71. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

47/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoaren Zerbitzuen Gutuna onesten duena.

Zerbitzuen Gutunak administrazio publikoak hobetu eta modernizatzeko tresna izateko sortu dira.

Gaur egun, Zerbitzuen Gutunen sorrera, edukiak eta eginkizunak Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen 18. artikulutik 21. artikulura bitarte arautzen dira.

Maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Zerbitzuen Gutunak arautu zituen. Gero, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren urriaren 11ko 119/2005 Foru Aginduaren bidez, Zerbitzuen Gutunen diseinua eta egitura ezarri ziren.

Zerbitzuen Gutun honen aurrekari gisa, Nafarroako Foruzaingoak zerbitzuen lehen gutun bat sustatu zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren otsailaren 23ko 38/2006 Foru Aginduaren bidez, eta bigarren bertsio bat, berriz, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 25eko 133/2008 Foru Aginduaren bidez onetsi zen. Zerbitzuen Gutun horiek abian jarriz geroztik izan diren inguruabar batzuek erakutsi dute komenigarria dela gutuna eguneratu eta hobetzea, hori guztia Foruzaingoaren antolamendu geroz eta handiagoaren ondorioz.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Zerbitzuen Gutunak arautzen dituen maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren 5.1 artikuluaren bidez esleituak ditudan eskudantziez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foruzaingoaren Zerbitzuen Gutun berria onestea. Foru agindu honen eranskinean dago.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 10ean.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

ERANSKINA

Nafarroako Foruzaingoaren Zerbitzuen Gutuna

1.–Identifikazioa.

Nafarroako Foruzaingoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mende dago eta hango Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik.

Foruzaingoaren eginkizunek arau hauetan dute oinarri juridikoa: Espainiako 1978ko Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Segurtasun Indar eta Kidegoak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legea eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea. Foruzaingoaren eginkizun nagusia da antolamendu juridikoaren arabera pertsonek dituzten askatasun eta eskubideak babestu eta zaintzea, segurtasun eta lasaitasun publikoa bermatzea, delinkuentziari aurrea hartzea eta herritarrei laguntza eta zerbitzuak ematea.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko segurtasunaren administrazioa taxutu du forma aldetik, herritarren babes eta segurtasunaren arloko agintari gorenen eginkizunak zehaztu ditu eta Foruzaingorako antolaketa eredua ezarri, Foru Komunitatean herritarren premiei modu integralean erantzuteko aukera emateko moduan, Nafarroako erreferentziazko polizia izan dadin.

2.–Eginkizunak, helburua, ikuspegia eta balioak.

2.1. Nafarroako Foruzaingoaren eginkizunak Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitakoak dira, hauexek alegia:

a) Herritarren segurtasuna, eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzea.

b) Legeak eta Foru Komunitatearen eskumeneko arloei aplikatu beharreko gainerako xedapen orokorrak, eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko organoen egintzak betetzen direla begiratzea, ikuskapenak eginez, salatuz eta nahitaez betearaziz.

c) Foru Komunitateko agintarien babesaz eta segurtasunaz arduratzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen eta bere entitate instrumentalen menpe dauden pertsona, eraikin eta instalazioen babesaz eta segurtasunaz arduratzea.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatzea.

f) Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean zirkulazioa antolatzea, eskumenak banatzeko Estatuarekin izenpetzen diren eta unean-unean indarra duten hitzarmenekin bat, salbu eta eskumena legez udaltzaingoari badagokio.

g) Garraioen arloan jardun eta ikuskapenak egitea, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

h) Herritarren segurtasunari eta ordenari eustea eta, bidezkoa denean, ordena bere onera ekartzea, behar diren esku-hartzeen bitartez, eta bereziki, espazio publikoak zaintzea, manifestazioak babestu eta antolatzea eta jendearen elkarretaratze handietan ordenari eustea.

i) Ondasunak eta pertsonak babestea eta haiei laguntzea, batez ere istripua dagoenean eta larrialdietan, xedapenen eta, bidezkoa denean, babes zibileko planen arabera.

j) Trafiko istripuetan atestatuak instruitzea, f) letran ezarritako eginkizunen esparruan.

k) Delituei aurrea hartzea eta delituak galarazteko behar diren eginbideak egitea.

l) Polizia judizialaren lana, legeek adierazten dituzten kasu eta moduetan.

m) Nafarroako toki entitateetako agintariekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea, baldin eta haiek eskatzen badute, aplikatzekoak diren xedapenetan ezartzen den moduan.

n) Beste segurtasun indar eta kidego batzuekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea, legeek ezarritako kasuetan.

