73. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

550/2015 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez ezartzen dira Osasun Departamentuak 2015. urtean sustatuko dituen ikerketa proiektuak arautuko dituzten baldintzak.

Osasun Departamentuak beharrezkotzat jotzen du Osasun Zientzien arloko ikerketa Nafarroan sustatzea, honako lege hauek ezarritako esparruan: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 1/2007 Legea. Orobat, beharrezkotzat jotzen du sustapen hori hala bete dadin Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 134/2011 Foru Dekretua aldatzen duen uztailaren 18ko 61/2012 Foru Dekretuak Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuaren esku utzi du Osasun Departamentuaren finantziazioaz garatzen den ikerketa biomedikoaren deialdia kudeatzea.

Ebazpen honen helburua da 2015. urtean ikerketa proiektuak sustatzea diziplina biomedikoetan, osasunean eta Nafarroako Osasun Sisteman eraginik handiena duten arloetan, zentro eta ezagutza-arlo ezberdinetako profesionalen arteko lankidetza sustatzeko.

Proiektu horiei dagokien gastua urte anitzekoa denez, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluan xedaturikoa betetzeko, Nafarroako Gobernuak, 2015eko martxoaren 4an egindako bilkuran, urte anitzeko finantzaketa baimendu zuen.

Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendariak igorritako txostena aztertuta, eta Ogasuneko kontu-hartzaile delegatuak aurreikusitako gastua (500.000,00 euro) egotziko zaion aurrekontu-aplikazioa onetsita, bidezko da Osasun Departamentuak 2015. urtean sustatuko dituen ikerketa proiektuak arautuko dituzten baldintzak onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun Departamentuak 2015. urtean sustatuko dituen ikerketa proiektuak arautuko dituzten baldintzak onestea, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan xedatutakoari jarraikiz.

2. Guztira 500.000,00 euroko gastua baimentzea, proiektuen deialdia finantzatzeko, honela banatuta:

–250.000,00 euro, 2015era luzatutako 2012ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasun Zientzietako ikerketa proiektuak” izeneko 512002 51350 6095 465102 kontu-sailaren kargura.

–150.000,00 euro, 2016. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.

–100.000,00 euro, 2017. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.

Aurrekontuetako hiru ekitaldietan, urte bakoitzeko gastuen aurrekontuan behar adinako kreditua izatearen menpe egonen da zuzkidura.

Halaber, 2015, 2016 edo 2017ko ekitaldietan kontu-sail horretan diru gehiago izanez gero erabilgarri, deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko martxoaren 25an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Isabel Ansa Erice.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da osasun zientzien arloko ikerketa proiektuak sustatzea. Ikerketa klinikoaren, osasun publikoaren eta osasun zerbitzuen arloetan egin daitezke ikerketa proiektuak, eta, horretaz gain, bideratu daitezke osasuna hobetzera edo ikerketa biomedikoko prozesuak eta teknologiak hobetzera.

Kalitateagatik hala merezi badu, ikerketa klinikoari buruzko proiektu hoberenak “Ortiz de Landázuri beka” izendapena jasoko du, eta osasun publikoari eta osasun zerbitzuei buruzko proiektu hoberenak “Mikel Larumbe Zazu beka” izendapena jasoko du.

2. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Arauetan ezarritako ondorioetarako, proiektuak onartzeko prozedura antolatzeko eta tramitatzeko eginkizunak esleitzen zaizkio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari. Instrukzio organoak batzorde teknikoaren irizpenari jarraikiz ebazpen proposamena eginen du, bederatzigarren oinarriarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atal horretaz ari da.

Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen betebeharrak.

Proiektuek, laguntzak hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Zentro anitzekoa izatea, hots, gutxienez ere bi zentrok parte hartzea.

–Parte hartzen duten zentroetako bat gutxienez Nafarroako osasun zentro bat izatea. Osasun Departamentuak deialdiaren egunean baimendurik dituen zentroak hartuko dira osasun zentrotzat.

Aurkeztutako agirietan ikusten bada aipatutako baldintzak ez direla betetzen, proiektua baztertua izanen da, zuzenketarik egiteko aukerarik gabe.

