Iragarkia
74. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BURLATA
Deialdia, hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko, aldi baterako kontratazioaren bidez Udalaren Kirol Patronatuko kudeatzailearen lanpostuan aritzeko
1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdia egiten da hautaproben bitartez zerrenda bat osatzeko, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko kudeatzailearen lanpostua aldi baterako betetzeko.
1.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
1.3. Probak gainditzen dituztenek zerrenda bat osatuko dute, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko kudeatzailearen kategorian sartzen den lanpostua aldi baterako betetzeko, bitarteko administrazio-kontratuaren bidez. Burlatako Udaleko plantilla organikoko 13.00 lanpostua beteko du edo bitarteko gisa hura okupatzen ari den pertsona.
Kontratu horien iraupena izanen da baja, eszedentzia, plantillako lanpostu hutsak betetzeko hautaproben prozedurek eta aldi baterako bete beharreko gainerako inguruabarrek irauten duten bestekoa. Beraz, kontratua bukatuko da lanpostua behin-behinekoz betetzeko arrazoia desagertzen denean eta, betiere, lanpostua amortizatzen baldin bada.
1.4. Lanpostuan egin beharreko lanak eta eginkizunak izanen dira Udalaren plantilla organikoan eta lanpostuen zerrendan Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko kudeatzaile lanposturako ezarritakoak, definizioari, edukiei, ordainsarien araubideari eta abarrei dagokienez.
1.5. Lan-ordutegia izanen da Udalaren Kirol Patronatuaren lan egutegian ezarritakoa; edonola ere, lanaldia nohizbehinka luzatu ahalko da zerbitzuaren beharren arabera.
1.6. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan A mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu, baita plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako osagarriak ere.
2. oinarria.–Eskabideak.
2.1. Deialdian parte hartu nahi dutenek eskabide ofiziala aurkeztu beharko dute Udalaren Kirol Patronatuko erregistro orokorrean, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita, edo, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen ezarritako bideetako bat erabiliz. Eskabidearekin batera, deialdiaren hirugarren oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira, bai eta zazpigarren oinarriko merezimenduen egiaztagiriak, lehiaketaldian baloratuko baitira. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira; bestela, aurkeztu gabetzat joko dira.
2.2. Eskabideak deialdi honetako II. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta hura Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren bulegoetan jasoko da. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako.
Eskabideak aurkezten badira Udalaren Kirol Patronatuko erregistro orokorraz besteko bideren bat erabiliz, nahitaezkoa eta saihestezina izanen da, eskabideak aurkezteko epearen barnean, eskabidearen eta parte hartzeko baldintzak betetzen direla frogatzen duten agirien kopiak emailez igortzea (deportes@burlada.es), 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideak erabiliz epearen barnean aurkeztu direla egiaztatzen duen dokumentu fede-emailearekin batera. Emailez igorritako dokumentazioarekin hautapen prozeduraren tramitazioak aurrera eginen du, baina ez du erabateko baliorik izanen Burlatako Udalaren Kirol Patronatuan jatorrizko ereduaren araberako eskabidea aurkezten ez den bitartean. Igorpen prozedura hori bete ezean izangaia hautapen prozeduratik kanporatua izanen da, baldin eta erregistratutako eskabidea izangai onartu eta baztertuen hasierako zerrendaren argitalpenaren ondotik iristen bada.
2.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen dituzten.
3. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
Hautapen probetan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.
Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Lizentzia edo gradua izatea Enpresa Zientzietan, Ekonomian edo LADEn, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun funtzionala izatea. Zinpeko aitorpena aurkeztu behar da (III. eranskina).
d) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea. Zinpeko aitorpena aurkeztu behar da (III. eranskina).
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
4. oinarria.–Prozedura.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat. “Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatzen ahalko dituzte Nafarroako Administrazio Publikoek, hautatzeko sistema hauekin bat: ... c) Kasuan kasuko lanpostua aldi baterako betetzeko hautaproben deialdi publikoaren bidez osaturiko izangai zerrendak, kasuan kasuko hautaproban lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.”
Orobat, egokitzat jotzen bada, lan-eskaintza hori Foru Komunitatean gehien saltzen diren idatzizko komunikabideetan argitaratuko da, behar bezala zabal dadin, bai eta bandoak edo bestelako bitartekoak erabiliz ere, eskaintzaren zabalkundea indartzeko.
5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Burlatako Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren iragarki oholean, bai eta Udalaren web orrian ere (www.burlada.es).
5.2. Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Burlatako Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren iragarki oholean eta Udalaren web orrian (www.burlada.es) jarriko da jendaurrean, deialdi honetako 8. oinarrian aipatzen den lehenengo hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangaien behin betiko zerrenda eta Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren iragaki oholean eta Udalaren web orrian (www.burlada.es) jarriko da jendaurrean, deialdi honetako lehenengo hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, baldintzaren bat denbora edo formari dagokionez betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
Hautapenaldian zehar epaimahaiak jakiten badu izangairen batek ez dituela parte hartzeko baldintzak betetzen, interesdunari entzun ondoren, Alkatetza-Lehendakaritzari jakinaraziko dio, izangaia bazter dadin proposatuko dio eta aditzera emanen dizkio, orobat, izangaiak eskabidean egindako faltsukeriak edo zehazkabetasunak, behar diren ondorioetarako. Kasu horretan, behar den ebazpena eman arte, izangaiak hautapenaldian parte hartzen jarraitu ahalko du baldintzapean.
