizartean duen beharrari, egokitasunari eta bideragarritasunari buruz.
d) Tituludunen prestakuntza profila, gaitasunak eta programak ikasleari eman dakiokeen irakaskuntzarako eta lanbiderako gaitasunak.
e) Irakaskuntzen hedapena ECTS kredituetan.
f) Programa, zeinetan ECTS kredituen kopuru osoa eta ikasketa programari aurreikusten zaion iraupena adieraziko baitira. Behar denean, titulu berekia eskuratzeko ikasketaren moduluak modu berezian egin daitezkeenean, horiek beren artean duten harremana. Halaber, modulu, gai eta irakasgai zerrenda bat edukiko du, eta horretan iraupena, gaitasunen azalpena, edukia eta kredituen araberako iraupena, izaera teorikoa edo praktikoa.
g) Ikasketa ebaluatzeko irizpideak.
h) Irakaskuntza zuzendaria.
i) Parte hartzen duten irakasleen izen-zerrenda, haien titulazioa, irakaskuntza edo lanbide egoera eta ikastaroan emango duten ordu kopurua zehaztuz. Unibertsitateko irakaslea ez bada justifikatu egingo da haren curriculum vitaea aurkeztuz.
j) Ikasleen gutxieneko eta gehieneko kopuruak ikasketak ezartzeko, irakasteko baliabideen eta baliabide materialen arabera, Unibertsitateak, hala dagokionean, ezarriko dituen irizpideen arabera. Irakaskuntzarako eskakizunak, bai eta salbuespenak, matrikula-epea eta aurreinskripzioa ere, behar balitz. Idatz-zati honetan, ikasleak hautatzeko prozedura adieraziko da, eskaera kopurua ikaspostu kopurua baino handiagoa bada. Era berean, bekak edo ikasteko laguntzak emateko aukerarik dagoen adieraziko da.
k) Egutegia eta garatzeko tokia.
l) Titulua irakasteko behar diren azpiegiturak, bai eta giza baliabideak eta baliabide materialak ere.
m) Oroitidazki ekonomikoa, zeinak aurreikusitako diru-sarreren eta gastuen azalpen zehatza jasoko baitu. Diru-sarrera eta gastu horien bidez autofinantzatuko da ikastaroa.
Gutxienez ere kontzeptu hauek jasoko ditu oroitidazki ekonomikoak:
–Diru-sarreren aurrekontua, zeinean atal hauek jasoko baitira.
a. Matrikulen prezio publikoak.
b. Erakunde publiko eta pribatuek emandako diru-laguntzak.
c. Beste diru-sarrera batzuk.
–Gastuen aurrekontua, zeinean atal hauek jaso behar baitira.
a. Unibertsitatearen gastu orokorrak, gehienez ere diru-sarrera guztien % 10eko balioa izango dutenak.
b. Irakaskuntza zuzendariari eta/edo koordinatzaileari ordaintzera bideratutako zenbatekoa.
c. Irakasleen ordainsariak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen, beste unibertsitate batzuetako irakasleen eta kanpoko irakasleak bereiziko dira.
d. Joan-etorrien gastuak eta irakasleen dietak.
e. Material didaktikoaren kostua.
f. Publizitate eta marketin gastuak.
g. Administrazio eta idazkaritza gastuak.
h. Ikasleen aseguruak.
i. Material inbentariagarria.
j. Ikastaro bakoitzeko emango diren beken kopurua eta zenbatekoa.
k. Beharrezkoak diren bestelako gastu batzuk
–Beste informazio batzuk.
Proposamena bideragarria izateko eta autofinantzatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua.
Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren txostena.
n) Izaera: sailen artekoa, fakultateen artekoa, unibertsitateen artekoa -Estatuko edo nazioarteko unibertsitateak-. Halakorik bada, titulu edo ikasketa berekia egiteko beste erakunde publiko zein pribatuekin egindako hitzarmena erantsi, arautegi honetako 20.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
o) Proposatutako programaren kalitatea ziurtatzeko egokitzat ematen diren iritzi guztiak, eta horien artean, nahi bada, autoebaluazioa egiteko proposamen bat.
Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Master Ikasketak eta Ikasketa Berekiak arautzen dituzten Arauen Testu Bategina onestea, erabaki honen eranskineko aldaketa guztiekin.
Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea honako hauei: Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko Errektoreordetzari, Irakaskuntza Antolatzeko Errektoreordetzari, fakultateetako, eskoletako eta sailetako zuzendaritzei, ikasketa berekietako irakaskuntza zuzendaritzei, Unibertsitate-Gizarte Fundazioari, eta Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuari.
Laugarrena.–Erabaki honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iruñean, 2015eko martxoaren 27an.–Errektorea, Julio Lafuente López.
ERANSKINA
Nafarroako unibertsitate publikoko master titulu ofizialak eta ikasketa berekiak arautzen dituzten arauak
ATARIKO TITULUA
1. artikulua. Aplikatzeko eremua.
1. Arautegi hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren ikasketa ofizialei dagokie, lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren master tituluak eskuratzeko direnei.
2. Era berean. arautzen ditu Unibertsitateak antolatzen dituen bestelako ikasketak, ikaslearen garapen profesionala, zientifikoa, teknikoa edota artistikoa hobetzeko xedearekin, eta, lanbidean aplikatzeko aukerak ematen dituzten ikerketa alor berriak hedatzeko, edo hainbat jarduera garatzeko, barneko edo inguru sozialeko eskakizunei erantzungo dietenak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa horiek titulu eta ziurtagiri berekiak sortzeko aukera izango da, ofizialak diren horiez gain.
LEHEN TITULUA
Graduondoko ikasketa batzordea
2. artikulua. Definizioa eta eginkizunak.
Graduondoko Ikasketa Batzordea da organo eskuduna aurreko artikuluan aipatzen diren ikasketei eragiten dieten auzietan. Bereziki, hauek dira dagozkion eginkizunak:
a) Gobernu Kontseiluari proposatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate Master Titulu Ofizialetarako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekietarako jarraibide orokorrak, haiek eztabaidatu eta onesteko.
b) Proposatutako Unibertsitate Master Titulu ofizialak eta Titulu Berekiak aztertzea, kasu bakoitzean ikusita programaren bideragarritasuna, egokitasun estrategikoa, legeria indardunarekiko adostasuna eta kalitate akademikoa.
c) Gobernu Kontseiluari proposatzea aipatu irakasketen urteroko eskaintza, ezertan ukatu gabe arautegi honek ezartzen duena, titulu berekiak ematea ekartzen ez duten ikasketa berekiei buruz.
d) Unibertsitateko Master Titulu Ofizial guztien Irakaskuntza Batzordeak izendatzea.
e) Beste erakunde edo organismoekin, publiko zein pribatuekin, lankidetzan aritzeko erabakiei buruzko txostenak prestatzea, tituluaren Irakaskuntza Batzordeak proposatuta.
f) Ikasketa hauen kalitatea hobe dadin sustatzea eta horri laguntzea.
g) Arautegi hau aplikatzean gertatzen diren gorabeherak konpontzea, eta, beharrezkoa balitz, haren aldaketa sustatzea edo garatzeko gainerako arau batzuk sortzeko proposamena egitea.
h) Arau indardunek esleitzen dioten beste edozein eginkizun, edo Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak agintzen diona.
3. artikulua. Osaera.
1. Graduondoko Ikasketa Batzordeko kideak, Doktore titulua izan beharko dutenak, ondoko hauek izango dira:
a) Errektoreak edo hark eskuordeturiko errektoreordeak, batzordeburu izango dena.
b) Dekanoen eta Ikastegiko zuzendarien bi ordezkari, Gobernu Kontseiluak izendatuak.
c) Saileko zuzendari bat, arlo-multzo bakoitzeko, Ikerketa Batzordeko azpibatzorde bakoitzari dagokiona, gutxienez ere ikerketa-seiurteko bat duena, Gobernu Kontseiluak izendatua.
d) Irakasle bat, arlo-multzo bakoitzeko, Ikerketa Batzordeko azpibatzorde bakoitzari dagokiona, gutxienez ere bi ikerketa-seiurteko dituena, errektoreak izendatua.
2. Graduondoko Ikasketen Batzordeko buruak, berak hala erabakita edo Batzordeko gehiengoak eskatuta, gonbit egin ahalko die, bileretara etortzeko interesgarritzat jotzen diren pertsonei, eguneko gaietakoren bat aztertzeari begira.
3. Gai horretan eskumena duen arloko zuzendariak, halakorik izendatu bada, hizpidea izango du, baina botorik ez.
4. Batzordeko idazkari aritu ahalko da, hizpidea bai, baina botorik ez duela, Administrazio eta Zerbitzuetako langile bat, Batzordeari dagozkion ikasketen kudeaketa administratiboa daraman zerbitzuari atxikia.
BIGARREN TITULUA
Unibertsitateko master titulu ofizialak
LEHENBIZIKO KAPITULUA
Unibertsitateko master ikasketa ofizialen egitura
4. artikulua. Ikasketen plangintza. Prestakuntza Programa. Ikasketa Plana
1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat osatzen duten irakaskuntzen diseinuak kontuan hartu behar ditu sarrera-profil egokia, prestakuntza-programa eta unibertsitatetik ateratako ikasleen profila.
2. Prestakuntza programan sartuko dira ikasleak titulua lortzeko eskuratu behar dituen ezagutza eta gaitasun berariazkoak, eta izaera orokorreko edo zeharkako gaitasunak. Honako hauek osatuko dute: Ikasketa Plana eta gainerako prestakuntza-jarduerak gaindituz, zehazten diren kalitatea bermatzeko prozeduren laguntzarekin, emaitza zehatzak eta zenbatu ahal direnak lortzea ahalbidetzen duten gaitasun eta espero diren emaitzen multzoak.
3. Ikasketa plan bat modulu, gai eta irakasgaien egitura zehatz bat da. Horretan irakasgaiak segidan antolatuta eta planifikatuta daude, eta 60tik 120ra ECTS kreditu artekoak dira. Aurreikusitako iraupena, arduraldi osoko ikasle batentzat, batetik bi ikasturte bitartekoa da.
5. artikulua. ECTS kredituak. Tutoretzak.
1. Prestakuntza Programa europar kreditutan (ECTS) egituratzen da, Europako unibertsitateetan egindako ikasketen balioa errazago onartzeko, eta alderantziz. Europar kredituak, ikasleak Ikasketa Planean aurreikusitako helburuak lortzeko egin beharreko ikasketa-lanaren eduki edo karga osoa neurtzen du.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan europar kreditu bat emango da ikasleak egindako 25 lan-ordurengatik, horien barnean daudela ikasgelako orduak, teoriakoak eta praktiketakoak, tutoretza eta ikasketa-orduak, mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak egiteko erabilitako orduak eta ebaluazio-probak prestatu eta egiteko eskatutakoak.
3. ECTS kreditu sistemaren testuinguruan, tutoretzak titulazio berrien prestakuntza programetan sartzen diren ikaskuntza metodoa dira, aukera ematen dutenak ikaslearen lan autonomoa bakoitzari egokitzeko, gainbegiratzeko eta ebaluatzeko. Tutoretzako parte-hartzea programatuta dago, eta ikaslearen lan-ordu presentzialak balira bezala zenbatuko da.
6. artikulua. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak diseinatzeko baldintzak.
Unibertsitateko Master ikasketa ofizialen egiturak ondoko baldintzak beteko ditu:
a) Ikasketen ECTS kreditu-kopurua 60tik 120ra bitartekoa izango da, lehentasunez 90etik 120ra bitartekoa. Kreditu horiek ikasleak jaso beharreko prestakuntza teoriko eta praktiko guztia izango dute: nahitaezko eta aukerako irakasgaiak, mintegiak, kanpo praktikak, atzerriko egonaldiak, master amaierako lana eta beste prestakuntza jarduera batzuk.
b) Zilegi da aldez aurretik prestakuntza osagarriak eskaintzea, Unibertsitate Masterrera sartzeko titulazioaren arabera eskatuko liratekeenak. Prestakuntza osagarria ez da Masterreko kredituen parte izango, ez dakarrelako Unibertsitate Masterrari dagokion berezitasuneko gaitasunik. Unibertsitateko Master titulu Ofizialari dagokion irakastorduen kopurua ez da inoiz aldatuko hartara sartzeko titulazioaren arabera.
c) ECTS kredituen eskaintza osoaren % 65, gutxienez ere, presentziala izango da.
d) Ikasturte bakoitzaren lan karga 60 ECTS kreditukoa izango da, gehienez ere.
e) Gai bati dagozkion ikaslearen lan-ordu guztietatik, gehienez ere % 40 jarduera presentzialekoak izango dira, oro har. Eskola magistrala dagokion gaiari eskainitako ordu presentzial guztien % 70 izango da, gehienez, eta % 35 gutxienez. Gainerakoa, dagokion gaiaren ezaugarriei hobekien egokitzen zaizkien praktikak, lantegiak eta mintegiak izango dira.
f) Ikasketak presentzialak edo erdipresentzialak izango dira. Edonola ere, aukera izango da eduki jakin batzuk “urrunetik” Ikasgelategi Birtual Partekatuan eman edo hartzeko, G9 taldeko unibertsitateek partekatutako Master Titulazio Ofizialetan etorkizunean izaten ahal den eskaintzaren barnean, edo bestela europar unibertsitateekin mugikortasun birtuala bultzatzeko programen barnean.
g) Hala ere, salbuespenez eta beste instituzio batzuekin batera egiten diren tituluen esparruan, Graduondoko Ikasketa Batzordeak aztertu ahalko du Master ikasketa ofizialak on-line emateko aukera.
