71. ALDIZKARIA - 2015ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

14/2015 FORU LEGEA, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIARI AURRE EGITEKOA.

ZIOEN AZALPENA

1. Emakumeen kontrako indarkeria, emakume izaeraren diskriminazioan oinarritutakoa, giza eskubideen urraketa bat da, egungo gizartean gertatzen diren urratze ohikoenetako bat. Funtsezko eskubideak, hala nola bizia, osotasun fisikoa eta mentala edo osasunerako eskubidea, zuzenean kaltetzen dituzten abusu horiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren oinarrizko printzipioa ere urratzen dute.

Azken mende honetan gure gizartea arazo honetaz jabetzen joan dela esan dezakegu, eta bereziki azken urteetan gaia azaleratu da gero eta nabarmenago.

Gaur egun fenomenoari ematen zaion garrantziari esker, nazioarteko komunitateak, eta bereziki Europar Batasunak, emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen kontrako urraketa dela onartu dute, eta, horrenbestez, gizarte demokratiko baten garapenerako oztopoa dela.

Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluan ezartzen duenez, botere publikoek bermatu beharko dute egiazko berdintasun eraginkorra, eta, horretarako, hura galarazten edo eragozten duten traba guztiak kendu beharko dituzte. Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideen artean badira batzuk lotura estua dutenak emakumeen kontrako indarkeriarekin: pertsonaren duintasuna (10. artikulua); diskriminaziorik ez jasateko eskubidea (14. artikulua), biziari eta osotasun fisiko nahiz psikikorako eskubidea (15. artikulua) eta askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea (17. artikulua).

2. 2002an indarra hartu zuen Nafarroan emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Espainian onartutako lehen lege espezifikoetako batek: 22/2002 Foru Legea, uztailaren 2koa, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzkoa.

Hamaika urte luzez foru lege hori izan da emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean Nafarroako erakundeek egindako ahaleginen euskarria. Urte hauetan zenbait neurri jarri dira abian, emakumeen kontrako indarkeriaren esparru desberdinetan: ikerketa, prebentzioa, informazioa eta arreta, emakumezko biktimen babesa eta justiziara jotzeko bideak hobetzea, baita erasotzaileekin bete beharreko lan prozesuak ere.

Testuinguru horretan egin eta onetsi zen erakundeen arteko akordioa, 2010ean eguneratua, emakumeen kontrako indarkeria kasuen arreta eta prebentzioa eraginkortasunez koordinatzeko; akordioaren xedea da emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan eta indarkeria horren biktimei laguntza eta babesa ematen esku hartzen duten erakundeen arteko koordinazioa ahalik eta handiena eta onena izatea, bai eta Nafarroako Foru Komunitate osorako jarduteko jarraibide homogeneoak ezartzea ere, esparru guztietan (osasuna, poliziala, judiziala, soziala) arreta kalitatezkoa izan dadin eta prebentzio lana bermatzeko, hezkuntza arloko neurriak eta gizartea sentsibilizatzeko xedea dutenak ezarriz.

Halere, arau hura onetsi zenetik denbora luzea iragan denez eta gure gizartean sentsibilizazioa handitzen doanez, beharrezkoa da araudi hori sakonean gaurkotzea.

Ildo horretan, Genero Indarkeriaren Aurka Babes Osoa Emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, Europar Batasunaren eta Europako Kontseiluaren gomendioei jarraikiz egindakoa, jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa izan zen, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko tresna juridiko bat ekarri zuelako sistemara, baina, Nafarroako legearen kasuan ez bezala, jardun-esparrua etxera eta bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eremura mugatzen zuen.

Bestetik, gure herrialdea giza eskubideen alde nazioarteko zuzenbideak ezarriak dituen tresna guztiei atxiki zaienez, administrazio jarduleak beharturik daude diligentziaz erantzutera emakumeen kontrako indarkeria kasuen aurrean.

Nazioarteko zuzenbidearekin bat (Emakumezkoaren kontrako diskriminazio modu guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioa, 1979, CEDAW; Beijingo 1995eko Adierazpena; eta emakumeen kontrako indarkeriari buruzko legeriaren esku-liburua, Nazio Batuak, 2010), estatuek betebehar argiak dituzte emakumeen kontrako indarkeria molde guztien aurrean erantzunen duen legeria aldarrikatu, aplikatu eta gainbegiratzeko eta emakumeen kontrako bortxa ekintza oro zigortzeko.

Bereziki, emakumeen kontrako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren prebentzioari eta haien kontrako borrokari buruzko Hitzarmenak (Istanbulgo Hitzarmena), 2011ko maiatzaren 11koak, Espainiako Erresumak berretsiak eta gure herrialdean 2014ko abuztuaren 1az geroztik indarra duenak, indarkeria mota hori giza eskubideen urraketa eta diskriminazio mota bat dela adierazten du, eta estatuak erantzule direla horren aurrean modu egokian erantzuten ez badute; Hitzarmenak sinatzaileak behartzen ditu beren legeria hitzarmenean jasotako betebeharretara egokitzera.

Horrenbestez, erakundeek emakumeen kontrako indarkeriari aurre egin behar diote, besteak beste, egungo araudia berrikusiz, lege berriak idatziz, horiek garatzeko eta egiaz aplikatzen direla ziurtatzeko bitartekoak ezartzeko betebeharrarekin, eta haien eraginkortasuna egiaztatuz aldian-aldian, disfuntzioak dituzten alderdiak zuzentzeko xedeaz.

Arau-esparru berriari erantzun beharrak, batetik, eta emakumezko biktimen eskubideen bermeak indartu beharrak, bestetik, legearen aldaketa bat komeni dela iradokitzen dute, ondoren politiko publiko berriak eta eraginkorrak ezartzeko; horiexek dira, hain zuzen ere, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko foru lege honen helburuak, indarkeria mota hau errotik desagerrarazten laguntzeko tresnak eskuragai jarri nahi baititu.

3. Foru legearen egitura hauxe da: hamar titulu, bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

I. tituluak, xedapen orokorrei buruzkoak, xedea eta aplikazio esparrua jasotzen ditu. Foru legearen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitea, neurri integralak hartuz esparru hauetan: ikerketa, informazioa, prebentzioa, sentsibilizazioa, detekzioa, arreta integrala, babesa, justiziara jotzeko bideak eta erreparazioa.

Foru legearen aplikaziorako esparru subjektiboan Nafarroan bizi edo lan egiten duten eta arestian deskribatutako indarkeria mota horietakoren bat jasaten duten emakume guztiak sartzen dira, bai eta, edozein arrazoi dela eta, Nafarroan daudenak indarkeria egoera gertatzen den unean, betiere errespetatuz beste administrazio batzuek dituzten eskumenak.

Emakumeen kontrako indarkeria egoerek familia ingurune horretan dauden adingabeengan ere eragina dutela ikusirik, foru lege honek indarkeria horren zuzeneko biktimatzat hartu, eta babestu egiten ditu, bai haien eskubideen defentsan bai arreta eta babes eraginkorra emateko, arlo honetako nazioarteko itunei jarraikiz.

Bestalde, arau honek definitzen du emakumeen kontrako indarkeriaren kontzeptua zentzu zabalenean, honakoak barne: izaera fisiko, psikologiko, sexual edo ekonomikoko kalteak edo sufrimenduak, baita mehatxuak, ikaratzea eta hertsatzeak edo askatasunaz modu arbitrarioan gabetzea ere, bizitza publikoan edo pribatuan.

Emakumeak indarkeria horretatik babesteko, honakoak hartzen dira halakotzat: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren bortxa, sexu-indarkeriaren mota guztiak, feminizidioa, emakumeen eta nesken trafikoa, sexu-esplotazioa, gazteegitan, hitzartuta edo behartuta ezkonaraztea, edota emakumezkoen genitalen mutilazioa.

Azkenik, emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeei kreditazioa emateko bideak arautzen dira, bai eta foru legearen oinarrian diren arau-printzipioak ere.

II. titulua ikerketari eta informazio bilketari buruzkoa da. Titulu honetan araututa daude emakumeen kontrako indarkeriaren kausak, ezaugarriak, hedadura eta ondorioak ikertzeko azterlanak eta lanak egitea eta sustatzea, bai eta indarkeria mota honen prebentziorako eta desagerpenerako aplikatutako neurrien ebaluazioa ere.

Era berean, aurreikusirik dago aldian-aldian datu estatistiko bereiziak biltzea, emakumeen kontrako indarkeriaren moldeak ezagutzeko eta haiei aurre egiteko. Helburu horrekin, halaber, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean dauden arreta eta babes baliabideen mapa gaurkotzea aurreikusi da, eta inkestak egitea zerbitzu publikoen ebaluazioari buruz.

Prebentzioa eta sentsibilizazioa du izena III. tituluak, eta haren xedea da hezkuntza arloan prebentziorako neurriak hartzea, batetik, eta sentsibilizazio eta informazio neurriak abian jartzea, bestetik.

Hezkuntzaren arloan irakasleei prestakuntza emateko neurriak ezartzen dira, bai eta hezkuntza curriculumak eta materialak egokitzekoak eta hezkuntza plan eta proiektuetan jarraibideak emateko. Ildo horretan, emakumeen kontrako indarkeria egoerak direla eta haurrak ikastetxez aldatu beharra dagoenean, aurreikusirik dago haur horiek lehenbailehen eskolatzea, lehentasuna emanez biktimaren eskubideei erasotzailearen eskubideen gainetik, ikastetxeetan batera suertatuz gero.

Bestetik, gizartearen sentsibilizazioaren eta informazioaren gaia lantzen da, prestakuntzarako kanpainak eta ekintzak eginez, eta hedabideek eta publizitateak bete beharreko zeregina aipatzen da, emakumeen kontrako indarkeriaren testuingurua osatzen duten estereotipoak desagertzen laguntzeko alegia.

IV. tituluak emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta garatzen ditu, eta bertan lantzen dira emakumeen kontrako indarkeria, edozein mota dela ere, zer egoeratan gertatzen den edo gertatzeko arriskua dagoen, horiek detektatu eta identifikatzeko beharrezkoak diren ekintzak.

Osasun eta gizarte zerbitzuen arloetako zerbitzu publikoak taxutzen dira, detekziorako eta arretarako baliabide funtsezkoak diren aldetik, eta, horretarako, indarkeriaren biktima diren emakumeek non diren detektatu eta haiei arreta emateko estrategiak prestatzen dira, bai eta profesionalei prestakuntza emateko planak eta programak, arreta eman eta bideratzeko protokoloak eta kasuen erregistroak ere.

V. tituluan arreta emateko eta oneratzeko baliabideak eta zerbitzuak jasotzen dira, foru lege honetan aurreikusten den indarkeria motaren bat jasan duten emakumeak zeharo oneratzeko arreta integrala emateko xedeaz.

Arreta integralaren baitan honakoak daude sartuta: emakumeei haien eskubideei eta dauden baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa ematea, osasun fisikoaz eta mentalaz arduratzea indarkeriaren ondorioak arintzeko bidea den aldetik, eta behar ekonomikoei, lan, etxebizitza, hezkuntza arlokoei eta sozialak ere kontuan hartzea, bai eta, beharrezkoa denean, aldi baterako ostatu segurua ematea.

Arretaren aplikazioa zuzendu behar duten printzipio batzuk ezartzen dira, eta arautzen da arreta eman eta oneratzeko sareko baliabideen eta zerbitzuen katalogoa, honakoek osatua: informazio eta arretarako baliabide orokorrak, oneratze eta arreta espezializatuko zerbitzuak eta harrerarako eta aldi baterako ostatu segururako sarea.

Indarkeriaren biktima diren emakumeen laneratzea sustatzea, eta autonomia ekonomikoa eta etxebizitza eskuratzeko aukerak bultzatzea, horiexek dira foru legearen VI. tituluaren edukia.

Indarkeria egoera bizi duten emakumezko langileen lan eskubideak jasotzen dira bertan, eta zenbait neurri ezartzen dira biktima diren emakumeen laneratzea lortzeko, lehentasuna emanez haiei Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza eta enplegua bultzatzeko programetarako ematen dituen diru-laguntzen deialdietan; horrekin batera, indarkeriaren biktimek jaso ditzaketen laguntza ekonomiko sorta bat ere ezartzen da. Amaitzeko, etxebizitza eskuratzen laguntzeko neurriak zehazten dira.

