73. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

84/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen dira Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 187/2013 Foru Aginduaren bidez onetsitakoak.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 187/2013 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

Arau hori bete beharrez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 17ko 207/2013, 208/2013 eta 206/2013 foru arauen bidez, hurrenez hurren, onetsi ziren hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak. Horietan, horretarako hautapen prozesuko lehenbiziko ariketa gainditu zuten izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartzen ziren oposizioaldiko proban lortutako emaitzak eta lehiaketaldian izandakoak.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 2015eko otsailaren 23ko epaiaren bidez, deuseztatu egin da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 187/2013 Foru Aginduaren bidez onetsitako Bigarren arauaren I. ataleko 2. puntua. Hartan, izangaien zerrenda onesteko erabilitako leheneste irizpidea babesten zen.

Aurreko guztiarengatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak 2015eko otsailaren 23ko epaia betez,

AGINDU DUT:

1. Aldatzea Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauetako bigarren arauko I. atala, hain zuzen ere kontseilari honen ekainaren 5eko 187/2013 Foru Aginduaren bidez onetsitako arauen artetik. Horrenbestez, aipatutako I. ataleko behin betiko testua honela geldituko da:

“I.–Hala eskatzen duten Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuetako eginkizunetan aldi baterako aritzeko, lanpostu motaren, hurrengo zerrenden eta haien arteko lehentasun ordena honen arabera eratuko dira araubide administratiboan kontratatzeko izangaien zerrendak:

1. Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 14ko 196/2012, 197/2012 eta 198/2012 foru aginduen bidez deitutako hautapen prozesuetan probak gainditu baina lanposturik ez duten izangaien zerrendak, hautapen prozesu horiek ebaztean ezarritako lehentasunari jarraikiz.

2. Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 14ko 196/2012, 197/2012 eta 198/2012 foru aginduen bidez deitutako hautapen prozesuetan lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrendak. Zerrenda horietan lehentasuna ezartzeko, ariketa horretan lortutako puntuazioari jarraikiko zaio.

Berdinketarik izanez gero, gainditu bai baina lanposturik ez dutenen zerrendan, lehentasuna izanen du oposizioaldian gainditutako proban puntuazio handiera atera duen izangaiak. Berdinketak jarraituz gero, zozketa eginen da. Lehenbiziko ariketa gainditu duen izangaien zerrendan, berriz, lehentasuna izanen du horretarako egindako zozketan ateratzen denak.”

2. Aldatzea Nafarroako toki entitateen idazkari, A taldeko kontu-hartzaile eta B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauetako bigarren arauko II. ataleko lehenbiziko lerroaldea, hain zuzen ere kontseilari honen ekainaren 5eko 187/2013 Foru Aginduaren bidez onetsitako arauen artetik. Horrenbestez, aipatutako lerroaldeko behin betiko testua honela geldituko da:

“Gainditu bai baina lanposturik ez duten izangaien zerrendan, ondoren zehazten diren hiru zerrenda motak bereiziko dira, aipatutako hautapen prozesuan eratuak, islatu dadin izangaiek euskaraz jakiteak haiek lehenesteko izan dezakeen eragina, eta hori aldi baterako bete gogo diren lanpostuen ezaugarrien arabera eta esleipena eskatzen duten entitateei dagokien hizkuntza-eremuen arabera. Hona hemen: ...”.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko martxoaren 6an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1504566