7. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2761/2014 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak onesten dituena, suhiltzaileen gidari laguntzaileak eta suhiltzaile peoi laguntzaileak aldi baterako kontratatzeko.

Ikusirik Nafarroako Larrialdietako Agentzian langileak behar direla oihanetako kanpainetarako, bidezkoa da hautaproben bidez izangaien bi zerrenda osatzea, suhiltzaileen gidari laguntzaileak eta suhiltzaile peoi laguntzaileak aldi baterako kontratatzeko, aipatutako behar horiek betetzeko.

Hautapen prozesuan deialdikoen antzeko postuetan esperientzia duten izangaien merezimenduak baloratuko dira, mesede baita zerbitzua arrisku bereziko baldintzetan ematen duen taldearen segurtasunerako.

Azaldutakoarengatik, deialdiak iragartzen dira, honako hauekin bat: Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako administrazio araubideko langileak kontratatzeko irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak lanpostuak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko emandako abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua.

DEIALDIAK

I.
SUHILTZAILEEN GIDARI LAGUNTZAILE IZATEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAK EGITEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT HAUTAPROBEN BITARTEZ OSATZEKO DEIALDIA

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehendabizikoa.–Xedea.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzea suhiltzaileen gidari laguntzaile izateko, Nafarroako Larrialdietako Agentzian izaten diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskola graduatuaren edo lehen mailako lanbide heziketaren titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) C motako baimena edukitzea, BTP baimena barne.

e) Eginkizun horietan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea eta II. eranskinean baztertuak izateko aipatzen diren egoeretan ez egotea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta 2.1.d) ataletan eskatzen diren tituluen betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Probak.

3.1. Hautapen prozesua proba hauen bidez eginen da:

3.1.1. Proba teorikoa: idatziz galdera batzuk erantzun beharko dira. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu, baina bat bakarra izanen da egokia. Probak bi parte ditu:

a) Automozioaren mekanika, ibilgailuak gidatzea eta lehentasunezko ibilgailuei buruzko arautegia. Proba honek 12 puntuko balorazioa izanen du gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 3,6 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

b) Deialdiaren II. eranskineko gai multzoa. Proba honek 8 puntuko balorazioa izanen du gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 2,40 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Ariketa hasi aurretik, Kalifikazio epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, baita oker erantzundako galderen penalizazioa ere.

3.1.2. Proba fisikoak:

a) Erresistentzia lasterketa (Cooper testa).

b) Indar proba: Baloia jaurtitzea.

Proba hauek IV. eranskinean ezarritakoari jarraikiz baloratuko dira. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuko dira.

Izangaiak ez ditu proba fisiko hauek egin behar baldin eta gainditu baditu suhiltzaile peoi laguntzaile izateko deialdian (deialdi honekin batera iragarria).

3.1.3. Ibilgailuak gidatzeko proba praktikoa: gehieneko puntuazioa 20 izanen da. Gutxienez 6 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira. Proba egin baino lehenago, epaimahaiak balorazio irizpideak azalduko ditu, baita probaren jarraibideak ere.

3.2. Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Gidatzeko proba egiteko, izangaiek C motako gidabaimena dutela egiaztatzen duen dokumentuarekin agertu beharko dute (BTP baimenarekin). Agertzen ez direnak, bere nortasuna egiaztatzen ez dutenak edo eskatutako gidabaimena badutela egiaztatzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Laugarrena.–Merezimenduak.

Deialdiko lanpostu berean edo antzekoan esperientzia frogatzen duten izangaiei gehienez ere 10 puntu emanen zaizkie, baremo honi jarraituz:

–Suhiltzaileen gidari laguntzailea: 0,011 puntu kontratatutako egun bakoitzeko.

–Suhiltzaile peoi laguntzailea: 0,009 puntu kontratatutako egun bakoitzeko.

–Behatokiko peoi begiralea: 0,009 puntu kontratatutako egun bakoitzeko.

–Suhiltzaile boluntarioa: 0,009 puntu aitortutako talde batean aritutako egun bakoitzeko, baldin eta izangaia horietako batean gutxienez bi urtez aritu bada.

–Zerbitzu honetan edo suteak itzaltzeko eta salbamendurako bestelako zerbitzu publikoetan suhiltzaile gisa emaniko aldi baterako zerbitzuak: 0,009 puntu kontratatutako egun bakoitzeko.

