Iragarkia
74. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
106/2015 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Elkartasuneko Eskolen Sarean sartzeko deialdia arautzen da, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeentzat.
Martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, Garapenaren aldeko lankidetzari buruzkoak, 7. artikuluan ezartzen du ezen, Nafarroako Administrazio Publikoek, beren garapenerako lankidetza programen barnean eginen dituztela, zuzenean edo Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeekin elkarlanean, garapenerako hezkuntzarako eta gizarte sentsibilizaziorako ekintzak. Halakotzat hartuko dira helburu hau dutenak: Nafarroako jendeak garapen bidean dauden herrien arazoak hobeki ulertzea eta haienganako elkartasuna eta lankidetza aktiboa eragitea. Foru lege haren babesean, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluaren baitan adostu zen Nafarroako Garapenerako Hezkuntza Estrategia (2009-2012), eta helburuen artean, besteak beste, honako hau du: Nafarroako jendeak nazioarteko lankidetzaren eta elkartasunaren arloko hezkuntza eta sentikortze esku-hartzeak hobetzeko batera jokatzea. Hala, ezinbesteko lan ildoa da hezkuntza formalean lan koordinatua egitea eta irakaskuntzako profesionalak prestatzea, Elkartasuneko Eskolen Sare bat sustatuz eta bultzatuz. Horrenbestez, Nafarroako Garapenerako Hezkuntzaren Estrategiari jarraipena emanez, Nafarroako Lankidetzarako II. Plan Zuzentzailean Garapenerako Hezkuntza jotzen da hiru lehentasunezko jarduketa ardatzetako bat. Haren helburua da herritarrak sentikorrak eta konprometituak izan daitezela sustatzea, eta modu horretan elkartasunaren kulturarekin bat datozen balio, jarrera eta trebetasunen garapena bultzatzea, eta, horretarako, besteak beste, aipatzen da hezkuntzako sektorearen eta lankidetzaren arteko koherentzia sendotu behar dela.
2009. urtetik, Nafarroako Foru Komunitatean “Elkartasuneko Eskolak” programa antolatzen da. Haren helburua da Nafarroako ikastetxeek garapenerako hezkuntza eta elkartasun balioak txertatzea curriculumean, zeharka, bai eta ikastetxeko hezkuntza proiektuan ere. Garapenerako hezkuntza da hezkuntza prozesu etengabea, bideraturik dagoena hiritartasun globala sustatzera, halako ezagutza, jarrera eta balio batzuen bidez zeinak gai izanen baitira pobreziaren eta bazterketaren kontrako borrokarekin konprometitutako kultura bat sortzera, bai eta giza garapen jasangarri batekin konprometitutakoa ere, betiere balioen hezkuntzaren barnean.
Helburu honetan ikastetxeei laguntza emateko, programak aholkularitza, prestakuntza, koordinazioa eta parte-hartzea eskaintzen ditu, halako moduz non elkartasuneko eskolen sare bat eratuko baita, elkarren artean eragina izanik, baita beren ingurunearekin ere, eta, betiere, honako hauen elkarlana izanik: Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren eta Gizarte Politiketako Departamentuaren artean; hezkuntza komunitatearen eta Nafarroako GGKEen artean.
Garapenerako hezkuntzaren eta kontsumorako hezkuntzaren arloan Hezkuntza Departamentuak eta Gizarte Politiketako Departamentuak duten lankidetza hitzarmenak helburu du behar diren elkarlan eta koordinazio mekanismoak ezartzea, arlo teknikoan eta irakasleen prestakuntzan, Gizarte Politiketako Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren artean, Nafarroako Gobernuan dauden baliabideak optimizatzeko eta hezkuntzako jarduketak bateratzeko, garapenerako hezkuntza eta kontsumorako hezkuntza ikastetxeetan aplikatzeko.
Komeni da Elkartasuneko Eskolen Sarea bultzatzea Nafarroako Foru Komunitatean. Horrek deialdi publiko bat egitera behartzen du Hezkuntza Departamentua, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori gauzatzeko modua izan dezaten.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Elkartasuneko Eskolen Sarean sartzeko deialdia onestea.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 3.250 euroko gehieneko gastua baimentzea, ikastetxe publikoetan garapenerako hezkuntza eta sustapen jarduketak garatzeko, 2015era luzatutako 2012ko aurrekontuetako “Bizikidetzako eta balioetan oinarritutako hezkuntzako programa” izeneko 427002 42730 2269 321102 kontu-sailaren kargura.
