72. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Artearen arloko entitateak sustatzeko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak

Altsasuko Udalak, 2015eko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, Altsasuko artearen arloko entitateak sustatzeko 2015eko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi zituen.

Altsasun, 2015eko martxoaren 27an.–Alkatea, Garazi Urrestarazu Zubizarreta.

DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK,
ALTSASUKO ARTEAREN ARLOKO ENTITATEAK SUSTATZEKO

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen, apirilaren 2koaren III. kapituluaren 25. artikuluak eta hurrengoek ondoko eskumenak ematen dizkiete udalei: historia eta arte ondarea; kultura jarduerak eta instalazioak; aisia, eta liburutegi publikoa.

Diru-laguntzak arautzen dituen 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 17. artikuluari jarraikiz, tokiko korporazioen diru-laguntzak arautzen dituzten oinarri erregulatzaileak xedatu behar dira. Izan ere, oinarri horiek onetsi behar dira aurrekontua betetzeko oinarrien baitan, diru-laguntzei buruzko ordenantza orokor baten bitartez, edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, diru-laguntzen modalitate bakoitzerako.

Altsasuko Udalaren iritziz, kultura bultzatzeko moduetako bat da herriko gizarteak bere sozietateen edo irabazi asmorik gabeko entitateen bidez sortzen dituen ekimen, jarduera eta proiektuei laguntzea.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunaren aldeko Legeak eta Berdintasun Planak nabarmentzen dute neurri batzuk hartu behar direla, sexuagatik kulturari lotuta egoten diren bazterkeriak ezabatzeko. Horretarako, aukera berdintasuna bultzatu behar da, bere alderdi guztietan kultura baliatzeko eta sustatzeko.

Jarduera askok jasotzen ahal dute Udalaren Kultura Zerbitzuak emandako laguntza; horregatik, erabat ezinezkoa da bide zehatzetatik mugatzea udalaren laguntza merezi ahal duten jarduera guztiak. Hori dela eta, ezinbestekoa da oinarri hauen gisako tresnak ezartzea, helburuak ahalik eta hobekien betetzeko, lehia, objektibotasun eta publizitate printzipioak bermatuz. Izan ere, Administrazio Publikoak printzipio horiei jarraitu behar die sustapen jarduerak, besteak beste, gauzatzerakoan. 2010. urtearen bukaeran epe bat ireki zen, lehiatu behar zuten entitateek nahi zuten ekarpenak eta alegazioak egin zitzaten. Epea bukatuta, ez zen alegaziorik edo proposamenik jaso.

I. KAPITULUA

Altsasuko artearen arloko entitateendako diru-laguntzak, horien jarduera programak egiteko emanak

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Altsasun programa egonkorra garatzen duten entitate artistikoak bultzatzea eta horiendako diru-laguntzen erregimena arautzea. Laguntza horien bidez Udalaren kultur jarduketa osatuko da, betiere ondoko artikuluek xedatzen dituzten baldintzak kontuan harturik.

2.–Aurrekontuaren zer kontu-sail erabili eta kopurua.

2.1. Diru-laguntza hauek finantzatzeko “Kultur Batzordea, diru-laguntzak” izeneko 4510 48201 kontu-saila erabiliko da, eta 11.410 euroko kopurua izanen dute gehienez. Diru-laguntzaren kopurua Udalaren aurrekontuetan helburu horretarako agertzen den zenbatekoaren baldintzapean geratuko da.

2.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa ondokoen araberakoa izanen da: proiektu kopurua, proiektu haien ezaugarriak eta aurrekontua. Beren zenbatekoa proiektuan lortutako puntuazioarekiko zuzenki proportzionala izanen da, eta ez da inoiz izanen onartutako aurrekontuaren %60 baino handiagoa.

2.3. Diru-laguntza hauek kolektiboei ematen zaien ekarpen gisa ulertu behar dira, jarduera programa itxia eta dagokion finantzatze plana oinarri hartuta.