ñ) Segurtasun indar eta kidego guztiekin lankidetzan aritzea polizientzat interesgarria den informazioa biltzen, tratatzen eta elkarri ematen.

o) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan aritzen diren segurtasun pribatuko enpresak ikuskatzea eta haien zerbitzu, jarduketa, baliabide eta langileak kontrolatzea, indarreko legeetan ezarrita dagoenari jarraikiz.

p) Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

q) Legeek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta zehazki, legeek autonomia erkidegoetako segurtasun kidegoei esleitzen dizkietenak.

2.2. Foruzaingoaren helburua honako hau da: “Segurtasun eta lasaitasun publikoa zaintzea, legeak errespetatzen direla bermatzea eta gizartearen ordena gordetzea”.

2.3. Nafarroako Foruzaingoak honela zehazten du bere ikuspegia: “Segurtasun publikoaren arloko erreferentea izatea Foru Komunitatean”.

2.4. Nafarroako Foruzaingoaren funtzionamenduak balio hauek ditu oinarri:

–Hurbiltasuna, herritarrei konfiantza helaraziz.

–Herritarrei tratu bikaina ematea jarduketa guztietan.

–Partaide izatea, oso estimu handitan izanik Foruzaingoak bere helburua betetzeko egiten duen ekarpena.

–Efizientzia eta koordinazioa, helburua betetzeko emandako baliabideak zentzuz erabil daitezen.

Balio gisa hartu behar dira, orobat, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 4. artikuluan jaso diren jardunaren oinarrizko printzipioak:

a) Konstituzioak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren gainerakoak agintzen dutena bete eta betearaziko dute.

b) Erabateko neutraltasun politikoz eta inpartzialtasunez jokatuko dute eta, horrenbestez, arraza, erlijioa, iritzia, sexua, hizkuntza, jaioterria, bizitokia edo beste edozein gizarte egoera edo inguruabar pertsonal dela kausa inolako bazterketarik egin gabe.

c) Osotasunez eta duintasunez jokatuko dute eta ustelkeriazko egintza orori aurre eginen diote irmoki.

d) Hierarkia eta menpekotasun printzipioei men eginen diete. Dena dela, beharrezko obedientzia hori ezin izanen da baliatu delitua dakarren edo nabarmen legeen kontra doan zerbait egiteko aginduren bat babesteko.

e) Zerbitzua dela-eta egiten dituzten jarduketen berri emanen diete kidegoko buruei, hala nola lan horien kausa eta zergatikoen berri ere.

f) Justizia Administrazioari laguntzea indarreko arauetan ezarrita dagoen moduan.

g) Abusuan, arbitrariotasunean edo bazterkerian oinarritzen diren jokabideak galaraziko dituzte, horiek indarkeria fisiko edo morala ekartzen badute.

h) Herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatuko dute beti eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahaleginduko dira, eta egiten dituzten esku-hartzeen kausa eta helburuei buruz behar den informazioa emanen diete.

i) Kementsu eta azkar jokatuko dute, jokabide hori kalte larri, berehalako edo konponezin bat saihesteko beharrezkoa denean. Horrelakoetan, koherentzia, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioen arabera erabiliko dituzte eskura dituzten baliabideak.

j) Erregelamenduzko armak beren edo beste pertsona batzuen bizia edo osotasun fisikoa benetan arrisku larrian dagoenean baino ez dituzte erabiliko, edo herritarren segurtasunerako arrisku larria dagoen egoeretan.

k) Atxiloketa bat egiten dutenean, beren burua kasuan kasuko polizia kidegoko kide gisa identifikatuko dute, bai, halaber, beren jokabideak herritarrek legez dituzten eskubide eta askatasun publikoak mugatzen dituen egoera guztietan.

l) Atxiloturik dauden edo zaintzapean dituen pertsonen bizia eta osotasun fisikoa begiratuko dute eta haien ohorea eta duintasuna errespetatuko.

m) Pertsona bat atxilotzen den kasuetarako, antolamendu juridikoak ezartzen dituen izapide, epe eta betebeharrak behar bezala bete eta begiratuko dituzte, epaileen aurrera lehenbailehen eramateko.

n) Lan dedikazioari dagokionez, erabateko dedikazioan arituko dira, eta, hortaz, pertsonen bizia eta osotasuna, legea eta herritarren segurtasuna defendatu behar diren guztietan esku hartuko dute, nonahi egonda, lanean izan ala ez izan, baita edozein delitu saihesteko ere.

