73. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULBEITI

Ordenantza, Uraren ziklo integrala arautzen duena eta Ordenantza, Ur horniduraren prezioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Urraulbeitiko Udalak, 2014ko azaroaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki du hasiera batean onestea, 2015eko ekitaldian aplikatzeko, Uraren ziklo integralaren kudeaketa arautzen duen ordenantza eta Ur horniduraren, estolderiaren, saneamenduaren, arazketaren eta uraren ziklo integralarekin ikusteko duten gainerako zerbitzu eta jardueren prezioak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenari buruzko iragarkia 2014ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an, eta legez ezarritako jendaurreko epean alegazioak aurkeztu dira. Urraulbeitiko Udalak, 2015eko martxoaren 5ean egin osoko bilkuran, alegatutakoa hein baten kontuan hartuz, behin betiko onetsi ditu. Jarraian jasotzen da idazketa berria.

Urraulbeitin, 2015eko martxoaren 16an.–Alkatea, Luis Castillo Santesteban.

URAREN ZIKLO INTEGRALAREN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Zertarako, noraino eta non

1. artikulua. 1.–Urraulbeitiko Udalak bere lurralde eremu osoan –Artiedako, Arripodasko, San Vicenteko eta Tabarreko Kontzejuak barne– uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuak kudeatzen ditu. Bada, ordenantza honen xedea da Udalaren eta berak ematen dituen zerbitzuen erabiltzaile edo abonatu diren pertsonen arteko harremanak arautzea, bi alderdietako bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak zein diren adierazita.

2.–Zerga eta diru-bilketa gaiei dagokienez, zerbitzu hauetan jarraituko zaio Toki Ogasunetarako Nafarroako araudi berariazkoan ezarritakoari eta, bereziki, momentu bakoitzean Udalean indarra duen ordenantza fiskalean jartzen duenari.

3.–Hornidura eta saneamendu zerbitzuak kudeatzeko, Udalak nahi adina ordenantza eta xedapen onesten ahal ditu, honako hau osatu edo garatzeko beharrezkoak badira.

2. artikulua. Udalak 1.1 artikuluan aipatu den lurralde eremuan ematen dituen hornidura eta saneamendu zerbitzu guztiei ordenantza hau aplikatuko zaie.

3. artikulua. Ordenantza honen iraupena mugagabea izanen da, eta bere eragin osoa izanen du, maila bereko edo handiagoko beste xedapenen batek parte batean edo osorik aldatzen ez duen bitartean.

4. artikulua. Ordenantza hau laburtzeko, uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuen erabiltzaileei eta Udalari aurrerantzean “abonatuak” eta “Udala” deituko zaie hurrenez hurren.

II. KAPITULUA

Hornidura eta saneamendu zerbitzuen edukia eta izaera publikoa

5. artikulua. Uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuak publikoak dira eta, horregatik, hura erabiltzeko eskubidea izanen dute pertsona fisiko edo juridiko guztiek, zeren muga eta betebehar bakarrak ordenantza honek edo Udalak onets ditzakeen beste ordenantza batzuek eta kasu bakoitzean aplikatzekoa den legeriak jartzen dituztenak izanen baitira.

6. artikulua. Uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuak elkarren osagarriak dira eta elkarri lotuta daude. Hori dela eta, Udalak biak batera emanen ditu.

Salbuespenez, Udalak zerbitzuetako bat bakarrik ematen ahalko du, baldin eta eskatzaileak beste zerbitzua bere kabuz eskuratzeko azaltzen duen soluzioa Udalari egokia iruditzen bazaio.

7. artikulua. Uraren hornidura modu guztietan emateko eta hondakin ura hustu eta tratatzeko eskumena Udalarena da, beste inorena ez, eta berak kontratatuko ditu zerbitzuak, poliza-kontratua eginez. Agiri horretan zerbitzuak emateko baldintzak ezarriko dira.

8. artikulua. Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketarako zerbitzua hartu nahi dutenek Udalari eskaera eginen diote, ura zertarako erabili gogo duten eta zenbat behar duten, hondakin ura husteko zein sistema duten instalaturik edo proiektaturik eta nolako hondakin ura isuriko den adierazita.

Udalak adieraziko du nolakoak izan behar duten instalazio partikularrek, ur hornidura edota hondakin uraren eta gainerako isurien hustuketa egiten ahal diren ala ez, zer tarifa mota dagokien eta zenbat kobratu behar den alta eskubideengatik eta harguneengatik.

9. artikulua. Udala beharturik dago, berak dituen edo noizbait izan ditzakeen baliabide eta instalazioak erabiliz, edateko ura eta hondakin uretarako hustuketa zerbitzua paratzera abonatuen lotune eta hustuketa guneetan, ordenantza honetan eta Udalak ezarritako gainerako ordenantzetan finkatutako baldintzen arabera, eta indarra duen hirigintza legerian nahiz orokorrean ezarritakoari jarraituz.

Zerbitzuak eman beharra, aurreko lerroaldean aipatutakoa, Udalak uraren ziklo orokorrerako inbertsio planetan azpiegiturak eta instalazioak egin eta garatzeko finkatzen dituen epeek baldintzatuko dute, eta horiei loturik egonen da.

10. artikulua. Udala beharturik dago etxebizitzetarako ura ematera, bere eskumeneko eremuaren barreneko eraikin, lokal edo toki itxietan, eskatzen dioten pertsona edo entitate guztiei, baldin eta leku horiek betetzen badituzte indarra duen legeriak eskatutako baldintzak eta Udalak onetsitako erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoak.

Kasu horietan beretan eta baldintza berberetan, Udalak hondakin urak husteko zerbitzua emanen du.

11. artikulua. Industriarako, merkataritzarako, apainketarako edo aisialdirako ura eman ahal izateko, ikusi beharko da Udalak momentu bakoitzean bere esku duen ur kopurua zenbatekoa den.

Hondakin urak husteko, ikusi beharko da ea hondakin ur horrek betetzen dituen indarra duen legeria orokorrean eta hondakin uren gainean Udalak emandako arauetan aipatzen diren baldintzak, beren ezaugarriei buruz esandakotik espero daitekeen bezala.

12. artikulua. Udala ez dago beharturik nekazaritzako erabileretarako ura ematera, non ez den hornidura publiko bat, neurri batean edo osorik lorategiak edo oihanak ureztatzeko erabili behar dena.

Indarra duen hirigintzako legeria betez eta behar diren baimenak lortuta aisialdirako baratzeak egiteko eremuak sustatzen direnean, higiene zerbitzu orokor eta zentralizaturako ur hornidura eta arazketa zerbitzuak kontratatzen ahalko dira.

Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, aisialdirako baratzeetako lurzatiei banaka ematen ahalko zaie ura, komunetarako, baldin eta dagokien hirigintza planean hala aurreikusten bada eta Udaleko zerbitzu teknikoek eskaerari buruz aldeko txostena ematen badute.

13. artikulua. Inola ere ez da emanen urik doan, ezta hondakin urak husteko eta arazteko zerbitzurik ere.

14. artikulua. Udalak ukatzen ahalko ditu ur hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa, abonu polizak egiteari uko eginez, honako kasu hauetan:

1.–Ur hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketa eskatzen duen pertsona edo entitateak uko egiten badio eredu ofizialaren arabera eta zerbitzuen kontratazioari buruz Udalean indarra duten xedapenei jarraikiz idatzitako poliza sinatzeari.

Udalaren ustez, eskatzaileak edateko uraren hornidurarako edo hondakin uraren hustuketarako duen barne-instalazio partikular edo orokorrak ez baditu betetzen instalazio horientzat legezko xedapenetan ezarrita dauden betebehar orokorrak edo Udalak espres egindako jarraibide eta oharrak.

2.–Kasu horretan, Udalak interesdunari adieraziko dio instalazioan zer dagoen oker, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3.–Udalak, behar bezala justifikaturik, uste badu hustu beharreko hondakinen ezaugarriak ez direla onargarriak, Udalean indarra duen araudian ezarritako baldintzen arabera.

4.–Frogatzen bada hornidura eta/edo hustuketa eskatzen duen pertsonak ez dituela ordainduta Udalari ordaindu beharrekoak, edo eskatzaile horrek ez baditu egin nahi ordenantza fiskalean aipatzen diren gordailu eta fidantzak.

III. KAPITULUA

Zerbitzuak ematea

1. ATALA

Udalaren eta abonatuaren betebeharrak

15. artikulua. Zerbitzu egiteagatik, Udalak, oro har, betebehar hauek izanen ditu:

1.–Abonatuei ematen dien urak indarra duen araudian eskatutako baldintza guztiak bete beharko ditu, edangarritasunari dagokionez.

2.–Zaindu eta kontserbatu beharko ditu, bere kontura, hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko beharrezkoak diren instalazioak.

3.–Matxuretarako zerbitzua izanen du abonatuen eskura, zerbitzuak ematean gerta daitezkeen akatsei buruzko informazioa jasotzeko.

4.–Hondakin uren nahiz hornidurakoaren tratamendu eta arazketari buruz osasun agintaritzak eta oro har erakunde publiko eskudunek ematen dituzten arau edo xedapenak bete beharko ditu.

5.–Zerbitzuen etenaldia edo beste gorabeheraren bat gertatuz gero, ahal den guztietan abisua eman beharko die abonatuei egokiena iruditzen zaion moduan.

16. artikulua. 1.–Aurreko artikuluko 5. idatz-zatian xedatua eta zerbitzuak etengabe emateko betebehar orokorra ukatu gabe, Udalak aldi baterako eteten edo murrizten ahalko du ur hornidura edo hondakinen hustuketa, aitzinetik abisurik eman gabe eta bere aurkako bestelako ondoriorik gabe, baldin eta zerbitzuen behar orokorretarako komeni edo beharrezkoa dela uste badu, edo, bestela, bere borondatetik aparteko ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen bada.

2.–Nahitaez egin behar diren kontserbazioko eta zerbitzuko lanen ondorioz, ur horniduran edo hustuketan gertatzen diren etenengatik ez da inola ere kalte-ordainik ordaindu beharko. Udala beharturik egonen da bere neurriak iragartzera, ukituak izanen diren eraikin edo tokietan kartelak jarriz.

3.–Erabilera mota dela-eta uraren etenik gabeko kontsumoa edo hustuketa ezinbestekoa duten abonatuek neurriak hartu beharko dituzte aldez aurretik, goiko idatz-zatietan aipatutako nahitaezko etenaldiak gertatzen direnerako.

17. artikulua. Ur hornidura egitetik gelditzen bada erabiltzaileen beharrak betetzeko ur emari aski ez dagoelako, kontuan hartuko da, alde batetik, zerbitzua mankomunatua den ala ez, eta bestetik, kontrataturiko erabilera mota, eta zerbitzu etena ordena honetan eginen da:

1.–Apainketarako eta nekazaritzako erabileretarako hornidura.

2.–Kirol instalazioetarako eta aisialdiko erabileretarako hornidura.

3.–Nekazaritzako erabileretarako hornidura.

4.–Industria, merkataritza, zerbitzu eta nekazaritzako nabeen erabileretarako hornidura.

5.–Etxebizitzetarako eta ikastetxeetarako hornidura.

18. artikulua. Erregelamendu honetan berariaz ezarritako betebeharrez gainera, abonatuak honako arau orokor hauek bete beharko ditu:

1.–Behar duen ura baizik ez du erabiliko, beharrik gabeko gehiegizko kontsumorik egin gabe, hornidura sareko erabiltzaile guztiek ura hobeki eduki ahal izan dezaten.

2.–Hondakin urak hustu beharko ditu indarra duten legeek eta Mankomunitateak onesten dituen arauek ezarritako baldintzen eta mugen barnean.