3.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Kultura alorrean ari diren asoziazioek izanen dute deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko aukera, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

3.1. Egoitza soziala Altsasun izatea eta Udalerri horretan gehienbat aritzea.

3.2. Irabazi asmorik gabe eratuak egotea. Ondorio horietarako, irabazi asmorik gabeko entitateak izateko, asoziazioaren xedea betetzeko egin beharko dituzte jarduerak, bai eta etekinak xede horretan inbertitu ere.

3.3. Bere gizarte xedeak zuzeneko harremana izan beharko du diru-laguntzaren helburuarekin.

3.4. Zergak eta Gizarte Segurantza diru-laguntza eskatzen den datan ordainduta izan beharko dituzte.

3.5. Jarduera programa egonkorra garatzea, eta Altsasun 4 emanaldi gutxienez egitea. Emanaldiak Altsasun eginen dira, 2015ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, eta jende guztiarendako irekiak izanen dira, hau da, inor ez dute baztertuko sexu, arraza, erlijioa eta/edo ideologiarengatik.

3.6. Ekonomiari dagokionez, aurkeztutako proiektua bideragarria izanen da, eta aurrekontu orekatua izanen du, hau da, gastuen eta diru-sarreren kopuruak baliokideak izanen dira, eta oinarri hauen 2. artikuluan finantzatzeko jarri diren mugak errespetatuko dira beti.

3.7. Entitateek ezin izanen dute Altsasuko Udalarengandik inolako diru-laguntzarik jaso baldin eta jendea hartzeko duten sistema, funtzionamendua, ibilbidea edo jarduketa emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren aurkakoak badira.

3.8. Era berean, ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso ondoko arrazoiengatik administrazio ebazpenaren edo epai irmoaren bidez zigortuta edo kondenatuta egon diren asoziazioek: lansariagatik inor baztertzea, jazarpen morala egitea, sexuagatik tratu desberdina ematea edo azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legeak edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak xedatutako printzipio eta betebeharrak ez betetzea (lehenbiziko legeak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatzen du, eta bigarrenak, aldiz, emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna).

4.–Diruz lagun daitezkeen alorrak eta baliabidea nola banatu:

4.1. Ondokoei lotutako gastuak lagundu ahalko dira diruz:

a) Entitatearen funtzionamenduan eta Altsasun egindako jardueretan sortu diren gastuak. Funtzionamendurako asoziazioak behar dituen gastuak ondokoak dira: material suntsikorra, webgunea mantentzea, federazioa... Altsasun egindako jarduerek sortutako gastuak, berriz, entitateak Altsasun antolatutako eta bideratutako jarduerei dagozkienak: kontratazioak, lankidetzak, SGAE eta/edo ekitaldi bakoitzaren publizitatea.

b) Prestakuntzarako barne ikastaroak, baldin eta entitatearen jarduketa esparruari loturik badaude.

c) Antzeko beste entitate batzuekin trukatzea xede duten ekitaldiak antolatzea: ekitaldiak antolatzean eta ekoiztean izandako gastuak, entitatea sustatzailea bada.

b) Inbertsioak. Altzariak, jantziak, tresnak eta abar erosteagatik izandako gastuak.

Deialdi honetatik kanpo geldituko dira ondoko gastuak: ordezkaritza, protokolo, otorduak, opariak eta/edo antzekoak, baita entitatearen irteerei lotuak ere.

4.2. Hona hemen, hurrenez hurren, oinarri hauen 4.1. artikuluak zehazten dituen baliabideen banaketa egokia, diruz lagun daitekeen alor bakoitzerako:

a) Xede horretarako, 6.846 euroko kreditua ezarri da guztira, kontu-sailaren %60.

b) Xede horretarako, 1.141 euroko kreditua ezarri da guztira, kontu-sailaren %10.

c) Xede horretarako, 2282 euroko kreditua ezarri da guztira, kontu-sailaren %20.

d) Xede horretarako, 1.141 euroko kreditua ezarri da guztira, kontu-sailaren %10.

