71. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

17/2015 FORU LEGEA, apirilaren 10ekoa, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO MERKATARITZA, INDUSTRIA ETA ZERBITZU GANBERA OFIZIALARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.24 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa du Merkataritza eta Industria Ganberaren arloari dagokionez; betiere, legedi orokorraren oinarrizko printzipioekin bat eta Estatuak kanpo merkataritzaren arloan dituen eskumenak deusetan ukatu gabe.

Eskumen horren gerizpean hasieran eman zen foru legedia mugatu zen Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren finantzaketa soilik arautzera.

Horrela, bada, arlo horretan eman zen lehenbiziko foru legeak, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren finantzaketari buruzko abenduaren 31ko 45/1983 Foru Legeak –geroago eman ziren 1987 eta 1989ko ekitaldietako Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeen bidez aldarazi baitzen–; “ganbera-baliabide iraunkorra” deritzona ezarri zuen Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren alde; delako baliabide hori portzentaje bat da, sozietateen gaineko zergaren eta lizentzia fiskalaren kuotena eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren enpresa- eta lanbide-jardueren etekinena.

Arloan eman zen bigarren testua apirilaren 4ko 6/1995 Foru Legea izan zen; lege horrek Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari dagokion ganbera-baliabidea arautu zuen eta xedetzat zera izan zuen, ganbera-baliabide iraunkorraren munta berriak ezartzea, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legeak ezarri zituenei egokituz –lizentzia fiskalari zegokiona salbu–; kasu honetan helburua zen nafar zergadunen araubide amankomuneko zergadunekiko bereizkeria saihestea eta, aldi berean, aplikatzekoa zen araubide juridikoa araupetzea.

Hori guztia gorabehera, arestian aipatu den Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legeak osorik ezarri zuen zuzenbide publikoko korporazio horiek bete behar duten araubide juridikoa eta, halaber, Estatuan arlo hori buruz dagoen legedia orokorraren oinarrizko printzipioak ezarri zituen.

Beraz, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren jarduna arautzen zuen esparru juridikoa arautegi bakarrean ezartzeko asmoz, betiere Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko eskumenen banaketarekiko errespetua abiaburu hartuta, azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea onetsi zen, zeinak, aldaketa batzuekin, urte hauetan zehar Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren izaera, osaera eta eginkizunak arautu dituen.

Aurrekoa gorabehera, Estatuak merkataritza ganberei buruzko oinarrizko lege berri bat onesteak -apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legea, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialena-, zeinak bere helburuen artean baitu korporazio horiek birdefinitzea, gure herrialdearen bizitza ekonomikorako funtsezko erakunde gisa, eta haien eginkizuna indartzea, enpresa txiki eta ertainei nazioarteratzearen eta lehiakortasuna areagotzearen esparruan laguntza emateari dagokionez, exijitzen du gaur egun dagoen foru araudia egokitzea, eta hain zuzen ere gaurkotze hori egiten da Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari –aurrerantzean, “Ganbera” deituari– buruzko foru lege honen bitartez.

Foru legeak bost titulu ditu.

I. tituluaren idazpurua “Xedapen orokorrak” da, eta horretan Ganbera itxuratzen duten funtsezko ardatzak ezartzen dira. Horrela, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ganbera bakarra ezartzen du eredu, eskualdeko edo udal mailako ordezkaritzak sortzea gorabehera; testuan azaltzen den definizioaren arabera zuzenbide publikoko korporazioa da, berariazko nortasun juridikoa eta bere helburuak betetzeko jardute-gaitasun osoak dituena. Halaber, administrazio publikoentzako kontsulta lankidetzarako organoa ere bada, eta helburu horietarako eginkizun publiko-administratibo batzuk ere esleitzen dizkio. Horiek betetzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren tutoretzapean egonen da eta, hala denean, Estatuko Administrazioarenean, eta hori guztia helburutzat dituen interes pribatuak bazter utzi gabe. Aldi berean, aitortzen da jarduera pribatu batzuk egitea lehia askeko araubidean, betiere ganberak entitate zerbitzu-emaile gisa indartzearen esparruan.

II. tituluan Ganberaren osaera, antolakuntza eta funtzionamendua garatu dira, eta gobernu-organoen –hau da: Osoko Bilkura, Batzorde Exekutiboa eta ganberaburua– osaera, hautespena eta horien eskudantziak ezartzen ditu. Hori guztia, Estatuko oinarrizko legediak ezartzen duen funtzionamendu demokratikoaren printzipioaren araberakoa; halaber, Ganberako langileei buruzko beste alderdi batzuk lantzen ditu.

III. tituluak Ganberaren hauteskunde-araubidea arautzen du, eta erroldaren eta hauteskunde-prozesuari buruzko arauak ematen ditu.

IV. titulua araubide ekonomiko eta aurrekontuei buruzkoa da; Ganberak bere jarduerak finantzatzeko izanen dituen bitarteko ekonomikoak adierazten ditu, haren aurrekontu eta kontuen kontrol sistemak eratzen ditu, eta esaten du horien onespena Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari dagokiola.

Azkenik, V. tituluak, Ganberaren araubide juridikoa araupetzen du eta haren jarduna betetzea Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren tutoretzapean jartzen du eta, hala denean, Estatuko Administrazioarenean. Halaber, jasotzen du Kontuen Ganberak kanpotik kontrolatuko duela; Ganberak dituen eskumen publiko-administratiboak betearaziz eman dituen ebazpenen aurkako errekurtsoen araubidea ezartzen du; ezartzen du, halaber, Ganberak bere gobernu-organoek hartzen dituzten erabakiei buruzko informazioa eman behar diola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari; eta bere jarduera eteteko aukera aurreikusten du eta, baldintza zehatz batzuk gertatuz gero, baita haiek desegitea ere.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru lege honen xedea da Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren –aurrerantzean, “Ganbera” deituaren– araubidea ezartzea. Nafarroako Foru Komunitatean egonen den bakarra izanen da.

2. Ganberak ordezkaritzak ezar ditzake Nafarroako eskualde eta udalerrietan baldin eta bertako jarduera ekonomikoak horrela jokatzea aholkatzen badu.

2. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.

1. Ganbera da zuzenbide publikoko korporazio bat, nortasun juridikoa du eta bere helburuak betetzeko jardute-gaitasun osoa; administrazio publikoen aholkularitza eta lankidetzarako organo bezala taxutu da, baina dituen interes pribatuak kaltetu gabe. Ganberaren egitura eta funtzionamendua demokratikoak izanen dira.

2. Ganberak foru lege honetan eta legea garatzeko onesten den foru araudian ezarri dena izanen du arau. Hori, halere, ez da eragozpena izanen merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialei buruzko estatu-mailako legedia aplikatzeko. Ordezko izaeraz, aplikatzekoa izanen da administrazio publikoen egitura eta funtzionamenduari buruzko legedia, Ganberaren izaera eta helburuekin bateragarria den heinean. Kontratazioak eta ondare-araubideak zuzenbide pribatuaren arauak beteko dituzte. Ganberaren Erregelamenduak prozedura bat ezarriko du publizitatea, gardentasuna eta bazterkeriarik eza bermatzeko.

3. artikulua. Helburua.

Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, baita adierazitako jardueretan aritzen diren enpresei zerbitzuak ematea ere. Era berean, foru lege honek esleitzen dizkion izaera publikoko eskumenak beteko ditu, baita administrazio publikoek antolamendu juridikoan aurreikusitako tresnen bidez esleitzen dizkiotenak ere.