Epaimahaiak kalifikatu ahal izateko, merezimendu guztiak dokumentu bidez alegatu eta egiaztatu beharko dira. Agiri horien kopia soilak aurkeztea aski izanen da, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan eta iraungitako Suhiltzaileen Partzuergoan emandako zerbitzuak ez dira alegatu eta egiaztatu beharko. Zerbitzu horiek deialdia egin duen organoak frogatuko dizkio epaimahaiari.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik -salbu eta aurre paragrafoan aipatutako zerbitzuak-, ez eta arau honetan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere. Hala ere, azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu eskabideak aurkezteko epean alegatutako eta frogatutako merezimenduen gainean.

II.
IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO DEIALDIA, SUHILTZAILE PEOI LAGUNTZAILEAK ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO

Hona hemen deialdiaren.

OINARRIAK

Lehendabizikoa.–Xedea.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzea suhiltzaile peoi laguntzaile izateko, Nafarroako Larrialdietako Agentzian izanen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskola Ziurtagiriaren edo baliokidearen jabe izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Eginkizun horietan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea eta II. eranskinean baztertuak izateko aipatzen diren egoeretan ez egotea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.2. Oinarri honetako 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen diren izangaiek, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Probak.

3.1. Hautapen prozesua proba hauen bidez eginen da:

3.1.1. Proba teorikoa: idatziz galdera batzuk erantzun beharko dira, deialdiaren III. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu, baina bat bakarra izanen da egokia. Probak 40 puntuko balorazioa izanen du gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 12 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Ariketa hasi aurretik, Kalifikazio epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, baita oker erantzundako galderen penalizazioa ere.

3.1.2. Proba fisikoak:

a) Erresistentzia lasterketa (Cooper testa).

b) Indar proba: Baloia jaurtitzea.

Proba hauek IV. eranskinean ezarritakoari jarraikiz baloratuko dira. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuko dira.

3.2. Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Agertzen ez direnak edo bere nortasuna egiaztatzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Laugarrena.–Merezimenduak.

Deialdiko lanpostu berean edo antzekoan esperientzia frogatzen duten izangaiei gehienez ere 10 puntu emanen zaizkie, baremo honi jarraituz:

–Suhiltzaile peoi laguntzailea: 0,011 puntu kontratatutako egun bakoitzeko.

–Suhiltzaileen gidari laguntzailea: 0,009 puntu kontratatutako egun bakoitzeko.

–Behatokiko peoi begiralea: 0,009 puntu kontratatutako egun bakoitzeko.

–Suhiltzaile boluntarioa: 0,009 puntu aitortutako talde batean aritutako egun bakoitzeko, baldin eta izangaia horietako batean gutxienez bi urtez aritu bada.

–Zerbitzu honetan edo suteak itzaltzeko eta salbamendurako bestelako zerbitzu publikoetan suhiltzaile gisa emaniko aldi baterako zerbitzuak: 0,009 puntu kontratatutako egun bakoitzeko.

Epaimahaiak kalifikatu ahal izateko, merezimendu guztiak dokumentu bidez alegatu eta egiaztatu beharko dira. Agiri horien kopia soilak aurkeztea aski izanen da, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan eta iraungitako Suhiltzaileen Partzuergoan emandako zerbitzuak ez dira alegatu eta egiaztatu beharko. Zerbitzu horiek deialdia egin duen organoak frogatuko dizkio epaimahaiari.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik -salbu eta aurre paragrafoan aipatutako zerbitzuak-, ez eta arau honetan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere. Hala ere, azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu eskabideak aurkezteko epean alegatutako eta frogatutako merezimenduen gainean.

III.
BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkezten ahalko dituzte soilik:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo nortasuna eta nazionalitatea eta, bidezkoa denean, iragarritako deialdien 2.1.a) oinarrian nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharrak frogatzen dituen agiriaren fotokopia.

b) Alegatu nahi diren merezimenduen frogak, deialdi bakoitzaren laugarren oinarrian xedaturikoarekin bat. Ez da beharrezkoa Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan eta iraungitako Suhiltzaileen Partzuergoan emandako zerbitzuak. Kasu horretan, deialdia egin duen organoak frogatuko dizkio epaimahaiari.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dituzte deialdian eskatutako titulazioaren betebeharra frogatzeko agiriak, kontratua formalizatu behar denean.