4.3. Eskaerak ebatzi ondoren aurrekontuko a, b, c ataletan kreditu nahikoa soberan gelditzen bada, soberakina ondoko ataletara eramanen da: a)-tik b)-ra, b)-tik c)-ra, eta c)-tik d)-ra.

5.–Izapidetze eta ebaluatze organoak.

Kultur Batzordeak ebaluatuko ditu eskaerak, ohiko bilkuran. Jarraian, Kultur Batzordeak Tokiko Gobernu Batzarrari aurkeztuko dio esleipen proposamena, eta onarpenaren ebazpena 2015ko ekainaren 1a baino lehenago argitaratuko da.

Batzordeak gaian adituak diren pertsona fisikoen edo entitateen aholkularitza eskatu ahalko du. Halaber, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, emandako informazioari buruzko argibide gehiago eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, baita eskatzaileak berak agertzea ere.

6.–Aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentazioa.

Diru-laguntzetarako eskabideak Udalaren Erregistroan aurkeztuko dira, oinarri hauetako I. eranskinaren eskaera ereduari jarraikiz. Era berean, ondoko dokumentazioa erantsiko da:

a) Entitatearen estatutuen fotokopia eta entitateko kideen kopurua eta Zuzendaritza Batzordearen osaketa egiaztatzen dituen egiaztagiria. Informazioa sexuaren arabera bereiziko da (1).

b) Legezko ordezkariaren IFZ eta NANaren fotokopia.

c) Zergak eta Gizarte Segurantzaren ordainketak ordainduta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria. Indarreko legediaren arabera, entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekin betebeharrak baditu, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, harekin dituen betebeharrak egunean beteak dituela egiaztatzen duena. Zerga betebehar bakarra Altsasuko Udalarekin duten asoziazioen kasuan, horren aitorpena sartuko dute eskabidean, eta Udalak berak ofizioz emanen du aipatutako egiaztagiria.

d) Eskatzaileak sinatutako zinpeko aitorpena. Aitorpen horrek adierazi beharko du entitatea ez duela diru-laguntzak edo beste laguntza batzuk lortzeko aukera galarazten dion zigor administratibo edo penalik, ez eta horretarako gaitasunik gabe uzten duen legezko debekurik ere. Horren barnean daude sexu bazterkeriagatik gertatuak, betiere Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna arautzen duen 4/2005 Legearen Azkeneko seigarren Xedapenean ezarritakoari jarraikiz.

e) Jardueren urteko programa eta horien aurrekontu xehatua. Aurkeztutako aurrekontuak laguntzaren xede diren jardueren eta/edo zerrenda xehatua izan beharko du, diruz laguntzen ahal diren gastuen arabera. Aurreikusitako egutegia, emanaldiaren lekua, datak eta orduak zehaztu beharko dira. Era berean, erreferentzia batzuek agertu beharko dute deialdiaren 10. artikuluan xedatutako balorazio irizpideak betetzen direla adierazteko.

f) Proposatutako programa egiteko finantzatze plana, aurreikusitako gastuak eta diru-sarrerak zehazten dituena (zehaztu beharko du ea beste entitate publiko edo pribaturen bati eskatu edo horiengandik eskabidearen xede diren jarduerengatik diru-laguntzarik jaso duten).

g) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

7.–Eskabideak aurkezteko epea:

Eskabideak 2015ko maiatzaren 22ko, ostirala, 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, eta ondorio guztietarako epe hori ezin izanen da luzatu.

8.–Dokumentazioa berrikustea eta akatsak zuzentzea.

