68. ALDIZKARIA - 2015eko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

111/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa arautzen duena eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak ezartzen dituena.

Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa zerbitzu administratibo bat dela, eta laguntza publikoen hartzaileak zehazteko erabiltzen den nekazaritzako ustiategien informazioa bertan jasotzen dela. Nekazaritzako Ustiategien Modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearekin koordinatzen da Nafarroako legeria, hark oinarrizko izaerako zenbait artikulu baititu.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren uztailaren 6ko 220/2007 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako lan unitateak ezarri dira. 1995eko abenduaren 13ko Aginduak Nekazaritzako Ustiategien Modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legea garatzen du.

Bestalde, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 1. artikuluak adierazten duenez, Erregistroan dagoen informazioa oinarri gisa erabiltzen da nekazaritzako egituren modernizatze politika garatzeko eta Nafarroako nekazaritza sektorea antolatzeko eta planifikatzeko. Hortaz, laguntza publikoen lehentasunezko xede izateko, zenbait onura fiskal lortzeko eta estatistikaren ondorioetarako, beharrezkoa da ogibide nagusia nekazaritza izatearen kalifikazioa erabiltzea, edo ustiategia lehentasunezkoa izatearen kalifikazioa, eta inskribatzeko prozesua arautzea, baita informazio hori eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko agiriak eguneratzeko prozesua ere.

Aurrekoan oinarriturik eman zuen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak 34/2014 Foru Agindua otsailaren 11n. Haren bidez Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategiak kalifikatzeko irizpideak ezartzen dira. Agindu horrek arautzen du, besteak beste, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatzeko prozesua eta bertan dagoen informazioaren eguneratzea, baita kasu bakoitzean aurkeztu beharreko agiriak ere.

Europar Batasunak lehen mailako nekazaritza ekoizpenerako higienearen arloan emandako araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 9/2015 Errege Dekretuak Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorra sortu zuen, lehenagotik sortutako erregistro autonomikoetako datuekin elikatuko dena. 4. artikuluan ezartzen du nekazariek jakinarazi behar diotela urtero autonomia erkidegoko organo eskudunari beren ustiategien informazioa, erregistro horretan inskribatzeko. Nafarroan, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko datuekin elikatuko denez, beharrezkoa da bi erregistroen arteko koordinazioa.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen, eta xedatu Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak eskudantziak izanen dituela nekazaritzako ekoizpenaren eta landare osasunaren arloan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorra.

1. Ustiategia gehien partez Nafarroan duten nekazariek urtero jakinarazi beharko diote Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari honako informazio hau, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean sartzeko:

a) Ustiategiaren titularraren izen-abizenak edo sozietatearen izena.

b) Ustiategiaren titularraren IFZ.

c) Posta helbidea.

d) Harremanetan jartzeko datuak. Gutxienez hauetako bat beharko da: telefonoa, fax-a edo helbide elektronikoa.

e) Ustiategiko lurzatien zerrenda, SIGPAC sistemako erreferentziekin identifikatuta, laborea eta landutako lur-azalera adierazita.

2. Informazio hori Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatzeko erabiliko da, baita dagoeneko inskribaturik dauden ustiategien datuak eguneratzeko ere.

3. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa erabiliko da Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrari datuak emateko, 9/2015 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4. Urteko aitorpena ez ekartzeak berarekin ekarriko du ustiategiari Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari baja ematea, interesdunari entzun ondoren.

2. artikulua. Aurkezteko tokia eta epea.

1. artikuluan aipatzen den urteko aitorpena laguntzen eskabide bakarraren gaineko araudian aipatzen diren tokietan eta epeetan eginen da.

Eskabide bakarra aurkezteko epea iragan ondoren eratutako ustiategiak, data horren ondoko lurzati aldaketak eta eskabide horretan deklaratu ezin diren bigarren laborantzak zuzenean jakinarazi beharko zaizkio Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari.

3. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategiek edo aurrenekoz inskribatzen direnek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2. artikuluan adierazitako epe horretan berean:

a) Nekazari batasunen ustiategien kasuan, eratze-estatutuak, non honako hauek bilduko baitira: xede soziala, izenpetutako kapitala, erabakitze organoen ordezkatzea, bazkideen zerrenda eta horietako bakoitzaren parte-hartzearen ehunekoa, eta nekazaritzako sozietate zibilen kasuan, eratzearen eskritura publikoa. Inskribatutako ustiategien kasuan, beharrezkoa izanen da soilik inskribatzeko momentuan aurkeztu ez baziren edo ondoren aldatu baldin badira.

b) Ustiategiaren titularraren azkeneko zergaldiko errenta aitorpenaren fotokopia, eta, sozietateen kasuan, hura osatzen duten guztiena.

c) Gizarte Segurantzako beregaineko langileen edo autonomoen araubide berezian kotizatzen aritzearen frogagiria, nekazaritzako jardueraren arabera, ustiategiaren titularrarena eta, sozietateen kasuan, bazkide guztiena.

d) Hala badagokio, unitateko lan errenta beren ustiategiei buruzko datu errealen gainean zehazteko eskaera, baita foru agindu honen 6. artikuluko 2. atalean aipatzen duen dokumentazioa ere.

e) 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3. artikuluko 5. idatz-zatiak aipatzen dituen ordezkatze jarduerak gauzatzen badira, horren frogagiriak, baita horietatik eratorritako errenten justifikazioa ere.

f) Norberaren ekoizpena eraldatu gabe zuzenean saltzen bada, edo norberaren ekoizpenaren lehen eraldaketa zuzenean saltzen bada, jarduera horren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren erregistroan alta emanik egotearen frogagiria, baita zuzeneko salmentatik eratorritako errenten justifikazioa ere.

g) Norberaren ekoizpenaren lehen eraldaketa egiten bada, industrien erregistroan eta Osasun eta Kontsumo Ministerioaren Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean (elikagaien eraldaketa jarduera zehatzetan) izena emanik egotearen frogagiria.

h) Naturguneak zaintzearekin eta ingurumena babestearekin lotutako jarduerak egiten badira norberaren ustiategian, edo landa turismoarekin edo nekazaritza turismoarekin edo jarduera zinegetiko edo artisautzakoekin lotutakoa, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren erregistroan jarduera horiengatik alta emanik egotearen frogagiria, baita horietatik eratorritako errenten frogagiria ere.

2. b) eta c) ataletan adierazitako agiriak aurkeztetik salbuetsirik egonen dira ustiategien titularrak edo batasunen ustiategietako bazkideak, baldin eta errenta aitorpena Nafarroan egiten badute eta Gizarte Segurantza Nafarroan kotizatzen badute, betiere hasierako inskripzio eskaeran edo urteko aitorpenean baimena eman badute Departamentuak datu horiek bil ditzan.

3. Aipatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, lehendik dagoen informazioa ez da eguneratuko.

4. artikulua. Nekazaritzako lan unitatea zehaztea.

Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeko uztailaren 4ko 19/1995 Legea garatzen duen Ministerioaren Aginduan ezarritakoarekin bat finkatuko da 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3. artikuluko 8. atalean definitutako nekazaritzako lan unitatea. Gaur egun, urteko mila bederatziehun eta hogei ordukoa da.

Irizpide teknikoetan oinarrituta zehaztutako modulu objektiboen arabera kalkulatuko dira ustiategiaren nekazaritzako lan unitateak. Irizpide tekniko horiek ondokoak izanen dituzte kontuan: ustiategiaren tamaina, teknika eta ekonomia arloko orientabidea eta produkzio sistema.

5. artikulua. Erreferentziako errenta zehaztea.

150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3. artikuluko 10. atalak aipatzen duen erreferentziako errenta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak ezarriko du urtero, Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeko uztailaren 4ko 19/1985 Legearekin bat.

6. artikulua. Unitateko lan errenta kalkulatzeko irizpideak.

Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3. artikuluko 9. atalean adierazitako unitateko lan errenta kalkulatzearen ondorioetarako, irizpide hauek ezarriko dira:

1. Ustiategiaren marjina garbiari dagokionez:

Bi hauen arteko aldea hartuko da marjina garbitzat: batetik ekoizpen jarduera guztietatik (ustiategietarako diru-laguntza barne) ustiategiak jasotzen dituen diru-sarrerak eta bestetik gastu finko eta aldakor guztiak, salbu kapital berekien ordainsariak eta familiako eskulanarenak.

Marjina garbi estandarren arabera kalkulatuko da ustiategiko marjina garbia.

2. Nolanahi ere, ustiategien titularrek eska dezakete beren ustiategiei buruzko datu errealen gainean zehaztu dadila unitateko errenta. Horretarako, eskaerarekin batera, ustiategiaren kontabilitate datuak aurkeztu beharko ditu, diru-sarreren eta gastuen kalkuluekin, aurreko atalean zehazten denarekin bat, eta frogagiriak, baita, kasua bada, Gizarte Segurantzari buruzko agiriak ere, ustiapenerako erabilitako nekazaritzako lan unitateen kopurua zehazteko.

3. Unitateko lan errenta zehazteko ezarritako modulu ekonomikoak urtero eguneratuko dira.

4. Lehentasunezko gisa kalifikatu ondoko bost urtean nekazaritza ustiategi bateko unitateko lan errentan aldaketarik baldin bada, 3. puntuan adierazitako moduluen urteko eguneraketaren ondorioz, horrek ez du eraginik izanen kalifikazio horretan, aipatutako aldian.

7. artikulua. Nekazaritzako ustiategien kalifikazioa.

Ustiategien titularrak edo batasunen ustiategietako bazkideak ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa kalifikatzea, edo nekazari profesional gisa, edo nekazaritzako profesional gisa, eta ustiategiak lehentasunezkotzat katalogatzea, urtero eginen da.

Ustiategien katalogazioak eta ustiategien titularren eta batasunen ustiategietako bazkideen kalifikazioak egiteko, oinarritzat hartuko dira Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan urriaren 1ean dauden datuak, foru agindu honen 1. eta 3. artikuluetan ezarritakoarekin bat eguneraturik.

Urtero, azaroaren 1a baino lehen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebatziko ditu katalogazioak, eta onesten direnetik hurrengo urtekoak onetsi arte izanen dira baliozkoak, betiere ez badira aldatzen onetsitako katalogazioa ekarri zuten baldintzak (nekazaritzako diru-sarrerak, marjina gordinak, Gizarte Segurantza, sozietatearen estatutuak...). Aldaketak egiten badira, katalogazio berri bat onetsi beharko da, eta ebazpenean aipatzen den egunetik hurrengo urtekoa ebatzi arte izanen du balioa. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orrian argitaratuko dira katalogazioak.

Nolanahi ere, Erregistroan urriaren 1etik aurrera inskribatzen diren ustiategietarako, inskripzioaren ondorengo katalogazio bat ebatziko da, eta kasu horretan ere hurrengo urteko katalogazioa onesten denean bukatuko da haren balioa, betiere ez badira aldatzen onetsitako katalogazioa ekarri zuten baldintzak.

8. artikulua. Zehapen araubidea.

Nekazariek ez badute egiten 1. artikuluan ezartzen den urteko aitorpena, Europar Batasunak lehen mailako nekazaritza ekoizpenerako higienearen arloan emandako araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 9/2015 Errege Dekretuaren 7. artikuluan jasotako zehapen araubidea aplikatuko da.

Xedapen iragankor bakarra.

7. artikuluan xedatutakoa 2014ko azaroan egindako katalogazioaren ondotik aurkezten diren aldaketa guztiei aplikatuko zaie.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak otsailaren 11n emandako 34/2014 Foru Agindua indargabetu egiten da. Foru agindu horren bidez Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategiak kalifikatzeko irizpideak ezartzen dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko martxoaren 20an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1504658