Ganberak, bere helburuak lortzeko jarduerak garatzean, ez die kalterik eginen sindikatu-askatasunari, enpresarien elkartzeko eskubideari, horrelako elkarteek enpresarien interesak ordezkatzeko hartzen duten ahalmenari, ez eta legez osatzen diren bestelako erakunde sozialen jarduketei ere.

4. artikulua. Izenaren erreserba.

Ezein pertsona fisiko edo juridikok edo erakundek ezin ezinen ditu erabili ondorengo termino hauek: Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala; Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera; edo Merkataritza Ganbera. Aurreko terminoak ezin izanen dira erabili, ezta ere, aurreko terminoak pertsona edo entitate bat eratu deneko edo eginkizun nahiz eragiketak garatzen ditueneko izendapenaren osagai gisa, baldin eta izendapen horrek antzeko terminoak badauzka, nahasmena eragiteko modukoak direnean. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izanen Ganberak bere borondatez eta bere helburuak betetze aldera eratu edo sustatutako izendapenetarako, ez eta atzerriko herrialdeek Espainian dituzten ganbera ofizialetarako ere.

5. artikulua. Eginkizunak.

1. Ganberak izaera publiko-administratiboko honako eginkizunak izanen ditu:

a) Jatorri-ziurtagiriak eta nazioko zein nazioarteko merkataritza-zirkulazioarekin zerikusia duten gainerako ziurtagiriak jaulkitzea, indarreko araudian aurreikusitako kasuetan.

b) Nafarroako merkataritzako ohitura eta usadioak biltzea -eta, orobat, negozioen arloko eginera eta usadioak-, biltzea, eta haien existentziari buruzko ziurtagiriak ematea, haiek argitaratzea eta haien berri ematea.

c) Herri-administrazioen aholkularitza-organo izatea, administrazio horiek ezartzen edo eskatzen dituzten baldintzetan, merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen garapenerako.

d) Kanpo merkataritza sustatzeko, laguntzeko eta pizteko jarduerak egitea, bereziki esportazioa eta Nafarroako produktu eta zerbitzuen presentzia bultzatuz, eta horretarako, Ganberaren nazioarteratze-plana egin eta gauzatzea, Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko legedian ezarri dena betez.

e) Administrazio eskudunek hala eskatzen dutenean, laguntza ematea Lanbide Heziketako ikasketen parte den lantoki-prestakuntza praktikoaren antolaketan eta Lanbide Heziketa Dualeko ekintzetan eta prestakuntza-ekimenetan; batez ere, lantoki eta enpresak hautatzeko eta balioztatzeko orduan, ikasleen tutoreen izendapen eta prestakuntzan eta programazioa betetzearen gaineko kontrol- eta ebaluatze-eginkizunean, ezertan eragotzi gabe enpresaburu-erakundeei arlo horretan eslei dakizkiekeen eginkizunak.

f) Estatuko Administrazio Orokorrak hala eskatzen dionean, enpresei laguntzeko programa publikoak izapidetzea, kasu bakoitzean ezartzen diren baldintzetan, eta horiekin zerikusia duten zerbitzu publikoak kudeatzea, Estatuko Administrazioari dagokionean kudeatzea.

g) Enpresa guztien errolda publiko bat kudeatzea, foru lege honetako 11. artikuluan ezarritako baldintzetan, bai eta bere mugapean enpresa horiek dituzten establezimendu, ordezkaritza eta agentziena ere.

h) Enpresa-leihatila bakar gisa jardutea, administrazio publiko eskudunek hala eskatzen diotenean.

i) Administrazio publikoekin elkarlanean aritzea ekonomia- eta enpresa-jarduerak hasteko eta garatzeko prozeduren sinplifikazio administratiboan, baita araubide ekonomikoa eta enpresa-araubidea hobetzen ere.

j) Enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna areagotzera bideratutako jarduketak sustatzea, eta berrikuntza eta enpresetarako teknologia-transferentzia bultzatzea.

k) Enpresen ekonomia digitala ezartzeko prozesua bultzatzea eta arlo horretan administrazio publikoekin elkarlanean aritzea.

l) Nafarroako Gobernuak eskatzen duenean eta Europar Batasuneko funtsak kudeatzeko agintariek bidezkotzat jotzen dutenean, Ganberak enpresen lehiakortasuna hobetzera zuzendutako Europar Batasuneko funtsak kudeatzen parte hartu ahal izanen du.

2. Halaber, Ganberaren egitekoa izanen da ondoren aipatzen diren eginkizun publiko-administratiboak garatzea:

a) Nafarroako merkataritzari, industriari eta zerbitzuei buruzko estatistikak taxutzea, ebaluazio inkestak egitea, merkataritzako, industriako eta zerbitzuetako sektore ezberdinen azterlanak egitea, eta, kasua bada, haien zabalkundea egitea, Nafarroako Foru Komunitatean arlo horretan ezarritako antolamendu juridikoa betez.

b) Merkataritza, industria eta zerbitzuak sustatzeko beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen dituzten erreforma edo neurri guztiak proposatzea Nafarroako administrazio publikoei.

c) Elkarlanean aritzea merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen lehiakortasuna areagotzeko diseinatzen diren planak prestatzen, garatzen, gauzatzen eta horien jarraipena egiten.

d) Nafarroako administrazio publikoekin elkarlanean aritzea, enpresak sortzeko laguntza- eta aholkularitza-organo gisa.

e) Administrazio publikoekin elkarlanean aritzea eta haiei laguntzea, jarduketa materialak gauzatuz, lege-betekizunak betetzen direla egiaztatu eta konprobatzeko, eta egiaztatzeko ezen merkataritza-, industria- eta zerbitzu-establezimenduek bete egiten dutela indarrean dagoen araudi orokorrean eta sektorialean ezarrita dagoena.

f) Azoka eta erakusketen antolakuntza sustatzea eta horietan laguntza ematea.

g) Irakaskuntza-zentro publikoek edo pribatuek, eta, halakorik bada, administrazio publiko eskudunek ezarritako prestakuntza-programetan elkarlanean aritzea.

h) Informatzea Nafarroako Foru Komunitateak emandako arau-proiektuetatik merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrei zuzenean eragiten dietenak, berariazko xede gisa tamaina handiko industria-, merkataritza- edo zerbitzu-jardueren ezarpena duten lurralde-antolamendurako tresnak eta merkataritza-establezimendu handiak ezartzeko espedienteak.

i) Enpresei laguntzeko programa publikoak izapidetzea kasu bakoitzerako ezarriko diren baldintzetan, eta horiekin zerikusia duten zerbitzu publikoen kudeaketa egitea, baldin eta kudeatze-lan hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari badagokio.

j) Administrazio eskudunarekin lankidetzan aritzea, merkataritza, industria, zerbitzuak eta nabigazioa sustatzearren egiten diren azterlanak, lanak eta ekintzak informatuz.

k) Turismoa sustatzen laguntzea administrazio publiko eskudunekiko kooperazioaren eta lankidetzaren esparrutik.

l) Administrazio eskudunekin lankidetzan aritzea, informazioa eta orientazioa emanez laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak aitortzeko helburua duen ebaluazio-, ziurtatze- eta egiaztatze-prozedurari dagokionez, bai eta prozedura horretako fase batzuk gauzatu ahal izateko instalazio zein zerbitzuak utziz.

m) Halaber, Ganberak beste edozein eginkizun bete ahalko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere eskumenen esparruan beharrezko jotzen duena.