Udalaren Kultur Zerbitzuak eskaera eta oinarri hauen I. eranskinean eskatutako dokumentazioa aztertuta akatsik egonez gero edo, bestela, dokumentazio guztia egon ezean, eskatzaileari zer gertatu den adieraziko zaio, eta hamar lan-eguneko epe bat izanen du akats horiek zuzentzeko, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori iraganda zuzenketarik egiten ez bada, interesatuak amore eman duela joko da, aldez aurretik behar den ebazpena emanda, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen, azaroaren 26koaren, 71.1 artikuluak xedatutakoari jarraikiz.

9.–Diru-laguntzak ematea, horien zenbatekoa eta muga.

9.1. Diru-laguntzak lehiaketa bidez emanen dira. Ondorio horietarako, diru-laguntza nori emanen zaion ebazteko, diruz laguntzen ahal den alor bakoitzean aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, eta horren arabera lehentasuna zeinek duen finkatuko da, betiere 10. artikuluan hautaketarako eta baloraziorako ezarri diren irizpideei jarraikiz.

9.2. Deialdi honen bitartez ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa ez da izanen entitate bakoitzarendako onartu den aurrekontu osoaren %60 baino handiagoa.

10.–Ebaluazio irizpideak.

Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehia erregimena erabiliko da, eta deialdiaren kredituaren zenbateko osoa proportzionalki banatuko da ondoko irizpideak aplikatzean lortzen den puntuazioaren arabera, betiere 4. artikuluan xedatutako mugak kontuan harturik:

10.1. Altsasun garatu beharreko programaren ezaugarriak (6 puntu).

Antolatutako jarduera kopuruaz gainera, programaren interesa eta kalitate artistikoa ere baloratuko dira.

10.1.1. Kontzertu bakoitzarengatik 0,4 puntu emanen dira, eta 0,2 puntu kalejira/lankidetza bakoitzarengatik. Gehienez 2,4 puntu eman ahalko zaizkio entitate bakoitzari.

10.1.2. Herriko festa egutegiaren barnean egindako ekitaldi bakoitzarengatik 0,4 puntu emanen dira, eta 0,6 puntu herriko festetan egindakoengatik. Gehienez 1,6 puntu eman ahalko zaizkio entitate bakoitzari.

10.1.3. Beste agente batzuekin lankidetzan egindako ekitaldi bakoitzarengatik 0,4 puntu emanen dira (ibarreko entitate artistikoak, udal zerbitzuak, asoziazioak...). Gehienez 0,8 puntu eman ahalko zaizkio entitate bakoitzari.

10.1.4. 0,3 puntu emanen zaizkio beren gai sortan berrikuntza gehien sartzen dituzten entitateei, eta gainerakoei proportzionalki. Gehienez 0,3 puntu eman ahalko dira.

10.1.5. 0,2 puntu emanen zaizkio artista berrien sormen obrak zabaltzen laguntzen duen entitateari.

10.1.6. 0,3 puntu emanen zaizkio kontzertu bereziak eskaintzen dituzten programei: entzule mota bati zuzenduak, didaktikoak... Entitate bakoitzak 0,3 puntu jaso ahalko ditu gehienez.

10.1.7. 0,3 puntu emanen zaizkio genero ikuspegia duten programei, baldin eta emakumeen ekarpena agertzen eta baloratzen laguntzen badute. Entitate bakoitzak 0,3 puntu jaso ahalko ditu gehienez.

10.2. Entitate eskatzailearen ezaugarriak, 4 puntu:

10.2.1. Kide gehien dituen entitateari 0,50 puntu emanen zaizkio, eta gainerakoei proportzionalki.

10.2.2. 0,50 puntu emanen zaizkio ibilbide luzeena duen entitateari, eta gainerakoei proportzionalki.

10.2.3. 0,5 puntu emanen zaizkio bere estatutuetan berdintasuna bultzatzearen alde berariazko aipamena egin eta erabakitze organoetan emakumeen kopuru paritarioa duten entitateei.

