71. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, irakasleek frogatu ditzaketen berariazko profilak zehaztu eta haiek egiaztatzeko prozedura ezartzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Agindua aldatzen duena hizkuntzen profilei dagokienez.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren bidez, irakasleek frogatu ditzaketen berariazko profilak zehaztu ziren eta haiek egiaztatzeko prozedura ezarri zen.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiko Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren txostena igorri du. Espainiako Gorren Konfederazioak eta Espainiako Zeinuen Hizkuntza Normalizatzeko Zentroak emandako informazioa ikusita, txostenean proposatzen da aldaketa batzuk sartzea martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduan Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratura egokitzeko.

Zehazki bi profil berri sartzea proposatzen da, LS2 eta ILS (Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioko goi mailako teknikaria), eta titulazio edo prestakuntzako ziurtagiri berri batzuk sartzea LS1 eta LS3 profilak egiaztatzeko.

Aurrekoaz gain, ezartzen da ezen hizkuntz batean ezagutzen profil bat egiaztatzeak ofizioz ekarriko duela maila horretatik beherako profilak egiaztatzea.

Hori helburu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Irakasleek frogatu ditzaketen berariazko profilak zehaztu eta haiek egiaztatzeko prozedura ezartzen duen Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren I. eranskina aldatzea.

Bat.–Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren I. eranskinean LS 3 (zeinuen hizkuntza 3) eta LS 1 (zeinuen hizkuntza 1) profilei egiten zaien erreferentzia, honela geratzen da:

PROFILA

PRESTAKUNTZAKO ZIURTAGIRIAK EDO TITULAZIOAK

LS1

Espainiako zeinuen hizkuntzako komunikazioan Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren oinarrizko erabiltzailearen bigarren maila (A2) egin izanaren egiaztagiria. Kasuan kasuko ikastaroa gorren elkarte batek emana izanen da, eta Espainiako Gorren Konfederazio Nazionalak egiaztatua.

Espainiako zeinuen hizkuntzako komunikazioan hasiera maila egin izanaren ziurtagiria (kasuan kasuko ikastaroa gorren elkarte batek emana izanen da, eta Espainiako Gorren Konfederazio Nazionalak egiaztatua), edo irakasleen etengabeko prestakuntza-planaren barruan Espainiako zeinuen hizkuntzako ikastaroetan gutxienez 100 ordu egin dituela egiaztatzen duena.

LS3

Espainiako zeinuen hizkuntzako komunikazioan Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren erabiltzaile independentearen maila (B2) egin izanaren egiaztagiria. Kasuan kasuko ikastaroa gorren elkarte batek emana izanen da, eta Espainiako Gorren Konfederazio Nazionalak egiaztatua.

Espainiako zeinuen hizkuntzako komunikazioan 3. mailako ikastaroa egin izanaren ziurtagiria edo titulazio homologatua. Ikastaroa gorren elkarte batek emana izanen da, eta Espainiako Gorren Konfederazio Nazionalak egiaztatua.

Bi.–Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren I. eranskinean LS2 eta ILS (Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioko goi mailako teknikaria) profilak sortzen dira. Honela idatzita agertuko da:

PROFILA

PRESTAKUNTZAKO ZIURTAGIRIAK EDO TITULAZIOAK

LS2

Espainiako zeinuen hizkuntzako komunikazioan Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren erabiltzaile independentearen lehenbiziko maila (B1) egin izanaren egiaztagiria, ordu kopurua adierazita. Kasuan kasuko ikastaroa gorren elkarte batek emana izanen da, eta Espainiako Gorren Konfederazio Nazionalak egiaztatua.

Espainiako zeinuen hizkuntzako komunikazioan 2. mailako ikastaroa egin izanaren ziurtagiria edo titulazio homologatua. Ikastaroa gorren elkarte batek emana izanen da, eta Espainiako Gorren Konfederazio Nazionalak egiaztatua.

ILS*

Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioko goi mailako prestakuntza zikloa egin duela egiaztatzen duen titulua.

(*) Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioko goi mailako teknikaria.

2. artikulua. Seigarren xedapen gehigarri bat erantsi zaio martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduari. Honela idatzita agertuko da:

“Seigarren xedapen gehigarria.–Hizkuntzen profilak ofizioz egiaztatzea.

1. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren profil bat egiaztatzen bada, hizkuntz horretan aipatu esparruaren maila horretatik beherako profilak egiaztatuko dira ofizioz.

2. ILS (Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioko goi mailako teknikaria) profila egiaztatzen bada, zeinuen hizkuntzaren profil guztiak egiaztatuko dira.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko martxoaren 20an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1504456