Iragarkia
68. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZANGOZA
Ordenantza, Zangozako alde historikoko eraikuntza jarduketetarako laguntzak arautzen dituena
Behin betiko onespena
Zangozako Udalak, 2014ko abenduaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zangozako alde historikoko eraikuntza jarduketetarako laguntzak arautzen dituen ordenantza. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatzen denari jarraituz tramitatu zen espedientea, lege hori aldatzen duen 15/2002 Foru Legean onetsi zen testu berriak dioenaren arabera; kontuan hartuz jendaurreko epean ez dela inolako erreklamaziorik aurkeztu, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitaratzen da ordenantzan aldatu diren artikuluen testua, hamabortz egun baliodun geroago indarra hartuko duena.
Zangozan, 2015eko martxoaren 9an.–Alkatea, Angel Navallas Echarte.
ORDENANTZA, ZANGOZAKO ALDE HISTORIKOKO ERAIKUNTZA JARDUKETETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Zangozako alde historikoan eraikinen zaharberritze lanak sustatzera bideratutako laguntzak arautzea du xede ordenantza honek, Barne Eraberritzeko Plan Bereziak (BEPB) hartaz biltzen duen mugapenaren arabera, baita haien zenbatekoa zehaztu eta haiek onartzeko eta ordaintzeko prozedura ere.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza honen aplikazio eremua Zangozako alde historikoa da, izanik hori Zangozako Udalak 2014ko urriaren 28ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen Barne Eraberritzeko Plan Bereziak (BEPB) zehazten duena, edo Zangozan unean uneko hirigintza araudian ezarritakoaren araberakoa.
II. KAPITULUA
Diru-laguntza jaso dezaketen obrak eta eraikinak
3. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.
Ordenantza honetan xedatutakoaren arabera, diru-laguntza izan dezakete Zangozako alde historikoaren eremuko eraikinetan egiten diren zaharberritze eta eraberritze obrek, Barne Eraberritzeko Plan Bereziak (BEPB) hartaz biltzen duen mugapenaren arabera.
Alde horretatik, honako jarduketa hauek hartuko dira zaharberritze obratzat:
1. Egitura aldetik egokitzeko obrak, eraikinaren segurtasuna handitu eta haren egonkortasuna, erresistentzia, tinkotasuna eta sendotasuna bermatzearren.
2. Egokitzapen funtzionalerako obrak, eraikinak baldintza egokiak bete ditzan arlo hauetan: sarbideak, euriaren eta hezetasunaren kontrako estankotasuna, isolamendu termiko eta akustikoa, baita eraikineko instalazio orokorrak ere (sare orokorretarako harguneak...).
Egituraren eta funtzionaltasunaren aldetik egokituta dauden eraikinen kasuan:
3. Eraikinek historiaren, artearen, arkitekturaren eta ingurumenaren aldetik duten interesari balioa emateko behar diren obrak, BEPBarekin bat.
4. Eraikinak hirigintza aldetik egokitzeko obrak, indarra duen planeamenduan aurreikusiak (eranskinak kentzea, estalkiak, fatxadak, lerrokadurak...).
5. Oztopo arkitektonikoak kentzeko obrak, minusbaliatuei sarbidea eta erabilera errazteko asmoz, mugitzeko arazoak dituztenean.
6. Lokaletan: hobekuntzak errotuluetan, fatxadetan eta lokalen kanpoko hiri irudian.
7. Zuraren tratamenduak eragile xilofagoen kontra, bai sendatzekoak bai aitzintzekoak, egiturari, estalkiari eta kanpoko arotz-lanei zuzenduak.
4. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen eraikinak.
1.–Eraikinek, diru-laguntza jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Zangozako alde historikoan egotea, 2. artikuluak ezartzen duen mugapenarekin bat.
–50 urte baino gehiago izatea, eraikinak mugikortasun murriztua duten elbarrientzat egokitzen direnean salbu.
–Hirigintza arloan indarra den planeamenduak xedatzen duenera egokitzea.
2.–Honako hauek ezin izanen dute zaharberritzeko udal laguntzarik eskuratu:
–“Antolamenduz kanpo” dauden eraikinetan edo “antolamenduz kanpo” dauden elementuak dituzten eraikinetan egiten diren obrak.
–Elbarriek erabiltzeko eraikinak egokitzera zuzenduriko jarduketak, erabateko egokitzapena lortzen ez dutenean irisgarritasun unibertsalari eta ororendako diseinuari buruzko araudi berariazkora, eraikinaren sarreratik hasi eta etxebizitza guztienetara, salbu eta teknikoki edo ekonomikoki bideraezina delarik, 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera.