2.2. atalean aipatzen diren agiriak (2.2.b atalean aipatzen direnak izan ezik) aurkezten ez dituztenak hautaprobetatik baztertuko dira, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

Dena dela, ez badira aurkezten 2.2.b) atalean aipatzen diren agiriak, izangaiek alegaturiko merezimenduak frogatzen dituztenak, merezimendu horiek ez dira baloratuko, eta ez da beste ondoriorik izanen, kasuan kasuko deialdiaren laugarren arauan xedatu bezala.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian (“Zerbitzuak” atala, “Enplegu Publikoa” azpiatala, deialdiaren aipamena). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamenean, “Zerbitzuak” atala, “Enplegu Publikoa” azpiatala), deialdi hauetan ezarri diren hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Eradio Ezpeleta Iturralde jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko zuzendari kudeatzailea.

Ordezko mahaiburua: Alberto Otamendi Saldise jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko Babes Zibilerako zuzendaria.

Mahaikidea: Javier Vergara Falces jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Zerbitzuen zuzendaria.

Ordezko mahaikidea: Juan Carlos Cisneros Samper jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko suhiltzaile sarjentua.

Mahaikidea: Rafael Castell Sanz jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko Kanpainen, Erreskate Taldeen eta Talde Berezien Arloko burua.

Ordezko mahaikidea: Mikel Miren Oiaga Artajo jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko suhiltzaile sarjentua.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Langileen Batzordean ordezkatuta dauden erakunde sindikalek proposatu eta izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Langileen Batzordean ordezkatuta dauden erakunde sindikalek proposatu eta izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Begoña Martínez Barrado andrea, Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: Yolanda Núñez Rosón andrea, Nafarroako Larrialdietako Agentzia Erakunde Autonomoko Langileriaren Kudeaketarako Unitateko burua.

4.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

4.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba fisikoak.

Epaimahaiak erabakitzen ahalko du bi deialdietako erresistentziako proba fisikoak (Cooperren testa) batera egitea.

Seigarrena.–Proba gainditzen dutenen zerrendak.

6.1. Proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Karlos III.a etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu publikoa”, deialdiaren aipamena), aldi baterako kontratatuak izateko probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, bereizirik, guztira lortutako puntuazioaren arabera, alegatutako merezimenduen balorazioa aintzat hartuta. Gerta litezkeen berdinketen ebazpena ere egina egonen da.

6.2. Puntuazioan diren berdinketak honela ebatziko dira:

Suhiltzaileen gidari laguntzaileentzako deialdian: automozioaren mekanikari buruzko proban lortutako nota hoberena kontuan hartuta. Horrela ere, berdinketa baldin badago, bigarren proba teorikoan lortutako puntuazioa hoberena kontuan hartuta (III. eranskinari buruzkoa), eta, oraindik ere berdinketarik badago, gidatzeko proba praktikoaren balorazioaren arabera.

Suhiltzaile peoi laguntzaileentzako deialdian: proba teorikoan lortutako nota hoberenaren arabera.

Azkenik, berdinketak bere horretan jarraituz gero, deialdi batean zein bestean, epaimahai kalifikatzaileak horretarako egindako zozketa baten bidez erabakiko da. Berdindutako hautagai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutako izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipuan) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak, suhiltzaileen gidari laguntzaile eta suhiltzaile peoi laguntzaile gisa aldi baterako kontratatuak izateko.

7.1. Trebakuntza ikastaroa.

Kontratazio zerrendan egon ahal izateko, Nafarroako Segurtasun Eskolak ematen duen trebakuntza teknikoko ikastaroa gainditua izan beharra dago.

Probak gainditzen dituzten izangaiek, beren borondatez, Segurtasun Eskolak ematen duen trebakuntza ikastaroa egin dezakete, beharrik baldin badago kontrataziorako eskubidea ematen duen ziurtagiria lortzeko.