7. artikulua. Moduluak, gaiak eta irakasgaiak.
1. Unibertsitateko Master ikasketak modulutan egituratuko dira. Modulua helburu komun bat duen ikaskuntza-unitatea da. Ebaluazio-irizpide esplizitu eta koherenteak ditu, eta gaien edo irakasgaien multzo bat biltzen du, pentsatzen baita elkartuta egon behar dutela, eskaintzari begira, eta ikasleak horien jarraipen sekuentzial, horizontal edo bertikala egiteari begira.
Moduluen definizioak Unibertsitate Master batean ibilbideak (berezitasunak edo aipamenak sortuko dituztenak) ezartzeko beharrari, gaitasun batzuen lan koordinatuari edo beste irakaskuntza-irizpide batzuei erantzun ahal die.
2. Gaiei zientzia-diziplinen balioa ematen zaie, eta irakasgaietan banatu ahalko dira; nolanahi ere, irakasgai bakarreko gaiak ere ezarri ahal dira.
3. Ezarritako irakasgaien egituran hauek bereizi behar dira, gutxienez: prestakuntza-jarduera teorikoak, praktikoak, mintegiak, hitzaldiak eta banakako edo taldekako beste jarduera batzuk, bai eta banakako lana eta ebaluazio-probak ere.
4. Nahitaezko edo aukerako gisa eskainitako irakasgaiek 3, 4, 5 edo 6 ECTS kreditu izango dituzte.
8. artikulua. Masterraren Amaierako Lana.
1. Unibertsitateko Master ikasketa ofizialen bukaeran ikasleek Master Amaierako Lan bat egin eta defendatu behar dute. Ikasketa planaren arabera, lan horrek 6, 12, 18, 24 edo 30 ECTS kreditu izango ditu.
2. Masterraren Amaierako Lanak tituluarekin lotutako gaitasunak eskuratzera eta ebaluatzera bideratuta egon behar du.
9. artikulua. Nahitaezko eta aukerako kredituak.
1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen Ikasketa Planek nahitaezko gaien kredituen % 50 izan beharko dute, gutxienez ere, haietan barne Masterraren Amaierako Lana.
2. Aukerako irakasgaien eskaintza, gehienez ere, izango da ikasleari Unibertsitateko Master Titulu Ofiziala lortzeko urtean eskatzen zaizkion kredituen % 50.
10. artikulua. Kanpo praktikak.
1. Kanpo praktikek aukera emango diete ikasleei lanbide arloko trebetasunak bereganatzeko. Ikasleak lanbide-jarduera horretara hurbil daitezen, kanpo praktikek honako hauek beharko dituzte: kudeaketa egitura, Unibertsitatetik kanpoko entitateekin hitzarmen eta akordioak zehaztea ahalbidetuko duena; prestakuntza baliabideak, alegia, profesionalak eta irakasleak, tutoretza lanak egingo dituztenak, eta jardueren plangintza, lan mundura bideratutako prestakuntzarako gaitasunak bermatuko dituena.
2. Lanbide-orientaziorako Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen kasuan, kanpo praktikak nahitaezkoak izango dira. Irakaskuntzara edo ikerketara bideratutako Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen kasuan, kanpo praktikak nahitaezkoak edo aukerakoak izan daitezke.
3. Kanpo praktikak egiten dituzten ikasleek, berariazko estaldura duen asegurua sinatuko dute matrikulan.
11. artikulua. Aldez aurreko prestakuntza osagarriak.
1. Aldez aurreko prestakuntza osagarriei esker ikasleek, egin nahi duten Unibertsitate Masterrarekin zuzenean lotzen ez diren tutulazioetatik datozenean, behar diren gaitasunak eskuratuko dituzte, gainditzeko bermearekin burutu ahal izateko beren masterrak.
2. Unibertsitateko Master Titulu ofizial bat egiteko onartuak izan diren ikasleak, aldez aurreko prestakuntza osagarriak egiten ari badira, Unibertsitate Masterreko ikasleak izango dira, ondorio guztietarako.
3. Berez Unibertsitate Masterrarenak diren irakasgaien aurretik egin ahalko dituzte, edo, bestela, Masterra egiten ari direnean, tutoreak egoki ikusten dituen irakasgaiekin batera.
4. Ikasleak ez du inoiz ere,Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat lortzeko, 120 ECTS kreditu baino gehiago egin beharko, aldez aurreko prestakuntza osagarriak barne.
12. artikulua. Egonaldiak atzerrian.
1. Ahal den guztietan, Ikasketa Planaren barnean atzerriko egonaldi bat aurreikusiko da, betiere, Unibertsitateko Master Titulu Ofizialarekin lotura duena.
2. Egonaldiek, gehienez ere, 18 ECTS kreditu izango dituzte, betiere 3 ECTS kredituko moduluetan, eta gutxienez ere 9 ECTS kreditu.
3. Ikasleak Goi Mailako Hezkuntzako Unibertsitate Ikastegietan igaroko du atzerriko egonaldia, ikasketak edo Masterraren Amaierako Lana egiten, edo gero kredituak lortzeko aukera emango dioten praktikak egiten enpresetan.
4. Halaber, zilegi da Ikasketa Planean sartzea tituluarekin lotutako Nazioarteko Mugikortasun Birtualeko Programen garapena. Programa horiei esker, ikasleek eta irakasleek beren hizkuntza-gaitasuna sendotuko duen “urruneko” nazioarteko esperientzia lortzeko aukera izango dute.
13. artikulua. Hizkuntza gaitasuna.
NUPek, Unibertsitateko Master Titulu Ofizial berrien garapenean ikasleak atzerriko hizkuntza batean -ingelesak lehentasuna izango du- gaitasuna erdiesteko prestakuntza-jarduerak sustatuko ditu, Masterraren gaiei berez dagozkienak. Era berean, ikasleari euskara edo beste hizkuntza batzuetan hizkuntza-gaitasuna erdiesteko prestakuntza-jarduerak emango zaizkio aukeran. Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak, e-learningeko tresnak abian jarri eta garatzeak, mugikortasun programek, eta mugikortasun birtualeko programek gaitasun hori eskuratzen lagunduko diote.
14. artikulua. Unibertsitateko Master titulu Ofizialen kalitatea bermatzeko sistema.
Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen kalitatea bermatzeko sistemak, oinarri izango dira irakaskuntzen antolaketa berriak eraginkortasunez funtziona dezan eta konfiantza sor dadin, hori baita tituluen egiaztapen-prozesuaren funtsa. NUPeko Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen diseinuan, Unibertsitatearen titulazioen kalitatea bermatzeko titulu horiei banan-banan aplikatzen zaien sistema orokorretik abiatuta, honako hauek zehaztuko dira:
a) Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren kalitatearen berme sistemaren arduraduna.
b) Irakaskuntzaren eta irakasleen kalitatea ebaluatu eta hobetzeko prozedurak.
c) Kanpo praktiken eta mugikortasun programen kalitatea bermatzeko prozedurak, kasua denean.
d) Unibertsitatetik atera direnen laneratze-datuak eta jasotako prestakuntzari buruzko gogobetetasun-maila analizatzeko prozedurak.
e) Gai horretan parte hartzen duten talde guztien (ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, irakasle-ikertzaileak, e.a.) gogobetetasun-maila analizatu eta iradokizun edo erreklamazioei arreta emateko prozedurak.
f) Irizpide berariazkoak titulu bat iraungitzen bada.
BIGARREN KAPITULUA
Unibertsitateko master titulu ofiziala berriak ezartzea
15. artikulua. Arau orokorrak.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri nahi den unibertsitateko edozein master titulu ofizial NUPeko ikastegi bakar bati atxikiko zaio, eta ikastegi horrek egingo dio ezartzeko proposamena Graduondoko Ikasketen Batzordeari.
2. Graduondoko Ikasketen Batzordeak proposamena ebaluatuko du eta hari buruzko txostena prestatuko du, eta Gobernu Kontseiluari igorriko dio.
3. Gobernu Kontseiluaren ardura da Unibertsitateen Kontseiluari igortzea Unibertsitateko Master ikasketa berrietarako proposamenei dagozkien oroitidazkiak, hark egiazta ditzan ANECAk ezarritako protokoloei jarraikiz.
4. Artikulu honen lehen eta bigarren ataletan ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, Gobernu Kontseiluak dagokion Ikastegiari itzuliko dio Unibertsitateko Master Titulu Ofizial berrirako proposamena, hura berriz prestatu eta betebehar horietara egokitzeko.
16. artikulua. Unibertsitateko ikastegi bati atxikitzea.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegiak arduratuko dira Unibertsitatean Master Titulu Ofizialen antolamendu eta funtzionamenduaren kudeaketaz, Master bakoitzari dagokion Irakaskuntza Batzordearekin lankidetzan. Horregatik, Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bakoitza Unibertsitateko Ikastegi bakar bati atxikiko zaio, ezertan ukatu gabe titulu horiek unibertsitateartekoak izan daitezkeela. Azken kasu horretan, Unibertsitate honetako ikastegi bati atxikiak izateaz gain, lotura izango dute beste unibertsitate batzuekin, eta hori dagokien hitzarmenean jasoko da.
2. Ikastegiek Unibertsitateko Master Titulu Ofizialei begira ondoko eginkizun hauek izango dituzte:
a) Ikastegiari Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren proposamen bakoitza atxikitzearen aldeko edo aurkako txostena egitea.
b) Komunikazio organo gisa aritzea, eta horretarako Graduondoko Ikasketen Batzordeari bidaltzea ikastegiari atxikitzeko eskatzen duten Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen “Txosten Proiektua”. 18. artikuluan deskribatua.
c) Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen Batzordeari Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak ezartzeko eskaera egitea, sailek, ikerketa taldeek edo irakasleen taldeek proposaturik.
d) Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen Batzordeari igortzea Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bakoitzeko irakaskuntza Batzordea osatzeko proposamena.
e) Laguntza eta erraztasunak ematea titulu ofizial horien irakaskuntza antolamendurako, prozesuen gardentasuna, funtzionaltasuna, kalitatea eta koherentzia zainduz.
f) Gobernu Kontseiluari igortzea Ikastegiari atxikitzen zaizkion unibertsitateko master titulu ofizialen irakaskuntza-programazioaren proposamena.
g) Graduondoko ikasketen kalitatea bermatzeko jarraipena egitea, Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordearen bidez. Batzordean Unibertsitate Masterraren Kalitate Arduraduna egongo da.
h) Master Amaierako Lanen Epaimahaiko kideak izendatzea, Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Zuzendaritzak proposatuta.
i) Master Amaierako Lanak aurkezteko gidak onestea.
17. artikulua. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial berriak ezartzeko prozedura.
Jarraitu beharreko prozedura honela egituratuko da.
a) Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren Txosten Proiektua prestatzea.
b) Graduondoko Ikasketen Batzordearen aginduzko txostena, Txosten Proiektuari buruzkoa.
c) Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren Txostena prestatzea, beharrerzkoa bada.
d) Graduondoko Ikasketen Batzordearen aginduzko txostena, Tituluaren Txostenari buruzkoa.
18. artikulua. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren Txosten Proiektua.
1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat ezartzeko eskaera egiteko, lehenbizi Txosten Proiektu bat aurkeztu beharko da, arautegi honen I. eranskinean datorren inprimakiari jarraikiz. Txosten Proiektuaren helburua da proposatutako Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren oinarriak laburbiltzea, gutxienez ere honako 5 puntu hauei begira:
a) Proposatutako izenburua Unibertsitateko Master Titulu Ofizial gisa deskribatu eta identifikatzea.
b) Titulua ezartzearen egokitasuna justifikatzea.
c) Ikasleek eskuratu beharreko gaitasunen sintesia.
d) Tituluaren xedea den ikaslearen profila identifikatzea.
e) Ikasketen bideragarritasuna, ekonomiaren zein irakaskuntzaren aldetik, aztertzea.
2. Titulu bakoitzaren Txosten Proiektua zein ikastegiri atxikitzen zaion, horrek tituluari buruzko txostena prestatu eta Graduondoko Ikasketen Batzordeari igorriko dio.
3. Unibertsitateartekoak izateko proposatzen diren Tituluek, Txosten Proiektuarekin batera Asmoen Adierazpen bat aurkeztuko dute, parte hartzeko asmoa duten unibertsitate guztietako irakaskuntza-arduradunek sinatua. Adierazpen horretan bereziki aipatuko da Unibertsitate horiek ados daudela proiektu horietan lan egitearekin.
19. artikulua. Txosten Proiektua balioestea.
1. Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen Batzordeak Txosten Proiektua balioetsiko du, Asmoen Adierazpenarekin batera, hala dagokionean, ondoko irizpideei jarraikiz (ikusi II. eranskina).
a) Masterraren izenburua eta ezaugarri orokorrak (18.1 a) artikulua) egokitzea ikasleek, eskuratu beharreko gaitasunei (18.1 c) artikulua.
Alderdi hauek balioetsiko dira bereziki: proposatutako izenburua bat etortzea ikasleek eskuratu beharreko gaitasunei, proposamenak jasotzea azalpen egokia, ikasketa mailarekin edo ondorioekin bat datorrena, nahasketarik sor ez dadin edukiari eta, kasua bada, ondorio profesionalei dagokienez, eskuratu beharreko gaitasunek argi identifikatzea ikasketa aurreratuak direla, graduko ikasketetan lortzen direnekin dagoen aldea erakutsita.
b) Proposatutako ikasketak ezartzearen egokitasuna justifikatzea (18.1.b artikulua).
