61. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GIRGILLAO

Udal ordenantza, Etxeko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Girgillaoko Udalak, 2014ko abenduaren 5ean egin osoko bilkura arruntean, legez eskatutako gehiengoarekin onetsi zuen hasiera batean Etxeko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Iragarkia 2014ko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 26an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarren Girgillaon, 2015eko martxoaren 9an.–Alkate udalburua, José M.ª López de Mendiguren Anuncibay.

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ETA ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ZAKURRAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

Ordenantza honen helburua da etxeko animaliak edukitzeari buruzko arauak ematea gaingiroki, kontuan hartuta jabeek duten erantzukizuna, bai animaliaren ongizateari eusteko, bai bizilagunei traba egitea edo eremu publikoan edozein kalte egitea –besteak beste, animaliek hura zikintzea– saihesteko.

Horren ondorioz, ordenantza honek Estatuko eta Foru Komunitateko arauak aplikatu nahi ditu Girgillaoko Udalaren esparruan; horretarako, arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroa sortzen du, legez ezarritako betebeharra baita, eta etxeko animaliek eta haien jabe eta arduradunek erabilera publikoko espazio eta eremu publikoetan izan beharreko jokabide batzuk zehazten ditu.

Gure Foru Komunitatean, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak zenbait jokaera arautzen ditu, besteak beste, lagun egiteko animalienak, eta IV. tituluan arau-hausteak eta zehapenak ezartzen ditu.

Aipatutako 7/1994 Foru Legeak, halaber, 26.2 artikuluan xedatzen du arau-haustea gertatu deneko udalei edo, kasu batzuetan, Foru Komunitatearen Administrazioari dagokiela zehapen espedienteak instruitu eta ebazteko ahalmena, etxeko animalien inguruko arau-hausteetan; eta azaroaren 14ko 225/1994 Foru Dekretuko erregelamenduan arautu zen zehapen prozedurara igortzen du goian aipatu artikuluaren 1. puntuak.

Ordenantza honen oinarria da honako arau hauetan berari dagokionez xedatzen dena: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua.

Aipatutako arauetan ezarri zen udalek udal erregistroa eratu behar dutela, zehazteko zein eratan egin behar duten arriskutsuak izan daitezkeen zakurren jabeek udal erregistroko inskribapena, eta ezarri, halaber, autonomia erkidego bakoitzeko erregistro zentralei altak, bajak eta gorabeherak jakinarazteko mekanismoa.

Abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen errege dekretuan xedatuaren aurkako arau-hausteak zehatzeko araubidea lege horren III. kapituluan xedatzen da; eta lege horren hirugarren xedapen gehigarrian, zehatzeko eskumenari dagokionez, honako arau hauetan agertzen diren printzipioetara jotzen du, aplikatzekoak diren Foru Komunitateko eta Udaleko arauak ukatu gabe: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

I. KAPITULUA

Bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak,
espazio publikoetan edo partekatuetan dauden etxeko
animalientzat eta haien jabeentzat

1. artikulua. Kapitulu honen xedea da bizikidetzaren eta jokaeraren inguruko arau komunak arautu eta ezartzea, etxeko animalientzat eta haien jabeentzat, Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen babesean, Girgillaoko udal mugapeari dagokionez, osasun eta segurtasun baldintza beharrezko batzuk bermatzeko, udalerriko bizilagunek animaliekin bizi kalitate erazkoa eta babes egokia izan ditzaten.

2. artikulua. Girgillaoko udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene eta osasun baldintzak betetzea.

3. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz osasun agintariek eta/edo gai horretan eskumena duten beste batzuek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritzako klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Girgillaoko Udaleko Alkatetzari jakinarazi beharko diote berehala, Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan ukatu gabe.

4. artikulua. Debekuak.

Debeku orokor hauek ezarri dira:

–Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

–Beren arduradunak behar bezala kontrolatzen ahal ez baditu, debeku da leku horietan animaliarik edukitzea.

–Debeku da animaliak kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletan sartzea, baita erabilera publikoko igerilekuetan ere.

–Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

–Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean edo kapitulu honetan ezarritakoa aplikatzetik datorren edozein debeku.

5. artikulua. Animalien edukitzaileen betebeharrak.

