1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, 2015eko apirilaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Cordovillan (Galar) eta Iruñean etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko Plana, AR-01 Konpentsazio Batzordeak sustatua, udalez gaindiko plan sektorial deklaratzen duena.
Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 23an hartutako erabakiaren bidez, Nafarroa 2012. Lehentasunezko jarduketa: Nafarroan etxebizitza babestua bultzatzeko plana” betetzeko, onetsi egin zen Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzen zuen Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Cordovillako Jabeen Elkarteak sustaturik. Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko martxoaren 27an.
Nafarroako Gobernuaren erabaki horren aurka, Galarko Udalak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua. 231/2009 zenbakiaz tramitatu zen eta 2011ko abenduaren 7ko epaiak ebatzi zuen. Horren epaitzan, honela xedatu zen: “baiesten dugu administrazioarekiko auzien errekurtso hau eta, horrenbestez, antolamendu juridikoaren aurkakoa izateagatik, baliogabetzen dugu Nafarroako Gobernuaren 2009ko otsailaren 23ko Erabakia, epai honen bigarren oinarri juridikoko C) eta E) idatz-zatietan azaldutako arrazoiengatik, kostuak alderdiei ezarri gabe”.
Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 8an hartutako erabakiaren bidez, berriro paratu zen jendaurrean eta eman zitzaien entzunaldia ukitutako udalei, Ebroko Ur Konfederazioaren txostena aldez aurretik erantsita, baita Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.ter artikuluan zehaztutako zerrenda ere. Azkenik, Nafarroako Gobernuak erabakia hartu zuen 2012ko uztailaren 4an, aurkeztutako alegazioak ebatzi eta Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzen duen Udalez gaindiko Plan Sektoriala tramitatzeko eta onesteko prozeduraren jarduketak eta tramiteak baliozkotzen dituena.
Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 23an hartutako erabakia, Udalez gaindiko Plan Sektoriala onesten duena, baliogabetzen duen aipatu epaiari, 2011ko abenduaren 7koari, kasazioko errekurtsoa aurkeztu zioten, epaian alegatzen ziren dokumentazioko alderdiak eta haiek ekartzeko epeak zirela eta. Auzitegi Gorenaren 2014ko azaroaren 4ko ebazpenaren bidez errekurtso hori ezetsi zen, eta, beraz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2011ko abenduaren 7an emandako epaia berretsi eta irmo bihurtu zen.
Kontuan hartu behar da, halaber, Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 8an hartutako erabakiak, baliozkotzeko prozedurari hasiera ematen dionak, prozesuko hainbat gorabehera izan zituela, ondorioa izanik Nafarroako Auzitegi Nagusiaren 2012ko maiatzaren 11ko eta 2013ko uztailaren 27ko autoen berrespena, baina azkenik kontrakoak izan zirela, Auzitegi Gorenaren 2013ko abenduaren 18ko epaiak ondorioztatzen baitzuen Nafarroako Gobernuaren 2013ko otsailaren 8ko erabakia ezin dela hartu 2011ko abenduaren 7ko epaia betetzeko, epai hori oraindik ez zelako irmoa behin-behineko betearazpenean ere. Gaur egun, erabakitzeko dago oraindik Nafarroako Gobernuaren 2012ko uztailaren 4ko erabakiaren aurka ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Nafarroako erabaki horrek bukaera ematen dio Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 8an hartutako erabakiari, aurkeztutako alegazioak ebazten ditu eta etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzen duen Udalez gaindiko Plan Sektoriala tramitatzeko eta onesteko prozeduraren jarduketak eta tramiteak baliozkotzen ditu.
Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 23an hartutako erabakia deuseztagarritzat kalifikatu eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren 2011ko abenduaren 7ko epaia irmo bihurtuta, 2015eko otsailaren 9an Cordovillako UPSko AR-01 banaketa eremuaren konpentsazio batzordeak eskatu du Udalez gaindiko Plan Sektoriala baliozkotzeko izapideak eta izapide administratiboa hasteko.
Horiek horrela, bidezko da Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzen zuen Udalez gaindiko Plan Sektoriala deitutako agiriaren, Cordovillako Jabeen Elkarteak sustatuaren izapide administratiboa hastea.
Planaren eremua 1.166.502 m²-koa da. Cordovillako hirigunea inguratzen du eta Iruñeko zein Galar Zendeako udal mugapeetako lurzoruak okupatzen ditu. Aipatu eremuak muga du hegoaldean Mendebaldeko Ingurabidearekin edo AP-15 autopistarekin, ekialdean Zaragozako etorbidearekin, iparraldean Nafarroako Unibertsitateko campuseko magalekin eta mendebaldean Ezkirotz-Imarkoain NA-6001 errepidearekin.
Antolamenduan bi zonalde ezartzen dira, sarbide banarekin, eta korridore berde batek, Donapeako goi ordokia eta Zaragoza etorbidetik hurbil dagoen aldea biltzen dituenak, zonaldeak banatzen ditu, eta, aldi berean, Sadar ibaiko parkearekin eta unibertsitate eremuarekin lotzen ditu.
Donapeako goi ordokia erabilera mistoetarako lurralde gisa planteatzen da: bizitegitarako erabilerak iparraldean eta ekialdean, eta ekonomiko edo teknologikoak hegoaldean eta mendebaldean. Zonalde hori egituratzeko etxe-sail irekien sare bat dago eta erdiko eremuan kokatuko dira ekipamenduak eta erdiko parkea, Cordovillako urbanizazio zaharra eta berria egituratuko dituena.
