61. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 13koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Tafallako Cespa SA entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Tafallako Cespa SA entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008121012001) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko abenduaren 2an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko azaroaren 27an izenpetu eta 2015eko otsailaren 10ean argitzeko errekerimendua bete zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko otsailaren 13an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

CESPA SA ENPRESAREN ETA TAFALLAKO

GARBIKETA PUBLIKOAREN ZERBITZUAN DIHARDUTEN LANGILEEN ARTEKO HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

Hitzarmena sinatu duten alderdiak zehaztea

Hitzarmen hau sindikatuen ordezkaritzak, CCOO sindikatuko langileen ordezkariak eta CESPA SA enpresako zuzendaritzak sinatu dute.

Alderdiek indarrean dagoen legeriak eskatutako ordezkagarritasuna dute eta elkarri aitortzen diote hori. Beraz, badute zilegitasun osoa hitzarmen kolektibo hau izenpetzeko.

1. artikulua. Aplikazio esparrua.

Hitzarmen kolektibo honen helburua da Cespa SA enpresaren eta Tafallako Udalak kontrataturiko garbiketa publikoaren zerbitzuari atxikitako langileen arteko lan harremanak arautzea.

2. artikulua. Indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen honek bi urteko indarraldia izanen du: 2014 eta 2015.

Hitzarmenak izenpetzen den egunean hartuko du indarra. Edonola ere, 2014. urterako itundutako ondorio ekonomikoek urte horretako urtarrilaren 1etik hasita izanen dute indarra, hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe.

Hitzarmena horren indarraldia bukatzen denean geldituko da zuzenean salaturik. Hitzarmen honetako arauak baldintza beretan luzatuko dira, besterik izenpetzen ez den artean.

3. artikulua. Hitzarmenaren osotasuna.

Itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta aplikazio praktikoaren ondorioetarako denak batean eta osorik hartuko dira, betiere langile bakoitza bere kategorian aipatuz. Hitzarmen hau guztiz baliogabe geldituko litzateke eta inolako eraginik gabe, erakunde eskudunek klausularen bat aplikaezina dela deklaratu edo inpugnatuko balute.

Hitzarmena onetsi eta izenpetu da prestazioak eta kontraprestazioak beren osotasunean hartuta, bai eta bere testu artikulatuan ezarritako baldintza guztiak kontuan hartuta ere.

4. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.

Itundutako baldintzak osorik konpentsatzen ahal dira lehendik ezarritako baldintzekin, ondokoek aginduta: legeak, jurisprudentziak, administrazioarekiko auzi arloak, era guztietako hitzarmen kolektiboek, banakako kontratuek, tokiko, eskualdeko, autonomia erkidegoetako usadio eta ohiturek edo bestelako aginduek.

Geroan ordainsari guztietan edo batzuetan aldaketak sortuko dituzten xedapenek eraginkortasun praktikoa izanen dute baldin eta, osorik hartuz eta hitzarmenaren aurretik izandako loturekin batuz, honen mailatik goitikoak badira; horrela ez bada irentsitzat joko dira.

5. artikulua. Berme pertsonalak.

Kobrantzaren ikuspegitik eta osotasunean hartuta, urteko konputuan hitzarmen kolektibo honetan finkatutakoak baino hobeak diren egoera pertsonalak “ad personam” berme gisa errespetatuko dira.

6. artikulua. Interpretazio eta jarraipenerako batzorde paritarioa.

Alderdi negoziatzaileek batzorde misto paritarioa eratzea erabaki dute, hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, arbitraje, adiskidetze eta zaintzarako organoa izanen dena.

Edozein alderdik eskaturik bilduko da nahitaez, hamar laneguneko epean. Bileran planteatzen diren auziak hamar laneguneko epean ebatziko dira.

Osaera: batzorde mistoa hitzarmen kolektibo hau sinatu duten enpresaren ordezkariek eta langileen ordezkariek osatuko dute, erdi eta erdi. Botazioetan balio bera izanen dute alderdiek, bileran zenbat diren ere.

Batzorde misto paritarioaren akordioek balioa izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute gutxienez.

Berariazko eginkizunak:

1.–Hitzarmen kolektibo honen klausula guztien aplikazioa interpretatzea, indarrean dagoen legeriaren arabera.

2.–Itundutakoa betetzen den zaintzea.

3.–Hitzarmena, bere indarraldian, egokitu edo aldatzeko eginkizunak garatzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraikiz.

4.–Langileen Estatutuaren 41.6 eta 82.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, hitzarmen kolektibo batean arautu diren gaietan lan baldintza kolektiboen funtsezko aldaketak egin behar badira eta aldez aurreko kontsulten aldia bukatu ondoren akordiorik ez badago, batzorde misto paritarioak aztertuko du auzia gai horren gainean akordio bat lortzeko asmoz, batzorde mistoaren bileretarako aipatu den prozedura arrunta erabilita.

Hitzarmen kolektibo honetan eta Langileen Estatutuan ezarritako aurreikuspenen araberako akordiorik lortzen ez bada, alderdiek gatazkak konpontzeko mekanismoetara joko dute, hots, gatazken konponbide autonomoaren gaineko indarreko akordioetan (auzibidetik kanpoko sistema) arautzen diren adiskidetze, bitartekotza eta arbitrajerako organoetara joko dute.

5.–Hitzarmen kolektiboaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste jarduera guztiak, testuan horrela ezarria badago.

Batzorde horretan akordiorik lortzen ez bada, alderdietako edozeinek gatazkak konpontzeko mekanismoetara jotzen ahalko du, auzibidekoetara nahiz auzibidetik kanpokoetara.

7. artikulua. Arau subsidiarioak.

Hitzarmen kolektibo honetan xedatu ez den orotan Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Garbiketa Publikoa, Bide Garbiketa, Ureztaketa, Hondakinen Bilketa, Tratamendua eta Ezabaketa eta Estolderiaren Garbiketa eta Kontserbazioa biltzen dituen Sektorerako Hitzarmen Orokorrean eta gainerako legezko xedapenetan xedatutakoari ere.

8. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lanaren antolaketa praktikoa enpresako zuzendaritzari dagokio, ez beste inori. Hori dela eta, enpresak zerbitzuaren jardun onerako metodo eta prozedura egokienak ezartzeko ahalmena du, baina hala ere, langileek ez dute horregatik beren lanbide prestakuntzan kalterik jasanen, ez eta beren zeregina utziaraziko liekeen eginbeharrik izanen ere.