3. Ganberak beste jarduera batzuk ere egin ahal izanen ditu, izaera pribatukoak eta lehia askearen araubidean, baldin eta mesedegarriak badira merkataritza, industria eta zerbitzuak defendatzeko, babesteko edo sustatzeko, edota erabilgarriak badira adierazitako helburuak erdiesteko; bereziki, enpresei informazioa eta aholkularitza emateko zerbitzuak ezarri ahalko ditu. Era berean, eginkizun hauek ere bete ahal izanen ditu: enpresaren antolamenduari eta kudeaketari buruzko prestakuntza zabaldu eta ematea; enpresak ziurtatzeko eta homologatzeko zerbitzuak eskaintzea; eta frankiziako, azpiproduktuetako, azpikontratazioetako eta hondakinetako poltsak sortzea, kudeatzea eta administratzea, baita kontratazio-lonjak ere. Guztia ere, indarreko araudi sektorialak jarduera horien gauzatzerako eskatzen dituen betekizunak betez.

Bitartekaritza-jarduerak ere egin ahal izanen ditu, baita nazioko nahiz nazioarteko merkataritza-arbitrajekoak ere, indarreko legedian zehaztutakoarekin bat.

4. Ganberak, bere eginkizunak behar bezala betetzeko, eta tutoretza duen administrazioaren baimena aurretiaz jasota betiere, era guztietako elkarte, fundazio eta sozietateak sustatu ahal izanen ditu, zibilak edo merkataritzakoak, bai eta horietan parte hartu ere; halaber, egoki diren lankidetza-hitzarmenak egin ahal izanen ditu nazioko nahiz atzerriko merkataritza-ganberekin. Bereziki, bere helburuak hobeki garatzeko, autonomia erkidego mugakideetako eta Akitaniako merkataritza-ganberekiko lankidetza hitzarmenak sustatuko ditu. Tutoretza duen administrazioak zehaztuko du zein diren kasuko jarraipen-mekanismoak.

5. Aurreko paragrafoan aipaturiko baimenak ez du ezein kasutan esan nahi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inolako erantzukizun nagusirik edo subsidiariorik bereganatuko duenik, Ganberak bere jarduera pribatuen esparruan izandako jardunetik eratorritako eskubide eta betebeharrei dagokienez.

6. Bere eginkizunak behar bezala gauzatu ahal izateko, Ganberak eta administrazio publikoek hitzarmenak egin ahalko dituzte, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 29. artikuluko 2. idatz-zatian eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategineko 4.1 artikuluko c) eta d) letretan jasotakoak, horretarako behar diren baldintzak betetzen direnean; eta kontratuak egin ahal izanen dituzte, zeinetan administrazio publikoak kontratazio publikoaren arloko legedi indardunean ezarritakoari egokitu beharko zaizkion. Antolamendu juridiko indardunean baimendutako gainerako tresnez ere baliatu ahalko dira. Eginkizun publiko-administratiboak betetzean administrazio publikoekin behar bezalako koordinazioa dagoela bermatuko da, horretarako egoki diren lankidetza-tresnak sinatuz eta arloan eskudun diren administrazioek kasua bada prestatzen dituzten jarduketa-planen bitartez. Halaber, Ganberak hitzarmenak edo bestelako lankidetza-tresnak izenpetu ahalko ditu, bermatze aldera bere jarduketak enpresa-erakundeek aurrera eramandakoekin egoki koordinatzen direla.

7. Eginkizun publiko-administratiboak garatzean, Ganberak bere inpartzialtasuna eta gardentasuna bermatuko ditu.

8. Jarduera guztien garapenean, Ganberak desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun baldintzak errespetatuko ditu, aplikatzekoa den araudiak ezartzen duen moduan.

Emandako informazioa, edozein formatutan, eta orokorrean hartzailearentzako arreta-zerbitzuak eta instalazioak nolakoak eta desgaitasuna duten pertsonak horietara iristeko modukoak izan beharko dira. Horretarako, kontuan izanen dira desgaitasun mota bakoitzeko beharrak, eskura jarriko dira baliabideak eta laguntzak, eta beharrezkoak diren zentzuzko egokitzapenak eginen dira.

6. artikulua. Eginkizunak eskuordetzea.

1. Nafarroako Parlamentuari jakitera eman ondoren, Nafarroako Gobernuak bere eskumeneko eginkizunen betetzea edo jardueren kudeatzea eskuordetu ahalko dizkio Ganberari.

2. Eskuordetze horrek, inguruabar teknikoak, ekonomikoak, gizartekoak, juridikoak edo lurraldearen arlokoak badaudela egiaztatzen duen administrazio-espediente egokia izapidetu ondoren, Ganberaren berariazko onespena izan beharko du, aurretiazkoa.

3. Eskuordetzeak honako hauek beharko ditu zedarritu: xede dituen eskumenak edo eginkizunak, eskuordetu diren ahalmen zehatzak, horiek baliatzeko baldintza zehatzak eta eskuordetzea egiten duen organoak beretzat gorde dituen kontrol neurriak.

4. Ganberak eskuordetzearen bidez ematen dituen ebazpenek berariaz agertuko dute inguruabar hori, eta Nafarroako Gobernuak emandako ebazpentzat joko dira.

5. Nafarroako Gobernuak edozein unetan ezezta dezake eskuordetze hori.

6. Eskuordetzea, baita horren ezeztapena ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

7. artikulua. Kudeatzeko agindua.

1. Nafarroako Parlamentuari jakitera eman ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere eskumeneko jarduera materialak, teknikoak edo zerbitzuen arlokoak agin diezazkioke Ganberari, baldin eta eraginkortasun-arrazoiek edo bitarteko tekniko egokirik ez edukitzeak horrela egitea aholkatzen badute.

2. Kudeaketa agintzeak ez du esan nahi lagatzen denik eskumenaren edo horren erabileraren funtsezko elementuen titulartasuna; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erantzukizuna da agindu horrek xedetzat duen jarduera material zehatzari oinarri emateko edo jarduera hori txertatzen deneko egintza edo ebazpen juridiko guztiak ematea.

3. Kudeaketa agintzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez gauzatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: agindu den edo diren jarduerak, aginduaren indarraldia, agindu den kudeaketa horren izaera eta norainokoa eta, hala denean, bi alderdiek jarri dituzten bitarteko ekonomikoak.

8. artikulua. Nazioarteratzea eta lehiakortasuna sustatzeko planak.

1. Ganberak parte hartuko du Ganberaren nazioarteratze-planaren eta Ganberaren lehiakortasun planaren taxuketan eta betetzean, arloari buruzko Estatuko legediak ezarritako moduan.

2. Parte-hartze hori aurretik koordinatu beharko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plangintza eta proiektuekin.

II. TITULUA

Lurralde-esparrua, osaera, antolaketa eta funtzionamendua

I. KAPITULUA

Lurralde-esparrua eta osaera

9. artikulua. Lurralde-esparrua.

Ganberak Nafarroako Foru Komunitatea izanen du lurralde-esparru.

