71. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

16/2015 FORU LEGEA, apirilaren 10ekoa, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ESKUIN MUTURREKO TALDEEK EDO FUNTZIONARIO PUBLIKOEK ERAGINDAKO MOTIBAZIO POLITIKOKO EKINTZEN BIKTIMEN ERREKONOZIMENDUARI ETA ERREPARAZIOARI BURUZKOA

1. artikulua. Foru legearen helburua.

1. Foru lege honen helburua da baliabide guztiak jartzea eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen indarkeriazko jardunak eragindako motibazio politikoko biktimak halakotzat hartuak izan daitezen, eta, beraz, dagozkien errekonozimendurako eta erreparazio integralerako eskubideen onuradun gisa.

2. Nafarroako Foru Komunitateko erakunde guztiek behar diren neurriak hartu behar dituzte honetarako:

a) Ahalik eta gehien argitu daitezen gertakariak, eta dauden kasuak modu egiazko eta koherentean dokumenta daitezen, gertatutakoaren egia finkatzea helburu.

b) Motibazio politikoko biktimei erreparazioa emateko eta haiek oneratzeko.

c) Saihesteko, ahal den neurrian, zigor-zuzenbidearen arloko inpunitate- eta frustrazio-sentimendua.

d) Indarkeriazko gertakariak gauzatu zituzten pertsonek, organizazioek edo erakundeek eragin zituzten kalteen aitorpena sustatzea.

e) Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean bildutako balioak sustatzeko.

f) Biktimen errekonozimendu instituzionala eta soziala sustatzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Foru lege hau bideratuta dago pertsonen bizitzari edo osotasunari eragindako kalte larriei erreparazioa ematera, kalte larri horiek izan heriotza nahiz lesio larri edo iraunkorrak, 1950eko urtarrilaren 1etik aurrerako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan.

2. Foru lege hau aplikatuko zaie Nafarroan kalteak izan dituzten pertsona fisikoei edota, izaera politiko nafarra izanda, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldetik kanpo, kalteren bat izan duten pertsona fisikoei, betiere Estatuko edo beste autonomia erkidego bateko erakundeek kalte berberengatik ez badiete ordainik eman.

3. Giza eskubideen aurkako eraso, atentatu edo urratze larritzat hartuko dira pertsonaren heriotza ondorio izan dutenak edota lesio larri edo iraunkorrak eragin dituztenak. Lesioen sailkapena gai horri buruzko legediaren arabera aplikatuko da.

4. Tortura eta tratu txar anker edo apalesgarri kontzeptuak interpretatuko dira Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Nazio Batuen Konbentzioaren 1. artikuluaren arabera eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera.

3. artikulua. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea.

1. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea osatuko dutenak izanen dira pertsona independenteak, prestigio sozial eta moral handikoak, eta Batzordeak zuzeneko eskumena izanen du gertakariak finkatzeko eta ikertzeko, nazioarteko tresna homologatuak oinarri hartuta, Istanbuleko Protokoloa esaterako, eta zigor-arloko interferentzia orotik aparte. Egiletzari buruzko epai argigarririk ez badago, modu egiazko eta koherentean zehaztuko da gertatutakoa argituko duen interpretazio koherente bat, halako moduz non zehaztuko baita zer pertsona izanen diren foru lege honetan jasotako eskubideen onuradunak.

2. Batzordeak bederatzi kide izanen ditu; guztiak ere, trebakuntza eta esperientzia profesional askiko pertsona fisikoak. Batzordearen osaeran, gizonen eta emakumeen kopurua orekatua izateko ahalegina eginen da.

3. Batzordeko kideak arlo desberdinetako esparru tekniko, zientifiko eta espezializatuko pertsonak izanen dira, esate baterako zuzenbidearen, kriminologiaren, soziologiaren, psikologiaren edo giza eskubideen arlokoak, espezialitate horiek oinarri egin beharko baitira foru lege honetan aipagai diren egitateen gaineko ikerketak eta eman beharko baitira egitateok argitzeko datuak; pertsona horiek gaitasun frogatua badute beren lanbidean edo jardueran.

4. Batzordeko kidea izatea bateraezina izanen da beste edozein kargu politiko edo administratibotan aritzearekin Estatuko Administrazio Orokorrean, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan eta toki entitateetan, bai eta alderdi politiko eta sindikatuetan zuzendaritza-eginkizunak izatearekin ere.

5. Batzordeko kideak bost urterako hautatuko ditu Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, bi hereneko gehiengoz. Kide horietako bat lehendakari izendatuko da hautatze-prozedura berean.

6. Batzordearen helburuak betetzearekin lotura duten entitate publiko eta pertsona pribatu guztiek eskatzen zaien laguntza eman beharko diote Batzordeari. Horri dagokionez, behar diren denboran eta moduan eman beharko dituzte eskatzen zaizkien datu guztiak nahiz teknikarien laguntza, eta, deituak badira, pertsonalki nahiz baimendutako ordezkari baten bitartez agertuko dira Batzordearen aurrean, informazio-eskakizunei zuzenean erantzuteko. Egokitzat jotzen dituen harremanak eduki ahalko ditu Batzordeak edozein agintarirekin nahiz agintzaritza-agenterekin; Batzordeak, halaber, informazioak trukatu ahalko ditu erakunde eta entitate publiko nahiz pribatuekin, bai eta haien laguntza jaso ere.

7. Urtero, Batzordeak oroitidazki bat prestatu eta argitaratuko du, non aditzera emanen baitu zer emaitza izan dituzten ikerketek, zer ezaugarri dituzten eskuratutako datuek, zer eskabide aurkeztu diren eta bestelako edozein datu, gertatutakoaren ezagutza zehatza eta erreala izaten lagunduko duena. Oroitidazki hori Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko da, dagokion batzordean.