Animalien edukitzaileek honako betebehar eta erantzukizun hauek dituzte:

a) Animalia baldintza egokietan eduki beharko dute higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen dute, Nafarroako Administrazio Publikoek osasunaren alorrean ezartzen dituzten aurreneurriak aplikatuz.

Zakurren edukitzaileek identifikatuta eduki beharko dituzte, Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezartzen duen eran.

b) Animaliaren edukitzailea izanen da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

c) Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

e) Animaliaren edukitzaileak neurriak hartu beharko ditu animaliek bide eta eremu publikoak zikin ez ditzaten; hortaz, erantzukizuna berea du, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan.

e) Zakurrarekin dabilen lagunak galarazi behar du zakurrak kaka egin dezan espaloi, galtzada eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.

Arrazoi kontrolaezinengatik galarazten ahal ez badu, zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Eremu publikoan dagoen bitartean, gomendagarria da animaliak zakurren aisialdirako eremuetan kaka egitea, halakorik bada. Hala ere, jabeak animaliaren gorotzak bildu behar ditu, behar den bezala, baita aisialdirako eremu horietan ere.

Inguruan zakurren aisialdirako eremurik ez bada, aholkua da kaka egitea hustubiderako estolderietatik hurbil dauden galtzada zatietan, betiere kentzen eta garbitzen badute.

f) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legetik, kapitulu honetan ezarritakotik eta aplikatzekoa den gainerako araudia aplikatzetik datozen gainerako betebehar eta erantzukizun guztiak.

6. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Udal honek jakiten baldin badu, bai ofizioz bai salaketa bidez, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 24. artikuluan zehaztutako arau-hausteetako bat egin dela bere eskumeneko esparruan, zehapen espedientea abiarazi ahalko du, honako arau honetan ezarritakoarekin bat: maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Lege aipatua garatzeko, Zehapen prozedura arautzen duen azaroaren 14ko 225/1994 Foru Dekretua.

3. Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 25. artikuluan zehaztutako zehapenak aplikatuko dira.

7. artikulua. Aplikatu beharreko arauak.

Kapitulu honetan arautu ez den orotan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta aplikatzekoa den beste edozein arautan ezarritakoari jarraikiko zaio.

II. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea
eta Udal Erregistroaren sorrera

8. artikulua. Kapitulu honen xedea da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua betetzeko, Girgillaoko udal mugapeari dagokionez.

9. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak. Abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 2.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu izan daitezkeen zakurrak:

–Arraza hauetako zakurrak edo gurutzatuta daudenak:

a) Pit Bull Terrierra.

b) Staffordshire Bull Terrierra.

c) American Staffordshire Terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

i) Dobermana.

–Ondoko zerrendan aipatzen diren ezaugarri guztiak edo gehienak betetzen dituzten zakurrak; non ez diren gida-zakurrak edo laguntza-zakurrak, behar bezala kreditatuak eta heziak aitorpen ofizialeko zentroetan, Nafarroako foru legediari, edo, hala balegokio, Estatukoari jarraikiz, edo baldintza hori lortzeko heziketa fasean dauden zakurrak:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handia eta adore handia.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.

Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz bertze animaliei eraso egin dietenak.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren kasuetan, arriskutsu izateko aukera hori badela agintari eskudunak erabaki beharko du, betiere irizpide objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

10. artikulua. Udal lizentzia.

1. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, eramaileek edo edukitzaileek aginduzko udal lizentzia lortu beharko dute aldez aurretik, abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Udaleko alkate-udalburuak du arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia emateko eskumena, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.q) artikuluan xedatuarekin bat.

3. Lizentziak bost urteko iraupena izanen du eta, ondoren, iraupen bereko aldietarako berritu beharko da, prozedura berari jarraikiz.

Lizentziak indarra galduko du titularrak uzten dionean hura emateko nahitaezkoak ziren baldintzak betetzeari.

Titularrak lizentzian dauden datuetako edozeinen aldaketa jakinarazi beharko dio Alkatetzari, aldaketa hori gertatu eta hamabost eguneko epean egin ere.