4. 3.250 euroko gehieneko gastua baimentzea, ikastetxe itunduetan garapenaren hezkuntza eta sustapen jarduketak garatzeko, 2015era luzatutako 2012ko aurrekontuetako “Balioetan oinarritutako hezkuntza ikastetxe itunduetan” izeneko 427002-42730-4811-321100 kontu-sailaren kargura.
5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzura, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Argibide Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2015eko martxoaren 26an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.
I. ERANSKINA
Elkartasuneko Eskolen Sarean sartzeko 2015eko deialdia
Lehendabizikoa.–Deialdiaren xedea.
Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dei egiten zaie, garapenerako hezkuntza proiektuak aurkez ditzaten, Elkartasuneko Eskolen Sarean sartzeko, 2015. urtean.
Bigarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.
Ikastetxe bat sarean sartzeko proposatua izan dadin, garapenerako hezkuntzako proiektu bat aurkeztu behar du, eta baldintza hauek bete behar ditu:
a) Honako printzipio orokor hauek izatea:
–Garapenerako hezkuntzako edukiak txertatzea, zeharka, urteko programazio orokorrean eta/edo ikastetxearen programazio didaktikoetan, esaterako: gizarte justizia eta ekitatea; globalizazioa eta interdependentzia; giza garapen jasangarria; dibertsitatea; bakea eta gatazka; herritartasun globala; giza eskubideak; giza garapen jasangarria, garapenerako laguntza; bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura subiranotasuna.
–Ikaslearen gaitasunak handitzea, gauza izan dadin herritar guztien erantzukidetasunari buruzko erabakiak hartzeko, giza garapen jasangarriko prozesuan.
–Elkartasunarekin, gizarte justiziarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak sustatzea, esaterako: enpatia, identitatea, autoestimua, dibertsitatearekiko errespetua, bazterketarik eza, genero berdintasuna, ingurumenarekiko kezka.
–Bizimodu solidarioagoak errazten dituzten trebetasunen garapena sustatzea: pentsamendu kritikoa; argudiatze eraginkorra; lankidetza eta gatazken konponketa; irudiak eta mezuak deskodetzea; kontsumo arduratsua...
–Familiek eta komunitate osoak parte hartzea errazten duten jarduerak sustatzea.
–Elkarlan harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe, familia eta gizarte entitateekin, garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak prestatzeko.
–Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen, Gizarte Entitateen, eta Administrazioan gai hauetan eskudunak diren zerbitzuen hezkuntza ahalmenak erabiltzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.
–Irakasleei garapenerako hezkuntza kontuetarako funtsezko eginkizunak eman eta garapenerako hezkuntzan dagokien ardura handitzea, prestakuntza egokia emanez.
Ikastetxeek beren hezkuntza proiektuan lankidetza eta elkartasunari buruz jasotako berariazko beharren edo lehentasunen gaineko beste irizpideren bat sartzen ahalko dute.
b) Lan proiektu bat jasotzea, III. eranskinaren araberakoa, hiru urtean garatzeko.
c) Eskola Kontseiluak eta ikastetxeko irakasleen klaustroak onetsia izatea, eta proiektuko jarduketetan irakasleen eta ikasleen %25 gutxienez inplikatuko dela agertzea.
d) Familiek, Gobernuz Kanpoko Erakundeek, toki mailako beste entitate batzuek eta inguruneko gizarte zerbitzuek parte hartzeko ekintzak zehatz daitezela.
Hirugarrena.–Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.
Elkartasuneko Eskolen Sarean sartzeko proposatzen diren ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:
a) Elkartasuneko Eskolarako proiektu bat garatzea hiru urtean, gutxienez.
b) Ikastetxeko Elkartasun Batzordea, irakasleek eta ikasleek osatua, eratzea. Positiboki baloratuko da honako hauek parte hartzea: familiak, ikastetxean irakaskuntzakoak ez diren langileak, tokiko erakundeak eta proiektua garatzeko elkarlanean ari diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariak.
Batzorde horren zereginak izanen dira proiektua dinamizatzea, hezkuntza komunitatearen ahalik eta parte-hartze handiena lortzea, emaitzak ebaluatzea eta hobekuntzak proposatzea.
Zuzendaritza taldeak pertsona bat izendatuko du proiektua eta batzordea koordinatzeko, eta pertsona hori ikastetxeko irakasle bat izanen da.
Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginetarako.
c) Azaroaren 1a baino lehen hurrengo ikasturterako lan plana aurkeztu beharko da, proiektuan parte hartuko duten irakasleen zerrendarekin batera (ikusi IV. eranskina).
Era berean, ikasturte bakoitzaren uztailaren 6a baino lehen, urteko txostena aurkeztea Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuan. Txosten horri esker, amaitzen den ikasturtean egindakoaren memoria jakinaraziko da. (ikusi V. eranskina).
Baldintza horiek bete ezean, Elkartasuneko Eskolen saretik baztertuko da.
d) Hiru urteak bukatutakoan, Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuan bukaerako memoria aurkeztu beharko da (ikus VI. eranskina), aplikazioko aldi osoan lortu diren helburuak ebaluatzeko.
e) Sarearen barnean berariaz garatzen diren prestakuntza eta jarraipeneko jardueretan parte hartzea.
Laugarrena.–Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.
Elkartsuneko eskolek laguntza hauek izanen dituzte: sareko Batzorde Teknikoaren aholkularitza eta jarraipena, baita Nafarroako GGKEen koordinakundeko Garapeneko Hezkuntzarako arloarena eta laguntzen ari diren GGKEena ere; baliabide eta material didaktikoak; prestakuntzarako berariazko jardueren eskaintza, ikastetxeko irakasleek garapenerako hezkuntzaren arloan prestakuntza izan dezaten; sareko eskolek esperientzen jarraipen eta trukerako urtero egiten dituzten topaketak; garapenerako hezkuntzari lotutako jardueretarako diru-laguntzak; eta Elkartasuneko Eskola gisa kreditatzea, proiektuaren hirugarren urtea bukatutakoan eta Batzorde Teknikoak aldeko txostena eman ondoren.
Elkartasuneko Eskolaren egiaztagiria lortu ondoren, ikastetxeek Elkartasuneko Eskola Sarearen kide izaten jarraitzen ahalko dute, baldin eta hirugarren oinarriko b), c) eta e) ataletan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Bosgarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Eskaera orria, II. eranskinaren araberakoa, eta, horrekin batera, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak parte-hartzea onetsi dutela eta ikastetxeko elkartasun batzordea eratu dela azaltzen duten aktak.
–Garapenerako hezkuntzaren proiektua, hiru urterako, aurreko oinarrietan aipatutako baldintzak biltzen dituena (III. eranskina).
Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.
Elkartasuneko Eskolen Nafarroako Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.
Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eskaerak.
Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.
Zazpigarrena.–Ikastetxeak hautatzea.
Sarearen Batzorde Teknikoak eginen du proiektuen balorazioa, VII. eranskineko irizpideak aplikatuz.
Elkartasuneko Eskolen Sareko batzorde teknikoa honela eratuko da: Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko 2 teknikari; Gizarte Politiketako Departamentuko Garapeneko eta Ekintza Humanitarioko Programen Ataleko 2 teknikari; eta Nafarroako GGKEen Koordinakundeko 2 teknikari.
Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, ikusirik, halaber, Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako proposamena, eta ikusirik Sareko Batzorde Teknikoaren txostena, ebazpen bat emanen du, Elkartasuneko Eskolen Nafarroako Sarekoak izateko hautatzen diren ikastetxeen zerrenda onetsiko duena.
Deialdi honen ebazpen berak gehienez 375 euroko laguntza bat xedatuko du, Elkartasuneko Eskolen Nafarroako Sarean parte hartzen duten Nafarroako ikastetxe bakoitzarentzat, haien proiektuak gara ditzaten.
Garapenerako hezkuntza proiektuetan egindako gastua frogatzen duten fakturak ikastetxeek aurkeztu ondoren ordainduko da laguntza; betiere, 2015eko azaroaren 15a baino lehen.
Zortzigarrena.–Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.
Sareko Batzorde Teknikoak proposaturik, eta urteko txostena ontzat jotzen bada (txosten horretan proiektuan parte hartu duten irakasleen zerrenda agertuko da), ikastetxe bakoitzeko Elkartasuneko Eskolen lan taldean parte hartu duten irakasleei 2015-2014 ikasturtean hezkuntza berritzeko proiektuan esku-hartzearen ziurtagiria emanen zaie, gehienez 35 orduz, egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da, berrikuntza proiektuko 50 orduko partaidetza, gehienez ere.
Bederatzigarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.
Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.