4. Eskatzaileak eta ikerketa taldearen betebeharrak.

4.1. Ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:

a) Honako hauetakoren bati atxikiak egotea: Nafarroako erabilera publikoko sareko osasun zentroak edo unibertsitateak, edo Nafarroako irabazi asmorik gabeko beste erakunde publiko edo pribatuak.

b) Funtzionarioaren, estatutupekoen eta lan-kontratudunen lotura formalizaturik izatea aurreko puntuko zentro publiko edo pribatuekin, gutxienez ere laguntza eskatzen denetik esleipen ebazpena eman arte.

c) Osasun prestakuntza espezializatuaren programa bat egiten ez aritzea.

d) Deialdian proiektu bat baino gehiago ez aurkeztea, eta deialdi honetan aurkezten den beste proiektu batean ez parte hartzea ikertzaile laguntzaile gisa.

e) Osasun Departamentuak finantzatutako proiektu aktibo batean ez agertzea ikertzaile nagusi gisa deialdi hau argitaratzen den egunean.

4.2. Ikertzaile taldeko gainerako kideek honako baldintza hauek beteko dituzte:

a) Deialdi honetan aurkeztutako bi proiektu baino gehiagotan ez parte hartzea.

b) Aldi berean ez parte hartzea Osasun Departamentuak finantzatutako bi proiektu baino gehiagotan, nahiz eta deialdi desberdinetan finantzatutako proiektuak izan.

Prestakuntza espezializatua hartzen ari diren profesionalak ez dira proiektuko ikertzaile nagusi izaten ahalko, baina bai, ordea, ikerketa taldeko kide.

5. Finantzatzen ahal diren gastuak.

Ikerketa proiektuetarako finantzaketa ez da 30.000,00 eurotik gorakoa izanen proiektu bakoitzeko eta urteko, eta proiektuak sortutako gastuak finantzatzeko izanen da, osorik edo hein batean.

Ikertzaile taldeko kideek, barnean direla prestakuntza espezializatuaren aldian dauden profesionalak, ezin izanen dute ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.

Ondoren azalduko diren gastuak ordaintzeko erabiliko dira esleitzen den laguntza, baldin proiektuaren gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude:

–Langile teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, langile teknikoak kontratatu daitezke (salbu parte hartzen duten erakundeetako funtzionarioak, estatutupekoak eta lan-kontratudunak), eta aurreikusten den denbora osoan edo zati batean proiektuan aritzen ahalko dira. Kontzeptu horregatik 18.920,00 euro finantzatuko dira urtean gehienez, 37.840,00 euroko gehieneko zenbatekoa proiektu bakoitzeko. Zenbateko horien barnean sartuta daude Gizarte Segurantzaren kuotak.

–Proiektua gauzatzeko gastuak, honakoak barne:

a) Proiektua gauzatzeko ezinbesteko material inbentariagarria, eskura ez dagoena edo proiekturako osorik behar dena edo %80 gutxienez. Gehienez ere 18.000 euro. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo informatikoak erostea ere.

b) Material suntsigarria.

c) Zerbitzu profesionalak, eta komeni da orduka zenbatzea, edo egindako lanen unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.).

d) Bestelako gastu osagarriak, aurreko ataletan sar ez daitezkeenak, horien ezagaurriak direla-eta.

Kasu guztietan, gastuak behar bezala justifikatuko dira eta beharrezkoak izanen dira, proiektuaren helburua lortzearren.

Ebazpen honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira xede bererako lortzen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere laguntzek guztira ez badute gainditzen finantzatu beharreko zenbatekoa. Hala gertatzen bada, esleitutako zenbatekoa murriztu eginen da, egoki den gehieneko mugaraino.

Proiektuari emaniko zenbatekoak bere baitan izanen du kudeaketarekin lotutako gastuetarako %15eko kontzeptua.

6. Eskaerak.

6.1. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. agiria.–Ikertzaile nagusiak eta, proiektua zein zentrotan edo erakundetan egiten den, bertako legezko arduradunak sinatutako eskabidea. Zentro parte-hartzaile bakoitzak bete beharko du eskabidea eta bakoitzaren legezko arduradunak sinatu. Erreferentziako zentroa ikertzaile nagusiarena izanen da.

Eskabide guztietan Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalean dagokien arloa azalduko da, ebaluaziorako, II.1 eranskineko sailkapenaren arabera. Horretaz gain, adierazi beharko du, egoki bada, zein den proiektuari dagokion lehentasunezko ildoa, II.2 eranskinarekin bat.