ñ) Lanbideko sekretuari dagokionez, laneko jarduna dela bide eskuratzen duten informazioa isilpean gordeko dute zorrozki, informazio-iturrien berri eman gabe, salbu eta dagozkien eginkizunengatik edo lege-xedapenak aginduta beharrezkoa denean.

o) Lanbide jardueran legezko arauak, beren lanbidea arautzen duten erregelamenduzko arauak edo artikulu honetako printzipioak urratuz egiten dituzten egintzen erantzule zuzenak izanen dira, deusetan galarazi gabe administrazio publikoei egokitzen ahal zaien ondare-erantzukizuna.

3.–Zerbitzuak, konpromisoak eta betetzearen adierazleak.

Herritarrentzako arreta:

1. Herritarrentzako arreta eta laguntza berehalakoa eta etengabea, eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan.

–Baliabideak abian jartzeko batez besteko denbora, Aginte eta Koordinazio Zentroan larrialdiko dei bat jasotzen den unetik, 90 segundutik beherakoa.

2. Foruzaingoari egindako eskaeretan herritarrei arreta integrala eta pertsonala ematea.

–Herritarrei oro har eta, bereziki, delituen biktimei arreta integrala eta pertsonala ematea, eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan.

–Poliziaren arretaren inguruan jartzen diren erreklamazioen kopurua.

3. Herritarrek aurkeztutako salaketa administratiboak jaso eta tramitatzea.

–Salaketa aurkezten denetik gehienez ere 72 orduko epean harremanetan jartzea salaketa egin duen herritarrarekin, eta salaketaren tramitazioari buruzko xehetasunak eta argibideak ematea.

–Administrazio esparruko eginbide polizialak ematea, eskabidea jaso eta hamabost eguneko epean.

4. Erreklamazio, iradokizun eta eskertze zerbitzua.

A) Afera jaso eta gehienez ere 72 orduko epean herritarrarekin harremanetan jartzea.

B) Erreklamazio, iradokizun eta eskertze guztiei idatziz erantzutea, hilabeteko epean gehienez.

5. Nafarroako Foruzaingoari buruzko zabalkundea egiteko eta herritarrengana hurbiltzeko programa.

–Edozein erakunde motak Foruzaingoari egiten dizkion errekerimenduen %100ari erantzutea, bere eskumenen esparruan.

Herritarren segurtasuna:

6. Herritarren segurtasuna eta eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua bermatzea.

–Hurbileko patruilatze lanean (ikastetxeak, hiriguneak, bizitegi eremuak, industrialdeak) urteko zerbitzu arruntaren %4 egitea.

7. Desagertutako pertsonak bilatzeko zerbitzua.

–Pertsona baten desagertzearen berri Foruzaingoan jaso eta 30 minutuko epean, gehienez ere, bilatzeko dispositiboa abian jartzea, kasuen %100ean.

Trafikoa eta bide segurtasuna:

8. Bide segurtasuneko berariazko programak.

–Bide segurtasunaren arloan berariazko 12 kanpaina gutxienez egitea urtean.

9. Alkoholemia kontrolak zirkulazio istripuetan.

–Alkoholemia probak egitea zirkulazio istripuen %100ean, proba egitea galarazten duen arrazoi justifikaturen bat dagoenean izan ezik.

10. Ekitaldi publikoetako arreta eta babesa.

–Ekitaldi publikoek bide zirkulazioari eta/edo herritarren segurtasunari nabarmen eraginen diotela aurreikusten bada, ekitaldi horien antolatzaileek eskatutako zerbitzu berezien %100az arduratzea.

Polizia administratiboa:

11. Ingurumena babesteko berariazko programak.

–Ingurumenaren babesaren arloan berariazko 6 kanpaina gutxienez egitea urtean.

12. Joko jardueraren prebentzio eta kontrolerako planak.

–Joko aretoen, josteta aretoen eta bingoen %100 ikuskatzea urtero.

13. Zezen ikuskizunetako prebentzio planak.

–Zezen ikuskizunen %100 ikuskatzea urtero.