–Babesten ahal den aurrekontuaren barnean ez da sartuko igogailuaren aparatuaren kostua, jadanik dagoen bat ordezkatzeko bada.
3. Laguntza hartzen duten zaharberritze lanak egitean, bermatu behar da lan horiek teknika eta eraikunza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, ezta argindar hornidurarik edo ur banaketarik ere, edo saneamendu orokorra modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euriaren aitzinean, lanak ez dira lagunduko haiekin batera gabezia horiek betetzeko behar diren obrak egiten ez badira.
Laguntza motak eta zenbatekoa
5. artikulua. Aurrekontuko zuzkidura.
Urtero, Zangozako Udalak Zangozako alde historikoko biztanle bakoitzari urteko aplikatzen ahal zaion modulu ponderatuaren %1 baino gutiago izanen ez den zenbatekoa sartuko du bere aurrekontuetan.
Nolanahi ere, kopuru hori aski izanen da hurrengo artikuluaren arabera ematen diren diru-laguntzen zenbatekoaren ondoriozko gastuei erantzuteko; hala behar denean, behar diren aldaketak eginen dira aurrekontuetan.
6. artikulua. Udalaren laguntza motak:
1.–Oro har obretarako laguntzak, 3. artikuluan xedatuaren arabera.
Atal honetan sartzen dira Zangozako alde historikoan egiten diren zaharberritze jarduketak, 3. artikuluaren arabera diruz laguntzen ahal badira, eta hurrengo atalean jarduketa berezi gisa definitzen ez badira.
2.–Jarduketa berezietarako laguntzak.
Ondoko laguntzak ezartzen dira hurrengo lerroaldeetan deskribatzen diren jarduketa berezietarako:
–Apaintze lanetarako laguntza bereziak.
Jarduketa bereziak direlakoan, laguntza hauek eskuratzen ahal dira fatxadak edo eremu publikotik agerian diren elementu bereziak berritzeko obretarako, hirigintzan indarra duen legeriak kontserbatzeko ezarritako eginbeharretik harata egiten badute, eta eraikina katalogatzen duen planeamenduan eskatzen badira.
–Igogailuak paratzeko laguntzak.
Alde historikoko eraikinetan igogailuak paratzeko diru-laguntza emanen da, jarduketa berezia delakoan, ulerturik delako aurrekontuaren barrenean dagoela hura paratzeko elementu komunetan edo/eta pribatiboetan egin behar den obra zibilaren eta konponketen atala, baita hura paratzeko erosi behar diren espazio edo eraikin atalak ere.
Onuradunak
Laguntzen onuradunak hauek izanen dira:
a.1) Zaharberritze lanetan:
–Beraiek erabiltzeko nahiz alokatzeko familia bakarreko etxebizitzen jabeak.
–Jabe ez diren erabiltzaileak (errentariak, usufruktudunak etab.), jabearen baimen espresa badute eta egoera juridiko hori behar adina frogatzen badute.
–Jabeen elkarteak, etxebizitza kolektiboko eraikinetan.
–Lokalen jabe edo errentariak, eraikin horietan 3. artikuluaren a) ataleko 6. azpiatalean deskribatzen diren jarduketa babesgarriak egiten badira.
–Ekipamendu edo zuzkiduretarako eraikinen jabeak, betiere indarra duen planeamenduak horrela kalifikatu baditu.
Aurrekontu babesgarria
1. Aurrekontu babesgarritzat hartuko da zaharberritze eta berritze lanen kostu erreala, barne direla aldamioak paratzea eta proiektuaren eta/edo obren zuzendaritza teknikoaren ordainsari profesionalak, eta kanpo direla herriko zergak, legean aurreikusi gabeko ordainarazpen fiskalak, herriko ogasunarekin sortutako zorren ordain edo murriztapenak diren aldetik. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ere ez da sartuko aurrekontu babesgarrian.
2. Ez dira diruz lagunduko jarduketen aurrekontu babesgarria 4.000,00 euro baino gutiago delarik.
3. Ordainsariengatik diruz laguntzen ahal den aurrekontua (proiektu edo memoria baloratua gehi obra zuzendaritza) ez da izanen jarduketaren aurrekontu babesgarria baino %10 gehiago.
Zenbatekoa
1.–Oro har obretarako laguntzak, 3. artikuluan xedatuaren arabera.
Laguntzen zenbatekoa zehaztuko da familiaren diru-sarrera ponderatuen bidez, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen 61/2013 Foru Dekretuaren 2. eranskinean edo aldi bakoitzean aplikatzekoak diren xedapenetan definitzen diren bezala.