3.–Udalari jakinarazi beharko dio, ahalik lasterren, ikusten duen edozein matxura (barneko instalazio partikularrekoak izan ezik), batez ere ur-ihesa edo edateko nahiz hondakin uren galera bada, edo saneamendu sarean zerbait trabatu bada.

4.–Udalari jakinarazi beharko dio aldaketa nabarmena egiten badu bere kontsumo arruntean eta/edo hustuketan, eta/edo hustuketako ezaugarrietan, bai eta aldatzen badu kontsumitzen duen uraren erabilera, baldin eta horrekin batera tarifak edo, oro har, polizaren baldintzak aldatu behar badira.

5.–Eraikinaren barne instalazio orokorra ahalik eta kontu handienaz erabili, zaindu eta mantentzea.

6.–Erraztu eta onartu beharko du beren lanean ari daitezen enplegatuak, edo Udalarenak ez izanagatik hark behar den nortasun txartelaren bidez kreditatzen dituenak, polizan ageri den bere finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian sartzen utziz, hornidura eta saneamenduaren ikuskapena egitera edo neurketa ekipoa irakurtzera etortzen zaizkionean.

7.–Udalari eman beharko dizkio eskatzen zaizkion datu guztiak, zerbitzuari buruzkoak edo haiekin zerikusia dutenak, ahalik eta zehatzen.

19. artikulua. Abonatuak ezin izanen ditu gauza hauek egin, betiere berarena izanik erantzukizun osoa:

1.–Udalak hornitzen duen instalazioan lotuneak egin beste iturri batzuetatik ura ekartzeko, edangarria izan arren.

2.–Ura dakarten hodiei zuzenean txertatu, edo haietara hustu, edo, oro har, baimenik gabe erabili ponpak eta beste edozein aparatu, saneamenduko banaketa sarearen egoera eta, ondorioz, beste abonatu batzuei ematen zaien zerbitzua aldarazi edo hartan eraginik izan badezake.

3.–Udalak emandako ura edo husteko ahalmena beste norbaiti saldu edo doan laga, ohikotasunez.

4.–Berari dagokion ur horniduraren edo hustuketaren erabilera beste norbaiti utzi, Udalak agintzen duena bete gabe.

5.–Neurketako ekipoa lekuz aldatu edo bertara heltzeko bidea aldatu, Udalaren baimenik izan gabe.

6.–Berari dagokion ur hornidura kontratuan jartzen ez diren gauzetarako erabili edo kontratuan jarritako hustuketarako baldintzak aldatu.

7.–Instalazioetan eskua sartzea, baita neurgailuetan ere, nahiz eta horiek abonatuenak izan.

8.–Ur kontsumoak egitea neurketa ekipo batek kontrolatu gabe, edo instalazioak nolanahi bestelakotzea hura posible egiteko, eta orobat kontrolatzen diren isurketekin.

9.–Neurketa ekipoaren prezintuak aldatu edo hautsi, beretzako irabazia ateratzeko asmoz.

10.–Saneamendu sareetan isuri Udalak eman duen araudian edo aplikatzekoa den legeria orokorrean eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten produktuak.

11.–Saneamendu sareetan isuri hiri hondakin solidoak, nahiz eta aurretik birringailuetan prozesatu.

2. ATALA

Instalazioak

20. artikulua. Zerbitzuko lanean ari diren instalazioak dira, ondotik aipatzen diren motetakoak izanik, gelditu gabe beren lana egiten ari direnak hornidura eta saneamendu zerbitzuetan:

A.–Hornidurako instalazioak:

1. Emariak hartzeko instalazioak.

2. Ura tratatzeko instalazioak.

3. Hoditeria orokorrak.

4. Erregulazio biltegiak.

5. Banaketa sareak.

6. Harguneak.

7. Abonatuaren barneko instalazioa, orokorra nahiz partikularra.

B.–Saneamenduko instalazioak:

1. Barneko instalazioa:

–Abonatuaren instalazio partikularra.

–Eraikineko instalazio orokorra.

2. Euri uraren sarearen instalazio orokorra etxe partikularretan.

3. Hiri kolektore bateratzaileetarako harguneak.

4. Euri uraren hiri kolektoreetarako harguneak.

5. Ur beltzaren hiri kolektoreetarako harguneak.

6. Ur beltzaren hiri kolektoreen sareak.

7. Euri uraren hiri kolektoreen sareak.

8. Euri uraren kolektoreen sareak.

9. Ur beltzaren kolektoreen sareak.

10. Ur beltzak arazteko instalazio partikularrak.

11. Industrietako urak arazteko instalazio partikularrak.

12. Hondakin urak arazteko herriko instalazioa.

13. Ura arazteko eskualdeko instalazioak.

14. Industrietako isurketa bereziak araztu eta tratatzeko eskualdeko instalazioak.

21. artikulua. 1.–Emariak hartzeko instalazioak izenaren barnean sartzen dira hodiak, ura bideratu eta kontrolatzeko elementuak, fabrika lanak eta gainerako elementu guztiak, erabiltzen direnak ura tratatzeko instalazioei behar dituzten ur bolumenak emateko, betiere kontsumoaren beharren arabera.

2.–Ura tratatzeko instalazioak dira ura argitu eta arazteko prozesuetan erabiltzen diren makina eta gainerakoak, pertsonek ura kontsumitu ahal izateko beharrezkoak baitira.

3.–Hoditeria orokorra da hodi, tutueria eta ponpa multzo bat (maniobra eta kontrolerako elementuak barne), ura erregulazio biltegietaraino eramaten duena.

4.–Erregulazio biltegiak ura aldi baterako edukitzeko tokiak dira, ura sarera bidali bitartean halako tokietan bildu behar izaten baita.

5.–Banaketa sareak herriko kaleetan paratzen diren hodiak eta ura bideratu nahiz kontrolatzeko beraiekin dituzten elementuak eta gainerakoak dira, haietan barna ura presiopean bideratzen baita, erabiltzaileei harguneen bitartez emateko.

6.–Banaketako hargunearen barnean sartzen dira banaketa sareko uraren garraiobideak kasuan kasuko etxearen barneko instalazioarekin lotzen dituzten hodiak eta beren giltzak, lotunekoa (baldin bada), erregistrokoa nahiz pasokoa. Hargunea finkako kanpo lerrokaduran amaitzen da.

7.–Barneko instalazio orokorraren barnean sartzen dira hodiak, giltzak, makinak eta kontagailuak, hargunetik hasi eta barneko instalazio partikularren mugan dagoen pasoko giltzaraino ailegatzen direnak.

8.–Barreneko instalazio partikularren barnean sartzen dira hodiak eta giltzak, abonatu bakoitzaren lokal, etxebizitza edo toki itxiaren barnean ura banatzen dutenak.

22. artikulua. 1.–Saneamenduko barne instalazio partikularra da hodi multzo bat, abonatuaren etxebizitza edo lokalaren barnean dagoena, hondakin urak eraikinaren instalazio orokorreko saneamenduko hodietaraino eramaten dituena.

2.–Eraikin baten saneamenduko instalazio orokorra da hodi, putzu eta ponpa multzo bat (kontrolerako elementuak barne), instalazio partikularretako hondakin urak hartu eta eraikineko saneamenduko harguneraino eramaten dituena.

3.–Eraikin partikular bateko euri uraren instalazio orokorra da hodi, putzu eta ponpa multzo bat (kontrolerako elementuak barne), euri ura hartu eta eraikineko euri uraren harguneraino eramaten duena.

4.–Hiri kolektore bateratzaileetarako hargunea esaten zaio eraikin edo finka bateko hondakin urak, haren mugatik abiatuta, kolektoreraino eramaten dituzten hodi, erregistro eta pieza berezien multzoari.

5.–Euri uraren hiri kolektoreetarako hargunea esaten zaio eraikin edo finka bateko euri ura, haren mugatik abiatuta, kolektoreraino eramaten duten hodi, erregistro eta pieza berezien multzoari.

6.–Ur beltzaren hiri kolektoreetarako hargunea esaten zaio eraikin edo finka bateko ur beltzak, haren mugatik abiatuta, kolektoreraino eramaten dituzten hodi, erregistro eta pieza berezien multzoari.

7.–Ur beltzaren hiri kolektoreen sarea esaten zaio ur beltzak hiri-finka multzo batetik hiri nahiz eskualde-kolektore bateratzaile bateraino edo herriko arazketako instalazio bateraino edo ibilgu bateraino eramaten dituzten hodi, erregistro, eta deskarga eta aireberritzeko kameren multzoari.

8.–Euri uraren hiri kolektoreen sarea esaten zaio euri ura hiri-finka eta eremu libreen multzo batetik ibilgu bateraino eramaten duten hodi eta erregistroen multzoari.

9.–Eskualdeko kolektoreen sareak dira tutueriak, hodiak, mekanismoak, makinak eta kontrolerako elementuak, eramaten dituztenak hondakin urak hiri kolektoreetatik eta/edo harguneetatik hondakin uren arazketarako instalazioetaraino.

10.–Ur beltzak arazteko instalazio partikularrak dira etxeko hondakin urak tratatzen dituzten elementuak, gero ur horiek behar diren baldintzetan isurtzeko kolektore, lursail edo ibilguren batean.

11.–Industrietako urak arazteko instalazio partikularrak dira prozesu industrial batetik heldu diren urak tratatu eta arazten dituzten elementuak.

12.–Hondakin urak arazteko herriko instalazioak dira deposituak, hodiak, mekanismoak, makinak eta kontrolerako elementuak, herri bateko kolektore sareetako hiri hondakin urak arazten dituztenak, gero ibilgu publiko batera isurtzeko.

13.–Ura arazteko eskualdeko instalazioak dira deposituak, hodiak, makinak, mekanismoak eta kontrolerako elementuak, eskualde bateko saneamendu kolektoreetako urak arazten dituztenak, gero ibilgu publiko batera isurtzeko.

14.–Industrietako isurketa bereziak tratatu eta arazteko eskualdeko instalazioak dira hodiak, deposituak, iragazkiak, labeak, mekanismoak, makinak eta kontrolerako elementuak, industrietako isurketa bereziak tratatzen dituztenak, gero ibilgu publikora isurtzeko, edo hondakindegi kontrolatura, edo ura arazteko eskualdeko instalaziora.

3. ATALA

Hornidura zerbitzua

23. artikulua. Udalak abonatuei ura emanen die instalazio orokorren bidez eta abonatu bakoitzak etxean duen hargunearen bidez.

Harguneak.

24. artikulua. Udalak adieraziko du banaketa sareko zein tokitan egin behar den edateko uraren hargunea.

Lotuneko giltza, teknikoki beharrezkoa denean, banaketa sareko hodiaren gainean egonen da, eta hargunea irekiko du; erregistroko giltza eremu publikoan egonen da, jabetzaren mugaren ondoan; eta pasoko giltza, teknikoki komeni bada halakorik instalatzea, kamera iragazgaitz batean egonen da, jabetzaren fatxadako paretan.

25. artikulua. Udalak erabakiko du harguneen neurria, abonatuak eskatzen dituen kontsumoak eta horniduraren zenbaterainokoa ikusita.

Udalak ez ditu bere gain hartuko ur horniduran gertatzen diren akatsak, baldin eta abonatuaren barneko instalazioaren neurriengatik edo egokitzapenarengatik gertatu badira.

26. artikulua. Udalak ahalmena izanen du hargunea berak egiteko edo instalatzaile baimendun bati enkargatzeko.

