61. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Kirol federatu amateurrerako diru-laguntzen deialdia 2015-2016 kirol denboraldirako

Honako honen bidez aditzera ematen da Eguesibarko Udalak, 2015eko martxoaren 5ean egindako osoko bilkuran, deialdi hau onesteko erabakia hartu zuela.

KIROL FEDERATU AMATEURRERAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA 2015-2016 KIROL DENBORALDIRAKO

1. Deialdi honen helburua.

Deialdi honen helburua da kirol klubei eta irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuei diru-laguntzak ematea, baldin eta 2015-2016 kirol denboraldian lehiaketa federatuko jarduerak egiten badituzte kirol errendimenduko xedez, 15 urtetik gorakoen (gazteen) kirol kategoriatik aurrera. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Aurrekontua.

2.1. Deialdi hau 2016rako aurrekontuan 38.000 euroko diru kopurua esleitua izateari lotuta dago, eta Eguesibarko Udalaren 2016. urterako aurrekontuan dagokion kontu-sailaren bitartez bideratzen ahalko da. Horrenbestez, deialdi honetan azaltzen diren laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da ekitaldi horretan.

2.2. Onuradun bakoitzari edo klubeko kirol sail bakoitzari emanen zaion laguntzak ez du gaindituko eskabidea aurkezten den unean aurreikusita dauden benetako kirol gastuen %60.

2.3. Deialdi hau 2015-2016 denboraldirako abian jarri denez, eta Eguesibarko klub batzuek 2015eko abendura arte dituztenez hitzarmenak udal honekin, beharrezkoak diren zuzenketak eginen dira laguntzak onartu eta ordaintzean, kontuan harturik hitzarmenaren arabera onartu edo ordaindutako diru kopuruak, 2015-2016 denboraldiari dagozkionak. Hala, deialdi honen ondoriozko laguntza %50 murriztuko da 2015-2016 denboraldiari dagokion eta kasuan kasuko hitzarmenean onartuta dagoen diru-laguntzaren aldean.

3. Onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren helburua betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izatea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin eta helburua bete dela.

c) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzea aurretiaz.

f) Kontabilitate liburuak edukitzea, baita kontabilitateko egoera orriak eta berariazko erregistroak ere, deialdietan edo ebazpenetan eskatzen ahal direnak, egiaztapen eta kontrol ahalmenak egokiro gauzatzen direla bermatzeko.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Argi iragartzea jarduerek Eguesibarko Udalaren diru-laguntza jaso dutela.

i) Deialdi honetan eskatutako agiriak egiazko moduan aurkeztea, laguntzaren xede den jarduera egin dela eta horretan izandako gastuak frogatzeko.

j) Laguntzen onuradunak, orobat, bere baliabideekin edo besterenekin (Udalaren diru-laguntzak ez direnekin) finantzatu behar du diruz lagundutako jarduera egiteak sortzen dituen gastuen zenbateko osora artekoa.

4. Diru-laguntza eskatzeko baldintzak.

Diru-laguntza eskatzen ahalko dute indarra duen legedian ezarritako debekuetako bat ere ez duten entitateek; horrez landa, baldintza hauek bete behar dituzte:

4.1. Sozietatearen helbidea eta helbide fiskala Eguesibarren izatea, eta jarduera bertan egitea, herritarrei zuzendurik.

4.2. Kirol eskola bat antolatzen eta kudeatzen duen kirol klub bat izatea, Eguesibarren aritzea eta Udalak diruz lagunduta egotea, edo ibarrean klub filial bat izatea, lan hori egiten duena.

4.3. Gazteen kategorian fitxa eduki ahal izatea kasuan kasuko eskolako ikasleen %80k gutxienez, betiere ibarreko herritar gisa inskribatuta eta ibarrean erroldatuta badaude, eta kategoria horretara borondatez pasatu nahi badute.

4.4. Kirol errendimenduko xedea duten lehiaketa federatuko jarduerak egin izana 2014-2015 denboraldian.

4.5. Eskabidea aurkezten den egunean legez eratuta egotea eta Nafarroako Gobernuko Kirol Elkarteen Erregistroan eta Eguesibarkoan alta emanda.

4.6. Diruz lagundu nahi den jarduerak Eguesibarko Udalaren beste hitzarmen batzuen edo beste deialdi publiko batzuen bidez finantzatuak ez izatea, bigarren artikuluan ezarritakoa izan ezik.

