62. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, zenbait kontratazio prozeduratarako lizitazioa soilik bide elektronikoan egitea baimentzen duena, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak garatutako lizitazio elektronikoaren kontzeptu probaren barnean.

Parlamentuak eta Kontseiluak 2014ko otsailean onetsitako kontratazio publikoari buruzko zuzentarau berriek ezarritakoaren arabera (23/2014, emateko kontratuen esleipenaren gainekoa, eta 24/2014, kontratazio publikoaren gainekoa), 2016ko apirilaren 18tik aurrera nahitaezkoa izanen da lizitazio publikoetan baliabide elektronikoak erabiltzea, salbu eta erabakitzen bada 2018ko apirilaren 18ra arte aplikazioa atzeratzea edo, erosketa-zentralen kasuan, beranduenez 2017ko apirilaren 18ra arte.

Adierazitako eskakizunek dakarten erronkari behar diren bermeekin aurre egin ahal izateko, beharrezkoa da bidea berehala hastea Administrazioak bidezko erabakiak hartu ahal izateko, ezarri beharreko konponbideari dagokionez. Informazio nahikoa izan behar dute honi guztiari buruz: kostua, eraginkortasuna, jada ezarri diren beste tresna batzuekin integratzeko zailtasuna, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen mendean dauden beste entitate batzuek eta bestelakoek erabiltzeko aukerak.

Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak, onetsi zenetik, apustu handia egin zuen baliabide telematikoak erabiltzeko Nafarroako Kontratazioaren Atariaren sorreraren bitartez, kontratuen publizitaterako bide ofizial bihurtu baitzen. Foru lege horren laugarren xedapen gehigarriak ezarri zituen eskaintzak bide elektronikoan jasotzeko gailuek bete behar dituzten baldintzak (beraz, bide hori benetako aukeratzat hartzen da legea garatzeko eta aplikatzeko) eta adierazi zuen “idazki batean” eta “idatziz” terminoek bide elektronikoen bidez bidali eta biltzen den informazioa sartu behar dutela, edozein administrazio prozeduratan oinarrizkoak baitira.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluak honako hau ezarri zuen: “Foru dekretu edo agindu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ezarri ahalko du, justifikatuz gero, administrazio prozedura elektroniko jakin batzuk bete beharra edo harekin edo haren erakunde publikoekin bitarteko elektronikoak soilik erabiliz komunikatu beharra, interesdunak, lanbideagatik, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik duten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak direnean”.

Gaur egungo garapen teknologikoa kontuan hartuta, baliabide elektronikoak erabiltzeak ez du ondorio baztertzailerik izanen. Izan ere, ezin da zalantzan jarri lizitazio publikoa, hain zuzen ere, ahalmen ekonomikoa eta teknikoa dituzten profesionalei zuzenduta dagoela. Ahalmen horiek izan ezean, inola ere ezin izanen lukete kontraturik sinatu Administrazio Publikoarekin, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean ezarritako kaudimen betebeharrak aplikatuz.

Ondarearen Zerbitzuaren txostena ikusita, non adierazten baita zenbait espedientetarako lizitazio elektronikoa beharrezkoa dela, hurrengo hilabeteetan eginen den kontzeptu probaren barnean.

Espediente honek gasturik ez dakarrenez gero, ez da nahitaezkoa bere fiskalizazioa.

Honako honi jarraikiz: Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikulua

AGINDU DUT:

1. Lizitazioa soilik bide elektronikoan baimentzea, bidezkotzat jotzen denean, kontratazio prozedura hauetan:

–Produktu pertsonalizatuen hornidura, bulegoko materialaren gaineko esparru-akordioaren barnean.

–Behe tentsioko argindarraren hornidura (POT < 10 kW).

–Foruzainendako traumen kontrako txalekoen hornidura.

–Justiziako paper ofizialen gaineko esparru-akordioa.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko dokumentuak eman eta jasotzeko zerbitzua.

–Bingoko kartoiak garraiatu eta biltegiratzeko zerbitzua.

–Bingoko kartoiak eta paper tinbreduna fabrikatzea.

–Diagnostiko kitaren hornidura abeltzaintzako laborategirako.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko dokumentuak isilpean eta ziurtagirien bidez suntsitzeko zerbitzua.

2. Foru agindu hau igortzea Ondare Zerbitzuari eta Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko otsailaren 16an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1502968