14. Ikuskizun publikoen prebentzio eta kontrolerako planak.

–2.000 pertsona baino gehiago hartzen dituzten ikuskizun finko eta behin-behineko guztietan segurtasun neurriak ikuskatzea.

15. Zarata kontrolatzearen arloko prebentzio planak.

–Zarata mailen kontrolak (sonometriak) %100eko kasuetan egitea, edozein herritarrek edo erakunde publikok eskaturik.

Aipatu diren konpromisoak betetzearen adierazleak unitate arduradunek xede horretarako dituzten artxibo informatikoetan erregistratuko dira.

4.–Zerbitzuen Gutunaren kudeaketa.

Zerbitzuen Gutun honen kudeaketa Foruzaingoak eginen du, eta Foruzaingoaren burua izanen da horren erantzulea.

Arloburuek izanen dute 3. artikuluan hartutako konpromisoak gauzatzeko behar diren neurriak hartzeko ardura, bakoitzak bere jardun esparruan, bai eta kasuan kasuko adierazleen bilakaerararen jarraipena eta aldizkako kontrola egitekoa ere.

Barne Araubideko Dibisioak urtero eginen du auditoretza bat, konpromisoak eta adierazleen jarraipena noraino bete diren osotara edo hein batean egiaztatzeko; unitate hori izanen da, Zerbitzuen Gutunari dagokionez, erreferentziazko eta koordinaziorako unitatea.

Auditoretzetan Arloko burutzetarako gomendioak jasotzen ahal dira, eta burutzek behar den guztia beteko dute hobekuntzak sustatzeko eta, ahal dela, hurrengo aldian horiek gauzatzeko.

Auditoretzaren txostena Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari eta Barneko zuzendari nagusiari igorriko zaie.

5.–Arauen zerrenda.

Nafarroako Foruzaingoak ematen dituen zerbitzuak babesten dituzten xedapen orokorrak, espezialitateetarako dauden arau xedapenak alde batera utzi gabe, hauexek dira:

–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Segurtasun Publikoari buruzkoa.

–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

–57/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena.

–718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Foruzaingoko Langileen Erregelamendua onesten duena.

–265/2004 Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena, eta hura garatzen duten foru aginduak.

–1/2005 Foru Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duena.

6.–Zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak.

Herritarrek, Nafarroako Foruzaingoarekin dituzten harremanetan, honakoetarako eskubidea dute:

–Nafarroako Foruzaingoaren jarduera orok aintzat har ditzan, oinarri eta muga gisa, eskubide eta askatasunen erabilera librearen babesa, pertsonen eta haien ondasunen defentsa eta segurtasun juridikoa.

–Laguntza iraunkorra, premia izanez gero, 112 larrialdietako telefonoaren bitartez edo zuzenean Nafarroako Foru Komunitatean Foruzaingoak duen edozein polizia etxetara joz.

–Uneoro antolamendu juridiko indardunari lotzen zaion polizia zerbitzua.

–Zerbitzu publikoan ari diren profesionalak direla eta beren bokazioa komunitateari zerbitzua ematea dela uneoro gogoan izanen duen jardun poliziala.

–Foruzainengandik tratu zuzena, bana-banakoa, egokia, zaindua, eraginkorra eta konprometitua jasotzea. Horregatik, eta Foruzaingoko buruaren 07/2007 Jarraibidea aplikatuz, Nafarroako Foruzaingoko kideek honako dekalogo honen arabera jokatu beharko dute herritarrekin aritzen direnean:

1. Herritarrekiko tratuan zuzen eta begirunez jokatuko dute beti.

2. Herritarrengana jotzen dutenean nahitaezko agurra eginen dute, beti zuka arituko dira eta, beharrezkoa denean, identifikatu eginen dira.

3. Adeitasunezko formula erabiliko dute (egun on, arratsalde on, gabon) bai hasieran bai bukaerako agurrean.

4. Jarduketen gaineko arrazoi eta inguruabarrei buruz behar den informazioa emanen diete herritarrei.

5. Garbi eta txukun jantzita egon beharko dute, irudi egokia emateko.

6. Keinu eta jarrera itsusiak saihestuko dituzte, eta ahots tonu egokiz hitz eginen dute.

7. Polizia jarduketen gaineko konfidentzialtasuna eta isilpekotasuna zainduko dituzte.

8. Jarduketak arin eginen dituzte, beharrezkoak ez diren luzapenak saihestuz.

9. Polizia jarduketei buruz beharrezkoak ez diren balio irizpenak edo iritzi pertsonalak ez ematen saiatuko dira.

10. Argi eta modu ulergarrian hitz eginen dute, eta hitz itsusirik gabe.

–Foruzaingoaren inpartzialtasuna jarduketa guztietan, intimitate pertsonala errespetatzea eta Foruzaingoak bere zerbitzuaren ondorioz jakiten dituen aferen konfidetzialtasuna.