Alderdi hauek balioetsiko dira bereziki: proposamena prestatzeko erabilitako barne zein kanpo aholkularitza prozedurak egokitzea, proposatutako tituluak, irakaskuntzaren, zientziaren edo lanbidearen aldetik duen norabidearen interesa erakusten duten frogak ematea, kanpoko erreferentziak egotea, proposamenaren egokitasuna bermatzen dutenak, antzeko ezaugarri akademikoak dituzten tituluetarako nazioan edo nazioartean diren irizpideei begira, lanbidera edo ikerketara bideratutako Masterren kasuan, proposamenak zer lotura duen dagokion lanbide sektoreko I+G+b-ren egoerarekin.
c) Bilatzen diren titulazio profilen bideragarritasuna (18.1.d).
Alderdi hauek balioetsiko dira bereziki: profilak egokitzea Nafarroako Unibertsitate Publikotik eta unibertsitate mugakideetatik ateratzeko behar diren profilen errealitatera; curriculumaren garapen ezberdinak proposatzen badira sarbide titulazioen arabera, garapen horien proposamenaren argitasuna, koherentzia eta egokitasuna.
d) Erabilgarri dauden giza baliabideak eta materialak (18.1.e artikulua)
Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle iraunkorrak egotea balioetsiko da, bai eta irakasle horien erabilgarritasuna ere.
e) Aurrekontuaren bideragarritasuna eta kanpoko finantzaketa (18.1.e artikulua).
Ikasketak garatzeko zenbatesten diren gastuak eta kanpoko finantzaketa edukitzeko egiazko aukerak balioetsiko dira.
2. Batzordeak txosten proiektu bakoitzaren gaineko txostena eta ebaluazioa egingo du. Kontrako txostena ematen badu, edo aldeko txostena emanda ere halako baldintza batzuk betetzera behartzen badu, erabaki hori arrazoitu beharko du eta horren berri eman titulua proposatu duen ikastegiari.
20. artikulua. Unibertsitateko master titulu ofizialaren txostena:
1. Graduondoko Ikasketen Batzordeak aldeko txostena ematen badio txosten proiektu baten proposamenari, hilabeteko epea izango da txosten osoa prestatzeko, Unibertsitateen Kontseiluari hura egiazta dezan eskatzeko.
2. Unibertsitateen arteko tituluak direnean, txosten osoa ematen den unean parte hartzen duten unibertsitateen arteko hitzarmena erantsi beharko da. Hitzarmenak finkatuko ditu, gutxienez ere, ondoko alderdi hauek.
a) Ikasleen matrikula eta espedienteen tramitazioa.
b) Tituluaren kudeaketa ekonomikoa.
c) Irakaskuntzaren garapena.
d) Ikasleen eta irakasleen mugikortasuna.
e) Eman beharreko tituluaren ezaugarriak.
f) Hitzarmen horretan aginduko duten legeak.
3. Graduondoko Ikasketen Batzordeak ezarriko ditu oroitidazkia prestatzeko, oro har, bete beharreko jarraibideak.
4. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial berriak une horretan ematen zen beste bat ordezten badu, Titulu berriaren Oroitidazkiak irakasgaien egokitzapen taula bat jaso beharko du.
21. artikulua. Graduondoko Ikasketen Batzordearen azken aginduzko txostena
1. Graduondoko Ikasketen Batzordeak titulu bakoitzaren proposamenaren Txosten osoa ebaluatuko du. Ebaluaziorako, ANECAk ezarritako irizpideak erabiliko ditu.
2. Batzordeak Txosten bakoitza ebaluatu eta haren gaineko azterlana egingo du; azterlan hori Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari bidaliko dio. Halaber, Gobernu Kontseiluari proposatuko dio Unibertsitateen Kontseiluari bidaltzeko, haiek egiazta ditzala, aldeko azterlana jaso duten Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen eskaerak.
3. Graduondoko Ikasketen Batzordeak, kontrako azterlana ematen badu, edo aldeko azterlana emanda ere halako baldintza batzuk betetzera behartzen badu, erabaki hori arrazoitu beharko du eta horren berri eman Titulua proposatu duen ikastegiari.
HIRUGARREN KAPITULUA
Antolamendua eta irakaskuntza
22. artikulua. Urteko eskaintza.
1. Urtero, aurreko ikasturtearen azken hiruhilekoan, Irakaskuntzaren arloan eskumena duen errektoreordeak, hurrengo ikasturterako Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen eskaintzari dagokion programazioa eskatuko die ikastegiei.
2. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, irakasteko baliabideen arabera, urtero onetsiko du Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen eskaintza.
23. artikulua. Unibertsitateko masterraren Irakaskuntza Batzordea.
1. Irakaskuntza Batzorde bat arduratuko da Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bakoitzaren irakaskuntza zuzendaritzaz. Graduondoko Ikasketen Batzordeak izendatuko du Irakaskuntza Batzordea, Ikastegiak proposatuta Unibertsitate Masterrean lanaldi osoz aritzen diren irakasle iraunkorren artetik.
2. Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordea osatuko dute, gutxienez, hiru irakaslek. Horietako bat Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza zuzendaria izango da, beste bat Kalitate arduraduna, beste bat idazkaria, eta gainerakoak, halakorik bada, batzordekideak izango dira.
3. Unibertsitatearteko Master Titulu Ofizialen kasuan, Masterraren Irakaskuntza Batzordearen osaera ezberdina izan ahalko da, parte hartzen duten unibertsitateek ikasketak koordinatzeko adosten dituzten erabakien arabera.
4. Irakaskuntza Batzordearen bilerak akten bidez erregistratuko dira eta Masterreko idazkariak gordeko ditu aktak. Aktetan Irakaskuntza Batzordearen erabaki guztiak jaso beharko dira.
5. Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordearen eginkizunak dira:
a) Ikasturte bakoitzean behar den informazio eguneratua prestatzea Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren publizitatea eta ikasleen matrikulazioa errazteko.
b) Masterrean sartzeko betekizunak eta ikasle zehatzak onartzeko irizpideak ezartzea eta, beharrezkoa bada, jendeari jakinaraztea.
c) Unibertsitate Masterrera sartzeko ikasleen onarpenari buruz ebaztea.
d) Tutoretza ordutegia ezartzea matrikula aldian, eta matrikulatutako ikasle bakoitzari ikasketak garatzeko tutorea esleitzea.
e) Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordearen bileretan hartutako erabakien berri ematea Unibertsitate Masterreko irakasleei.
f) Ikastegiko Irakaskuntza Batzordeari kredituak onartzeko eta transferentziak egiteko proposatzea.
g) Unibertsitate Masterraren garapenaren jarraipena egitea, Tituluen Kalitatearen Berme Sisteman identifikatutako prozesuak betetzen direla ziurtatzea eta haien emaitzak jaso, aztertu eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeari horien berri ematea, bereziki eraginkortasunik eza edo disfuntzioak atzematen badira.
h) Ikastegiari proposatzea Master Amaierako Lanen epaimahairako kideak.
i) Programa, ikasketa egutegiari lotu dakion zaintzea, Master Amaierako Lanen defentsa barne eta, beharrezkoa bada, kanpoko praktikak egitea ere bai.
j) Urtero, eguneratzea Master Amaierako Lanaren irakaskuntza-fitxa, dagokion ikasturtean Master Amaierako Lanen zuzendaritza egiteko proposatzen diren Unibertsitateko irakasleen zerrenda ezarriz.
24. artikulua. Irakasleak.
1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialetako irakasgaien irakasle arduradunek Unibertsitatearekin lotura iraunkorra izan beharko dute. Hala ere, irakaskuntzan, beste kategoria batzuetako unibertsitateko beste irakasle edo ikertzaile batzuek eta unibertsitate kanpoko profesional adituek ere parte hartu ahalko dute, baina ezin izango dute prestakuntzazko irakasgaien ardura beren gain hartu.
2. Irakaskuntza Batzordeak, era berean, Unibertsitate Masterrean parte hartzeko baimena eman ahalko die Ramón y Cajal, Juan de la Cierva, I3 edo antzeko programetako ikertzaileei, eta unibertsitate institutuei atxikitako langileei, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei, profesional aditu gisa.
3. Unibertsitatearteko Master Titulu Ofizialetan, unibertsitate bateko irakasleak izanik, irakaskuntza beste unibertsitate batean ematen duten irakasleek (Master beraren barnean), irakaskuntza hori kontabilizatu ahalko dute jatorrizko Unibertsitateko Irakaskuntza Antolamenduaren Planaren barnean, Unibertsitate Masterra emateko Unibertsitateen arteko hitzarmenean horrela ezarri bada.
25. artikulua. Tutorea.
1. Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordeak, matrikulatzen den ikasle bakoitzari irakasle tutore bat esleituko dio. Tutoretzak honako oinarrizko helburu hauek izango ditu:
a) Ikasle berrien trantsizio, onarpen eta integrazio prozesua mesedetzea.
b) Ikastegien eta Unibertsitatearen zerbitzu, laguntza eta baliabideei buruzko informazioa ematea.
c) Tutoretzapeko ikasleen irakaskuntza aurrerabidea erraztea, banakako jarraipenaren bidez.
d) Ikasleei curriculum plana beren interes eta aukeren arabera diseinatzen laguntzea.
e) Ikasketetan dituzten zailtasunak identifikatzea eta aplika daitezkeen konponbideak aztertzea.
f) Laneratzeko eta irtenbide profesionalak aurkitzeko aholkuak ematea.
2. Tutore izateko Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan behar da, ahal dela lanaldi osoz, eta ikaslea matrikulaturik dagoen Unibertsitateko Master Titulu Ofizialeko irakasle.
26. artikulua. Irakaskuntza eskaintzaren bermea
1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren ardura duen Ikastegiak, matrikulatutako ikasleei bermatuko die masterra ikasturte batean osatu ahalko dutela 60 kredituko ikasketak direnean, edo bi urtetan, 120 kreditura arteko ikasketak direnean.
2. 20. artikuluaren 4. idatz-zatian ezarritakoa kaltetu gabe, Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat emateari uzten zaionean beste master batekin ordeztu gabe, ardura duen ikastegiak, oraindik bukatu ez duten ikasleei bukatzeko ezinbestekoak dituzten irakasgaiak eman beharko dizkie. Eskaintza hori Unibertsitate Masterra behin betiko iraungi ondoren, hurrengo bi ikasturteetarako ere izango da.
3. Unibertsitateko master titulu ofiziala ez bada gehiago ematen beste batek ordeztu duelako, masterra amaitu ez duten ikasleak ofizioz hasiko dira beste masterrean, eta gainditutako irakasgaiak egokituko dira 20. artikuluko 4. idatz-zatian aipatutako taularen arabera.
4. Hala ere, Master berria ezartzearen ondorioz ikasleak kaltetuta ateratzen direnean, titulua lortzeko kreditu gehiago egin behar dituztelako edo bestelako irakaskuntza arrazoiengatik, masterraren ardura duen Ikastegiak bukatzeko ezinbestekoak diren irakasgaiak eskaini beharko dizkie oraindik bukatu ez duten ikasleei. Eskaintza hau bakar-bakarrik luzatuko da Masterra behin betiko iraungi ondoko ikasturtean, eta irakasgai horiek ez dira zenbatuko ikasturte horretako Irakaskuntza Antolatzeko Planaren irakaskuntza-mandatu gisa. Ikasturte horren bukaeran ikasketak amaitzen ez dituzten ikasleak, soilik egokitu ahalko dira titulu berrira 20. artikuluaren 4. idatz-zatian aipatutako irakasgaien egokitzapen taularekin bat.
LAUGARREN KAPITULUA
Unibertsitateko master titulu ofizialetako ikasleak
LEHEN ATALA
Sarbidea eta onarpena
27. artikulua. Sartzeko argibideak.
1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen aurreinskripziorako aldi orokorraren aurretik, Unibertsitateak titulazio bakoitzaren irakaskuntza gidaliburua argitaratu beharko du, honako informazio hau emanez:
a) Aurreinskripzio, onarpen eta matrikula prozesuetarako bitartekoak, lekuak eta egunak.
b) Ikaspostuen eskaintza eta horietatik zenbat dauden erreserbaturik mugikortasun hitzarmenen bidez edo bestelako hitzarmenen bidez sartzen diren atzerriko ikasleentzat.
c) Izangaiak hautatzeko balioespen irizpideak eta onarpenerako betekizun espezifikoak.
d) Prestakuntza Programa.
e) Irakasgai bakoitzaren programa, honako hauek adierazita: deskribatzaileak, helburuak eta eskumenak, betekizunak eta gomendioak, testuingurua, gaitegia eta edukiak, metodologia eta lanerako plangintza, bibliografia eta baliabideak, aurreikusten diren irakasleak, eskola orduak, ebaluazio sistemak eta zein hizkuntzatan ematen den.
f) Ikasteko behar den arduraldia.
g) Irakaskuntza modalitateak.
h) Zein hizkuntzatan edo hizkuntzetan ematen den.
2. Ezgaitasunagatik hezkuntza-behar berariazkoak dituzten ikasleek Unibertsitatera jo ahalko dute, laguntza- eta aholkularitza-zerbitzuek balioets dezaten curriculumean egokitzapenak egitea beharrezkoa den edo ez.
28. artikulua. Sartzeko betekizun orokorrak.
1. Unibertsitateko Master ikasketa ofizialetara sartzeko beharrezkoa izango da Espainiako unibertsitate titulu ofizial bat edukitzea, edo Europako Unibertsitate Eremuko goi mailako hezkuntza erakunde batek emandako bestelakoren bat, titulua eman den herrialdean Unibertsitate Master ikasketetara sartzeko aukera ematen duena.
2. Era berean, sarbidea izango dute Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko hezkuntza sistemen bidez titulatutakoek, haien tituluak homologatu behar izan gabe, aldez aurretik Unibertsitateak baieztatuta titulu horiek egiaztatzen dituztenen prestakuntza maila Espainian dagokien unibertsitate tituluaren baliokidea dela, eta titulua eman den herrialdean Unibertsitate Masterreko ikasketetara sartzeko gaitzen dituztela.
