71. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen Direktorioa izeneko erregistroa sortu eta arautzen duena eta hari dagokion datu pertsonalen fitxategia sortzen duena.

Enpresenak diren eta itunduta dituzten Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuen osasun jarduerak ebaluatu eta kontrolatzeko agindua du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuak.

Nafarroan sortuko diren prebentzio egoera berriei erantzun planifikatua, antolatua eta adostua ematearren eta, orobat, lan osasunaren arloan eskumena duten erakundeei legeriak agintzen dien kontrola eta ebaluazioa egiteko behar diren ezagutza premiei erantzutearren, behar horiei erantzuten dien informatika aplikazio bat garatu da.

Bidezkotzat jotzen da, hortaz, Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen Direktorioa izeneko erregistroa sortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, une honetan abiarazi eta arautzeko dagoen beharra ikusita.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 8. artikuluan ezartzen du osasun plangintzari eta ebaluazioari lotutako jardueren oinarrian osasun informazioari buruzko sistema antolatu bat izan behar dela. 23. artikuluan eransten du administrazioek behar diren erregistroak sortuko dituztela eta beharrezko diren informazio analisiak eginen dituztela ager daitezkeen egoerak ezagutzeko, gero osasun arloko agintariek esku hartzeko ekintzak presta ditzaten.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpe dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak. Foru dekretu hori aldarrikatu zen egunean zeuden fitxategiak datu pertsonalen tratamendu automatizatuko fitxategi gisa onetsi ziren, eta dekretuari dokumentu gisa atxikitako zerrendan agertu ziren. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta, fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.

Horren guztiaren arabera, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 10/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, bidezkoa da Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen Direktorioa izeneko datu pertsonalen fitxategia sortzea.

Horrenbestez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak igorritako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1.1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen Direktorioa izeneko erregistroa sortu eta arautzea du xede foru agindu honek; hartan, Nafarroako prebentzio zerbitzuetan lan egiten duten osasun arloko profesionalei buruzko datuak agertuko dira, eta horrek beharrezko analisiak egiteko aukera emanen du Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen osasun jarduera kontrolatu eta ebaluatzeko.

1.2. Halaber, foru agindu honen bidez, Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen Direktorioa izeneko fitxategiaren sorrera onesten da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan; eranskinean ezartzen diren ezaugarriak ditu.

2. artikulua. Erregistroaren atxikipena.

Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen Direktorioa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitzen zaio.

3. artikulua. Erregistroaren helburuak.

Nafarroako Prebentzio Zerbitzuetan ari diren osasun arloko profesionalei buruzko datuak mantentzeko balio du erregistroak, eta horrek beharrezko analisiak egiteko aukera emanen du Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen osasun jarduera kontrolatu eta ebaluatu ahal izateko, eta zehazki:

–Laneko arriskuak prebenitzeko enpresenak diren zerbitzuen eta itunduta dituztenen osasun jarduerak ebaluatu eta kontrolatzea.

–Osasun arloko eskumenak erabiltzea, tokian tokiko osasun zerbitzuak ebaluatzeko eta baimen daitezen proposatzeko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko otsailaren 19an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

ERANSKINA

a) Fitxategiaren izena.

Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen Direktorioa.

b) Helburua eta aurreikusitako erabilerak.

Nafarroako Prebentzio Zerbitzuen osasun jarduera kontrolatu eta ebaluatzeko behar diren analisiei jarraipena egin ahal izateko, beharrezkoa da berariazko datu-base bat izatea espezialitaterako.

c) Ukitutako pertsonak edo taldeak.

Nafarroako Prebentzio Zerbitzuetan lan egiten duten osasun arloko profesionalei dagozkien datuak jasoko ditu erregistroak.

d) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura.

Nafarroan dauden prebentzio zerbitzuak berak.

e) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonalak.

1) Identifikazio datuak:

–NANa/IFZ.

–Izen-deiturak.

–1. telefonoa eta 2. telefonoa.

–1. emaila eta 2. emaila.

–Medikuen Elkargoko kide zenbakia.

–Erizainen Elkargoko kide zenbakia.

2) Identifikazioaz bestelako datuak:

–Diziplina.

–Prestakuntza.

–Prestakuntzaren hasiera.

–Prestakuntzaren bukaera.

–Maila.

f) Datu pertsonalak lagatzea.

Fitxategiko datuak ez zaizkio ez inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesduna ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.

g) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.

h) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzura.

i) Fitxategi automatizatua edo eskuz egituratua.

Automatizatua.

j) Segurtasun neurriak.

Hartzen diren segurtasun neurriak oinarrizkoak dira.

Iragarkiaren kodea: F1503874