2. agiria.–Ikerketa proiektuaren memoria, eta haren atalen artean erantsi behar dira ikerketa proiektuaren emaitzak aplikatuta aurreikusten den eragina.

3. agiria.–Ikertzaile taldeko kide bakoitzaren curriculum vitaea, adieraziz proiekturako interes handiena duten alderdiak. Horretarako, bakarrik erabiliko da 6.2 atalean xedatutakoaren araberako eredu normalizatua, edo Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) elkartearen curriculum vitae normalizatua (CVN), betiere azken horrek bere baitan biltzen badu Nafarroako Gobernuaren web orriko zerbitzuen zorroko eredu normalizatuan zehazten den informazio berbera (eragin faktorea, etab.).

Ez dira ikertzaileen taldeko kidetzat hartuko aholkularitzako eginkizunak bakarrik egiten dituzten kideak.

4. agiria.–Txosten bat, parte hartzen duen zentro edo erakunde bakoitzeko zuzendariak sinatua. Horren bidez, talde ikertzaileari proiektua gauzatzeko baimena emanen zaio, eta zehaztuko da zenbat ordu kontatuko diren horretarako ikertzaileen lanaldian, eskatzen diren ordu guztien artetik.

5. agiria.–Ikertzaile nagusia zein zentrotan ari den, bertako Ikerketarako Etika Batzordeak egindako txostena. Zentroan Ikerketarako Etika Batzorderik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Ikerketa Klinikorako Etika Batzordeak eginen du ebaluazioa. Saio kliniko bat izanez gero, txosten bana egin beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Ikerketa Klinikorako Etika Batzordeak eta Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioko Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak. Proiektua aurkezteko unean nahikoa izanen da eskabidea Batzordeari aurkeztea, eta laguntza behin betiko esleitzeko ebazpena eman aurretik aurkeztu beharko da baimena.

6.2. www.docenciasalud.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan egonen dira eskura agiri normalizatuak.

7. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

7.1. Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tramitazioa elektronikoki eginen da, eta horretarako esteka www.docenciasalud.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan egonen da eskura.

7.2. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu eta hori zuzenketaren xede izan badaiteke, instrukzio organoak, komunikazio elektroniko bidez, interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, beste tramiterik gabe.

8. Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa.

Batzorde Tekniko batek baloratuko ditu onartutako eskaerak, proiektuak onartzeko proposamena emateko. Osaera hau izanen du batzordeak:

Mahaiburua:

–Lluis Forga Llenas. Nafarroako Ospitalegunea.

Mahaikideak:

–Luis Gabilondo Pujol. Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzua.

–M.ª Isabel Rodrigo Rincón. Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

–Aurelio Barricarte Gurrea. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.

–Koldo Cambra Contín. Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioa.

–Javier Baquedano Arriazu. Oinarrizko Osasun Laguntzako Plangintza eta Kudeaketa Klinikoaren Zerbitzua.

–M.ª Rosario Luquin Piudo. Nafarroako Unibertsitatearen Klinika.

–Ignacio José Encío Martínez. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Idazkaria:

–Olga Díaz de Rada Pardo. Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

9. Eskaeren balorazioa.

III. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira eskaerak.

Onartutako eskaerak ebaluatzeko prozedurak bi fase izanen ditu:

Lehenbiziko fasean, III. eranskineko 1., 2. eta 3. atalak ebaluatuko dira; Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak eginen du ebaluazioa, eta honako hauei buruzko txostenak emanen ditu: proiektuen kalitatea, ikertzaile taldearen ahalmena eta lortutako emaitzekin aurreikusten den eragina.

Bigarren fase batean, Batzorde Teknikoak III. eranskineko 4. atala (sinergiak eta ikertzeko talentua sustatzea) eta 5. atala (egokitzapen estrategikoa) ebaluatuko ditu, eta proiektuaren balorazio orokorra eginen du.

Finantzazioa lortzeko, proiektuek 22 puntu lortu beharko dituzte gutxienez 1. atalean (proiektuaren kalitatea, interes zientifiko-teknikoa eta bideragarritasuna) eta 18 puntu 2. atalean (ikerketa proiektuan lortutako emaitzak aplikatuta aurreikusten den eragina).

Batzorde Teknikoari egokituko zaio aukeratutako proiektuak finantzatzeko proposamen arrazoitua ematea. Finantzagarritzat jotako proiektu bakoitzaren aurrekontua eraginkortasunik handieneko irizpideak erabiliz zehaztuko da eskura dauden baliabideak banatzeko orduan.