Sarbide modu horrek inolaz ere ez du ekarriko interesdunak aurretik duen tituluaren homologazioa, ezta beste ondoriorik ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartuak izan diren Unibertsitate Master ikasketak egitearena ez bada.
29. artikulua. Ikaspostu kopuruen mugak eta erreserbatutako ikaspostuak.
1. Ikasturte bakoitza hasi aurretik, Gobernu Kontseiluak Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen eskaintza eta horietarako dauden ikaspostu kopurua ezarriko ditu.
2. Gehienez ere Masterreko ikaspostuen % 25 gorde ahalko dira atzerriko ikasleen mugikortasuna errazteko aritzen diren erakundeekin egindako hitzarmenen bidez sartzen diren ikasleentzat.
3. Onartua izateko eta matrikula egiteko epe bat baino gehiago ezartzen baldin bada, Masterreko Irakaskuntza Batzordeak epe bakoitzean ikaspostuen kopuru mugatua esleitzeko aukera izango du.
30. artikulua. Onartuak izateko prozedura.
1. Ikasturte bakoitza hasi aurreko otsailean hasiko da aurreinskripzioa.
2. Ikasleek Graduondoko Ikasketen Bulegoan aurkeztuko dute aurreinskripziorako eskaera bakar bat, eta bertan titulazio bat adierazteko aukera izango dute. Ez bada adierazitako titulazio horretan onartua, ikaspostuak bete gabe dituen beste titulazio batean onartua izateko eskaera egin ahalko du.
3. Ikasle bakoitzak Unibertsitateko master bakar batean egin ahalko du matrikula. Hala ere, aurreko ikasturtean Unibertsitateko Master Titulu Ofizial batean matrikulatutako ikasle bat bada, errektoreari eskatu ahalko dio beste ikasketa batzuekin batera egitea, betiere, aurreko ikasketak bukatzeko gehienez ere 20 kreditu falta bazaizkio.
4. Unibertsitateko Master bakoitzeko Irakaskuntza Batzordeari dagokio Unibertsitateko Master Titulu Ofizial batean ikasleak onartzeko erabakia.
5. Masterreko Irakaskuntza Batzordeak prestatuko du eta argitaratuko du onartutako ikasleen eta zain daudenen zerrenda, Unibertsitateko Master bakoitzean sartzeko betekizunekin eta onartzeko berariazko irizpideekin bat.
6. Zerrenda Graduondoko Ikasketen Bulegoko iragarki oholean eta Unibertsitatearen webgunean jarriko da. Bertan, ikasle bakoitzarentzat xehatuta jarriko da zein balioespen izan duen sartzeko betekizunei eta onartzeko irizpide berariazkoei begira.
7. Onarpena behin-behinekoa izango da eta izangai bakoitzak, matrikula egiteko unean, Master bakoitzean sartzeko berariazko betekizunak eta onartzeko irizpideak betetzen dituela frogatzen duenean, behin betiko onarpen bihurtuko da.
8. Interesdun ikasleek, aipatu zerrenden aurkako erreklamazioa aurkeztu ahalko dute, argitaratzen direnetik bost eguneko epean. Graduondoko Ikasketen Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu, epea bukatzen denetik, hilabete bateko epean gehienez ere.
BIGARREN ATALA
Ikasleen arduraldia
31. artikulua. Ikasleen tipologia arduraldiaren arabera.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ikasleari urteko matrikulan eskatzen zaizkion gutxieneko ECTS kreditu kopuruaren arabera, honako tipologia hau ezartzen da:
a) Arduraldi osoko ikaslea: gutxienez 60 ECTS kreditu kopuruaren matrikula egin beharko du, edo Unibertsitate Masterra bukatzeko falta zaizkion kredituen matrikula.
b) Arduraldi partzialeko ikaslea: gutxienez ere 20 ECTS kreditu kopuruaren matrikula egin beharko du ikasturte bakoitzeko.
2. Ikasleek, matrikula egiteko unean erabakiko dute zer nolako arduraldia hautatu. Hala ere, Masterreko Irakaskuntza Batzordeek ahalmena dute lehentasuna emateko arduraldi osoz jarduteko konpromisoa hartzen duten ikasleen eskaerei.
32. artikulua. Ikasle bisitaria.
1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bateko ikasle bisitaritzat hartuko dira horren modulu batean edo batzuetan, edo ikasgai multzo jakin batean, era puntualean matrikulatuta dauden ikasleak. Horrela gainditzen diren irakasgaiak ziurtagiri batean jasota geldituko dira.
2. Ikasle bisitaria Nafarroako Unibertsitate Publikoan Unibertsitateko beste Master titulu ofizial bat egiten ari bada, kredituak Unibertsitateko Master honetan bere ikasketa espedientean aitortuak edo transferituak izan ahalko dira.
3. Ikasle bisitari gisa onartua izateko baldintza izango da ikaspostuak gelditzea, behin Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren ikasleen matrikularako ohiko epea bukatu eta gero. Ikasle bisitariak ez dira sartuko Unibertsitateko Masterraren adierazleen kalkuluan.
HIRUGARREN ATALA
Urteko irakaskuntza eta administrazio egutegia
33. artikulua. Urteko irakaskuntza eta administrazio egutegiaren onespena.
1. Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen Batzordeak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onetsiko du ikasturte bakoitzean behar den irakaskuntza egutegia, betiere hurrengo artikuluan ezarritako jarraibideak betez.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak edo gai horretan eskumena duen errektoreordeak ikasturte bakoitzerako administrazio egutegia onetsiko du, betiere ondoko artikuluan ezarritako jarraibideak errespetatuz.
3. Master Amaierako Lan horien defentsa publikorako hiru aldi ezarriko dira, seihileko bakoitzeko bana, eta hirugarren bat irailean. Haietara aurkezteko ikasleek gainditu beharko dituzte titulua eskuratzeko behar diren gainerako ECTS kredituak.
4. Ikasleek ikasturte bakoitzean defentsa hori egiteko bi deialdi erabiltzeko aukera dute. Master Amaierako Lanaren defentsa bi seihilekoetako batean egin ezean, lehen deialdian ez aurkeztutzat hartuko da.
34. artikulua. Irakaskuntza egutegiaren egitura.
1. Irakaskuntza egutegia egiteko abiapuntutzat ikasturte bat edo bi kontuan hartuko dira, haietariko bakoitza bi seihilekotan garatua.
2. Aldi horiei esker arduraldi osoko ikasleak seihilekoa garatzeko jarduera guztiak bete behar ditu: eskola presentzialak ikasgelan, teorikoak zein praktikoak, mintegiak, tutoretzak, banakako lanak edo taldean egitekoak, kanpoko praktikak, proiektuak, norberak ikastea edo taldean ikastea, eta ebaluazio probak prestatzea eta egitea.
LAUGARREN ATALA
Matrikula
35. artikulua. Matrikula.
1. Matrikula, eta hura aldatzea edo baliogabetzea, Graduondoko Ikasketen Bulegoan egingo da, ikasturte bakoitzeko administrazio egutegian ezartzen den epeetan eta modu bakarrean edo mailakatuan.
2. Administrazio egutegiak onarpenerako eta matrikularako lehen aldi bat ezarriko du ekainetik uztailera bitartean, eta bigarren aldi bat irailean, matrikula osatuta egon dadin urriaren 1erako. Era berean, ikasturtea hasi ondoren, matrikula-aldia zabalik egongo da otsaileko lehen astera arte, legezko baldintzaren bat betetzeko baldintzapean onartuak diren ikasleen matrikula egin ahal izateko.
3. Master Amaierako Lanerako matrikula Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Master Amaierako Lanari buruzko Erregelamenduan ezarritako epean egingo da. Gobernu Kontseiluak 2011ko martxoaren 31n hartutako erabaki baten bidez onetsi zen erregelamendua.
4. Ezarritako epean matrikula gauzatzen ez duten ikasleek matrikula egiteko eskubidea galduko dute, ez bazaie, behintzat, galarazi dien zerbait larri gertatu ez agertzeko, eta hori behar bezala egiaztatzen badute. Horretarako eskabidea aurkeztuko dute errektorearen aurrean, edo haiek eskuordetutako errektoreordearen aurrean, eta berak ebatziko du.
36. artikulua. Matrikula aldaketa.
Ikasleek, matrikula aldatzeko aukera izango dute, eta, hortaz, irakasgai kopurua gehitu edo murriztu, betiere, horretarako jarritako epean, eta Irakaskuntza zuzendariaren adostasuna izanik. Lehen deialdian azken ebaluazioa izan duen irakasgairik ezin izango da ikasle baten matrikulatik ezabatu inolaz ere.
37. artikulua. Unibertsitatearen ofiziozko jarduna matrikularen baliogabetzeei dagokienez
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasleen espedienteak blokeatuko ditu honako kasu hauetan:
–Matrikularen prezio publikoak ezarritako epeetan ez ordaintzeagatik.
–Ikasleak ez badu aurkezten matrikula egiteko nahitaez eskatzen diren agirietakoren bat.
2. Espedientea blokeatzeak berarekin ekarriko du tituluak edo ziurtagiriak ezin luzatzea, espedientea beste unibertsitate batera ezin lekualdatzea, edo bestelako kudeaketa akademiko administratiborik egin ezin izatea.
3. Interesdunari espedientearen blokeoaren berri emango zaio, jakinaren gainean egon dadin, besterik gabe.
38. artikulua. Matrikula baliogabetzea.
1. Ikasleek zilegi dute matrikula baliogabetzeko eskatzea ikasturtea hasten denetik hilabete bateko epean, justifikaziorik egiaztatu beharrik gabe, ofizioz onartuko baita.
2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, ikasleak eskatuta, matrikula deuseztu ahalko zaio ikasturtearen edozein unetan, aurrerantzean ikasketak jarraitzea eragozten dioten aparteko egoeretan eta gertatzezkoetan, ikasleak behar bezala justifikatuta.
3. Estreinakoz matrikula eginda edukita, aparteko egoeretan eta gertatzezkoetan, eta ikasleak behar bezala justifikatuta, matrikula baliogabetzearen kasua izan duten ikasleek, ikasketa horietan lehen bezala matrikulatzeko eskubidea izaten jarraituko dute, hurrengo aurreinskripzio prozesuan berriro parte hartu beharrik gabe. Ikaspostu horiek ez dira onarpen mugen barnean zenbatuko.
4. Kasu guztietan, errektorearen edo eskumena duen errektoreordearen ebazpen baten bidez ebatziko dira baliogabetzeak.
5. Matrikula baliogabetzeak matrikulatutako, onartutako edo baliokidetutako kreditu guzti-guztiei eragingo die, eta sortutako ondorio akademiko guztiak baliogabetuko dira, halakorik bada.
39. artikulua. Matrikula baliogabetzeko edo aldatzeko eskaeraren ondorio ekonomikoak.
1. Aurreko artikuluaren 1. idatz-zatian aurreikusitako kasuan, matrikula baliogabetzeak berarekin dakar matrikulatutako edo onartutako kredituei dagozkien prezio publikoen zenbatekoaren %80 itzultzea.
2. Aurreko artikuluaren 2. idatz-zatian aurreikusitako kasuan, matrikula baliogabetzeak berarekin dakar matrikulatutako edo onartutako kredituei dagozkien prezio publikoen zenbatekoaren %100 itzultzea.
3. Estreinakoz matrikula egin duten ikasleen kasuan, ikasleek eskubidea izango dute matrikulatutako, onartutako edo baliokidetutako kredituei dagozkien prezio publikoen zenbatekoaren %100 jasotzeko, honako baldintza hauek betetzen direnean:
a) Baliogabetzearen arrazoia izatea ikaslea beste unibertsitate batean onartua izan dela, aurreinskripzio prozesuan ikaspostuak berriz esleitu direlako.
b) Nafarroako Unibertsitate Publikoak hutsunea bete ahal izatea ikasketa horietan hasteko itxaron-zerrendan dauden ikasleekin.
4. Inolaz ere ez dira itzuliko espedientea irekitzeagatik ezarritako prezio publikoak ezta kudeaketa administratiboari dagozkionak ere.
5. 36. artikuluan ezarritako matrikula aldatzeko aukeran, matrikulatutako kreditu kopurua murriztuz, murriztutako kredituei dagozkien prezio publikoen % 100 itzuliko da, betiere aldaketa ikasturtearen lehen hilabetean egin bada. Aldaketa epe hori baino geroago egiten bada, tasa horien %80 itzuliko da soilik, ez baldin badaude egoera gertatzezkoak eta ikasleak behar bezala justifikatutakoak.
BOSGARREN ATALA
Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzea
40. artikulua. Araudi aplikagarria.
Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko sistema Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluan erabakitakoari lotuko zaio, “Nafarroako Unibertsitate Publikoko kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeari buruzko arautegian” ezarritakoari jarraikiz.
SEIGARREN ATALA
Ebaluazioa
41. artikulua. Deialdi kopurua.
1. Ikasleek lau deialditarako eskubidea du, irakasgai bakoitza gainditzeko.
2. Irakasgai guztien matrikulak, Master Amaierako Lanarenak barne, ebaluazioari begira, bi deialditarako eskubidea emango dute matrikula egiten den ikasturte horretan.
3. Zenbaketa egiteko, ikasleak aukera eduki duen deialdi guztiak zenbatuko dira, ezarritako ebaluazio prozedurak betetzen ez badira ere.
42. artikulua. Iraupen araubidea.
Iraupen araubidea Master ikasketetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak horretarako onesten dituen arauei lotuko zaio.