Hargunea paratzeko, abonatuak eginen ditu zangak ireki eta betetzeko obrak, eremu publiko nahiz pribatuetan, hormetako erretenak, zuloak eta zolatzeak, eta berak izanen du erantzukizun osoa. Obra horietan kontuan hartuko ditu Udalak egiten dizkion oharrak eta hargunea egiteko beharrezkoak direnak.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa ukatu gabe, Udalak lerroalde horretan aipatzen diren obrak egiten ahalko ditu, erabiltzailearen kargura eta betiere hark eskatuz gero.

Hargunearen kostua eskatzaileak ordainduko du beti. Ordenantza fiskalean ezarritakoari jarraituz egiaztatuko da haren ordainarazpena eta diru-bilketa.

27. artikulua. Betiere Udalaren ardura izanen da etxeetako harguneak zaindu, mantendu eta konpontzea, eta lan horiek bere kargura eginen ditu.

Abonatuak bakar-bakarrik manipulatzen ahalko du kontagailuaren irteerako giltza. Pasoko giltza ezinbestekoetan baizik ez du erabiliko, halakorik dagoenean, eta halakorik ez bada, erregistroko giltza, baina Udalari gaztigatu beharko dio berehala.

Emaria neurtzeko ekipoa abonatuaren jabetzakoa izanez gero, hura zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuak abonatuaren kontura izanen dira.

28. artikulua. Edozein finkatan, hargune batetik kontrataturiko hornidurak bat baino gehiago badira, barneko instalazio orokorrean behar den kontagailu saila paratu beharko dira, Udalak esaten dituen ezaugarriak dituena eta berak erabakitzen duen lekuan paratzeko. Hornidura kontagailu orokor batekin kontratatzen denean ez da baldintza hori bete beharko.

Betiere Udalak agintzen ahalko du neurgailuak jabetzaren kanpo-horman paratzeko, edo jabetzaren barnean aise iristeko moduko lekuetan, edo bestela, galtzadan dagoen kutxetan.

29. artikulua. Hodiak hausten ahal baitira, finka edo lokal guztiek behar adina hustubide izanen dute, kontrataturiko ur hargunearen bidez irits daitekeen gehieneko ur kopurua husteko lana egin dezaten, kalte materialik eragin gabe etxeari, bertan pilaturiko produktuei edo kanpoko edozein elementuri. Arau hori betetzen ez bada Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen.

30. artikulua. Udalak ur hornidura duten finken barneko instalazioa ikuskatzen ahalko du. Instalazio horrek arauzko baldintza teknikoak betetzen ez baditu, abonatuari jakinaraziko zaizkio ikusitako akatsak eta zuzentzeko epea ezarriko zaio. Epea iraganik, arauz kanpoko egoerak irauten badu, Udalak dena delako administrazio publikoko erakunde eskuduna jakitun eginen du. Erakunde horrek egokitzat jotzen badu, abonatuak akatsak zuzendu beharko ditu hark ezartzen dion epean. Abonatuak hori egin ezik, Udala behartua egonen da hornidura etetera erakunde eskudunak ezartzen dituen baldintzen arabera.

Udalak, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ez du hornidura gehiago emanen harik eta eskatzaileak lehengo instalazioan atzeman zaizkion akatsak zuzendu arte.

Hornidura, lehendik sarea duten tokietan.

31. artikulua. Hargunea egiteko baimena ematen denean, eskatzaileak Udalaren ordenantza fiskalean ezarritako tasak ordaindu beharko ditu.

32. artikulua. Ur hornidura zein eraikin edo etxetarako hitzartu den, hartarako bakarrik emanen da ura.

Horren ondorioz, etxe edo eraikin mugakide batzuk jabe berarenak izan edo errentari berak erabili arren, bakoitzak bere hornidura izanen du eta hornidura kontratu bana eginen zaie.

33. artikulua. 1.–Eraikin bakoitzaren barneko instalazio partikularraren ezaugarriak nolakoak diren, ur hornidura ematen ahalko da kontagailu banakatzaileen bidez edo kontagailu orokorraren bidez:

a) Kontagailu banakatzaileek abonatu bakoitzaren kontsumo partikularra neurtzen dute, etxebizitzan edo lokalean.

b) Kontagailu orokorrak eraikinean eginiko kontsumo guztiak neurtzen ditu.

c) Nolanahi dela ere, eraikinean baldin badago merkataritzako edo negozioko lokalen bat, aparteko hornidura eduki beharko dute.

Halako lokaletako kontagailuak eraikineko kontagailuen sail orokorrean kokatuko dira. Kasu partikularren batean, lokal horiek kontsumo handia egiten badute eta eraikinaren hargunetik aparteko beste hargune bat behar bada, kontagailua aparteko kutxeta edo kaxa batean egonen da, eta bertara kanpoaldetik joko da. Betiere, Udalak onetsitako baldintza tekniko orokorrak beteko dira.

Kontsumo handiko lokalak dira beren erabilera arruntaren bidez eraikineko ohiko kontsumoak aldarazten dituztenak, eta beti izan beharko dute beren aparteko hargunea.

34. artikulua. Ur hornidura emateko, beharrezkoa da kasuan kasuko higiezinaren, etxebizitzaren edo lokalaren barneko instalazioak betetzea indarra duten arauek, agintaritza eskudunek emandakoek, haren gainean une bakoitzean diotena; horregatik, eskatzaileak nahitaez agiri bat aurkeztu beharko du, erakunde eskudunak egina, hori hala dela frogatzeko.

35. artikulua. Industrialde edo urbanizazio berrietako hornidurek edo lehendik dagoen sarea handitu edo aldatu beharra dakartenek, aitzineko artikuluetan aipatu denaz gain, ondotik heldu diren arauei jarraitu beharko diete.

–Hirilurreko banaketa sareko instalazioak handitu edo aldatu beharra dakarten hornidurak.

36. artikulua. Udalaren eskumeneko eremuaren barnean egonik, hornidura sarea ez bada bertaraino iristen edo, nahiz eta sarea iritsi, handitu edo aldatu behar badira inguruan lehendik dauden instalazioak, hornidura berria emateko, kontuan hartu beharko dira horretarako teknikoki dauden aukerak eta Udalak onesten dituen inbertsio planak.

Udala ez da inoiz ere behartua izanen ura presio jakin batekin ematera. Sistema horrek 19.2 artikuluan ezarritakoa beteko du. Nahi adina ur emateko presiorik ez bada, interesdunak berak paratu eta mantendu beharko du gainpresioko sistema partikularra. Sistema horrek 19.2. artikuluan ezarritakoa beteko du.

37. artikulua. 1.–Hornidura sarea iritsi ez edo, nahiz eta iritsi, behar adina hornitu gabeko lekuetan hornidura eskatzen duenak lagundu egin beharko du sarea handitu edo aldatzeko gastuak ordaintzen, kontsumo eskaera berria atenditzeko beharrezkoa baldin bada. Horretarako lotunearen kuota ordainduko du udalerrian indarra duen araudi fiskalean ezarritako baldintza eta zenbatekoekin.

2.–Sarea handitu edo aldatzen denean, Udalak finkatuko ditu baldintza teknikoak, eta obra egiteko epeak eta baldintza orokorrak Udalak bere inbertsio planetan ezarritakoak izanen dira.

38. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen dena betetzeko, ulertuko da toki bat ez dagoela behar adina horniturik, baldin eta hargunea egin behar den lekuan banaketa sarerik ez badago. Halaber, toki bat behar adina horniturik ez dagoela ulertuko da baldin eta hargunea egiteko bereizten den lekuan, toki horretako kontsumoa atenditzeko lehendik lotuak dauden ur emariak kendu ondotik, eskatzen den hornidura berrirako behar adina ur-kopururik ez badago.

Hornidura industrialde edo urbanizazio berrietan.

39. artikulua. 1.–Industrialde edo urbanizazio berriren bat hornitu behar denean, sustatzaileak ordainduko ditu oso-osorik bertako sareak egiteko gastuak, bai eta industrialdeko sareetatik lehendik diren sare orokorretaraino harguneak egiteko gastuak ere.

2.–Bai poligono berrietako sareak bai arestian aipatutako harguneak Udalak une bakoitzean ezarrita dituen irizpide teknikoei jarraituz proiektatu eta eginen dira.

“Urbanizazio eta industrialdeetako sare berriak, obra egin bitartean, puntu bakarrean lotuko dira sare orokorrekin. Sare berria egiteko obraren barnean kontagailu orokorra paratuko da puntu horretan, Udalak finkatu eta onetsitako ezaugarriak izanen dituena. Kontagailu orokor hori gero sareko osagaietarikoa izanen da. Haren instalazioa sustatzailearen kontura izanen da.

Obrak amaitu eta enpresa hornitzaileak onartzen dituenean, lotura gehiago egiten ahalko dira sare orokorrekin, eraikuntza proiektuan aurreikusi eta onetsita dagoenari jarraituz. Sare orokorretan beste lotune batzuk egin beharra badago obraren onarpenaren aurretik, lotune horiek itxita eta prezintatuta egonen dira obrak onartu arte. Bien bitartean, kontagailua duen lotunetik bakarrik sartuko da ura sare berrietara”.

3.–Udalak, kasuan kasuko urbanizazio proiektuak onetsi aurretik eta, nolanahi dela, eraikuntza lizentziak eman aurretik, kontuan hartuko du ur hornidura eta saneamendurako zer baliabide dagoen eta proiektu nahiz obra horiek betetzen ote dituzten berak finkatutako agindu teknikoak.

40. artikulua. Landalurretan edo lur urbanizaezinetan hornidura emanen da indarra duten hirigintzako legeek baimendutako kasuetan soilik, eta 35. artikuluan ezarritako baldintzak betez gero. Halako hornidurari aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko zaio betiere.

Neurketa ekipoak.

41. artikulua. Abonatu bakoitzak egiten dituen ur kontsumoak kontrolatuko dira neurketa ekipoen bidez, zeinak nahitaez instalatuko baitira instalazio orokorrean edo, halakorik ezean, partikularrean.

Mota hauetako neurketa ekipoak paratzen ahalko dira:

–Kontagailuak.

–Ekipo bereziak.

Kontagailua duen neurketa ekipoa da, aparatu mekaniko edo elektromekaniko bat edukirik, bertatik pasatzen den ur bolumena adierazten duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz beste emari mugarik gabe.

Ekipo bereziak dira Venturi-ren hodiak, isurbideak eta diafragmak, bai eta ur emaria neurtzeko Udalak onartutako beste edozein sistema edo aparatu ere.

42. artikulua. Abonatuek beren jabetzako kontagailu eta bestelako aparatuak jartzeko edo Udalari alokatzeko eskubidea dute, baldin eta neurketa aparatuok Udalak homologatutako sistema eta motetakoak badira, eta egiaztapen ofizialean ontzat emanak.

43. artikulua. Abonatuak neurketa eta kontrolerako ekipoak zaintzeko ardura izanen du, jabeak behar bezala mantendu beharko ditu, eta Udalak erabiliko ditu eta erabileraren ondorioen erantzukizuna izanen du.

44. artikulua. Udalak adieraziko du nolako ezaugarri teknikoak izan behar dituen neurketa ekipoak, indarra duen legeriari jarraituz, eta Udalak berak zehaztuko du kasu bakoitzean zein neurketa ekipo mota eta non jarri behar den.

Diametroa 25 mm-tik beherakoa duten kontagailuen erabilgarritasun-aldia 10 urtekoa izanen da, paratzen direnetik hasita. Diametroa 25 mm-koa edo handiagoa duten kontagailuen erabilgarritasun-aldia 7 urtekoa izanen da, paratzen direnetik hasita. Epe horiek bukatutakoan kontagailu berria jarri beharko da.

45. artikulua. Udal langileak edo Udalak bereizten dituen paratzaile baimenduak arduratuko dira neurketa ekipoak paratu, kendu eta mantentzeaz, gainerako beste edozein pertsonak lan horietan esku hartzea galarazia izanen baitu.