4.7. Talde bakoitzeko lizentzia federatuen kopurua aitortzea, baita ibarrean erroldatutakoen lizentziak zenbat diren ere.

4.8. Eguesibarko Udalak erabakitako kirol sistema errespetatzea eta indarra duen araudia betetzea.

4.9. Bere baliabideekin edo besterenekin (Udalaren diru-laguntzak ez direnekin) finantzatzea gauzatutako aurrekontuaren %40 gutxienez.

5. Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.

5.1. Diru-laguntzen prozedura bideratzeko organo eskuduna Eguesibarko Udalaren Kirol Zerbitzua izanen da. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz, zerbitzu horrek.

Diru-laguntzak emateko ebazpen proposamena Kirol Zerbitzuak eginen du, eta ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio.

5.2. Alkatetzari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

6. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

6.1. Interesdunek eskabide orria erabiliko dute eskaera egiteko, eta eskatzaileak sinatuta egonen da orri hori. Gainera, deialdi honen I. eranskinean agertzen diren fitxak bete beharko dituzte.

6.2. Diru-laguntzarako eskabideak apirilaren 1etik 30era bitarte aurkeztuko dira. Eskabidearekin batera, deialdi honen zortzigarren oinarrian eta 1. eranskinean aipatzen diren agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskabideak deialdian aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio okerrak 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala.

6.3. Eskabideak Eguesibarko Udaleko Erregistro Orokorrera bertara (Herritarrei Arreta Emateko Bulegora) joanez aurkeztu beharko dira, Garajonay kaleko 1ean, 09:00etatik 14:30 bitarte.

7. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskatzaileak eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko du.

8. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Deialdi honetan (1. eranskinean) azaltzen diren ereduen araberako eskabidea, behar bezala betea.

b) Eskatzailearen nortasunaren frogagiriak eta, hala denean, haren izenean aritzen den ordezkariarenak.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko zinpeko aitorpena (2. eranskina).

d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituela adieraziko duena (2. eranskina).

e) Erantzukizuneko aitorpena, taldeak, kategoria eta talde bakoitzeko lizentzia kopurua adieraziko dituena (3. eranskina).

f) Denboraldirako aurrekontua, klubak sinatu eta zigilatua.

g) Klub edo talde bakoitzeko kirol babesaren justifikazioa.

h) Erantzukizuneko aitorpena, lizentzia federatuen artean Eguesibarren erroldatuak zenbat diren adieraziko duena gutxi gorabehera (3. eranskina).

i) Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskaera, zehatz azalduta talde bakoitza astean zenbat egunetan arituko den eta zein kirol eremu erabili nahi den (4. eranskina).

9. Eskaeren balorazioa.

9.1. Emanen diren laguntzak baloratzerakoan honako irizpide hauei jarraituko zaie:

1.–2. artikuluan ezarritako kopuruaren %10 kudeaketa gastu orokorrak diruz laguntzeko erabiliko da. Kopuru hori kluben kopuruaz zatituko da.

2.–2. artikuluan ezarritako kopuruaren %10 autofinantziazio eta babes ahalegina diruz laguntzeko erabiliko da. Taldeetakoren batean babeslea duten kluben kopuruaz zatituko da kopuru hori.

3.–2. artikuluan ezarritako kopuruaren %30 kirol taldeen gastuak diruz laguntzeko erabiliko da (izen-emateak, lizentziak, aseguruak, arbitrajeak, ekipamendua etab.). Kopuru hori taldeen kopuruaz zatituko da.

4.–2. artikuluan ezarritako kopuruaren %30 nazio mailako kirol taldeen gastuak diruz laguntzeko erabiliko da (futboleko 3. maila, saskibaloiko EBA liga, eskubaloiko 1. maila nazionala etab.) (izen-emateak, lizentziak, aseguruak, arbitrajeak, ekipamendua etab.). Kopuru hori taldeen kopuruaz zatituko da.

5.–2. artikuluan ezarritako kopuruaren %15 taldekako kirolen joan-etorrien gastuak diruz laguntzeko erabiliko da (liga nagusiaren egutegien arabera). Kopuru hori taldeen kopuruaz zatituko da.

6.–2. artikuluan ezarritako kopuruaren %5 gastu bereziak diruz laguntzeko erabiliko da, betiere Kirol Zerbitzuaren/Alkatetzaren iritziaren arabera (adibidez: uharteetara edo atzerrira egin beharreko bidaiak; klub, talde edo sail berriak etab.). Gastu bereziak justifikatzen ez badira, taldeen kopuruaz zatituta banatuko da.

