72. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Baztango Francisco Joaquin de Iriarte Zahar eta Jubilatuen Etxearen estatutuak

Baztango Udalak, 2015eko otsailaren 26an egindako osoko bilkuran, honakoa erabaki zuen:

1.–Baztango Francisco Joaquin Iriarte Zahar eta Jubilatuen Etxeko estatutuetan, zeinak Baztango Udalak onetsi baitzituen 1985eko azaroaren 15ean egindako bilkuran, proposatutako aldaketa onartzea.

2.–Akordio hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egokiak diren ondorioetarako.

Baztanen, 2015eko otsailaren 26an.–Alkate udalburua, Garbiñe Elizegi Narbarte.

FRANCISCO JOAQUIN DE IRIARTE FUNDAZIOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Fundazioaren jatorria, izena eta izaera

1. artikulua.–Ongintzako Fundazio hau orain arte “Casa Misericordia del Noble Valle y Universidad del Baztan” izenarekin izan denaren jarraipen gisara eratu da, Baztango Batzar Nagusiaren Patronatupean sortua, eta haren konstituzioak Nafarroako Errege Kontseiluak onetsi zituen, 1787ko otsailaren 27an.

Une honetatik aitzinera, “Francisco Joaquin de Iriarte Zahar eta Jubilatuen Etxea” deituko zaio.

2. artikulua.–Zahar Etxe berriak ongintzako udal izaera publikoa izanen du, bai eta izaera iraunkorra ere, eta sortzaileak, hots, “Francisco Joaquín de Iriarte Presbitero Jaunak” ezarritako printzipioak errespetatuko ditu, egoera berrira egokitua (hau da testu berria, artikulua aldatu baitzen).

3. artikulua.–Zahar Etxeak nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen juridiko osoa eta jardutekoa du Nafarroako Foru Berriaren edo Foru Zuzenbide Pribatuaren Konpilazioaren 42. Legean eta harekin bat datozenetan xedatutakoaren babesean, Gizarte Zerbitzuei buruzko 1983ko martxoaren 30eko Foru Aginduari dagokionez, eta Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamenduaren b) idatz-zatiari dagokionez; horrenbertzez, aipatze hutsagatik, mugarik ezarri gabe, denetariko ondasunak erosten ahalko ditu legezko edozein tituluz, bai eta kontserbatu, eduki, administratu, erabili, kargatu eta permutatu ere, bai dirua, bai balioak, bai higigarriak, bai animaliak, bai higiezinak eta klase guztietako eskubideak; halaber, ahalmena du betebeharrak hartzeko, ondasun eta eskubideei uko egiteko eta haiek bertzerentzeko; ahalmena, halaber, egokiak diren prozedurak sustatu, aurka egin, jarraitu eta ezesteko; eta ahalmena, finean, eskubide, ekintza eta salbuespen mota oro askatasunez erabiltzeko denetariko Epaitegi eta Auzitegi Arrunt nahiz Berezien aitzinean, Administrazio Publikoaren organismo eta bulegoen aitzinean, eta Estatuko, Probintziako, Udalerriko eta gainerako Udalbatza nahiz Entitateetako bertze edozeinen aitzinean.

Ahalmen horien erabilera orok uneoro izanen ditu ardatz Zahar Etxearen interesen babesa eta onura.

II. KAPITULUA

Zahar Etxearen xedeak

4. artikulua.–Zahar Etxearen xedea da zaharrak eta jubilatuak hartu eta zaintzea. Baztanen sortutakoek eta bizi direnek izanen dute lehentasuna, bai eta Zahar Etxe honekin lotura nabarmena dutenek ere, dela hurbileko Zonaldean, Eskualdean eta Nafarroako Probintzian bizitzeagatik, dela behar pertsonalengatik.

Salbuespenez, adinekoak ez diren eta jubilatuak ez dauden pertsonak hartzen ahalko dira, baldin eta beharrean badaude eta Baztanen sortu badira.

Hartuak izan daitezkeen eskubide hobeko jendearen gainean izan litezkeen aurreikuspenak direla medio, edo bertze arrazoi batzuengatik, onartzeko eskariak ezesten ahalko dira.

