71. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Udal ordenantza, Auzo elkarteen udal erregistroa arautzen duena. Behin betiko onespena

Mendabiako Udalak, 2015eko urtarrilaren 29an egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Auzo elkarteen udal erregistroa arautzen duen ordenantzan; hura 2015eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2015eko martxoaren 23an.–Alkate udalburua, María Josefa Verano Elvira.

ORDENANTZA, MENDABIAKO UDALEKO AUZO ELKARTEEN UDAL ERREGISTROA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Mendabiako Udalaren auzo elkarteen udal erregistroa arautzea, eta Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduaren 236. artikuluan ezarritakoari jarraituz antolatu da.

2. artikulua.

Udal erregistroan izena emana duten elkarteek bakarrik erabili ahal izanen dituzte bizilagunen interes orokorrak edo sektorialak defenditzeko elkarteei aitortzen zaizkien eskubideak.

3. artikulua.

Elkarteen udal erregistroan izena eman ahalko dute irabazi asmorik gabeko elkarteek, aldez aurretik Estatuko edo erkidegoko erregistroetan izena emanik badira, haietan izena ematea nahitaezkoa denean indarrean den legediaren arabera.

Orobat, haien xedea izanen da udalerriko bizilagunen interes orokorrak edo sektorialak babestu, sustatu eta hobetzea. Bereziki aipa daitezke auzo elkarteak, ikasleen gurasoak, kultura, kirola, aisia eta gazteria arloetako elkarteak, sindikatuenak, enpresenak, profesionalak, erlijiosoak, eta antzekoak.

4. artikulua.

Auzo elkarteen erregistroa Udaleko Idazkaritzan kudeatuko da, bide egokia erabiliz elkarteen inskripzioa egiteko, gertatzen diren aldaketak sartzeko eta erregistroan baja emateko.

5. artikulua.

Erregistroan sartzeko, elkarteek eskabidea egin eta agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Elkartearen estatutuak.

b) Estatuko edo erkidegoko erregistroetan nahitaez izena eman beharraren frogagiria.

c) Zuzendaritza karguetan aritzen direnen izenak eta hautatuak izan zireneko bilkuraren ziurtagiria edo akta.

d) Elkartearen helbidea.

e) Urteko aurrekontua.

f) Urteko jardueren programa.

g) Bazkideen kopuruari buruzko ziurtagiria. Agiri hau urtero berrituko da.

Aldaketak baldin badaude agiri hauen inguruan, hilabeteko epean jakinarazi beharko zaizkio erregistroari. Aurrekontua eta jardueren egitaraua urte bakoitzeko urtarrilean aurkeztu beharko dira.

Elkarteak ez baditu betebehar hauek betetzen erregistroan baja ematen ahalko zaio.

6. artikulua.

Udalak idatziz jakinaraziko du, izena emateko eskabidea aurkeztu eta hamabost eguneko epean gehienez, hura gauzatu dela, salbu eta izena emateko beharrezkoa den dokumentazioa osatzeko errekerimendurik bada.

7. artikulua.

Inskribatutako elkarteek, ordenantza honetan eta aplikatu beharreko berariazko legedian ezarritako moduan, eskubide hauek izanen dituzte:

a) Beren xedeak betetzeko laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea, aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

b) Udaleko baliabide publikoak erabiltzeko eskubidea, bereziki lokalak, baina zenbait elkartek edo beste eskatzaile batzuek, edo Udalak berak, aldi berean erabili nahi izanez gero behar diren mugak ezarriz.

c) Bere interesekoa den udal informazioa eskatzeko eskubidea.

d) Udalak entitatearen xede sozialaren inguruan ateratzen dituen argitalpenak lokaletan jasotzeko eskubidea, aldez aurretik horretarako eskaera eginda.

8. artikulua.

Erregistroan inskribatutako auzo elkarte batek Udalaren osoko bilkuran azalpenak eman nahi baditu gai zerrendako puntu baten inguruan, eta aitzinetik puntu horren tramitazio administratiboan interesdun gisa parte hartu badu, Alkateari eskatu beharko dio, bilkura hasi baino 48 ordu lehenago.

Alkateak baimena emanda, ordezkari bakar baten bidez, beren iritzia adierazten ahalko dute, gai zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketa, eztabaida eta bozketaren aitzin, zehaztuko zaien denbora tartean.

Osoko bilkuran parte hartuko du estatutuen arabera elkartea legez ordezkatzen duen kideak edo, bestela, horren Zuzendaritza Batzordeko beste kide batek, horretarako espresuki izendatuta. Betiere, ordezkaritza frogatu beharko da.

9. artikulua.

Elkarteen Udal Erregistroan entitateari baja emateko eta/edo idazpenak deuseztatzeko arrazoiak: ordenantza honetan ezarritako beharkizunak ez betetzea, bereziki 5. artikuluan ezarritakoak, eta entitatea desegitea.

10. artikulua.

Udal Erregistroan inskribatutako auzo elkarteek legeak elkarte mota horiei ematen dizkien eskubide guztiak izanen dituzte, ordenantza honetan jaso ez badira ere.

Iragarkiaren kodea: L1504502