10. artikulua. Ganberari atxikitzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean merkataritza, industria, zerbitzu edo nabigazioko jardueretan aritzen diren pertsona fisiko edo juridiko nazional edo atzerritarrak Ganberako kide izanen dira, lurralde horretan establezimenduak, ordezkaritzak edo agentziak badituzte. Nolanahi ere, horrek ez die inolako betebehar ekonomikorik sortuko, ez eta ezein motatako administrazio-zamarik ere. Pertsona horien atxikipena ofizioz eginen da.

2. Pertsona fisiko edo juridiko bat merkataritza, industria, zerbitzu edo nabigazioko jarduera batean aritzen dela joko da jarduera horren ondorioz ekonomia-jardueren gaineko zergari edo Nafarroako Foru Komunitatean hura ordezten duen zergari atxikita gelditzen denean.

3. Oro har, artikulu honen 1. paragrafoan bildutako jardueratzat joko dira merkataritza-zirkulazioarekin zerikusia duten guztiak, lege honek edo sektoreko legedi berariazkoak espresuki kanpoan uzten dituenak izan ezik.

Betiere, kanpoan egonen dira pertsona fisikoek eskaintzen dituzten aseguru nahiz berraseguru pribatuetako bitartekaritza-zerbitzuak eta izaera primarioko nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-jarduerak; halaber, lanbide liberalei dagozkienak.

11. artikulua. Errolda publikoa.

Ganberak errolda publiko bat eginen du, Ganberari atxikita dauden eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean industriako eta zerbitzuetako jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, naziokoek nahiz atzerritarrek, parte hartzen duten enpresena. Errolda hori egiteko, eskumena duen tributu administrazioaren lankidetza izanen du, baita beharrezkoa den informazioa ematen duten beste administrazio batzuena ere. Kasu guztietan bermatuko du erabileraren konfidentzialtasuna eta informazio horren erabilera esklusiboa.

Enpresen errolda publikoa egiteko, tributu-administrazioek Ganberari enpresen ekonomia-jardueren gaineko zergari eta erroldari buruzko beharrezko datuak emanen dizkiote. Osoko Bilkurak erabakitako enplegatuek soilik izanen dute tributu-administrazioak emandako informazio horretarako sarbidea.

Informazio hori baliatuko da enpresen errolda publikoa egiteko, foru lege honek Ganberari esleitzen dizkion eginkizun publiko-administratiboak betetzeko eta foru lege honetako 33. artikuluan aipatzen den hauteskunde-errolda egiteko.

Adierazitako datuei dagokienez, langile horiek izanen dute Zerga Administrazioko funtzionarioek duten isilpekotasun-betebehar berbera. Betebehar hori ez betetzea haien diziplina-araubideko arau-hauste oso larria izanen da, betiere.

II. KAPITULUA

Antolaketa

12. artikulua. Gobernu-organoak.

1. Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren gobernu-organoak Osoko Bilkura, Batzorde Exekutiboa eta ganberaburua dira.

2. Horiez gain, idazkari nagusi bat, zuzendaritzako langileak eta eginkizunak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren lan-kontratudun langileak izanen dira Ganberan.

3. Enplegu edo kargu publikoa izateko desgaituta daudenak ezin izanen dira gobernu-organoetako kide izan, ez eta idazkari nagusi izendatuak izan ere, eta ezin izanen dute artikulu honetan adierazitako zuzendaritza-posturik bete.

1. atala

Osoko Bilkura

13. artikulua. Osaera eta hautapena.

1. Osoko Bilkura Ganberaren gobernu- eta ordezkaritza-organo gorena da. 46 kide izanen ditu, eta lau urteko agintaldia izanen dute.

2. Osoko Bilkura osatzen duten kideak honako talde hauetakoak izanen dira:

a) Osoko Bilkurako 40 kide Ganberako kide diren enpresa guztien ordezkariak izanen dira; horretarako, sektore ekonomikoen ordezkagarritasuna hartuko da kontuan, zeina zehaztuko baita Ganberaren barne-araubideari buruzko erregelamenduan ezarritako irizpideen arabera, kontuan hartuta BPGri egiten zaion ekarpena, enpresa kopurua eta enplegua. Kide horiek Ganberaren lurralde-esparruan merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko jarduera batean aritzen diren pertsona fisiko eta juridiko guztien artean hautatuko dira, sufragio aske, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez.

b) Ganberari borondatezko ekarpenik handiena egiten dioten enpresen 6 ordezkari, barne-araubideari buruzko erregelamenduak zehaztutako moduan hautatuak.

3. Artikulu honetako 2. idatz-zatiko letretan aipatutako Osoko Bilkurako kideek ganberaburua hautatuko dute.

4. Idazkari nagusia eta zuzendari kudeatzailea, halakorik bada, Osoko Bilkuraren bileretara joanen dira, eta hitza izanen dute baina botorik ez.

14. artikulua. Eskudantziak.

Ganberaren goreneko organoa den aldetik, Osoko Bilkurari ondoko eskudantzia hauek dagozkio:

a) Ganberaburua hautatzea eta kargutik kentzea.

b) Ganberaren gainerako gobernu-organoak kontrolatzea eta fiskalizatzea.

c) Barne-araubideari buruzko erregelamendua eta horri eginiko aldaketak behin-behinekoz onestea, eta araudi hori Nafarroako Gobernuari igortzea, behin betiko onets dezan.

d) Administrazio publikoekin eta gainerako edozein entitaterekin lankidetzan eta elkarkidetzan aritzeko hitzarmenak onestea.

e) Ganberak beste elkarte, fundazio eta sozietate zibil edo merkataritzakoak sortzeari edo horietan parte hartzeari buruzko erabakiak hartzea; baita horiek desegiteko edo parte-hartze hori bukatzeko erabakiak ere.

f) Ganberaren plantilla organikoa onestea.

g) Ganberaren aurrekontuari eta urteko kontuei hasierako onespena ematea eta horiek aurkeztea tutoretza duen administrazioari, horrek behin betiko onets ditzan.

h) Batzorde Exekutiboan sartuko diren Osoko Bilkurako kideak izendatzea eta kargutik kentzea.

i) Idazkari nagusiaren lanpostua betetzeko deialdiaren oinarriei hasierako onespena ematea.

j) Idazkari nagusia izendatzea eta kargutik kentzea.

k) Ganberaren zerbitzuko goi zuzendaritzako langileak izendatzea eta kargutik kentzea.

l) Ondarea besterenganatzea, bere eskumeneko arloan gastuak erabakitzea eta kreditu eragiketak hitzartzea.

m) Ganberaren urteko jarduketa- eta kudeaketa-plan estrategikoak onestea.

n) Kasua bada, aholkuak emateko eta txostenak egiteko batzordeak eratzea.

o) Ganberak beste erakunde batzuetan izanen dituen ordezkariak izendatzea.

p) Berariaz legeek eratxikiko dizkien gainerako eskudantzia guztiak.

15. artikulua. Eskudantziak eskuordetzea.

1. Ganberaren Osoko Bilkurak Batzorde Exekutiboari eskuordetu diezaioke bere eskudantzien baliatzea, salbu eta 14. artikuluko a), b), c), f), g), h), i), j), l) eta m) letretan adierazi direnena.

2. Osoko Bilkurak eskuordetzea egiteko harturiko erabakiak zera egin beharko du, eskuordetu diren eskumenak edo eginkizunak zedarritu, erakunde eskuordetua seinalatu, eskuordetu diren ahalmenak eta horiek baliatzeko baldintza berariazkoak zehaztu eta, kasua bada, eskuordetzearen epea eta Osoko Bilkurak beretzat gorde dituen kontrol neurriak adierazi.

