1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
141E/2015 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Aribeko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Aribeko Udalak sustatu du.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
2008ko urtarrilaren 18an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Aezkoako lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, txostena egin zuen, hirigintzako udal plana eta haren Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean ingurumen arloan kontuan hartu beharreko alderdiei buruz.
Geroago, Udalak, 2011ko martxoaren 16an eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen hirigintza plana; 2011ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 27an, argitaratu zen iragarkiaren bidez eman zitzaion hasiera jendaurreko epeari. Aldi horretan ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.
2011ko abuztuaren 30ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten bat igorri zuen, planean sartu beharreko ingurumen eta paisaia arloko balioak aipatzeko, baita lurzoru urbanizaezinaren araudiko jarraibideak azaldu eta hirigunearen hegoaldean urak har ditzakeen eremuak zehazteko ere.
Aribeko Udalak, 2014ko apirilaren 30eko osoko bilkuran, behin-behinekoz onetsi zuen plana, eta dokumentazio osoa 2014ko maiatzaren 30ean jaso zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.
Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena I. eranskinean daude.
Aribeko hiri antolamendua egitean, lurraldeari lotutako baldintzatzaile nagusia hirigunearen kokapena bera da, ibarraren barrenaldean baitago, Irati ibaiko uren eraginpeko tokian, eta malkar handiak baititu iparraldean. Bizitegietarako proposamen berriak (AR1) NA-140 errepidearen iparraldean daude, uholde arriskurik gabeko lurretan. Hirigunearen inguruneko erabilera, okupazioa eta urbanizazioa aldatzeak oso gutxi ukitzen du ingurumena, nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak eta hirigunearen ertzak besterik ez, eta toki horietan ez dago balio natural nabarmenik.
“Nafarroako Aragoi eta Irati ibaien arroetako antolamendu hidraulikoa eta ibai horiek gainezka egitean urak hartzen ahal dituen eremuen mugapenaren azterketa” izeneko dokumentuak erakusten du hirigunearen zatirik handiena Irati ibaiko urak hartzen ahal duen eremuaren barnean dagoela, 500 urtean behingo birgertatze aldiekin. Urak hartzen ahal dituen lurrak ukitzeari dagokionez, Uraren Zerbitzuak 2011ko irailaren 13an eta 2014ko irailaren 25ean egindako txostenak jaso dira espedientean.
Bizitegiak egiteari eta hiri eremua handitzeari buruz azkenik planteatu den proposamenak baztertu egin du AR2 bizitegi eremua, urak hartzen ahal duen eremu batean baitago, hirigunearen ekialdean. Urak hartzen ahal dituen eremuetan eragina duten gainerako proposamenei dagokienez (esate baterako Aria errekaren ingurunea, Iratiren eskuinaldeko Ekipamenduetarako Sistema Orokorra, 50 urtean behingo birgertatze aldiak dituena (1. poligonoko 51. eta 52. lurzatiak) eta 5 urtean behingo uraldiek ukitzen dituzten hiri eremuak), Ingurumen ondorioen adierazpen honetan ezarritako baldintzak gehituko dira.
Udalerriaren gainerakoan, landa lurzoruari eta ingurumenaren, nekazaritzaren, kulturaren eta paisaiaren balioak babestu eta zaintzeari dagokionez, eremu horiek lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen dira eta haien erabileren araubidea ezartzen. Atal honi loturik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2011ko abuztuaren 30ean egindako txosteneko oharrak jaso dira planean. Hala ere, “Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuaren interes ekologikoa dela eta, mugapena eguneratu egin behar da uztailaren 2ko 54/2014 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bidez, “Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua (BGL) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu da eta haren kudeaketa plana onetsi.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduran, txostena egin du ingurumeneko baldintzak Hirigintzako Udal Planean eransteari buruz.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Aribeko Hirigintzako Udal Planaren alde. Aribeko Udalak sustatu du.
2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:
– “Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuaren mugapena uztailaren 2ko 54/2014 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera egokitzea.