Ikastaroan onartzen den pertsona kopurua Nafarroako Larrialdietako Agentziak erabakiko du, bera baita ikastaroa antolatzeko arduraduna. Horretarako, kontrataziorako premien gutxi gorabeherako kalkulua eginen da. Nolanahi ere, gerora, beste ikastaro batzuk egin litezke, kontratazio premien bilakaera aintzat hartuta. Ikastarorako deia hautapen prozesuan lortutako emaitzak kontuan hartuz eginen da.

Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, eta baztertzailea izanen da. Beraz, kontrataziorako izangaien zerrendatik kanpo geldituko dira ikastaroan “gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak.

Ikastaroaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa”, deialdiaren aipamena).

Ikastaro hori egin eta gainditu dutela Nafarroako Segurtasun Eskolak luzatutako ziurtagiriaren bidez egiaztatzen duten izangaiek ez dute prestakuntza ikastaroa egin beharrik izanen.

7.2. Behin betiko zerrendak.

Probak gainditu eta deialdietan eskatzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten izangaiak suhiltzaileen gidari laguntzaile eta suhiltzaile peoi laguntzaile lanetan aldi baterako aritzeko izangaien zerrendetan sartuko dira. Horretarako, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, zerrenda hauek onetsiko ditu, eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratuko (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko sarreran), bai eta Nafarroako webgunean ere (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu publikoa”):

–Aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda, suhiltzaileen gidari laguntzaile izateko.

–Aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda, suhiltzaile peoi laguntzaile izateko.

7.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaientzako deia.

Kanpaina bakoitzaren hasiera baino lehen, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2an) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webgunean, eskaintzen diren lanpostuen zerrenda iragarriko da, eta, jendaurreko ekitaldi batean, dei eginen zaie izangaiei. Lehenbizi, aldizkako lan-kontratudun finkoei eskatuko zaie destinoa aukeratzeko; gero, aldizka lan premia egoten den lanpostuetan aldi baterako kontratu administratiboa sinatua duten langileei deituko zaie, eta, azkenik, bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko zaizkie adli baterako kontrataziorako izangaiei, betiere trebakuntza ikastaroa gainditua badute.

Araudi indardunari jarraikiz, ez zaie kontrataziorako deituko hemezortzi urtetik beherakoei, lanpostus horiek arrisku berezikotzat hartuak baitaude.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

7.4. Dokumentazioa.

Deia jasotzen duten izangaiek kasuan kasuko deialdian titulazioari buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Suhiltzaileen gidari laguntzaileek, eskola-graduatuaren, lehen mailako lanbide-heziketako tituluaren edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulu baten kopia konpultsatua, baita C motako gidabaimenarena (BTP baimena duena).

Suhiltzaile peoi laguntzaileek, eskola-ziurtagiriaren edo baliokidearen kopia konpultsatua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.–Osasun azterketa.

Kasuan kasuko kanpainarako lanpostuak aukeratu ondoren, kontratua sinatu baino lehen, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ezartzen duen moduan, osasun azterketa bat eginen zaie hautaturiko izangaiei, zehazteko ez daudela hautatu direneko lanpostutik baztertuak izateko II. eranskinean aipatzen diren egoeretan.

Osasun azterketaren emaitzak azterketa egiten den egunetik bi urte igaro arte hartuko dira balioduntzat eta, epe hori pasaturik, beste azterketa bat egin beharko da, baldin eta Administrazioak ez badu beharrezkotzat jotzen beste osasun azterketa bat egitea, nabarmen ikusirik izangaiaren baldintza fisikoak aldatu direla, betiere izangaia epe horretan lanpostua betetzeko gai ote den egiaztatzeko.

Bederatzigarrena.–Proba fisikoak.

2016tik aurrera, ekitaldi bakoitzeko udako kanpainarako dei baino lehen, kontratatuak izateko izangaiek aukeratu nahi dituzten lanpostuetako proba fisikoak berriz gainditu beharko dituzte. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak baztertuak izanen dira probak egiten diren urterako. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa; Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es), “Zerbitzuak” “Enplegu Publikoa” atalean, deialdiaren aipamenean, proba fisiko hauek egiteko deialdia argitaratutako da urtero.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

10.1. Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10.2. Deialdien, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

10.3. Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2014ko abenduaren 15ean.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Gobernua.–Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.–Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

ESKABIDE EREDUA

Eskabidea, ...................................... lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratatuak izateko deialdian parte hartzeko. Deialdia ...... Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .......(e)ko .......aren .......(e)an.

