71. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

18/2015 FORU LEGEA, apirilaren 10ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita 16/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, jokoari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 16/2006 FORU LEGEA, ABENDUAREN 14KOA, JOKOARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

2015eko urtarrilaren 13an, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak erabaki bat onetsi zuen, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “ludopatia modu eraginkorrean sar dezan Drogamenpekotasunaren aurkako Foru Planean, substantziarik gabeko adikzioen artean, eta bereziki gazteen artean gora egiten ari den arazo horri buruzko informazio- eta kontzientziazio-kanpaina berariazkoak egin ditzan”.

Halaber, erabakian esaten da beharrezkoa dela “koordinazio-tresna formal eta egonkorrak” ezartzea Aralar-Nafarroako Ludopaten Elkarte eta “Osasun Departamentuaren, Hezkuntza Departamentuaren eta Gizarte Gaietako Departamentuaren artean, gazteen ludopatiaren prebentziorako berariazko plan bat egiteko, non honakoak bilduko baitira: familientzako, osasun-langileentzako eta irakasleentzako prestakuntza, eta gai hori ikastetxeetan lantzeko hezkuntza materialak sortzea”.

Eta, oso bereziki, Parlamentuaren testuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “har ditzakeen araugintza-neurriak azter ditzan, kirol apustuen establezimenduetan kontrol-neurriak ezartze aldera, adingabeek haietara sartzerik izan ez dezaten”.

Jokoari buruzko 16/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, sektorean online modalitateak agertu aurretik onetsi zen. Onespen-garai hori dela-eta, teknikaren egoeraren ondorioz, online jokoari buruz gaur egun ezagunak diren aukeren eta horiek kolektiborik babesgabeenengan izan dezaketen balizko inpaktuaren berririk ez zegoen; horrenbestez, testuan ez zen halako aukerarik aurreikusten, eta hutsuneren bat nabari zaio, batez ere sarbidearen eta jokoan parte hartzearen debekuei dagokiena. Hutsune hori bete beharra dago.

Geroago, Jokoa arautzeko 13/2011 Legeak, maiatzaren 27koak, modua eman zuen jokoaren merkatua online kanalari irekitzeko. Nahiz eta jokoaren merkatua gehienbat presentziala izan, 2013an jokaturiko guztizko kopuruak (28.112 milioi euro, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioak argitaraturiko azken joko-oroitidazkiak, 2013ko ekitaldikoak, dioenez) agerian uzten du azken bi ekitaldietan izandako gorakada (2012an %4,46, eta 2013an %6,32). Azken ekitaldietan merkatu presentzialak erakutsi duen beheranzko joera dela-eta, gorakada horren zergatia online jokoaren merkatuaren sorrera izan da, zeinak, aipaturiko garaian, guztizkoaren %20,21 egiten baitzuen.

Hori guztia aintzat harturik proposatzen da, Jokoari buruzko 16/2006 Legea, abenduaren 14koa, aldatzea, jokorako sarbide-modalitate guztietan premiazko murriztapen guztiak ezartzeko eta, halatan, jokoa arduratsua izan dadin sustatzeko; hain zuzen, joko presentzialarekin egin izan den bezala.

1. artikulua. Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeari 2. bis artikulu berria gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

“2. bis. artikulua. Joko arduratsua.

1 Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak joko arduratsuko politikak sustatuko ditu, halakotzat ulerturik harako haiek zeinetan jokoa, ardura sozialeko ikuspegi integral batetik, fenomeno konplexutzat hartuko baita, izan ditzakeen eragin negatiboetarako prebentzio, sentsibilizazio, esku-hartze, kontrol eta onbideratze ekintzak uztartzera behartzen duena.

Prebentzio-ekintzen helburua izanen da bermatzea jokoan diharduen pertsonaren jarduna haren borondate eta burujabetzarentzat kalterik gabe gauzatzen dela, osasungarritasun-parametroetan, eta saihestuz zori-jokoetan itxuragabeki parte hartzea nahiz halako parte-hartzetik erator litezkeen ondorio kaltegarriak.

2 Joko-antolatzaileek, beren jardunean aritzean, arreta berezia emanen diete arrisku-taldeei, eta joko-jarrera neurritsu eta arduratsuak sustatuko dituzte, egoki diren informazio-emateen bitartez, zeinetan zehatz adieraziko baita adingabeek edo zaurgarriak diren bestelako kolektiboek debeku dutela parte hartzea.”