Poliziaren arretari eta babes eraginkorrari buruzko VII. tituluak honako printzipioak ezartzen dizkio polizaren jardunbideari: berehalako arreta, ikerketa zabala eta egiazko babesa, betiere Estatuko eta Foru Komunitateko oinarrizko legeriak administrazio desberdinei segurtasun arloan emandako eskumenak errespetatuz, baina erakunde eta esparruen arteko (estatua, foru komunitatea, toki entitateak) koordinazio eta lankidetza eraginkorrerako bideak ezarrita.

Foruzaingoarekin lotuta, profesionalen espezializazioa, hastapeneko prestakuntza etengabea eta, poliziaren jarduketarako protokoloak egitea, biktimei arreta emateko guneen kalitatea eta emakumeen kontrako indarkeria mota guztien biktimak egiaz babesteko neurriak hartzea.

Laguntza juridiko espezializatuari eta justiziara jotzeari buruzkoa da VIII. titulua, eta bertan bermatzen da emakumeen kontrako indarkeria mota baten biktimei abokatu baten laguntza ematea, salaketa bera jarri aurretik, eta zerbitzua kalitate profesional handiarekin emanen da.

Era berean, aurreikusten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak laguntza eman ahal izanen diela emakumezko biktimei arlo judizialean, emakumeen kontrako indarkeria kasu larrienetan irekitako prozedura penaletan pertsonatuz.

Arlo judizialean, espezializazioa eta arreta egokia bermatzeko bidea da emakumeen kontrako indarkeria kasuez arduratzen diren epaitegietako langileen eta indarkeria mota orotan arreta ematen duten talde psikosozialetako langileen hasierako prestakuntza etengabea.

Azkenik, fiskalen nahiz epaileen prestakuntzan laguntzea ezartzen da, emakumeen kontrako indarkeriaz arduratzen diren epaitegietako ekipamenduaren eta baliabide materialen arloko neurri egokiak hartzea eta interpretea izateko eskubidea, prozedura judizialaren fase guztietan informazioa eta komunikazioa ziurtatzeko.

Erreparazioari buruzko IX. tituluan aurreikusita dago biktima diren emakumeek eskubidea dutela erreparazioa jasotzeko, bai banako gisa, erabat oneratzeko behar diren bitartekoak jarriz, bai modu kolektiboan, jendaurreko aitorpenak eta omenaldiak jasoz.

Amaitzeko, arau arloko berritasun bat, X. tituluak zenbait neurri ezartzen dituelako foru legearen aplikazioa bermatzeko, arretan, babesean eta justizian esku hartzen duten profesionalen lanbide prestakuntza etengabea emateko konpromisoa hartuz; foru legearen garapen orokorrerako ekintza plan bat egitea; eta planaren urteko jarraipena, neurrien eraginari buruzko ebaluazio batekin batera, lau urtetik behin.

Helburu horrekin, ezartzen da beharrezkoa dela emakumeen kontrako indarkeriaren arloko eskumenak dituzten erakunde guztiak koordinatzea, hauen jarraipena ziurtatzeko: foru legearen aplikazioa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko ekintza planak egitea, urteko jarraipen txostena egitea, eta ekintza planari egokitzen zaiola ekitaldi bakoitzean urteko aurrekontuetan onetsi eta ezarritako diru kopurua.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen kontrako indarkeriari edo genero indarkeriari aurre egitea, zenbait neurri integral hartuz helburu hauekin: ikerketa eta informazioaren bilketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa, eta indarkeria jasaten duten emakumeak detektatu eta haiei eta, kasua bada, haien seme-alabei, arreta integrala, babesa, justiziaz baliatzeko aukera eta erreparazioa ematea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du zentzumenezko desgaitasunen bat duten emakumeek eta bertako hizkuntza ezagutzen ez dituzten emakume atzerritarrek interprete baten laguntza izanen dutela denbora-epe arrazoizko batean, emakume horiek informaziorako eta komunikaziorako duten eskubidea bermatzeko prozeduraren fase guztietan.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Foru lege honetan aurreikusitako neurriak Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren edo lan egiten duten eta genero indarkeriaren egoera batean dauden emakume guztiei aplikatuko zaie, haien seme-alaba adingabeei eta, kasua bada, haiekin bizi diren beste ahaide batzuei, indarkeriaren egoera horren biktima badira.

2. Aplikatuko zaie, halaber, indarkeria egoera gertatzen denean edozein arrazoirengatik Nafarroako Foru Komunitatean dauden emakumeei, beste administrazio batzuek izan ditzaketen ahalmenak ezertan ukatu gabe.

3. artikulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren definizioa eta motak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, emakumeen kontrako indarkeria da emakumea izateagatik emakumeen kontra bideratzen dena edo haiengan proportziorik gabeko eragina duena, genero diskriminazioaren agerpen gisa eta emakumeentzako kalte edo oinaze fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa dakarrena edo ekar dezakeena, mehatxuak, beldurrarazteak eta hertsatzeak edo askatasun-gabetze arbitrarioak barne hartuta, bizitza publikoan nahiz pribatuan gertatzen direnak.

Indarkeriaren biktima diren emakumeen kontzeptuaren barruan neska adingabeak ere sartuta daudela ulertzen da.

2. Foru lege honen ondorioetarako besteak beste honakoak dira emakumeen kontrako indarkeria motak, aurreko idatz-zatian indarkeriaz emandako definizioa mugatu gabe, betiere:

a) Indarkeria bikotean edo bikote ohian: indarkeria fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa edo sexuala, bikotekide duen edo izan duen gizonak edo berarekin antzeko harreman afektiboak izan dituenak, batera bizi direla nahiz ez, emakumearen kontra erabilitakoa, indarkeriazko ingurunean bizi diren haurrengan duen eragina barne hartuta.

b) Sexu-indarkeriaren agerpen ezberdinak: emakume eta nesken kontrako sexu-indarkeriak bere baitan hartzen ditu sexu erasoa, sexu abusua, sexu jazarpena lanean edo hezkuntzan eta sexu abusua familian, komunitatean, hezkuntzan, lanean eta esparru publikoan.

c) Feminizidioa: bikotean edo bikote ohian eginiko homizidioak, eta generoak eragindako diskriminazioan oinarritutako indarkeria erakusten duten beste krimen batzuk, hala nola sexu-indarkeriarekin loturiko hilketak, prostituzioaren eta emakumezkoen salerosketaren eremuko hilketak, ohoreagatiko hilketak, neskatoen infantizidioa eta ezkonsariagatiko hilketak.

d) Emakumeen eta nesken salerosketa: emakumeak eta neskak erakarri, eraman, lekuz aldatu, hartu edo jasotzea, barne hartuta pertsona horien gaineko kontrola trukatzea edo eskualdatzea, mehatxuekin edo indarra edo bestelako hertsamen bideak erabiliz, bahituz, iruzur eginez, engainatuz, botere abusuaren bidez edo egoera ahul batez baliatuz, edo emakume edo nesken gaineko kontrola duen pertsonaren baimena lortzeko dirua edo onurak emanez edo jasoz, helburua delarik sexu-esplotazioa, laneko esplotazioa edo menpekotasunezko ezkontza.

e) Sexu-esplotazioa: emakumeak eta neskak prostituzioan, sexu morrontzan edo beste sexu zerbitzu batzuetan aritzetik, ekintza pornografikoak edo material pornografikoak egitea barne, finantza onurak edo bestelakoak lortzea, bortxaz, mehatxuaz, engainuaz edo nagusitasunezko egoera batez edo biktimaren egoera ahulaz baliatuz.

f) Gazteegitan ezkontzea, ezkontza hitzartua edo behartua: baimen libre eta erabatekorik izan ez duen ezkontza, hirugarrenen arteko akordio baten emaitza izan delako, emakumearen borondatea kontuan hartu gabe, edo mehatxupean edo bortxaz egiten delako, edo baimena emateko legez aurreikusitako adina baino gazteagoa delako emakumea.

g) Emakumeen genitalen mutilazioa: emakumearen genitalak osorik edo zati batean kentzea dakarren edo ekar dezakeen edo haietan lesioak eragiten dituen edozein prozedura, emakumearen edo neskaren baimena izanda ere, berariazkoa nahiz esan gabekoa.

h) Emakumeen duintasuna, osotasuna edo askatasuna kaltetzen duen edo kalte dezakeen beste edozein indarkeria mota, nazioarteko itunetan, Espainiako Zigor Kodean edo Estatuko nahiz Foru Komunitateko araudian aurreikusirik dagoena.

3. Foru lege honen ondorioetarako, emakumeen kontra erabilitako indarkeria mota horiek, lehenago adierazitako agerpenetako edozeinetan, kalte edo oinaze fisikoa, sexuala edo psikologikoa eta/edo ekonomikoa eragiten dute, ekintza hauen ondorioz, besteak beste:

a) Indarkeria fisikoa: emakumearen gorputzaren kontrako indarkeriazko edozein ekintza, kalte fisikoa edo mina eragiten duena edo eragin dezakeena.

b) Indarkeria psikologikoa: edozein jokabide, ahozkoa nahiz ez ahozkoa, emakumearengan oinaze, gutxiespen, bakartze motaren bat edo askatasuna mugatzea eragiten duena, hala nola mehatxuak, derrigortzeak, umilazioak edo laidoak, menpekotasuna eskatzea, jazarpena, hertsapena edo irainak.

c) Indarkeria ekonomikoa: emakumearen eta haren seme-alaben ongizate fisiko nahiz psikologikorako baliabideak nahita eta legez justifikatu gabe kentzea, edo bikotearen esparruan bienak diren baliabideak erabiltzeko diskriminazioa.

d) Indarkeria sexuala: onartu/baimendu gabeko edozein sexu ekintza, indarkeria, mehatxua, nagusikeria edo manipulazio emozionala tarteko direla, sexu harremanak erakutsi, ikusi edo izatera behartzea barne.

4. artikulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren biktima eta izaera hori frogatzea.

1. Emakumeen kontrako indarkeriaren biktima dira foru lege honetan aurreikusitako bortxazko ekintzen ondorioak zuzenean pairatzen dituzten emakumeak, bai eta indarkeriazko ingurunean bizi diren seme-alabak ere, egoera ahulean egoteagatik indarkeria hori zuzenean jasaten dutenak.

2. Foru lege honen ondorioetarako, emakumeen kontrako indarkeriazko egoera modalitate hauetan frogatuko da, beharrezkoa den guztietan eta aplikazio arauetan hala ezarrita dagoenean:

a) Emakumeak indarkeria jasan zuela adierazten duen epai irmoa, edozein maila jurisdikzionaletakoa.

b) Biktima babesteko kautelazko neurriak hartzeko erabakia hartu duen babes agindua edo ebazpen judiziala, indarra duena.

c) Indarkeria zantzuak daudela adierazten duen txostena, fiskaltzak egina.

d) Aginte polizialaren akta, kasuan kasuko emakumea giza salerosketaren biktima dela esateko arrazoizko zantzuak daudela frogatzen duena, sexu esplotaziora bideratutako emakumeen salerosketaren kasuetan.

e) Administrazio publiko eskudunaren gizarte eta/edo osasun zerbitzuen ziurtagiria eta/edo txostena.

f) Administrazio publiko eskudunaren harrera zerbitzuen ziurtagiria eta/edo txostena.

g) Lan Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren txostena, lan esparruan gertatzen diren sexu jazarpenaren kasuetan eta sexuak eragindakoetan.

h) Legezko izaera duen arau bidez ezarritako beste edozein.

3. Frogarako bide horiek baliagarriak izanen dira, halaber, indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaben biktima izaera frogatzeko, kasua denean.

4. Artikulu honen bigarren idatz-zatiak indarkeria egoera frogatzeko arautzen dituen modalitateetatik, erregelamenduz zehaztuko da indarkeriaren biktima izaera frogatzeko bideak zein diren, beharrezkoak direnean, foru lege honetan aurreikusitako eskubideak eta prestazioak jasotzeko.