Enpresa batzordeari entzutea emanen zaio Langileen Estatutuaren 64. artikuluari eta harekin bat heldu diren arauei jarraikiz.

9. artikulua. Titulartasun aldaketa.

Hitzarmen honi loturiko kontrataren titulartasun aldaketak berekin dakar esleipen-hartzaile berriaren aldetiko subrogazioa, garbiketa publikoa, kale garbiketa, ureztaketa, hondakinen bilketa, tratamendua eta ezabaketa eta estolderiaren kontserbazioa biltzen dituen sektorerako II. hitzarmen orokorraren “Langileriaren subrogazioa” izenburuko XI. kapituluan espresuki adierazi bezala.

II. KAPITULUA

Lan baldintzak

10. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek astean 37 orduko lanaldia izanen dute, astelehenetik larunbatera, artikulu honetan zehaztu bezala.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldian egutegia ezarriko da eta langile guztiek bost larunbatetik batean atseden hartuko dute.

Lanaldia honela banatuko da:

Lanaldia:

1. astean = 38 ordu eta 10 minutu.

2. astean = 38 ordu eta 10 minutu.

3. astean = 38 ordu eta 10 minutu.

4. astean = 38 ordu eta 10 minutu.

5. astean = 32 ordu eta 20 minutu.

Ordutegia:

Astelehenetik ostiralera = 6 ordu eta 20 minutu.

Larunbatetan = 6 ordu eta 30 minutu.

Astelehenetik ostiralera = 07:00etatik 13:20ra.

Larunbatetan = 07:00etatik 13:30era.

Orduak guztira, 5 astetan = 185 ordu / 5 aste = 37 ordu astean.

Larunbata bakoitzean lanean aritzen diren langileek konpromisoa hartzen dute jai hartu duen edo duten langileen gunea zerbitzuko lehenbiziko orduan guztien artean egiteko eta bigarren ordutik eta lanaldia bukatu bitartean bakoitzak esleitua duen gunean aritzeko.

30 minutuko atsedenaldia izanen da ogitarterako, ondorio guztietarako lan egindakotzat hartuko dena.

Hitzarmen honen indarraldian aurreko hitzarmenean ezarritako baimeneko sei egunak mantenduko dira, eta astelehenetik ostiralera bitarte hartuko dira. Halako baimena langile batek bakarrik hartzen ahalko du aldiko, eta ezin izanen zaie zubiei eta beste jaiegun batzuei lotu.

Hitzarmen honen indarraldian urteko lanaldiak 1.597 ordu eta 10 minutu izanen ditu.

Hitzarmenak indarra duen denboran 20 minutu gutxiago izanen ditu lanaldiak Gabon Gauean (abenduaren 24an).

Lanaldia nola banatu enpresak erabakiko du, agindutako zerbitzu publikoa hobeki emate aldera.

Lana igandeetan ere egitea eskatzen duten kontratazio berrietan, lanaldia astelehenetik igandera izanen dute horretarako propio kontratatutako langile berriek.

11. artikulua. Oporrak.

Urteko oporraldi ordaindua 33 lanegunekoa izanen da enpresan zerbitzuan urtebete daramaten langile guztientzat, eta horren zati proportzionalekoa denbora gutxiago dutenen kasuan. Larunbatak lanegun osoak bezala kontatuko dira.

“Oporrak” izeneko I. eranskineko lansarien taularen arabera ordainduko dira, gehi kasu bakoitzari dagokion antzinatasuna.

Langilea ospitaleratzen badute oporraldia eten eginen da, harik eta medikuaren alta hartzen duen arte.

Urteko oporraldia apiriletik urrira bitartean hartuko da. Horretarako egutegi bat eginen da, plantilla osoak txandak egin ditzan hurrengo urteetan.

Oporren egutegiak enpresaren eta enpresa batzordearen artean prestatuko dituzte eta oporraldia baino bi hilabete lehenago jarriko dira ikusgai.

12. artikulua. Ordutegiak.

Lantokiko ordutegiak enpresak finkatuko ditu, zerbitzu beharrak kontuan hartuta, zerbitzua esleitu duen entitateak xedatutakoari erantzunez.

Lan txanda bakoitzaren ordutegiak urtero urtarrilean jarriko dira ikusgai lantokian.

Abenduan, ahal izanez gero, jaiegunen egutegi ofiziala argitaratu ondotik, enpresak eta enpresa batzordeak batera prestatuko dute hurrengo urteko lan egutegia eta ondoren ikusgai jarriko lantoki guztietan.

13. artikulua. Baimenak.

Enpresak, hitzarmen honek indarrean dirauen artean, ordaindu gabeko baimenak emanen dizkie hala eskatzen duten langileei, urtean 20 egun bitarte, baina 7 lanegun lehenago gutxienez eskatuta eta 15 lanegun lehenago “zubien” kasuan, baldin eta ez badute egun bererako pertsona batek baino gehiagok eskatzen. Gehieneko langile kopurura iristen ez badira, “zubiak” hartzeko eskabidea 4 lanegun lehenago egin daiteke.

Eskaera gehiegi izateagatik zozketa egin beharra izanez gero, hirurtekoari dagozkion egunetarako erabiltzen den prozesu berari segituko zaio.

14. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek lizentzia hauek izan ditzakete, justifikatu ondoren:

a) Ezkontza: 20 egun natural.

b) Emaztea edo bikotekidea erditzeagatik: lau egun natural; zazpi egun naturalera arte luza daiteke eritasun larriagatik edo zesarea egiteagatik, eta egun horiek erditze egunetik hasita edo ospitalean alta eman ondoren hartuko dira.

c) Emaztearen edo bikotekidearen, gurasoen, aita-amaginarreben, seme-alaben, suhi-errainen eta langilearen anai-arreben eta koinata-koinatuen ebakuntzagatik: lau egun natural Nafarroan egiten bada eta bost beste probintzia batean eginez gero.

d) Langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen aitona-amonen edo biloben ebakuntza edo heriotza: bi egun natural Nafarroan izaten bada eta hiru Nafarroatik kanpoko probintzia batean gertatuz gero.

e) Langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen aita, ama, seme-alaba eta anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

f) Emaztearen edo bikotekidearen, gurasoen, aita-amaginarreben eta langilearen edo haren emaztearen nahiz bikotekidearen seme-alaben ospitaleratzea: lau egun natural Nafarroan izaten bada eta 5 Nafarroatik kanpoko probintzia batean gertatuz gero, baldin eta ospitalizazioa lau egunekoa edo luzeagoa bada; ospitalizazioa laburragoa izanez gero, hark dirauena.

g) Emaztearen edo bikotekidearen heriotza, bai eta seme-alabena ere: zazpi egun natural.

h) Langilearen edo emaztearen nahiz bikotekidearen gurasoen, aita-amaginarreben, suhi-errainen eta anai-arreben eta koinata-koinatuen heriotza: lau egun natural, Nafarroan izaten bada eta bost egun natural Nafarroatik kanpora gertatuz gero.

i) Langilearen osaba-izeba propioen heriotza: egun natural bat Nafarroan izaten bada, eta bi egun natural Nafarroatik kanpora izanez gero.

j) Gidatzeko B, C eta E motako baimena berritzeko, probak egiteko behar duten gutxieneko denborarako baimena emanen zaie enpresako lanerako beharrezkoa duten langile guztiei.

k) Ohiko bizilekua aldatzeagatik: egun natural bat.

Artikulu honetan bildu ez den orotan, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Lizentziak kategoria bakoitzaren soldata errealaren arabera ordainduko dira.

III. KAPITULUA

Baldintza ekonomikoak

15. artikulua. Ordainsarietako kontzeptuak.

Langile bakoitzaren ordainsaria honela osatuko da: hitzarmen kolektiboaren oinarrizko soldata gehi lansarien tauletan ezartzen diren jarduera, maila eta kategoria bakoitzerako osagarriak, ondorengo artikuluetan adierazten direnekin lotuta. Kontzeptu horien zenbatekoak artikulu hauetan eta soldaten taulen eranskinean ageri dira eta esleitutako balioa ulertu behar da kontzeptu bakoitzaren gaineko itun gisa, hitzarmen kolektibo honen negoziazio ekonomiko oso eta bateratuaren barnean.

16. artikulua. Oinarrizko soldata.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileen oinarrizko soldata maila eta kategoria bakoitzarentzat 1. eranskinean ezarritakoa da. Egun natural bakoitzeko sorraraziko da, oporraldia salbuetsita.

17. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunaren osagarriak bi hirurtekoren balioa izanen du, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren ehuneko 7koak, eta ondoren bosturtekoak izanen dira, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren ehuneko 10ekoak. Horietako bakoitza kontatzen hasiko da aurrekoa betetzen denetik aurrera.

18. artikulua. Neke, arrisku eta toxikotasunaren plusa.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek, lanpostuen ezaugarrien arabera, zeinak plus honen bidez konpentsatzen baitira, I. eranskineko tauletan ageri den diru kopurua kobratuko dute.

Plus hori funtzionala da eta benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.

Benetan lan eginiko egun bakoitzari dagokion diru kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkatuko, diru kopuru hori lanpostuekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.

19. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

22:00etatik 06:00ak bitarte lan egiten duten langileek osagarri bat kobratuko dute, I. eranskinean ageri dena, gauez eta ordutegi horren barnean benetan lan egindako egun bakoitzeko.

Plus hori funtzionala da eta ez da finkagarria izanen, zeina ez baita kobratuko ordutegi edo txanda aldaketarik izanez gero. Benetan lan egindako egun bakoitzeko espresuki itundutako diru kopurua, tauletan ageri dena, ez da finkagarria izanen, diru kopuru hori lanpostuen ordutegiarekin eta hitzarmen kolektiboaren baldintza ekonomikoak orokorrak eta bakarrak izatearekin loturik baitago.

Osagarri hori aipatu aldian lan egindako denboraren proportzioan kobratuko da.

Izaera funtzionala eta ez finkagarria duelako, gaueko txandako langileek ordu aldaketak egin beharra dutenean, epe laburragatik noizbehinkakoak kalifika daitezkeenak, enpresa saiatuko da ordu aldaketok beren borondatez eskatu duten enplegatuek egin ditzaten, eta egun horietako gaueko lanaren plusa ordainduko zaie.

20. artikulua. Hitzarmenaren plusa.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek osagarri honengatik plus bana kobratuko dute, eranskineko tauletan kategoria bakoitzerako ezarritakoa.

Plus hori benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da, baina ez da kontatuko igandeak kalkulatzeko ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.

21. artikulua. Jaiegunetako lana.

Hitzarmen hau izenpetzen denetik aurrera zerbitzua honela eginen da, ahal dela:

a) Horretarako kontrataturiko langileak.

b) Langile boluntarioak.

c) Behar diren lanpostuak betetzen ez badira, enpresaren eta batzordearen artean gainerako langileez itundutako koadrantera joko da.

Jaiegun izanen dira indarra duen legerian orokorrean adostutako festak, lan egutegiaren arabera, bai eta herriko festa, autonomikoa eta San Martín de Porresen eguna, jardueraren zaindaria baita.

Lanaldi osorako kontrataturiko plantillako langileek jai izanen dute abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean.

Lanaldi osorako kontrataturiko langileek abenduaren 25aren eta urtarrilaren 1aren ondorengo lanegunean lan egiten badute, jaieguneko plusa jasoko dute oinarrizko soldatari, antzinatasunari (baldin bada) eta kasuan kasuko plusei gehituta, denak egun bakar bati buruzkoak.

Egun horietan lanean aritzegatiko ordainsaria honako hau izanen da:

1) Jaiegunetako lana artikulu honen a) puntuan ezarritako langileek (lanaldi partzialeko lan-kontratudunek) egiten dutenean, ordainsaria honako hau izanen da:

Kategoriaren urteko ordainsari gordina

x jaiegunean lan egindako ordu kopurua

urteko ordu kopurua

Egun horietan jarduteko kontrataturiko langileak izanen direnez, hori izanen da beren lanaldi arrunta, eta ez dute konpentsazioko atsedenaldirik izanen.

2) Zerbitzuaren beharrengatik jaiegunetako lana artikulu honen b) edo c) puntuetan ezarritako langileek (lanaldi osorako kontrataturiko plantillako langileek) egiten dutenean, benetan lan egindako lanaldi bakoitzagatik I. eranskineko lansarien tauletan Jaiegunetako eta konpentsazio atsedenaldirik gabeko ordainsaria izenburupean ezarritako kopurua jasoko dute.