11. artikulua. Udal lizentzia eskatzeko baldintzak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia eskuratu edo berritu ahal izateko, interesdunak honako baldintza hauek beteko ditu:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren ondorioz. Dagokien erregistroek emandako ziurtagiriekin frogatuko da baldintza hau (aurrekari penalak).

Ondorio horietarako, interesdunak berariaz baimena eman beharko dio Girgillaoko Udalari behar den aurrekari penalen ziurtagiria eskuratzeko, eta interesdunari dagokio agiri hori luzatzeagatik eskatzen ahal diren tasak ordaintzea.

Edozein arrazoi dela eta, Girgillaoko Udalari aurrekari penalen ziurtagiria ematen ez bazaio, interesdunak berak tramitatu beharko du.

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. idatz-zatian zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana inoiz. Dagokien erregistroek emandako ziurtagiriekin frogatuko da baldintza hau. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Baldintza hau frogatzeko, ahalmen fisikoaren ziurtagiria eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria aurkeztuko dira, abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 4tik 7ra bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin bat.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

12. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroa.

1. Girgillaoko Udalean sortu da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.

2. Arriskutsu izan daitekeen animalia baten jabeak edo edukitzaileak, Girgillaon bizi denak, arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatzeko eskatuko du, hura edukitzeko udal lizentziaren kontzesioa jakinarazi ondoko hamabost egunean.

Erregistro horretan inskribatzeko, honako datu hauek ekarriko ditu, erregistro horretan egon behar baitute nahitaez:

a) Jabearen eta/edo edukitzailearen datu pertsonalak: izena, helbidea, NANa, telefono zenbakia eta interesekotzat jotzen diren beste batzuk.

b) Animaliaren ezaugarriak, hura identifikatzen laguntzen dutenak, hala nola:

a.–Animaliaren espeziea, arraza, sexua, ezaugarri-oharra edo ohar erdia, jaioteguna, animaliaren identifikazio zenbakia.

b.–Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

c.–Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

d.–Albaitari kolegiatuak urtero egindako azterketak, animaliaren osasun egoera egiaztatzen dutenak.

e.–Eraso egindako kasuak (Udalari berehala jakinarazi beharko zaio).

f.–Animalia antzutzen badute, jabeak bere borondatez hala erabakitzen duelako, erregistroan dagokion orrian inskribatuko da.

c) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

3. Lizentziaren titularraren eginbeharra da artikulu honen aurreko puntuan adierazten den erregistroan inskribatzeko eskatzea, lizentzia eskuratu ondoko hamabost eguneko epean.

4. Albaitaritzako klinikek eta kontsultategiek erregistro liburua izan beharko dute, eta animaliaren gainean artikulu honetako 2. puntuan adierazitako datu guztiak egonen dira han.

5. Udal erregistroak arriskutsua izan daitekeen eta han inskribatzen den animaliari zenbakia emanen dio, segidan dagokion zenbakia.

6. Udal erregistro honi animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera jakinaraziko zaio, eta animaliaren orrian jasoko da inguruabar hori.

13. artikulua. Identifikazioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiek identifikaturik egon beharko dute mikrotxip baten bidez.

14. artikulua. Edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek honako betebehar eta erantzukizun hauek dituzte:

–Lizentziaren titularraren betebeharra da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzeko eskatzea, lizentzia eskuratu ondoko hamabost eguneko epean.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia toki publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da hura kontrolpean daraman pertsonak aldean izatea lizentzia administratiboa eta egiaztagiri bat, ziurtatzen duena animalia hori inskribatua dagoela arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek leku eta espazio publikoetan muturrekoa izanen dute nahitaez, animalia bakoitzaren arraza ezaugarriei egokitua.

–Kontrolpean eraman beharko dira bi metrotik beheitiko kate edo uhal luzaezinaren bidez, eta pertsona bakarrak ezin izanen du halako zakur bat baino gehiago eraman

–Animalia finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio edo oro har mugaturiko edozein tokitan dagoenean, loturik egon beharko du –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean dagoenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

–Animalia lapurtu edo galduz gero, gertatutakoaz jabetu eta beranduenez ere berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko zaio arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroaren arduradunari.