3. Ganberaburuak edo Batzorde Exekutiboak eskuordetzearen bidez hartuko dituzten erabakietan berariaz adieraziko da inguruabar hori, eta Osoko Bilkurak hartutakotzat joko dira erabakiak.

4. Eskuordetzeari buruzko erabakia, bai eta horren ezeztapenari buruzkoa ere, hartu eta biharamunean sartuko dira indarrean, nahitaez Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearen kalterik gabe.

5. Osoko Bilkurak eskuordetzea edozein unetan deusez dezake.

6. Aurreko ataletan ezarri denarekin bat, Osoko Bilkurak finantza kudeaketaren arloan eginen dituen eskuordetzak eman egiten ahal dira, nola-eta Aurrekontuaren betearazpenerako oinarrien bidez; eskuordetza berez desagertuko da hurrengo Aurrekontua onesten den unean.

7. Adierazi dena gorabehera, Osoko Bilkurak eginen dituen eskuordetzek ezin dute haren agintaldia gainditu, eta berez indargabetuko dira Ganberaren Osoko Bilkura berritzen den unean.

2. atala

Batzorde exekutiboa

16. artikulua. Osaera.

Batzorde exekutiboa Ganberaren kudeaketa-, administrazio- eta proposamen-organo iraunkorra da. Honakoek osatuko dute: batzordeburuak, 2 batzordeburuordek, diruzainak eta 8 batzordekidek. Osoko Bilkurako kideen artean hautatuko dira, Ganberaren barne-araubidearen erregelamenduak ezarritako moduan. Administrazio babesleak ordezkari bat izendatu ahal izanen du, eta ordezkari horri nahitaez egin beharko zaio aipatutako gobernu-organoaren bileretarako deia. Halaber, idazkari nagusia eta zuzendari kudeatzailea, halakorik bada, Osoko Bilkuraren bileretara joanen dira, eta hitza izanen dute baina botorik ez.

17. artikulua. Eskudantziak.

Batzorde Exekutiboa Ganberaren kudeaketa-, administrazio- eta proposamen-organo iraunkorra da, eta ondoko eskudantzia hauek dagozkio:

a) Ganberaren helburuekin zerikusia duten txostenak eta azterlanak egitea edo egiteko agintzea.

b) Ganberaren jarduera eta kudeaketa plan urterokoak proposatzea Osoko Bilkurari, onetsita daudenak gauzatzea eta haien zuzendaritzaz arduratzea, eta haiek betetzearen berri Osoko Bilkurari ematea.

c) Aurrekontuen proiektuak lantzea eta Osoko Bilkurari aurkeztea, hark onets ditzan.

d) Urteko kontuak egitea eta Osoko Bilkurari aurkeztea, hark onets ditzan.

e) Langileen kontratazioak agintzea, goi zuzendaritzakoena izan ezik.

f) Hautesle-errolda onestea eta horri aurkeztu zaizkion inpugnazioak ebaztea.

g) Administrazio publikoei igorri behar zaizkien txostenak onestea.

h) Edozein jurisdikziotan ekintzak burutzeko eta errekurtsoak jartzeko erabakiak hartzea.

i) Premiazko kasuak daudenean, Osoko Bilkuraren eskumeneko diren gaiei buruzko erabakiak hartzea, eta horien berri Osoko Bilkurari ematea, berrets ditzan.

j) Ganberako zerbitzuen ohiko jarduna begiratzea.

k) Osoko Bilkurak eskuordetuko edo aginduko dizkion eskumenak baliatzea.

l) Beste organo bati espresuki esleitu ez zaizkion Ganberaren eskumenak baliatzea.

3. atala

Ganberaburua

18. artikulua. Hautatzea eta kargu-uztea.

1. Ganberaburua Ganberaren ordezkaria izanen da, eta bertako kide anitzeko organo guztien burutza izanen du; berak izanen du, halaber, Ganberaren erabakiak betearaztearen ardura. Osoko Bilkurak hautatuko du ganberaburua, barne-araubideari buruzko erregelamenduak zehazten duen moduan.

Hautatua izateko, hautagaiak Osoko Bilkurako kideen gehiengo osoak emandako aldeko botoa beharko du eskuratu. Baldin eta ez bada gehiengo hori eskuratu, bigarren botazio bat eginen da, eta botoen gehiengoa eskuratuko duen kidea izanen da hautatua.

2. Ganberaburuak kargua utziko du honako arrazoiak direla eta:

a) Osoko Bilkura berritzeko hauteskundeak egitea.

b) Osoko Bilkuraren gehiengo osoak zentsura mozioa onestea.

Mozio hori gutxienez Osoko Bilkurako kideen bostenak proposatu beharko du, eta horretarako eginen den bileran eztabaidatuko da. Mozioak nahitaez jaso beharko du ganberaburu izateko hautagai baten proposamena.

c) Dimisioa.

d) Kargurako ezgaikuntza dakarren epai irmoa.

e) Heriotza.

Baldin eta b) letratik e) letrara aurreikusitako kasuetariko bat gertatzen bada, ganberaburuaren ordez ganberaburuordeak jarriko dira, hurrenkeraren arabera, harik eta ganberaburu berria hautatu arte, barne-araubideari buruzko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz.

19. artikulua. Eskudantziak.

1. Ganberaren ordezkaritza eta Ganberaren organo kolegiatu guztien buruzagitza duen gobernu-organoa da ganberaburua. Osoko Bilkuraren eta Batzorde Exekutiboaren erabakiak betetzeaz arduratuko da. Eskudantzia hauek dagozkio:

a) Osoko Bilkuraren, Batzorde Exekutiboaren eta Ganberaren gainerako edozein organoren bileretarako deiak egitea, bileren buru izatea eta bileren zuzendari jardutea, eta gertatzen ahal diren berdinketak bere botoaren bidez ebaztea.

b) Ganberaren organo kolegiatuen erabakiak betearaztea.

c) Gastuak erabakitzea eta ordainketa guztiak agintzea, horien berri Osoko Bilkurari emanez.

d) Legeek eta barne-araubideari buruzko erregelamenduak eratxikitzen dizkioten gainerako eginkizunak, bai eta Ganberaren Osoko Bilkurak eskuordetuko dizkionak ere.

20. artikulua. Eskudantziak eskuordetzea.

1. Ganberaburuak ganberaburuordeei eskuordetzen ahal die bere eskudantzien baliatzea, salbu eta Osoko Bilkurako eta Batzorde Exekutiboko buru izateari dagokiona, eta hori foru lege honen 18.2 eta 21.2. artikuluetan ezarri diren ordezpen kasuen kalterik gabe.

Formari dagokionez, eskuordetze horien araubidea 15. artikuluko 2, 3 eta 4. ataletan ezarri denari egokituko zaio, eta epeari dagokionez, eskuordetzea indarrik gabe geratuko da ganberaburuak erabakitzen duenean edo haren agintaldia amaitzen denean.

2. Halaber, ganberaburuak edozein unetan eskuordetza bereziak xeda ditzake Osoko Bilkuraren edozein kiderentzat, gai jakinen zuzendaritza eta kudeaketarako; betiere, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat.

4. atala

Ganberaburuordeak

21. artikulua. Izendatzea, kargu-uztea eta eginkizunak.

1. Ganberaren Osoko Bilkurak hautatuko ditu ganberaburuordeak, bere kideen artetik, baita kargutik kendu ere, barne-araubideari buruzko erregelamenduan ezarri denarekin bat.