43. artikulua. Ebaluazioa epaimahaiaren bidez.
1. Ikasleek zilegi dute azken bi deialdietako ebaluazioa epaimahai batekin egiteko eskatzea, administrazio egutegian ezarritako epeetan.
2. Errektoreak edo eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu eskaerak.
3. Epaimahaia osatuko dute irakaskuntza atxikitako saileko edo sailetako hiru irakaslek, irakasgai hori ematen ez dutenak, dagokion ikastegiko dekanotzak edo zuzendaritzak izendatuak.
44. artikulua. Konpentsazioaren bidezko ebaluazioa.
1. Ikasleek konpentsazioaren bidez gainditzeko aukera izango dute, honako eskakizun hauek guztiak betetzen badituzte:
a) Ikasketak amaitzeko gehienez ere irakasgai bakar bat gelditzea, Master Amaierako Lana salbu.
b) Konpentsatu behar den irakasgaiaren bi deialdi, gutxienez, agortuak izatea, eta nolanahi ere, azkena agortu gabe edukitzea.
c) 4,0 puntuko gutxienezko nota edukitzea, konpentsatu beharreko irakasgaiaren bi azkeneko deialdietako batean.
d) Konpentsatu behar den irakasgaia aukerakoa ez izatea, ezta kanpoko praktikei dagokiena, ezta Master Amaierako Lana ere.
2. Ikaslearen espedientean irakasgai hori sistema horren bidez gainditu dela adieraziko da. Konpentsazioaren bidez gainditutakoa “Gai 5,0” kalifikazioaren baliokidea da. Espedientea barematzeari dagokionez, konpentsazioaren bidezko gai kalifikazioak 1 balio du.
3. Irakasgaiaren konpentsazioa egiteko eskaera administrazio egutegiak ezartzen duen epean aurkeztu behar da.
4. Eskabideak Graduondoko Ikasketen Bulegoan aurkeztuko dira eta handik dagokion ebazpena emateko proposatuko diote errektoreari edota gai hauetan eskuduna den errektoreordeari.
5. Artikulu honen 1. eta 2. ataletan ezarritako baldintza guztiak betetzen badira, eskaera onartuko da.
45. artikulua. Ebaluatzeko modalitateak.
1. Ikasleak ikasturtean eskuratutako gaitasunen etengabeko ebaluaziorako modalitateak sustatuko dira. Nolanahi ere, irakasgai bakoitzaren irakaskuntza aldiaren bukaeran, beharrezkoa balitz, ebaluazio-proba orokor bat eskatzen duten irakasgaietako azken azterketak egingo dira.
2. Irakasgai bakoitza ebaluatzeko modua irakasgaiaren Prestakuntza Programan ezarriko da, eta ikasleei jakinaraziko zaie irakaskuntza aldi bakoitza hasi baino lehen.
3. Ebaluaziorako probak ezgaitasuna duten ikasleen beharretara egokitu behar dira, eta beharrezko egokitzapen material eta metodologikoak egingo dira eskumena duen unitateak koordinatuta eta gainbegiratuta.
4. Ikasleak gainditu ez duen irakasgai batean konpentsazioaren bidez ebaluatzeko eskaera egiteko aukera du, arautegi honen 44. artikuluan ezarritako baldintzak betez.
46. artikulua. Etengabeko ebaluazioa.
1. Ikasleen eskola-errendimenduaren ebaluazioa objektiboa izango da, etengabeko ebaluazioarako joera izango du, eta hezkuntzaren tresna ardurakide gisa eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren fase bat bezala ulertuko da.
2. Irakastaldian erabiltzen diren etengabeko ebaluazioarako mekanismoek, azken ebaluazioari begira, irakasgaiaren Prestakuntza Programan ezartzen den pisua izango dute.
3. Irakasgaiaren Prestakuntza Programarekin bat, etengabeko ebaluazioa azken ebaluazio batekin osatu ahalko da, Unibertsitatearen irakaskuntza egutegian horretarako ezarritako esparruan.
4. Ikasleek aldiro izango dute etengabeko ebaluazioa osatzen duten jardueretan izandako emaitzen berri. Horretarako, irakasgaiaren Prestakuntza Programan ezarritako mekanismoak erabiliko dira.
47. artikulua. Azken ebaluazioa.
1. Azken ebaluazioa ahozkoa zein idatzizkoa izango da eta, beharrezkoa denean, irakaskuntza egutegian ezarritako epean egingo da; irakasgaian eskatzen diren gaitasunak eta helburuak lortu direla frogatuko da etengabeko ebaluazioan bezalaxe.
2. Azken ebaluazioa irakasgaiaren Prestakuntza Programan ezarritakoaren arabera egingo da. Proba bat gainditzea edo lan bat aurkeztea eskatu ahalko da.
3. Azterketak, halakorik bada, horretarako ezarritako epean egingo dira eta ezin dira izan larunbata arratsaldetan, igandeetan ez eta jaiegunetan ere. Ohiz kanpoko edozein salbuespen egiteko, baimena eskatu beharko zaio idatziz Unibertsitate Masterra atxikita duen ikastegiko zuzendaritzari edo dekanotzari.
4. Azterketetarako deialdia Ikastegiko Idazkaritzan argitaratuko da seihileko bakoitza hasi baino lehen, eta tokia, eguna eta ordua adieraziko dira. Egun horiek Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordeak jarriko ditu, Gobernu Kontseiluak onetsitako azterketa-aldiaren barnean, eta irakasgaiak ematen dituzten irakasleei eta ikasleei entzun ondoren.
5. Edozein ebaluazio probatan iruzurrik atzemanez gero, ikasle horri proba baliogabetuko zaio. Beharrezkoa bada, ez gainditua kalifikazioa jarri ahal zaio deialdi horretan, prozedura hori bukatu ondoren ezarri ahal zaizkion bestelako erantzukizunak edozein izanik ere.
48. artikulua. Azterketa eguna aldatzeko banan-banako eskaera.
1. Ikasleak azterketa-eguna aldatzeko eskaera egin dezake, behar bezala arrazoitutako zergatikoak baldin baditu, esaterako:
a) Klaustroaren, Gobernu Batzordearen, Gizarte Kontseiluaren, Ikastegiko Batzordearen edo Saileko Kontseiluaren bilera eta azterketa egun berean izatea, ikaslea deialdia egin duen organoko kidea bada.
b) Ikasleak matrikula egina duen titulazioan bi azterketa edo gehiago egun eta ordu berean izatea.
c) Unibertsitateko kirol lehiaketak eta azterketa egun berean edukitzea, Unibertsitateak ofizialki parte hartzen badu horietan eta ikaslea Unibertsitatearen ordezkaria bada.
d) Beste edozein, irakasle arduradunaren iritziz nahikoa bada.
2. Kasu horietan, irakasleak eta interesdunak bien artean beste egun bat adostuko dute, Gobernu Kontseiluak onetsitako azterketa-aldiaren barnean. Adosten ez badute, ikasleak Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordeari eskatu ahal izango dio eguna aldatzea.
49. artikulua. Kalifikazioak berrikustea.
1. Ikasleek eskubidea dute ebaluazio proba eta lan guztien kalifikazioak berrikusteko, akta ofizialetan jarri aurretik.
2. Irakasgaiaren ardura duen irakasleak eta, beharrezkoa bada, epaimahaiburuak, kalifikazioak iragarki-oholetan jartzeaz gainera, azterketak berrikusteko egun-orduak ezarriko ditu. Gutxienez egun batean berrikusiko dira, goiz eta arratsaldez, baina berrikusketa ez da hasiko kalifikazioak jendaurrean jarri, eta hurrengo egun balioduna igaro baino lehenago.
3. Kalifikazioa berrikusi ondoren, ikaslea ados ez badago, errekurtsoa jar dezake; horretarako idazkia egin behar dio Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordeari eta bertan arrazoiak eman, berrikusketa egin ondoren, bi egun balioduneko epean. Horretarako, Batzordeak epaimahai bat izendatuko du, Unibertsitateko Masterraren hiru irakaslek osatua, non irakasgaiaren irakasle arduraduna ezin baita egon. Idazkia aurkeztu, eta, gehienez ere, hamar eguneko epean, Epaimahaiak ebazpena eman beharko du, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean.
4. Errekurtsoa jarri izanak ez du geldiaraziko aktak osatu eta emateko prozedura.
50. artikulua. Azterketak gordetzea.
1. Irakasleek idatzizko azterketak gordeko dituzte, bai eta ahozko azterketen dokumentuak eta egindako praktikei buruzko txostenak ere, emandako kalifikazioa justifikatzen dutenak, Artxibo Batzordeak ezartzen duen epean.
2. Kalifikazioaren aurkako errekurtsoa jartzen bada, dokumentu guztiak gordeko dira, gaia behin betikoz ebatzi arte.
51. artikulua. Aktak.
1. Irakasgaiaren aktak hurrengo artikuluetan ezarritako moduan jasoko ditu kalifikazioak, eta ez ditu zuzenketak edo zirrimarrak edukiko; eta Unibertsitateak dituen baliabide tekniko eta informatikoen bidez bete beharko da.
2. Irakasgaiaren irakasle arduradunak aktaren orri guztiak sinatu beharko ditu.
3. Akatsen bat egonez gero, dagokion eginbidea dokumentuaren atzeko aldean idatzi beharko da, zuzenketa egunarekin batera, eta irakasgaiaz arduratzen diren irakasleek sinatu beharko dute. Egindako zuzenketak ikasleek egiaztatu ahal izango dituzte beren espedienteetan.
4. Akta eman, eta handik urtebetera, ezin izango da egin aktaren edukia aldatuko duen eginbiderik, erreklamazioa aurkeztu ez bada, behintzat.
5. Irakasleek akten jatorrizkoak eman beharko dituzte, gai horretan eskuduna den errektoreordeak deialdi bakoitzerako ezarritako epeetan eta prozedurari jarraikiz. Epeak ez betetzeagatik sortutako erantzukizuna irakasgaiaz arduratzen den irakaslearena da, edo epaimahaiarena, epaimahaia egonez gero.
52. artikulua. Kalifikazio sistema.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuak arautuko ditu kalifikazioak, horrek ezartzen baitu kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema.
2. Erabilitako ebaluazio sistema edozein izanik ere, eta aurreko idatz-zatian adierazitakorekin bat, gai bakoitza 0tik 10era kalifikatuko da, hamarren bakar batekin:
0-4.9: Ez Gainditua (EG)
5.0-6.9: Gainditua (G)
7.0-8.9: Ongi (O)
9.0-10: Oso Ongi (OO)
Ohorezko Matrikula (OM)
3. “Ohorezko Matrikula” aipamena 9.0 kalifikazioa edo hura baino handiagoa atera duten ikasleei eman ahalko zaie. Haien kopurua ezin izango da ikasturte batean ikasgai batean matrikulaturiko ikasleen ehuneko bosta baino handiagoa, ez bada matrikulaturiko ikasleen kopurua 20tik beherakoa dela, eta kasu horretan “Ohorezko Matrikula” bakarra eman ahalko da.
53. artikulua. Kalifikazioen alderaketa eta gardentasuna.
Kalifikazioen alderaketa eta gardentasuna ahalbidetzeko, “ECTS eskala” izeneko letrazko eskala jarriko da horiekin batera, matrikulaturiko ikasle kopuruak horretarako bidea ematen badu, betiere.
–A: hoberenen %10en artean dago kalifikazioa.
–B: kalifikazioa hurrengo %25en artean dago.
–C: kalifikazioa hurrengo %30en artean dago.
–D: kalifikazioa hurrengo %25en artean dago.
–E: kalifikazioa hurrengo %10en artean dago.
–Gaia gainditu ez bada, F izendapena aplikatzen da. FX kalifikazioa erabili ahal da gaia ikaslea gainditzetik hurbil dagoela adierazteko, eta F oraindik hori lortzetik urrun dagoela adierazteko.
54. artikulua. Ikasketa espedientean kredituak sartzea eta ziurtatzea.
1. Ikasleak lortutako kredituak, transferituak, aitortuak, eta dagokion titulua lortzeko gainditu diren guztiak bere ikasketa espedientean sartu eta Tituluaren Europako Gehigarrian ezarriko dira.
2. Ikasketa espedientearen ziurtagirian kalifikazioak arautegi honetako aurreko artikuluetan ezarritako zehaztasunekin adieraziko dira.
3. Ikasketa ziurtagirietan espedientearen batez bestekoa adieraziko da, ondoko artikuluan ezarritakoarekin bat.
55. artikulua. Ikasketa espediente bukatuen balioespena.
1. Ikasle bakoitzaren ikasketa espedientearen batez bestekoa irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritako formularen arabera ateratzen da, ondoko idatz-zatian ezarritakoa kaltetu gabe.
2. Ikasketa espediente batean kalifikazio sistema bat baino gehiago (kuantitatiboa eta kualitatiboa) erabili dela ikusten bada, edo ikasleen ikasketa espedienteek kalifikazio sistema berdinak erabiltzen ez dituzten lehiakortasun prozesuetan, ikasleen ikasketa espedienteen balioespena homogeneizatzeko, nahitaez erabili beharko da jarraian deskribatzen den prozedura eta zenbakizko eskala:
Ikasketa espedientearen batez bestekoa ateratzeko, 1044/2003 Errege Dekretuaren I. eta II. eranskinetako 4.5 puntuan ezarritako zenbakizko eskala erabiliko da, tituludunaren kalifikazio osoari dagokiona, eta espedientea osatzen duten irakasgai edo ikasmaila guztiekin alderatuta, irakasgai edo ikasturte bakoitzaren balioa haztatzeko ezartzen den formula, honako irizpide hauekin bat:
–Irakasgaien edo ikasmailen zenbakizko kalifikazioak, baliokidetza taula honen arabera aterako dira:
KALIFIKAZIOA | BALIOKIDETZA PUNTUETAN |
5.0-6.9 Gainditua | 1 |
7.0-8.9 Oso ongi | 2 |
9.0-10 Bikain | 3 |
9.0-10 Bikain Ohorezko Matrikularen aipamenarekin | 4 |
–Aitortzen diren kredituak jatorrizko ikastegian lortutako kalifikazioaren baliokideak dira puntutan.