Galarazita dago, baita ere, fabrikatzaileak edo Udalak (paratu edo konpontzen dituenean) neurketa ekipoetan paratzen dituen prezintuak aldatzea, horien bidez bermatzen baita ongi funtzionatzen dutela.

46. artikulua. Ustekabeko edozein gorabehera dela medio, prezinturen bat hausten bada, Udalari abisua eman beharko zaio hogeita lau orduko epearen barrenean.

Neurketa ekipoa hautsi delako edo gaizki dabilelako konpondu behar bada, Udalak haren ordezko beste bat emanen dio abonatuari.

47. artikulua. Neurketa ekipoen gaineko egiaztapenak eginen dira Udalari egokia iruditzen zaion aldiro edo abonatuak berak eskatzen duenean. Abonatuak eskatutako egiaztapena eginda, neurketa ekipoa funtzionatzeko egoera onean dagoela ikusten bada, lan horren gastuak eskatzailearen kontura izanen dira, ordaindu beharko baitu egiaztapenari dagokion tarifa. Neurketa ekipoa egoera onean dagoela ulertuko da, baldin eta neurketako akatsak, halakorik baldin bada, indarra duen araudian onartzen den tartearen barnean badaude.

Neurketa ekipoaren egiaztapena egin eta gaizki dabilela ikusten bada, dena delako administrazio publikoko erakunde eskudunak behar den likidazioa eginen du, Argindar Horniduraren Egiaztapenari eta Erregulartasunari buruzko erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

48. artikulua. Neurketa ekipoak paratzeko, mantentzeko eta, hala behar denean, alokatzeko gastuak erabiltzaileari ordainaraziko zaizkio Udalaren ordenantza fiskalean ezarritako kasuetan eta moduan.

49. artikulua. 1.–Neurketa ekipoak paratzean Industria Ministerioaren Oinarrizko Arauak beteko dira (1976ko urtarrilaren 13ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Oro har, neurketa ekipoak finkako sarreran paratuko dira, erraz iristeko moduko tokietan eta Udalak homologatutako erregistroetan edo Udalak homologatutako sarraila duten geletan.

2.–Etxebizitza eraikinetan ur hotzaren neurketa ekipoak, eraikin osorako badira, eraikineko atarian jarriko dira, edo, solairu bakoitzean ekipo bat paratzen bada, eskailburuetan jarriko dira.

a) Eraikin osorako paratzen badira, banakako kontagailuak jartzeko toki itxi bat eduki beharko da. Beti ziurtatu behar da kontagailuen instalaziotik hormaraino metro bateko tartea egonen dela kontagailuak konpondu edo aldatzeko eta ongi irakurri ahal izateko. Toki itxi hori atarian egonen da, edo alboan, atariak bezala karrikatik zuzeneko sarrera duen leku batean. Argindarra eta zuzeneko hustubidea izanen ditu.

b) Solairuka paratzen badira, solairu bakoitzean kontagailuak jartzeko toki itxi bat atonduko da, gutxienez 1 m altu, 1 m zabal eta 0,60 m sakon, argi elektrikoa eta zuzeneko hustubidea dituena.

Toki itxietatik beheko solairuko erabilera komuneko lekuren bateraino 0,50 cm diametroko PVCzko hodia paratu beharko da, altzairuzko gidariarekin.

Bi kasu horietan ur hotzerako kontagailuak Udalak homologatutako multzoetan paratuko dira, pasoko giltzarekin eta eusteko balbularekin.

Neurketa ekipoen geletako ateetan Udalak homologatutako sarrailak jarriko dira.

3.–Ur beroa zentralizaturik duten etxebizitza eraikinetan, neurketa ekipo orokorra beheko solairuan paratuko da, karrikatik zuzeneko sarrera duen leku batean, edo bestela ur hotzerako kontagailuen gelan.

4.–Hornidurarako barne instalazioak arauzko baldintza teknikoak betetzen dituela egiaztatzeko, interesdunek edo eraikitzaileek eta obren sustatzaileek beren proiektuak bidali beharko dizkiote Udalari, obretarako lizentzia eskatu baino lehen, ontzat eman ditzan, eraikinaren barneko instalazioari dagokionez.

Ontzat ematea nahitaez lortu behar da. Udalak zerbait aldatzeko aginduz gero, interesdunak edo eraikitzaileak behar diren aldaketak eginen ditu barneko instalazioan. Hori egin ezean, 14. artikuluan ezarritakoari eutsiko zaio.

50. artikulua. Abonatuak aldatzen badu bere ohiko kontsumoa edo kontsumo hori ez bada hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, eta, beraz, neurketa ekiporako jarritako neurriak desegokiak badira kontsumitu den ura behar den bezain zehatz kontrolatzeko, neurketa ekipo berria paratu beharko da, bere neurrietan egokitua egiazki kontsumitzen denaren arabera.

Ulertuko da abonatuak bere ohiko kontsumoa aldatu duela edo kontsumo hori ez dela hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, enpresak egiten dituen egiaztapen teknikoen ondorioz ikusten bada paraturiko neurketa ekipoa ez dela egokia egiazko kontsumoetarako, fabrikatzaileak ematen dituen ezaugarrien barrenean.

Neurketa ekiporen bat aldatu behar bada, Udalak baimena du beste baldintzarik bete gabe hura aldatzeko.

51. artikulua. Hornidura hartzen duen eraikin, lokal edo dena delako tokian aldaketa edo konponketaren bat egiteko, kontagailuaren instalazioa edo bertara jotzeko bidea zerbait ukitu gogo bada, Udalaren baimena beharko da aurretiaz.

4. ATALA

Saneamendu zerbitzua

52. artikulua. Saneamendu zerbitzuari oro har aplikatuko zaizkio aitzineko atalean aipatu diren xedapen guztiak, non ez diren hornidura zerbitzuari esklusiboki dagozkionak, batere ukatu gabe ondoko artikuluetan finkatzen diren arau bereziak.

Aitzineko lerroaldean aipatzen direnei buruz, jartzen duenean “hornidura”, “banaketa edo hornidura”, “kontsumoak” eta “hornidura hartzen duena, hornidura sarea duena edo horniturik/ta”, ulertuko da hemen dela “hustuketa”, “saneamendua”, “isurketak” eta “hustuketa duena”.

53. artikulua. Udala ez da inola ere beharturik egonen galtzada lerrotik behera 0,80 metro baino barrenago dagoen isurketa kotarik ematera. Isurketaren bat kolektorearen azpiko kotaren batean bada, eskatzailearen kontura izanen da hondakin urak gorago ekartzeko sistema instalatu eta mantentzea.

54. artikulua. Saneamenduko hargunea saneamenduko sareari lotuko zaio Udalari egokiena iruditzen zaion tokian, eta, behin egin ondotik, harena izatera pasako da.

Saneamenduko harguneak diseinatu eta eraikitzean, ziurtatu beharko da estankoak direla, bereziki saneamendu sarearekin lotzen diren puntuan. Udalak eskatzen ahalko du kutxetak para daitezela, hala hargunea hasten den tokian nola sarearekin lotzen den puntuan, bai eta emariak kontrolatu eta neurtzeko kutxetak egin daitezela eta behar diren neurketa sistemak para daitezela ere. Horretaz gainera, Udalak eskatzen ahalko du harguneen erregistroko kutxetak egin daitezela eraikinaren barrenean. Hori dena Udalaren jarraibideen arabera egin beharko da. Nolanahi dela ere, saneamenduko harguneen proiektuak eta ondoriozko obrek bermatu beharko dute egiturek iraunen dutela eta jasanen dela garraiatu beharreko uren gogortasuna.

55. artikulua. Kolektore sare bereizlea dagoenean, Udalak aginduko du ur beltzaren eta euri uraren hargune bana paratu daitezela eta, horrenbestez, sare bereizlea egin dadila hustuketa zerbitzua hartuko duen eraikin edo finkan ere.

Nolanahi dela ere, kolektore sare bereizlerik ez egon arren, noizbait egon liteke eta Udalak agintzen ahalko du ur beltza eta euri ura bereiz daitezela aurreko lerroaldean azaldu den bezala, eta berriro nahas daitezela horretarako diseinatuko den behin-behineko kutxeta batean.

56. artikulua. Udalaren ustez beharrezkoa edo komenigarria bada isurketen kontrol berezi bat egitea, berak diseinatuko du nahitaez paratu beharreko isurketak neurtzeko aparatua eta adieraziko du nola kokatu behar den.

Udalak eskatzen ahalko du egin daitezela isurketen laginak hartzeko kutxetak, berak onetsitako diseinuaren arabera.

57. artikulua. 1.–Saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremuetan, edo behar bezalako saneamenduko azpiegiturarik ez dagoenetan, erabiltzaileek konponbide bereziak bilatzen ahalko dituzte, hala nola putzu septikoak, kubetak edo irazkiak, baldin eta enpresak teknikoki onartzen baditu haien proiektua eta gauzapena.

Konponbideak eta haiek egiteko emandako baimenak behin-behinekoak izanen dira, Udalak finkatik hurbil saneamendu sarerik ez duen bitartean, hala denean lotura egin beharko baita ordenantza honetan aipatzen den maneran eta ordenantza honetan aurreikusitako baldintza orokorrak betez.

2.–Aitzineko atalean eta 36. eta 37. artikuluetan aipatzen denari dagokionez, saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremutzat hartzen dira hargunea kokatu behar den tokian kolektore sarerik ez dutenak.

Halaberean, usteko da toki batek ez duela behar bezalako saneamenduko azpiegiturarik, baldin eta hargunea kokatu behar den tokian ez bada garraio ahalmenik edo kotarik aski, heldu den isurketa kopuru berria hartu ahal izateko.

58. artikulua. Udala ez dago beharturik etxeko instalazio berezirik hartu, garbitu edo saneatzera.

IV. KAPITULUA

Zerbitzuak kontratatzea

1. ATALA

Kontrataziorako baldintza orokorrak

59. artikulua. Ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuen kontratazioa, ordenantza honetan aipatzen diren helburuetako eta hemen esaten diren baldintzetan, kontratu baten bidez formalizatuko da. Kontratua, alde batetik, Udalak izendatzen duen pertsonak sinatuko du eta, bestetik, zerbitzuak hartzen dituen eraikin, lokal, etxebizitza edo toki itxiaren jabeak edo kasuan kasuko higiezina okupatzeko behar adina titulu duenak, biek esku hartzen ahalko baitute zuzenean edo, botererik aski izanik, haien ordezkoa denak.

60. artikulua. 1.–Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa lortu nahi duen pertsona interesdunak eskaera aurkeztu beharko du, Udalak emanen dion eredua erabiliz, eta hori egitearekin batera bere gain hartuko du eskaeran paratu dituen datuen gaineko erantzukizuna.

2.–Eskabidearekin batera ondoko agiri eta baimenak aurkeztu beharko dira:

a) Kokapenaren, iturgintza eta saneamenduko instalazioen eta, halakorik baldin bada, suteetarako instalazioaren planoa.

b) Udalaren obra lizentziaren kopia.

c) Obra lizentziaren aurreko baimen administratiboaren kopia, Lurraldea Babestu eta Erabiltzeko Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen 31. artikuluarekin bat, nahitaezko tramitea den kasuetan.

d) Zanga irekitzeko lizentziaren kopia.

e) Merkataritzarako edo industriarako lokalak badira, Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen gaineko Erregelamenduaren aplikazio esparruko jardueretan aritzen direnak, proiektuaren kopia aurkeztu beharko da.

f) Hargunearen trazadurak jabetza pribaturen bat ukitzen badu, kasuan kasuko baimena.