5. artikulua. Biziraun duena.

Biziraun dutenak genero indarkeriaren biktimak dira, jasandako indarkeria prozesua gainditzeko oneratze prozesuari ekin diotenak.

6. artikulua. Foru lege honen oinarri diren printzipioak.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko lana printzipio hauen zuzendaritzapean egin behar da:

a) Giza eskubideen errespetua, babesa eta sustapena: emakumeen kontra generoak eragindako indarkeria, borrokatzeko jardun instituzional eta profesionala emakumeen giza eskubideak errespetatu, babestu eta sustatzera bideratuko da.

b) “Arreta egokia” izeneko printzipioa: emakumeen kontrako indarkeriaren aurreko erantzuna erantzukizun instituzionalaren maila guztietara zabalduko da (prebentzioa, babesa, laguntza, biktimentzako erreparazioa eta justiziaren sustapena) eta xedetzat izanen du bermatzea emakumeen eskubideak egiaz gauzatzea.

c) Genero ikuspegia eta bitartekaritzaren berariazko debekua: emakumeen kontrako indarkeriari eman beharreko erantzunerako, oinarrizkoa izanen da ulertzea generoko estereotipoak eta harremanak, haien erroak eta ondorioak. Biktimaren eta erasotzailearen arteko bitartekaritza berariaz dago debekaturik emakumeen kontrako indarkeria kasuetan, aplikatu beharreko oinarrizko araudian xedatuta dagoenez.

d) Diskriminazioaren debekua: erakunde publikoek bermatu eginen dute foru lege honetan aurreikusitako neurriak aplikatuko direla inolako diskriminaziorik gabe, hau da, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak edo beste edozein, jatorri nazionala edo soziala, gutxiengo nazional bateko kide izatea, gaitasun ekonomikoa, sexu joera, genero identitatea, adina, osasun egoera, desgaitasuna, egoera zibila, migratzaile estatusa edo egoitzaren egoera administratiboa edozein izanik ere.

e) Diskriminazio anitzari arreta ematea: erakundeen erantzunak bereziki hartuko ditu kontuan, emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan, diskriminazio faktore erantsiak dituztenak, hala nola adina, klase soziala, nazionalitatea, etnia, desgaitasuna, egoiliar-egoera administratiboa emakume migratzaileen kasuan, edo bestelakoak, emakume sektore zehatz batzuk egoera okerragoan jartzen dituztenak eskubideez baliatzeko garaian.

f) Erantzun integrala eta koordinazioa: erakundeen erantzunak onartzen du emakumeen kontrako indarkeria faktore anitzeko arazoa dela eta biktima diren emakumeen beharrei politika publikoaren esparru desberdin askotatik heldu behar zaiela. Horren ondorioz, erakundeen erantzuna integrala izanen da eta instantzien arteko koordinazioa eta lana sustatuko ditu.

g) Begirunea eta birbiktimizaziorik eza: erakundeen erantzunak bideak ezarriko ditu biktimak begirunez tratatzen direla eta emakumea ez dela bi aldiz biktima bihurtzen ziurtatzeko; bermatuko da neurriak bideratzen direla biziraun dutenen autonomia eta askatasuna lortzera, eta haien behar nagusiei erantzuten zaiela, biktimen seme-alabenak barne.

h) Erantzukizuna: erakunde publikoek prestakuntza prozesuak ezarriko dituzte emakumeak euren eskubideez egiaz balia daitezkeela ziurtatzeko ardura dutenek modu egokian jarduten dutela bermatzeko. Era berean, erantzukizunak eskatuko dira arreta falta dagoenean.

i) Partaidetza: indarkeriaren biktima diren emakumeek eta emakumeen elkarteek, bai eta arlo horretako berariazko problematika duten desgaituen eta bestelako talde ahulen elkarteek ere, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko zerbitzu eta politika publikoen diseinuan eta ebaluazioan parte har dezaten bultzatuko da.

II. TITULUA

Ikerketa

7. artikulua. Ikerketa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuaren bidez, emakumeen kontrako indarkeriaren arrazoi, ezaugarri, hedadura eta ondorioei buruzko azterlanak eta ikerlanak egin eta bultzatuko ditu, bai eta indarkeria horren prebentziorako eta errotik desagertzeko aplikatutako neurrien eraginkortasuna ebaluatu eta hura tratatzeko behar diren bitartekoei buruz ere.

2. Emakumeen kontrako indarkeria eta foru lege honen printzipioak gaitzat dituzten azterlanak, ikerketak eta doktore tesiak egiten laguntzeko neurriak ezarriko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak.

3. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak interesgarritzat jotzen diren azterlan eta ikerketen emaitzaren zabalkundea eginen du. Zabalkunde hori unibertsala eta doakoa izanen da, eta kontuan hartuko du informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera.

8. artikulua. Informazio bilketa eta inkestak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak datu estatistikoen aldizkako informazioa bildu beharko du, honako kategoria hauek zehaztuta: sexua, adina, nazionalitatea, jatorrizko herrialdea, bizitokia, desgaitasunen bat duten pertsonak eta bestelako talde ahulak; horrela, modua egonen da jakin eta aztertzeko, bere eskumenen esparruan, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien arrazoiak, ondorioak eta maiztasuna, bai eta ezarritako neurrien eraginkortasunaren berri ere izateko.

2. Horrez gain, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean arreta eta babeserako baliabideen mapa bat egin eta egunean izan beharko du, zerbitzu guztiak bertan adierazita, bai eta biztanleko eta tokiko banaketa ere, aukera eman dezan identifikatzeko zer traba nagusik eragiten duten ezaugarri zehatz batzuk dituzten emakumeak baliabide edo zerbitzu espezializatuetatik kanpo gelditzeko.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatu eginen du foru lege honetan aurreikusitako zerbitzuak eta baliabideak kudeatzen dituzten entitateek aldizka gogobetetze inkestak egin ditzatela bertara jotzen duten emakumeekin, eta emakumeen autonomia eta ahalduntzea lortzeko esku-hartzea ebaluatzeko adierazleak ezarri eta biltzen dituztela. Inkesta horien emaitzak argitara emanen dira eta zerbitzuak eta baliabideak ebaluatzeko tresnetako bat izanen dira.

III. TITULUA

Prebentzioa eta sentsibilizazioa

9. artikulua. Xedea eta esparrua.

1. Prebentzio neurriak portaera soziokulturalak aldatzera bideratuko dira, emakumeen gutxiagotasunaren ideian edo emakumeen eta gizonen zeregin estereotipatuetan oinarritutako aurreiritziak, ohiturak, usadioak eta beste edozein praktika errotik desagerrarazteko xedeaz, eta emakumeen ahalduntzea lortzea umetatik hasita, hezkuntza formalaren eta ez formalaren bidez.

2. Horretarako, prebentzio neurriak hartuko dira hezkuntzaren esparruan eta sentsibilizazio eta informazio neurriak emakume eta gizonentzat, genero indarkeriaren arloko estatuko oinarrizko araudian eta hezkuntza arlokoan aurreikusitakoari jarraikiz.

10. artikulua. Prebentzio neurriak hezkuntzaren esparruan.

1. Emakumeen kontrako indarkeriaren prebentziorako, Foru Komunitateko Administrazioak, bere eskumenen barruan:

a) hezkuntza maila desberdinetako curriculumetan behar diren edukiak txertatuko ditu, giza eskubideen errespetuan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako heziketa lortzeko.

b) Emakumeen eta gizonen esperientzia, gaitasunak eta ekarpen soziala eta kulturala berdin balora daitezela sustatuko du, estereotiporik eta diskriminaziozko jarrerarik gabe.

c) Mendekotasunean, kontrolean eta indarkerian oinarritzen diren harremanak sortzen dituzten estereotipoei aurka egiteko hezkuntza neurriak garatuko ditu.

d) Protokoloak eginen ditu hezkuntzaren esparruan emakumeen kontrako indarkeria, nerabeen eta gazteen artean gertatzen dena, identifikatzeko eta horri erantzuteko.

e) Heziketa afektibo-sexuala eta genero indarkeriaren prebentzioa irakasgaia garatuko du hezkuntza-maila guztietan, eta hezkidetza plan bat taxutuko du, ikastetxe guztietan ezinbestean garatu beharko dena.

2. Hezkuntza administrazioak finantzabide egokiak jarriz eta irakasleei laguntza emanez bermatuko du Foru Komunitateko ikastetxe guztietan gauzatzea artikulu honetan deskribatutako neurriak.

11. artikulua. Irakasleen eta hezkuntzaren arloko profesionalen hastapeneko eta etengabeko prestakuntza.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lagunduko du hezkuntza arloko profesionalek prestakuntza berariazkoa eta etengabea izan dezaten emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioaren gaietan.

12. artikulua. Hezkuntza curriculumak eta materialak.

1. Hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuak bermatuko du hezkuntza maila guztietako curriculuma osatzen duten edukiak eta prozedurak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta giza eskubideen errespetuaren sustatzaile izan daitezen.

2. Hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuak hezkuntza ikuskapenaren zerbitzuaren bitartez gainbegiratuko du hezkuntza materialak eta testuliburuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta giza eskubideen errespetuaren sustatzaile izan daitezen.

3. Hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuak proiektu eta material didaktiko eguneratuak egin eta zabalduko ditu, hezkuntza maila guztietarako, jokabiderako ildoak emanez, diskriminazioaren prebentzioa lantzeko, praktika eta jokaera sexistak gainditzeko, indarkeriarik gabeko maskulinitate ereduak eta harreman pertsonal eta afektibo libre, berdintasunezko eta bortxarik gabekoenak emateko.

13. artikulua. Hezkuntza plan eta proiektuetako jarraibideak.

1. Hezkuntza Administrazioak aholkularitza berariazkoa emanen du hezkuntza arloko berdintasunari eta generoko diskriminaziorik ezari buruz, euskarria izan dadin ikastetxeen orientazio lanerako eta irakasleentzako laguntza zentroetarako.

2. Hezkuntza maila guztietako tutoretza-lanerako planetan atal bereziak ezarriko dira emakumeen kontrako indarkeriaren arrazoiei buruz hausnartzeko, bai eta ikasketa eta lanbideetarako orientazioa ere, pertsonen gaitasunetan eta trebetasunetan oinarritua, eta ez sexuan.

3. Ikastetxeek egindako proiektuetan jokabideetarako ildoak txertatuko dira, honakoak sustatuko dituztenak: pertsona guztien gorputzari begirunea izateko jarrerak, autoestimua, norberaren segurtasuna, eta errespetuzko eta indarkeriarik gabeko giza harremanetarako gaitasuna eskuratzea. Horretarako, hezkuntza arloko eskumena duen departamentuaren aholkularitza izan dezakete.

4. Hezkuntza administrazioak bultzatuko du berariazko proiektuak egitea ikastetxeetan, pertsonen garapen integralari lagunduko dioten jarrerak, balioak eta gaitasunak ziurtatu eta sustatuko dituztenak.

5. Ikastetxeetako barne arauetan berariaz azaldu beharko dira balio hauetan oinarritutako bizikidetza arauak: errespetuan, berdintasunean, portaera sexisten bazterketan, giza harremanetatik indarkeria mota oro desagertzean eta, beraz, sexu indarkeriazko portaeren erabateko gaitzespenean. Portaera horietarako zuzenketa edo zehapen neurriak ere berariaz azaldu beharko dira.

6. Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak zainduko du foru lege honetan emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna sustatzeko ezarritako betebeharrak bete eta aplikatzen direla, gai horri buruzko araudian xedatzen den moduan.

14. artikulua. Nafarroako Eskola Kontseiluaren txostena.

Nafarroako Eskola Kontseiluak, Nafarroako hezkuntza sistemari buruz urtero egiten duen txostenean informazioa ere jasoko du, foru lege honek hezkuntza arlorako aurreikusten dituen neurrien garapenari buruz, edo txosten berariazkoa eginen du.

15. artikulua. Eskolatzea, emakumeen kontrako indarkeria kasuetan.

1. Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuak berehala eskolatuko ditu emakumeen kontrako indarkeria egoerak direla-eta ikastetxea aldatu behar duten haurrak, eta behar diren kautelazko neurriak hartu ahal izanen dira aldaketa hori benetan berehala egin dadin. Kasu horietan ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Eskolatze Batzorde Orokorrak edo eginkizun horiek antzeko izaeraz betetzen dituen organismoak aldez aurretik onarpena ematea.

2. Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuak erraztuko du ikastetxeek arreta berezia ematea ikasle horiei, eta haien eskubideei lehentasuna emanen diete erasotzailearen eskubideen gainetik, horrelako egoera bat gertatuz gero ikastetxeko elkarbizitzan.

16. artikulua. Prestakuntza unibertsitateetan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sustatuko du, bere eskumenen esparruan, indarkeria mota hau ulertzeko edukiak txerta daitezen emakumeen kontrako indarkeriarekin lotura zuzena duten lanbideetan aritzeko gaikuntza ematen duten unibertsitate tituluetarako ikasketa guztietan, prebentzioan, kasuen detekzio goiztiarrean, esku-hartzean eta/edo biktima diren emakumeei laguntzen trebatzeko.

17. artikulua. Sentsibilizazio sozialerako eta informaziorako neurriak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta toki entitateek sentsibilizaziorako kanpaina instituzionalak eginen dituzte, emakumeen kontrako diskriminazio eta indarkeriaren gaitzespen soziala sustatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiteko. Horretarako, behar diren bitarteko guztiak erabiliko dituzte populazio osoari helarazteko mezu horiek, eta, bereziki landaguneetako emakumeei, gazteei eta gizonezkoei, diskriminazioa eta indarkeria dakartzaten jarrerak alda daitezen.

Kanpaina horiek isla berezia izanen dute hedabide publikoetan, ikastetxeetan, eta gizarte, osasun, lan, kultura eta kirol zentroetan.

2. Horrekin batera, informaziorako kanpainak eta ekintzak eginen dira, emakumeek behar besteko informazioa izan dezaten haien eskubideez eta dauden baliabideez, eta arreta berezia emanen zaie talde hauei: landaguneetako emakumeak, migratzaileak, ijitoen etniakoak, desgaitasuna edo menpekotasuna dutenak, gizartean baztertuta, arriskuan edo egoera ahulean daudenak eta babes gabezia handiagoa izan daitekeen talde edo esparruak, horien artean, lan esparrua.

18. artikulua. Hedabideen esparruko neurriak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du bere hedabideek ez dezatela eman programazioan emakumeen irudiarekin lotutako irudi edo eduki iraingarririk, edo emakumeen kontrako indarkeriaren testuingurua osatzen duten estereotipo eta aurreiritziak errepikatzen dituenik, aplikaziorako oinarrizko araudian aurreikusitakoarekin bat. Baliabide publikoen diru-laguntzak jasotzen dituzten hedabide pribatuek betebehar horiek bete beharko dituzte, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aukera izanen du, betiere, betebehar hori betetzen dela bermatzeko behar diren ekintza guztiak gauzatzeko.

2. Halaber sustatuko du informazioaren teknologien sektoreak eta hedabideek autoerregulazio arauak egin eta aplikatzea, emakumeen kontrako indarkeria motekin lotutako edukiek tratamendu egokia izan dezaten bermatzeko, indarkeria horren gaitzespen soziala indartzeko, betiere adierazpen askatasuna eta haien independentzia errespetatuz.

19. artikulua. Publizitatearen esparruko neurriak.

1. Foru Komunitatean jarduten duten hedabide sozialetan, tratamenduagatik edo agertzeko moduagatik, emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, arinkeriaz tratatzen edo bultzatzen duten publizitateko edukiak eta iragarkiak egitea eta zabaltzea saihestuko da, bai eta emakumeen duintasuna urratzen duten mezu berariazkoak edo esan gabekoak dituztenak ere, Estatuko oinarrizko arauetan aurreikusitakoarekin bat.

2. Nafarroako Gobernuak epaitegietara jo dezake, emakumeen irudia modu iraingarrian edo diskriminazioaz erabiltzen duen legez kanpoko publizitatea eteteko eskatzeko, Estatuko oinarrizko arauetan aurreikusitakoarekin bat.

IV. TITULUA

Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta

20. artikulua. Indarkeria detektatzeko erantzukizun instituzionala.

1. Nafarroako Foru Komunitateak, batez ere arlo sozialaren eta hezkuntza eta osasun arloen eskumenak dituzten departamentuek, behar diren ekintzak beteko dituzte emakumeen kontrako indarkeria egoerak edo halakoak gertatzeko arriskuak detektatu eta identifikatzeko, edozein eratakoa dela ere.

2. Lan hori betetzeko, tresna tekniko batzuk jarriko dira abian, emakumeen kontrako indarkeria (fisikoa, psikikoa, sexuala, ekonomikoa) identifikatu eta ikusarazteko bide emanen dutenak, are biktimek beraiek indarkeria hori berariaz errekonozitzen ez duten kasuetan ere.

Foru Administrazioak detekzio, jarduketa eta deribaziorako protokolo bereziak prestatuko ditu bere lurralde esparruko toki entitateekin elkarlanean, eta prozesu horietan dituen inplikazioa eta eginkizunak kontuan hartuta. Protokolo horietan ildo batzuk ezarriko dira emakumeen kontrako indarkeria mota desberdinen aurrean lan egiteko.

I. KAPITULUA

Indarkeriaren detekzioa eta arreta osasunaren esparruan

21. artikulua. Osasun arreta jasotzeko eskubidea.

1. Osasun Zerbitzu Publikoak, detekzio eta arretarako baliabide funtsezkoa den aldetik, foru lege honetan jasotzen den edozein indarkeria motaren biktima diren emakumeei ziurtatuko die osasun arreta jasotzeko eskubidea eta haien osasun egoeraren eboluzioaren jarraipena egitekoa, guztiz suspertu artekoa, jasandako indarkeriak eragindako kalteen sintomei dagokienez, edozein dela ere haien administrazio-egoera.

2. Kasu horietan, zerbitzuak indarkeria pairatu edo pairatzen duten emakume guztiei emanen zaizkie, haien pribatutasuna eta intimitatea ziurtatuz, bai eta beren osasun arretari dagokionez haiek hartzen dituzten erabakiak ere.

3. Era berean, neurri bereziak ezarriko dira desgaitasuna, osasun mentaleko arazoak, adikzioak edo bestelako arazoak edo indarkerian jatorria duten edo hari gehitzen zaizkion bestelako adikzioak dituzten emakumeen kontrako indarkeria egoerak detektatzeko eta kasu horietan esku hartzeko eta laguntza emateko.

22. artikulua. Osasun arloko detekzio eta arretarako estrategia.

Foru lege honetan aurreikusitako indarkeria motaren bat jasan duten emakume guztien osasun arretarako eskubidea bermatzeko, Foru Administrazioko osasun arloko organo eskudunak osasun arloko detekzio eta arretarako estrategia bat eginen du emakumeen kontrako indarkeriaren esparruan, honakoak barne hartuta:

a) Gutxieneko estandar batzuk, Foru Komunitate osoan emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzio, detekzio eta arretarako behar diren giza baliabide eta bitarteko materialei dagokienez, zeinak jasoko baitira oinarrizko osasun laguntzaren zerbitzuan, larrialdietan eta osasun mentalekoan, emakumeen kontrako indarkeriari arreta emateko zerbitzuen zorroetan.

b) Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko prestakuntzarako programazio bat, adierazleekin eta bete beharreko helburuekin, biktima diren emakumeei arreta ematen dieten osasun arlo guztietako profesionalen parte-hartzea lortzeko; prestakuntza bideratuko da indarkeria kasuak detektatzera eta biktimekin esku-hartze egokia izatera.

c) Artikulu honetako a) eta b) letrak titulartasun pribatuko osasun zerbitzuetan ere aplikatzekoak izanen dira.

23. artikulua. Laguntza psikologikoa.

1. Osasun arloko laguntza psikologikoa oinarrizko arreta zerbitzutzat hartuko da, zein laguntza mailatan ematen den ere, eta mailen artean mekanismo eta koordinazio bide egokienak sustatuko dira, kaltetutako emakumeentzako arreta azkartzeko, arretarik eta onbideratzerik erabatekoena eta berehalakoena izan dezaten, emakumeekiko begirunea eta haien autonomia bermatuz, eta tratu txarrak jasoko dituzten harremanetan berriz ere sartzea eragotziko dieten bitartekoak emanez.

2. Foru lege honetan aurreikusitako indarkeria motaren bat jasaten duten emakumeei aitortzen zaie emakumeen kontrako indarkeriaren gaietan prestakuntza jaso duten profesionalen laguntza psikologikoa hartzeko eskubidea, horren barne direla hasierako arreta eta jarraipena prozesu terapeutiko osoan.

Esku-hartzea berezia izanen da indarkeria egoera pairaturik osasun mentaleko arazoak dituzten edo gai adiktiboen menpekotasuna duten eta/edo tratamendu psikologiko berariazkoa behar duten bestelako patologiak dituzten emakumeekin.

3. Aitortzen da laguntza psikologikorako eskubidea dutela emakumeen kontrako indarkeria egoerak bizi edo pairatzen dituzten adingabeek eta menpekotasuna duten beste pertsona batzuek, horren barne direla laguntza psikosozialeko neurri bereziak eta haien ezaugarri eta beharretara egokituak.

24. artikulua. Jarduketarako protokoloak eta koordinazioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak detekzio, arreta eta deribaziorako protokoloak prestatuko ditu oinarrizko osasun laguntzako, laguntza espezializatuko eta ospitaleratzeetako osasun esparru guztietan. Protokolo horietan indarkeriaren biktimen detekzio eta arretari buruzko adierazle multzo bat jasoko da, osasun prestazioen gaineko kalitate kontroletan ere sartuko direnak.

2. Protokolo horiek emakumeen kontrako indarkeria garaiz detektatzeko neurriak ezarriko dituzte, bai eta lesioen agiri bateratu eta unibertsala Nafarroako osasun zentro guztietarako, profesionalek nahitaez bete beharrekoa.

Orobat, foru lege honetan aurreikusitako indarkeria jasaten duten emakumeentzako osasun arretan berariaz esku-hartzen duten unitate guztiak koordinatzeko prozedurak zehaztuko dituzte protokoloek, berdintasunaren arloko eskumena duen departamentuarekin elkarlanean.

25. artikulua. Kasuen erregistroa.

Osasun arloko departamentu eskudunak emakumeen kontrako indarkeria kasuen erregistrorako sistema bat ezarriko du, osasun zerbitzuen tipologia zehaztuta; horrela, arazoari neurria hartu ahal izanen zaio, eta aldizka informazioa helaraziko dio berdintasunaren arloko departamentu eskudunari, honakoetan ezarritakoarekin bat: azaroaren 14ko 41/2002 Lege oinarrizkoan, Gaixoaren autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituenean, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan.

26. artikulua. Nafarroako osasun planak eta inkestak.

1. Nafarroako osasun planetan emakumeen kontrako indarkeria jasoko da osasun publikoaren gai gisa, Osasunaren Mundu Erakundeak bere txostenetan adierazi bezala, horren barne direla osasunaren ikuspuntutik gaia aztertzea eta esparru horretan arazoari heltzeko neurriak indartzea.

2. Osasunari buruzko inkestetan emakumeen kontra erabilitako indarkeriari buruzko adierazleak jasoko dira.

II. KAPITULUA

Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta gizarte zerbitzuetan

27. artikulua. Gizarte arreta jasotzeko eskubidea.

1. Gizarte zerbitzuen sistema publikoak, detekziorako eta arretarako baliabide funtsezkoa den aldetik, arreta sozialerako eskubidea bermatuko die foru lege honetan jasotako edozein eratako indarkeriaren biktima diren emakumeei, oneratzeko eta erreparazioa jasotzeko prozesu osoa amaitu eta burutu arte.

2. Kasu horietan, zerbitzuak indarkeria jasan duten edo jasaten duten emakume guztiei emanen zaizkie, haien pribatutasuna eta intimitatea errespetatuz, bai eta haiek beren gizarte arretari dagokionez hartzen dituzten erabakiak ere.