–Ez dira zenbatuko kalifikaziorik gabe aitortutako kredituak, kreditu transferituak, “gai” kalifikazioa dutenak ez beste edozein adierazpen duten guztiak ere.
–Irakasgai bakoitzaren edo gainditutako ikasmaila bakoitzaren kalifikazioa haztatuko da, osatzen duten kredituen arabera, honako formula honekin bat:
V= P x Nca / NCs
Non:
V= irakasgaiaren edo ikasmailaren balio haztatua.
P = irakasgaiaren edo ikasmailaren puntuazioa, baliokidetza taularen arabera.
Nca= irakasgaia edo ikasmaila osatzen duten kreditu kopurua.
NCs = gainditutako kredituak, guztira.
–Espedientearen batez besteko nota ateratzeko, gainditutako irakasgai edo ikasmaila guztien balio haztatua batzen da.
56. artikulua. Jabetza intelektuala.
1. Euskarri material bakarra duten lanak, Masterraren Amaierako Lana barne, eta praktiken oroitidazkiak, balioetsi ondoren itzuliko zaizkie sinatzen duten ikasleei, hala eskatuta, irakasgaiaren azken kalifikazioaren aurkako erreklamazioak egiteko epea amaitu ondoren, ez bada errekurtso bat ebazteko dagoela.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren lanen argitalpena edo erreprodukzioa, osoa zein parte batekoa, edo erabat akademikoa ez den beste helburu batekin erabiltzeko, egilearen edo egileen berariazko baimena beharko da, jabetza intelektualari buruzko legeriarekin bat.
ZAZPIGARREN ATALA
Masterraren Amaierako Lana
57. artikulua. Masterraren Amaierako Lana.
1. Masterraren Amaierako Lanean matrikula egin ahalko dute titulua lortzeko gainerako irakasgaiak gaindituta dauzkaten ikasleek, edo irakasgai horien matrikularekin batera masterraren matrikula egiten dutenek.
2. Masterraren Amaierako Lanaren defentsa inolaz ere ezin izango da egin, aldez aurretik ez badira gainditu titulua lortzea ahalbidetzen duten gainerako irakasgai guztiak.
3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Master Amaierako Lanaren Erregelamenduan ezarritakoak arautuko du Master Amaierako Lanak egin, defendatu, ebaluatu, kalifikatu eta administrazioan tramitatzeari dagokion guztia.
HIRUGARREN TITULUA
Nafarroako Unibertsitate publikoko ikasketa berekiak
LEHENBIZIKO KAPITULUA
58. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasketa berekiak eman ahal izango ditu, Unibertsitateen Kontseiluak homologatutako ikasketa planetan ez badaude, eta ikasleen prestakuntza eta espezialitate akademikoa eta profesionala osatzeko badira. Horiek egin ondoren, lurralde nazional osoan baliodunak eta ofizialak diren tituluez bestelako titulu bereki, diplomak eta irakaskuntza ziurtagiriak emango ditu.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero ezarriko du berak ematen dituen ikasketa berekien eskaintza.
BIGARREN KAPITULUA
Ikasketa berekien egitura
59. artikulua. Ikasketa berekien tipologia.
1. Hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa berekiak:
a) Master titulu berekiak, espezializazio diplomak, unibertsitateko aditu tituluak, unibertsitate-hedapeneko diplomak eta unibertsitate-hedapeneko egiaztagiria lortzeko aukera ematen dutenak.
b) Titulu bereki bat lortzeko aukera ematen ez duten etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk: espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak doktore titulu hauek emateko aukera izango du:
2.1. Arau hauetako 70.3 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, ikasketak egiteko unibertsitateko titulu bat edukitzea nahitaezko baldintzatzat duten titulu berekiak:
a) Master titulua lortzera bideratzen duten ikasketak. 60 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 120 ECTS, gehienez ere.
b) Espezializazio diploma lortzera bideratzen duten ikasketak. 30 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 59 ECTS, gehienez ere.
c) Unibertsitateko aditu titulua lortzera bideratzen duten ikasketak. 15 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 29 ECTS, gehienez ere.
2.2. Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea baldintzatzat eduki beharrik izan ez dezaketen titulu berekiak:
a) Unibertsitate hedapeneko diploma lortzera bideratzen duten ikasketak. 30 ECTS izango dituzte, gutxienez ere.
b) Unibertsitate hedapeneko ziurtagiriak lortzera bideratzen duten ikasketak. 15 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 29 ECTS, gehienez ere.
2.3. Etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk.
a) Espezializazio ikastaroak, 5 ECTS kreditu izango dituzte, gutxienez ere, eta 15 ECTS, gehienez ere.
a) Ikastaroak, 1 ECTS kreditu izango dituzte, gutxienez ere, eta 5 ECTS, gehienez ere.
c) Mintegiak, 1 ECTS kreditu izango dituzte, gehienez ere.
3. ECTS izenekoa ezarri da balioespen neurritzat, eta ikasketa hauei 5.1 eta 5.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
4. Unibertsitateko master titulu ofizialetarako 7. artikuluan ezarritakoaren antzera, titulu berekiak lortzeko ikasketak modulu, gai eta irakasgaietan egituratuko dira.
5. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketen moduluak bereizirik egin daitezke, proposamenak hala badio. Modulu bakoitza espezializazio ikastaro bat edo batzuk izango da bere iraupenaren arabera. Titulu bereki bat lortzeko ikasketa baten modulu osoen parte bat egiteak dagokion ziurtagiria lortzeko modua emango du, betiere proposamenean hori aipatzen bada.
Titulu bereki bateko modulu guztiak espezializazio ikastaro gisa egiten badira, titulu hori emango da, dagozkion prezio publikoak ordaindu eta gero, eta betiere ikasleak titulu berekia egiteko betekizunak betetzen baditu.
6. Titulu berekitzat hartuko dira Unibertsitateko master titulu ofizial baten babesean diseinatzen diren eta titulu bereki moduan eskaintzen diren moduluak.
60. artikulua. Etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk:
1. Espezializazio ikastaroak:
a) Etengabeko prestakuntzara eta egunean-egunekora zuzenduta egongo dira, zientziaren, teknikaren eta giza zientzien alorretan.
b) Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea beharrezkoa den edo ez ezarriko dute antolatzaileek.
c) 5 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 15 ECTS, gehienez ere.
d) Dagozkien ziurtagiriak eskuratzeko bidea emango dute, bertaratzeagatik edo etekina ateratzeagatik.
2. Ikastaroak eta mintegiak:
a) Ikastaroek 1 ECTS izango dute, gutxienez ere, eta 5 ECTS, gehienez ere, eta mintegiek 1 ECTS, gehienez ere.
b) Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea beharrezkoa den edo ez ezarriko dute antolatzaileek.
c) Kanonetik, administrazio tasetatik eta titulua emateko tasetatik salbuetsita egongo dira.
d) Antolaketa unitateak emandako eta ikastaroaren zuzendariak sinatutako bertaratze-agiri bat lortzeko eskubidea emango dute.”
61. artikulua. Unibertsitate hedapeneko diplomaren eta unibertsitate hedapeneko ziurtagiriaren titulu berekia.
Titulu berekien sartzeko profilek ez dute nahitaez unibertsitatekoak izan behar, eta ikasketa ofizialek betetzen ez dituzten gizarte inguruaren beharrei erantzuten diete.
62. artikulua. Unibertsitateko adituaren eta Espezializazio diplomaren titulu berekiak
1. Zienziaren, teknikaren eta giza jakintzen esparruetan espezializatzera bideratutako graduondoko ikasketek titulu hauek lortzera bideratzen dute:
a) Espezializazio diplomako titulu berekia, 30 eta 59 ECTS kreditu bitarteko irakastordu kopurua baldin badute.
b) Unibertsitateko adituaren titulu berekia, 15 eta 29 ECTS kreditu bitarteko irakastordu kopurua baldin badu.
2. Bi kasuetan ECTS kredituen % 10 emango da, gehienez ere, proiektu edo lan bat egiteagatik.”
63. artikulua. Master titulu berekia
1. Master titulu berekiek graduondoko ikasketak edukiko dituzte, maila handiko prestakuntza berezitua edo diziplina anitzekoa emateko, ezagupen horiek irakaskuntzan edo lanbidean aplikatzeari begira.
2. Gutxienez ere, ikasturte batekoak izango dira, eta ikasleek titulua eskuratzeko egin beharko duten kreditu-kopurua 60 eta 120 ECTS kreditu bitartekoa izango da, eta horietatik % 10 proiektu edo lan bat egiteagatik eman ahal izango dira.
3. Ikastaro horiek gainditzeak eskubidea emango du master titulu berekia eskuratzeko.
64. artikulua. Ikasketa partekatuak
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekiak antolatu ahalko dira nazioko edo atzerriko beste entitate edo unibertsitate batzuekin. Ikasketa bakoitza bere hitzarmenak arautuko du eta Gobernu Kontseiluak onetsi behar ditu, Graduondoko Ikasketen Batzordeak proposatuta.
65. artikulua. Ikasketa berekietako irakasleak.
1. Ikasketa berekietako irakasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta beste unibertsitate batzuetako irakasleak izango dira, lehentasunez doktoreak. Nolanahi ere, eta ikasketa berekiaren ezaugarrien arabera, beste kategoria batzuetakoak diren unibertsitatetik kanpoko profesional adituek, irakasleek edo ikertzaileek ere izango dute eskolak emateko aukera, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek ematen badute irakastorduen % 30 gutxienez ere (lotura iraunkorra duten NUPeko irakasleek irakastorduen % 10 eman behar dute gutxienez ere). Hori ez zaie aplikatuko 5 ECTS baino gutxiago dituzten eta kanpoko profesional adituak eskatzen dituzten ikastaroei.
2. Gehienez ere 100 irakastordu emango dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek ikasketa berekietan ikasturte bakoitzeko.
3. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin loturarik gabeko pertsonek ikasketa berekietan parte hartzeak ez du esan nahi unibertsitate honekin lan loturarik duenik.
4. Ikasketa berekietan parte hartzen duten irakasleek bateraezintasunei buruzko arautegia bete behar dute.
5. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen batez bidez, Graduondoko Ikasketen Batzordeari entzun eta gero, urtero ezarriko da irakastordu bakoitzeko eta beste lan batzuengatik (tutoretzak, azterketak...) zenbat diru jasoko den gehienez ere”.
66. artikulua. Finantzaketa
1. Ikasketa berekiek autofinantzatu egin behar dute, eta Oroitidazki Ekonomikoan diru-sarrerek eta gastuek orekatuta egon behar dute.
Hauek izan daitezke diru-sarrerak:
a) Prezio publikoen eskubide ekonomikoak. Matrikularen prezio publikoak ezarriko dira Gizarte Kontseiluak ezarritako gehienezko prezioaren arabera eta kostuen irizpideei eta eskariaren eta eskumenaren gaineko eskakizunei erreparatuz, bai eta beste diru-sarrera batzuen eraginaren arabera ere.
b) Erakunde publiko nahiz pribatuen diru-laguntzak edo ekarpenak.
2. Beste erakunde batzuekin titulu berekiak egitea adosten denean, hitzarmen baten bidez jaso behar dira bi aldeen kontraprestazio ekonomikoak.
3. Salbuespen gisa, ikasketen garrantzia edo interes estrategikoa dela eta, Unibertsitateak zilegi du, errektoreorde eskudunaren bidez, finantzabidearen parte bat bere gain hartzea, Unibertsitatearen diru-sarreren aurrekontu orokorraren kargura.
4. Zilegi da beketara zuzendutako gastu kontusail bat ikasketa bereki bakoitzaren aurrekontuan sartzea, eta ikasketa berekiaren bideragarritasuna bermatuko da beti. Bekak esleitzeko baldintzak onetsitako proposamenean jasoko dira. Aurrekontua Betetzeko Oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz esleituko dira.
5. Ikasketa bereki batean txosten ekonomikoan ezarritako gutxieneko matrikula kopurura iristen ez bada edo finantza-orekarekin bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko beharrezkoak diren diru-laguntzak lortzen ez baditu, irakaskuntza zuzendariak, ikasketa berekia hasi baino lehen, errektoreorde eskudunari eskatuko dio aurreikusitako gastuak jaistea, benetako diru-sarreretara egokitzeko edo bertan behera uztea.
6. Ikasketa berekia amaitzen denetik bi hilabeteko epean, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak, kudeatzen dituen tituluei dagokienez, edo irakaskuntza zuzendariak ikasketa berekiaren balantze ekonomikoa aurkeztu behar du.”
HIRUGARREN KAPITULUA
Titulu berriak eta ikasketa berekiak onetsi eta ezartzea
67. artikulua. Titulu berekiei buruzko proposamenen edukia
1. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketa berekien proposamenak Graduondoko Ikasketen Batzordeari zuzenduko zaizkio antolaketa-unitatearen bidez, eta III. eranskinean aipatzen diren edukiak jaso behar dituzte gutxienez ere.”