–Pertsona fisikoak:
DIRU-SARRERAK | DIRU-LAGUNTZA |
IPREM halako 1,5 euro baino tikiagoa | %7 |
IPREM halako 1,5etik IPREM halako 2,5era | %5 |
IPREM halako 2,5etik IPREM halako 3,5era | %4 |
IPREM halako 3,5 baino gehiago | %3 |
–Jabe elkarteak. Aurrekontu babesgarriaren %3ko diru-laguntza.
–Pertsona juridikoak. Aurrekontu babesgarriaren %2ko diru-laguntza.
–Jarduketa bakoitzagatik, gehieneko laguntza ezarri da, 2.000,00 eurokoa.
2.–Jarduketa berezietarako laguntzak.
Aurrekontu babesgarriaren %5, kasu guztietan, salbu eta, laguntzen aitzineko ataleko laukia aplikaturik, onuradunari laguntza handiagoa dagokionean, halakoetan honen onuraduntzat hartuko baita.
Jarduketa bakoitzagatik, gehieneko laguntza ezarri da, 3.000,00 eurokoa.
7. artikulua. Laguntzen mugak.
1.–Behin laguntza eskuratuta, ezin izanen da eraikin bererako berriz ere eskatu ordenantza honetan arautzen diren laguntzetarik, salbu eta berezitzat jotzen diren jardueretariko bat delarik.
2.–Egin beharreko obrak egitean, kalifikaziorako bide eta oinarri izateko aurkeztu diren proiektu teknikoa edo memoria tekniko baloratua oso-osorik errespetatu beharko dira. Erran nahi baita ez dela aldaketarik egiten ahal (bereziki kalitate arkitektonikoan, materialetan edo egin beharreko tratamenduetan eragiten dutelarik) aitzinetik udal zerbitzu teknikoen baimenik ez bada. Aitzinekoa ez betetzeak espedientea deskalifikatzea eta emandako laguntza galtzea ekar dezake.
8. artikulua. Laguntzen eskabidearen tramitazioa.
1. Interesdunek 1. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dute eskaera, dokumentazio honekin batera:
1.1. Onuradunari buruzko dokumentazioa.
–NANaren fotokopia (pertsona fisikoendako) edo IFZrena (pertsona juridiko eta jabe elkarteendako).
–Onuraduna izatearen egiaztagiriak:
- Jabeak: Jabetza Erregistroaren ohar soila edo etxearen erosketaren eskritura publikoak.
- Jabe ez diren erabiltzaileak: errentamendu kontratua edo halakoak izatearen bertze egiaztagiri batzuk.
- Jabeen elkarteak: elkartearen IFZ, jabeen zerrenda eta elkartearen erabakia, jarduketa onesten duena.
1.2. Obrak deskribatzeko dokumentazioa.
–Obra proiektua, teknikari eskudunak prestatua eta lanbide elkargoak ikus-onetsia, hala behar badu Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legean, Eraikuntzaren Kode Teknikoan, Zangozako Udal Planean eta aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztietan ezarritakoaren arabera.
–Memoria tekniko baloratua, teknikari eskudunak prestatua, prezioak eta neurketak zehaztuta (obrek proiektu teknikorik behar ez badute).
–Argazkiak.
–Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zerbitzuaren zaharberritze babestuaren behin-behineko kalifikazioa, jarduketa zaharberritze babestu gisa tramitatu bada.
–Bertzelako agiriak, eskatzaileari horiek aurkeztea interesgarria iruditzen bazaio.
2.–Behar den obra lizentziarekin batera aurkeztuko da eskaera, eta betiere haren ebazpena baino lehenago.
3.–Udaleko zerbitzu teknikoek dokumentazioa aurkeztuko dute eta txostena luzatuko dute diru-laguntzerako baldintzen eta haren zenbatekoaren gainean, ordenantza honetan aipatzen diren baldintzekin bat etortzen badira.
Udalak edozein unetan eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar eguneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako tramiterik gabe.
4.–Zangozako Udalak, eskaera jaso eta udal teknikarien txostena ikusirik, espedientea ebatziko du eta interesdunari jakinaraziko dio eskatutako laguntza ukatu ala eman zaion. Azken kasu horren zenbatekoa zein den ere adieraziko da.
9. artikulua. Laguntza ekonomikoen ordainketa.
1. Onuradunak frogatu beharko du lagundu den jarduketa egin egin dela, hura ordaindu aitzin, horretarako baldintza izanen baita. Horretarako, 2. eranskineko “obra bukaera jakinarazteko inprimakia” aurkeztu beharko du, dokumentazio honekin batera:
–Obra bukaerako ziurtagiria, obra zuzendu duten teknikariek sinatua.