1) Norberaren datuak:

Izen-abizenak:

NAN zk. ................... Nazionalitatea ............. Jaioteguna:

Helbidea ..................... Herria

Probintzia ...................................... Posta kodea

Telefonoak (3 gehienez): ......................................

Posta elektronikoa:

2) Desgaitasuna frogatzea. (bidezko denean bakarrik):

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

3) Euskarazko lanpostuak (Deialdian hala adierazten denean soilik):

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:

Badudala Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).

Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi “urrats” gainditu ditudala (1. jakite maila).

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

4) Horrez gain, hauxe diot:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela izan desgaitua, ez eta gabetua ere, eginkizun publikoak betetzeko.

Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Ez dudala Espainiako nazionalitatea. Zin egiten edo hitzematen dut ez dudala .................................ko (sorterria) funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik. Sorterria:

Iruñean, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an
(Sinadura)

Oharrak:

–Eskabidearekin batera NANaren fotokopia aurkeztuko da.

–Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla dokumentu honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

II. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko begi zolitasuna: 5/10 begirik okerrenean eta 7/10 onenean.

–Ikuseremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

–Betazal-konjuntibari eta/edo eranskinei eragiten dieten prozesu kronikoak, eraginaren arabera.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500-3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 35 dB-ko galera.

–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.–Mintzamena.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, ahozko komunikazioa zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–20º-tik gorako eskoliosia.

–30º-tik goitiko zifosia.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia.

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gutxiegitasun hepatikoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Kakari eutsi ezina.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio egoerak eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoak: bronkitis kronikoa, enfisema, bronkiektasiak, etab.) edo aireberritzeko gutxiegitasunak, bizi edukiera behartuaren (CVF) edo arnasa botatzeko lehen segundoan beharturiko bolumenaren %15etik gorakoak (FEV1).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna, bilakaeraren arabera.

8.–Nerbio-sistema:

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Giharretako distrofiak eta bestelako miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste alterazio motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Alterazio psikiatrikoak.

–Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak.

–Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi larria, alterazio distimikoak).

–Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernuari eutsi ezina.

–Giltzurruneko polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, suhiltzaile lanetan aritzea zailtzen baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

–Inmunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 30).

15.–Ohar orokorrak.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, baldin eta balorazio mahaiaren iritziz suhiltzaileen gidarien lanetan edo suhiltzaile peoi laguntzaileen eginkizunetan aritzea eragozten badute.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Jantzi babesgarriak. Norbera babesteko ekipoaren ezaugarriak eta hori erabiltzeko arauak.

2.–Nafarroako legeria: Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko Legea.

3.–Sua. Definizioa.

4.–Erregaiak, erregarriak, aktibazio-energia eta kate-erreakzioa.

5.–Suzko triangelua. Suzko tetraedroa.

6.–Erreketa motak.

7.–Su motak.

8.–Beroa zabaltzeko moduak (erradiazioa, konbekzioa, kondukzioa).

9.–Erreketaren produktuak.

10.–Su-itzaltze metodoak (hozketa, sua itotzea eta suari elikadura kentzea).

11.–Itzaltzeko gaiak (ura, bitsa, hautsa, lurra, CO2).

12.–Basoetako suzko triangelua. Beroa mendian zabaltzeko moduak.

13.–Basoetako suteak zabaltzeko ingurumen arloko faktore erabakigarriak: maldak, eguzkitan egotea. Eguneko ordua, hezetasun erlatiboa, tenperatura. Eguratsaren egonkortasuna. Haizea (Foëhn, orokorrak, tokian tokikoak). Sutearen gaineko eragina. Iraulketa termikoa.

Suaren jokamoldearen azterketa. Campbell-en azterketa-metodoa (CPS)

14.–Basoetako suteen zatiak.

15.–Basoetako suteen mugaldeen itxurak.

16.–Basoetako suteen motak: adaburuak, lur azalekoak eta lur azpikoak.

17.–Erreketaren faseak.

18.–Erregaiak (motak, ereduak). Banaketagatik, osaeragatik.

19.–Basoetako sua itzaltzea. Erregaiak desagerraraztea. Babes lerroak (kontzeptua, ezaugarriak eta egiteko moduak). Suebakiak (kontzeptua eta egiteko moduak). Sua itotzea. Hozketa. Ura. Ura erabiltzeko teknikak. Atzeragarriak.

