73. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

609/2015 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “BISENINT, Sistema bisensorial para el guiado inteligente del robot/Grupo 136 Ingeniería Biomédica”.

Alfonso Carlosena García jaunak, Unibertsitateko katedradunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikiak eta “BISENINT, Sistema bisensorial para el guiado inteligente del robot/Grupo 136 Ingeniería Biomédica” proiektuaren arduradunak, Proiektuko laguntzaile gisa, proiektu hori garatzeko ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetara deitzeko egin duen proposamena ikusirik.

Kontuan hartuz proposamenak Ikerketa Zerbitzuaren zuzendariak ontzat eman duela.

Langileen Kudeaketarako Ataleko buruaren proposamenez, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta funtzioak zehazteko urtarrilaren 22an emandako 66/2013 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deialdia egitea ikertzaileen lan kontratazioa egiteko, proiektuko laguntzaile izateko, “BISENINT, Sistema bisensorial para el guiado inteligente del robot/Grupo 136 Ingeniería Biomédica” ikerketa proiektua garatzeko.

Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, Ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari Ebazpen hau igortzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2015eko martxoaren 31n.–Ikerketako errektoreordea, Alfonso Carlosena García.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da hautagaiak aukeratzea, ondoren lan kontratazioa egiteko, ikerketa proiektu hau garatzeko: “BISENINT, Sistema bisensorial para el guiado inteligente del robot/Grupo 136 Ingeniería Biomédica”.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 48. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa, eta xede hau izango du: 3D berreraikuntzarako sistema baten diseinuan eta garapenean laguntzea, eta ondoren 3D datuak prozesatzea.

Maila profesionala: Proiektu laguntzailea.

Iraupena: 2016/12/31ra arte.

Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateratuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez izatea kontratua iraungitzeko zioa izango da.

Lanaldi-mota: Osoa.

Diru gehigarriak ordainduko dira proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritu ahalko dira, betiere Espainian lan egiteko aukera ematen dien baimenaren jabe badira. Betekizun hori ez zaie aplikatuko, lanbide arautuen eremuan, Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen arabera, beren kualifikazio profesionala lortu duten izangaiei.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.

c) Diplomadun, arkitekto edo ingeniari tekniko titulu ofiziala edukitzea. Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea bost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaera-eredua helbide honetan dago: www.unavarra.es, “Deialdiak/Langileak//I-Ien eskaerak” izeneko atalean, Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaera idazpuruaren azpian.

Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dituzte:

–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitae, egoki jotzen dituen merezimendu-egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

Eskatzaile bakar bat ere baztertua ez bada, lehiaketa publikoan onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.2.–Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.

4.3.–Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

4.4.–Izangaiak hautaketa-prozesuan onartutakoen zerrendan sartzea, bai 6.2 oinarriak aipatutako hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen zerrendan ere, ez du ekarriko inola ere unibertsitateak aitortzea deialdiko oinarrietan eskatutako baldintza orokorrak edo bereziak betetzen dituztela. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.5.–Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan datuak zehatz ematen ez badira, faltsutzen badira edo ematen ez badira, jatorrizko dokumentazioarekin alderatuz gero, horrek kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta ondoren zehaztuko den baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Balioespen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Baremoa:

1. atala: Ikasketa-espedientea. 40 puntu, gehienez ere.

Ikasketa espedienteko batez besteko nota (0 eta 4 puntu bitartekoa) bider ondotik datozen koefizienteak egingo da, titulazioaren arabera:

–Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoa, Soinua eta Irudia espezialitatea edo baliokidea den Gradua: 10.

–Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoa, espezialitate gabe edo beste espezialitateren bat edo baliokidea den Gradua: 5.

–Beste ingeniaritza batzuk edo baliokide diren Graduak: 3.

–Unibertsitateko beste titulu batzuk: 1.

2. atala: Esperientzia ikusmen artifizialean eta irudiaren prozesatuan 20 puntu, gehienez ere.

–Enpresetan jardun izana ikusmen artifizialeko aplikazioen diseinuarekin eta garapenarekin lotutako gaietan. Puntu 1 kontratuaren hilabete bakoitzeko, eta 12 puntu gehienez.

–I+G jarduera unibertsitateetan edo ikerketa zentroetan, irudiaren prozesatu digitalarekin lotutako gaietan. Puntu 1 kontratuaren hilabete bakoitzeko, eta 8 puntu gehienez.

3. atala: Beste merezimendu batzuk. 30 puntu, gehienez ere.

–Ingelesari buruzko ezagutzak: B1 maila edo goragokoa: 5 puntu.

–Programazioari buruzko ezagutzak (C/C++, Matlab, Qt ingurune grafikoa, kamaren APIs, 15 puntu gehienez.

–Bideo postprodukzioko tresnen ezagutzak (Adobe Premiere, After Effects), 10 puntu gehienez.

4. atala: Banakako elkarrizketa. 10 puntu, gehienez ere.

Kontratazio Batzordeko kideek elkarrizketa bana egingo diete aurreko ataletan puntuazio handiena lortu duten hiru izangaiei. Elkarrizketan kontratuaren xedea diren eginkizunak betetzeko gaitasuna eta eskatutako profilarekiko egokitasuna balioetsiko dira.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 4. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 1. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, zozketaren bidez ebatziko dira.

Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batez bestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesua erabakitzea.

6.1.–Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Balioespen Batzordeak errektoreari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

6.3.–Deialdi honetako kontratazio zerrendak indarra izango du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-ean argitaratu, eta biharamunetik aurrera proiektua amaitzen den arte.

7.–Balioespen batzordea.

Batzordeburua: Alfonso Carlosena García, Unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia, Ikerketa errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Jeser Zalba Olcoz, Unibertsitateko irakasle elkartua, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Batzordekidea: Amalia Ortiz Nicolás, Unibertsitateko irakasle elkartua, Automatika eta Konputazio Sailari atxikia.

Balioespen batzorde ordezkoa.

Batzordeburua: Mikel Arizaleta Arteaga, Unibertsitateko irakasle elkartua, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Idazkaria: Javier Goicoechea Fernández, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Batzordekidea: Carlos Ruiz Zamarreño, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Norberaren datuak babestea.

Norberaren Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak, erakunde horri lagatuko zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, aurkatutako egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Balioespen Batzordeak deialdi honengatik erabakitzen dituen gainerako aplikazioen aurka zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F1505123