–Obra bukaerako txostena eta, horren barnean, obren azken kostuaren ziurtagiri eta/edo egiaztagiriak (obra gauzatzea, ordainsariak, BEZa, guztira) eta haien azken egoeraren argazkiak.
–Gastua egiaztatzen duten fakturak eta ordainketak frogatzen dituztenak.
–Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.
–Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
–Interesgarritzat jotzen diren bertzelako agiriak.
2. Udaleko zerbitzu teknikoek lizentziaren gaineko aurrekariak eta espedientean jasotako dokumentazioa aztertuta, obrak ikuskatuko dituzte, diru-laguntzaren xedeari egokitzen zaizkion eta obra lizentziaren arabera egin direla egiaztatu beharrez, baita eskatutako dokumentazioa zuzen aurkeztu ote den ikusteko.
3. Udaleko zerbitzu teknikoek ikus-onetsia emanik, laguntzak ordainduko dira.
4. Erranak erran, aparteko kasuetan konturako ordainketak egiten ahalko dira, betiere jarduketa guztiaren %70 gauzatu bada eta Udaleko zerbitzu teknikoek premiaren gaineko txostena egin ondotik. Ordainketa zatituak izaten ahal dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean, eta aurkeztutako frogagiriko zenbatekoa ordainduko da. Konturako ordainketa horiek betiere eginen dira aurrekontuetan horretarako diru aski bada.
5. Ez da diru-laguntzarik emanen obrek aitzinetik erdietsi ez badute Udalaren lizentzia eta horiek egiteko behar diren era guztietako baimenak.
6. Onetsitako laguntzak eskuratzeko, sustatzaileak aitzinetik ordaindu beharko du Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) eta bertze edozein udal zerga edo tasa, laguntzaren xede diren obrei dagozkienak. Halaber, eskatzaileak eguneratuak izan beharko ditu Zangozako Udalean ordaindu beharrekoak.
10. artikulua. Laguntzen galera eta jasotako dirua itzultzea.
Ordenantza honetako baldintzak eta betekizunak betetzen ez badira, aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzen bada eta obrak egiten ez badira, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko dira; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarra duen legean diru bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan xedatu denari kontra egiten dioten udal xedapen guztiak, bereziki Eraikinak eta etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza, 1997ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, maiatzaren 19an.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
1. ERANSKINA
Zangozako alde historikoan egiten diren eraikuntza
jarduketarako laguntzak eskatzeko inprimakiaren eredua
(Behar bezala betea eta bikoizturik, Zangozako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharrekoa, Zangozako Karrika Nagusiko 35eko beheitian).
1.–Onuradunaren datuak:
Onuradunaren izaera (izen-deiturak edo sozietatearen izena) .............................................................................................................................
Onuradunaren NANa/IFZ pertsona juridikoa izanez gero .
Izaeraren egiaztagiria (ordenantzaren 6. artikuluaren arabera) .............................................................................................................................
2.–Eraikinaren datuak:
Jarduketa zer higiezinetan egiten den, haren posta helbidea ....................................................................................................................................
Katastroko erreferentzia: Poligonoa ................... Lurzatia ...............
Gaur egungo erabilerak ...................... Erabilera aurreikusiak ..............................................................................................................................
Antzinatasuna .......... urteak
3.–Obrei buruzko datuak:
Identifikazioa (X batez markatu dagokion laukitxoa).
| Egitura aldetik egokitzeko obrak, eraikinaren segurtasuna handitu eta haren egonkortasuna, erresistentzia, tinkotasuna eta sendotasuna bermatzearren. |
| Eginkizunaren aldetik egokitzeko obrak, eraikinak baldintza egokiak bete ditzan arlo hauetan: sarbideak, euriaren eta hezetasunaren kontrako estankotasuna, isolamendu termiko eta akustikoa, eraikinaren instalazio orokorrak (sare orokorretarako harguneak...). |
| Eraikinek historiaren, artearen, arkitekturaren eta ingurumenaren aldetik duten interesari balioa emateko behar diren obrak, BEPBarekin bat. |
| Eraikinak hirigintza aldetik egokitzeko obrak, indarra duen planeamenduan aurreikusiak (eranskinak kentzea, estalkiak, fatxadak, lerrokadurak...). |
| Oztopo arkitektonikoak kentzeko obrak, elbarriei sarbidea eta erabilera errazteko asmoz, mugitzeko arazoak dituztenean. |
| Lokaletan: hobekuntzak errotuluetan, fatxadetan eta lokalen kanpoko hiri irudian. |
| Zuraren tratamenduak eragile xilofagoen kontra, egiturari, estalkiari eta kanpoko arotz-lanei zuzenduak. |
Deskribapen laburra:
Obra lizentziak:
Data honetan eskatua ........./........ | Eskatu gabea |
4.–Helbidea, jakinarazpenetarako:
Helbidea
Helbide elektronikoa
Telefonoa
5.–Eskabideari erantsitako dokumentazioa:
Onuradunari buruzko dokumentazioa, aurkeztu beharrekoa:
–NANaren fotokopia (pertsona fisikoendako) edo IFZrena (pertsona juridiko eta jabe elkarteendako).