10. Ikerketa proiektuen onarpena eta formalizazioa.

Osasuneko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, eta Batzorde Teknikoak eginiko proposamen arrazoituari jarraikiz, zehaztuko du, norgehiagokako araubidean, Osasun Departamentuak zer ikerketa proiektu sustatuko dituen, aurkeztu direnen artetik; horietako bakoitzaren zenbatekoa, gastu kontzeptuak eta urte bakoitzeko diru-kopurua adierazi beharko ditu.

Bide elektronikoak erabiliz jakinaraziko zaie ebazpena interesdun guztiei, bai ikertzaile nagusiari bai ikerketa egiten den zentroko zuzendariari, eta www.docenciasalud.navarra.es web orrian jarriko da jendaurrean.

Ikertzaile nagusiarentzako jakinarazpenari onarpen agiria, finantzaketa egin baino lehen formalizatu beharrekoa, erantsiko zaio, behar bezala beteko da eta aipatutako Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera igorriko da.

Proiektua onartzen ez bada, eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzeko epea hilabete batekoa izanen da, jakinarazpena jasotzen denetik aurrera.

11. Proiektuaren kudeaketa.

Proiektuaren kudeaketa ikertzaile nagusiaren ardura da. Nolanahi ere, oro har, ikertzaile nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du bera kide duen zentroari lotutako entitate kudeatzaile batekin. Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomoen menpeko zentroetako ikertzaileen kasuan, Miguel Servet Fundazioa izanen da entitate kudeatzaile hori.

12. Pagatzeko prozedura.

Ikertzaile nagusiaren izenean ordainduko da proiektuari esleitutako zenbatekoa, 11. atalean aipatutako entitate kudeatzailearen bankuko kontuaren bidez.

12.1. Onarpen agiria eta ikertzaile nagusiaren eta entitate kudeatzailearen arteko lankidetza hitzarmena (11. atala), formalizatu ondoren ordainduko da 2015. urteko ekitaldiari dagokion zatia, osorik.

12.2. Hurrengo aurrekontu ekitaldietarako onetsitako finantzaketa urteko ordainketa baten bidez gauzatuko da, behin Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak urteko memoria (13.3) aztertu ondoren. Atal horrek ordaintzeko proposamena igorriko du, bertan egiaztatuta finantzaketaren xedeak bete direla.

12.3. Proiektuari egotz dakizkiokeen gastuak erregularizatuko dira proiektua bukatzean eta amaierako memoria aurkeztean.

13. Proiektua gauzatzea.

13.1. Proiektua deialdi honetan eta ikertzaile nagusiak eta Osasuneko zuzendari nagusiak sinatzen duten onarpen agirian aurreikusitako terminoetan garatuko da.

13.2. Aurreikusitako garapen horretan gertatzen den aldaketa oro jakinarazi egin beharko zaio Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari.

Proiektua garatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota ezberdinei esleitutako zenbateko partzialetan aldaketak egitea, proiektuari emandako zenbateko osoa gainditu gabe, proiektuaren ikertzaile nagusiak eskatu beharko du, idatziz eta behar bezala arrazoituz. Eskaera hori Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean aurkeztuko da, eta horrek aldaketa baimenduko du, kasua bada.

Frogatzen bada ez-betetze osorik edo partzialik dagoela deialdi honetako eta aplikatzekoa den araudiko baldintzetan, edo proiektua onartzeko agirian ezarritako baldintzetan, Osasuneko zuzendari nagusiak, behin Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak txosten arrazoitua emanik, proiektuaren finantzazioa eten dezake, eta jasotako zenbatekoa itzul dadila eskatu, galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, osoki edo partez, ondorio izan dezake etorkizuneko proiektuetan penalizazioa izatea, behar diren oinarri arautzaileen arabera.

13.3. Urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen, ikertzaile nagusiak emaitza teknikoei buruzko urteko memoria eguneratua eta laburbildua aurkeztu beharko du Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean. Ikertzaile nagusiaren eta entitate kudeatzailearen arteko lan hitzarmena zer entitate kudeatzailerekin sinatu den, entitate horrek aurkez dezake aurrekontua gauzatzeko memoria. Gastu guztiak justifikatuko dira jatorrizko agirien bidez (gero itzultzen ahalko dira, interesdunak eskatuta, behar diren egiaztapenak egin ondoren), edo ikertzaile nagusiak eta entitate kudeatzaileko zuzendariak sinatutako fakturak eta gastuak aurkeztuz (halakoetan, bidezkoa bada, jatorrizko fakturak eskatzen ahalko dira).