2. Batzordeak proposamen bakoitza ebaluatu eta haren gaineko txostena egingo du; txosten hori Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari bidaliko dio. Halaber, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari proposatuko dio aldeko txostena jaso duten titulu berekien proposamenak ezartzea onets dezala.
3. Graduondoko Ikasketen Batzordeak kontrako txostena ematen badu, edo aldeko txostena emanda ere, halako baldintza batzuk betetzera behartzen badu, erabaki hori arrazoitu beharko du eta horren berri eman Titulua proposatu duenari eta antolaketa-unitateari.”
4. Gobernu Kontseiluak ezezkoa eman ahalko dio ikasketa berekien programa bat ezartzeari, betiere, programa horien helburuak eta edukiak funtsean elkarren antzekoak badira edo lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren tituluak eskuratzeko beste edozein ikasketaren helburu eta edukien antzekoak badira.
68. artikulua. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketak berritu eta kentzea.
1. Unibertsitateak urtero onetsiko du titulu berekien eskaintza. Eskaintzan sartuko dira azken ikasturtean emandako titulu berekiak. Haien eskaintza berritu egingo da, proposamen-egileek horretarako ezarritako epean hala eskatzen badute. Titulu berekiaren azken edizioaren txosten ekonomikoarekin batera aurkeztuko da eskaintza berritzeko eskaera”.
2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, Graduondoko Ikasketen Batzordeak proposatuta, ikasketa horien eskaintza ez berritzea erabaki dezake, justifikaturiko arrazoiak baldin badaude. Erabakiak ezarri beharko du matrikulatutako ikasleek nola egin behar dituzten titulu berekia bukatzeko geratzen zaizkien kredituak.
3. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketak berritu, eta horrek programaren, finantzaketaren edo beste alderdiren baten aldaketa ekartzen badu, Graduondoko Ikasketen Batzordeari jakinarazi behar zaio aldez aurretik, ikasketa proposamen berri baten bidez. Proposamen horretan beharrezkoak diren aldaketak soilik jasoko dira, eskumena duten organoek balioesteko eta onesteko.
69. artikulua. Ikasketa berekien proposamena eta onespena.
1. Lotura iraunkorra duten irakasleek, sailek, ikastegiek, errektoreordetzek, ikerketa taldeek, Gizarte Kontseiluak, Zuzendaritza Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluak zilegi dute espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea. Proposamena egiten duena lotura iraunkorra duen irakasle bat baldin bada, bere sailak aginduzko txosten bat egin beharko du.
Gai honetan eskuduna den errektoreordetzak espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak aztertu eta onetsiko ditu, eta aldian-aldian Graduondoko Ikasketen Batzordeari jakinaraziko dizkio jaso dituen eskaera guztiak.
2. Lotura iraunkorra duten irakasleek, sailek, ikastegiek, errektoreordetzek, ikerketa taldeek, Gizarte Kontseiluak, Zuzendaritza Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluak zilegi dute 29 ECTS edo gutxiago dituzten titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea. Proposamena egiten duena lotura iraunkorra duen irakasle bat baldin bada, bere sailak aginduzko txosten bat egin beharko du.
3. Sailek eta/edo ikastegiek eta errektoreordetzek zilegi dute 30 ECTS edo gutxiago dituzten titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea, eta haiek izendatuko dute titulu berekien irakaskuntza zuzendaria.”
LAUGARREN KAPITULUA
Ikasketa berekien antolaketa eta irakaskuntza
LEHEN ATALA
Sarbidea, onarpena, matrikula, ECTSen aitorpena eta ikaslearen estatusa.
70. artikulua. Ikasketa berekietarako sarbidea.
1. Ikasketa berekietan sartzeko, Unibertsitatean sartzeko behar diren legezko eskakizunak bete behar dira.
2. Arau hauetako 59.2.1 artikuluan azaltzen diren ikasketa berekietarako sarbidea izateko, unibertsitateko titulu ofiziala eduki behar da.
3. Hala ere, Graduondoko Ikasketen Batzordeak, Ikasketa Berekien Irakaskuntza Zuzendaritzak proposatuta, ikasketetako espezialitatearekin lotura zuzena duten eta Unibertsitatean sartzeko titulaziorik edo unibertsitateko titulaziorik edo baliokiderik ez duten profesionalak onetsi ahalko ditu, betiere, agirien bidez egiaztatzen badute profesionaltasun hori eta egin nahi duten ikasketa berekian eskatutako gainerako eskakizun berariazkoak betetzen dituztela.
Baimen horren arabera titulu bereki bat egiten duten ikasleek ezin izango dute master titulu berekia, aditu edo espezializazio diploma jaulkitzeko eskatu, unibertsitateko titulu ofizialik lortzen ez badute. Nolanahi ere, egindako ikasketen ziurtagiria lortzeko eskubidea izango dute.
71. artikulua. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketetan onartzeko eta matrikula egiteko prozedura.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa berekiak egin nahi dituztenek dagokien administrazio unitatean aurkeztuko dute onartuak izateko eskaera, ikasketa bakoitzean aurretik horretarako ezarritako epean.
2. Onartua izateko prozedura ikasketa bereki bakoitzera ezarritakoa izango da, ikasketa berekiaren proposamenean ezarritako irizpideekin bat etorriz eta antolaketa-unitateak kudeatuko du.
3. Onartutako ikasleek dagokien epean egingo dute matrikula, eta eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute.
4. Ezarritako prezioa ordaindutakoan gauzatuko da matrikula, ikasketa berekien urteko eskaintzak, eta, hala badagokio, ikasketa berekiaren deialdiak zehazten duen moduan.
5. Matrikula baliogabetzeko eta, behar bada, aldatzeko, Arautegi honetako 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, eta gainera:
a) Bidezkoa izango da matrikula baliogabetzea ez ordaintzeagatik ikasturte bakoitzean ezarritako epeetan. Ez ordaintzeagatik matrikula baliogabetu dioten ikasleak ordaindu duen zenbatekoa galduko du.
b) Ikasturtea hasi baino lehen matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenei ordaindutako zenbatekoa itzuliko zaie, inskripzio eskubideak direla-eta ordaindutako zenbatekoa salbu (zenbateko hori ikasketa berekien urteko irakaskuntza arautegian agertuko da).
c) Ikasturtea hasi eta gero, matrikula baliogabetzeko eskatzen duten ikasleek ez dute dirua itzultzeko eskubiderik izango, eta zenbatekoa osorik ordaindu beharko dute.
d) Ordaindutako zenbatekoak itzuliko dira ikastaroa bertan behera uzten bada soilik.
6. Istripu aseguru bat kontratatuko da, titulu eta diploma berekiak lortzera bideratutako ikasketak egiteko aldian bere ikasle guztiak estaliko dituena, bidaiak eta praktikak barne, baldin baleude. Administrazio kudeaketaren prezio publikoekin batera ordainduko dute ikasleek aseguru honen zenbatekoa.
72. artikulua: ECTSen aitorpena.
Irakaskuntza zuzendariak zilegi du ECTSak aitortzea titulu bereki batean, arautegi honetako 40. artikulua aplikatuta. Bere ondorio ekonomikoari dagokionez, ez da matrikularen prezioa murriztuko onartutako ECTSengatik.
Salbuespen gisa, Graduondoko Ikasketen Bulegoak zilegi du titulu bereki batean ECTSak aitortzea aipatu artikuluan ezarrita moduari jarraitu gabe, zirkunstantziek hala eskatzen dutenean.”
BIGARREN ATALA
Ikasketa berekien zuzendaritza eta kudeaketa
73. artikulua. Irakaskuntza Zuzendaritza.
Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duen irakasle doktore baten esku egongo da ikasketa berekien irakaskuntza-zuzendaritza.
Irakaskuntza zuzendariak eta/edo koordinatzaileak jasoko duen ordainsaria finkatzeko datu hauek hartuko dira kontuan: zein eginkizun dituen eta eginkizun horiek egiteko zenbat ordu lan egin behar duen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen batez bidez, Graduondoko Ikasketen Batzordeari entzun eta gero, urtero ezarriko da lan ordu bakoitzeko zenbat diru jasoko den gehienez ere.”
74. artikulua. Ikasketa berekien kalitatearen kalifikazioa, jarraipena eta ebaluazioa
1. Arautegi honetako 55. artikuluan ezarritako kalifikazio sistema erabiliko da ikasketa berekietarako, eta Gai/ Ez Gai sistema erabiliko da espezializazio ikastaroetarako. Ikastaroetarako eta mintegietarako ez da kalifikazio sistemarik ezarri.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, berak ematen dituen ikasketen babes akademikoa, kontrola eta jarraipena egiteko lana izango du, eta hori Graduondoko Ikasketen Batzordearen bidez egingo du, nahiz zuzenean, nahiz beste hainbat erakunderekin elkarlanean.
3. Graduondoko Ikasketen Batzordeak mekanismoak eta prozedurak ezarriko ditu ikasketa berekien irakaskuntzaren kalitatearen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta Gobernu Kontseiluari emango dio horien berri.
4. Ebaluazio hori irakaskuntza helburuak nola bete diren aztertzen duten prozesuen bidez egingo da urtero. Horretarako, gutxienez balioetsiko dira ikasleek jasotako prestakuntzarekin izan duten gogobetetzea, parte hartzen duten irakasleen eta ikasketa berekien Irakaskuntza Zuzendaritzaren iritzia.
5. Ebaluazio negatiboa izanez gero, proposamenak aurkeztea eskatuko da, hurrengo ikasturtean horri berehala konponbidea emateko. Konponbidea emateko proposamenik ez bada, edo horiek eskasak direla uste bada, Graduondoko Ikasketen Batzordeak Gobernu Kontseiluari emango dio horren berri, hala behar izanez gero, ikasketa berekiarekin jarraitzeko baimena ez ematea erabaki dezan.”
75. artikulua. Irakaskuntza, administrazio eta antolaketa kudeaketa.
1. Ikasketa berekien Irakaskuntza Zuzendaritzak hartuko du bere gain irakaskuntza kudeaketaren ardura.
2. Ikasketa berekien gaiei buruzko ebazpen guztien aurka, zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean.
3. Onartzeko eta matrikula egiteko prozedurak, bai eta administrazio tramite eta kudeaketako eta antolaketako beste edozein gai ere, kasu bakoitzaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo Unibertsitate-Gizarte Fundazioko administrazio zerbitzuek kudeatuko dituzte.
4. Unibertsitate-Gizarte Fundazioak eginkizun hauek izango ditu ikasketa berekien kontuetan:
a) Sail, ikastegi, unibertsitateko ikerketa erakunde eta ikerketa zentroekin eta unibertsitateko beste organo batzuekin sustatzea eta lankidetzan jardutea ikasketa berekietako ikasketak eta jarduerak sortzen eta garatzen, eta haien zabalpena eta sustapena egitea bere ingurune sozioekonomikoan.
b) Dagoen gizarte eskaera aztertzea, eta prestakuntza behar horiek unibertsitateko komunitateari jakinaraztea, erantzun arin eta malgu bat antolatzeko eta sustatzeko, eta kalitateko prestakuntza eskaintza bat eta antzeman diren beharren araberakoa bermatzea.
c) Abian diren prestakuntza iraunkorreko ikasketa eta jardueren jarraipen bat egitea, eta haiei administrazio laguntza ematea.
d) Prestakuntza iraunkorreko gaietan eskuduna den errektoreordetzari arau indardunen betearazpenari buruz berri ematea eta aholkuak ematea.
e) Unibertsitateak nazioko prestakuntza iraunkorreko sare nagusiekin lotuta jarrai dezala bermatzea, esperientzia berritzaileen trukea eta ikaskuntza ahalbidetzeko.
f) Ekimen ekintzaileak sustatzea eta laguntzea, prestakuntza iraunkorra aztertzeko, garatzeko eta hobetzeko.”
76. artikulua. Tituluak eta ziurtagiriak.
1. Interesdunek eskaturik eta dagozkien prezioak aldez aurretik ordainduta, Unibertsitateak bere administrazio unitatearen bidez jaulkiko du dagokion titulu edo ziurtagiria. Tituluak edo ziurtagiriak ikasketa berekietarako Unibertsitateak duen Erregistroan jasota egongo dira.
2. Legeria indardunarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak, Graduondoko Ikasketen Batzordeak eskatuta, zilegi du mastert titulu berekiak eta espezializazio diplomen inskripzioa egitea Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan, bai jendaurreko informazioari begira, bai egon daitezkeen irakaskuntza aitorpenei begira.
3. Unibertsitateak izendatuko duen administrazio unitatean gordeko dira ikasketa bereki bakoitzaren datuak, behin betiko matrikulaturiko ikasleen zerrenda, asistentziaren azken akta eta, halakorik denean, ebaluazio akta, administrazio kudeaketaz arduratzen den unitateak emango dituen ereduen arabera.
77. artikulua: Ikasketa berekien urteko eskaintzari buruzko xedapenak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez, Graduondoko Ikasketen Batzordeak proposatuta, aurreko ikasturtearen hasieran onetsiko dira urtero ikasketa berekien urteko eskaintzari buruzko xedapenak. Xedapen horiek informazio hau jasoko dute gutxienez ere: ikasketa berekien proposamenak egiteko egutegia, matrikularen prezio publikoa ordaintzeko modua, irakaskuntza emateagatik jasoko den ordainsaria, irakaskuntza zuzendaritzaren eta, hala badagokio, koordinazio eginkizunen ordainsaria, eta beste jarduera batzuek sortutakoak, hala nola, tutoretzak, proiektuak eta azterketak. “
Lehen xedapen gehigarria.
Arautegi honetan jaso ez diren egoerak errektoreak edo eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu.