Zerrendako akats material edo egitatezkoak edozein unetan zuzendu ahalko dira, ofizioz edo interesdunak eskaturik, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
6. oinarria.–Epaimahaia.
6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Juan Carlos González Muñoz, Burlatako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
Mahaikidea: Ignacio Gordejuela Hierro, Burlatako Udaleko Kultur eta Jaietako Patronatuko kudeatzailea.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
Mahaikidea: José Luis Romano Blasco, Burlatako Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
Mahaikidea: Burlatako Udaleko langileen ordezkari sindikala.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
Mahaikidea: Nafarroako Kirolaren Institutuak izendatutako teknikaria.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
Mahaikidea: Ricardo Cantero Fernández, Burlatako Udaleko Kirol Patronatuko kirol koordinatzailea.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
Idazkaria: M.ª Angeles Garciandía Albarova, Burlatako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.
6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da elkartzea mahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.
6.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek laguntza emanen diete epaimahaikoei, nork bere espezialitate teknikoan.
7. oinarria.–Lehiaketa.
Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondotik aipatzen den merezimendu baremoari jarraikiz. Merezimendu guztiak alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, hautapen prozedura honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Merezimenduen balorazioa eginda, jendaurrean jarriko dira emaitzak Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren iragarki oholean eta bere web orrian (www.burlada.es). Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu lortu ahalko dira.
7.1. Lanbideko esperientzia:
a) Administrazio publiko batean, kirol zerbitzuetan, kudeatzaile lanpostu batean egindako urte oso bakoitzeko, 3 puntu.
b) Entitate pribatu batean, kirol zerbitzuetan, kudeatzaile lanpostu batean egindako urte oso bakoitzeko, 1,5 puntu.
c) Administrazio publiko batean, kudeatzaile lanpostu batean egindako urte oso bakoitzeko, 2 puntu.
d) Entitate pribatu batean, kudeatzaile lanpostu batean egindako urte oso bakoitzeko, 0,5 puntu.
Urtebetetik beherako aldiak proportzioan puntuatuko dira, lan bizitzaren txostenari jarraituz. Sei hilabetetik gorako lan-kontratuak baloratuko dira soilik.
7.2. Prestakuntza osagarria:
a) Eskainitako lanpostuarekin zerikusia duen unibertsitateko titulazioa izatea, deialdian parte hartzeko baldintza gisa aurkeztutakoaz bestekoa, jarduera fisikoarekin lotutako lizentziaturak eta diplomaturak barne:
–Lizentziatura bakoitza: 5 puntu.
–Diplomatura bakoitza: 3 puntu.
b) Kirolen planifikazio, kudeaketa, kalitate, giza baliabide, programazio, antolaketa eta ebaluazioarekin zuzenean lotutako ikastaroak, toki entiateen eremuan onarpen ofiziala duten erakundeek, ikastetxe publikoek eta unibertsitateek antolatuak, bakoitzeko: 0,5 puntu emanen dira prestakuntzako 100 orduko; proportzioan puntuatuko dira.
7.3. Euskaraz jakitea.
Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 5 puntu. Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, edo, bestela, epaimahaiak zehaztuko duen proba gaindituz. Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean. Proba hori oposizioaldirako ezarritako probak burututa eginen da.
8. oinarria.–Oposizioaldia.
Probak egiteko eguna Udalaren Kirol Patronatuko eta Burlatako Udaleko informazio oholetan jakinaraziko da, bai eta bere web orrian ere (www.burlada.es).
Izangaiari deitzen zaion unean edozein ariketatara aurkezten ez bada, besterik gabe galduko du ariketa horretan eta hurrengoetan parte hartzeko eskubidea eta, beraz, hautapen prozeduratik baztertuta geldituko da.
–Lehen ariketa (25 puntu gehienez): I. eranskineko gaitegiaren inguruko galderei erantzun beharko zaie. Gehienez ere 25 puntu emanen dira eta baztertuta geldituko dira 12,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
–Bigarren ariketa (35 puntu gehienez): kirol kudeaketaren gaineko proba praktikoa egin beharko da. Gehienez ere 35 puntu lor daitezke proba horretan, eta baztertu eginen dira gutxienez ere 17,5 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
–Hirugarren ariketa (10 puntu gehienez): Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta 10 puntu eskuratu ahalko dira. Baztertuta geldituko dira 5 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Mahaikideek nork bere aldetik jarriko ditu puntuazioak, eta horiekin batez besteko aritmetikoa eginen da proba bakoitzaren puntuazioa ateratzeko.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.
9. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.
9.1. Proba bukatuta, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrendaren proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari. Proposamen hori loteslea izanen da deialdia egin duen organoarentzat.
