73. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

167/2015 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Mendi Zerbitzuko zuzendariak emana, Urbasa eta Andia ondare mendietan etxerako egur epaitzak eskatu eta eskaera onartzeko prozedura onesten duena.

Uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Urbasa eta Andia mendietako natur baliabideen antolamendu plana, eta otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legearen bidez deklaratu zen Urbasa eta Andia mendietako Parke Naturala.

Gero natur baliabideen antolamendu plana aldatu zen, irailaren 7ko 198/2011 Foru Dekretuaren bidez.

Abenduaren 4ko 340/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Urbasa parke naturala erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea. Plan horren 4.1 artikuluaren arabera, etxerako egurra eta beste eskubide tradizionalak erabiltzeko, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ezartzen duen prozedurari jarraituko zaio.

Oihanak Kudeatzeko Atalak emandako txostena ikusirik.

Horrenbestez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz; izan ere, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak esleituta dituen zenbait eskumen Mendi Zerbitzuaren esku uzten dira,

EBATZI DUT:

1. Urbasa eta Andia ondare mendietan etxerako egur epaitzak eskatzeko oinarri arautzaileak onestea. I. eranskinean zehazten dira.

2. Eskabidearen eredua onestea. Ebazpen honen II. eranskinean agertzen da.

3. Ebazpen hau Oihanak Kudeatzeko Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Iruñean, 2015eko apirilaren 8an.–Mendi Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.

I. ERANSKINA

Urbasa eta Andia mendietan etxerako egurra eskatzeko oinarri arautzaileak

Lehendabizikoa.–Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da Urbasa eta Andia ondare mendietan etxerako egur epaitzak eskatu eta eskaera onartzeko prozedura ezartzea.

Bigarrena.–Onuradunak.

Urbasa eta Andia mendiko etxerako egur epaitzen onuraduna izan ahal izateko, nafar auzotasun forala izan behar da eta baldintza hauek bete:

a) Etxerako egurra eskuratzeko beste eskubiderik ez izatea bere bizilekuaren toki-erakundean.

b) Bizilekuaren toki-erakundean etxerako egurra eskuratzeko beste eskubideren bat izanik ere, esleitutako loteak aski ez izatea bere egur premiak asetzeko. Toki-erakundearen ziurtagiri baten bidez frogatu beharko da gabezia hori.

c) Urbasa eta Andia parkeko abeltzain egoiliarra izatea, edo parkeko eraikinen baten kudeaketa lagata izatea.

Hirugarrena.–Etxerako egur epaitzak.

1 Ahal bada, Urbasa eta Andiako etxerako egur epaitzak osatzeko, berez erori ondoren Urbasa eta Andiako intereseko azpiegiturak ukitzen dituzten zuhaitzak edo haien zatiak erabiliko dira.

2. Arau honen ondorioetarako, intereseko azpiegiturak dira mendiko sarbideak, itxiturak, eraikinak, urguneak, abeltegiak eta seinaleak, besteak beste.

3. Berez erori ondoren intereseko azpiegiturak ukitzen dituzten zuhaitz horiek aski ez badira egur eskaria asetzeko, hobetzeko mozketetan lortutako zuhaitzak erabiliko dira. Mozketa horiek oihangintzako plangintza agiriaren plan berezi indardunean proposatzen dira.

Laugarrena.–Onuradun bati gehienez esleitu dakiokeen lotea.

1 Oro har, etxerako egur epaitzetan gehienez bi tonako lotea ezartzen da familia unitateko eta urteko.

2. Parkeko abeltzain egoiliarren kasuan, gehieneko lotea 10 tonakoa izanen da.

3 Parkeko eraikinen baten kudeaketa lagata duten gainerako eskatzaileen kasuan, gehieneko lotea 5 tonakoa izanen da.

Bosgarrena.–Eskabideak eta agiri osagarriak aurkezteko epea.

1. Urtero, maiatzaren 30a baino lehen, interesa duten Nafarroako bizilagunek Urbasa eta Andia mendietako etxerako egur epaitza eskatuko diote oihangintzako administrazioari, haien premiak tonatan adierazita. Horretarako, II. eranskineko ereduaren araberako eskabidea aurkeztuko dute erregistroan. Eredu horretan eskatzailearen bizilekuaren toki-erakundeko idazkariak ziurtatu behar du eskatzaileak ez duela etxerako egurra eskuratzeko eskubiderik entitate horretan, edo frogatu duela esleitutako egurra ez dela aski bere premiak asetzeko.