10.2.4. 0,75 puntu emanen zaizkio aurreko urtean autofinantzaketa edo finantzaketa pribatuaren gradu altuena egiaztatzen duen entitateari, eta gainerakoei proportzionalki.

10.2.5. 0,75 emanen zaizkio aurreko urtean diru-sarrera handienak egiaztatzen dituen entitateari, eta gainerakoei proportzionalki.

10.2.6. 0,75 puntuko zigorra ezarriko zaio aurreko ekitaldiko programaren aurrekontuetan %15etik gorako desbideratzea duen entitateari.

10.2.7. Era berean, 0,75 puntuko zigorra ezarriko zaio aurreko urteko ekitaldi programan zerbait betetzen ez duen entitateari.

10.2.8. 0,25 puntu emanen zaizkio aurreko urtean berezko baliabideendako iturri mota gehien egiaztatzen dituen entitateari, gainerakoei proportzionalki.

10.2.9. 0,75 puntu emanen zaizkio salako ikuskizunetara sartzeagatik 3 euro gutxienez kobratzeko konpromisoa hartzen duen entitateari.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Emakidaren ebazpena jasotzen den datatik aurrera, Altsasuko Udalaren Kultura Zerbitzuak babesten duela berariaz eta garbi adierazi beharko da diruz lagundutako jarduerarengatik argitaratzen diren material grafiko guztietan: aleak, katalogoak, eskuko programak, iragartzen duen kartela, etab. Material hori ele bitan zabaldu beharko da, eta hizkuntza eta irudiak ez dira modu sexistan erabili beharko.

11.2. Deialdi honetan diruz lagundutako programa egiteko erabili beharko da diru-laguntza, ez beste edozertarako.

11.3. Udal Kultur Zerbitzuari justifikatzea diruz lagundu den egitaraua bete izana eta gastuak.

11.4. Udalaren Kultur Zerbitzuari berehala jakinarazi beharko zaizkio proiektua garatu bitartean gertatutako gorabeheren ondorioz sortzen diren aldaketak. Eskatutako aldaketak Zerbitzuaren adostasuna beharko du aldez aurretik, eta honek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako programa funtsean aldatzen ez badu.

11.5. Udalaren Kultur Zerbitzuak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana noiznahi onartzea.

11.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Udalaren Kultur Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster eman beharko da aditzera, eta betiere jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

11.7. Jarduerak sorturiko gastu guztiak behar bezala egiaztatu ezean, edo sortu eta frogatutako gastuak jasotako diru kopurua baino gutxiago badira, kopuru hori edo gastatu ez den diru-laguntzaren zatia itzuli beharko da.

12.–Ordainketa, epea eta justifikatzeko era.

12.1. Emandako diru-laguntzen zenbatekoa, oro har, eta kasuan kasu adostu daitekeena kontuan hartuta, bi epetan ordainduko da: %60a aurrerapen gisa, diru-laguntzaren ebazpenari dagokion hitzarmena izenpetu ondoren, eta %40a egindako jardueren txostena baloratu eta gero.

12.2. Entitate onuradunek 2016ko urtarrilaren 15a baino lehen Udal Erregistroan aurkeztu beharrekoak:

a) Diruz lagundutako programazioa gauzatu ondoko txostena. Bertan, 10. artikuluan xedatutako balorazio irizpideak bete direla eta jarduera iragartzen duen kartela gutxienez agertu beharko dira txostenean.

b) Balantze ekonomikoa.

c) Izan diren gastuen jatorrizko egiaztagiriak (edo, halakorik ez bada, fotokopia konpultsatuak). Fakturetan honako hauek zehaztuko dira: ordaintzen duen entitatea, gastuaren data, kontzeptua, zenbatekoa, enpresaren izena (N.A.N. edo I.F.K.), zigilua eta igorlearen sinadura.

d) Entitatearen aurreko urteko kontuen balantzea, gastuak eta sarrerak zehazturik, lortutako autofinantzatze maila barne.