7.–Klub bakoitzari ematen zaion diru-laguntzak ez du inola ere gaindituko eskaera aurkezten den unean aurreikusita dauden benetako kirol gastuen %60. Onuradunak ezin izanen du inola ere beste entitate batzuen laguntzarik jaso (Udalarena barne), baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartu diren eta aurreikusita dauden gastuak gainditzen badira, edo benetan egindako gastuen zenbatekoa gainditzen bada. Halakoetan doitu eginen da laguntza, dagokion neurrian.

8.–Klub bakoitzarendako diru-laguntzak ezin izanen du gainditu 2. baldintzan ezarritako kopuru osoaren %60.

9.–Bakarkako kiroletan, parekatu eginen dira lizentzien kopuru zehatz bat eta talde kontzeptua. Horretarako, Eguesibarren erroldatutakoen lizentziak soilik hartuko dira kontuan. Aipaturiko parekatzea honako hau izanen da:

–Talde 1 = Eguesibarren erroldatutakoen 70 lizentzia bitarte.

–2 talde = 70 lizentzia baino gehiago.

10.–Taldekako kirolen kasuan, koefiziente zuzentzaile bat aplikatuko zaio aurreko ataletan azaldutakotik ateratzen den zenbatekoari, talde bakoitzean dauden erroldatuen kopuruaren arabera, honako honi jarraikiz:

–Erroldatuen fitxak %80tik %100era bitarte: 1 koefizientea.

–Erroldatuen fitxak %51tik %79ra bitarte: 0,75 koefizientea.

–Erroldatuen fitxak %50 baino gutxiago: 0,50 koefizientea.

Koefiziente hau luzamendu gisa aplikatuko da denboraldi honetan, eta erroldatuen fitxa bakoitzaren arabera emanen da diru-laguntza hurrengo denboraldian.

9.2. Ondorio horietarako, kirol eremuen lagapena ere laguntza ekonomikotzat hartuko da. Instalazioen zuzendaritzak eta kirol teknikariak zehaztutako kirol irizpideei jarraikiz esleituko dira eremu horiek. Lagapen egintzan eremu horien kostuaren balorazio ekonomikoa sartuko da.

9.3. Diru-laguntza bildu ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat heldu diren gastuek. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa. Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

10. Jakinarazpena.

Diru-laguntzak ematearen ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.

11. Laguntzen bateragarritasuna.

11.1. Deialdi honetako diru-laguntza bateragarria da beste edozein administrazio, entitate edo pertsonak helburu bererako ematen dituen diru-laguntzekin.

11.2. Diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izanen du inoiz gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua. Udala jabetzen bada onuradunak gehiegizko finantzaketa jaso duela hainbat entitatetatik, diruz lagundutako jardueraren kostuaz bezainbatean, gehiegizko kopuruak zenbat jo eta hori dena itzultzeko galdatuko dio onuradunari, Udalaren diru-laguntzak guztira zenbat egin eta horrenbesteraino.

12. Laguntzen ordainketa.

12.1. Justifikazioa. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Dagokion kirol federazioaren jakinarazpena, honako hauek adierazteko: taldeak zein liga arruntetan dauden, kategoria eta lizentzia kopurua (fakturen kopia).

b) Ligaren edo izandako lehiaketaren egutegi ofiziala, dagokion federazioak zigilatua.

c) Denboraldiaren balantze ekonomikoa agiri hauen bidez aurkeztuko da:

c.1) Diruz lagundutako jardueraren gaineko ebaluazio memoria, non xehetasunez aitortuko baitira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriaren edukia, gutxienez, ondokoek osatuko dute:

–Programaren edo proiektuaren izena.

–Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontuaren eta proiektuaren araberakoa.

–Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

–Jarduera aitzina eramatean egindako aldaketak.

–Finantzabideen zerrenda: diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu diren jarduerak.

c.2) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, zortzigarren oinarriko kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

d) Klub edo talde bakoitzaren kirol babesaren justifikazioa.

e) Eguesibarren erroldatutakoen federazio lizentzien zerrenda, talde bakoitzeko, izena eta bi abizen jarrita.