–Onuradun izaerari buruzko dokumentazioa.
Zaharberritze lanetarako:
–Jabeak: Jabetza Erregistroaren ohar soila.
–Erroldatu gabeko erabiltzaileak: Beren egoera frogatzeko agiria.
–Jabe elkarteak: elkartearen IFZ, jabeen zerrenda eta elkartearen erabakia, jarduketa onesten duena.
Berritze lanetarako:
–Eraikinen sustatzaileak, berek erabiltzeko bada: Jabetza Erregistroaren ohar soila.
–Eraikinen sustatzaileak, etxebizitzak errentan emateko nahi dituztenak: egoera hori frogatzen duen agiria.
Obrak deskribatzeko dokumentazioa (X batez markatu aurkezten den dokumentazioa).
Obra proiektua | |
Memoria tekniko baloratua, prezioak eta neurketak zehazturik | |
Argazkiak | |
Bertzelako agiriak | |
......................(e)n ........(e)ko ..........aren ..........(e)an
Sinatua ..........................................
ZANGOZAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.
2. ERANSKINA
Zangozako alde historikoan egiten diren eraikuntza jarduketen
obra bukaera jakinarazteko inprimakiaren eredua
(Behar bezala betea eta bikoizturik, Zangozako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharrekoa, Zangozako Karrika Nagusiko 35eko beheitian).
1.–Onuradunaren datuak:
Onuradunaren izaera (izen-deiturak edo sozietatearen izena) ...............................................................................................................................
Onuradunaren NANa/IFZ pertsona juridikoa izanez gero ........................................................................................................................................
2.–Eraikinaren datuak:
Jarduketa zer higiezinetan egin den, haren posta helbidea ......................................................................................................................................
Katastroko erreferentzia: Poligonoa ................................................. Lurzatia
3.–Obrei buruzko datuak:
Identifikazioa (X batez markatu dagokion laukitxoa):
| Egitura aldetik egokitzeko obrak, eraikinaren segurtasuna handitu eta haren egonkortasuna, erresistentzia, tinkotasuna eta sendotasuna bermatzearren. |
| Eginkizunaren aldetik egokitzeko obrak, eraikinak baldintza egokiak bete ditzan arlo hauetan: sarbideak, euriaren eta hezetasunaren kontrako estankotasuna, isolamendu termiko eta akustikoa, eraikinaren instalazio orokorrak (sare orokorretarako harguneak...). |
| Eraikinek historiaren, artearen, arkitekturaren eta ingurumenaren aldetik duten interesari balioa emateko behar diren obrak, BEPBarekin bat. |
| Eraikinak hirigintza aldetik egokitzeko obrak, indarra duen planeamenduan aurreikusiak (eranskinak kentzea, estalkiak, fatxadak, lerrokadurak...). |
| Oztopo arkitektonikoak kentzeko obrak, elbarriei sarbidea eta erabilera errazteko asmoz, mugitzeko arazoak dituztenean. |
| Lokaletan: hobekuntzak errotuluetan, fatxadetan eta lokalen kanpoko hiri irudian. |
| Zuraren tratamenduak eragile xilofagoen kontra, egiturari, estalkiari eta kanpoko arotz-lanei zuzenduak. |
Deskribapen laburra:
Obra lizentziak:
Eskaeraren data ................./....../........
Lizentzia eman zen eguna ................./....../........
Obra bukaerako ziurtagiria ................./....../........
4.–Emandako laguntzaren ordainketa eskaerarekin batera aurkezten den dokumentazioa:
–Obra bukaerako ziurtagiria eta obra bukaerako txostena eta, horren barnean, obren azken kostuaren egiaztagiriak (obra gauzatzea, ordainsariak, BEZa, guztira) eta obren azken egoeraren argazkiak.
–Fakturak, egindako inbertsioen frogagarri.
–Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
–Interesgarritzat jotzen diren bertzelako agiriak.
.....................(e)n, ........(e)ko ...................aren ................(e)an
Sinatua ..........................................
ZANGOZAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.
Iragarkiaren kodea: L1504294
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