Jaiegunez lan egiten denean, langilearekin egun horretarako itundutako prezioa osatzeko, lansarien taulan ezarritako zenbatekoari oinarrizko soldata eta dagozkion plusak gehituko zaizkio, denak egun bakar bati buruzkoak. Zerbitzua ematen ez den jaiegunetan oinarrizko soldata, antzinatasuna (baldin bada) eta aipatu plusak ordainduko dira.

2014an eta 2015ean: 132,15 euro/jaiegun.

22. artikulua. Igandeetan lan egitea.

Hitzarmen hau izenpetzen denetik aurrera zerbitzua honela eginen da, ahal dela:

a) Horretarako kontrataturiko langileak.

b) Astelehenetik larunbatera aritzen diren langile boluntarioak.

c) Behar diren lanpostuak betetzen ez badira, astelehenetik larunbatera bitartean aritzen diren gainerako langileen koadrantera, enpresaren eta batzordearen artean itundura, joko da.

Egun horietan lanean aritzegatiko ordainsaria honako hau izanen da:

1) Igandetako lana artikulu honen a) puntuan ezarritako langileek (lanaldi partzialeko lan-kontratudunek) egiten dutenean, ordainsaria honako hau izanen da:

Kategoriaren urteko ordainsari gordina

x jaiegunean lan egindako ordu kopurua

urteko ordu kopurua

Egun horietan jarduteko kontrataturiko langileak izanen direnez, hori izanen da beren lanaldi arrunta, eta ez dute konpentsazioko atsedenaldirik izanen.

2) Zerbitzuaren beharrak direla-eta igandetako lana artikulu honen b) edo c) puntuetan ezarritako langileek (lanaldi osorako kontrataturiko plantillako langileak) egiten dutenerako, enpresaren eta langileen ordezkarien artean adosturiko koadroak finkatuko dira eta ondoko moduetako batean ordainduko da, langileak hautatuta:

1. Benetan lan egindako lanaldi bakoitzean “Igandeetako ordainsaria, 1” izeneko plus bat kobratuko da, konpentsazio atsedenaldirik gabe:

Igandeetako ordainsaria, 1:

2014an eta 2015ean: 132,15 euro/igandeko.

2. Egiazki lan egindako lanaldi bakoitzean “Igandeetako ordainsaria, 2” izeneko plus bat kobratuko da eta konpentsazio atsedenaldirako larunbata bat hartuko da, arau orokor gisa zerbitzua egin den egunaren hurrengo larunbata. Lanaldi osorako kontrataturiko langileetako bat baino gehiago aritzen bada igande berean, enpresaren eta langileen ordezkarien artean adosturiko egutegi bat ezarriko da konpentsazio atsedenaldia zerbitzuaren beharrekin bat hartu ahal izateko

Igandeetako ordainsaria, 2:

2014an eta 2015ean: 88,87 euro/igandeko.

3. Benetan lan egindako lanaldi bakoitzean “Igandeetako ordainsaria, 3” izeneko plus bat kobratuko da eta konpentsazio atsedenaldirako larunbata ez den beste bi lanegun hartuko dira igandez benetan lan egindako lanaldi bakoitzagatik, eta enpresaren eta langileen ordezkarien artean adosturiko egutegi bat ezarriko da konpentsazio atsedenaldia zerbitzuaren beharrekin bat hartu ahal izateko.

Igandeetako ordainsaria, 3:

2014an eta 2015ean: 68,02 euro/igandeko.

Igandez lan egiten denean, langilearekin egun horretarako itundutako prezioa osatzeko, artikulu honetan ezarritako zenbatekoari oinarrizko soldata eta dagokion antzinatasuna gehituko zaizkio.

Zerbitzua igandean emateko, txandak jarriko dira zerbitzuko langile guztientzat.

23. artikulua. Pizgarriak lan bereziengatik.

Zerbitzuaren beharrak direla-eta, eta enpresak espresuki eskatuta, jarraian xedatzen diren lanetako edozein egin behar denean, enpresak ondokoa ordainduko du:

a) Peoi kategoriako langileak, bere lanaldian motogurdia edo kutxa gidatzen badu edo ‘’Applied’’ motako xurgagailu mekanikoa maneiatzen badu, 2,78 euro kobratuko ditu benetan lan egindako lanaldi bakoitzeko.

b) Bigarren mailako mekanikari-ofizialak 3,31 euro kobratuko ditu benetan lan egindako egun bakoitzeko.

c) Peoi kategoriako langileak, lanaldia makinista lanetan ematen duenak, 5,55 euro kobratuko ditu benetan lan egindako egun bakoitzeko.

Plus horiek benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko dira, baina ez dira kontatuko igandeak eta jaiegunak kalkulatzeko ez eta aparteko eskersarietan ere, horrela itundu baita berariaz.

2015. urterako pizgarri horren zenbatekoa mantenduko da lan bereziengatik.

24. artikulua. Tafallako festetako lanaldiak.

Hitzarmen honen indarraldiak dirauen artean enpresako ohiko langileen lan baldintzak eta atsedenaldiak negoziatuko dira. Egun horietako lana ordaintzeko, hitzarmen honetako 21. eta 22. artikuluetan ezarritakoa hartuko da erreferentziatzat, betiere langileen aukeran utzita.

Beste herri batzuetako festetako lanaldiak:

Beste herri batzuetako festetan lan egin behar denean, Tafallako ohiko lantokitik herri horietara joateko denbora benetan lan egindako denboratzat joko da eta, gainera, dieta erdiari dagokion zenbatekoa ordainduko da, joan-etorri horrek etxetik kanpo lo egitea ez badakar behintzat.

Aurreko lerroaldean ezarritako baldintzek ez dute ondoriorik izanen egun horiengatiko ordainsaria jaieguneko edo igandeko plusa denean, lan horien apartekotasuna kontzeptu horietan sartuta egoteagatik.

25. artikulua. Aparteko eskersariak.

Udako, Eguberriko eta mozkinengatiko aparteko eskersariak lanbide kategoria bakoitzarentzat lansarien tauletan espresuki itundutakoaren arabera ordainduko dira. Zenbateko horiei antzinatasunarena erantsi behar zaie.