2. Ganberaburuordeek, ordenaren arabera, ganberaburua ordeztuko dute, baldin eta ez badago edo gaixorik badago.

3. Ganberaburuordeek, halaber, ganberaburuak eskuordetuko dizkien eginkizunak burutuko dituzte, kasu honetan foru legearen 20.1. artikuluan ezarri dena betez.

5. atala

Diruzaina

22. artikulua. Izendapena eta eginkizunak.

Ganberaren Osoko Bilkurak hautatuko du, bere kideen artetik, diruzaina. Diruzaina kargutik kentzeko erabakia ere Osoko Bilkurari dagokio. Barne-araubideari buruzko erregelamenduan ezarritakoarekin bat eginen dira izendapena eta kargutik kentzea. Diruzainari dagozkio entitatearen honako zerbitzuen goi zuzendaritza: kudeaketa ekonomiko-finantzarioa, aurrekontukoa eta kontabilitatekoa. Halaber, erakundearen funtsak eta baloreak zaintzea dagokio. Horiez gain, barne-araubideari buruzko erregelamenduan eratxiki zaizkion gainerako eskudantziak baliatuko ditu.

23. artikulua. Idazkari nagusia.

1. Ganberak idazkari nagusi bat izanen du; idazkari nagusi horrek lizentziaduna edo goi-mailako tituluduna izan beharko du. Lanpostu hori lan-kontratazioko erregimenaren mende egonen da.

2. Osoko Bilkurak izendatuko eta kargugabetuko du idazkari nagusia, kideen erdiak gehi batek hartutako erabaki arrazoituaren bidez. Izendapena egin baino lehen, lanpostuaren deialdi publikoa egin beharko da.

3. Barne-araubideari buruzko erregelamenduak zehaztuko ditu idazkari nagusia ordezteko modua eta kasuak, aldi baterako kanpoaldia, postu hutsa, gaixotasuna edo aldi baterako beste edozein ezintasun gertatuz gero.

4. Idazkari nagusiak ondoko eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste: Osoko Bilkuraren eta Batzorde Exekutiboaren bileretara joatea (hitza izanen du, baina botorik ez), eta gobernu-organoek hartutako akordioen legezkotasuna zaintzea.

24. artikulua. Zuzendari kudeatzailea.

1. Ganberak zuzendari kudeatzaile bat izendatu ahal izanen du, Osoko Bilkuraren erabakiz esleitzen zaizkion eginkizun exekutiboak eta zuzendaritzakoak betetzeko. Zuzendari kudeatzaile horrek lizentziaduna edo goi-mailako tituluduna izan beharko du. Lanpostu hori lan-kontratazioko erregimenaren
mende egonen da.

2. Osoko Bilkurak izendatuko eta kargugabetuko du zuzendari kudeatzailea, ganberaburuaren proposamenari jarraiki, eta kideen erdiak gehi batek hartutako erabaki arrazoituaren bidez, zuzendari kudeatzaileak bere eginkizunak ondo beteko dituela bermatzeko.

3. Zuzendari kudeatzailerik ez dagoen kasuetan, idazkari nagusiak beteko ditu hari dagozkion eginkizunak.

25. artikulua. Langileak.

1. Ganberaren zerbitzura ari diren langile guztiak indarrean dagoen lan-araudiaren mende egonen dira.

2. Barne-araubideari buruzko erregelamenduak ezarriko du langileak kontratatzeko prozedura; lanpostuak betetzean, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak bermatuko dira betiere.

III. KAPITULUA

Funtzionamendua

26. artikulua. Bilera motak.

Ganberaren organo kolegiatuek bilera arruntak izanen dituzte, aurretiaz finkatutako aldizkakotasunez, eta aparteko bilerak, zeinak urgenteak izaten ahal baitira.

27. artikulua. Bilera arruntak.

1. Ganberaren Osoko Bilkurak urtean sei bilkura arrunt eginen ditu, gutxienez ere.

2. Batzorde exekutiboak urtean hamar bilkura arrunt eginen ditu, gutxienez ere.

3. Barne-araubideari buruzko erregelamenduan bilera arrunten aldizkakotasuna ezar daiteke, betiere aurreko idatz-zatietan ezarri diren gutxienekoak betez.

28. artikulua. Bilkura bereziak.

1. Ganberaburuak, bere kabuz, Osoko Bilkuraren edo Batzorde Exekutiboaren aparteko bilerarako deia egin dezake, baldin eta inguruabarren ondorioz komenigarria bada.

2. Gutxienez kideen legezko kopuruaren bostenak hala eskatzen badio, ganberaburuak Osoko Bilkuraren edo Batzorde Exekutiboaren aparteko bilerarako deia eginen du, gehienez ere hilabeteko epean, Osoko Bilkuraren kasuan, eta hamabost egun naturaleko epean, Batzorde Exekutiboarenean.

Eskabide horretan adieraziko da eztabaidatuko diren gaien zerrenda.

3. Aparteko bilerak urgenteak izanen dira ganberaburuak eginiko deiaren eta bileraren artean berrogeita zortzi ordu baino gutxiago badago. Bilera baliogarria izan dadin nahitaezkoa izanen da kideei jakinaraztea eta botazioaren bidez horren presazkotasuna berrestea.

29. artikulua. Deialdia.

Ganberaren organo kolegiatuen bileretarako deia ganberaburuak eginen du. Deialdian, aztergaien zerrenda eta aztertuko diren gaiei buruzko beharrezko informazioa agertuko da, eta gutxienez berrogeita zortzi ordu aurretik eginen da. Epe hori ez da aplikatuko aparteko bileren eta bilera urgenteen deialdietan.

30. artikulua. Bertaratze-quoruma. Erabakiak hartzeko quoruma.

1. Ganberaren Osoko Bilkuraren bilerak baliozkoak izan daitezen, lehen deialdian gutxienez kide guztien erdiak eta bat gehiagok egon beharko dute, eta erabakiak gehiengo soilaren bidez hartuko dira.

2. Aurreko atalean seinalaturiko kide kopurua ez bada lortu deialdian, Osoko Bilkura bigarren deialdian era daiteke, bilkura egiteko aurreikusitako ordua baino ordu erdi geroago; eta modu baliodunean eratuta geratuko da edozein dela ere bertaratzen diren kideen kopurua, baldin eta ganberaburua, edo legez hura ordezten duena, eta idazkaria baldin badaude. Kasu horretan, hartutako erabakiak baliozkoak izan daitezen, bertaratutakoen bi herenek aldeko botoa eman beharko du.

3. Ganberako gainerako organo kolegiatuen eraketa baliogarria izan dadin, bilerak eta eztabaidak egitearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, nahitaezkoa izanen da lehenengo deialdian organo hori osatzen duten kideen legezko kopuruaren erdia eta bat gehiago bertaratzea. Ordu erdi beranduago eginen den bigarren deialdian, organoa era baliozkoan eratuko da, bertaratu direnen kopurua gorabehera, baldin eta bertaratu direnen artean ganberaburua, edo legez hura ordezten duena, eta idazkaria badaude. Aipatu organoen erabakiak botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira, eta gehiengo soila eskuratu dela ulertuko da aldeko botoak aurkako botoak baino gehiago badira.

4. Ganberaburuak edo legez hura ordezten duenak ebatziko ditu Ganberako organo kolegiatuen baitako boto-berdinketak.

31. artikulua. Aktak.