9.2. Burlatako Udaleko Kirol Patronatuko kudeatzaile lanpostua aldi baterako betetzeko hautatutako izangaien azken zerrenda osatuko dute proba horiek hobekien egiten dituztenek, puntuazio ordena zorrotz jarraituz.
9.3. Alkatetzaren ebazpenaren bitartez onetsiko da hautatutako izangaien zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa. Ebazpena Udalaren Kirol Patronatuko iragarkien oholean, Burlatako Udalekoan eta bere web orrian argitaratuko da. Edonola ere, hautatutako langileak gai izan beharko dute lanpostu honetan aritzeko. Horregatik, hautatutako izangaiak, kontratatua izan aurretik, Burlatako Udalak eginen duen gaitasun azterketa gainditu beharko du. Azterketa hori gainditzen ez duena hautatuen zerrendatik baztertua izanen da ondorio guztietarako.
10. oinarria.–Deia.
10.1. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.
10.2. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.
Dei egiterakoan, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.
11. oinarria.–Araudia.
Epaimahaiak ahalmen osoa izango du deialdian sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta hura ongi bideratzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan.
Deialdi honen, haren oinarrien eta haren ondoriozko egintza administratiboen eta epaimahaiaren jardueraren aurka egin ahalko du interesdun orok, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarrean den Legean ezarritako kasu, modu eta epeak jarraituz.
Errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Burlatan, 2015eko apirilaren 9an.–Alkatea, Juan Carlos González Muñoz.
I. ERANSKINA
Gai zerrenda
1. Burlatako Udalaren Kirol Patronatua: xedea, izaera eta eginkizunak. Gobernua eta administrazioa. Langileak. Errekurtsoak.
2. Zerbitzu publikoa. Kudeaketa motak. Zuzeneko kudeaketa: bereziki tokiko erakunde autonomoak. Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua. Enpresa publikoak eta enpresa pribatuak.
3. Herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak. Herritarren informazioa eta partaidetza administrazio publikoetan.
4. Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Foru Legea: Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Kontratazioaren, adjudikazioaren eta formalizazioaren aurreko ekintzak. Kontratuak betetzea, aldatzea, etetea eta bukatzea. Nafarroako toki entitateen espezialitateak.
5. Funtzio publikoa: funtzionarioekiko harreman juridikoen izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua.
6. Lan zuzenbidea. Lan-kontratua: kontzeptua eta modalitateak. Lan kontratazioa administrazio publikoetan.
7. Lan-kontratua etetea eta amaitzea: arrazoiak. Lanetik bidaltzea.
8. Ordezkaritza organoak eta eskubide sindikalak. Lan-kontratudunen negoziazio kolektiboa eta hitzarmen kolektiboak eta funtzionarioen akordioak. Burlatako Udaleko lan-kontratudunen akordioa. Burlatako Udalaren zerbitzuko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen akordioa.
9. Gizarte Segurantza. Gizarte Segurantzaren araubide orokorra. Aplikazio esparrua. Afiliazioa eta kotizazioa. Babes-ekintza: babesten diren egoerak eta prestazioen araubidea.
10. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Kontzeptuak. Sailkapenak. Ordenantza fiskalak. Tasak. Prezio publikoak.
11. Udalaren aurrekontua. Kontzeptua. Onespena, aldaketa, likidazioa. Aurrekontua betearazteko oinarriak.
12. Toki entitateen kontabilitatea eta diruzaintza. Fiskalizazioa. Kontabilitateko printzipioak. Urteko kontua.
II. ERANSKINA
Nombre y apellidos/Izen-deiturak | |
DNI/NAN | |
Domicilio/Helbidea | |
Población/Herria | |
C. Postal/P. Kodea | |
Teléfono fijo/Telefono finkoa | |
Teléfono móvil/Sakelako telefonoa | |
E-maila |
AZALTZEN DUT:
Onartua izatea eskatzen dudala hautaproben bitartez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdian, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko kudeatzailearen lanpostua aldi baterako betetzeko, haren oinarriak ezagutu eta espresuki onartzen baititut.
Karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik ez dudala.
Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.
Ez naizela baztertua izan ezein Administrazio Publikoren zerbitzutik eta ez nagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua.
Eskatutako titulazioa dudala, bai eta deialdian eskatutako gidabaimena eta laneko esperientziaren egiaztagiriak, eransten baititut.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
q Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).
q Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
q Euskaraz badakidala frogatzeko proba egin nahi dudala, deialdiaren 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
ESKATZEN DUT:
Eskabidea garaiz eta behar bezala aurkeztutzat harturik, deialdian onartua izatea.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
III. ERANSKINA
Zinpeko aitorpena
Izena: ..................... NAN zenbakia: .......... Helbidea: ............................... Herria ................................................... Posta kodea .............................................. Probintzia: ..............................
Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko kudeatzailearen lanpostuan aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko izangaien zerrenda bat, hautaproben bidez, osatzeko deialdiaren 3. oinarrian ezarritakoari jarraituz.
Zinpeko aitorpen hau egiten dut:
–Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun funtzionala dudala.
–Ez nagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua, ez eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia ere.
Burlatan, 20.....(e)ko ....................aren ..............(e)an
Stua.: .....................
Iragarkiaren kodea: L1505351
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