12.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, ebazpenean aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, proiektua burutu eta gero.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoa justifikatu beharko da.

13.–Itzultzea.

Entitate onuradunak programa behar bezala egin ezean edo, bestela, egindako eta egiaztatutako gastu guztien zenbatekoa aitortutako zenbatekoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza osoa edo zati bat itzultzeko eskatuko da.

14.–Ez betetzea.

14.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat bete ezean, diru-laguntza deuseztatu, eta jasotako kopurua itzuli beharko da.

14.2. Deialdi hau ondokoek xedatzen dute: deialdiaren oinarriek, Altsasuko Udalak diru-laguntzak ematea erregulatzen duen ordenantzak eta, horrek aurreikusten ez dituen alderdietan, behar den legediak.

15.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, aditzera ematen dizugu deialdi honen ondorioz jasotzen diren datu pertsonalak Altsasuko Udala titularra duen fitxategi informatizatu batean sartzen ahalko direla (Gartzia Ximenez kalea, 36, 31800, Altsasu). Orobat aditzera ematen dizugu sartzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubidea gauzatzen ahalko duzula, Udalaren Erregistro Orokorrera jota (Gartzia Ximenez kalea, 36, 31800, Altsasu).

1. Eskaeraren aurreko urtean Udaletik izaera bereko diru-laguntza jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek ez dituzte aurkeztu beharko aldaketarik izan ez duten [a) eta b)] ataletako dokumentuak. Hala ere, eskaeran gorabehera horren berri eman beharko dute nahitaez.

II. KAPITULUA

Diru-laguntza izendunak

1.–Xedea eta helburua.

1.1. Herriko festetan bertako taldeek eta asoziazioek egiten dituzten jarduera soziokulturalak indartzeko asmoz, Udalaren Kultur Zerbitzuak diru-laguntzak emanen ditu eginbehar horiek sendotzeko, herrian tradizio eta eragin handia izan dutelako.

1.2. Udalbatzak aurrekontuetan onetsi beharko du zenbatekoa.

1.3. Lankidetza hitzarmenetan sinatuko da.

2.–Tradiziozko jarduerak.

2.1. San Joan bezpera, jarduera programa.

2.2. Herriko festetako musika animazioa eta gazteendako jarduerak.

2.3. Olentzerori harrera egitea.

2.4. Errege Magoen Morroi Eguna eta Errege-eguneko desfilea.

3.–Aurrekontuaren zer kontu-sail erabili eta kopurua.

Diru-laguntza hauek 2014ko aurrekontuko kontu-sail izendunen kargura finantzatuko dira.

4.–Onuradunen betebeharrak:

4.1. Emakidaren ebazpena jasotzen den datatik aurrera, Altsasuko Udalaren Kultura Zerbitzuak babesten duela berariaz eta garbi adierazi beharko da diruz lagundutako jarduerarengatik argitaratzen den material grafiko guztietan: aleak, katalogoak, eskuko programak, iragartzen duen kartela, etab. Material hori ele bitan zabaldu beharko da, eta hizkuntza eta irudiak ez dira modu sexistan erabili beharko.

4.2. Deialdi honetan diruz lagundutako programa egiteko erabili beharko da diru-laguntza, ez beste edozertarako.

4.3. Udal Kultur Zerbitzuari justifikatzea diruz lagundu den egitaraua bete izana eta gastuak.

4.4. Udalaren Kultur Zerbitzuari berehala jakinarazi beharko zaizkio proiektua garatu bitartean gertatutako gorabeheren ondorioz sortzen diren aldaketak. Eskatutako aldaketak Zerbitzuaren adostasuna beharko du aldez aurretik, eta honek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako programa funtsean aldatzen ez badu.