III. KAPITULUA

Zahar Etxea gobernatzeko organoak

5. artikulua.–“Joaquín de Iriarte Zahar eta Jubilatuen Etxea” Fundazioa Batzorde edo Patronatu batek gobernatuko du.

1. Atala

Batzordearen eraketa eta funtzionamendua

6. artikulua.–Batzordea edo Patronatua izanen da “Francisco Joaquín de Iriarte Zahar eta Jubilatuen Etxea” Fundazioaren organo gorena”.

7. artikulua.–Batzordea edo Patronatua bederatzi kidez osatua egonen da. Hauek dira:

1.–Baztango alkatea, jardunean ari den bitartean, Batzordeko edo Patronatuko lehendakaria izanen da.

2.–Baztango Udaleko bi zinegotzi, Udalbatzak izendaturik, eta kargua betetzen duten bitartean izanen dira kide.

3.–Lau kide, bat kuartel bakoitzeko, kuartel bakoitzeko batzarreek hautaturik. Batzarre bakoitzak boto bat izanen du. Berdinketa gertatzen bada, dagokion kuarteleko auzokide guztien artean boto gehien eskuratzen duen huraxe izanen da hautatua.

Kuartelek berek, batzarre bidez, kide horiek sei urtez behin berrituko dituzte.

Batzarreek hiru hilabeteko epea izanen dute beren kideak berritzeko, Patronatuak kideak berritu behar direla jakinarazten dienetik aitzina.

4.–Langileen ordezkari bat, langileek berek hautaturik. Lau urtez behin berrituko da.

5.–Zahar Etxeko erabiltzaileen ordezkari bat, erabiltzaileek berek hautaturik. Lau urtez behin berrituko da. Ezin bada erabiltzaile bat izan, familiako kide bat izanen da, familiako kideen artean hautaturik.

6.–Udaleko idazkariak eginen ditu Batzordeko Idazkari eginkizunak, hizpidea duela baina botorik gabe.

7.–Patronatuaren osaketa parekidea izanen da.

(Hau da testu berria, artikulua aldatu baitzen).

8. artikulua.–Batzordea edo Patronatua hiru hilean behin bilduko da, eta Lehendakariari edo hiru kideri baino gehiagori komenigarri iruditzen zaien guztietan. Urtero, bilera bat eginen da erabiltzaileekin eta langileekin, kontuak eta aurrekontuak aurkezteko.

Batzordeak Gobernu Batzorde bat izendatuko du bere kideen artean, lau kidez osatuta; haietako bat lehendakaria.

Gobernu Batzordeak komenigarri iruditzen zaion bakoitzean egiten ahalko du Batzordearen bilkurarako deialdia (hau da testu berria, artikulua aldatu baitzen).

9. artikulua.–Bilkurek balioa izan dezaten, batzordekideen herenak egon beharko du bertan, deialdi guztietan.

Bilkuraren erabakiak bertan dauden batzordekideen gehiengoaz hartuko dira, bozketa eginda. Berdinketa bada, alkate udalburuaren botoak erabakiko du.

10. artikulua.–Batzordekideek nahitaez agertu beharko dute bilkuretara. Hiru bilkuretara jarraian huts eginez gero, bidezko arrazoirik gabe, interesatuak kargua betetzen jarraitzeari uko egin diola joko da, eta baja hartuko du.

11. artikulua.–Bilkura bakoitzaren akta jasoko da, bildutako guztiek sinatuko dutena; halaber, Batzordeak eramanen duen Akten Liburuan jasoko da eta zer erabaki hartu diren azalduko da zehatz-mehatz. Aipatu Liburuari dagozkion Ziurtagiriak idazkariak luzatuko ditu, lehendakariaren ikus-onespenarekin.