–Bereziki, herritarrei kaltea eragiten ahal dien edozein ekintza arbitrario saihestuko dute foruzainek, bai eta lehentasunezko edo pribilejiozko tratua ere edozein arrazoi dela eta.

–Eskatutako aferak arretaz tramitatzea, eta prozedurak zer tramitazio egoeratan dauden jakitea, horietan interesduna izanez gero.

–Iradokizunak egin eta erreklamazioak eta/edo eskertzeak aurkeztea Nafarroako Foruzaingoarekin dituzten harremanen inguruan.

–Nafarroako Foruzaingoko kideak, beren eginkizunetan, identifikatu eginen dira egiaztagiri profesionalak erakutsiz, polizia jarduketak direla-eta herritarrek eskatzen dietenean, txartel profesionalaren bidez.

7.–Foruzaingoaren zerbitzuak hobetzen laguntzea eta parte hartzea.

Nafarroako Foruzaingoaren iritziz garrantzi handikoa da herritarrek Foruzaingoaren zerbitzuaz duten iritzia eta balorazioa jakitea. Horretarako, komunikazio sistema bat ezarri da, segurtasun politikak eta polizia zerbitzuak hobetu, perfekzionatu edo herritarren premietara egokitzeko aukera eman dezaketen inguruabarren berri izateko.

Era berean, eta barneko bideak erabiliz, edozein foruzainek polizia zerbitzuak hobetzeko proposamenak egin ditzake; horretarako, Iradokizunen Lan Prozedura Normalizatua ezarri da, barneko 2009/11 erreferentziarekin.

Halaber, urtero eginen dira iritzia ezagutzeko inkestak Foruzaingoaren zerbitzuak erabiltzen dituztenen eta erreferentziako kolektibo desberdinen artean, zerbitzuak ematean hobetu beharreko arloak zein diren jakiteko.

8.–Erreklamazioak, iradokizunak eta eskertzeak egiteko sistema.

Nafarroako Foruzaingoak barne prozedurak ditu erreklamazioak, iradokizunak eta eskertzeak aztertu, baloratu, ezarri eta horiei erantzuteko (barneko 2008/05 erreferentzia), benetan uste baita herritarrek zerbitzu ematearen inguruan izaten duten edozein ekimen hobekuntzarako aukera bat dela eta, betiere, aztertu egin behar dela.

Horretarako, interesdunek Foruzaingoak dituen Polizia Arretarako Bulegoetako edozeinetara jo dezakete, edo bide telematikoa erabili Foruzaingoaren webgunearen bitartez (www.policiaforaldenavarra.es), eta aplikazio informatikoan dagoen inprimakia bete, helbide telematiko horretan ageri diren jarraibideei segituz. Zuzenbidean onartuta dagoen beste edozein bide ofizial ere erabiltzen ahalko da.

Polizia etxeetan, kasu horietarako dagoen inprimakia bete beharko da, eta hura jasotzen duen funtzionarioak emanen dio herritarrari eskatutako guztiaren berri, bai eta une horretatik aurrera bere informazioak izanen duen tramitazioaren berri ere.

Bide telematikoko tramitazioek polizia bulegoetarako ezarri den prozesuaren antzekoa izanen dute, eta Foruzaingoaren webgunean bertan egonen da zehaztuta.

Edonola ere, kasu guztietan, herritarrak ongi identifikatu beharko dira, inprimakiak eskatzen dituen datuen artean ahalik eta gehien emanez eta, horietaz gainera, erreklamazio, iradokizun eta/edo eskertzearen deskribapena. Inprimaki hori Foruzaingoko buruari, kasuan kasuko Arloko buruari eta Barne Araubideko Dibisioko buruari igorriko zaie; azken honek gertaerak argitzeko arakatzeak sustatuko ditu, bai eta hobekuntzaren balizko ezarpena ere.