3.–Udalak ur hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketarako zerbitzua ematea erabakiz gero, aurreko ataletan aipatutako agiriekin behin-behineko hornidura kontratua egiten ahalko da obrako kontsumorako.

4.–Ur hornidura 76.e) artikuluko kontsumoetarako eskatzen denean (suteei aurre egiteko), eskatzaileak artikulu honetako 2. ataleko a), d), e) eta f) letretan aipatutako agiriak besterik ez ditu aurkeztu beharko eskabidearekin batera.

5.–Beti egiaztatu beharko da hornidura eta saneamendurako barne instalazioek arauzko baldintzak betetzen dituztela. Egiaztapena ordenantza honetan ezarritako moduan eginen da.

60. bis artikulua. Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketa behin betiko kontratatzeko ondoko agiriak aurkeztu beharko dira, dena delako higiezina okupatzeko behar adinako tituluaren egiaztagiriaz gainera:

a) Etxebizitzak: bizigarritasun zedula (behin betiko kalifikazioaren edo zaharberrikuntzaren zedula aurkezten bada bizigarritasun zedularen ordez, etxebizitza lehen aldiz okupatzeko lizentzia erantsi beharko da).

b) Merkataritza eta industria lokalak: Irekitzeko lizentzia.

Lizentzia fiskalean alta emanda egotearen egiaztagiria.

GOKA espedientea; administrazio eskudunak ezarritako neurri zuzentzaileen edukia kontratuari batuko zaio.

61. artikulua. Ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuak epe jakin baterako edo denbora mugarik gabe hitzartzen ahalko dira.

Ez dira, ordea, denbora mugarik gabe hitzartzen ahalko iragankorrak diren finka, esparru, obra, industria eta abarretarako.

Edateko uraren hornidura eta hondakin uren hustuketa modu berezian ematen ahalko da instalazioak probatzeko, aitzinetik Udalaren eta erabiltzailearen artean egiten bada hitzarmen bat, non zehaztuko diren zerbitzuen iraupena, kontsumitu gogo den uraren nahiz hustu gogo diren isurketen bolumena, haien ezaugarriak eta hitzarmena gauzatzeko egin behar diren gastuen zenbatekoa.

62. artikulua. Ur hornidura 33.1 artikuluko b) atalean aipatutako moduan ematen denean, kontagailu orokorrarekin alegia, kontratua egiteko beharrezkoa izanen da lehendik legez eratua egotea ondasun komunitatea edo ente juridikoa, hornidura hartuko duen multzoaren jabetza bere gain hartuko duena.

63. artikulua. Ur hornidura eta hustuketako zerbitzuak eman ziren helburuei atxikita geldituko dira, eta ezin izanen da haietaz baliatu bestelako erabileretarako, zeren halakorik egin nahi bada beste kontzesio bat eskatu beharko baitzaio Udalari.

64. artikulua. 1.–Tarifa konbinatuak aplikatzen ahal diren kasuetan izan ezik, ur hornidura eta/edo saneamenduko polizak erabilera bakoitzerako finkatuko dira, eta poliza bereziak egin beharko dira tarifa edo baldintza desberdinak aplikatzeko eskatzen duten guztientzat.

2.–Edozein arrazoi dela kausa, abonu polizan jasotako kontratuaren baldintza berezietakoren bat aldatzen bada, beste agiri bat idatzi beharko da, dagokion data jarrita eta bi alderdiek sinaturik, non paratuko baitira erabaki diren aldaketak.

65. artikulua. Abonu polizek ez dute izanen ordenantza honetan edo Udalak onetsitako beste batzuetan xedatutakoaren kontrako klausula gehigarri edo berezirik, ez eta unean uneko tarifetatik gorako prezioak edo baimenik gabeko errekarguak ezartzen dituenik ere.

66. artikulua. Ur hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak eskatzen dituzten guztiek, 59. artikuluan ezarritakoa betetzeaz gain, kontratazioa egiten denean fidantza jarri beharko dute. Fidantzaren baldintzak eta zenbatekoa 68. artikuluan adierazitakoak izanen dira.

67. artikulua. Nahiz eta baldintza guztiak bete, Udalak ez die ur hornidura eta saneamenduko zerbitzurik emanen berarekin zorren bat duten eskatzaileei, zorrak beren errekargu eta ondoriozko gastu guztiekin kitatzen ez dituzten bitartean.

2. ATALA

Fidantzak eta gordailuak

68. artikulua. Ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuak emateak sortzen dituen tasak bilduko direla bermatzeko eta, oro har, abonatuari leporatzen ahal zaion instalazioetako edozein kalte edo zorpeko ordaindu ahal izateko, abonatua beharturik egonen da Udalaren ordenantza fiskalak finkatzen duen fidantza uztera Udalaren kutxan, zerbitzuaren kontratua egiteko momentuan.

Fidantza hori abonatuari itzuliko zaio kontratua suntsitzen bada, dagokion likidazioa egin eta gero.

69. artikulua. Behin-behineko zerbitzu laburrak, gehienez ere bi hilabetekoak, egiten direnean, aurreko artikuluan aipatutako fidantzaren ordez kontsumo eta/edo isurketen aurretiazko likidazioa egiten ahalko da, kontagailuak zenbateko kalibrea duen eta ustez zenbat orduz erabiliko den kontuan hartuta. Likidazio horrek fidantzaren helburu eta izaera berak izanen ditu.

70. artikulua. Zerbitzuak emateko tasak aurretiaz gordailuan uzteari dagokionez, une bakoitzean Udalaren ordenantza fiskalean ezarritakoari jarraituko zaio.

3. ATALA

Kontratuaren etendura eta amaiera

71. artikulua. Udalak abonatuei eteten ahalko dizkie ur hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak, honako kasu hauetan eta prozedura honi segituz:

a) Udalak egindako edozein zerbitzuren ordainagiria kobratzen hasten denetik hiru hilabeteko epean abonatuak ordaintzen ez duenean.

b) Iruzurragatiko likidazio irmotik sortzen diren zenbatekoak ordaindu ez direnean edo iruzurra berriz egin duela frogatzen bada.

c) Abonatuak ematen zaion ura erabiltzen badu kontrataturiko polizan erraten den ez bezala edo finkatzen diren erabileretatik aparteko beste zerbaitetarako.

d) Abonatuak egiten dituen isurketetan betetzen ez badira polizan baimendutako baldintzak, eta, oro har, abonatuak betetzen ez dituenean Udalak isurketen gainean emandako arauak.

e) Abonatuak txertatzen uzten badu edo txertatzen baditu ur hornidura eta hustuketarako adarrak bere instalazioetan, bere abonu polizan sartzen ez diren beste lokal edo etxebizitza batzuetarako.

f) Abonatuak ez badie kontrataturiko zerbitzuak hartzen dituen lokalean sartzen uzten enpresak baimendutako langileei, beren dokumentazio eta nortasun agiri guztiak dituztela, instalazioak ikuskatu eta kontsumoa neurtzera joaten direnean. Kasu honetan beharrezkoa izanen da sarrera ukatzea bi lekukoren edo agintaritzaren agenteren baten aitzinean egitea.

g) Abonatuaren utzikeriagatik, hornidura eta saneamendu sarean arazoren bat eragin eta hura zuzentzeko ekiporik ez paratzeagatik, eskumena duten erakundeek hura zuzentzeko emandako epea iragan eta gero.

h) Abonatuak larriki hausten baditu ordenantza honetan aipatzen diren aginduak edo betetzen ez baditu abonu polizan finkatzen diren baldintzak.

Kasu horietan, eta uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketako kontratuan aipatzen diren gainerakoetan, organo eskudunak hasiera emanen dio kontratua eteteko espedienteari, legez ezarritako prozeduraren arabera. Abonatuari hori jakinarazi eta 10 eguneko epea emanen zaio, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan.

Alegazioak aztertu ondotik, frogaturiko egintzak ukatzen ez badituzte, organo eskudunak emanen du kontratua eteteko ebazpena, zeina jakinaraziko baitzaio interesdunari, eta momentu horretatik aitzinera mozten ahalko zaio hornidura.

Etenaldia ekarri duten inguruabarrak zuzendurik, zerbitzua berriz hasiko da egun berean edo hurrengo egun baliodunean.

Etenak nahiz lotura berriak sortzen dituzten gastuak abonatuaren kontura izanen dira.

72. artikulua. Ur hornidura eta saneamendurako kontratuak arrazoi hauengatik amaituko dira:

a) Abonatuak deuseztapena formalki eskatzen badu, eta horretarako aski izanen da enpresaren bulegoetan idatzi bat aurkeztea, polizaren titularrak edo legez baimendutako pertsonak sinaturik.

b) Kontratuari zegokion iraupena amaitzen bada, denbora jakin baterako egina denean.

c) Polizaren titularrak galtzen badu zerbitzuak hartzen dituen lokal, finka edo toki itxiaren gaineko titulartasuna edo erabilerarako eskubidea, kasuan kasukoa, 74. artikuluan aipatutako eskualdaketarako eskubidea ukatu gabe.

d) Abonatua galtzen edo hiltzen bada.

e) Hiru hilabete baino gehiago iragaten badira 71. artikuluan aipatutako arrazoiengatik zerbitzua eten zenetik eta epe horretan abonatuak ez badu etenduraren kausak zuzentzeko neurri egokirik hartzen.

73. artikulua. Aurreko artikuluko c) atalean ezarritakoarekin bat, helbidea aldatzen denean eta kontratua sinatu zuen pertsonaz beste norbaitek lokala okupatzen duenean poliza berria egin edo aurreko polizan subrogatu beharra izanen da, eta betiere alta emateko baldintza formal eta ekonomikoak bete beharko dira.

74. artikulua. 1.–Oro har, abonatuak ezin izanen dizkie bere eskubideak hirugarrenei laga, eta ezin izanen du Udalarekin dituen erantzukizunen karga bere gainetik kendu. Hala ere, Udalarekiko betebehar ekonomikoak beterik edukiz gero, abonatuak lokal bera okupatuko duen pertsonari bere poliza eskualdatzen ahalko dio, kontrataturiko baldintzak aldatu gabe.

2.–Abonatuak Udalari jakinaraziko dio itundutako eskualdaketa, idazki baten bidez. Higiezinaren okupatzaile berriak ere eskualdaketa jakinarazten ahalko du horren egiaztagiriak aurkeztuz, berdin dio zer eskualdatzen den, etxebizitza, denda nahiz industria.

Jakinarazpena jaso ondotik, Udalak kontratu berria egin beharko du abonatu berriaren izenean, eta bertan agertuko da abonatu berria jatorrizko kontratuan subrogatu dela. Lehengo abonatuak bere fidantza berreskuratzeko eskubidea izanen du, eta abonatu berriak dagokion diru kopurua ordaindu beharko du, eskualdaketa egiten denean indarra duten xedapenen arabera.

75. artikulua. Abonu polizaren titularra hiltzen bada, 72. artikuluko d) atalean ezarritakoa gorabehera, edozein jaraunsle edo legatu-hartzaile, hornidura hartzen duen etxebizitza edo lokalaren jabetza edo erabilera bereganatuz gero, abonu polizako eskubide eta betebeharretan subrogatzen ahalko da.

Entitate juridikoak iraungitzen badira, haien eskubide eta betebeharretan subrogatzen denak gauza bera egiten ahalko du abonu polizan. Betiere zerbitzuak hartzeko behar diren baimen eta agiri guztiak aurkeztu beharko dizkio Udalari.

Subrogaziorako eskubidea erabiltzeko epea sei hilabetekoa izanen da, gertaera eragilearen egunetik hasita.