–Planeko araudian honako hau sartzea: Ekipamendurako Sistema Orokortzat jotzen den eremuan uholdeak izateko arriskua dagoenez, eta LAP1-eko irizpideak aplikatuz, honelako jarduerak soilik baimenduko dira: ekipamendu irekiak, hala nola parkeak, aire zabalean dauden kirol eremuak, uholdeekin bateragarri direnak, lur gaineko aparkalekuak eta antzekoak, betiere erantzun denbora bi ordutik gorakoa bada.
–1. poligonoko 41., 38., 69., 70. eta 84A lurzatietan eta poligonoko 1. eta 3. lurzatietan bizitegiak egiten hasi baino lehen, zer arrisku dagoen egiaztatuko da eta, lortutako emaitzak ikusirik, PN5 eranskineko irizpideak aplikatuko dira (eranskin hori urak hartzen ahal dituen eremuen zonifikazioari buruzkoa eta eremu horietan onartzen ahal diren erabilerei buruzkoa da).
–10 m-ko babes zerrenda zehaztea Aria errekaren inguruan, errekaren alde batean bederen. Baldintza hau bai UE-1aren hirigintza fitxan bai Ekipamendurako Sistema Orokorrean sartuko da, biak ala biak errekaren mugakide.
–Hots eremuen mugapen berri bat eranstea, planeko hirigintza proposamenari egokitua.
–Ingurumen ondorioen azterlaneko 8. kapituluan jasotako jarraibideak eta neurri zuzentzaileak sartzea planean.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Aribeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko martxoaren 2an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
I. ERANSKINA
Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena
Aribeko Hirigintzako Udal Planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 4,32 km².
Udalerria Auñamendi eskualdean baitago, Aezkoa ibarra osatzen duten bederatzi udalerrietatik bat da. Aribe lurralde horren erdialdean dagoenez, gune horrek badu nolabaiteko balio estrategikoa ibarrarentzat.
Hirigintza plana Aezkoako LOEEri (Lurraldea Okupatzeko Estrategiari eta Ereduari) erantzuna eman eta hura garatzeko ahalegina da; izan ere, ibarra modu orekatuan garatzearen eta bertako baliabideak batera ustiatzearen alde egiten da, jarduera eta lurraldea elkar lotuz eta udalerrien hazkunde moderatuaren alde eginez.
Aribeko Hirigintzako Udal Planak 1989az geroztik indarra izan duten Arau Subsidiarioak ordezten ditu. Hortaz, hirigintzako legediaren arabera eguneratu eta egokitu da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearekin bat.
Hirigintza Planaren helburua da hiri egitura eta barnealdeko bide komunikazioa hobetzea, bide ardatz nagusiak identifikatuz, zabalduz eta haien trazadura erregularizatuz. Beste helburu bat da hiri kalitatea hobetzea eremu publikoak gehituz eta bizitegi eremuen barnean jarduera gogaikarriak kenduz.
Egungo hiri egiturari jarraipena ematea planteatzen da, baita landa eremuko herri izaerari eustea ere.
Helburu horiek gauzatzeko, egungo hirigunea finkatu da eta iparraldeko bizitegi lurzorua handitu (AR1). Bizitegiei buruzko aurreikuspenetan 37 etxebizitza agertzen dira, gutxi gorabehera. Erreserba hau egitearen arrazoi nagusia ez da lurzoru beharra eta eskaria izatea, baizik eta etorkizunerako egokienak diren eremuak gordetzea. Aribeko hiri lurzoru guztia bizitegi erabilerarako, hirugarren sektoreko zerbitzuetarako eta ekipamenduetarako izanen da, eta ez da jarduera ekonomikoetarako lurzorurik aurreikusi, ez baitago behar besteko eskaririk. Proposatu diren ekipamenduen eta dotazioen artean, Aezkoako Batzarre Nagusiaren lurzati bat nabarmentzen da, erabilera anitzeko ekipamendu gisa erabiltzen dena, baita “La Patatera” eraikina ere, hirugarren sektoreko ekipamendukoa.
Hirigintza zerbitzuen nahikotasuna aztertuta, ondorioztatzen da Aribeko udalerriak gaur egun badituela urez, saneamenduz eta argindarrez hornitzeko zerbitzuak, egungo eskariari erantzuteko baldintza egokietan izan ere. Dena dela, ez da baloratu azpiegitura horiek nahikoak ote diren epe ertain eta luzerako proposatu diren aurreikuspenetarako.