3. Era berean, neurri bereziak ezarriko dira desgaitasuna edo menpekotasuna duten emakumeen edo gizartean baztertuta, arriskuan edo egoera ahulean dauden nahiz indarkeriari erantsitako bestelako problematikak dituzten emakumeen kontrako indarkeria egoerak detektatzeko eta kasu horietan esku hartzeko eta laguntza emateko.

28. artikulua. Gizarte arloko detekzio eta arretarako estrategia.

Emakumeen kontrako indarkeria egoerak jasan dituzten emakume guztien gizarte arretarako eskubidea bermatzeko, Foru Administrazioan gai horren eskumena duen organoak detekzio eta arreta sozialerako estrategia bat eginen du emakumeen kontrako indarkeriaren esparruan, honakoak barne hartuta:

a) Gutxieneko estandar batzuk, Foru Komunitate osoan emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzio, detekzio eta arretarako behar diren giza baliabide eta bitarteko materialei dagokienez.

b) Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko prestakuntzarako programazio bat, adierazleekin eta bete beharreko helburuekin, biktima diren emakumeei arreta ematen dieten gizarte zerbitzuen arloko profesionalen parte-hartzea lortzeko; prestakuntza bideratuko da indarkeria kasuak detektatzera nahiz biktimekiko esku-hartzea egokia izatera.

c) Gizarte zerbitzuen arloko jarduketa eta koordinaziorako protokoloak egitea, indarkeriaren biktimen detekzioari eta arretari buruzko adierazleak jasoko dituztenak.

29. artikulua. Kasuen erregistroa.

Gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak emakumeen kontrako indarkeria kasuen erregistrorako sistema bat ezarriko du, tipologia zehaztuta; horrela, arazoari neurria hartu ahal izanen zaio, eta aldizka informazioa helaraziko dio berdintasunaren arloko departamentu eskudunari, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

30. artikulua. Nafarroako Gizarte Zerbitzuen planak eta inkestak.

1. Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko planetan emakumeen kontrako indarkeria jasoko da babes sozialaren arloko gai gisa, horren barne direla ikuspuntu sozialetik gaia aztertzea eta esparru horretan arazoari heltzeko neurriak indartzea.

2. Gizarte zerbitzuei buruzko inkestetan emakumeen kontra erabilitako indarkeriari buruzko adierazleak jasoko dira.

V. TITULUA

Arretarako eta oneratzeko baliabideak eta zerbitzuak

I. KAPITULUA

Kontzeptua eta printzipioak

31. artikulua. Kontzeptua.

1. Emakumeen kontrako edozein eratako indarkeriatik biziraun duten emakumeek eskubidea dute arreta integrala jasotzeko, zeharo oneratzea lortzeko. Arreta integralak honakoak hartzen ditu:

a) Emakumeei informazioa eta orientazioa ematea haien eskubideei eta dauden baliabideei buruz.

b) Osasun fisikoari eta mentalari arreta ematea, indarkeriaren ondorioak arintzeko modua den aldetik.

c) Behar ekonomikoei, lan, etxebizitza eta hezkuntza arloetakoei eta sozialei erantzuna ematea.

d) Aldi baterako ostatu segurua izan beharrari erantzuna ematea, bidezkoa denean.

2. Titulu honetan ezarritako neurriez baliatu ahal izanen dira, emakumeen kontrako edozein eratako indarkeriatik biziraun duten emakume adindun nahiz adingabeak ez ezik, haien guraso-ahalaren, zaintzaren edo tutoretzaren menpe dauden pertsona adingabeak edo, kasua bada, biktima den emakumearekin bizi diren eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsona adindunak.

32. artikulua. Arreta Integralaren Sarea arautzen duten printzipioak.

Arreta Integralaren Sareko printzipioak hauexek dira:

1. Helburua. Arreta Integralaren Sarea osatzen duten zentroen eta zerbitzuen xede nagusia emakumeei laguntza ematea da, oneratu, ahaldundu eta autonomia osoa eskuratzeko prozesuan.

2. Genero ikuspegia. Nafarroako Foru Administrazioak bermatuko du, berdintasunaren arloko departamentu eskudunaren bitartez, arreta integralaren baliabideak osatzen dituzten zentro eta zerbitzu guztietan genero ikuspegitik eginen dela lan.

3. Diziplinartekotasuna eta espezializazioa. Nafarroako Foru Administrazioak bermatuko du baliabideetako talde profesionalak diziplinartekoak izanen direla eta beharrezkoa den espezializazioa izanen dutela emakumeen kontrako indarkeriaren tipologia desberdinetan esku hartu ahal izateko (indarkeria bikotean/bikote ohian; sexu-indarkeria, emakumeen salerosketa), mota bakoitzaren ezaugarri bereziak kontuan hartuta.

4. Koordinazioa eta sareko lana. Nafarroako Foru Administrazioak bermatuko du indarkeria kasuetatik biziraun duten emakumeekin lan egiten duten baliabideetako profesionalen taldeek koordinatuta lan eginen dutela.

5. Informazioaren eta arretaren eskuragarritasuna. Biziraun duten emakumeek eskubidea dute informazio osoa eta euren egoera pertsonalaren araberako aholkularitza izateko, administrazio publikoek izan ditzaketen baliabide, antolakunde edo bulegoen bidez.

6. Ebaluazioa Zerbitzu hori ematen duen erakundeak profesionalen lana ebaluatzeko sistema bat izanen du, biziraun duten emakumeek jaso duten arretarekin duten gogobetetasun-maila islatzeko bide eskuragarri bat barne.

II. KAPITULUA

Arretarako eta Oneratzeko Sareko baliabideen eta zerbitzuen katalogoa

I. atala

Definizioa

33. artikulua. Definizioa eta egitura.

1. Arretarako eta Oneratzeko Sarea doako baliabide eta zerbitzu publikoen multzo koordinatua da, xedetzat duena 31. artikuluan aurreikusten diren jarduketak betetzea, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean.

2. Arretarako eta Oneratzeko Sarea honako baliabide eta zerbitzuek osatuko dute:

a) Informazioa eta arreta emateko baliabide orokorrak:

i) Informaziorako eta larrialdietarako telefonoa.

ii) Informaziorako eta lehen arreta emateko zerbitzuak.

b) Oneratzeko eta arreta espezializatua emateko zerbitzuak:

i) Arreta eta oneratze psikosozial integrala.

ii) Haurrentzako arreta psikologikoa.

iii) Sexu-indarkeriaren biktimentzako oneratzea.

iv) Giza-salerosketaren biktimentzako arreta integrala.

c) Harrerarako eta aldi baterako ostatu segurua emateko sarea:

i) Larrialdietako zentroa.

ii) Harrerarako baliabideak.

iii) Egoitza-etxebizitzak.

3. Erregelamendu bidez ezarriko dira zerbitzuen erregulazioa eta antolaketa, eta bermatuko dute baliabideak irizpide hauen arabera kudeatuko direla: baliabiderik badagoen, haien irisgarritasuna eta kalitatea. Edozein kasutan ere, baliabideen kopurua herriz herri eta haien lurralde-banaketaren arabera zehaztuko da, banaketa orekatua ziurtatuz eta landa inguruneko eta bestelako eskualde urrunetako emakumeei ere haietaz baliatzeko aukera ematen zaiela bermatuz.

II. atala

Informazioa eta arreta emateko baliabide orokorrak

34. artikulua. i) Informaziorako eta larrialdietarako telefonoa.

1. Informaziorako telefonoak laguntza emanen die emakumeen kontrako edozein eratako indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haiek ardurapean dituzten pertsona adingabeei. Zerbitzua eguneko 24 orduetan emanen da profesionalen talde batek artaturiko telefono baten bidez. Profesional horiek emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutako gai juridiko, psikologiko eta sozialetan espezializatuta egonen dira.

2. Larrialdietarako telefonoaren zerbitzua telefono bidezko arretarako taldeak emanen du; talde horrek kasu zehatz bakoitzaren inguruabarren arabera behar diren arreta-, laguntza- eta harrera-baliabideak abian jarriko ditu, biktimei babesa eta laguntza berehalakoan emateko.

35. artikulua. Informazioa eta lehen arreta emateko zerbitzuak.

1. Nafarroako Foru Komunitateak informazioa eta lehen uneko arreta bermatuko dizkie emakumeen kontrako edozein eratako indarkeriaren biktima diren emakumeei, modu honetan:

a) Lehen uneko arreta emanen die, informazioa emanez gai hauei buruz: laguntza ekonomikoak eta baliabide sozialak, orientazioa, zerbitzu juridikoa eta, beharrezkoa bada, beste zerbitzu batzuetarako deribazioa.

b) Informazio, laguntza eta arreta psikologikoko zerbitzua emanen du, etengabeko guardia lokalizatuaren araubidean.

2. Zerbitzuak emanen dituzten profesionalek prestakuntza egokia izanen dute emakumeen kontrako indarkeriaren arloan eta genero ikuspegiarekin lan egitearen arloan.

III. atala

Oneratzeko eta arreta espezializatua emateko zerbitzuak

36. artikulua. Arreta eta oneratze psikosozial integrala.

1. Lehen uneko arreta eman ondoren, oneratze integralerako zerbitzuen bidez bermatuko da emakumeen kontrako indarkeria kasuetatik biziraun duten emakumeen oneratzea.

2. Zerbitzu horiek diziplinarteko taldeen ardura izanen dira, behar diren prestakuntza eta esperientzia dituztenak, eta emakumeei aholkularitza juridikoa, arreta psikologikorako zerbitzua, esku-hartze soziala eta lan arloko orientazioa emanen diete.

3. Zerbitzu horietaz baliatzeko prozedurak erregelamenduz zehaztuko dira. Edozein kasutan ere, haietaz baliatzera iritsi ahal izateko bide desberdinak aurreikusiko dira, emandako baliabideek haien premia duten emakume guztiei arreta emateko.

4. Baliabideak erabili ahal izateko ez da beharrezkoa izanen erasotzailearen kontrako inolako salaketarik aurkeztea.

5. Emakumeen kontrako indarkeria motaren bat jasaten duten eta zenbait arrazoirengatik egoera ahulagoan dauden emakumeek (adikzioak, gaixotasun mentalak, desgaitasuna, menpekotasuna eta gizarte bazterkeria edo arrisku egoerak) bermatua izanen dute beren beharrei erantzunen dien arreta integrala.

37. artikulua. Haurrentzako arreta psikologikoa.

Nafarroako Foru komunitateko Administrazioak arreta psikologiko espezializatua bermatuko du indarkeriazko inguruneetan bizi izan diren haurrak oneratzeko.

38. artikulua. Sexu-indarkeriaren biktimentzako oneratzea.

1. Foru Administrazioak baliabide espezializatuak izanen ditu, sexu-indarkeriatik (sexu-jazarpena barne) biziraun duten emakumeak behar bezala oneratzen direla bermatzeko. Zerbitzu horiek 24 orduko telefonoa izan beharko dute informazioa emateko, bai eta goiz eta arratsaldeko ordutegia duen zerbitzu bat ere, biktimei eta ahaideei arreta pertsonalizatua eskaintzekoa.

2. Zerbitzu horiek laguntza psikologiko eta sozialaren, orientazioaren eta akonpainamendu juridikoaren bidez emanen dira. Osasun- eta polizia-zerbitzuekin koordinazioa ezarriko da, arretaren eta justizia-bilaketaren prozesua emakumeei ahalik eta traumarik txikiena sortzeko modukoa izatea ziurtatzeko.

39. artikulua. Emakume-salerosketaren biktimentzako arreta integrala.

Emakume-salerosketaren biktimentzako arreta integralean sartuko dira, gutxienez ere, laguntza psikologikoa, arreta juridikoa, tratamendu medikoa eta hainbat neurri, biziraupena ziurtatzekoak eta aholkularitza nork bere hizkuntzan jasotzea bermatzekoak.

40. artikulua. Detekzioa eta arreta, emakumeen genitalen mutilazioari eta ezkontza behartuei dagokienez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduera-protokoloak ezarriko ditu, emakumeen genitalen mutilazioaren eta ezkontza behartuen kasuak detektatzeko eta arreta emateko; horretarako, horrelakoetan esku hartzen duten profesionalei beharrezkoa den berariazko prestakuntza emanen zaie.