Seigarrena.–Esleitzeko prozedura.

1. Eskaera jasotzen den egunetik aurrera, betiere onartu bada, etxerako egur epaitza esleitzeko akta bat emanen zaio esleipen-hartzaileari zuzenean. Datu hauek jasoko dira aktan: egur epaitzaren kokapena (antolamendu proiektuaren azpitartea edo koordenatuak), espeziea, aurreikusten den kantitatea (tonatan), produktuak ateratzeko ematen zaion epea eta beste baldintza tekniko batzuk.

2. Urbasako basozaintzak produktuak ateratzeko lanak koordinatuko ditu eta ikuskapen akta eginen du lan horiek bukatu ondoren.

3. Eskaerak ezesteko, Mendi Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du, ezesteko arrazoia adierazita.

Zazpigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunak indarreko araudian ezarritako betebeharrak konplitu behar ditu, ingurumeneko kontuak, oihangintzakoak eta sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arauak (suteei aurrea hartzeko) barne.

Bereziki, gogoratu behar da menditik ateratzen diren produktuak eskatutako helbururako erabili behar direla, eta ezin direla saldu, inola ere, ezta industrian erabili edo haiekin espekulatu ere.

2. Onuradunak esleitzeko aktan ezarritako jarraibideen arabera egin behar ditu lanak, eta horietan gertatutako edozein gora-beheraren berri eman behar dio oihangintzako administrazioari jazo bezain pronto, horren ondorioz lanak egiteko modua aldatzen bada.

3. Onuradunak lotea esleitzeko aktan egiten den urteko abenduaren 15a baino lehen atera behar ditu loteko produktuak. Esleipen-hartzaileak esleitutako eta emandako produktuak aprobetxa ditzake, ez gehiago ez bestelakoak.

4. Onuradunak, etxerako egur epaitza menditik ateratzean eta garraiatzean, aldean izan behar du Urbasa eta Andia mendietako etxerako egur epaitza baten esleipen-hartzailea dela frogatzen duen agiriaren kopia.

5 Onuradunak laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia bete beharko du. Lan egiten duenean, kasuan kasuko lanerako beharrezkoak diren banakako babes elementuak erabiliko ditu.

6. Lanak hasi baino 48 ordu lehenago, Urbasako basozaintzari abisatu beharko zaio 948554824 telefonora deituz (erantzuten ez badute, mezu bat utzi beharko da ahots-postontzian).

II. ERANSKINA

Urbasa eta Andia mendietan etxerako egurra eskatzea

Nik, .................................................................................... jaun/andreak (NANa: .........................; harremanetarako telefonoa: ..............................; .............................................................. herriko bizilaguna), ....... tonako lotea eskatzen dut .................... urterako.

–Adierazten dut nafar auzotasun forala dudala.

–Adierazten dut egur hori instalazio hauetan erabiliko dudala:

INSTALAZIO MOTA

KOKAPENA (helbide osoa)

ERABILTZEKO ALDIA (hilabeteak)

Tximinia/sutondoa

Sukaldea

Berokuntza

Beste bat (zehaztu)

–Adierazten dut menditik ateratzen ditudan produktuak eskatutako helbururako erabiliko ditudala, eta ez ditudala salduko, inola ere, ezta industrian erabiliko edo haiekin espekulatuko ere, Urbasa parke naturala erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailean araututakoari jarraikiz.

–Deklaratzen dut ..................................................... jaun andreak (NANa: ............................................; telefono zenbakia: .............................) aterako duela egurra menditik, eta aipatu debekuak ezagutzen dituela.

Lanak eskatzen dituenaren Lanak eginen dituenaren

sinadura sinadura

.............................................. jaun/andreak, .........................(e)ko idazkaria naizen aldetik, honako hau ziurtatzen dut eskatzaileari buruz:

–Etxerako egurra eskuratzeko eskubiderik ez duela toki-erakundean.

(Adierazi arrazoia)

–Etxerako egurra eskuratzeko eskubidea duela, baina esleitutako egurra ez dela aski bere premiak asetzeko.

Idazkariaren sinadura

Tokia eta eguna: ...............................

Iragarkiaren kodea: F1505291