12.2. Udalak eskatzen ahal du maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak aipatzen dituen frogagiriak, fakturak edo ordezko agiriak aurkezteko (dekretu hori uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatu zuen): ordainagiriak, baita nominak ere, tributuak eta Gizarte Segurantzako kuotak, eta gainerako frogagiri baliokideak, trafiko juridikoan balioa dutenak edo administrazioan indarra, egindako gastua frogatzen dutenak; zerrenda zenbakituan esleitutako ordena zenbakiaren arabera hurrenez hurren ordenatuta aurkeztuko dira. Agiri horiek fotokopiatuta emanen dira eta, konpultsatuta badaude, hobeto.

12.3. Udalarekin 2015eko abenduaren 31ra arte hitzarmena sinatua duten klubei 2015ean jasotako diru-laguntzaren %50 deskontatuko zaie (hitzarmen horren bidez deialdi honetan azaltzen diren kategoriak diruz laguntzen dira, 2014-2015 denboraldiko diru-laguntzarako azken zenbatekoari dagokionez).

12.4. Deialdi honetan azaltzen diren kategorietarako Udalarekin sinaturiko hitzarmenik ez duten klubei edo hitzarmena 2015-2016 denboraldian bukatzen zaienei lehen ordainketa bat eginen zaie, diru-laguntzaren %25, 2015-2016 denboraldia hasitakoan (irailean), 2015eko aurrekontuaren kargura, eta gainerako %75, berriz, deialdian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoren.

12.5. Ordainketa egitean diru-laguntzaren likidazioa eginen da, egiaztatutako datuen eta benetan egindako gastuen arabera. Laguntza ez da inoiz ere izanen onartutako kopurua baino handiagoa.

Laguntza emanen dela ezartzen duen ebazpeneko kopurua izanen da gehienez ordainduko dena, kasuan kasuko ekitaldian edo denboraldian gastuak guztira eta benetan zenbaterainokoak izan diren alde batera utzita.

13. Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Eguesibarko Udalak finantzatu dituela.

14. Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren aplikazioa.

Deialdi honetan zehaztuta ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrari jarraituko zaio.

15. Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

ERANSKINAK

1. ERANSKINA

Eskabide orri orokorra
(2015-2016 denboraldia)

Klub bakoitzak eskabide orri bat bete behar du.

–Kluba: ...............................................................................................

–IFZ/IFK: ............................................................................................

–N.G.ko kluben zentsuko alta zenbakia: ............................................

–Eguesibarko Udalaren zentsuko alta zenbakia: ...............................

–Bankuko kontuaren zenbakia (24 digitu): .........................................

Izena: .................................................................................................,

ESKATZEN DUT kirol amateurrerako diru-laguntzen deialdian parte hartzea, ................................................................................ ordezkatuz, helbidea ....................................................., herria ....................................., harremanetarako telefonoak ......................................, posta elektronikoa ...........................

Eguesibarren, 2015eko ………....….aren ........(e)an
(Eguna eta sinadura)

2. ERANSKINA

Izena: .........................................................................., klub hau ordezkatuz ............................, helbidea ..............................., herria ..................................., adierazten dut .......................................... klubak zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteak dituela eta deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituela.

Eguesibarren, 2015eko ………....….aren ........(e)an.
(Eguna eta sinadura)

3. ERANSKINA

Izena: ........................................................................., klub hau ordezkatuz ............................, helbidea ..............................., herria ..................................., adierazten dut .......................................... klubak honako talde hauek izanen dituela 2015-2016 denboraldian:

Kirol espezialitatea: ...........................................................................

Taldearen izena: ................................................................................

Lehiaketaren kategoria: .....................................................................

Ligaren egutegia: ................................................................................Dagokion federazioko egutegi ofiziala erantsi.

Lizentzia kopurua: ..............................................................................

Eguesibarren erroldatutakoen lizentzia kopurua: ...............................

Eguesibarren, 2015eko .......................aren .........(e)an.

4. ERANSKINA

Izena: ............................................................................., klub hau ordezkatuz ............................, helbidea ..............................., herria ..................................., adierazten dut .......................................... klubak honako kirol eremu hauek eskatzen dituela 2015-2016 denboraldian:

Taldearen izena: .................................................................................

Lehiaketaren kategoria: .................................................................

Ligaren egutegia: ................................................................................

Dagokion federazioko egutegi ofiziala erantsi.

Lizentzia kopurua: ..............................................................................

Entrenamenduko egun eta orduak: ...................................................

Partiden egun eta orduak: .................................................................

 Eguesibarren, 2015eko .......................aren .........(e)an.

Sarrigurenen, 2015eko martxoaren 10ean.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.

Iragarkiaren kodea: L1503954