Ordainsari horiek sei hilean behin sorraraziko dira, lan egindako denboraren proportzioan, eta salbuespen bakartzat joko dira Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluan ezarritako lanera ez agertzeak, ez ordea, justifikatu gabeko lanera ez agertzeak eta ordaindu gabeko baimenak. Ez dira zehatuko aldi baterako ezintasunarengatiko lanera ez agertzeak.

Udako eskersariak ekainaren 30a baino lehen ordainduko dira eta Eguberrietakoak abenduaren 20a baino lehen.

Urtero sorraraziko da mozkinetan parte izatearen eskersaria eta urte bakoitzari dagokiona hurrengo martxoko lehenengo egun baliodunean ordainduko da.

Eguberrietako eta udako ordainsarietan oinarrizko soldatari antzinatasunaren hogeita hamar eguneko zenbatekoa erantsiko zaio. Mozkinen pagan, oinarrizko soldatari antzinatasunaren hamabost egun erantsiko zaizkio.

26. artikulua. San Martín de Porres eguneko paga.

Enpresak hitzarmen honen eraginpeko peoi, gidari, makinista eta peoi koipeztatzaile guztiei eranskineko tauletan ageri den zenbatekoa ordainduko die.

Azaroaren lehenengo egun baliodunean ordainduko da.

Urtero sorraraziko da eta ez da murrizketarik eginen aldi baterako ezintasunagatik, ezta lanera ez agertze justifikatuengatik ere.

27. artikulua. Garraiorako soldataz kanpoko osagarria.

Garraioa eta distantzia direla-eta, sortutako gastuak konpentsatzeko, soldataz kanpoko plusa ezarri da benetan lan egindako egun bakoitzeko. Horren zenbatekoa ere eranskineko tauletan ageri da.

28. artikulua. Dietak.

Joan-etorriak etxetik kanpo lo egitea eta bazkaltzea eta afaltzea ekartzen badu, honako dieta oso hau kobratuko da:

2014an eta 2015ean: 57,54 euro.

Joan-etorriak etxetik kanpo lo egitea ekartzen ez badu, bazkaltzeko edo afaltzeko dieta erdia honako hau izanen da:

2014an eta 2015ean: 22,12 euro.

29. artikulua. Aparteko orduak.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko jarduera herritarrentzat behar-beharrezko zerbitzu publikoa izanik, urte osoko egun guztietan nahitaez egin eta bukatu beharrekoa, sinatzaileek espresuki aitortzen dute “egiturazkoak” direla ustekabeko lanera ez agertzeen edo txanda aldaketen ondorioz egin beharreko aparteko orduak, eta orobat, produkzio beharren, ustekabeko lanen, mantentze lanen eta lanaren izaeraren ondoriozko egiturazko ordu horiek. Hori guztia indarrean dagoen legeriaren arabera.

Aparteko orduen zenbatekoa tauletan ageri da eta itun berariazkoa osatzen dute, horien ordainketa kalkulatzeko beste edozein formula baztertuz.

Aparteko orduak egin nahi dituzten langile boluntarioen zerrenda prestatuko da.

30. artikulua. Ordaintzeko modua eta ordainsarien ordainketa.

Hartzekoak, horiek sorrarazi eta hurrengo hileko lehen bost egun naturalen barnean ordainduko ditu enpresak, hurrengo hileko 15ean egiaz erregularizatzea galarazi gabe.

Enpresak aukeratuko du ordaintzeko modua, bankuko taloiaren edo transferentziaren bidez, eta ez da eskubiderik izanen hura kobratzeko denbora librea hartzeko edo horri dagokiona kobratzeko.

Hitzarmen hau izenpetzen denetik aurrera enpresak 592,83 euroko aurrerakinak ordainduko dizkie hilero hala eskatzen duten langile guztiei.

IV. KAPITULUA

Hobekuntza sozialak

31. artikulua. Ospitaleratzea eta ABE (aldi baterako ezintasuna).

Ospitaleratzerik izanez gero, ospitalean sartzen denetik harik eta ospitalean alta hartzen duen arte, langileak ospitalizazioaren aurretik kobratzen zituen soldata kontzeptuen %100 kobratuko du.

Ospitaleratzearekin batean operazio kirurgikorik egin behar bazaio, langileak baja hartu aurretik kobratzen zituen ordainsarien %100 kobratuko du ospitalean dirauen bitartean eta gehienez ere ospitalizazioaren ondoko 30 egunetan, aldi baterako ezintasun egoeran segitzen badu, betiere.

32. artikulua. Gidabaimena kentzea.

Gidariaren erruz izan gabe, zerbitzuko ibilbidearen beharrengatik edo akats mekaniko batengatik, langileari gidabaimena kendu bazaio, enpresak lansaria eta lanpostua errespetatuko dizkio, bitarte horretan enpresak beste lanposturen batean egokitzea galarazi gabe.

Gidabaimena kendu bazaio ibilgailu partikularra gidatzean, eta ausarkeriazko zuhurtziagabetasunik edo asmo txarrik izan ez bada behintzat, enpresak beste lanpostu batean egokitzeko konpromisoa hartzen du, lanpostu berriko ordainsariekin.

Enpresak aseguru bat hartuko du gidabaimena kentzen den kasuetarako, aseguru horren eguneko kostuaren herena segurtatzeko, langileak hala eskatzen badu.

33. artikulua. Istripu aseguruaren poliza.

Enpresak aseguru poliza bat kontratatuko du langileei ondoko kalte-ordainak bermatzeko, hitzarmen hau izenpetzen den egunetik hasita indarraldia bukatu bitarte:

a) Lan istripu edo lanbide eritasun baten ondorioz heriotza edo erabateko ezintasun iraunkorra gertatzen bada: 35.000,00 euro.

b) Lan istripu edo lanbide eritasun baten ondorioz ezintasun iraunkor osoa (bere lanposturako) gertatzen bada: 25.000,00 euro

c) Lan hitzarmen honek indarra duen artean, berezko heriotzagatik: 5.000,00 euro

Hitzarmena izenpetzen denetik 15 egun igarotakoan aplikatuko dira artikulu honetan ezarritako zenbatekoak.

34. artikulua. Osagarria, laneko istripuaren edo eritasunaren kasuan.