II. ERANSKINA
Elkartasuneko Eskolen Nafarroako Sarea: Parte hartzeko eskaera
............................................... jaunak/andreak, Nafarroako Foru Komunitateko ...................... herriko ........................................ ikastetxeko zuzendaria den aldetik,
Eskatzen du, ................................egunean egindako Eskola Kontseiluak eta ............................egunean egindako Irakasleen Klaustroak onetsi ondoren, “Elkartasuneko Eskolen Nafarroako Sarea” izeneko hezkuntza berrikuntzako proiektuan parte hartzeko.
Horretarako, ikastetxe honek agiri hauek aurkezten ditu:
–Eskola Kontseiluaren eta Klaustroaren aktak.
Horrekin batera, ..............................................., jauna/andrea, Klaustro honetako irakaslea, proiektuko koordinatzaile arduradun izendatu da.
.................................n, 2015eko ..............(a)ren ................(e)an
Sinadura: .................................
Ikastetxeko zuzendaria
III. ERANSKINA
Hiru urteko proiektua prestatzeko gidoia
1. Aukeratu den proiektuaren justifikazioa.
2. Ikastetxearen garapenerako hezkuntzako testuinguruaren eta aurrekarien analisia.
3. Helburuak.
4. Edukiak, aurreikusitako jarduerak eta denboran nola bana daitezkeen.
5. Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.
6. Metodologia.
7. Aurreikusiriko antolamendu mota eta funtzionamendua.
8. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea: ikasleak, irakasleak, familiak eta irakasle ez direnak. Lankidetza, tokiko eragileekin eta elkarteekin.
IV. ERANSKINA
Ikasturteko lan plana prestatzeko gidoia
1. Proiektuaren izenburua.
2. 2015-2016 ikasturterako helburuak.
3. Edukiak, jarduera eta haiek denboran nola banatu.
4. Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.
5. Ikasle hartzaileak.
6. Hezkuntza komunitatearen parte hartzea.
7. Lan taldearen kideak.
V. ERANSKINA
Ikasturte bakoitzean egindako lanaren memoria prestatzeko gidoia
1. Proiektuaren datu orokorrak: izenburua, helburuak, edukia eta ikasle hartzaileak.
2. Ikastetxearen antolamendua garapenerako hezkuntza proiektua garatzeko.
3. Eginiko jarduerak. Hasiera bateko asmo eta epeak noraino bete diren.
4. Baliabideak eta langileak. Proiektuan esku hartu duten irakasleen zerrenda.
5. Proiektuaren ebaluazioa eta bertan egindako doiketak.
VI. ERANSKINA
Hiru urteko proiektuaren bukaerako memoria prestatzeko gidoia
1. Proiektua garatu deneko egoeraren ezaugarri orokorrak eta kasuan kasukoak.
2. Proiektuko helburuak betetzea:
–Hasiera batean proposatuak.
–Proiektua bukatzean lortuak.
3. Proiektuko partaideak: Irakasleak. Osasun arlokoak. Hezkuntza komunitatekoak (ikasleen gurasoen elkarteak, etab.). Erakundeak.
4. Eginiko jarduerak.
5. Proiektuan egindako aldaketak hura gauzatzen ari zirela:
–Helburuak.
–Edukiak.
–Jarduerak.
–Metodologia.
–Baliabideak.
–Ebaluazioa.
–Beste batzuk.
6. Ondorioak: proiektuan lortutakoa, emaitzak eta aurrera egiteko aukerak, eta zabalkundea.
7. Prestatutako materialak.
VII. ERANSKINA
Balorazio irizpideak
Proiektuan ondoko alderdi hauek azaldu beharko dira, proiektua bera eta irakasle parte-hartzaileen orduen ziurtapena baloratzeko oinarrizko alderdiak izanen baitira:
1. Testuinguruaren analisia, proiektua nola egokitzen den atzemandako beharretara.
2. Ikastetxearen izaera eta baliabideak erabiltzeko aukerak.
3. Proposatutako helburuen zehaztapena eta bideragarritasuna.
4. Hautatutako edukien eta proposatutako jardueren zehaztapena eta koherentzia.
5. Metodologia berritzailea.
6. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea sustatzea.
7. Prozesuaren ebaluazioaren deskribapena.
8. Proiektua koordinatzea inguruko beste ikastetxeekin, gizarte entitateekin edo zerbitzu publikoekin.
9. Beste ikastetxe batzuetan aplikatzeko izan dezakeen interesa.
Iragarkiaren kodea: F1504850
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