14. Proiektuaren amaiera.

14.1. Proiektua onartzeko dokumentuan ikerketa amaitzeko ageri den egunetik hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak amaierako memoria igorriko du Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera, xehetasun hauekin:

a) Memoria xehakatua, bere baitan duela ikerketaren eraginari buruzko atal bat: eragin bibliometrikoa, jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorkuntzaren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorkuntzaren gainekoa. Egokitzat jotzen denean, argibide osagarriak eskatzen ahalko dira.

b) Proiektuaren laburpena, 2 orrikoa gehienez (ez da beharrezkoa bibliografia aurkeztea). Laburpen hori Osasun Departamentuaren “Anales del Sistema Sanitario de Navarra” izeneko aldizkarian argitaratzen ahalko da, Osasun Departamentuak onarturiko proiektuen sailean.

c) Memoria ekonomikoa, non izandako gastuak justifikatuko baitira emandako finantzaketari dagokionez.

Gastu guztiak justifikatuko dira jatorrizko agirien bidez (gero itzultzen ahalko dira, interesdunak eskatuta, behar diren egiaztapenak egin ondoren), edo ikertzaile nagusiak eta, kasua bada, entitate kudeatzaileko zuzendariak sinatutako fakturen eta gastuen zerrenda aurkeztuz (halakoetan, bidezkoa bada, jatorrizko fakturak eskatzen ahalko dira).

Edonola ere, Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari dagokio behar diren ikuskapenak egitea eta bidezko erregulazioak proposatzea.

14.2. Proiektuaren garapenak eskatzen badu, ikertzaile nagusiak Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean amaierako memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko du, behar bezala arrazoituta.

14.3. Proiektuaren amaieran, finantzatutako material inbentariagarria Osasun Departamentuak bere beharren arabera erabiliko du.

14.4. Material bibliografikoa proiektua egin duen zentro edo erakundearen esku geratuko da, proiektuaren amaieran.

15. Konpromiso osagarriak.

15.1. Finantzaketa onartzeak ebazpen honetan ezarritako baldintzak onartzea dakar ikertzaile taldearentzat.

15.2. Proiektua gauzatzeko tokia izanen den zentroak edo erakundeak hirugarrenek eta zentroak berak proiektua gauzatzearen ondorioz izan ditzaketen arriskuetarako estaldura izan behar du, proiektuari lotuta sortzen ahal diren egoerei begira.

15.3. Ikertzaile nagusiak konpromisoa hartzen du, baldin eta bestelako diru-laguntzarik edo laguntzarik lortzen badu bestelako entitate publiko edo pribatu batetik, laguntzen deialdi honek finantzatutako proiekturako, hori jakinarazteko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari. Atal horrek inguruabar horri buruzko txostena bidaliko dio Osasun Zuzendaritza Nagusiari; hark, ikerketa proiektuaren esleipen ekonomikoaren baldintzak aldatzen ahalko ditu.

15.4. Ikerketa proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Helsinkiko Adierazpenean, giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean eta giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsalean ezarritako oinarrizko printzipioak, bai eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ikerketa biomedikoaren arloan aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarritako baldintzak ere.

15.5. Animaliekin saiakuntzak egiten dituzten proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege dekretu hori saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne, erabiltzen diren animalien babesari buruzkoa da.

15.6. Saiakuntza klinikoak diren proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuaren arabera. Errege dekretu horrek botikekin egiten diren saiakuntza klinikoak arautzen ditu.

15.7. Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo ikerketa proiektuaren ondoriozko emaitzen zabalkunde orokorretan, deialdi honen bidezko finantzabidea izan dela zehaztu beharko da ohar bidez. Produkzio horien berri emanen zaio Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari. Proiektuaren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuko dira, kontuan izan gabe amaierako memoria noiz igorri zen.

16. Gastuaren muga.

Deialdi honetan aipatzen den proiektuen finantzaketa, 500.000,00 euro bitarte, honela banatuko da:

–250.000,00 euro, 2015era luzatutako 2012ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasun Zientzietako ikerketa proiektuak” izeneko 512002 51350 6095 465102 kontu-sailaren kargura.