20.–Itzaltzeko baliabideak. Eskuzko tresnak. Ur-mahukak. Lantzak. Ura mahuken bidez erabiltzeko arauak. Motxila-itzalgailuak. Ponpa itzaltzaileak. Motoponpak.

21.–Autoponpa-ibilgailuak (basoetako suteak itzaltzen erabiltzen diren moten oinarrizko nozioak).

22.–Aireko baliabideak (basoetako suteak itzaltzen erabiltzen diren moten oinarrizko nozioak eta haiekin lan egiteko segurtasun arauak).

24.–Zuzeneko erasoa (kontzeptua eta egiteko moduak).

24.–Zeharkako erasoa (kontzeptua eta egiteko moduak).

25.–Miaketa, ebaluazioa, erasotzeko plana, kontrola, likidazioa, errematea eta zaindari taldea.

26.–Ur-mahukekin lan egiteko protokoloa. Ur-mahukekin lan egiteko aurreneurriak.

27.–Oihaneko suteak itzaltzeko segurtasun arauak. LACES metodoa. Hamar segurtasun arau.

28.–Autoponpak, motoponpak, elektroponpak eta multzo elektrogenoak. Erabilera, mantentze-lana eta erabilera egokia. Ponpaketak, bulkaketak eta ur-ateratzeak: oinarrizko printzipioak, segurtasuna eta lan prozedurak.

29.–Oihaneko suteetan erabiltzen diren tresnak. Eskuko tresnekiko lana eta haien mantentze-lanak. Sasiak garbitzeko motozerrak, piztailuak, motxila eta eskuko erremintak, erabiltzeko irizpideak, mantentze-lanak eta segurtasuna erabiltzerakoan.

30.–Airetiko bitartekoak oihaneko suteak itzaltzeko. Motak, erabilerak eta oinarrizko ezaugarriak. Segurtasuneko protokoloa lurrean, aldi bereko lanetan. Helikopteroz garraiatutako taldeak. Garraio mota honen ezaugarriak, lana eta segurtasuna.

IV. ERANSKINA

Proba fisikoen balorazioa

Erresistentzia-lasterketa (Cooperren testa)

Hasierako posizioa: zutik, abiatze lerrotik atzera, bi oinak atzean direla (ez da zilegi izanen iltzedun oinetakoak erabiltzea).

Gauzatzeko modua: zutik daudela hasiz, lasterka, oinez nahiz bi moduak tartekatuz, 12 minutuan albait tarterik luzeena egitea. Saio bakarra eginen da.

Izangaiak bere adinari dagokion tartea gainditzen badu emanen zaio “gai” kalifikazioa, betiere taula honi jarraikiz:

ADINA

METRO

Suhiltzaileen gidari laguntzailea

Suhiltzaile peoi laguntzailea

31 urtetik behera

2.200

2.600

31 urtetik 40ra bitarte

2.000

2.400

41 urte edo gehiago

1.800

2.200

Baloi medizinala jaurtitzeko testa (3 kg)

Abiatzeko jarrera: zutik, hankak irekita eta oinak simetrikoki jarrita marraren atzean, baloia buruaren atzean, bi eskuekin helduta.

Gauzatzeko modua: baloia ahalik eta urrutien bota behar da. Eta jaurtiketak simetrikoa behar du izan. Jaurtitzeko prozesuan, jaurtitzetik baloiak lurra ukitu bitarte, izangaiak ezin du oreka galdu, eta ezin dira oinak mugitu, ezta lurretik altxatu ere, nahiz eta orpoak altxatzen ahal diren.

Distantzia neurtuko da jaurtitzeko marratik baloiak lurrean utzitako arrastoetatik marratik hurbilen dagoeneraino.

Bi saio egin daitezke; lehenbizikoa balioduna bada, ez da bigarrenik eginen.

Izangaiak bere adinari dagokion tartea gainditzen badu emanen zaio “gai” kalifikazioa, betiere taula honi jarraikiz:

ADINA

METRO

30 urtetik behera

6,50

31 urtetik 40ra bitarte

6,00

41 urte edo gehiago

5,50

Iragarkiaren kodea: F1417675