2. artikulua. Abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 32. artikulua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“32. artikulua. Joko jardunari eta joko aretoetarako sarbideari dagozkien debekuak.

1. Honakoek debeku dute jokoan parte hartzea, jokoan aritzea eta berariazko joko establezimendu bezala baimenduta dauden areto eta tokietan sartzea:

a) Adingabeek.

b) Epailearen erabakiaz horrela ezarrita duten pertsonek, hala nola desgaiek, zarrastelek edo lehiaketa-prozeduran errudun deklaratuak izan direnek, birgaitzen ez diren bitartean.

c) Horditasun, droga-intoxikazio edo erotasun sintomak agertzen dituen edozein pertsonak, edo armak eta halakotzat erabil daitezkeen objektuak daramatzala sartu nahi duenak.

2. Jokoak antolatu edo ustiatzeko baimenduta dagoen enpresa baten titularrek eta akziodun edo partaideek, bai eta horren zuzendaritzako langileek, enplegatuek, bai eta ezkontideek, lehen graduko aurreko nahiz ondorengo ahaideek ezin izanen dute jokalari gisa parte hartu hark antolatu edo ustiaturiko jokoetan.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zilegi izanen du joko-jardunerako eta joko hori egiten den areto edo tokietara sartzeko debekua honakoei ezartzea:

a) Foru lege honetako arauak hausteagatiko zehapena jaso dutenei.

b) Beren borondatez hori eskatzen dutenei, harik eta, orobat borondatez, debeku hori kentzea eskatzen duten arte. Sartzeko debekutik debeku-kentzea arte gutxieneko denbora-epe bat igaro beharko da, zeina erregelamendu bidez zehaztuko baita.

4. Kasinoak, bingoak edo apustu-dendak dauzkaten joko enpresek, beren erantzukizunpean, sarrera-kontrol bat izanen dute, non bertaratzen diren pertsona edo online jokalari guztien identitatea jasoko den, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko legediak ezarritako moduan eta epeetan. Kontrol horretan, sarrera debekatuko zaie adingabeei eta mozkortuta edo drogatuta dauden pertsonei, bai eta Nafarroako Gobernuak, agintari judizialen batek edo beste administrazio eskudunen batek jokorako sarbidea debekatu dieten pertsonei ere. Joko aretoek, beren erantzukizunpean, areto horietara sartzeko kontrol bat jarriko dute, non sarrera debekatuko zaien adingabeei eta mozkortuta edo drogatuta dauden pertsonei.

5. Joko enpresek, artikulu honetan aipatutakoak ez bezalako baldintza eta debekuak ezarri nahi izanez gero joko aretoetara sartzeari dagokionez, horretarako baimena eskatu beharko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunari”.

3. artikulua. Abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 39. artikuluaren d) letra aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“d) Joko aretoetan sartzen edo jokoan aritzen uztea nori eta, foru lege honetan eta bera garatzeko arauetan ezarritakoari jarraituz, horretarako debekua duten pertsonei”.

4. artikulua. Abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeko 41. artikuluari 3. zenbaki bat gehitzen zaio:

“3. Joko eta apustuak antolatzen edo ustiatzen dituzten enpresek har litzaketen erantzukizunak ezertan galarazi gabe, dena delakoagatik halako jardueretarako sarbidea edo parte-hartzea debekatua duten adingabeek eta pertsonek erantzukizuna hartuko dute foru lege honetako 40. artikuluan arin gisa tipifikaturiko arau-hauste bat egiteagatik”.

Xedapen iragankor bakarra.–Araubide iragankorra.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatzen ez duen bitartean, indarrean jarraituko du jokorako sarbideari eta parte-hartzeari buruzko egungo araudiak.

Azken xedapenetan lehenengoa.–Araudi fiskala egokitzea.

Nafarroako Gobernuak, araudi fiskala Hitzarmen Ekonomikoaren azken aldaketara egokitzeko helburuz, foru lege proiektu bat aurkeztuko dio Nafarroako Parlamentuari urtebeteko epean; Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa hori 2015eko martxoaren 26ko bilkuran onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1505547