Bestetik, Zaragoza etorbidearen ingururako proiektatu den antolamenduan erabilera ekonomikoak eta hirugarren sektorekoak nagusi izanen dira bizitegitarako erabileren aldean. Aldi berean, egungo bide aukerei eta Iruñeko Udal Planean aurreikusitakoei eutsiko zaie. Halaber, zonalde horretan Zaragozako etorbidearen gaineko pasabidea desmuntatzeko asmoa dago.
Antolamenduak 4.302 etxebizitza aurreikusten ditu, %80 babes publikoko araubideko etxebizitzetarako izanen da, portzentaje bera babes ofizialeko etxebizitzetarako eta prezio tasatuko etxebizitzetarako.
Hainbat inguruabar biltzen dira, aurkeztu den plana Udalez gaindikotzat jotzeko. Haietariko batzuk, zalantzarik gabe, objektiboak dira, planaren eragina, haren tamaina eta garrantzia direla eta, ezarrita dagoen udalerritik haratago iristen delako: esaterako, eragin fisikoa udal mugape bat baino gehiagotan izatea, eta udalez gaindiko lurralde intereseko elementu zenbait (bideak, ibai korridorea eta berdeguneak, etxebizitza eremuak, eta abar), LAP-3an jadanik aurreikusitakoak, kudeatzeko beharra.
UPS honen hirigintzako proposamena Nafarroako Eremu Zentraleko Lurralde Antolamenduko Planeko (LAP 3) lurralde garapenaren ereduan jasotzen da, eta LAHFLren 53. artikuluan ekipamenduko espazioei eta zerbitzukoei buruz jasotzen diren determinazioak betetzen ditu.
Txostena eskatu zaie ondoko erakunde sektorial hauei:
–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.
–Ondare Historikoaren Zerbitzua. Vianako Printzea Erakundea.
–Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua: Gizarte Politiketako Departamentua.
–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua.
–Ondare zerbitzua. Ekonomia eta Ogasun Departamentua.
–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.
–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua.
–Babes Zibilerako Zuzendaritza.
–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzua.
–Obra eta Azpiegituren Zerbitzua. Osasun Departamentua.
–Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzua. Hezkuntza Departamentua.
–Iruñerriko Mankomunitatea.
–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia. Garraioetako Estatu Idazkaritza.
–Red Eléctrica de España.
Eta jadanik txostena eman dute ondoko hauek:
–Etxebizitza Zerbitzua. UPSren aldeko txostena eman du, etxebizitza babestuaren kopurua bizitegi-ahalmenetik %85 baita, alegia, hirigintzako legeriak Iruñerako eta gertuko udalerrietarako ezartzen duen %70 baino handiagoa. Eta adierazten du LAHFLren 53.7 artikuluko udalez gaindiko ekipamenduaren justifikazioa aski dela.
–Gizarte Politikako departamentuaren Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua. 2015eko martxoaren 11n informatu du Galar herrian ez dela aurreikusten gizarte zerbitzuen azpiegituretarako esku-hartzerik, zeren eta herri horretako zerbitzu eskaintza dagokien eremuko zentroen bitartez eginen baita.
–Ebroko Ur Konfederazioa. 2015eko martxoaren 23an informatu du UPSren eremua ur-ibilgu publiko naturalen (ur jabari publikoa eta polizia eremua) eragin eremuetatik kanpo dagoela. Ur eskaera berriei dagokienez, Konfederazioak UPSren jarduketen aldeko txostena eman du, beti ere Plangintza Hidrologikoaren Bulegoak 2009ko azaroaren 9an eman zuen txostenari jarraitzen bazaio, zeinak azaltzen baitu txostenak aipatzen duen jarduketa planaren ondoriozko eskaera berriak babesten dituen espediente administratiboa tramitatu behar dela.
Azkenik, 2015eko martxoaren 30ean, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak azaltzen du ingurumen ondorioen azterlana nahikoa dela, eta jendaurrean jartzen ahal dela, UPSren gainerako agiriekin batera, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2015eko martxoaren 31ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Cordovillan (Galar) eta Iruñean etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko Plana, AR-01 Konpentsazio Batzordeak sustatua, udalez gaindiko plan sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako.
2. Espedientea ebaztean hura tramitatzean emandako txostenetan xedatutakoa beteko da.
3. Adierazpen honek ez ditu deusetan galaraziko proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak.
4. Udalez gaindiko plan sektorialarekin, berrogeita bost egunez, honako izapideak eginen dira, aldi berean: jendaurrean jartzea eta Galar Zendeako eta Iruñeko Udalei entzunaldia ematea.
Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua, 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
Era berean, agiria kontsultatu daiteke, Sustapen Departamentuko web orriaren “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalean: http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Vivienda+y+Ordenacion+del+Territorio/Acciones/.
5. Era berean, espedientea jendaurrean jartzea epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, indarra duten legezko zehaztapenekin bat.
Ondorio horietarako, Ingurumen ondorioen azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña).
6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Erabaki hau igortzea honako hauei: Herri Lan Zuzendaritza Nagusia, Babes Zibilaren Zuzendaritza, Ondare Historikoaren Zerbitzua, Gizarte Politiketako Departamentuko Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua, Ondare Zerbitzua, Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzua, Osasun Departamentuko Obra eta Azpiegitura Zerbitzua, Hezkuntza Departamentuko Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzua, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua; eta ondoko hauei jakinaraztea: Iruñerriko Mankomunitatea, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia, Red Eléctrica de España, Galar Zendeako eta Iruñeko Udalak, eta sustatzailea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko apirilaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1505797