71. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

19/2015 FORU LEGEA, apirilaren 10ekoa, zeinaren bidez indargabetzen baita martxoaren 14ko 3/2014 Foru Legea, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 20ko 13/2013 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ INDARGABETZEN BAITA MARTXOAREN 14KO 3/2014 FORU LEGEA, HAURRENTZAKO ETA NERABEENTZAKO SUSTAPENARI, LAGUNTZARI ETA BABESARI BURUZKO ABENDUAREN 5EKO 15/2005 FORU LEGEA ALDATZEN DUEN MARTXOAREN 20KO 13/2013 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 75.1 artikuluak, hasierako testuan, ezartzen zuen 0tik 2 urtera bitarteko adingabeen adopzio nazionalean lehentasuna izanen zutela seme-alabarik gabeko familia-unitateek, seme-alabak dituztenen familia-unitateen aldean. Profil horretan sartzen dira, praktikan, premia berezirik ez duten bi urtetik beheitiko adingabeak eta gurasoen baimena dutenak adopziorako. Seme-alabak dituzten familia-unitateek beren burua eskain zezaketen, premia bereziak dituzten edozein adinetako neska-mutikoak adoptatzeko -gaixotasun baten ondoriozko premia bereziak dituztenak, ezgaitasuna dutenak, neba-arrebak, jatorria beste autonomia erkidego batean dutenak nahiz adopziorako guraso-baimenik ez dutenak-.

Lehentasun hori egokia ez zelakoan, Nafarroako Parlamentuak abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea aldatu zuen, lehentasun hori kentze aldera, martxoaren 20ko 13/2013 Foru Legea onetsiz.

Lege horretako xedapen iragankor bakarrak honako hau ezarri zuen, hitzez hitz: “Foru lege hau indarrean sartzerakoan adoptatze-zerrendetan inskribatuta zeuden pertsonek kontserbatuko dute momentu horretan zeukaten lehentasun-hurrenkera”.

Interpretazio ezberdinak egin izan dira xedapen iragankor horri buruz, eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak horren aplikazio ezegoki bat egin zuen hasiera batean. Gizarte Politiketako Departamentuaren idazkaritza orokor teknikoak txosten bat egin zuen 2013ko urriaren 14an, jarraibideak emanez horren aplikazioa zela-eta; txosten horren arabera, errespetatu egin behar zen aldaketa baino lehenagoko lehentasun-hurrenkera, eta eskatzaile berriei ez zitzaien aplikatu behar seme-alabak dituzten familiendako lehentasuna, halako moduan non eskatzaile berriak eskabidearen dataren arabera sailkatuko baitira.

Xedapen iragankor bakar hori dela-eta egin beharreko interpretazioa argi eta garbi egon arren, orain indargabetu nahi den martxoaren 14ko 3/2014 Foru Legeak berrinterpretatu egiten du, hori aldatu beharra justifikatzeko. Berrinterpretazio horrek muga bat ezartzen du lehentasuna mantentzeari dagokionez, 13/2013 Foru Legea onetsi baino lehen egokitasuna aitorturik zeukaten familietara mugatzen baitu. Ez da hori, ordea, xedapen iragankor bakarrak adierazten duena, eta xedatutakoaz bestelako interpretazio arbitrario bat baizik ez da, Adopzioen Erregistroan 0-2 urtekoen profilerako egin diren ordena-aldaketek erakusten dutenez.

Praktikan, interpretazio arbitrario horren ondorioz, 0-2 urtekoen profilean egokitzat jo izan dira Adopzioen Erregistroko lehendabiziko hamar familia-unitateak -alde batera utzita egokitasunik zeukaten ala ez-, eta beste familia-unitate asko ez dira onartu, nahiz eta egokitasuna egiaz bazeukaten. Egokitasuna ez zegoen soilik lotuta lehendabiziko hamar familia-unitateak baloratuta edukitzearen irizpide teknikora, ezpada hurrengoei ere bai: adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonen edo familien eskaintza, nazioarteko eta nazioko adopziorako balorazio paraleloa, balorazio lantalde teknikoaren lan-zama, eta balorazioa egiteko epe bat ezartzen duen prozedura administratiboa eta administrazio-isiltasunaren ondorioak.

Foru lege honen sorburu izandako lege-ekimena abian jarri zuten parlamentu-taldeon ustez, 3/2014 Foru Legea onesteak ez zuen esan nahi Adopzioen Erregistroko hurrenkeran aldaketarik egitea ezarritako epean zehar, eta haren aplikazioan egiaztatu dugu nahi ez ziren aldaketak egin direla, ondorio konponezinak dakartzatenak 0-2 urteko haurren nazioko adopziorako prest azaldu diren familia askorentzat.

Bestalde, 3/2014 Foru Legearen xedapen bakarraren xedea da ekiditea xedapen iragankor berriaren interpretazio batek berekin ekartzea seme-alabarik gabeko familiei mugarik gabe manten dakien lehentasuna 0-2 urteko adingabeen adopzioan. Interpretazio hori gezurrezkoa da; izan ere, martxoaren 20ko 13/2013 Foru Legearen xedapen iragankorrak ezartzen duen araubideak ez dakar berarekin lehentasuna mugarik gabe mantentzea, zeren foru legea indarrean sartu zenean Adopzioen Erregistroan zeukaten leku berean sendotzen baititu seme-alabak dituzten familia-unitateak.

3/2014 Foru Legeak bi urteko epea ezartzen du lehentasuna mantentzeari dagokionez, seme-alabarik gabeko familien lehentasunaren mantentze mugagabea ekiditeko. Horrek berekin ekarri du interpretazio oso ezberdinak egitea eta legegileak aurreikusi gabeko ondorioak gertatzea, halako moldez non bere aplikazioan 2015eko martxoaren 28ra bitarteko epea ezarri baita, 2013ko martxoan Adopzioen Erregistroan zeuden lehendabiziko hamar familientzat soilik.

3/2014 Foru Legeari dagokionez egiten ari den aplikazio praktikoaren ondorioak -nahi eta aurreikusi ez zirenak- eta ondore konponezinak ekidite aldera eta Adopzioen Erregistroan 0-2 urtekoen profilerako ordena ezartze aldera, martxoaren 20ko 13/2013 Foru Legearen indarraldia -bere hasierako testuarekin- berrezartzea proposatzen da.

Artikulu bakarra.–Osorik indargabetzen da martxoaren 14ko 3/2014 Foru Legea, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 20ko 13/2013 Foru Legea aldatzen duena.

Xedapen gehigarri bakarra.–Ukitutako familia-unitateentzako informazioa.

Foru lege hau indarrean sartzen denetik hiru hilabeteko epean, 0-2 urteko adingabeen Adopzioen Erregistroa osatzen duten familia-unitateei adieraziko zaie erregistro horretan zein tokitan dauden.

Azken xedapen bakarra.–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1505533