Idazkariak prestatuko ditu Ganberaren organo kolegiatuek egiten dituzten bileren aktak; akta horietan, eztabaidatu diren gaiak eta hartu diren erabakiak jasoko dira, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduak ezartzen dituen baldintza eta formalitateak beterik.

IV. KAPITULUA

Barne-araubideari buruzko erregelamendua eta jardunbide egokien kodea

32. artikulua. Onespena eta funtzionamendua.

1. Ganberak bere barne-araubideari buruzko erregelamendua izanen du; Osoko Bilkuraren erabakiz proposatuko da, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du. Nafarroako Gobernuak haren aldaketa ere susta dezake. Erregelamendu hori, behin Nafarroako Gobernuak onetsita, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Barne-araubideari buruzko erregelamenduak erabat beteko du foru lege honetan ezarritakoa, eta Ganberaren eskumeneko edozein gai arautu ahalko du. Erregelamenduan ondoko alderdi hauek zehaztuko dira, besteak beste: Osoko Bilkuraren egitura, eginkizunak eta kopurua; batzorde exekutiboko kideak hautatzeko modua eta gobernu-organoen funtzionamendu-arauak.

3. Halaber, Ganberak jardunbide egokien kodea taxutu beharko du, bere eginkizun publiko-administratiboak betetzean inpartzialtasuna eta gardentasuna bermatzeko.

III TITULUA

Hauteskunde-araubidea

33. artikulua. Hautesle-errolda.

Ganberaren hautesle-errolda oinarria izanen da foru lege honetako 13. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran araututako Osoko Bilkurako kideak hautatzeko, eta foru legeko 11. artikuluan araututako errolda publiko osoa hartuko du. Hautesle-errolda enpresa-taldeen arabera sailkatuta egonen da. Talde horiek Ganberaren barne-araubideko erregelamenduak ezarriko ditu.

Hautesle-errolda urtero eratu eta berrikusiko da, eta lan hori Batzorde Exekutiboak eginen du, erreferentziatzat urte bakoitzeko urtarrilaren 1a harturik; eragiketa horietan gertatu diren altak eta bajak azalduko dira, eta agiri horren kopia eguneratua Nafarroako Gobernuari igorriko zaio.

34. artikulua. Hauteskunde-prozesua.

1. Nafarroako Gobernuak, legedi orokorrean ezarri denari jarraituz hauteskunde-prozesua irekitzat jo ondoren, Ganberaren hauteskundeetarako deialdia eginen du.

2. Hauteskundeen objektibotasuna eta gardentasuna bermatzeko, hauteskunde-batzarrak osatuko dira; Ganberaren barne-araubideari buruzko erregelamenduak zehaztuko ditu batzar horien osaera eta eginkizunak, independentziaz eta eraginkortasunez jardunen dutela bermatzeko.

3. Hautesle-erroldari buruz egindako erreklamazioak direla-eta Ganbarak hartutako erabakien kontra eta hauteskunde-batzarren erabakien kontra errekurtsoa aurkeztu ahal izanen zaio Nafarroako Gobernuari.

35. artikulua. Sufragio aktiborako eskubidea.

Foru lege honen 13. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran jasotako kideak izendatzeko hauteskunde-eskubide aktiboa izanen dute Ganberak onetsitako azken erroldan izena emanda dauden pertsona natural edo juridikoek, baina ezin izanen dute desgaituta egon hauteskunde legedi orokorraren arabera desgaitasuna dakarten arrazoietako baten ondorioz, eta barne-araubideari buruzko erregelamenduan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Aipatutako 13. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan jasotako Osoko Bilkurako kideei dagokienez, tutoretza duen administrazioak emandako arauei edo/eta Ganberaren barne-araubideari buruzko erregelamenduari begiratuko zaie.

36. artikulua. Sufragio pasiborako eskubidea.

Ganberako gobernu-organoetako kide izateko hautagaiek bete egin beharko dituzte barne-araubideari buruzko erregelamenduak foru lege honetako 13. artikuluan ezarritako enpresa-taldeetako bakoitzarentzat ezarritako baldintzak. Nolanahi ere, izangaiek gutxienez ere bi urte izan beharko dute emanak Nafarroan enpresa-jardueran, eta zerga-betebeharren eta Gizarte-segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean egon beharko dute.

IV. TITULUA

Araubide ekonomikoa eta aurrekontuena

37. artikulua. Finantzaketa.

1. Ganberak honako diru-sarrerak izanen ditu:

a) Ematen dituen zerbitzuengatik eskuratzen dituen ohiko eta aparteko diru-sarrerak eta, orokorrean, bere jarduerak egiteagatik eskuratzen dituenak.

b) Bere ondarearen ekoizkinak, errentak eta gehikuntzak.

c) Enpresek edo merkataritza-erakundeek borondatez egindako ekarpenak.

d) Jaso litzakeen legatu eta dohaintzak.

e) Egiten dituen kreditu-eragiketetatik datozen diru-sarrerak.

f) Legez eslei dakiokeen beste edozein diru-sarrera, hitzarmen baten bidez edo ordenamendu juridikoarekin bat datorren beste edozein prozeduraren bidez.

2. Ondare-ondasunak xedatzeko, tutoretza duen administrazioaren baimena beharko du, ondasun higiezinen kasuan. Bestelako ondasunei dagokienez, aipatutako administrazioak
zehaztuko du zein kasutan izanen den beharrezko bere baimena, zenbateko ekonomikoaren arabera.

38. artikulua. Aurrekontuak eta gardentasuna.

1. Ganberak bere gastu eta diru-sarreren aurrekontu arruntak nahiz bereziak taxutu eta tutoretza duen administrazioari aurkeztuko dizkio, onets ditzan; administrazio horrek Ganberaren urteko kontuak eta likidazioak fiskalizatuko ditu, eta behar diren jarraibideak ezarri ahalko ditu aurrekontuak eta eredu-likidazioak egiteko.

Nolanahi ere, urteko kontuekin eta aurrekontuen likidazioarekin batera, kontuen auditoria-txosten bat aurkeztu beharko da.

Urteko kontuak, auditoria-txostenarekin batera, eta gobernu korporatiboari buruzko urteko txostena, Nafarroako Merkataritza Erregistroan aurkeztuko dira eta Ganberak publiko eginen ditu.

2. Ganberaren ondasun eta eskubideak kudeatzen dituzten pertsonek kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte dolo, kulpa edo arduragabekeria larriagatik egindako ekintzen edo ez-egiteen ondorioz eta indarreko araudia urratuz sortutako kalte eta galerengatik; horrez gain, zigor-erantzukizuna edo egoki den bestelako edozein erantzukizun ere egotzi ahal izanen zaie.

3. Ganberak publiko eginen ditu jasotzen dituzten diru-laguntzak, baita beren eginkizunak garatzeko jasotzen duten bestelako edozein baliabide publiko ere. Publiko eginen ditu, halaber, goi-kargudunek eta kasuko arduradun gorenek urtean jasotako ordainsariak, baita edozer arrazoirengatik kargua utzi dutenean jasotako kalte-ordainak ere, halakorik gertatu bada.

4. Foru lege honen 5. artikuluan zehaztutako baldintzetan gauza ditzaketen jarduera publiko eta pribatuak behar bezala bereizteko, Ganberak bere jarduera publiko eta pribatuen kontabilitate bereizia eginen du, ezertan eragotzi gabe urteko kontuen batasuna.