Erantzuna eskaera aurkeztu eta gehienez ere hilabeteko epean jakinaraziko zaio interesdunari.

9.–Jendea hartzeko helbideak eta ordutegiak.

9.1. Polizia Etxeak:

FORUZAINGOAREN POLIZIA ETXE NAGUSIA:

Helbidea: Fuente de la Teja, z.g.

Posta kodea: 31006 Iruña (Nafarroa).

Telefonoa: 948 22 18 02.

Faxa: 848 42 68 62.

Helbide elektronikoa: policiaforal@navarra.es.

IRUÑEKO POLIZIA ETXEA:

Helbidea: Gazteluko plaza, 2.

Posta kodea: 31002 Iruña (Nafarroa).

Telefonoa: 848 42 68 53.

Faxa: 848 42 51 77.

Helbide elektronikoa: pfpamplona@navarra.es.

TUTERAKO POLIZIA ETXEA:

Helbidea: Tarazonako errepidea, 3. k.p.

Posta kodea: 31500 Tutera (Nafarroa).

Telefonoa: 848 43 45 00.

Faxa: 848 43 45 27.

Helbide elektronikoa: pftudela@navarra.es.

POLIZIA ARRETARAKO BULEGOA TUTERAN.

Helbidea: Las Merindades etorbidea, 66.

Posta kodea: 31500 Tutera (Nafarroa).

Telefonoa: 948 41 50 50.

ZANGOZAKO POLIZIA ETXEA:

Helbidea: Padre Raimundo Lumbier kalea, 15.

Posta kodea: 31400 Zangoza (Nafarroa).

Telefonoa: 948 87 16 14.

Faxa: 948 87 16 12.

Helbide elektronikoa: pfsanguesa@navarra.es.

LIZARRAKO POLIZIA ETXEA:

Helbidea: La Gallarda kalea, 2.

Posta kodea: 31200 Lizarra (Nafarroa).

Telefonoa: 948 55 55 76.

Faxa: 948 55 55 98.

Helbide elektronikoa: pfestella@navarra.es.

TAFALLAKO POLIZIA ETXEA:

Helbidea: Santsomain kalea, 2.

Posta kodea: 31300 Tafalla (Nafarroa).

Telefonoa: 948 70 42 65.

Faxa: 948 70 42 64.

Helbide elektronikoa: pftafalla@navarra.es.

ELIZONDOKO POLIZIA ETXEA:

Helbidea: Menditurri kalea, z.g.

Posta kodea: 31700 Elizondo (Nafarroa).

Telefonoa: 948 58 18 64.

Faxa: 948 45 20 16.

Helbide elektronikoa: acelizondo@navarra.es.

ALTSASUKO POLIZIA ETXEA:

Helbidea: Iruñeko etorbidea, 16.

Posta kodea: 31800 Altsasu (Nafarroa).

Telefonoa: 948 56 46 14.

Faxa: 948 56 46 20.

Helbide elektronikoa: acalsasua@navarra.es.

9.2. Informazioa:

1. Larrialdiak: 112 (S.O.S. Nafarroa).

2. Aginte eta koordinazio zentroa: 948 22 18 02.

3. Herritarrendako Laguntza Bulegoa: 848 42 68 53.

4. Jendea hartzeko ordutegia: 24 ordu.

5. Helbide elektronikoa: policiaforal@cfnavarra.es.

6. Webgunea: policiaforaldenavarra.es.

7. Twitterreko kontua: @policiaforalnav.

8. Vimeoko kontua: vimeo.com/channels/policiaforalnav.

9. Instagrameko kontua: policiaforalnav.

10. Zerbitzuen Gutunaren ardura duen unitatea.

Barne Araubideko Dibisioa da Foruzaingoan zerbitzuen gutun honen inguruan beharrezkotzat jotzen diren ekintzak sustatu eta koordinatzeko ardura duen unitatea, eta gutunaren erreferentea izanen da.

–Barne Araubideko Dibisioa:

NAFARROAKO FORUZAINGOA:

Helbidea: Fuente de la Teja kalea, z.g.

Posta kodea: 31006 Iruña (Nafarroa).

Telefonoa: 848 42 51 52, 948 22 18 02.

Faxa: 848 42 68 62.

Helbide elektronikoa: pfreginterno@navarra.es

Iragarkiaren kodea: F1503984