Hotsari dagokionez, Hotsari buruzko Azterlana eta udalerriko hots eremuen banaketa jaso dira, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarri bezala (horren bidez Hotsari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatu zen, hots eremuen banaketaren, kalitate helburuen eta emisio akustikoen inguruan).
Landa lurzoruari buruzko helburuak bideratu dira jarduerak lurraldearen ezaugarriei egokitzera eta zaindu beharreko balioak dituzten eremuak zehaztera, lurraldeko ingurumen kalitatea hobetze aldera. Alde horretatik, udalerriaren gainerakoan, ingurumenaren, nekazaritzaren, kulturaren eta paisaiaren arloetako balioak babestu eta zainduko dira lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzearen eta erabileren araubidea ezartzearen bidez. Erregulazioak ezarri dira bai eraikuntzarik gabeko erabileretarako bai eraikuntza erabileretarako, hau da, lurzoru urbanizaezinean gauzatzen ahal direnak.
Lurzoru urbanizaezineko azpikategoria hauek ezarri dira:
Eremu babestua izanik ingurumen balioa eta interes ekologikoa duen aldetik, “Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema” izeneko (ES2200025) BILa nabarmendu behar da, baita Babes Bereziko Eremuak ere, horien artean haritz kandugabeen hariztiak (interes bereziko landaredia) eta ibai sarea (ibai sistema). Orobat, gorde beharreko lurzoruaren kategoriaren barnean, ingurumeneko balioko eremu gisa, pagadiak, haritz ilaundunen hariztiak, sasitzak eta larreak sartzen dira. Gainerako arboladiak Onura Publikoko Mendi gisa hartzen dira (14. OPM, Arribe eta Txerbola).
Belardiak eta laboreak ustiapen naturalerako balioko lurzorutzat jotzen dira, eta ibarren barrenaldeetan eta lur lauetan daude batik bat. Nekazaritza eta abeltzaintzako herria baita, izaera horri eustearren arautzen dira eremu horiek eta, gainera, nekazaritza eta abeltzaintzako kultur paisaia gisa duen balioa onartzen da.
Kultur balioen artean daude 26. iraganbidea bezalako bide historikoak eta bertako bide eta bidexken sarea, “Aizpea” aztarnategia, paisaiaren behatokia eta San Joakimen baseliza.
Arriskuei dagokienez, uholdeei buruzko berariazko azterketa bat izan arte, zeinean arrisku eremuak zehaztuko baitira, 500 urtean behingo birgertatze aldia hartuko da erreferentzia gisa. Aribeko herrian, Irati ibaiak soilik du azterketa hidrologikoa; gainerako ur-ibilguak direla eta, urak hartzen ahal dituen eremutzat ibarreko barrenaldeak jotzen dira, Nafarroako plano geomorfologikoaren arabera (1:25.000 eskala).
Jarduera berezien artean sartzen dira bainuetxea, hilerria eta etorkizuneko kanpinerako eremua.
Ingurumenaren arloko diagnostikoak eta azterketak ingurune fisikoari buruzko datuak biltzen dituzte, hain zuzen ere informazio klimatologiko, geologiko eta litologikoari buruzkoak, bai eta lur gaineko sare hidrografikoari buruzkoak ere, zeina Irati ibaiak osatzen baitu batez ere. Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, eremu eurosiberiar horretan berezkoa den landarediaren serieak eta geoserieak identifikatu dira, eta pagadiak, haritz ilaundunen hariztiak, sastrakadiak eta larreak agertzen dira.
Planaren proposamenen ondoriozko eraginak identifikatu eta baloratzen ditu azterlanak, inguruneko zenbait osagairen gaineko ingurumeneko ukipenak aztertuz, eta ondorioztatzen du Udal Plan Orokorra aplikatzeak errespetatzen duela udalerriaren izaera, egungo erabilerak baimentzen baititu eta egungo baldintzak arautu eta hobetzen baititu. Biztanle gutxi dituen udalerria denez, ingurumen bektoreen gaineko eragina ere ez da nabarmena. Gomendatzen da azterketa zehatza egitea horniduren azpiegituren askitasunari buruz Hirigintzako Plana garatzen den bitartean.
Iragarkiaren kodea: F1503540