–150.000,00 euro, 2016. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.

–100.000,00 euro, 2017. urteko aurrekontu ekitaldiari dagokion kontu-sailaren kargura.

Aurrekontuetako hiru ekitaldietan, urte bakoitzeko gastuen aurrekontuan behar adinako kreditua izatearen menpe egonen da zuzkidura.

Deialdi honen xede diren proiektuak onetsi baino lehen aurreko deialdietan hitzartutako zenbatekoren bat deuseztatzen bada, zenbateko hori dagokion aurrekontuko kontu-sailari gehituko zaio, eta erabilgarri dagoen kopuru osoa proiektuak emateko beharren arabera esleitzen ahalko da.

Halaber, 2015, 2016 edo 2017ko ekitaldietan kontu-sail horretan diru erabilgarri gehiago izanez gero, deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

II. ERANSKINA

1. Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalaren arloak.

Nekazaritza (AGR).

Funtsezko eta Sistemetako Biologia (BFS).

Biomedikuntza (BMED).

Landareen eta Animalien Biologia, Ekologia (BVAE).

Elikagaien Zientzia eta Teknologia (TA).

Materialen Zientzia eta Teknologia (TM).

Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientziak (INF).

Lurraren Zientziak (CT).

Gizarte Zientziak (CS).

Zuzenbidea (DER).

Ekonomia (ECO).

Hezkuntza Zientziak (EDUC).

Filologia eta Filosofia (FFI).

Fisika eta Espazioaren Zientziak (FI).

Abeltzaintza eta Arrantza (GAN).

Historia eta Artea (HA).

Ingeniaritza Zibila eta Arkitektura (ICI).

Ingeniaritza Elektrikoa, Elektronikoa eta Automatikoa (IEL).

Ingeniaritza Mekanikoa, Itsasontzietakoa eta Aeronautikoa (IME).

Matematika (MTM).

Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia (MCLI).

Psikologia (PS).

Kimika (QMC).

Teknologia Elektronikoa eta Komunikazioetakoa (COM).

Teknologia Kimikoa (TQ).

2. Lehentasunezko ikerketa arloak eta ildoak.

ARLOAK

IKERKETA ILDOAK

KODEA

Ikerketa klinikoa prozesuetan edo patologietan

Bihotz-hodietako eritasunak

Aa

Minbizia

Ab

Garun-hodietako eritasunak

Ac

Eritasun metabolikoak eta endokrinoak

Ad

Eritasun mentalak

Ae

Eritasun neurodegeneratiboak

Af

Arnasbideetako eritasuna, bereziki asma eta BGBKa

Ag

Aholku genetikoa, erditu aurreko diagnostikoa, jaiotza inguruko laguntza, sortzetiko metabolopatiak eta laguntza goiztiarra

Ah

Eritasun kronikoak eta paziente pluripatologikoak

Ai

Hauskortasuna eta zahartzea

Aj

Genetika

Ak

Eritasun arraroak

Al

Min kronikoa

Am

Zainketa aringarriak

An

Ikerketa osasun publikoan eta osasun zerbitzuetan

Desgaitasunaren prebentzioa

Ba

Mendekotasuna eta berez baliatzearen sustapena

Bb

Nork bere burua zaintzearen sustapena

Bc

Osasunaren sustapena eta bizimoduak

Bd

Eritasunen prebentzioa

Be

Osasunaren eta generoaren bikoa

Bf

Desberdintasunak osasunaren arloan

Bg

Laguntzarako eredu berriak

Bh

Emaitzak ebaluatzea (PROMS, erabilgarritasuna aztertzea, etab.)

Bi

Pazienteen segurtasuna eta kalitatea hobetzea

Bj

Laguntza soziosanitarioa

Bk

Laguntza larrialdi bitaletan

Bl

Ezagutza, konpromisoa eta garapena kudeatzea (kudeaketa klinikoa, klinikoen eta kudeatzaileen arteko harremana, etab.)

Bm

Informazio sistemak (historia klinikoa, pazienteen segmentazioa, lehentasuna, sistema adituak, adierazleak garatzea, etab.)

Bn

Zerbitzuen koordinazioa (oinarrizkoa-espezializatua, konponbide azkarreko kontsultak, etab.)