V. TITULUA

Araubide juridikoa

39. artikulua. Tutoretza.

1. Ganbera, bere jardueran diharduela, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren tutoretzapean dago. Tutoretza hori Nafarroako Gobernuak hautatutako departamentuak beteko du.

Tutoretza-lan horren barruan dago foru lege honetan biltzen diren administrazio-ahalak baliatzea: onespen, fiskalizazio, errekurtso-ebazte, etete eta desegitekoak.

Foru lege honek bestelako eperik jartzen ez badu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hilabeteko epea izanen du, Ganberak eskabide formala egin duenetik zenbatuta, Ganberari bidezko baimena emateko; delako baimen hori ukatu egin dela ulertuko da baldin eta epe horren barruan horri buruzko berariazko adierazpenik egin ez bada.

2. Nolanahi ere, Estatuko Administrazio Orokorrak tutoretza-lana eginen du Ganberak egindako interes orokorreko jardueren gainean, kanpoko merkataritzari dagokionez, ezertan kendu gabe Nafarroako Foru Komunitateari gai horretan dagozkion eskumenak.

Aurreko lerrokadan aipatutako baldintzetan, Estatuko Administrazio Orokorrak egindako tutoretza-lan horrek barnean hartuko du administrazio-ahal hauek baliatzea Ganberak kanpo merkataritzaren arloan eginiko interes orokorreko jardueren gainean: onetsi, kontrolatu, koordinatu, errekurtsoak ebatzi eta aipaturiko jarduerak etetea.

40. artikulua. Kanpo kontrola.

Kontuen Ganberari dagokio, bere araudiaren arabera, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialak jasotzen dituen funts publikoak fiskalizatzea; hori, halere, ez da eragozpena izanen Kontuen Epaitegiari dagozkion kontrol ahalmen orokorretarako.

41. artikulua. Errekurtsoak.

1. Ganberak bere dituen eginkizun publiko-administratiboak betez emanen dituen ebazpenen aurka, bai eta haren hauteskunde araubidea ukitzen dutenen aurka ere, errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Nafarroako Gobernuari administrazio-errekurtsoa aurkeztu ondoren.

2. Ganberak beste esparru batzuetan egindako jarduerak eta, bereziki, merkataritzako izaera, izaera zibila eta laneko izaera dutenak, eskumena duten epaitegi eta auzitegietan ebatziko dira.

42. artikulua. Informazioa eman beharra.

1. Ganberak tutoretza duen administrazioari igorri beharko dio barne-araubideari buruzko erregelamendua, bai eta bere gobernu-organoek hartzen dituzten erabakien kopia edo laburpena ere.

2. Informazioa emateko betebeharraren gaineko erantzukizuna ganberaburuak eta, hala denean, idazkari nagusiak izanen dute.

3. Administrazio babesleak artikulu honetan aipatu den informazioa zabaltzea edo argitzea eska dezake.

43. artikulua. Etetea eta desegitea.

1. Nafarroako Gobernuak eten egin ahal izanen du Ganberako gobernu-organoen jarduera, prozeduraren izapidetzean haiei entzuteko eskubidea betiere bermaturik, indarrean dagoen ordenamendu juridikoa urratzearen kasuan, baldin eta, urrapen horien larritasun edo maiztasunarengatik, neurri hori hartzea komeni bada, bai eta gobernu-organo horiek normaltasunez funtzionatzeko ezintasuna dutenean ere.

2. Eteteko erabakiak etenaldiaren iraupena ezarriko du; aldi hori gehienez hiru hilabetekoa izanen da; halaber, aldi horretan Ganberaren interesak kudeatuko dituen organoa zehaztuko du erabakiak.

3. Etenaldia bukatu eta eteteko arrazoiek lehengo horretan badiraute, Ganberaren gobernu-organoak desegiteari eta hauteskundeetarako deia egiteari ekinen zaio, hilabeteko epean.

Hauteskundeak egiterik ez badago eta Ganberaren gobernu-organoak eratu ezin badira, Nafarroako Gobernuak iraungitzeko erabakia hartu ahal izanen du; kasu horretan, bere ondarea tutoretza duen administrazioari atxikiko zaio, aurrez 2. idatz-zatian aipatzen den kudeaketa-organoak likidazioa egin ondoren.

4. Nafarroako Gobernuak, iraungitzeko erabakia hartzen badu, beharrezko diren neurriak hartuko ditu, foru lege honen 10. artikuluan zehaztutako pertsona fisiko eta juridiko atxikiei bermatzeko ezen Ganberari dagozkion zerbitzuak jasoko dituztela.

Lehen xedapen gehigarria.–Barne-araubideari buruzko erregelamendua.

Ganberak bere barne-araubideko erregelamendua eginen du. Behin Ganberaren Osoko Bilkurak hura onetsita, Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean, behin betiko onespena eman dakion igorpen hori egin eta hilabeteko epean.

Bigarren xedapen gehigarria.–Langileak.

Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzko apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legeak indarra hartu zuenean Ganberaren zerbitzuan zeuden langileei, bereizkuntzarik egin gabe, aplikatuko zaie Ganberaren zerbitzuan dauden gainerako langileei aplikatzekoa zaien lan-legedi indarduna.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Protokolo-araubidea.

Ganberaburuaren ordezkaritza- eta protokolo-araubidea erregelamendu bidez ezarriko da.

Lehen xedapen iragankorra.–Gobernu-organoak.

1. Ganberaburuak eta Ganberaren Osoko Bilkurako nahiz Batzorde Exekutiboko kideek beren eginkizunetan jarraituko dute gobernu-organo berriak eratu arte, kasuko hauteskunde-prozesuaren ondoren, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzko apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legean eta foru lege honetan ezarritakoari jarraituz.

2. Era berean, foru lege honen arabera egindako hauteskunde-prozesuaren ondoren gobernu-organo berriak eratu arte, gobernu-organoek une horretan legez zehaztutako asistentzia-quorumekin eta bozketetarako beharrezko diren gehiengoekin jarraituko dute funtzionatzen, delako organoa eratzeari eta kasu bakoitzeko erabakiak hartzeari dagokionez.

Bigarren xedapen iragankorra.–Kide batzuen hautapena.

Ganberaren barne-araubideari buruzko erregelamenduan xedatuaren arabera Nafarroako enpresen borondatezko ekarpena ezartzen ez den bitartean, Osoko Bilkurako kideek, foru lege honen 13. artikuluko 2. idatz-zatiko c) letran ezarritakoek, Ganberari 2010eko ekitaldian ordaindu zioten 100 enpresa handienek hautatuko dituzte, hain zuzen ere enpresa horien kideen artean.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Preskribatu gabeko ganbera-baliabidearen sortzapena.

Ganbera-baliabide iraunkorra ezabatzeari kalterik egin gabe, aipatutako baliabideko kuota preskribatugabeek exijigarri izaten jarraituko dute, kuota horiek indargabetzen den arauan oinarrituta sortu direnean.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

1. Indargabetuta gelditzen dira foru lege honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak; bereziki, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea.

2. Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren barne-araubidearen erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 7ko 111/2001 Foru Dekretuak indarrean jarraituko du foru lege honen aurkakoa ez den guztian, harik eta haren ordezko erregelamendu-araua ematen den arte.

Azken xedapenetan lehena.–Garapena.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1505532