8. Batzordearen erabakiak kideen gehiengoak hartuko ditu, boto partikularren arrazoiak eta zergatiak adierazita.

4. artikulua. Biktima-izaera onartzeko eskaerak.

1. Foru lege honen arabera motibazio politikoko ekintzen biktima deklaratzeko egiten diren eskabideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eskudunari bidaliko zaizkio. Departamentu horrek Batzordeari helaraziko dio eskabidea, azter dezan. Batzordeak urtebeteko epea izanen du, eskabidea jasotzen duenetik, eskabidean planteatutakoari buruzko ebazpena emateko.

2. Eskabidean gertakarien deskribapen ahalik eta zehatzena eginen da, eta, horren frogagarri, agiriak ere aurkezten ahalko dira; hala ere, hori ez da eragozpen izanen Batzordeak egin beharrekoak egin ditzan gertakari horiek ikertzeko eta frogatzeko.

3. Behin gertakariak ikertuta, Batzordeak ebazpen-proposamen lotesle bat helaraziko dio departamentu eskudunari, onetsiz edo ezetsiz biktima-izaera onartzeko eskaera, departamentuak kasuko ebazpena eman dezan.

5. artikulua. Biktima deklaratzearen ondorioak.

1. Foru lege honen xedapenen arabera biktima deklaratuak diren pertsonek kalte-ordain ekonomikoak onartuak izanen dituzte kalte fisiko edo psikologikoengatik, edota kalte materialengatik ondasunetan, ohiko etxebizitzetan edo ibilgailuetan, edo alderdi politiko, erakunde sozial edo komunikabideen egoitzetan.

2. Horretarako, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legean eta lege hori garatzen duten arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

6. artikulua. Txostenak eta konklusioak.

1. Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, Batzordearen agintaldia amaitzean, bost urtekoa izanen baita, Batzordeak bere jarduketei buruzko bi txosten orokor eginen ditu. Lehenbizikoak 1950eko urtarrilaren 2tik 1978ko abenduaren 28ra bitarteko epea hartuko du, eta bigarrenak, berriz, azken egun horretatik gaur egundainokoa. Txosten hauek Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dira, eztabaidatu eta onesteko.

2. Txosten horrek honakoak jasoko ditu gutxienez:

a) Nafarroan gertatutako edo Nafarroan helbidea duten pertsonek pairatutako atentatu, eraso, tortura edo giza eskubideen beste edozein urraketaren kuantifikazio fidagarri eta egiazkoa.

b) Salaketen sinesgarritasunari buruzko egiaztapen bat, Istanbuleko Protokoloko metodoari jarraituz.

c) Konklusioen eta gomendioen oroitidazkia.

7. artikulua. Bakerako eta bizikidetasunerako hezkuntza.

Bakearen eta giza eskubideen aldeko urteroko heziketa programan eta hezkuntzaren arloko departamentu eskudunak garatutako programen esparruan, kontuan hartuko dira foru lege honetan jasotako helburu eta printzipioak.

8. artikulua. Informazioa eta prebentzioa.

1. Nafarroako Gobernuak ziklo, ikastaro, mintegi edo biltzarrak jarriko ditu abian gizarteari, oro har, informazioa eman eta gogoeta egite aldera motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan gertatzen diren giza eskubideen bortxaketen larritasunari eta garrantziari buruz.

Lehenengo xedapen gehigarria.

1. Foru lege honek indarra hartu eta lehenengo urtean, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuarekin eta udalekin lankidetzan, omenaldi-ekitaldi bat eginen die motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan eskuin muturreko erakundeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko biktimei.

2. Omenaldi horretan erreparazio-adierazpen bat irakurriko da, zeinak biktimaren eta harekin hertsiki lotutako pertsonen duintasuna, ospea eta eskubideak berrezarriko dituen; halaber, barkamen-eske publiko bat eginen da, gertakarien aitorpen bat jasoko duena.

Bigarren xedapen gehigarria.

1. Nafarroako Gobernuak behar diren xedapenak emanen ditu foru lege honetan xedatua garatu eta aplikatzeko eta, bereziki, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legean ezarritako kalte-ordain eta laguntzak haren helburuetara egokitzeko, behar diren modulazioak ezarrita.

2. Nafarroako Gobernuak bere eskumenen esparruan ezarriko du behar adina kreditu gaitzea foru lege honetan ezarritako laguntzei aurre egin ahal izateko.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Argitalpenak.

Nafarroako Gobernuak Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak eginiko txostenak argitaratu eta herritarren artean zabalduko ditu.

Laugarren xedapen gehigarria.

1. Nafarroako Gobernuak biktimen Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen funtzionamendua finantzatuko du, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan urtero berariazko kontusail bat ezarriz.

2. Nafarroako Gobernuak espazio fisiko bat eta bitarteko materialak utziko ditu Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak dokumentazio-, ikerketa- eta koordinazio-zereginak eta gainerako lanak egin ahal ditzan.

Xedapen iragankor bakarra.

1. Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea 2015eko abenduaren 31 baino lehenago eratuko da. Horretarako, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak bidezko diren neurriak hartuko dituzte.

2. Batzordearen agintaldia amaitzean, bost urtekoa izanen baita, eta urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuarekin lankidetzan, omenaldi-ekitaldi bat eginen die motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan eskuin muturreko erakundeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko biktimei.

3. Omenaldi horretan ordainezko adierazpen bat irakurriko da, zeinak biktimaren eta harekin hertsiki lotutako pertsonen duintasuna, ospea eta eskubideak berrezarriko dituen; halaber, barkamen-eske publiko bat eginen da, gertakarien aitorpen bat jasoko duena.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1505531