2. Atala

Batzordearen ahalmenak eta eskumenak

12. artikulua.–Hona hemen Batzordearen ahalmenak, aipatze hutsagatik, mugarik ezarri gabe:

a) Fundazioaren ondasun higiezinak eta eskubide errealak erosi, saldu edo trukatzea, edo bertzenaz, eskuratu, bertzerendu, kargatu eta libratzea.

b) Era guztietako balore, titulu eta ondasun higigarriak erosi eta saltzea, baita balio artistiko edo historikoa dutenak ere, eta orobat mota guztietako eskubideak; eta, halaber, gordailu izendunak eratu eta erretiratzea egoki juzgatzen denean.

c) Bere aldeko errentak lortzea, dirua mailegutan hartzea eta jesapenak kontratatzea berme pertsonalarekin edo hipoteka-bermearekin, egokitzat juzgatzen dituen baldintzetan, eta likidatzea eta deuseztatzea.

d) Edozein pertsona fisiko nahiz juridikori kobratu eta ordaintzea, baina ez tributu ahalmena behar duten egintzak gauzatzea, zerbitzuak egiteagatik tasak jasotzea izan ezik.

e) Erabilgarritzat jotzen dituen gauzak gauzatzea, bai eta hornidura, zerbitzu eta obra kontratuak gauzatzea ere.

f) Errekurtsoak paratu, auziak sustatu eta bide administratiboan, judizialean edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eramatea, bai eta elizaren jurisdikzioan ere, instantzia guztietan, eta haien ebazpena zuzenbidearen eta ekitatearen arbitroen irizpenaren mendean jartzea, akordioa eginez, amore emanez edo konpromisoa hartuz.

g) Fundazioaren jardunerako beharrezkoak edo komenigarriak diren ahalordeak ematea, eta halaber, egoki jotzen dituen Batzordekideengan eskuordetzeak egitea.

h) Komenigarrien iruditzen zaien administrazio eta kontularitza sistema edo moldea erabakitzea, beharrezkoak diren enplegatuak izendatuz eta ordainduz; Zahar Etxeko Administratzaile kargua, batez ere.

i) Beharrezkotzat joko balu, Zahar Etxearen funtzionamendua hobetzeko araudi egokiak ematea.

j) Komenigarriak eta beharrezkoak diren dokumentu publiko eta pribatuak eman eta sinatzea, ahalmenak erabiltzeko.

k) Batzordeak Fundazioari interesatzen zaizkion ekintza eta kontratu guztiak egin eta emanen ditu.

13. artikulua.–Zahar Etxearen Batzordea edo Patronatua izanen da haren administratzailea. Nolanahi ere, jarduketak Baztango Udalaren fiskalizazio eta kontrolaren menpe egonen dira, bereziki honako ahalmenei dagokienez:

a) Fundazioaren ondarearen administrazioa eta erabilpena, eta ahalegindu beharko da ondarea Fundazioaren xedeetara bideratzen.

b) Estatutu hauen interpretazioa eta Zahar Etxearen jardunean gertatzen diren gorabeheren ebazpena.

c) Aurrekontuaren azterketa eta berrikuspena, eta kontuen onespena.

14. artikulua.–Francisco Joaquín de Iriarte Jaunaren lehen Testamentu Betearazleen desioak betearazten saiatuko da.

Egoiliarren erlijio askatasuna errespetatuko da beti (hau da testu berria, artikulua aldatu baitzen).

IV. KAPITULUA

Lehendakaria

15. artikulua.–Batzordeko lehendakariak eginkizun hauek ditu:

a) Batzorderako eta bilkuretarako deialdiak egin, haren buru izan eta zuzendari lana betetzea.

b) Batzordearen ordezkari izatea edozein Erakunde, Autoritate, Epaimahai, Federazio edo halakoren aitzinean.

c) Fundazioaren agiri mota guztiak sinatzea, publikoak nahi pribatuak izan.

d) Diruzaintzako agiriak eta idazkariak aurkezten dituen ziurtagiriak bere sinadurarekin eta bere ikus-onetsiarekin baimentzea.

V. KAPITULUA

Zahar Etxearen zerbitzuko langileak

16. artikulua.–Batzordeak Zahar Etxean arituko diren langileak izendatuko ditu, edo bertzenaz, Batzordeak kasu zehatz bakoitzerako egoki jotzen duen sistema erabiliko da horretarako.