Laneko istripu baten ondorioz aldi baterako ezintasuna izaten bada, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du likidatutako hileko benetako soldataren %100 egin arte. Aldi baterako ezintasuna eritasunaren ondoriozkoa bada, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioa osatuko du likidatutako hileko benetako soldataren %90 bitarte, eta 1. egunetik 16.era, eta 17. egunetik aurrera, %100.

Aldi baterako ezintasunagatik lanera ez agertutako urteko ordu kopurua %3 edo hortik beherakoa bada, eritasunagatiko (arrunta zein lanekoa) kontzeptua %100era arte gehituko da bajan den lehenbiziko egunetik, murriztapen hori egin dela egiaztatu eta gero. Hurrengo urteko lehen hiruhilekoan ordainduko da.

Gizarte Segurantzak hitzarmen kolektibo hau izenpetzen denean kontzeptu horrengatik ezarriak dituen prestazioak hobetzen baditu, osagarri honek bermatzen dituen zenbatekoen arabera irentsi eta konpentsatuko dira.

35. artikulua. Medikura joateko baimenak.

Langileak lan orduetan Gizarte Segurantzako medikuarengana joan behar badu, ez zaio soldata murriztuko, baldin eta kontsultara joan dela egiaztatzen badu.

Era berean, urtean bi egun edo horren baliokidea ordutan izanen ditu mediku partikularrera joateko edo ezkontideari/bikotekideari nahiz seme-alabei laguntzeko, aurrez arrazoituta.

Salbuespenez, enpresak aldez aurretik aztertu ondoren, baimena luzatzen ahal da.

36. artikulua. Sustapenak eta igoerak.

Lanpostu finko edo behin-behinekoetan lanpostu hutsak izanez gero 1. mailako gidari ofizialaren edo makinistaren kategorian, barne igoeraren bidez beteko dira plantillako langileen artean, eta langile berriak kontratatuko dira baldin eta eskatzaileak gai ez badira lanpostu horiek betetzeko.

Sustapena prozesu honi jarraituko zaio:

1) Enpresak jendaurrean paratuko du tokian tokiko lanpostu hutsen zerrenda eta epe bat jarriko da eskabideak aurkezteko.

2) Eskatzen den gaitasuna edo titulazioa egiaztatu ondoren, izangaien behin betiko zerrenda paratuko da jendaurrean. Enpresak gidari bat eta ibilgailu bat jarriko ditu, lan orduetatik kanpora, 15 egunez eta egunean 4 orduz gehienez.

3) Azterketa teorikoa eta praktikoa eginen da. Enpresak eta batzordeak izendatuko dituzte aztertzaileak.

4) Probak eginik, langile bakoitzari “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaio eta lehenbiziko kasuan haren prestakuntzaren neurriko puntuazioa.

Azterketaren xede diren lanpostu hutsak puntuazio hoberena lortu duten langileek beteko dituzte eta berdinketarik izanez gero, enpresan denbora gehien daramanak lortuko du lanpostua.

Lehen mailako gidari ofizialaren edo makinistaren kategoria ez da irmo bihurtuko harik eta lanpostua finkoa izan arte; hala ere, kategoria horretan diharduten denboran ordainsarien diferentzia kobratuko dute. Lanpostua aldi baterakoa denean, langilea lehen zuen lanpostura itzuliko da eta orduan lanpostu horretako ordainsariak kobratuko ditu.

37. artikulua. Eszedentziak.

Enpresan urtebeteko antzinatasuna duen langile orok eskubidea du eszedentzia hartzeko, gehienez bost urtekoa eta gutxienez hiru hilabetekoa.

Borondatezko beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, langileak beste urtebetez bederen lan egin beharko du enpresan.

Eskatzen den eszedentzia ez bada bost urte baino gehiagorako edo enpresan lan egindako denboratik goitikoa, enpresak langilea lehengo lanpostuan jarriko du, betiere langileak bere itzulera 15 egun lehenago jakinarazten badu enpresan.

Eszedentziaren ondorioz kontratatzen den langileak, eszedentzian egondakoa itzultzen denean, lehentasunezko eskubidea izanen du suerta daitekeen lehenbiziko lanpostu hutsa betetzeko.

38. artikulua. Laneko arropa.

Langileek laneko arropa nahitaez erabili beharko dute eta enpresak banatuko du:

–Udako arropa:

  • 2 galtza pare.
  • 2 atorra edo polo, mahuka motzekoak.
  • Txiruka bota pare bat.
  • Txano edo bisera bat.

–Neguko arropa:

  • Panazko bi galtza pare.
  • 2 atorra mahuka luzekoak.
  • Jertse bat.
  • Txiruka bota pare bat.

Bi urtean behin, neguko arropekin batera anorak bat emanen zaie hitzarmen honen eraginpeko langile guztiei.

Hiru urtean behin, neguko arroparekin batera, uretako jantzia eta uretako botak emanen dira, kale garbigailuak eta ura botatzen duten espaloi garbigailuak gidatzen dituzten langileen kasuan izan ezik, uretako jantzia urtero emanen baitzaie.

Behar bezalako eskularru egokiak eta nahikoak emanen dira hondaturikoak ordezkatzeko.

Arroparen bat edo oinetakoren bat lanean ibiltzeagatik hondatzen denean, enpresak ordezkoa emanen du ahalik eta lasterren, hondaturiko arropa edo oinetakoa itzuli ondoren.

Enpresak, nahi duenean, aurreko urtean emandako arropak itzultzeko eska dezake arropa multzo berria ematen duenean.

39. artikulua. Aurrerakin itzulgarriak.

Enpresak lan hitzarmen honek indarra duen artean 6.300,00 euro jarriko ditu urtean langileei aurrerakin itzulgarriak emateko. Diru hori plantillako langileen artean banatzeaz enpresa batzordea arduratuko da, batzordeak berak ezarritako jarraibideen arabera. Ildo horretatik erabaki da langile batek ezin izanen duela 2.100,00 euro baino gehiago eskuratu.

Langileek ez dute zilegi beste aurrerakin itzulgarri bat eskatzea, harik eta aurrekoa likidatu arte. Langileak enpresa uzten badu, enpresak amortizatzeko dagoen diru kopurua zati proportzionalen likidaziotik deskontatzen ahalko du.

Aurrerakin itzulgarria eskatzeko, langileak urtebeteko antzinatasuna izan behar du gutxienez enpresan.