41. artikulua. Familia elkartzeko guneak.

1. Familia elkartzeko gunearen zerbitzua emakumeen kontrako indarkeria kasuez arduratuko da babes poliziala edo judiziala emateko neurri bat ezarri denean eta epaitegietatik hala erabakitzen denean.

2. Familia elkartzeko guneetako profesionalen taldeak generoaren arloan prestakuntza daukala frogatu beharko du, emakumeen kontrako indarkeria kasuetan esku hartu ahal izateko. Era berean, jardun profesionalean ezin dute bitartekaritza prozesurik garatu, baldin eta frogatzen bada bikotearen edo familiaren esparruan emakumeen kontrako edozein indarkeria-mota izan dela, aplikatzekoa den oinarrizko estatu-legerian ezarritakoarekin bat.

42. artikulua. Adingabeen babeserako entitate publikoaren jarduna.

1. Emakumeen kontrako indarkeria kasu batean, adingabe batentzako arrisku egoera bat edo babes gabezia egon daitekeela ikusiz gero, adingabeen babesaren arloan eskuduna den entitate publikoari jakinaraziko zaio, komeni diren babes neurriak har ditzan.

2. Indarkeriaren biktima batek adingabearen guraso-ahala, tutoretza, zaintza edo harreran hartua baldin badu, botere publikoek bermatu beharko dute premiazkoa den laguntza emanen dutela adingabea, adina edozein dela ere, harekin egon dadin, eta adingabeari babesa, arreta espezializatua eta oneratzeko bitartekoak emanen dizkiote.

3. Adingabeen babesaz arduratzen diren profesionalen taldeek prestakuntza egokia jasoko dute, emakumeen kontrako indarkeriaren kasuetan esku hartzeko beharrezkoa dena barne, haurren egoera baloratu ahal izan dezaten, haien interes nagusian oinarrituta eta foru lege honetan jasotako printzipioei jarraikiz.

IV. atala

Harrerarako eta aldi baterako ostatu segurua emateko sarea

43. artikulua. Helburua eta egitura.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du, harrerarako eta aldi baterako ostatu segurua emateko sarearen bidez, biziraun izanik arriskuan dauden emakumeek segurtasunez eta konfidentzialtasunez beharrezkoa duten arreta integrala emanen dien baliabide bat izan dezaten.

2. Harrerarako eta aldi baterako ostatu segurua emateko sareak erantzuna eman beharko die emakumeen kontrako edozein eratako indarkeriatik biziraun duten emakumeei.

Zentro horiek bermatu beharko dute profesionalak izanen direla bertan, eguneko hogeita lau orduetan lanean, harreran hartutako emakumeei eta adingabeei behar den akonpainamendua ematen.

3. Emakume-salerosketatik biziraun duten emakumeek segurtasun eta arreta behar bereziak dituztenez, segurtasuna eta oneratzea ziurtatzeko moduko zentroetan emanen zaie arreta.

4. Biziraun duten emakume horiek bestelako arazo erantsiak dituztenean, adikzioak edo eritasun mentalak, kasu, behar berezi horiei erantzun egokia emateko moduko baldintzak dituzten zentroetan emanen zaie arreta, horretarako beharrezkoak diren baliabideak koordinatuz.

44. artikulua. Larrialdietako zentroa.

1. Larrialdietako zentroak zerbitzu espezializatuak dira, indarkeria egoeran dauden edo egon diren emakumeei, bai eta haiekin bizi diren eta ekonomikoki haien ardurapean dauden seme-alabei ere, aldi baterako harrera emateko, epe labur batez, haien segurtasun pertsonala bermatzeko. Orobat, krisi egoerari aterabidea emateko baliabide pertsonal eta sozialak eman beharko dituzte.

2. Larrialdietako zentroek eguneko hogeita lau orduetan emanen dute zerbitzua, urteko egun guztietan. Zerbitzu hauetako egonaldiaren iraupena baliabide egonkorrak abian jartzeko ezinbesteko gutxienekoa izanen da; gehienez ere hilabetekoa, betiere.

3. Baliabide horiek erabiltzeko ez da beharrezkoa izanen erasotzailearen kontrako inolako salaketarik aurkeztea.

4. Zentro hauek bete beharko dituzten arau eta baldintza bereziak erregelamenduz ezarriko dira. Arau horiek, nolanahi ere, foru lege honen oinarri diren printzipioen eta 30. artikuluan ezarritakoen araberakoak izanen dira.

45. artikulua. Harrerarako baliabideak.

1. Harrerarako baliabideak egonaldi ertainetarako lojamendu seguruak dira, emakumeen kontrako indarkeria egoerak pairatu dituzten emakumeak oneratzeko, indarkeriak eragindako arrisku egoerarengatik haientzat eta ardurapean dituzten adingabeentzat babesgune bat behar dutenean.

2. Diziplinarteko taldeak arduratuko dira harrerarako baliabideez, eta arreta emateko eta/edo oneratzeko tratamendu integrala ziurtatuko dute, bere baitan hartuta alderdi psikologikoak, soziolaboralak eta juridikoak; horrez gain, emakumeei lagunduko die ahalduntzen eta autonomia osoa eskuratzen, eta haiekin bizirik ekonomikoki haien ardurapean dauden seme-alabei egoera horretatik oneratzen.

3. Baliabide horiek erabiltzeko ez da beharrezkoa izanen erasotzailearen kontrako inolako salaketarik aurkeztea.

4. Harrerarako baliabideek bete beharko dituzten arau eta baldintza bereziak erregelamenduz ezarriko dira. Arau horiek, nolanahi ere, foru lege honen oinarri diren printzipioen eta 30. artikuluan ezarritakoen araberakoak izanen dira.

46. artikulua. Egoitza-etxebizitzak.

Egoitza-etxebizitzak etxebizitza normalizatuan arreta integrala emateko baliabidea dira, eta haien helburua da oneratzen hasi diren emakumeen beharrei laguntzea, etxebizitza, akonpainamendua eta arreta integrala emanez biziraun duten emakumeei gizarteratzeko eta autonomia osoa eskuratzeko prozesuan.

47. artikulua. Emakume-salerosketaren biktima izan direnentzako harrera zerbitzua.

1. Nafarroako Foru Administrazioak harrerarako zerbitzu bat jarriko du, gutxienez, emakume-salerosketa egoeratik biziraun duten emakumeentzat, arreta soziala, juridikoa, lan arlokoa eta psikologikoa bermatuko diena.

2. Zerbitzuaz arduratuko den taldeak frogatu beharko du prestakuntza eta esperientzia dauzkala emakumeen salerosketaren arloan lan egiteko, foru lege honen oinarri diren printzipioekin eta giza salerosketaren kontrako Europako Hitzarmenarekin bat.

VI. TITULUA

Laneratzearen eta autonomia ekonomikoaren sustapena eta etxebizitza eskuratzea

I. KAPITULUA

Laneratzea sustatzeko neurriak

48. artikulua. Laneratzea sustatzea.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntzako eta enpleguko programa mistoei laguntzeko, kontratazioa sustatzeko, ekonomia soziala bultzatzeko edo autonomo gisa jartzeko onesten dituen diru-laguntzen deialdi guztietan lehentasuna emanen zaie emakumeen aurkako indarkeria motaren baten biktima diren emakumeei, dela kontratazioa eskuratzean, dela diruz laguntzen den kopuruan, dela bi alderdi horietan.

Idatz-zati honetan aipatzen diren laneratzea sustatzeko neurriak aplikatzeko lehentasunak jartzerakoan, indarkeriaren biktima diren emakume guztiak hartuko dira kontuan, edozein dela ere haien administrazio-egoera.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, emakumeek izaera horrekin behar dute inskribaturik egon Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroetan.

3. Emakumeak laneratze aldera, emakumeen aurkako edozein eratako indarkeriatik biziraun duten emakumezko biktimei lana eta familia batera eramateko laguntza emanen zaie, ahal bada.

II. KAPITULUA

Biziraun duten emakumeen lan eskubideak

49. artikulua. Emakumezko langile publikoen eskubideak.

1. Emakumeen aurkako indarkeriaren egoera batetik biziraun duten emakumezko langileek eskubidea izanen dute lanorduak murriztu edo berrantolatzeko, beste herri batean lan egiteko, beste lantoki batera aldatzeko, lan harremana eteteko -lanpostua gordeta- eta lan kontratua amaitzeko, Langileen Estatutuan eta aplikatu behar den lan arloko araudian finkatutako moduan.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko lan-kontratudunak ez diren emakumezko langile publikoek, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak badira, eskubidea izanen dute bere lanorduak murriztu edo berrantolatzeko, beste lantoki batera aldatzeko eta eszedentzia eskatzeko, berariazko legedian finkatutako moduan.

III. KAPITULUA

Laguntza ekonomikoak

50. artikulua. Informazioa.

Nafarroako Foru Administrazioak informazioa emanen die indarkeriaren biktimaren izaera frogatua duten emakumeei, administrazio publikoek ematen dituzten laguntza ekonomikoei buruz.

51. artikulua. Larrialdiko laguntzak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berariazko kontu-sail ekonomiko bat sortuko du larrialdiko laguntzak emateko; horren xedea izanen da berehalakoan aurre egitea emakumeen aurkako indarkeria egoera baten biktima izan diren emakumeen gizarte larrialdiei, baliabide ekonomikorik ez badute edo laguntza behar badute, gizarte zerbitzuetan, talde espezializatuetan, abegi-etxeetan eta larrialdi zerbitzu edo zentroetan artatu dituzten langileen irizpide profesionalaren arabera.

2. Erregelamendu bidez ezarriko dira laguntza horien motak, zenbatekoak eta kudeaketa-araubidea.

52. artikulua. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako laguntzak, baliabide ekonomiko askirik ez dutela eta lana lortzeko zailtasun bereziak dituztela frogatzen dutenean.

1. Nafarroako Gobernuak prozedura laburtu bat ezarriko du laguntza hori tramitatu, eman eta ordaintzeko, aplikatu behar den oinarrizko estatu-legedian finkatutako arauekin bat.

2. Horretarako, prestazioa jasotzeko eskubidea hilabeteko epean aitortuko da, gehienez ere, laguntzaz ebazteko eskudun den organoaren erregistroan interesdunaren eskabidea sartzen denetik.

53. artikulua. Eskola-laguntzak.

Hezkuntza Administrazioak faktore kualifikatutzat hartuko du familia barneko indarkeria baliabide ekonomiko urriko familientzako balizko laguntzak arautzean, bereziki eskolako eta jantokiko gastuetarako eta eskolaz kanpoko jardueretarako.

54. artikulua. Gizarteratze-errenta.

1. Erregelamenduz prozedura laburtu bat ezarriko da indarkeriaren biktima diren emakumeentzako gizarteratze-errenta izapidetu, eman eta ordaintzeko, edozein dela ere haien administrazio-egoera.

2. Horretarako, prestazioa jasotzeko eskubidea hilabeteko epean aitortuko da, gehienez ere, laguntzaz ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan interesdunaren eskabidea sartzen denetik.

55. artikulua. Beste laguntza batzuk.

Aurreko artikuluetan ezarritako laguntzez gain, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beste prestazio ekonomiko berariazko batzuk ezartzen ahal ditu, erregelamenduz, aurrekoekin bateragarriak direnak, edo dauden prestazioak jasotzeko baldintzak aldatzen, indarkeriatik biziraun duten emakumeen oneratzea bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Etxebizitza eskuratzea

56. artikulua. Etxebizitza eskuratzeko neurriak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak neurriak sustatu behar ditu emakumeen aurkako edozein indarkeria mota jasaten duten emakumeek etxebizitza bat eskura dezaten errazteko, betiere indarkeriaren ondorioz eskasia ekonomikoa badute edo etxebizitza lortzea beharrezkoa denean emakumea oneratzeko.

2. Babestutako etxebizitzen multzo bat (erosketan eta alokairuan) erreserbatuko da, bai eta etxebizitzak eskuratzeko berariazko laguntza-sistema bat ezarri ere, emakumezko biktimentzat, sektorean aplikatu behar den legedian finkatutako baldintzetan.