–Udal erregistroari animaliaren salmenta, eskualdaketa, dohaintza, lapurreta, heriotza edo galera jakinaraziko zaio.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat autonomia erkidego batetik beste batera eramateko, inskribapenak egin beharko dira udal erregistroetan, hiru hilabetetik gorako eperako bada edo han bizitzeko bada.

–Animalia bakoitzaren erregistro orrietan, animalia osasunaren ziurtagiria agertuko da, agintari eskudunak emana, eta hark urtero ziurtatuko du animaliak ez duela bereziki arriskutsu bihur dezakeen eritasun edo nahasterik.

–Beste edozein, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jokaerari lotutako erantzukizuna ekar dezakeena.

15. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Udal honek jakiten baldin badu, bai ofizioz bai salaketa bidez, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legearen 13. artikuluan zehaztutako arau-hausteetako bat egin dela bere eskumeneko esparruan, zehapen espedientea abiarazi ahalko du, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

3. Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legearen 13. artikuluan zehaztutako zehapenak aplikatuko dira.

16. artikulua. Aplikatu beharreko arauak.

Kapitulu honetan ezartzen ez den orotan honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua; orobat, horiekin bat datozen eta aplikatzekoak diren arauak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

I. ERANSKINA

Udalaren lizentzia eskatzeko inprimakia

Izena: ............................., NANa: ......................, herria: .................., helbidea, jakinarazpenetarako, karrika: ....................., zenbakia: ......., telefonoa: .....................

ADIERAZTEN DUT:

Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren jabea, gidaria edo edukitzailea naizela. Abenduaren 23ko 50/1999 Legean, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoan, eta martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua betez,

ESKATZEN DUT:

1. Dagokion udal lizentzia eskuratzea, abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Behar den udal lizentzia eskuratuta, animalia inskriba dadila arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan.

Ondorio horietarako, honako agiri hauei erantsi behar zaizkie Nortasun Agiri Nazionala edo interesdunaren nortasuna frogatzen duen bestelako agiri ofizial baliokidea:

–Aurrekari penalen ziurtagiria edo hori eskuratzeko Girgillaoko Udalari emandako baimena.

–Ahalmen fisikoaren ziurtagiria eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria aurkeztuko dira, abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 4tik 7ra bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin bat.

–Erantzukizun zibileko aseguru polizaren kopia, hirugarrenei eragiten ahal zaizkien kalteetarako, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura baitu, baita bankuko azkeneko ordainagiria ere, primaren ordainketari dagokiona.

–Zakurren osasun-kartilla, edo animaliaren ezaugarriak egiaztatzen dituen bestelako agiria, hori identifikatu ahal izateko (animalia espeziea, arraza, sexua, ezaugarri-oharra edo ohar erdia, jaioteguna, animaliaren identifikazio zenbakia, animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak, hezi duten zentroko datuak, halakorik bada, albaitari kolegiatuak urtero egindako azterketak, animaliaren osasun egoera egiaztatzen dutenak).

Halaber, honako alderdi hauek adierazten ditu:

–Animaliaren ohiko bizilekua:

–Animaliaren xedea (adierazi dagokiona):

Bizikidetza gizakiekin.

Zaintzea eta babesa.

Bestelako xedeak (zehaztu, halakorik bada): ................................

Eraso egindako kasuak (zehaztu, halakorik bada): ......................

–Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. idatz-zatian zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana inoiz (eskatzen ahalko da baldintza hori behar diren erregistroetan luzatutako agirien bidez egiaztatzeko).

Etxarren Girgillaon, .......(e)ko ......aren ....(e)an

 Sinatua

GIRGILLAOKO UDALA.

Aitortzen dut badakidala formulario honetan sartu diren datuak Girgillaoko Udalaren ardurakoa den fitxategi batean erregistratuko direla. Zertarako biltzen diren datuak: arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia emateko eta udal erregistroaz arduratzeko. Eskatzen diren datu guztiak nahitaezkoak dira lizentzia emateko eta erregistroan inskribatzeko. Ematen ez badira ezin izanen dugu eskaera kontuan hartu. Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideez baliatzeko udal bulegoetara jo daiteke (La Fuente kalea, 2, 31291, Etxarren Girgillao).

Iragarkiaren kodea: L1503866