Urtebeteko epean amortizatuko da.

40. artikulua. Betaurrekoen haustura.

Hitzarmen kolektibo honek indarra duen artean edozein eginbeharretan ustekabean eta inolako eta inoren errurik izan gabe, hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileren bati bere betaurreko graduatuak hausten bazaizkio, enpresak, afera egiaztatuta, 122,00 euroko laguntza emanen dio, arrazoi horregatik.

41. artikulua. Familia laguntzak.

2014. eta 2015. urterako hileko 150,90 euroko laguntza soziala ezarri da, hitzarmen honen eraginpeko langileentzat, seme edo alaba gutxitu fisiko edo psikikorik badute, haien tutore eta bizikide badira, eta Gizarte Segurantzak kontzeptu horregatik ematen dituen prestazioen onuradun badira.

Egoera hori minusbaliotasun kalifikazioaren bidez frogatu beharko da.

42. artikulua. Erretiro saria.

Langile bat bere borondatez erretiratzen denean ondoren adierazten diren adinetan, erretiro laguntza gisa enpresak diru kopuru hauek emanen dizkio, enpresan emandako zerbitzu urte bakoitzeko.

–2014. eta 2015. urteak.

  • Erretiroa 60 urterekin eskatuz gero: 369,90 euro.
  • Erretiroa 61 urterekin eskatuz gero: 302,32 euro.
  • Erretiroa 62 urterekin eskatuz gero: 249,32 euro.
  • Erretiroa 63 urterekin eskatuz gero: 207,78 euro.
  • Erretiroa 64 urterekin eskatuz gero: 181.76 euro.
  • Erretiroa 65 urterekin eskatuz gero: 160,73 euro.

43. artikulua. Erroldak.

Enpresak urtero prestatuko ditu langileen bi errolda:

a) Orokorra: ordena alfabetikoz, deiturak, enpresan sartu zireneko data eta kategoria.

b) Berezia: langileek lantokian duten antzinatasunaren hurrenkeran.

44. artikulua. Osasun azterketak.

Hitzarmen honen barnean dauden langile guztiek aldizkako azterketa medikoak egiteko eskubidea izanen dute enpresaren kontu, urtero eta urte naturalaren barnean eginen direla.

Aipatu azterketak berariazkoak izanen dira lanpostu bakoitzerako; enpresako zerbitzu medikoen aholkularitzari jarraikiz Segurtasun eta Osasun Batzordearen barnean lanpostu bakoitzerako hautatutako proba medikoak eginen dira, ezarririko aldizkakotasuna eta baldintzak errespetatuta. Azterketak Mutuaren aretoetan edo hark itundutako laguntza zentroetan eginen dira. Langileek azterketa egiteko behar duten denbora izanen dute lanorduetan.

45. artikulua. Segurtasun eta Osasun Batzordea.

Segurtasun eta Osasun Batzordea osatzean eta haren eskumenak eta ahalmenak zehaztean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak xedatutakoari jarraituko zaio (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 269. zk., 1995eko azaroaren 10ekoa).

Segurtasun eta Osasun Batzordeak hilean egun bateko baimena izanen du enpresarekin biltzeko. Bilera egiten ez bada ere, baimena berdin-berdin hartuko da.

46. artikulua. Ekintza sindikala: eskubide eta berme sindikalak.

Sindikatuek eskubide osoa izanen dute iragarki ohola erabiltzeko, intereseko gaietarako (lanekoak eta sindikalak). Eskubidea izanen dute, halaber, propaganda banatzeko eta kuotak biltzeko, baina eskubide horiek erabiltzean enpresaren lana edo ohiko martxa oztopatu gabe.

Eskubide sindikalak erabiltzeko, langileek ondoren adierazten diren bermeak dituzte eta baliogabe joko dira helburutzat bereizkeria sindikala duten egintzak edo itun guztiak; honako hauek, zehazki:

a) Langile bat hartzeko edo ez hartzeko, kontuan izatea sindikatu batera afiliatua dagoen ala ez.

b) Enpresaburuak berak sindikatu bat eratzea edo sindikatu baten aldeko jarrera izatea, edozein motatako laguntzaren bidez.

c) Langile bat kaleratzea, zehatzea, diskriminatzea edo nola edo hala kaltetzea sindikatu batean afiliatua egoteagatik edo bere ekintza sindikalarengatik, sindikatu hori indarra duen legeriaren araberakoa bada, betiere.

Enpresa batzordea langileen ordezkaritza organoa da. Honako berme hauek izanen ditu:

a) Delegatu bakoitzak 34 ordu sindikaleko kreditua izanen du hilean, hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean. Ordu horiek egiazko soldataren arabera ordainduko dira.

Ordu horiek kide baten esku jartzen ahal dira, baina ekintza sindikalerako erabiltzen diren orduak ez dira inola ere enpresa batzordeari dagozkion ordu guztiak baino gehiago izanen.

b) Hileko ordu kopuruan ez dira kontatuko enpresaren ekimenez deitutakoak.

c) Lanaren antolaketa arloan edo hobekuntza teknikoetan egoki juzgatzen diren neurriak proposatzea enpresari.

d) Langileengan zuzeneko eragina izanen duten neurrien gaineko informazioa jasotzea, eta bereziki gai hauei buruzkoak:

–Enplegu erregulazioko espedienteak.

–Langileak beste leku batera aldatzea.

–Lan sistema berriak ezartzea.

–Lanaren antolaketan eragina izan dezaketen erabakiak.

e) Indarra duten lan arauak beteko direla segurtatzea eta enpresa arau-hausteez ohartaraztea eta, kasua bada, behar diren erreklamazioak jartzea arauok bete daitezen.

f) Enpresak baimena emanen du, batzordeak 48 ordu lehenago jakinarazi ondotik, batzar ordainduak egiteko. Gehienez ere 3 ordu izanen dituzte urtean.

47. artikulua. Diziplina neurriak.

Hartzen diren diziplina neurrien berri emanen zaio enpresa batzordeko idazkariari, edo haren ordezkoari, egoki iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan haiek jaso eta 5 eguneko epean.

48. artikulua. Barne araubidea.

a) Egindako zerbitzuen kopia bana emanen zaie hitzarmenari atxikitako gidariei.

b) Langile kontratudun berriak gaueko edo arratsaldeko txandan hasiko dira lanean, baldin eta txanda horietan inor interesatua bada eguneko txandara pasatzeko (horretan lanpostu hutsik bada).