4.5. Udalaren Kultur Zerbitzuak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana noiznahi onartzea.

4.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Udalaren Kultur Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

4.7. Jarduerak sorturiko gastu guztiak behar bezala egiaztatu ezean, edo sortu eta frogatutako gastuak jasotako diru kopurua baino gutxiago badira, kopuru hori edo gastatu ez den diru-laguntzaren zatia itzuli beharko da.

5.–Eskabideak aurkeztea.

Deialdiaren onuradun izaten ahal diren taldeek eta asoziazioek honako hauek aurkeztu beharko dituzte jarduera egin baino bi hilabete lehenago:

–Asoziazioaren datu fiskalak (ordezkaria, IFZ eta dokumentua).

–Diru-laguntzaren xede den jardueraren programa.

–Egin beharreko programaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orekatua.

–Hitzarmenak eta diru-laguntzak direla eta, programak jasotako ekonomia hornidurak –erakunde publikoek emanak– egiaztatzen dituen dokumentazioa.

Diru-laguntza bere zehaztapen guztietan beteta egon ezean edo eskabidea baloratzeko eskatzen diren alderdi garrantzitsuak behar bezala egiaztatuta egon ezean, izandako akatsa 10 eguneko epean zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari, jakinarazpena eman eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita. Era berean, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidea ez duela aurkeztu nahi joko dela, eta espedientea artxibatuko dela, beste inolako izapiderik egin gabe.

6.–Bideratu eta ebaluatuko duen organo eskuduna.

Kultura Batzordea izanen da diru-laguntzen prozedura bideratuko duen organo eskuduna.

7.–Ordainketa.

7.1. Emandako diru-laguntzen zenbatekoa ordainduko da jarduera egin eta egiaztatze-kontua aurkeztu ondoren.

7.2. Ekonomia egiaztapena onartutako programan aurreikusitakoa baino txikiagoa izanez gero, diru-laguntza murriztuko da, laguntza portzentaje berberak izateagatik.

7.3. Onuradunak diruz lagundutako programa behar bezala egin dela egiaztatzen ez badu, dirua itzultzeko eskatuko zaio, Diru-laguntzen Lege Orokorren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen I. kapituluak xedatutakoari jarraikiz, proportzionaltasunaren printzipioa kontuan hartuta betiere.

8.–Diru-laguntza aurreratzeko aukera:

8.1. Diru-laguntzen %60 aurreratuko da, diru-laguntza ematen denean.

8.2. Diru-laguntza aurreratuko da, baldin eta Altsasuko Udalaren fondo likidoek horretarako aukera ematen badute.

9.–Justifikazioa:

9.1. Egiaztatzen duen kontua, eta, oro har, ondoko dokumentazioa izan beharko du:

–Diru laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzen duen jarduera memoria, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak biltzen dituena.

–Jarduerak sortutako gastu eta diru-sarreren balantzea, diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zerrenda zehaztua duena.

–Gastuak emanen dira jatorrizko fakturen edo horien fotokopia konpultsatuen bidez, jasotako diru-laguntzaren zenbatekora heldu arte (fakturak egitea arautzen duen 85/1993 Foru Dekretuak, martxoaren 8koak, xedatutakoari jarraikiz). Era berean, horien ordainagiria aurkeztu beharko da.

9.2. Deialdian xedatzen den bezala diru-laguntza egiaztatzeko betebeharra bete ezean, dirua itzuli beharko da.

Jarduera egin ondoren bi hilabeteko epea emanen da justifikazioa aurkezteko.

10.–Arau-hausteak eta zehapenak:

10.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen IV. tituluari jarraikiz joko da, lege horrek arautzen baitu Tokiko Entitateen Administrazioen diru-laguntzak emateko eta kontrolatzeko erregimen orokorra.

10.2. Zehapen prozedura izanen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, finkatzen duena.

11.–Diru-laguntzen Araubide Orokorra:

11.1. Oinarri hauen deialdiak araututako diru-laguntzak emanen dira Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak, Azaroaren 17koak, Xedatutakori Jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L1504954