Bo

Jardun klinikoaren aldakortasuna, teknologien ebaluazioa eta baliabideen arrazoizko erabilera

Bp

Herritarren eta pazienteen espektatibak eta beharrak identifikatzea eta parte hartzea, atxikidura terapeutikoa, etab.

Bq

Osasun laguntza eta itxaron-zerrendak atzeratzea

Br

Ikerketa bioteknologietan

Omikoa

Ca

Teknologia biomedikoa

Cb

Metodo diagnostikoak

Cc

Irudi bidezko diagnostikoa

Cd

III. ERANSKINA

Ikerketa proiektuak ebaluatzeko baremoa

Eskaerak irizpide hauek aplikatuz ebaluatuko dira:

1. Kalitatea, interes zientifikoa eta proiektuaren bideragarritasuna baloratuta (44 puntura gehienez; gutxienez 22 puntu behar dira). Honako hau baloratuko da:

a) Hipotesia eta gaitasun maila gaiaren ezagutzaren gainean; proposamenaren berritasuna, originaltasuna eta berrikuntza, argitasuna eta zehaztasuna helburuak adierazteko orduan; egokitasun metodologikoa proposatutako helburuetarako.

b) Proiektuaren bideragarritasuna: taldearen egokitzapena proposamenerako; lan plana, atazen banaketa eta kronograma; azpiegitura erabilgarriak eta kudeatzeko gaitasuna; eskatutako proposamenaren egokitzapena proiektuaren helburuetarako.

2. Ikerketa proiektuaren emaitzen eragina epe laburrean eta epe ertainean (31 puntu gehienez; gutxienez 18 puntu behar dira). Honako hau baloratuko da:

a) Norainokoa: onuradunen kopurua proiektuaren emaitzak aplikatuz gero.

b) Osasunaren gaineko eragina, heriotzaren eta/edo erikortasunaren aldetik.

c) Autonomiaren eta berez baliatzearen gaineko eragina (prebentzioa, desgaitasuna, etab.).

d) Ekitatearen gaineko eragina: populazio sentikorren gaineko eragina, eta osasunarekin ikusteko duten alderdi legalak, sozialak edo etikoak ebaluatzeko gaitasuna.

e) Eragin ekonomiko aipagarria izateko gaitasuna, osasun zerbitzuak emateko erabilitako baliabideei dagokienez.

f) Eskainitako osasun zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa hobetzeko gaitasuna (segurtasuna, zerbitzuen koordinazioa eta informazio sistemak hobetzea, jardun klinikoaren aldakortasuna murriztea, etab.).

g) Patenteak sortzea, produktuak merkaturatzea, spin-off konpainiak sortzea.

3. Ikerketa-taldearen gaitasuna proiektuan programatutako jarduerak egiteko (25 puntu). Ikertzaile nagusiaren eta ikerketa-taldeko gainerako kideen gaitasun zientifiko-teknikoa baloratuko da.

4. Sinergiak eta ikertzeko talentua sustatzea (20 puntu).

a) Ikertzaile nabarmentzen hasi bat burutzan duen proiektua. Halakotzat joko dira ikertzaile nagusi gisa aldez aurretik lehiakortasuneko finantzabiderik izan ez dutenak, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuarena (bat baino gehiago); halaber, lehenengo edo azken autore gisa gutxienez 2 argitalpen izan behar dituzte azken 5 urtean, Journal Citation Report-ean indexatuak. Gehienez 6 puntu.

b) Oinarrizko laguntzaren eremuko profesionalak burutzan dituzten proiektuak. Gehienez 4 puntu.

c) Lankidetza maila ikerketa zentroen eta taldeen artean (lankidetza publiko-pribatua, osasun zentroen artekoa, osasun zentro eta unibertsitarioen artekoa, osasun zentro eta ikerketakoen artekoa, nazioarteko lankidetza eta zentro parte-hartzaileen kopurua). Gehienez 10 puntu.

5. Egokitzapen estrategikoa (10 puntu). Honako hau baloratuko da.

a) Proiektua deialdiko II.2 eranskinean definitutako lehentasunezko arloetara eta ildoetara egokitzea.

b) Epaimahiak kontuan hartzeko bestelako merezimenduak edo irizpideak, proiektua egiteak Nafarroarentzat duen erabilgarritasunari dagokionez.

Iragarkiaren kodea: F1504787