4. ATALA

Zerbitzuen erabilera motak

76. artikulua. Ur hornidurak emanen dira bakar-bakarrik helburu hauetarako:

a) Etxeko erabileretarako kontsumoak.

b) Industriako, merkataritzako, zerbitzuetako eta abeltzaintzako erabileretarako kontsumoak.

c) Erakundeen eta ongintza eta irakaskuntza zentroen kontsumoak.

d) Obren eraikuntzarako kontsumoak.

e) Suteei aurre egiteko kontsumoak.

f) Ureztapen, apainketa eta aisiarako kontsumoak, finka partikularretan.

g) Zentro ofizialetako erabileretarako kontsumoak.

h) Erabilera publikoko berdeguneak ureztatzeko kontsumoa.

i) Iturri eta apaingarri publikoetarako kontsumoa.

j) Zerbitzu berezietarako kontsumoak.

77. artikulua. 1.–Etxeko erabilerarako kontsumoak dira bizigarritasun zedula behar duten etxebizitza edo toki itxietan egiten direnak.

2.–Industriako erabileretarako hornidurak dira lizentzia fiskalean alta emanda egon behar duten negozio lokalak edo industriak hornitzea helburu dutenak.

3.–Ongintza eta irakaskuntzako erabileretarako hornidurak dira giza kontsumoaren beharrak asetzen dituztenak ongintza publikorako edo hezkuntzarako soil-soilik diren zentroetan, baldin eta ofizialki halako izaera onartua badute.

4.–Obren eraikuntzarako hornidurak dira eraikuntza edo zaharberrikuntza beharrak eta, oro har, edozein motatako obren beharrak asetzea helburu dutenak. Horrelako hornidurak betiere behin-behinekoz eta aldi jakin baterako emanen dira, biztanleen behar orokorren arabera.

5.–Suteei aurre egiteko hornidurak ematen dira eraikin, lokal edo esparru jakin batean suteak itzaltzeko egokituriko instalazioak hornitzeko bakar-bakarrik.

Horrelako hornidurak abonatuak erabiltzen ahalko ditu libreki, bakarrik sute edo ezbehar kasuan beharrezkoa bada. Mota horretako hornidurak egiten badira noizbehinka instalazioa probatzeko, Udalaren baimena beharko da, eta hark finkatzen dituen orduan eta baldintzetan egin beharko dira.

6.–Zentro ofizialetako erabileretarako hornidurek kontzejuen jarduerak sortzen dituen beharrak asetzen dituzte, bai eta Estatuaren edo Nafarroako Foru Komunitatearen menpeko erakunde ofizialenak ere.

7.–Erabilera publiko eta orokorreko berdeguneetarako hornidurak ematen dira halako erabilera duten higiezinak ureztatzeko, titulartasun publiko nahiz pribatukoak izan.

8.–Iturri publikoetarako hornidurak ematen dira elementu horiek hornitzeko eta, oro har, titulartasun eta erabilera publikoko edozein elementu apaingarri hornitzeko.

9.–Zerbitzu berezietarako hornidurak dira une jakin bateko behar iragankorrean egiten direnak, eta edozein motatako beharretarako erabiltzen ahal dira.

Horrelako hornidurak eman ahal izateko, ikusi egin beharko dira hornidura eskatzen den tokian Udalak dituen instalazioen ahalbideak eta biztanleen behar orokorrak. Betiere, hornidura behin-behinekoz eta epe jakin baterako emanen da.

78. artikulua. Denbora mugarik gabe kontratatuko dira aurreko artikuluan aipatutako hornidurak, bertan iraunaldi mugatua ezartzen zaienak izan ezik.

Horniduraren iraupena mugagabea bada ere, abonu polizetan ezartzen ahalko da kontratuak urtebeteko iraupena izanen duela eta berez luzatuko dela, ez bada aldatzen edo haren amaiera iragartzen.

79. artikulua. Saneamendu zerbitzuaren erabilera, isurketa motak eta haietarako baldintzak egin beharko dira Udalean isurketei buruz momentu bakoitzean indarra duten arau edo ordenantzek agintzen dutenaren arabera.

V. KAPITULUA

Kontsumoak, fakturazioa eta ordaintzeko modua

1. ATALA

Kontsumoak zehaztea

80. artikulua. Abonatu bakoitzak egiten dituen kontsumoak prozedura hauen bidez zehaztuko dira:

a) Neurketa ekipoaren irakurketan lortutako kontsumo datuen arteko aldeari erreparatuz.

Neurketa ekipoetan ageri diren datuak Udaleko langileek irakurriko dituzte, edo, udal enplegatuak ez izanagatik, hark kreditatzen dituen pertsonek, Udalaren ordenantza fiskalean kasu bakoitzerako ezartzen den maiztasunarekin. Kontrako froga egiaztaturik ez badago, irakurketa horrek adieraziko du abonatuak egindako kontsumoa zenbatekoa den.

b) Kontsumoak zenbatetsiz, baldin eta, Udalaren borondatez kanpoko arrazoiengatik, ezinezkoa gertatzen bada haren langileek ikustea neurketa ekipoan ageri diren datuak, eta abonatuak berak ez badizkio Udalari ematen, ondoko bost egunen barnean, hornidura puntuan horretarako espres utziko den inprimakian idatzita, neurketa ekipoan erregistratu diren datuak.

Kontsumoak zenbatesteko, aurreko urteetan denbora tarte berean izandako kontsumoei begiratuko zaie, eta kontratuak oraindik urtebete egin ez badu, kontuan hartuko dira, kontsumoaren zenbatespena egiteko, fakturatutako aldian egin diren kontsumoak.

Zenbatespenaren bidezko fakturazioa kontura eginen da, eta irakurketa-indizeen arteko aldea jakin ondoren egiten den lehenengo fakturari haren zenbatekoa kenduko zaio.

Abonatuak neurketa ekipotik hartu eta Udalari ematen dizkion datuak ez badatoz bat abonatu horrek egin ohi duen kontsumoarekin, orduan ere kontsumoen zenbatespena egiten ahalko da.

c) Kontsumoak ebaluatuz, neurketa ekipoa irakurtzerakoan zerbait gaizki dagoela ikusten denean edo indize bakarra dagoenean, aurrekoa baliogabea delako.

Kontsumo ebaluatua kalkulatzeko, aurreko atalean azaldutako prozedurari jarraituko zaio.

Kontsumoaren ebaluazioa bidezkoa izanen da, halaber, kontagailurik gabeko puntuetako hornidura berezietan, eta Udalak eginen du, kontzesioaren unean ezarri eta abonatuak onartutako sistema edo indize eta baldintzei eutsiz.

Halakoetan, ebaluazio prozeduraren bidez egindako fakturazioak ez dira konturakoak izanen, behin betikoak baizik.

81. artikulua. Aitzineko artikuluko b) atalean aipatzen diren kasuetan, denbora-tarte horiei dagokien fakturazioa egitean, Udalak kontsumoak zenbatetsiko ditu edo, bestela, kontsumo hori hurrengo denbora-tarteari gehituko dio, gero bietako kontsumoen batuketa egiteko.

2. ATALA

Fakturazioa eta ordaintzeko modua

82. artikulua. Udalak ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuak fakturatuko ditu une bakoitzean indarra duten tarifak aplikatuz, Udalaren ordenantza fiskalean kasu bakoitzerako ezarritako baldintza eta epeetan.

83. artikulua. Arau orokor gisara, ur hornidura eta kontsumorako instalazioen edo haien erabileraren gainean Estatuak, Foru Komunitateak edo udal eta kontzejuek ezartzen dituzten tributuak ezin zaizkio besterik gabe abonatuari jasanarazi, non ez duen bestelakorik agintzen tributua sortzen duen arauak, eta betiere batere ukatu gabe haien zenbatekoa tarifan sartzea, kostua bezala.

Aitzineko hori horrela izanik ere, zerbitzuetarako kontratua sinatzeko formalizatu behar den dokumentazioa nola edo hala kargatzen duten zergak, tasak, eskubideak edo bestelako gastuak abonatuaren kontura izanen dira.

84. artikulua. Ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuagatik abonatuari egiten zaizkion ordainagiriek une bakoitzean indarra duten legeetan eskatutako zehaztapenak izanen dituzte. Tarifak, kontsumoak eta erabiltzaileek jakin beharreko gainerako datuak jasoko dira ordainagirietan, argi eta erraz ulertzeko moduan.

85. artikulua. Ordenantza fiskalean bestelako prozeduraren bat ezarri ezik, abonatuak ondoko sistemen bidez ordaintzen ahalko ditu Udalak fakturatutako zenbatekoak:

–Eskudiruz, Udalaren Gordailuzaintzan edo kobrantzarako gaitutako banku edo aurrezki kutxetan.

–Abonatuak ematen duen banku kontuan helbideratuta.

–Postazko igorpenaren edo taloi adostuaren bidez.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

1. ATALA

Arau-hausteak

86. artikulua. Abonatuaren arau-haustetzat hartuko da, ordenantza honetan ezarri diren betebeharrak eta baldintzak nahiz Udalak 1. artikuluan aurreikusten denari jarraituz onesten ahal dituen gainerakoak ez betetzea, eta tributu arlokoak nahiz kanpokoak izaten ahalko dira.

87. artikulua. Tributuz kanpoko arau-hausteak, zer garrantzi eta ondorioak dituzten, arinak eta larriak izanen dira.

Arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honen 18. artikuluko 1, 3 eta 4. ataletan eta 19. artikuluko 4 eta 6. ataletan abonatuari ezartzen zaizkion eginbeharrak ez betetzea.

Arau-hauste larritzat hartuko da 19. artikuluko 2, 5, 6 eta 7. ataletan eta 20. artikuluko 1, 2, 3, 5, 7 eta 10. ataletan dauden arauak ez betetzea, baita arintzat hartutako edozein arau-haustetan berrerortzea ere.

88. artikulua. Tributu arloko arau-hausteak dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduaren 240. artikuluak eta hurrengoek aurreikusiak.

89. artikulua. Iruzurtzat hartuko da, aurreko artikuluan aipatutako manuetan aurreikusitako arau-hausteez gain, ordenantza honen 20. artikuluko ondoko ataletan aipatzen diren eginbeharrak ez betetzea:

–Lehen atala: presio diferentziaren ondorioz neurketa ekipoaren funtzionamendu egokiari traba egiten zaionean.

–Seigarren atala: abonatuari irabazi ekonomikoa etortzen bazaio.

–Zortzigarren atala.

–Bederatzigarren atala.

2. ATALA

Zehapenak

90. artikulua. Arau-hauste arinek Udalaren ohartarazpena ekarriko dute ondorioz, eta abonatua beharturik egonen da bere egoera zuzentzera, hala eskatzen zaion kasuetan, hamabost eguneko epean eta horrekin sortzen diren gastu guztiak bere gain hartzen dituela.

91. artikulua. Arau-hauste larriek ondorioz ekarriko dute errekargu gisa 250 metro kubiko ur fakturatzea, kasuan kasuko erabilerari dagokion tarifako prezioan baloratuak. Zehapena edozein dela ere, hala behar den kasuetan, hornidura eten eginen da, harik eta Udalak ikusi arte instalazioa hasierako egoeran utzi dela berriz, edo arau-hausterik ez egiteko behar diren neurri zuzentzaileak hartu direla, eta hori guztia, abonatuak, sortutako egoeran zuzeneko erantzule gisa izan ditzakeen erantzukizunak ukatu gabe.

Ez da inola ere hornidura berriz ere emanen, baldin eta abonatuak likidatzen ez baditu egindako arau-haustearen ondorioz sortzen diren gastuak.

92. artikulua. Arau-hauste arin batean berrerortzeak, arau-hauste larria sortuko du. Arau-hauste larrian berreroriz gero, zigorra aurreko artikuluan aipatutakoa halako bi edo hiru bihurtuko da, berrerorketaren tamainaren arabera.

