61. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

3/2015 FORU AGINDUA, urtarrilaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Ospitaleguneko Psikiatria Zerbitzua sortzen duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak atariko III. atalean adierazten du erakunde horren egitura osatu eginen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.

Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratzeko prozesuan, haiek baitaude jatorrian.

Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Psikiatria Atalak, hurrenez hurren, pixkanaka-pixkanaka eratuz eta garatuz joan ziren. 2010ean sortutako Nafarroako Ospitalegunearen eta arestian aipatutako ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek “A” eta “B” izendatu ziren, hurrenez hurren, Nafarroako Ospitalegunearen barrenean.

Gaur egun, beste baliabide batzuek bezala, aipatu osasun zentroek bat egin dutenez, bidezkoa da Psikiatria Zerbitzu bakar bat sortzea, aipatu jarduera medikoak batuta eta antolaketa berria emanda, herritarrei ematen zaien arreta efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. artikulua. Psikiatria Zerbitzua sortzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Psikiatria Zerbitzua sortzen da; bertan Nafarroako Ospitaleguneko Psikiatriako “A” Zerbitzuko eta Psikiatriako “B” Zerbitzuko langileak eta baliabideak integratzen dira.

2. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Ospitaleguneko Psikiatria Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikoen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu Psikiatriaren esparru zientifikoen arloan, honako hauei dagokienez: diagnostikoa, terapia, irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketa.

3. artikulua. Psikiatria Zerbitzuaren egitura.

1. Psikiatria Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:

a) Ospitalizazio Atala.

b) Programa Berezien Atala.

2. Psikiatria Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek Psikiatriaren espezialitate medikoari dagozkion laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, zein bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea zerbitzuburuak edo osasun laguntzako premiek hala eskatzen dutenean, bai Zerbitzuari zuzenean atxikiak, zerbitzuburuaren menpe arituz.

Xedapen gehigarri bakarra.–Lehenagoko izendapenak.

Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna izanen da A eta B ospitaletako Psikiatria Atalen egiturari buruzko araudiaren babesean eginak diren zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna, araudi hori indarrik gabe uzten baita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten da Psikiatria Atalari buruzko aipamena, Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zena.

2. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1504482