3. Emakumeen aurkako indarkeriaren egoera baten biktimek, abegi-etxeak eta/edo egoitza-etxebizitzak utzi ondoren, bertako egonaldia amaituta, laguntza ekonomikoak jasotzeko eskubidea izanen dute ohiko bizilekua eta etxeko oinarrizko ekipamendua izatea bermatzeko, betiere baliabide ekonomikorik ez badute.

Horretarako, prestazioa jasotzeko eskubidea hilabeteko epean aitortuko da, gehienez ere, interesdunaren eskabidea laguntzaz ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik.

VII. TITULUA

Poliziaren arreta eta babes eraginkorra

57. artikulua. Eskubidearen edukia eta xedea.

1. Arau honetan aurreikusitako indarkeria egoeraren bat jasaten duten emakumeek eskubidea dute poliziaren arreta eta babesa jasotzeko. Nafarroako administrazio publikoek emanen dute zerbitzu hori, eginkizun hauekin:

a) Berehalako eta kalitatezko laguntza, salaketa jartzera bideratua.

b) Salatutako egintzen ikerketa sakona.

c) Poliziaren babes eraginkorra arrisku egoeretan.

2. Nafarroako administrazio publikoek Foruzaingoaren eta udaltzaingoen bidez bermatuko dute eskubide hori. Foruzainek eta udaltzainek, Estatuko segurtasun indar eta kidegoen laguntza koordinatuarekin, laguntza espezializatua emanen diete foru lege honetan jasotako indarkeria motaren baten biktima diren emakumezkoei.

Aplikatzekoa den oinarrizko estatu-legerian xedatuarekin bat, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak koordinazio eta lankidetza hitzarmenak edo protokoloak sinatu beharko dituzte, baita Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek ere, polizien jarduketak koordinatzearren indarkeriaren biktimei laguntza eta babes eraginkorra ematearen arloan, hirietan zein landa-ingurunean.

3. Poliziek emakumezko biktimei ematen dieten laguntza espezializatuak jarduera hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ahal den neurririk handienean, poliziaren erantzuna sentibera, kalitatezkoa, azkarra eta eraginkorra izanen da, eta saihestuko dira biktimizazioa larriagotzen duten jarduketak eta esku-hartzeen bikoiztea edo errepikatzea.

b) Informazio argia eta ulergarria ematea emakumeei haien eskubideez eta horietaz baliatzeko bideez.

c) Ahal den neurrian, berehalako laguntza eta babes egoki eta eraginkorra ematea biktimei arrisku egoeretan.

d) Koordinazioa eta lankidetza bermatzea polizien eta laguntza juridiko, sozial eta psikologikoko baliabideen artean.

58. artikulua. Espezializazioa eta poliziaren jarduerarako protokoloak.

1. Poliziaren arreta zerbitzuak baliabide espezializatuak dira, eta bermatzen dute genero-indarkeriako egoeraren batean dauden emakumeek eta haien menpeko seme-alabek laguntza espezializatua, babesa eta indarkeria horrekiko segurtasuna jasotzeko daukaten eskubidea.

2. Foru Administrazioak bermatuko du Nafarroako Foruzaingoak hasierako eta etengabeko prestakuntza egokia jasotzen duela emakumeen aurkako indarkeriaren arloan, eta prestakuntza eta trebakuntza berariazkoak eta etengabekoak jasotzen dituela indarkeria horren prebentziorako eta hura jasaten duten emakumeei laguntza eta babesa emateko.

Etengabeko prestakuntzako ikastaroak antolatuko dira Foruzaingoko unitate espezializatuarentzat ez ezik Foruzaingoko eta udaltzaingoetako gainerako unitate guztientzat ere, baldin eta zereginik izan badezakete indarkeria jasan duten emakumeei dagokienez.

3. Jasotako prestakuntza hartuko da kontuan biziraun duten emakumeekin zuzenean lan egin behar duten foruzainen hautaketan.

4. Foruzaingoak lana ebaluatzeko sistema bat izanen du, emakumezko biktimek jasotako laguntzari buruzko gogobetetasuna islatzeko bide erraz bat barne.

5. Foruzainek emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntza eta babesa ematean bete beharko dituzten protokoloak ezarriko dira.

6. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin koordinaturik, Foru Komunitateko Administrazioak bultzatuko du Nafarroako Foru Komunitateko udaltzaingoek prestakuntza jaso eta protokoloak egin ditzaten emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntzeko.

7. Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzarekin edo toki entitateekin sinatzen dituen koordinazio eta lankidetza hitzarmen edo protokoloetan bermatuko da Estatuko segurtasun indar eta kidegoek Nafarroako Foru Komunitatean ematen duten zerbitzua eta Foruzaingoarekin lankidetzan diharduten udaltzaingoena behar bezalako kalitatezkoa dela.

Protokoloek bermatuko dute Nafarroako emakumezko biktimak babes sistema nazionaletan sartuak direla eta Foruzaingoak eta udaltzaingoek sistema hori erabiltzen dutela, bidezko denean.

59. artikulua. Arretarako guneen kalitatea.

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntza emateko polizia-bulegoek eta bestelako guneek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Indarkeriaren emakumezko biktimak eta lekukoak hartzeko eta horiei laguntza emateko espazio fisiko bereiziak diseinatuko dira polizia etxeetan, bigarren mailako biktimizaziorik ez gertatzeko.

b) Itxarongelak, salaketak jartzeko tokiak eta poliziaren beste edozein motatako esku-hartze edo jarduketarako lekuak bereizi egin beharko dira, eta egoera bakoitzeko beharrizan berezietara moldatu, uneoro konfidentzialtasuna bermatzeko eta biktima eta erasotzailea elkarrengandik erabat aldenduta egotea ahalbidetzeko.

c) Toki bereziak diseinatuko dira emakumeekin doazen adingabeentzat.

d) Biktimak eta haiekin doazen adingabeak tokiz mugitu behar direnean, horretarako egokiak diren ibilgailuak erabiliko dira.

60. artikulua. Ikerketa poliziala.

1. Foru Komunitateko Administrazioak Foruzaingoaren esku jarri beharko ditu ikertzeko baliabide erabilgarri guztiak, teknika aurreratuenak barne, emakumeen aurkako indarkeria izan daitezkeen egintzak egiaztatu eta frogatzeko, betiere biktimen osotasuna eta intimitatea babestuz.

2. Aldian behin Foruzaingoaren protokoloak eguneratuko dira emakumeen aurkako indarkeriaren ikerketaren arloan, egintza horiek argitzeko polizia-teknikak eta -jarduketak hobetzeko.

61. artikulua. Babes eraginkorra.

1. Zerbitzu publikoen txostenak eta salaketa aurkezten duten emakumeen informazioa abiapuntutzat harturik, Foruzaingoak edo Estatuko segurtasun indar eta kidegoek arrisku egoera baloratuko dute, protokolo bidez zehaztuta dagoenari jarraituz. Balorazio horretan oinarriturik, eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoekin eta udaltzaingoekin koordinaturik, Foruzaingoak berariazko babes planak eta jarraipen eta koordinazio sistemak ezarriko ditu biktimak eraginkortasunez babestuak direla bermatzeko.

2. Babes lanetan baliabide teknologikoak, zerbitzu polizialak eta emakumeen babesa eta babes neurri judizialen eraginkortasuna bermatzen duen beste edozein baliabide erabiliko dira.

Genero-indarkeriaren egoera batean edo hura jasateko arriskuan dauden emakumeentzako babeserako gailuek helburu hauek dituzte:

a) Lokalizazioa eta etengabeko komunikazioa erraztea.

b) Urrunetik berehalako arreta ematea.

c) Berehalako babes egokia ematea larrialdietan.

3. Babes neurriek helburu hauek izan behar dituzte: emakumeek indarkeria berriro ez jasatea eta askatasunez eta segurtasunez bizi ahal izan daitezen ahalbidetzea.

4. Estatuko segurtasun indar eta kidegoekin koordinaturik, Foruzaingoak zaindu eta kontrolatu beharko du organo judizialek biktima babesteko erabakitako neurriak zehatz betetzen direla. Horretarako, inputatuak edo kondenatuak zainduko ditu. Nafarroako Foru Komunitateko udaltzaingoek laguntza eman beharko diote Foruzaingoari organo judizialek erabakitako neurriak betetzen direla bermatzeko.

5. Emakumeen aurkako indarkeria ikertzeko eta indarkeria horren biktimei laguntza eta babesa emateko unitate espezializatuak eta delituen prebentziorako eta segurtasun publikoa mantentzeko unitate orokorrak koordinaturik arituko dira, indarkeriaren emakumezko balizko biktimei babes integral eta eraginkorra emateko.

62. artikulua. Babes eta jarraipen aginduen koordinazioa.

1. Justiziaren arloko eskumena duen departamentuaren menpean dagoen babes aginduen koordinaziorako guneak du Nafarroan ematen diren babes agindu guztien berri izateko ardura.

2. Justiziaren arloko eskumena duen departamentuak kasu bakoitzaren jarraipena eginen du, eta babes agindua duten emakumeekin harremanetan jarriko da haiek eskatzen dioten informazio guztia helarazteko eta laguntza- eta babes-zerbitzuen jarduketa antolatzeko.

VIII. TITULUA

Laguntza juridikoa eta justiziara jotzea

I. KAPITULUA

Laguntza juridiko espezializatua

63. artikulua. Laguntza juridiko espezializaturako eskubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du emakumeen aurkako indarkeria motaren baten biktima diren emakume guztiek abokatu baten laguntza dutela salaketa jarri baino lehen eta prozedura judizial eta administratibo guztien iraunaldi osoan. Orobat, bermatuko du laguntza hori ematen duten profesionalak espezialistak izatea.

2. Eskubideak barne hartuko du akusazio-akzioa baliatzea izaera horretako delituengatik instruitzen diren prozedura guztietan, bai eta falta-judizioetan abokatu baten laguntza izatea ere. Eskubideak abokatu baten laguntza ere barne hartuko du, ezkontza edo izatezko bikotea haustearekin zerikusia duten prozesu zibiletan, eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanen gaineko neurriak eta babes neurri zibilak ere bai.

3. Era berean, abokatu-laguntzaren barnean jasotako zeregina izanen dira delituaren ondorioz legeak aitortutako eskubideak Administrazio Publikoari erreklamatzeko prozedurak.

4. Bermatu eginen da abokatu beraren zuzendaritzapekoa izatea biktimaren defentsa juridikoa, jasandako indarkeria-egintzaren ondoriozko prozesu guztietan.

5. Biktima hil egin bada, oinordeek izanen dute doako laguntza juridikorako eskubidea, kaltetuak diren aldetik, edo beraien legezko ordezkariak, ezgai badira.

6. Artikulu honen ondorioetarako, oinarrizko legerian doako justiziari buruz xedatutakoa hartuko da kontuan.

64. artikulua. Zerbitzu-ematea eta kalitate profesionala.

1. Nafarroako abokatuen elkargo profesionalekin ituntzen ahalko da laguntza juridiko espezializatuaren zerbitzua. Nolanahi ere, ofiziozko txanda bat osatuko da emakumeen aurkako indarkeriaren arloko espezialista batzuekin, zeinak arduratuko baitira foru lege honetan aurreikusitako indarkeria motaren baten biktima izan diren emakumeen abokatu-laguntzaz eta -ordezkaritzaz.

2. Zerbitzu hori ematen duen erakundeak bermatu beharko du txanda hori osatzen dutenen kalitate profesionala. Horretarako, derrigorrezko prestakuntza eta kalitate kontrol batzuk ezarriko ditu.

Txanda horri atxikitzen zaizkionek derrigorrez gainditu beharko dituzte hasierako eta etengabeko prestakuntza ikastaroak arlo hauetan: kasu horietarako beharrezkoak diren gai juridikoak, lana genero ikuspuntutik egitea eta biktimen beharrizanak.

Zerbitzu hori ematen duen erakundeak sistema bat izan beharko du gauzatutako jardun profesionala ebaluatzeko, biziraun duten emakumeek jaso duten arretarekin duten gogobetetasun-maila islatzeko bide eskuragarri bat barne.