93. artikulua. Tributu arloko arau-hausteak Toki Ogasunei buruzko foru araudian ezarritakoaren arabera zehatuko dira.

94. artikulua. Instalazioak nola edo hala manipulatuz iruzurra egiten denean, kontrataturiko zerbitzuak eten eginen dira, harik eta instalazioak hasierako egoeran berriz utzi eta arau-hausleak eragindako gastuak ordaindu arte.

95. artikulua. 1.–Iruzurra egiten denean, 91. artikuluan aurreikusten diren zehapenak ezartzeaz gain, egindako iruzurrari dagokion likidazioa eginen da.

2.–Iruzurraren ezaugarriak direla eta, kontsumitutako ur bolumena zenbatekoa izan den zehazterik ez dagoenean, aurreko idatz-zatian aipatutako likidazioa egiteko, iruzurrak iraun duen bitartean egunero hamar orduko kontsumoa egin izan balitz hargunetik pasatuko zen gehiena kontatuko da.

Ezinezkoa bada iruzurrak zenbat denbora iraun duen zehaztea, kasu bakoitzaren inguruabarrak eta zantzuak ikusirik likidazioan denbora-eskala hau erabiliko da:

–Iruzurrak hamabost egun baino gehiago iraun ez duela uste denean: hamar egun.

–Iruzurrak gutxi gorabehera hilabete iraun duela uste denean: hogeita bost egun.

–Hilabetetik hiru hilabetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: hirurogei egun.

–Hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: ehun eta berrogeita hamar egun.

–Sei hilabetetik urtebetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: hirurehun egun.

–Urtebetetik goiti iraun duela uste denean: zazpiehun eta hogeita hamar egun.

96. artikulua. Arau-hauste larriak eta tributu arlokoak egiten direnean Udalak toki araubidearen gaineko araudiari jarraituz ezarriko ditu zehapenak.

97. artikulua. Nolanahi ere, ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenak ezartzeko, espedientea abiaraziko da, eta hartan entzutea emanen zaio interesdunari.

VII. KAPITULUA

Erreklamazioak eta jurisdikzioa

98. artikulua. Zerbitzuen baldintzak direla-eta aurkezten diren erreklamazio, zalantza eta jabeldurak Udalak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz. Horrek ez du galaraziko Udalaren jarduketen eta erabakien aurka egitea, hori bidezko denean, Toki Administrazioaren arloan indarra duen legeriak ezarri prozedurari jarraikiz.

99. artikulua. Aitzineko artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, justizia auzitegiei dagokie beren eskumeneko aferetan parte hartzea, alderdi interesdunaren eskariz.

Nolanahi dela ere, ordenantza honetan araututako zerbitzuen ondorioz abonatuaren eta Udalaren artean sor daitezkeen auziak Iruñeko epaitegi eta auzitegien jurisdikzioaren menpean jarriko dira eta uko eginen zaio beste edozein jurisdikziori.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Udalak lotunearen kuota ordainarazi arte, ordenantza fiskalean aurreikusitakoarekin bat, sareko instalazioak handitu edo aldatu beharra dakarten hornidurak, hirilurretan, ondotik heldu diren arauei jarraituz eginen dira:

1.–Hornidura sarea iritsi ez edo, nahiz eta iritsi, behar adina hornitu gabeko lekuetan hornidura eskatzen duenak bere kontura eta fondo galdura ordaindu beharko du sarearen handitze edo aldatzea, kontsumo eskaera berria atenditzeko beharrezkoa baldin bada.

2.–Eskatzaile bat edo gehiago hornitze aldera, sarean haiek behar duten zabalkuntza edo aldaketa baino handiagoa egiten bada geroko beharrei begira, kostuak erabiltzaile berrien eta etorkizuneko erabiltzaileen artean banatuko dira, erabiltzaile bakoitzak saretik zenbateko ur bolumena hartuko duen kontuan hartuta.

3.–Sarea handitu edo aldatzen denean, Udalak finkatuko ditu baldintza teknikoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak izan.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Urraulbeitin, 2015eko martxoaren 5ean.–Alkatea, Luis Castillo Santesteban.

UR HORNIDURA, ESTOLDERIA ETA SANEAMENDUA, ARAZKETA ETA URAREN ZIKLO INTEGRALAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAINERAKO ZERBITZUAK ETA JARDUERAK EGITEKO PREZIOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Urraulbeitiko Udalaren prezioak, uraren ziklo integralari dagokionean

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza hau aplikagarria izanen da Urraulbeitiko lurralde eremu osoan –Artiedako, Arripodasko, San Vicenteko eta Tabarko Kontzejuak barne–, non arau-testu honek arautzen dituen zerbitzuak ematen diren.

II. KAPITULUA

Emandako zerbitzuak

2. artikulua. Emandako zerbitzuak, ordenantza honetan arautzen diren zerbitzu eta jardueren gertatzezko edo ahalbidezko erabilpena egin edo egin ahal izatearen kariaz zehazten dira. Direlako zerbitzu eta jarduerak, dagozkien prezioak sorrarazten dituztenak, ondoan zerrendatzen diren hauek dira:

a) Edateko ur-horniduraren zerbitzuaren eskuragarritasuna eta mantentze lanak.

b) Herriko saneamendu eta estolderia sareen eskuragarritasuna eta mantentze lanak.

c) Edateko ur-horniduraren zerbitzua erabiltzea. Ezarriko den prezioa uraren erabileren edo helburuen arabera aldatu ahal izanen da, eta tarifa konbinatuak ezarriko dira urari erabilera desberdinak eman eta neurketa ekipoa bakarra denean.

d) Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa behin betiko edo behin-behinekoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea.

Uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantzaren 74. artikuluan xedatutakoaren arabera beste kontratu baten titulartasuna subrogatzen denean, edota erabilera aldaketetan, edo baja eman ondoren _30 egun naturaleko epean_ ematen diren altetan, kontratu berriak egiteko tramitazioagatik eta formalizazioagatik ez da ordaindu beharko.

e) Edateko uraren hornidura sareetan eta/edo hondakin uren hustuketa sareetan hargunea izateko eskubidea. Hor sartzen da hornidura eta saneamendu zerbitzua fisikoki eskura izate hutsa.

f) Behin-behineko horniduretarako kontratuak.

g) Ikuskapena, Udaleko langileek egiten dutena, Uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantza honek ezartzen dituen arauak zehatz-mehatz betetzen diren ala ez frogatzeko, haren kontrako arau-hausteak direnean.

3. artikulua. Urraulbeitiko Udalak behar diren prezioak ezarriko ditu harguneetako lanak finantzatu ahal izateko, bai edateko uraren hornidura sareetakoak, bai hondakin-uren hustuketa sareetakoak; orobat kontagailuak ezarri eta berritzeko, edo bestelako lanetarako, lan horiek Udalak berak egiten dituenean.

III. KAPITULUA

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Ordaintzera beharturik egonen dira:

a) Kontratuaren titularra, ordenantza honetako 2. artikuluko a), b), c), d) eta f) ataletan aipatutako zerbitzuak direnean.

b) Ordenantza honetako 2. artikuluko e) ataleko zerbitzuen kasuan:

b.1) Etxebizitzetako harguneak: Etxebizitzen sustatzailea egonen da ordaintzera beharturik, eta halakotzat hartuko da higiezinen jabea, etxebizitza horiek eraiki edo horien eraikuntza kontratatzen duena, saltzeko, alokatzeko edo berak erabiltzeko.

Nolanahi ere, eraikuntza proiektua gauzatzeko lana hartu duen eraikitzaileak ordaintzen ahalko du tarifa hori, eta gero zenbateko hori, hala badagokio, sustatzaileari eskatu.

b.2) Bestelako harguneak: Obrak, ureztaketak eta abar. Hargunearen eskatzailea egonen da ordaintzera beharturik.

c) 2. artikuluko g) atalean aipatzen diren jarduerei dagokienez, arau-haustea egin duten pertsona naturalak edo juridikoak.

Hornidura kontraturik ez dagoenean, ikuskatu diren lur, eraikin, establezimendu, zentro, egoitza eta gainerako higiezinen jabea, maizterra edo edozein motatako erabiltzailea izanen da ordaintzera behartua dagoena, betiere, zehapena ekarri duen jarduketaren onura jaso badu.

IV. KAPITULUA

Kuotaren oinarria

5. artikulua. Hauek dira 2. artikuluko zerbitzuen kuotak kalkulatzeko oinarriak:

a) 2. artikuluko a) ataleko zerbitzurako: Kuota finkoa, kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen alokairu-kostua gehituko zaio, tresna horiek Udalarenak direnean.

b) 2. artikuluko b) ataleko zerbitzurako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen alokairu-kostua gehituko zaio, tresna horiek Udalarenak direnean.

c) 2. artikuluko c) ataleko zerbitzurako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.

d) 2. artikuluko d) ataleko zerbitzurako: Kuota finkoa.

e) 2. artikuluko e) ataleko zerbitzurako: kuota finkoa, hargunearen edo adarraren diametroaren araberakoa, edo kuoten arteko aldea, handitu bada. Kuota horri koefiziente zuzentzaileak aplikatuko zaizkio, eranskinean ezarritako erabileren arabera.

f) 2. artikuluko f) ataleko zerbitzurako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.

g) 2. artikuluko g) atalean ezarritako jarduerei dagokienez, egindako ikuskapenen kopurua.

V. KAPITULUA

Tarifak

6. artikulua. Eranskinean daude zerbitzu bakoitzaren kuota kalkulatzeko oinarriei aplikatzeko tarifak.

VI. KAPITULUA

Kuotak

7. artikulua. Oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da zerbitzu bakoitzaren kuota.

8. artikulua. Ateratzen den kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeetan ezartzen diren maneran eta baldintzetan.

VII. KAPITULUA

Sortzapena

9. artikulua. 1.–Sareko lotunea egina duten erabiltzaile guztien kasuan, 2. artikuluko a) eta b) ataletako prezioak hilabete bakoitzeko edo seihileko natural bakoitzeko lehenbiziko egunean sortuko dira.

Zerbitzuan sartzen diren erabiltzaileen kasuan, zerbitzua kontratatzen duten egunean sortuko dira prezioak, eta ordaindu behar duenak ordainduko du, bakarrik, hilabete horri geratzen zaizkion egunei eta seihileko horretako ondorengo egunei dagokien zati proportzionala. Prezio horretan sartuko da, 5. artikuluari jarraikiz, neurketa ekipoaren alokairua, hori ordaindu beharra badu erabiltzaileak.

2.–2. artikuluko c) eta f) ataletan ezarritako prezioak ur kontsumoa egiten den unean sortuko dira.

3.–2. artikuluko d) atalean ezarritako prezioak edateko uraz hornitzeko edo/eta hondakin-urak hustutzeko kontratua formalizatzen den unean sortuko dira.

4.–Hona noiz sortuko diren 2. artikuluko e) ataleko prezioak:

a) Etxebizitzetako lotuneak direnean, lotunea eskatzen den unean edo eraikuntza obrarako hornidura kontratua formalizatzen den unean, nahiz eta lotuneak lehenago eginak izan, poligono baten urbanizazioaren barruan.

b) Bestelako harguneetan, hargunea baimentzen den unean.

5.–2. artikuluko g) atalean ezarritako prezioak sortuko dira, ordenantzaren arau-haustea eginez gero, Udaleko langile baimenduek ikuskapena edo egiaztapena egiten duten unean.

VIII. KAPITULUA

Ordainarazpena

10. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren prezioak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1.–2. artikuluko a), b), c) eta f) ataletan aipatutako prezioak honela ordainaraziko dira: seihilean behin.