17. artikulua.–Hona Batzordeko idazkariari dagozkion eginkizunak:

a) Batzordearen bilkuren aktak idaztea.

b) Fundazioaren liburuak eta agiriak zaintzea.

c) Korrespondentzia orokorraz arduratzea.

d) Behar diren ziurtagiriak egitea.

18. artikulua.–Hona Batzordeko administratzaileari dagozkion eginkizunak:

a) Zahar Etxeko ondasun, titulu, balore eta kapitalen kontuhartzailetza egitea, eta haien inbentarioa egitea zehatz-mehatz.

b) Fundazioak egiten dituen kobrantza eta ordainketetan esku hartzea.

c) Urteko lehen hiruhilekoan aurreko urteko diru-kontuen egoera aurkeztea.

d) Zahar Etxeak edozein kontzepturengatik dituen gastuak eta diru-sarrerak idatzi eta kontabilizatzea.

e) Zahar Etxearen funtsak zaintzea.

f) Eskatzen zaizkion datu eta txosten guztiak une oro Batzordeari ematea.

g) Egoiliar guztien erregistroa kudeatzea, eta gertatzen diren alta eta baja guztiak erregistroan idatziz jasotzea.

h) Aipatu inbentarioan, ondasun higiezin guztiak zerrendatu beharko ditu, finken izena, klasea, kokapena eta gainerako inguruabarrak zehaztuz, eta horrez gain, haien luze-zabalera eta mugak azalduko ditu, jabetza edo edukitza titulua eta tituluaren jatorria, dauden kargak eta eskubideak, eta haien balioespena inbentarioaren egunean.

i) Batzordeari aurkeztu beharreko urteko aurrekontua egitea.

j) Lehendakariarekin batera ordainagiriak, txekeak eta antzeko agiriak sinatzea.

19. Artikulua.–Zahar Etxearen zerbitzuko langileen betebeharrak izanen dira Batzordeak lanpostu bakoitzerako edo zerbitzua (edozein delarik ere) hobeki emateko uneoro edo kasuan-kasuan esleitzen dizkienak.

VI. KAPITULUA

Egoiliarren eskubideak eta betebeharrak

20. artikulua.–Egoiliarrek eskubidea izanen dute mantenurako, osasun laguntza arrunterako, garbitasunerako eta beren arroparen nahiz gela partikularren garbiketarako, bai eta Zahar Etxeko zerbitzuak erabili eta gozatzeko eskubidea ere.

21. artikulua.–Egoiliarrek Zahar Etxeko egonaldiaren kostua ordaintzen lagunduko dute, Batzordeak kasu bakoitzerako ezartzen duen zenbatekoarekin bat. Urtero, Batzordeak ezarriko du zein den plazaren egiazko kostua Zahar Etxean.

Egiazko kostua ordaintzerik ez dutenek jasotzen duten pentsioaren ehuneko lauretan hogei (80) ordaindu beharko dute, haien egonaldiagatik jaso litezkeen laguntza publiko nahiz pribatuak hartzeari utzi gabe.

Egiazko kostua ordaintzerik ez dutenek beren ondasunen eta jasotzen dituzten errenta klase guztien gaineko adierazpena eginen dute, Zahar Etxean sartu aitzinetik.

Egoiliarrek bizikidetzako arau orokorrak, Estatutu hauen edukia eta barne Erregelamenduaren edukia onartu beharko dituzte.

22. artikulua.–Batzordeak ezarriko du zer agiri aurkeztu beharko dituzten Zahar Etxean sartu nahi duten pertsona guztiek, eta gutxienez ere agiri hauek izanen dira:

a) Zahar Etxean sartzeko eskaria, interesatuak sinatua, edo haren legezko ordezkariak.

b) Jaiotza agiria eta Nortasun Agiri Nazionala.

c) Egiazko kostua ordaintzerik ez duten egoiliarrek Zorraren Aitorpena eginen dute Francisco Joaquín de Iriarte Zahar Etxearen alde.

(Hau da testu berria, artikulua aldatu baitzen).