3. Indarkeria jasaten duten emakumeei akonpainamendua emanen zaie esparru judizialean, hala eskatzen badute.

4. Salaketa erretiratzearen kasuetan, bide egokiak ezarriko dira indarkeriaren biktima diren emakumeak laguntza zerbitzuetara bideratzeko.

II. KAPITULUA

Babes judiziala

65. artikulua. Administrazioa pertsonatzea emakumeen aurkako indarkeria arrazoiengatik irekitako prozedura penaletan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta toki entitateek prozedura penaletan pertsonatzea erabakitzen ahalko dute herri-akzioa egikaritzeko, emakumeen aurkako indarkeriaren kasu larrienetan edo delitu ekintzaren ondorioz emakumea hiltzen denean, arlo zibilean kalteturiko alderdi gisa, Prozedura Kriminalari buruzko Legearen 110. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Epaiketako ordezkaritza eta defentsa Nafarroako Gobernuari eta, kasua bada, toki entitateei dagozkie, ezertan galarazi gabe ordezkaritza eta defentsa eginkizun horiek jarduneko abokatu profesional bati edo batzuei esleitu ahal izatea, baldin eta jardunean egonik abokatuen elkargo bateko kide badira, autonomia erkidegoko Administrazioaren zerbitzu juridikoei buruzko araudiari jarraituz, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 447. artikuluan ezarritakoarekin bat.

III. KAPITULUA

Espezializazioa eta laguntza egokia esparru judizialean

66. artikulua. Esparru judizialeko funtzionarioen eta lan-kontratudunen espezializazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Justizia Departamentuak proposaturik:

1. Bereziki bermatuko du emakumearen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietako langile guztien hasierako eta etengabeko prestakuntza, salbu epaileena, fiskalena eta idazkari judizialena. Orobat, bultzatuko du prestakuntza egokia jaso dezaten emakumeen eta nesken kontrako bestelako indarkeria motengatik irekitako prozedurak tramitatzeaz arduratzen diren epaitegietako langileek.

2. Bermatu eginen du hasierako eta etengabeko prestakuntza izan dezatela emakumearen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiei eta forentse-balorazio integralerako unitateetako profesionalei laguntza ematen dieten talde psikosozialek.

3. Ezarri eginen ditu Delituaren Biktimei Laguntza emateko Bulegoko langileen prestakuntza betekizunak, emakumeen aurkako edozein indarkeria motaren biktimei laguntza emateko.

67. artikulua. Laguntza ematea fiskalen eta epaileen prestakuntzan.

Nafarroako Foru Komunitateak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu justizia arloko eskumenak dituzten organoekin, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean diharduten epaile eta fiskalei prestakuntza emateko foru legeei eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko baliabideei buruz.

68. artikulua. Segurtasunerako neurriak prozedura judizialetan.

1. Foru Administrazioak neurri egokiak ezarriko ditu Nafarroako emakumearen aurkako indarkeriaren arloko eta beste arloetako epaitegien ekipamendu eta baliabide materialei buruz, prozesu judizialetan biktimak eta lekukoak babesteko eta birbiktimizazioa saihesteko.

2. Arlo horretako eskumenak dituzten epaitegiek behar diren guneak eta baliabide teknologikoak izanen dituzte emakumearen aurkako indarkeriaren arloko prozedura judizialetan biktimen segurtasuna mantentzeko eta biktima eta inputatua edo akusatua aurrez aurre egon ez daitezen.

69. artikulua. Interpretea izateko eskubidea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatu eginen du zentzumen desgaitasunak dituzten emakumeek eta bertako hizkuntza ez dakiten emakumezko atzerritarrek zentzuzko denbora-tarte batean interprete baten laguntza izan dezaten, emakumeek informaziorako eta komunikaziorako duten eskubidea bermatze aldera prozedura judizialaren fase guztietan.

IX. TITULUA

Erreparazioa

70. artikulua. Erreparaziorako eskubidearen heina, norbanakoari dagokionez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, berehalako erreparazio egokiaren bidez, ondokoa bermatuko die indarkeriatik ateratzeko prozesua burutzen duten emakumeei:

a) Abusuak berriz ez gertatzeko behar den babesa izatea, ppliziaren babesari buruzko tituluan aurreikusitakoarekin bat.

b) Erabat oneratzeko behar diren tratamendu eta zerbitzuak izatea.

c) Behar den laguntza izatea jasandako kalteen araberako erreparaziorako eskubideaz baliatzeko, bidezkoa denean.

71. artikulua. Erabat oneratzeko laguntzak eta berriz ez gertatzeko bermea.

1. Nafarroako Gobernuak behar diren baliabideak jarriko ditu indarkeriatik biziraun duten emakumeak erabat onera daitezen, arretarako eta oneratzeko baliabideen sarearen bidez (V. tituluan finkatzen da sare hori).

2. Biziraun duten emakumeek ez badute erantzun egokirik edo nahikorik aurkitzen aipatu sarean, indarkeriaren ondorio espezifiko eta/edo larriak izateagatik, laguntza osagarriak jasotzen ahal dituzte behar dituzten osasun tratamenduak finantzatzeko. Laguntza horiek erregelamendu bidez arautzean, biktimaren egoera sozioekonomikoa hartuko da kontuan bereziki.

3. Bultzatu eginen da esku hartzeko baliabideak jartzea erasotzaileekin, indarkeriarik berriro ez gertatzeko helburua lortze aldera.

72. artikulua. Erreparaziorako eskubidearen heina, ikuspegi kolektibotik.

Omenaldiak eta hedapen publikoko ekintzak eginen dira emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako konpromisoa eta biktimenganako eta biziraun dutenenganako begirunea sustatzeko. Ekintza horietan emakumeak birbiktimizatzea saihestuko da.

X. TITULUA

Foru legea aplikatzeko bermeak

73. artikulua. Foru legea aplikatzeko bermeak.

Foru legea eraginkortasunez aplika dadin lortzeko, berme hauek ezartzen dira: prestakuntza, politika publikoen plangintza eta foru legearen jarraipena eta ebaluazioa.

74. artikulua. Etengabeko lanbide prestakuntza.

1. Foru lege honen aplikaziorako berme nagusi bat da indarkeriaren detekzioan eta arreta, babesa eta justizia emateko baliabideetan erantzukizun zuzena duten profesionalen prestakuntza.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, prestakuntzaren eta langileak hautatzeko baldintzen bidez, bermatuko du detekzioan eta arreta, babesa eta justizia ematen lan egiten duten profesional guztiei prestakuntza egoki eta homogeneoa ematen zaiela, foru lege honetan finkatutako printzipioen arabera lan egin dezaten.

Orobat, lege berri bat aldarrikatzen denean berariazko prestakuntza emanen zaie, modu horretan bermatzeko profesionalek legea eta haien betebehar berriak ezagutzen dituztela.

3. Foru lege hau onetsi eta urtebeteko epean Nafarroako Administrazio Publikoek, gaian adituak diren gobernuz kanpoko erakundeen eta profesionalen laguntzarekin, emakumeen aurkako indarkeriaren arloan berariazko prestakuntza programak diseinatuko dituzte, arlo honetan esku hartzen duten profesional guztien prestakuntza bermatzeko.

4. Elkargo profesionalek, sindikatuek, enpresaburuen erakundeek eta administrazio publiko eskudunek bermatu behar dute artikulu honetan aipatzen diren berariazko prestakuntza eta trebakuntza sartuak direla prestakuntza programetan.

5. Prestakuntzaren parte bat dira indarkeriaren tratamenduan parte hartzen duten profesionalei laguntza eta arreta emateko programak, akidura eta neke profesionala prebenitu eta saihesteko.

75. artikulua. Ekintza plana eta plan sektorialak.

1. Foru lege hau onetsi eta urtebeteko epean Nafarroako Gobernuak foru legearen garapen orokorrerako ekintza plan bat egin eta onetsiko du. Eduki hauek izanen ditu gutxienez: aplikatzeko epea, lortu nahi diren helburuak, ekintza publikoaren eremu ezberdinetan hartu beharreko neurriak, gauzatzeko aurreikusi diren baliabide ekonomikoak, neurrien mailaz mailako ezarpena, erantzukizunen esleipena eta adierazle sistema batean oinarritutako ebaluazio ekintzak.

2. Plana onetsi baino lehen jendaurreko tramitea eginen da, hilabete batez gutxienez, halatan profesionalek, eragile sozialek, emakume taldeek eta, oro har, indarkeriaren prebentzioan eta desagerpenean interesa duten pertsona guztiek bidezkotzat jotzen dituzten ekarpen eta iradokizunak egin ditzaten.

3. Ekintza planeko ildoak oinarri hartuta, sei hilabeteko epean, plan sektorialak eginen dira ekintza sakonagoak ezartzeko, foru legea osorik aplikatze aldera legeak berak finkatzen dituen jarduketa esparru nagusietan. Gutxienez esparru hauetan eginen dira plan sektorialak: hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, enplegua, berdintasuna, polizia eta justizia.

76. artikulua. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzuen zorroa.

Foru lege hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzuen zorro bat prestatuko da.

1. Zerbitzuen zorroak dira emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko sistema publikoko prestazioak ezartzeko tresna.

2. Zerbitzuen zorroan zehaztuko dira emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko sistema publikoak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan aplikatzekoak dituen prestazioak.

3. Foru lege honetan aurreikusitako eskubide eta prestazio guztiak, bai ekonomikoak, bai baliabideetakoak edota zerbitzuak, prestazio bermatuak izanen dira.

4. Prestazio bermatuak eskubide subjektibo gisa eskatu ahalko dira, zorroan bertan ezarritako moduan; bertan adieraziko da, halaber, horietako bakoitzaz baliatzeko baldintzak zein diren eta eskubide hori behin aitorturik zer epetan eskatu ahalko den Administrazioan, halako moduz non, Administrazioak ez badu erantzuten, administrazioarekiko auzi-jurisdikziora jo ahalko baita.

5. Kostuen azterketa ekonomikoak eta prestazioak finantzatzeko modua ere jaso beharko dira zorroan.

77. artikulua. Koordinazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bultzatuko du foru lege honetako gaietan eskumenak dituzten instituzioen arteko koordinazioa, helburu hauek bermatzeko: legearen aplikazioaren jarraipena, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ekintza planen eta neurrien prestaketa, urteko jarraipen txostenaren prestaketa eta foru lege hau aplikatzeko ekintza planaren eta ekitaldi bakoitzeko aurrekontu legeetan urtero esleitzen zaien zenbatekoaren arteko egokitzapena.

78. artikulua. Urteko jarraipen txostena.

Nafarroako Gobernuak foru legearen aplikazioaren jarraipen txostena igorriko dio urtero Parlamentuari, nahitaezko eduki hauekin:

a) Foru Administrazioak jarritako giza baliabideak, bitarteko materialak eta ekonomikoak emakumeen aurkako indarkeriaren prebentziorako eta indarkeria horren biktima diren emakumeak babesteko.

b) Gauzatutako prebentzio neurrien gaineko datuak eta detekziorako eta arreta integrala, babesa eta justizia emateko baliabideek artatutako emakumeen gaineko informazio kuantitatiboa.

c) Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan hasitako prozedura penalak, datu hauekin: zenbakia, prozedura penal mota, egotzitako delitu edo falta eta Foru Administrazioaren esku-hartzea prozedura horietan. Anonimotasunari eutsiko zaio, ukitutakoen intimitatea errespetatzeko.

79. artikulua. Foru legearen eraginaren ebaluazioa.

Foru legea onetsi eta lau urteko epean ebaluatuko da planaren neurrien eragina. Ebaluazio hori lau urtean behin eginen da foru legeak indarra duen bitartean.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Aurrekontuko dirua.

Nafarroako Gobernuak behar diren kontusailak onetsiko ditu foru lege hau betetzeko garatuko diren neurriak gauzatzeko, ekintza planaren, plan sektorialen eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzuen zorroaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Protokoloen derrigorrezkotasuna.

Foru lege honetan aipatzen diren protokolo guztiak derrigorrez bete beharrekoak izanen dira sinatzen dituzten erakunde, pertsona eta entitate publiko edo pribatu guztientzat.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki 22/2002 Foru Legea, uztailaren 2koa, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzkoa.

Azken xedapenetan lehena.–Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1505529