62. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74E/2015 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena Lerinen hodia paratzeko proiekturako. Sustatzailea Manuel San Miguel Ordóñez da.

2014ko urriaren 21ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori 2.C Eranskineko K) kategorian dago sartuta: nekazaritzako ur baliabideak kudeatzeko proiektuak eta ureztalurrak ezarri, finkatu eta hobetzeko proiektuak, eta horiei ez zaie aplikatzen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitea (foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen). Hortaz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketan, Andosillako Usón alderdiko mahasti batzuk ureztatzeko instalazio bat legeztatu gogo da, Leringo 7. poligonoko 129., 135. eta 136. lurzatietako mahastiak ureztatzeko asmoz, eta abereentzako ur hargune bat uzteko 7. poligonoko 125. lurzatian, hori baita abeltzainak ezarritako baldintza haren bazkalekua gurutzatu ahal izateko. Instalazio horretarako, Milagro-Aezkoa errege altxonbidea bi puntutan zeharkatzen da (Leringo 7. poligonoko 124. eta 134. lurzatiak), Leringo 7. poligonoko 125. lurzatiaren parean eta katastroko poligono horretako 167. lurzatitik ekialdera. Halaber, Leringo 7. poligonoko 134. lurzatiko mugarekin paralelo joanen da 251 metro linealean, bigarren zeharkatze perpendikularretik aurrera.

Balio oso handiko estepako hegaztiak zaintzeko “Baigorrana-Usón” intereseko eremuan eginen da jarduketa, non halako hegaztiak katalogatu baitira, hala nola basoiloa eta basoilo txikia.

Espedientean Leringo Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak ageri dira. Zerbitzu horrek adierazten du halako proiektuek ez dutela baimenaren beharrik lurzoru urbanizaezinean, ezertan ukatu gabe bestelako baimenak beharrezkoak izan daitezkeela.

Espedientean jasota dago Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalak 2014ko azaroaren 28an egindako kontrako txostena. Izan ere, balio oso handiko estepako hegaztiak zaintzeko “Baigorrana-Usón” intereseko eremuaren balioak eta proiektuko eremuko estepako hegaztiak babestea bateraezina da Leringo eremu horretako mahastiak ureztatzearekin.

Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoak, zein Nafarroako abelbideen babesaren arduraduna baita, txostena egin zuen 2014ko abenduaren 18an, eta adierazi zuen ezen, alde batera utzita baimenik gabe egin direla obrak, horiek baimentzen ahal direla, aldi baterako okupazioaren kanona ordaintzea onartu ondoren (haren balorazioa txostenean dago jasota).

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak kontrako txostena egin du proiektuaz, espedientearen tramitazioan jasotako txostenetan oinarrituta. Bertan adierazi du sustatzaileak instalazioa kendu edo baliogabetu behar duela, betiere Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoarekin hitzartzen denaren arabera abelbideen zaintzari dagokionez, eta kontuan izanik lanik ez dela egin behar eremu horretako estepako hegaztien gorteiatze eta haziera garaietan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Manuel San Miguel Ordóñezek Lerinen hodia paratzeko sustatutako proiekturako. Izan ere, balio oso handiko estepako hegaztiak zaintzeko “Baigorrana-Usón” intereseko eremuan dauden 129., 135. eta 136. lurzatietako mahastiak ureztatzea bateraezina da eremu horretako ingurumen balioak eta mahasti horien inguruetan dagoen fauna zaintzearekin.

2. Sustatzaileak instalazioa kendu edo baliogabetu behar du, betiere Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoarekin hitzartzen denaren arabera abelbideen zaintzari dagokionez.

Edonola ere, egin beharreko lanak eremu horretako estepako hegaztien gorteiatze eta haziera garaietatik kanpo eginen dira, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Lizarra Hegoaldeko Basozaintzako langileei jakinarazi ondoren, posta elektroniko bat helbide honetara bidalita: ogfoeste11@navarra.es.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Habitaten Atalari, Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoari, Leringo Udalari, Lizarra Hegoaldeko 11. Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko otsailaren 25ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1503164