VII. KAPITULUA

Zahar Etxearen ondarea

23. artikulua.–Zahar Etxearen ondarea antzinako Erruki Etxetik heldu diren ondasun eta eskubideek osaturik dago, gehi Baztango udalerriaren jabetzapekoa den eraikin berri guztiaren lagapen finalista, Nafarroako Foru Diputazioak berritua eta eraikia, eta Baztango Udalak Fundazioaren eskura jarritakoa, bere xedeak betetzeko, 1982ko azaroaren 12ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez. Baztango Udalerriak eraikinaren eta eraikina kokatua dagoen lurren titulartasuna eta jabetza mantenduko ditu.

24. artikulua.–Zahar Etxeak diru-laguntza pribatuetatik edo dohaintzetatik –hala entitate publikoenak nola pribatuenak– heldu diren ondasunak eskuratzen ahalko ditu hobetu eta handitzeko. Eta ondasun horiek guztiek, emaileek kontrakoa xedatu ez duten bitartean, emantzat joko dira, eta jasoko dira Estatutu hauetan ezarritakoari lotuta, Batzordeak askatasun osoz eta eskudantzia guztiekin erabil ditzan, aitzineko artikuluetan ezarritakoari men eginez.

25. artikulua.–Fundazioa osatzen duten ondasunen produktu likidoak Estatutu hauetan ezarritako xedeak betetzera bideratuko dira. Ondasun, banku kontu eta banku dokumentu guztiak Fundazioaren izenean egonen dira.

26. artikulua.–Arestian aipatutako ondasunak, egoiliarren ordainketak eta Batzordeak Fundaziorako eskuratzen ahal dituen diruak erabiliko dira urteroko aurrekontuari aurre egiteko. Defizitik gertatzen bada, Baztango Udalerriak hartuko du bere gain.

Bertzalde, urteko ekitaldia akitu ondoren, balantzea defizitarioa bada, Batzordeak edo Patronatuak Nafarroako Foru Diputaziora joko du laguntza eske. Hala ere, egoki jotzen duen edozein unetan, Batzordea bertze Entitate batzuetara jotzen ahalko du laguntza eske, zailtasunik bada.

27. artikulua.–Zahar Etxearen iraupena mugagabea izanen da.

VIII. KAPITULUA

Fundazioa desegitea

28. artikulua.–Edozein inguruabarrak eraginda, ezin badira Fundazioaren xedeak bete ezarrita dagoen moduan, Fundazioaren ondasun guztiak Baztango Udalerrira itzuliko dira, horrek bete ahal izan ditzan, egoki jotzen duen moduan, Francisco Joaquín de Iriarte Fundazioak ezarritako ongintzako xedeak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Indarreko legerian ezarritako arauzko lege-tramiteak betetakoan sartuko dira indarrean Estatutu hauek.

Bigarrena.–Estatutu hauek indarrean sartzean, Francisco Joaquín de Iriarte Fundazioaren Batzordeko edo Patronatuko egungo kide guztiek beren eginkizunak automatikoki utziko dituzte.

Hirugarrena.–Batzorde berria osatze aldera, Udalak, osoko bilkuran, Batzorde berriko kide izanen diren bi zinegotziak izendatuko ditu, Estatutu hauetako 7-2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Bilkuran, halaber, Batzorde berria osatuko duten gainerako lau kideak izendatuko dira Baztanen bizi diren biztanleen artean.

Laugarrena.–Batzordeak osatu edo aldatuko dira, Estatutu hauen III. Kapituluaren 1. atalean ezarritakoarekin bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indarrik gabe utzi dira, baliorik eta eraginik ez dutela, Estatutu hauetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, bai eta xedatutakoarekin bat ez datozenak, bateraezinak direnak eta traba egiten diotenak ere.

Estatutu hauek 28 artikulu dituzte eta 8 kapitulutan multzokaturik daude, gehi lau xedapen iragankor dira, gehi xedapen indargabetzaile bat, eta paper arrunteko zazpi orrialdetan eman dira, guztiak ere aitzinaldean bakarrik idatzita.

Elizondon, 1986ko apirilean. Aipaturiko Batzordearen eta Udalaren izenean.–Alkate udalburua, Julio Iturralde Agorreta.–Idazkaria, M.ª Jesus Muñoz Calvo.

Iragarkiaren kodea: L1504929