2.–2. artikuluko d) eta e) ataletan aipatutako prezioak sortzapenaren unean ordainaraziko dira.

3.–2. artikuluko g) atalean aurreikusitako prezioak ordaintzera behartua dagoenari jakinarazten zaizkionean ordainaraziko dira.

IX. KAPITULUA

Diru-bilketa

11. artikulua. 1.–Ordenantza honetan zehaztutako zerbitzuak ematetik sortzen diren zorrak “jakinarazpenik gabekotzat” joko dira, salbu eta 2. artikuluko g) ataleko jardueretatik sortzen direnak.

2.–2. artikuluko a), b), c) eta f) ataletan zehaztutako prezioengatik sortutako zorrak, 10. artikuluan adierazi bezala ordainarazi ondoren, hilabeteko epean ordaindu beharko dira, ordainarazteko epetik aitzina.

3.–2. artikuluko d) atalean aipatutako zerbitzuen prezioak sortzapenaren unean ordainduko dira, salbu eta 12 a) artikuluan zehaztutako ordainketa era aukeratu bada, orduan 30 egun balioduneko epean ordaindu beharko baita.

4.–2. artikuluko e) atalean zehaztutako prezioak sortzapenaren unean ordainduko dira, behin hargunerako eskubidea, Uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantzakoa, onarturik. 9.4 artikuluko b) atalean adierazitako kasuan, obrako hornidurarako baimena emandako unean ordainduko da.

5.–2. artikuluko g) atalean aurreikusitako prezioak hilabeteko epean kitatu beharko dira, ordaintzera behartua dagoenari jakinarazten zaizkion egunetik.

6.–Ezarritako epearen barruan ordaintzen ez diren prezioen zenbatekoei erantsiko zaie urteko legezko interesa aplikatzetik sortzen den kopurua.

Interesei dagokien zenbatekoa sortuko da borondatez ordaintzeko epeko azken egunean eta hilabeteka eskatuko da, borondatez ordaintzeko epea bukatu ondoko hilabeteko azken egunetik aitzina.

Berandutza korrituak ez dira aplikatuko beren jarduerak antolamendu juridiko pribatura egokitu behar dituzten zuzenbide publikoko entitateen, administrazio publikoen eta erakunde autonomoen zorrak direnean.

12. artikulua. 1.–Zorrak honela ordaindu ahalko dira:

a) Zorren ordainketa helbideratu dutenen kasuan, beraiek seinalatutako banku edo aurrezki entitatean, kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez dutenek edota, edozein arrazoi dela medio, helbideratu arren zenbatekoa ezin izan bada hartu, Urraulbeitiko Udalak bere izenean irekitako kontuan, zehazten den banketxean.

2.–Nahiz eta 9.1 artikuluan ezarritakoa hala izan, kontratua amaitzeak sortzapen eskubideak ezabatuko ditu, eta, hala, amaiera dataz ondorengo egunei dagozkien sortutako eta ordaindutako prezioen zenbatekoa ordaintzaileari itzuli beharko zaio.

II. TITULUA

Saneamendu kanona

13. artikulua. Saneamenduko kanona Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta hura garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan arautua dago.

14. artikulua. Delako kanona 10/1988 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrarekin bat ezarri da eta haren zenbatekoa Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean finkatua dago, aurrekontuen ekitaldi bakoitzerako.

15. artikulua. Ez da saneamendu kanona ordaindu beharko ez ureztatzeko ur kontsumoetan ez saneamendu sarera lotu gabe daudenetan. Etxerako gehi ureztatzeko erabilerak eta etxerako gehi nekazaritzako edo abeltzaintzako erabilerak batera dituzten kasuetan, ez dute ordaindu beharko 90 m³-tik gorako sei hileko kontsumoek, sei hilean 90 m³-rainoko kontsumoa etxerako erabili dela jotzen baita eta gainerakoak ez baitu saneamendu sarea erabiltzen.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek 2015eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

1. ERANSKINA

Tarifak

1.–2.a) artikuluan aurreikusitako zerbitzuak.

1.1. Kuota finkoak –Hornidura–: Instalatutako kontagailuaren diametroaren arabera:

KONTAGAILUAREN DIAMETROA

SEI HILEKOKO KUOTA

20 mm arte

15,00 euro

20 mm-tik 65 mm-ra bitarte

75,00 euro

65 mm-tik goiti

150,00 euro

1.2. Kontagailuen alokairuko kuotak:

Hilean, kontagailuaren batez besteko prezioaren %1,25eko tarifa aplikatuko da (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 230 zk., 84-09-25ekoa). Hartan konponketa eta kontserbazio gastuak sartzen dira.

2.–2.b) artikuluan aurreikusitako zerbitzuak.

2.1. Kuota finkoak –Saneamendua, estolderia–. Hornidurarako paratu den kontagailuaren diametroaren arabera.

KONTAGAILUAREN DIAMETROA

SEI HILEKOKO KUOTA

20 mm arte

15,00 euro

20 mm-tik 65 mm-ra bitarte

75,00 euro

65 mm-tik goiti

150,00 euro

3.–2.c) artikuluan aurreikusitako zerbitzua –Kontsumoa–.

–Kuota aldakorra: prezioa m³ bakoitzeko.

1. tarifa.–Etxeko erabilera etxebizitzetan eta erabilera lotuak.

–90 m³-ra arte seihilekoan: 0,40 euro/m³.

–Gainerako kontsumoa: 0,45 euro/m³.

2. tarifa.–Industria eta merkataritzako erabilera. Tarifa honetan industria, merkataritza, bulegoak eta langelak, eta nekazaritza eta/edo abeltzaintzako nabeak sartzen dira: 0,60 euro/m³.

3. tarifa.–Finka partikularretan edo publikoetan ureztatzen eta aisian egindako erabilera, igerilekuak barne: 0,70 euro/m³.

4. tarifa.–Erabilera konbinatuen tarifak.

4.1. Etxekoa-Merkataritza-Ureztatzea edo aisia:

–90 m³-ra arte seihilekoan: 0,40 euro/m³.

–91 m³-tik 180 m³-ra seihilekoan: 0,60 euro/m³.

–180 m³-tik gora seihilekoan: 0,70 euro/m³.

4.2. Etxekoa-Merkataritza:

–90 m³-ra arte seihilekoan: 0,40 euro/m³.

–Gainerako kontsumoa: 0,60 euro/m³.

4.3. Etxekoa-Ureztatzea edo aisia:

–90 m³-ra arte seihilekoan: 0,40 euro/m³.

–Gainerako kontsumoa: 0,70 euro/m³.

4.4. Merkataritza-Ureztatzea edo aisia:

–90 m³-ra arte seihilekoan: 0,60 euro/m³.

–Gainerako kontsumoa: 0,70 euro/m³.

4.5. Abonatu bereziak:

–Santa Ana haurtzaindegia:

  • 1500 m³-ra arte seihilekoan: 0,40 euro/m³.
  • Gainerako kontsumoa: 0,60 euro/m³.

–Pirineo jauregia:

  • 1000 m³-ra arte seihilekoan: 0,40 euro/m³.
  • Gainerako kontsumoa: 0,60 euro/m³.

5.1. tarifa.–Udal Zerbitzuak.

–90 m³-ra arte seihilekoan: 0,60 euro/m³.

–Gainerako kontsumoa: 0,70 euro/m³.

5.2. tarifa. Ureztatze publikoa eta jabetza pribatuko erabilera publikoa (erakunde edo enpresa publikoek egiten duten nekazaritzako ureztaketa barne).

–90 m³-ra arte seihilekoan: 0,70 euro/m³.

–Gainerako kontsumoa: 0,75 euro/m³.

6. tarifa.–Ur hornidura, Udalaz kanpoko toki entitateei (zisternetan egiten dena barne): 0,85 euro/m³.

7. tarifa.–Obretarako hornidura, edo zisternen bidezkoa: 0,85 euro/m³.

8. tarifa.–Ezkutuko ur-jarioen ondoriozko kontsumoa: 0,40 euro/m³.

Tarifa hau aplikatzeko ondoko egoera hauek guztiak gertatu beharko dira, eta behar bezala justifikatu beharko:

1. Ezkutuko ur-jarioa izan beharko du, subjektu pasiboak ez dakiela hodiak edo neurketa ekipoak hondatuta daudela.

2. Egiaztatu beharko da ez dela inolako utzikeriarik izan ur-jarioa eragin duten egintzetan, ez ur-jarioaren ondoko jarduketan.

Apurtu edo hondatu eta, horren ondorioz, ur-jarioa izan duen instalazioa 7 eguneko epean konponduko da, gehienez ere, ur-jarioa atzematen denetik aurrera.

4. 2.d) artikuluan aurreikusitako zerbitzuak. Kontratazioa: 60,00 euro.

5. 2.e) artikuluan aurreikusitako zerbitzuak. Hargune eskubideak.

5.1. Hornidura eta saneamendu sareetara hargunea egiteko eskubideak: hargunearen edo hargune deribatuaren diametroaren araberako tarifa estandarra, zeinari seinalatzen diren koefiziente zuzentzaileak aplikatuko baitzaizkio:

–35 mm bitarte: 400,00 euro.

–36 mm-tik gora: 600,00 euro.

–Koefiziente zuzentzailea:

  • Etxebizitza libreak: 0,80.
  • Babes ofizialeko etxebizitzak: 0,40.
  • Prezio tasatuko etxebizitzak eta eraikinak berritzea: 0,60.
  • Hargune eskaerak, sareak berritzeagatik: 0,80.
  • Etxebizitza, lurzatiarekin: 1,00.
  • Industria, merkataritza, nekazaritzako nabea, abeltzaintzako nabea: 1,00.
  • Obretarako eta behin-behineko erabileretarako harguneak: 0,20.
  • Ureztatze pribatua, aisiarako baratzeak, igerilekuak: 1,20.

5.2. Bi edo erabilpen gehiagorako deribazioak dituen halako diametroko hargunea egiten den kasuetan, deribazio bakoitza hargune ezberdina bailitzan tramitatuko da, bakoitzari erabileraren kariaz dagokion koefizientea aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak bakarrik hargune nagusia tramitatzea eskatu ahalko du, deribazioak alde batera utziz; halakoetan 1 koefizientea aplikatuko zaio.

5.3. Erregistroaren giltza diametro txikiagokoa bada, tarifa delako diametroaren gainean ezarriko da.

5.4. Uraren Ziklo Integrala arautzen duen Ordenantzarekin bat, soilik hornidura sarera hargunea izateko eskubidea, edo soilik saneamendu sarera izatekoa eskatzen deneko salbuespen kasuetan, ondoko arauak ezartzen dira:

a) Hornidura sareko hargunea izateko eskubidea: zenbatekoa tarifa orokorraren %50 izanen da. Kasu honetan sartzen dira ureztapenerako hargunea izateko eskariak.

b) Saneamendu sarera hargune bateratua (euri-urak eta ur-beltzak batera) izateko eskubidea. Tarifa estandarrak, hargunearen diametroaren arabera:

Hargunearen diametroa, oinarriak:

–250 mm bitarte: 200,00.

–250 mm-tik gora: 300,00.

Oinarriei 5.1 atalean ezarritako koefiziente zuzentzaileak aplikatuko zaizkie.

c) Ur-beltzen edo euri-uren hargunea izateko eskubideak: tarifaren zenbatekoa b) atalean aurreikusten denaren %50ari dagokiona izanen da.

6. 2.g) artikuluan aurreikusitako jarduerak.

Egindako ikuskapen bakoitzeko: 60,00 euro.

Urraulbeitin, 2015eko martxoaren 5ean.–Alkatea, Luis Castillo Santesteban.

Iragarkiaren kodea: L1504699