Bigarren xedapen gehigarria
Espainian araututako lanbide-jardueretarako gaitzen duten tituluak direnean, arautegi hau aplikatuko da, baldin eta bateragarria bada Gobernuak ezarritako baldintzekin 1393/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluaren 4. idatz-zatian ezarritako moduan.
Lehen xedapen iragankorra.
Arautegi hau baino lehenago onetsi ziren ikasketa berekiak arautegi horretara egokitu behar dira 2015/2016 ikasturtean zehar eta, nolanahi ere, ikasketa bereki horien edizio berri bat hasi baino lehen.
Halaber, iraungitu gabeko ikasketa berekien hitzarmenak, arautegi honek indarra hartu baino lehen unibertsitateekin eta unibertsitatetik kanpoko erakundeekin ezarritakoak, egokitu egin behar dira, ikasketa bereki horien edizio berri bat hasi baino lehen.”
Xedapen Indargabetzailea
1. Arautegi hauek indarrik gabe geratu dira:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Graduondoko Ikasketa Ofizialei buruzko Esparru Arautegia, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2005eko azaroaren 28an hartutako erabaki baten bidez onetsitakoa.
b) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasketa Berekiei buruzko Esparru Arautegia, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2006ko azaroaren 28an hartutako erabaki baten bidez onetsitakoa, eta Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2009ko apirilaren 1ean onetsitako erabaki baten bidez aldatutakoa.
c) Master ikasketa berriei buruzko txostenak onesteko jarraibideak, Unibertsitateen Kontseiluari bidali beharrekoak kontseilu horrek egiaztatzeko, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko azaroaren 28an hartutako erabaki baten bidez onetsitakoak.
d) Master ikasketa ofizialak diseinatu, prestatu eta ezartzeko jarraibide orokorrak, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko azaroaren 28an hartutako erabaki baten bidez onetsitakoak.
2. Indarrik gabe geldituko dira arau hauetan xedatutakoaren kontraesanekoak edo kontrakoak diren lerrun bereko edo txikiagoko arau guztiak.
Azken Xedapena. Indarra hartzeko eguna
Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
Txosten proiektua, nupeko master titulu ofizial berri
bat ezar dadila eskatzeari buruzkoa
1.–Unibertsitateko Master Titulu Ofiziala deskribatu eta identifikatzea.
2.–Ikasketa horiek ezartzearen egokitasuna eta egokiera justifikatzea.
3.–Ikasleek eskuratu beharreko gaitasunen laburpena.
4.–Masterraren xedea den ikaslearen profila identifikatzea
5.–Proposamenaren irakaskuntza eta ekonomia bideragarritasunari buruzko azterketa.
1.–Proposatutako titulua deskribatzea eta identifikatzea |
Unibertsitateko master titulu ofizialaren izena: | |
NUPeko zein ikastegiri atxikitzen zaion: | |
Proposatutako irakaskuntza-zuzendaria: | |
Irakaskuntza mota: presentziala, erdipresentziala, urrutikoa | |
Masterraren orientazioa: lanbide, irakaskuntza, ikerketa arlokoa |
Unibertsitatearteko masterren kasuan | |
Unibertsitate parte-hartzaileak | Koordinazioaz arduratuko litzatekeen unibertsitatea |
2.–Proposatutako Unibertsitateko master titulu ofizialaren justifikazioa |
–Ikasketa hauek ezartzearen egokitasuna eta egokiera justifikatu behar da, aurreko esperientzietako datuetan (tituluetan), egungo aukeretan eta abarretan oinarrituz.
–Berariaz adierazi proposamena kalitate doktoretza bat edo beste titulu bat eraldatzetik heldu den. Proposamena erlazionatu egin daiteke arlo profesionaleko edo ikerketako Masterretarako sektore zientifiko-profesionaleko I+G+b-ren egoerarekin. Proposamena nazioko eta nazioarteko irizpideetara egokitzen dela bermatuko duten unibertsitatetik kanpoko erreferenteak erabiltzea titulua ezarri ahal izateko.
–Masterraren orientazioa justifikatzea (profesionala, irakaskuntzakoa edo ikerketakoa) eta, doktore titulurako sarbidea ematen badu, bermatzea gutxienez ere, kredituetako 60tan irakasleak doktore izango direla.
(750 hitz gehienez ere) |
3.–Ikasleek eskuratu beharreko gaitasunen laburpena |
–Tituluaren xedeak izan behar du ikasleei prestakuntza aurreratua ematea, berezitua eta diziplina anitzekoa. 1393/2007 Errege Dekretuaren I. Eranskineko deskribatzaileetan oinarritzea.
(350 hitz gehienez ere) |
4.–Masterraren ikasle izan behar dutenen profila identifikatzea |
–Ikasketa horietan sartzeko modua eman dezaketen egungo unibertsitateko titulu ofizialak adieraztea, bai eta etorkizuneko gradu tituluak ere, ahal bada.
–Adierazi aurretiazko prestakuntza edukiak aurreikusi ote diren sarbidea ematen duten hainbat titulaziotarako eta, horrela bada, deskribatu haiek modu laburrean.
(350 hitz gehienez ere) |
5.- Irakaskuntza eta ekonomia bideragarritasunaren azterketa |
–Balioestea erabilgarri dauden giza baliabideak eta baliabide materialak. NUPeko irakasleei aipamena egiten zaienean, idatziz jaso beharko da irakasle horiek egun duten irakaslanaren eta irakasteko gaitasunaren arteko erlazioa.
–Matrikulaz gain egon daitezkeen diru-sarrera gehigarriak eta haien bideragarritasuna identifikatzea.
–Espero diren gastuen zerrenda laburra egitea.
(500 hitz gehienez ere) |
(Dokumentuaren luzera gehienez ere: 6 orrialde)
iI. ERANSKINA
Unibertsitateko Master titulu ofizialak ezartzeko Txosten proiektuei buruzko balioespen irizpideak
Graduondoko Ikasketen Batzordeak balioetsiko ditu Unibertsitateko master titulu ofizialak ezartzeko “Txosten Proiektuan” jaso behar diren bost atalak.
Erabilitako balioespen irizpideak jarraian deskribatzen dira. Proposamen batek aurrera egin ahal izateko, nahitaezkoa izango da irizpide horietan guztietan aldeko balioespena lortzea.
1.–Masterraren izenburua eta ezaugarri orokorrak (proiektuaren 1. puntua) egokitzea ikasleek lortu behar dituzten gaitasunetara (proiektuaren 3. puntua).
Proposatutako izenburua ikasleek eskuratu beharreko gaitasunekin koherentea den balioetsiko da. Eta, halaber, proposamenak irakaskuntza maila edo ondorioetarako egokia edo koherentea den deskribapena jasotzen duen, halako moldez non ez baitu nahasmenik sortuko bere edukiari buruz, edo, baldin badaude, ondorio profesionalei buruz. Gaitasunek ikasketen izaera aurreratua argi eta garbi identifikatzea balioetsiko da, halako moldez non egungo ikasketetako lehen eta bigarren zikloetan lortuetakoetatik ezberdinduko baitira.
2.–Proposatutako ikasketak ezartzearen egokitasuna justifikatzea (proiektuaren 2. puntua).
Aurreko doktoretza programak aldatu, edo aurretiaz NUPen ezarritako graduondoko programak egokitzen badira, kontuan hartuko dira izenburu horien arrakasta parametroak: kalitateko doktoretzak, urteko matrikula kopurua, defendatutako tesi kopurua... baldin badaude.
Honako hauek balioetsiko dira: proposamena prestatzeko erabilitako barne zein kanpo aholkularitza prozedurak egokiak izatea, ematen diren frogek erakustea proposatutako tituluak irakaskuntzaren, zientziaren edo lanbidearen aldetik duen orientazioaren interesa, kanpoko erreferentziak egotea, proposamenaren egokitasuna bermatzen dutenak, antzeko ezaugarri akademikoak dituzten tituluetarako nazio edo nazioarteko irizpideei begira eta lanbidera edo ikerketara bideratutako Masterren kasuan, proposamena lotu ote den lanbide sektoreko I+G+b-ren egoerarekin.
3.–Bilatzen diren titulazio profilen bideragarritasuna (proiektuaren 4. puntua).
Balioetsiko da nola egokitzen diren profil horiek NUPetik eta unibertsitate mugakideetatik ateratzeko profilen errealitatera. Aurretiazko prestakuntza edukiak proposatzen badira sarbide titulazio ezberdinetarako, horien proposamenaren argitasuna, koherentzia eta egokitasuna balioetsiko da.
4.–Erabilgarri dauden giza baliabideak eta materialak (proiektuaren 5. puntua).
NUPeko irakasle iraunkorrak egotea balioetsiko da, bai eta irakasle horien erabilgarritasuna ere (irakasle horiek egun duten irakaslan/irakasteko gaitasun erlaziotik abiatuta).
5.–Aurrekontuaren bideragarritasuna eta kanpoko finantzabidea (proiektuaren 5. puntua).
Ikasketak garatzeko zenbatesten diren gastuak eta kanpoko finantzaketa edukitzeko egiazko aukerak balioetsiko dira.
III. ERANSKINA
Titulu bereki berriak ezartzeko proposamenek nahitaez izan behar dituzten edukiak
a) Proposamen-egilea.
b) Ikasketekin eskuratzen den titulu berekiaren izena, sailkapena “Ikasketa berekien tipologiak” artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, eta, halakorik bada, baita titulu bereki baten modulu oso bat edo batzuk egiteko bidea ematen duten ziurtagiriena ere.
c) Titulu berekiaren justifikazio arrazoitua, tituluak ekonomian eta gizartean duen beharrari, egokitasunari eta bideragarritasunari buruz.
d) Tituludunen prestakuntza profila, gaitasunak eta programak ikasleari eman dakiokeen irakaskuntzarako eta lanbiderako gaitasunak.
e) Irakaskuntzen hedapena ECTS kredituetan.
f) Programa, zeinetan ECTS kredituen kopuru osoa eta ikasketa programari aurreikusten zaion iraupena adieraziko baitira. Behar denean, titulu berekia eskuratzeko ikasketaren moduluak modu berezian egin daitezkeenean, horiek beren artean duten harremana. Halaber, modulu, gai eta irakasgai zerrenda bat edukiko du, eta horretan iraupena, gaitasunen azalpena, edukia eta kredituen araberako iraupena, izaera teorikoa edo praktikoa.
g) Ikasketa ebaluatzeko irizpideak.
h) Irakaskuntza zuzendaria eta, beharrezkoa bada, Gastu Unitate Funtzionalaren arduraduna den eta unibertsitatearekin lotura iraunkorra duen irakaslea.
i) Parte hartzen duten irakasleen izen-zerrenda, haien titulazioa, irakaskuntza edo lanbide egoera eta ikastaroan emango duten ordu kopurua zehaztuz. Unibertsitateko irakaslea ez bada justifikatu egingo da haren curriculum vitaea aurkeztuz.
j) Ikasleen gutxieneko eta gehieneko kopuruak ikasketak ezartzeko, irakasteko baliabideen eta baliabide materialen arabera, Unibertsitateak, hala dagokionean, ezarriko dituen irizpideen arabera. Irakaskuntzarako eskakizunak, bai eta salbuespenak, matrikula-epea eta aurreinskripzioa ere, behar balitz. Idatz-zati honetan, ikasleak hautatzeko prozedura adieraziko da, eskaera kopurua ikaspostu kopurua baino handiagoa bada. Era berean, bekak edo ikasteko laguntzak emateko aukerarik dagoen adieraziko da.
k) Egutegia eta garatzeko tokia.
l) Titulua irakasteko behar diren azpiegiturak, bai eta giza baliabideak eta baliabide materialak ere.
m) Oroitidazki ekonomikoa, zeinak aurreikusitako diru-sarreren eta gastuen azalpen zehatza jasoko baitu. Diru-sarrera eta gastu horien bidez autofinantzatuko da ikastaroa.
Gutxienez ere kontzeptu hauek jasoko ditu oroitidazki ekonomikoak:
–Diru-sarreren aurrekontua, zeinean atal hauek jasoko baitira
a) Matrikulen prezio publikoak.
b) Erakunde publiko eta pribatuek emandako diru-laguntzak.
c) Beste diru-sarrera batzuk.
–Gastuen aurrekontua, zeinean atal hauek jaso behar baitira
a) Unibertsitatearen gastu orokorrak, gehienez ere diru-sarrera guztien % 10eko balioa izango dutenak.
b) Irakaskuntza zuzendariari eta/edo koordinatzaileari ordaintzera bideratutako zenbatekoa.
c) Irakasleen ordainsariak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen, beste unibertsitate batzuetako irakasleen eta kanpoko irakasleak bereiziko dira.
d) Joan-etorrien gastuak eta irakasleen dietak.
e) Material didaktikoaren kostua.
f) Publizitate eta marketin gastuak.
g) Administrazio eta idazkaritza gastuak.
h) Ikasleen aseguruak.
i) Material inbentariagarria.
j) Ikastaro bakoitzeko emango diren beken kopurua eta zenbatekoa.
k) Beharrezkoak diren bestelako gastu batzuk.
–Beste informazio batzuk
Proposamena bideragarria izateko eta autofinantzatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua.
Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren txostena.
n) Izaera: sailen artekoa, fakultateen artekoa, unibertsitateen artekoa –Estatuko edo nazioarteko unibertsitateak-. Halakorik bada, titulu edo ikasketa berekia egiteko beste erakunde publiko zein pribatuekin egindako hitzarmena erantsi, arautegi honetako 20.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
o) Proposatutako programaren kalitatea ziurtatzeko egokitzat ematen diren iritzi guztiak, eta horien artean, nahi bada, autoebaluazioa egiteko proposamen bat.
Iragarkiaren kodea: F1505116
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