49. artikulua. Plantilla.

Joera izanen da kontratudunen lanpostuetarako obra edo zerbitzuko lan kontratu finkoak egitea.

Enpresak hitzeman du ezen, aldi bateko kontratu bidez enpresari loturik hemezortzi hilabetez jarraian eta etenik gabe ematen duten langileei zerbitzu jakin baterako kontratua eginen zaiela eta kontratu horrek adjudikatutako kontratak beste iraunen duela.

50. artikulua. Makinistak.

Makinistaren kategoria honela definitzen da: gutxienez B motako gidabaimena daukan langile bat, behar diren ezagupenak dituena tailerreko elementurik eskatzen ez duten edozein motatako konponketak egiteko. Haren ardura izanen da, bereziki, berak gidatzen duen makina parketik ateratzen denean behar bezala funtziona dezala.

Kale garbigailuak eta ura botatzen duten espaloi garbigailuak, “B” kategoriako gidabaimena eskatzen dutenak, gidatu eta erabiliko ditu. Esleitzen zaion makinaren mantentze-lanez eta zainketa egokiaz arduratuko da eta makinaren jarraipen teknikoak eta funtzionamendukoak beteko ditu.

Eguraldi gorabeherak, matxura teknikoak edo zerbitzuaren antolaketako gorabeherak izaten direnean makinistak lanaldia ez badu esleitu zaion makinarekin betetzen, peoi edo gidariaren kategoriako lanetan aritzen ahalko da, azken horretan behar den gidabaimena baldin badu, betiere, eta bere ordainsaria galarazi gabe.

Kobratuko beharreko soldatak I. eranskinean dagokion kategoriarako ezarritakoak izanen dira.

51. artikulua. Txanda aldaketak.

Zerbitzu beharrengatik goizeko txandako langile bat arratsaldeko edo gaueko txandara pasatu beharra izanez gero, lanpostuan eta txandan denbora gehien daramana lehenetsiko da.

Boluntariorik ez izatera, lanpostuan eta txandan denbora gutxien daramanari egokituko zaio txanda aldatzea.

Goizeko txandara itzultzeko, lehentasuna izanen dute txanda aldatzera derrigortuek, eta azkenik aldatutakoa lehenengoa izanen da hurrengo txanda aldaketarako, eta horrela hurrenez hurren.

V. KAPITULUA

Xedapen gehigarriak

Lehen xedapen gehigarria.

2014. urtean: 2013. urteko lansarien taulak mantentzea.

2015. urtea. 2014. urteko lansarien taulak mantentzea.

TAFALLAKO CESPA, SAKO LANSARIEN TAULA - 2014. eta 2015. URTEA

KATEGORIA

OINARRIZKO SOLDATA

HITZARMEN PLUSA

LAN TOXIKO NEKAG. PL.

GARRAIO
PLUSA

GAUEKO
PLUSA

OPORRAK

UDAKO
PAGA

EGUBERRIETAKO PAGA

MOZK.
PAGA

SAN
MARTIN

AP. ORDUAK

AP.
ORDUAK JAIEG.

Peoia, egunez

31,02

12,19

6,91

3,24

1733,45

1837,63

1837,63

801,38

1116,70

15,11

22,66

Peoia, gauez

31,02

12,19

6,91

3,24

11,54

1926,27

1981,71

1981,71

871,17

1186,49

18,35

27,52

Makinista, egunez

34,78

12,05

7,23

3,24

2066,98

1852,48

1852,48

786,85

1102,18

16,34

24,50

Makinista, gauez

34,78

12,05

7,23

3,24

11,54

2401,75

1970,76

1970,76

800,41

1115,73

19,58

29,38

Gidaria, egunez

34,78

12,05

7,23

3,24

2066,98

1852,48

1852,48

786,85

1102,18

16,34

24,50

Gidaria, gauez

34,78

12,05

7,23

3,24

11,54

2401,75

1970,76

1970,76

800,41

1115,73

19,58

29,38

Adm. lagun.

28,90

13,17

5,75

3,24

1799,95

1689,85

1689,85

1689,85

14,43

21,66

1. m. adm.-ofiziala

41,41

16,88

6,88

3,24

2334,29

2141,51

2141,51

2141,51

19,91

29,84

2. m. adm.-ofiziala

31,08

13,53

6,70

3,24

2004,03

1875,95

1875,95

1875,95

15,54

23,29

Peoi koipeztatzailea

30,99

12,34

7,01

3,24

1847,47

1872,50

1872,50

825,72

1141,04

15,20

22,79

1. m. mekanikari-ofiz.

34,70

14,84

8,75

3,24

2216,70

2099,93

2099,93

2099,93

17,87

26,77

2. m. mekanikari-ofiz.

31,02

12,37

6,95

3,24

2091,73

2034,12

2034,12

2031,38

15,64

23,52

3. m. mekanikari-ofiz.

31,15

12,50

7,01

3,24

1907,36

1983,19

1983,19

895,95

1211,27

15,29

22,91

Langilezaina

33,29

14,98

6,55

3,24

11,54

1924,38

1847,33

1847,33

1847,33

18,10

27,18

Langilezain egiaztatzailea

37,40

17,71

7,34

3,24

11,54

2272,43

2180,87

2180,87

2180,87

18,56

27,84

Arduraduna

43,90

29,59

8,39

3,24

11,54

2559,67

2404,10

2404,10

2404,10

19,50

29,22

KATEGORIA

S. GORDINA

Peoia, egunez

23.880,63

Peoia, gauez

27.732,39

Makinista, egunez

25.513,53

Makinista, gauez

29.343,17

Gidaria, egunez

25.513,53

Gidaria, gauez

29.343,17

Adm. lagun.

22.669,10

1. m. adm.-ofiziala

30.066,94

2. m. adm.-ofiziala

24.522,04

Peoi koipeztatzailea

24.173,11

1. m. mekanikari-ofiz.

27.549,29

2. m. mekanikari-ofiz.

24.806,79

3. m. mekanikari-ofiz.

24.692,76

Langilezaina

28.685,45

Langilezain egiaztatzailea

32.384,24

Arduraduna

39.119,57

Iragarkiaren kodea: F1502675